Hauteskundeetarako Tarot Literarioa

Artikulu hau kaleratzen denerako inkognitak argituta egongo dira, eta ni bozka-erabakia hartuta egongo naiz halaber, eta, ziurrenik, ez naiz nire erabakiarekin pozik egongo, gertatzen zaidan bezala partidu politiko batean militatzeari eta, ondorioz, fede –ia– itsua izateari utzi nionetik, aspalditik alegia. Baina testu hau hauteskundeen aurretik entregatu behar dut –Ortzadarren gauzak oso garaiz egiten dira–, eta uneotan ez dakit botoa emango dudan, ezta, ematekotan, nori emango diodan. Edo nortzuei, ez baitakit, ezta ere, bozkatzekotan, udalerako eta aldundirako partidu beraren alde egingo dudan ere.

Izan ere, partidu guztiek eskaini dizkidate, azken legealdi honetan, mesfidantzarako motiboak: EAJk, turismozaletasun gehiegizkora lerratutako bere abiadura handiko politikengatik –osasungintza bezalako alorrak higatzen utzi bitartean–; EH Bilduk, eskola publikoa inolako lotsarik gabe abandonatzeagatik –eta iraganarekiko zenbait zor gainetik kentzeko kemen murritzagatik, besteak beste–; PSOEk, gobernu zentralean ausartago jokatzeko bere ahalmen ezagatik, eta hemengo tokikoetan EAJren eskuineko politiken makulu hutsarena egiteagatik; Elkarrekin Podemosek, noizean behin erakusten duen intentsitate baxuko –baina ondorio pozoitsuko– euskarafobiagatik –eta, oro har, Sumar auzi guztian hala batzuek nola besteak erakusten ari diren zatiketarako eta ergelkeriarako jite arriskugarriagatik–… PPz eta aspaldiko ETA aldiro berpizteko bere ohitura frankensteintarraz, hobe hitzik ez.

Beraz, eta Berria egunkariak hautagai nagusiei egin dizkien elkarrizketak probestuz –horietan irakurritako azkeneko liburuaz galdetzen zitzaielako, beste gauza askoren artean noski–, zergatik ez oinarritu nire erabakia nolabaiteko gomendio literario horretan? Azken batean, pentsatu nuen, zalantzan zaudelarik, erabakia erraien edo txanponaren mende uztea bezain arrazionala izan daiteke, eta agian dibertigarriago –eta irakasgarriago– suerta daiteke, ariketa gisa. Eta, bururatu zitzaidan orobat, bozka erabakitzen lagunduko ez baninduke ere, beti erabili dezaket hauteskundeak nork irabaziko dituen igartzeko, nolabaiteko Tarot Literario gisa alegia. Ez luke beste metodo esoteriko batzuk –naipeak eurak, kristalezko bolak, txorien hegaldien ikuskapenak, kabinete soziologikoen hauteskunde-inkestak…– baino fidagarritasun gutxiagokoa izan behar, printzipioz. Amaia Igartua kazetariak Berrian bertan argitaratutako artikulu baten arabera, liburuei edo beste produktu kulturalei buruzko “aitorpenak”, azken batean, komunikazio politikoaren parte dira…

Adibidez, ez al da esanguratsua Donostiako PSE-EEko zerrendaburua, Marisol Garmendia, irakurtzen ari den liburua Bilintx: una historia de San Sebastián izatea, bere alderdikide Jesus Egigurenena hain zuzen? Gaztelaniaz esaten den bezala, “todo queda en casa” –hala hirian nola partiduan–, baina, aldi berean, hautuak ez dio, onar dezagun, Garmendiari gehiegi laguntzen gainetik kentzen “aparatuaren hautagaiaren” etiketa –Carlos García Adanero PPren Iruñeko alkategaiaren erantzuna ere nahiko “dena etxerako” izan zen, bide batez esanda: Isabel San Sebastianen La dueña nobela bodrio-historikoa, “Errekonkista” garaian, noiz bestela, kokatua–. Beste aukera batzuek, aldiz, despistatzeko propio eginak dirudite, Juan Mari Aburtok, EAJko Bilboko alkategaiak, Antoine de Saint Exupéry-ren Printze txikia bere liburu kutunena dela aldarrikatzen duenean bezala: haur literaturako lan bat hautatzean, nahiz eta oso prestigiotsua izan –gehiegi, nire ustez–, infantilismoa aurpegiratu ahal izango genioke? Edo, ordea, goraipatu beharko genuke horren liburu polisemikoa hizpidera ekartzeagatik, bat zeinarekin, mezu argia ez daukan neurrian, identifikatu ahal baitaiteke eskuineko, ezkerreko eta are zentroko boz-emailea? Ala kazetariari errieta bota, ez diolako Aburtori galdetu, saileko beste elkarrizketetan bezala, zein den irakurri duen azkeneko liburua, “liburu bat” izendatzeko baizik? Izan ere, galdera labur mota honen arazoa, kazetaritzan, da kazetari guztiek galdera bera egiten ez badute, kontuaren oinarri estatistikoa franko ahuldu daitekeela, are nirea bezalako artikulu diletante baten xedeetarako…

Dena den, Gasteizko udal hauteskundeetan zentratuko naiz, hemengo alkategaiei Berriak egin dizkien kontu horri buruzko galderak bai izan direlako homogeneoak, bertan erroldatuta nagoelako, eta, gainera, hautagaien arteko lehia estu datorrelako: boto bakoitzak kontatzen du, halakoetan, eta grazia egingo lidake Literaturaren talaiatik ebatzitako boto bat –nirea– erabakigarria izango balitz, azkenean. Eta, esan bezala, metodo gisa ez diodalako uko egin nahi hauteskundeen emaitza gustu literarioen bidez aurreikusteari.

Goazen ba.

Maider Etxebarriak, PSE-EEko hautagaia, Joël Dicker suitzarraren La verdad sobre el caso Harry Quebert, “nobela literario” asmoko poliziako lodi bat aipatzen du bere erantzunean. Carlos Ruiz Zafonen La sombra del vientoren ildoko liburu horietako bat, hots, irakurle masiboen gustua bezala letramindu despistatu bat edo besterena ase dezakeen produktu masiboa, boto mesokratikoa harrapatzeko egokia suertatu daitekeena –oso PSOE, alegia, 1982tik aurrerako PSOE behintzat: ez ur ez ardo–. Goi eta behe literaturaren arteko mugak lausotu diren garaiotan, gainera, ez dirudi erabaki txarra, ikuspegi demoskopiko batetik behintzat.

Itxaropena neukan Rocío Vitero, EH Bilduren alkategai berria, aurrerantzean gure hizkuntzari bere jardunean leku gehiago egingo diola adierazi duena, euskarazko liburu bat irakurtzen arituko zela, edo euskaldun batena behintzat. Baina kale: galderaren unean David Grann kazetariaren Los asesinos de la luna “true crime” alorreko erreportajearekin ari bide zen, 1920ko hamarraldian Osage indigenen Oklahomako erreserba petroliodun aberatsean gertatutako krimen batzuen ikerketari buruz. Ondo aukeratua, iruditu zait, ez soilik laster are ezaguna egingo delako Martin Scorsesek Leonardo di Capriorekin egin duen izenburu bereko filmagatik, baizik eta, akaso, ondo haragitu ditzakeelako EH Bilduren egungo bi arimak: herrien askapenaren aldeko betikoa –Osageen aurkako gehiegikerien salaketa da, funtsean, liburua, eta, bestalde, zer gara euskaldunok Europako azken indigenak ezik…?–, eta oraingo “ordenako” partidu arduratsuarena, udaltzaingoa bezalako alor labainkor bat bere kargu erantzukizunez hartzeko prest dagoena –azken finean, FBI izango zenaren lehenengo kasu arrakastatsuetako bat izan zen, antza, ikerketa hura, hots, justizia egin zen, azkenean, apur bat bederen–. Bi txori harri –herri– berarekin, beraz.

Grazia handiena egin zidana, edozein modutan ere, Beatriz Artolazabal EAJko hautagaiarena izan zen. Besteek ez bezala, liburu bat ez, aldi berean bi irakurtzen ari zela aitortu zion kazetariari, eta horrek, printzipioz, berarekin identifikatzera eraman ninduen, ez agian elkarrekin podcast bat egitera ausartzeko adina, baina dezente identifikatzera, baiki, ni ere horrelako irakurle kaotikoa naizelako, bi edo are hiru eta lau liburu aldi berean irakurtzen aritzen den horietakoa. Hori bai, egindako aukera ezin salomonikoagoa iruditu zitzaidan: Amaren eskuak, alabatasunaren inguruko Karmele Jaioren ikerketa nobelistikoa –besteak beste–, eta El Ángel de la Ciudad, Eva García Saenz de Urturiren Kraken saileko best seller poliziako-trukulenturako itzulera, egileak nobela historikotik osteratxo bat egin ondoren idatzia. Ezin uka Viterori eta Etxebarriari gol askoz irabazi ziela Artolazabalek: biak Gasteizen jaiotako egileak –bata euskarazko letren alorrekoa, bestea gaztelaniazkoa–, biak –bakoitza bere esparruan– super-saltzaileak; hori bai, onartu behar da Artolazabal eguneratuago dagoela gaztelaniazko produkzioari dagokionean, euskarazkoari baino, Amaren eskuak ez delako, preseski, El Ángel de la Ciudad bezala, berritasun literario bat –alde horretatik argi dago Juan Karlos Izagirre, Donostiako EH Bilduren alkategaia, pieza-sail horretan Artolazabalekin batera euskarazko liburu bat aipatu zuen bakarra, “jarriago” dagoela: aurten bertan argitaratutako Olatz Mitxelenaren Arrain hezur bat eztarrian ipuin liburuarekin bide zebilen elkarrizketa egitean–.

Edonola: hain dira salomonikoak eta hain daude tokian tokiko egoerara egokituta, Artolazabalek aukeratutako liburu biak, ezen txandako spin doctoraren aholkuren baten ondorio izan daitezkeela susmatzera irits baitaiteke gaizki-pentsaturen bat. Izan ere, elkarrizketa euskaraz argitaratu zenez, beti geratuko zaigu zalantza ea Artolazabalek –Berriako kazetariaren galderei erdaraz erantzun zienak– Amaren eskuak euskarazko jatorrizkoan leitzen ariko ote zen, ala gaztelaniazko itzulpenean. Eta, zelako gauzak, haren erantzunak oso antzekoak izan dira Iñigo Urkulluk duela urte batzuk, hauteskunde autonomikoen testuinguruan, emandakoekin alderatuta: lehendakariak ere bi liburu ekarri zituen hizpidera, berriz ere García Sainz de Urturiren beste bat –orduan ez zegoen oraindik argitaratuta El Ángel de la Ciudad–, eta Kirmen Uriberen bat, zeina Karmele Jaioren nolabaiteko egile baliokidetzat jo baitezakegu eskala elektorala Gasteizko maila lokaletik Euskadikora zabaldu ezkero –edo viceversa–. Nork daki, agian aholkularia konpartitzen dute Urkulluk eta Artolazabalek, edo batzokiko irakurle klub berera doaz…

Xehetasun hutsalak, esango didazue, ez didatenak, bide batez, eta penaz diot hauxe, gehiegi lagundu bozkaren zentzua ebazten, oraingoz behintzat, artikulua erredakziora bidaltzekotan nagoela. Hori bai, nire apustua, Tarot Literarioaren bitartezko balizko iragarpenari dagokionean, argia da: EAJk irabaziko ditu Gasteizko udal hauteskundeak.

Tira, honezkero jakingo duzue ea asmatu dudan, ala ez.

[2023-VI-8ko oharra: bistan da ez nuela bat bera ere asmatu, eta Tarot Literarioaren metodoa EITB-Focus-en inkestak eta te-hondarren irakurketa  bezain fidagarria dela. Agian susmatu behar nuen motzean egindako elkarrizketatxo horien beste atal batean, gustu musikalenean, Mikel Lezama Gipuzkoako PPren –PPren!– ahaldungai nagusiaren talde gustukoena Berri Txarrak –Berri Txarrak!– zela leitu nuenean, begi-globoak betzuloetatik irteten zitzaizkidala. O tempora, o mores].

[Artikulu honen bertsio hiper-kimatu batek Ortzadar gehigarrian ikusi zuen argia 2023ko ekainaren 3an. Irudia, ia beti bezala, New Yorkeko Liburutegi Publikoko erabilera libreko bilduma digitaletatik ebatsi dut. Gora liburutegiak, bide batez esanda]

Zantzu gehiago literatura-osteaz

Aspaldi dakigu idazlearen zereginak literaturatik haraindi (eta honaindi) zabaltzen ari direla etengabe, ekidinezina dela literaturaren disoluziorako jitea. Ezin da bizi literatura idaztetik soilik, eta idazlearen ardurak biderkatzen dira, (auto)promoziora bideratutakoak batez ere. Idaztea ez da, inondik ere, nahikoa.

Ezta, antza denez, idaztetik eta argitaratzetik eroso bizi daitezkeen pribilegiatu gutxientzat ere. Lehengo egunean apokaliptiko ipini ohi nauten “kultura albiste” hoietako batek egin zidan jugularrera salto The Guardian egunkariaren orrialde digitaletatik: Haruki Murakami idazle japoniarrak bere tixerten lerro propioa abiatu du Uniqlo moda enpresa multinazionalaren eskutik; kamiseten iruditeria Murakamiren obran zehar garatutako topikoek daukate oinarri, zer esanik ez.

AMAIERA hurbil dagoela ondorioztatu nuen. Literaturarena, behintzat.

Literatura-ostea zer izango den erakusten diguten zantzuetako bat gehiago zela begitandu zitzaidan. Idazleez (eta idazleekin lotutako merchandisingaz) beteriko mundu bat, baina (zinezko) literaturarik gabekoa.

Gero, hotzean, gauzak hobeto pentsatzeko astia izan nuen, ohi bezala. Alde batetik, Murakamiri diodan tirriatxoak izango zuen zerikusirik, noski, nire erreakzio emozionalegiarekin: lagun ustez liraturzale batek, oso aspaldi, Tokyo blues ezin melengagoa biziki gomendatu zidanetik, ezinezkoa zait sinestea egilea goi literaturaren alorrean kokatuta egon daitekeenik (Nobel sarirako hautagaitza iraunkor eta guzti!), eta ondoren (konfirmazio edo lehen inpresioaren errefutazio bila) egin ditudan saiakera gero eta urriagoetan (hoietako bat euskal militantismo hutsez, Ibon Uribarrik itzulitako eta Ereinek 2009an argitaratutako Gauaren sakonean pastitxe sentimentalari aukera bat eman nionean bezala) nire iritzia berrindartzea baino ez dut lortu. Orduz geroztik literatur munduko bluff nagusienetakoa bihurtu zen niretzat Murakami, sektorean gaizki joan daitezkeen gauza askoren haragitzea. Tokyo blues gomendatu zidan lagun harengan, bestalde, konfiantza (literario) guztia galdu nuen.

Erregea berriro ere biluzik uzten zuela pentsatu nuen ondoren: hain zuzen ere gordetasunaren edo erreklusioaren irudi literarioa hainbeste zaindu bide duen idazle bat halakoetan ibiltzea oso da adierazgarria (are salataria); alde horretatik produktuaren irteraren harira egin zioten “elkarrizketa” promozionalak ez dauka desperdiziorik. Item plus horretarako Uniqlo bezalako enpresa batekin aliatu delarik, hots, Inditex-en edo H&M-ren bertsio japoniarrarekin, zeinaren praktika produktibo eta komertzialak bere lehiakideenak bezain zalantzagarriak baitira.

En fin.

Eta, azkenik, bururatu zitzaidan, hasieran nioen bezala, agian ez dagoela bueltarik, eta halakoetara jo beharko duela, halabeharrez, idazlearen ofizioak, are gehiago azkeneko bi krisiek (2008koak eta covidarenak) klase literarioan (batez ere klase literario ertainean) utzi dituen zaurien ostean.

Eta pentsatzen hasi nintzen, Murakamiren ildoa jarraituz gero, nolako produktuen lerroak sortu edo bultzatu zezaketen euskal idazleek (lan bat zeinetarako, ziur nago, Arantxa Tapiaren sailaren kolaborazio osoa izango bailukete gure literatur izarrek). Burura etorri zitzadan lehenengoa, zalantzarik gabe, Harkaitz Cano izan zen, moda lerro bat garatu zezakeena, nik zer dakit, Loreak Mendian-ekoekin batera, baina ez, bistan denez, tixertena (mesedez), baizik eta alkandora dotoreena, loredun edo paisley estilokoak, miniaturazko motibo caniarrekin (idazmakinak, jazz instrumentuak…). Itxaro Bordak bere gazta marka propioa patrozinatu zezakeen (adibidez, “Nire Bordattotik” izendapenean, %100 Ossau-Irati); Eusko Labeleko produktu berezien errepresentaziorako egokiak izan daitezke, ildo horretan ere, Kirmen Uribe (itsas-kontserbak) edo Bernardo Atxaga (baserriko produktu bukolikoak; mondejuak eta kutsu odoltsuagokoak literatura errural ilun edo noiragoa praktikatu dutenentzat erreserbatu daitezke, Pako Aristi edo Inazio Mujikarentzat adibidez). Miren Agur Meabek edota Alaine Agirrek, autofikziorako daukaten isuria gogoan, eta gainbehera doan gure beira industriaren altxagarri, gorputz osoko edo aurpegirako ispiluen lerro bat bultza zezaketen. Karlos Linazasororen hiperproduktibitate ospetsua Moleskine enpresarentzako erakargarri suerta daiteke, kaieren linea berezi bat sortzeko orduan (erabaki beharko litzateke ea, erabilgarritasuna lehenetsiz, koadernotxoen orriak zuri etorrko liratekeen, ala, sinbolismoari nagusigoa aitortuz, oharrez jadanik beteta salduko liratekeen…). Eta abar.

(Sare sozialen bitartez Aingeru Epaltzak galdetu dit ea zer egin dezake berak, (ustezko) literatur merchandisingaren mundu honetara egokitzeko. Nik aipatu diot Nafar Erresuma Zaharraren inguruko tixertak izan zitezkeela irtenbide bat, bere trilogiaren pertsonaietan oinarrituta, on line saltzeko, edo Nabarralde eta antzekoen saltokietan —izan ere Gasteizko alde zaharrean badago halako produktu nafar-historiko-nostalgiko retrofuturistak saltzen dituen denda bat!—. Beste aukera bat izango litzateke probatzea trekkingerako ekipamendu pertsonalizatuarekin, mendi-joentzako: Epaltza bastoiak, aleazio arinekoak, neoprenoz sendotutako heltzeko uhalekin eta lauburu irarriekin —edo, nafar boto-emaile moderatu geroabaitarra izutu nahi ez badu, eguzki-lore irarriekin…—).

Nik, nire aldetik, eta gauzak dauden bezala, ozpin marka bat garatu beharko nuke, badakit. Berez, gustatuko litzaidakeena Modenako aceto balsamicoaren bat izango litzateke, propio diseinatutako ontzi txiki-dotore berezi horietako batean, noski. Baina zalantza egiten dut ea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak horren internazionalista jokatu, eta halako proiektu baterako kreditu-lerroa zabalduko lidakeen. Susmoa dut, ondoroz, sagardo-ozpineko batekin konformatu beharko nintzatekeela. Bai, 70 zl. edo are litroko botila itsusi horietan saltzen den hori.

Bueno, asmatuko genuke etiketaturako zerbait erakargarria. Edo ez…

Politikarien irakurgaiak

Aitor dut: udan Arnaldo Otegiren Twitter kontua stalkeatzen aritu nintzen ea, pasa den urtean bezala, 2020koan ere oporretara eramandako liburuen zerrenda argitaratzen zuen. Nire poza putzura: ez dakit Otegik oporrik hartu zuen, kurtso politiko-covidiko bitxi honen ondorioz, ala bere community managerrak halakorik ez egiteko aholkatu zion, aurreko urteko polemika aintzat hartuta, baina kontua da ezker abertzaleko politikariak ez zuela txintik aipatu abuztuan irakurtzeko asmo zituen liburuez. Pena.

«Polemika» esan dut, baina polemikatxoa ipini beharko nuke, egiazki, halakoak baitira, ez gaitezen engaina, euskararen mundu bazterrekoari eragiten diotenak. Agian gogoratuko duzue: paisai udatiar ederrez hornitutako argazki batzuen ondoren («Egun batzutako atsedena hartzen. #Oporrak» goiburuaren pean), Otegik berarekin eramandako liburuen irudiak txiokatu zituen: John Steinbeck-en Los vagabundos de la cosecha, Jack London-en Once cuentos de Klondike, Ryszard Kapuściński-ren Ébano, Christophe Guilluy-ren No society. El fin de la clase media occidental, eta, propinarako, Yuval Noah Harari-ren Sapiens. De animales a dioses. Nik, hura ikustean, zera pentsatu nuen, ezker abertzale ofizialak, halako gihar literario oro har progrearen erakustaldiarekin, tinko jarraitzen zuela Elkarrekin Podemos aldera garai batean joandako botoen xerkan. Baina ni bezain azalekoak ez diren twitterlariak berehala hasi ziren salatzen euskarazko irakurgaien falta, zerrendan, eta beste batzuek baita emakumezko egileenak ere, eta zenbait gomendio egiten, Otegik aintzat hartu ote zituen ez dakigunak, txio haiei ez zielako, tamalez, erantzunik eman; are Angel Erroren zutabe bikain horietako baterako oinarria eman zuen eztabaidak, udako irakurketen naturaren inguruan. Horregatik guztiagatik hartu nuen atsekabez aurten Otegik zerrendatxoa egin ez izanak, beti geratuko baitzait zalantza ea euskal txioherriaren aldarriari jaramon egingo zion ala ez.

Politikarien harremana liburuekin beti iruditu zait gai delikatua. Tira, edonorentzat da delikatua, pribatutasunaren alderdi oso intimo batekin –agian barnekoenarekin– lotuta dagoen neurrian (ikusi, besterik ez bada, Gonzalo Torné-ren artikulu esanguratsu hau gure biblioteka pertsonalek errebelatzen dutenaz). Horregatik susmoa dut arriskugarria dela politikariei liburuei buruz galdetzea, irakurri dituztenei edo gomendatuko lituzketenei buruz, eta halakoez enteratzen naizenean jakin-min kuxkuxeroaren eta lotsaren arteko sentimendu batekin egiten diet aurre. Gainera, salbu eta libururik irakurri ez dutela edo gogoratzen ez direla onartzen dutenean, sekula ez dakit ematen dituzten erantzunak zinezkoak diren, ala «prestatuak», lehia politikorako beste tresna bat bezala alegia –ondo pentsatuta, libururik ez irakurtzearen ingurukoak ere prestatuak izan daitezke, agian, politikari batzuek ez dituztelako hautesleak izutu nahi jarrera intelektualegiekin…–.

Halako azkeneko saioa, nik dakidala, Berria egunkariak burutu zuen 2020ko uztaileko EAEko Parlamenturako hauteskundeen karietarat, lehendakarirako hautagai nagusi ia guztiekin –Iturgaizek, azeri, uko egin zion elkarrizketari–. Eta oso esanguratsua iruditu zitzaidan: irakurritako azken liburuaz galdetzen zieten, besteak beste, eta euskarazko libururik aipatzen ez bazuten lehenengoan, euskarazko azkenekoaz ere. PSE-EEko Idoia Mendia izan zen agian egiatiena, edo kontua behintzat prestatu gabeen zekarrena, ez zelako gogoratzen ez bataz ez besteaz –ezta ikusitako azken antzezlanaren izenburuaz ere–: halako erantzunak, onartu behar da, ez dira oso egokiak liburuzaleon botoak erakartzeko, baina, ez gaitezen engaina, maila makro batean apenas egin diezaiokete min, estatistikoki, hautagai bati. Equo-Berdeen buru Jose Ramon Becerrak, ordea, beita ezin zukutsuagoa bota zien ni bezalako intelektualoideei (George Steiner-en La idea de Europa, alajaina), baina, ai, “aspaldian ez” zuen euskaraz ezer irakurri… Zalantza daukat, dena den, lortu zituen emaitza kaskarretan eragina izango zuen horrek.

Miren Gorrotxategi eta Maddalen Iriarte espero bezala portatu ziren irakurleria euskalduna duen Berria bezalako egunkariaren galderaren aurrean, eta hizkuntza horretako liburuak aipatu zituzten galderen bigarren txandari itxaron gabe. Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak Karmele Jaioren Aitaren etxea, oso aukera mesokratiko, komertzial eta egokia, gaurkotasun handiko gaia ukitzen duelako –genero arrakalarena– eta egileak espektro zabal batean daukalako harrera ona, EAJren zentro-eskuinetik ezker abertzalearen muturreraino eta harago. Eta, Iriartek, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen immigrazio afrikar garaikidearen inguruko Miñan zirraragarria, berriz ere, agian, EH Bilduren sentsibilitate sozial aurrerakoiaren erakusgarri. Biek ala biek ondo –abileziaz– jokatu zutela iruditu zitzaidan.

Edonola ere, Iñigo Urkulluren erantzunak izan ziren niretzat interesgarrienak. Galderari erdarazko izenburu batekin erantzun zion, lehenik eta behin: irakurritako azken liburua Eva Garcia Sainz de Urturiren Trilogía de la ciudad blanca izan omen zen, hots, bestsellerismoaren alorreko thriller gasteiztar bat, kalitate literarioaren aldetik erdipurditasunaren mailaren azpitik dagoena, baina ikaragarri saldu dena eta, ondorioz, boto-emaile askoren identifikazioa ekar ziezaiokeena –berriz ere, horrek garrantziaren bat baleuka– (*). Eta, neurri batean, uler daitekeena Gasteizko hiritarrekiko berradiskidetze keinu gisa, haietako ez gutxik haserre samar jarraitzen dutelako lehendakariarekin Ajuria Enea bizitokitzat arbuiatu eta Durangora itzuli zenetik bizitzera familiarekin –eta ertzain gaixo hark tirokatutako Atx pitbullarekin–.

Euskarazkoari buruzko bigarren galderari, ordea, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria saiakeratxoa aipatuz erantzun zion. Ondarrutarrak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz burutu zuen, aditzera emango lukeena Urkulluk ez duela euskarazko liburu bat irakurri 2018tik (!), Uribek urte hartako apirilean aurkeztu egin baitzuen proiektu semi-propagandistiko hura lehendakariarekin berarekin batera. Hori, baldin eta lehendakaria, Borgesi jarraituz –«Ni gehiago saiatu naiz berrirakurtzen irakurtzen baino; uste dut berrirakurtzea irakurtzea baino garrantzitsuagoa dela, berrirakurtzeko lehenago irakurri behar izan dela alde batera utzita»–, berrirakurketaren bertuteen defendatzailea ez bada, noski: dena da posible.

Edozein modutan ere, nik dakidala, erantzun horrekin ez zen sortu ezta Otegiren txioek eragindako mikro-zalaparta ere. Oso justua iruditzen ez zaidan zerbait, baina berresten duena, zinez, liburuak (euskaraz) irakurtzeak zein garrantzi gutxi daukan, egun, gizartearentzat. Gurearentzat, bederen (**).

(*) Identifikazio handiagoa, edonola ere, William Faulknerren Basa palmondoak nobelak baino, susmatzen dut, hura baitzen, garai batean behintzat, Urkulluk gomendatzen zuen liburu kutuna. Oso kategoria literario ezberdinekoa, zalantzarik gabe, Kraken-aren krimenen inguruko thriller eskasarekin alderatuta…

(**) Ikusiko duzue nola, kontrastean, Patria irakurri ez izanaren aitorpenak bai ekarriko dizkion ondoreak lehendakariari…

[Artikulu honen bertsio dezente laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko irailaren 19an. Aurrekoak ez bezala, honako hau ezin izan dut topatu sarean, orain arte bederen].

Euskal literaturaren turistifikazioaz

Espero izatekoa zen: gure herriaren desindustrializazio mantso baina jarraituak, Euskal Gatazkaren alderdi disruptiboenen amaierak, eta hizkuntza ofizial guztietako albistegietan Arantza Tapiari eta euskal kostaldearen eta barrualdearen arrakasta turistikoari eskainitako gero eta tarte luzeagoek eragina izan behar zuten gure Letren garapenean. Eta, “Erasmus literaturaren” aroan –ez zena, nire manifestu zahar hartan ondo adierazi nuen bezala, belaunaldi kontu bat, estilo edo bolada bat baizik– gure idatziak turismo literarioa egitera atzerrira irten ziren modu berean, unea heldu da gure lurraldea –hitzezko– armen bitartez berrartzeko, eta euskal literatura, azkenik, Ryanair-en, Airbnb-ren eta Tripadvisor-en orbita globalean jartzeko. Egia da ez dela bereziki zaila, orain arte gure herriaz idazleok egin dugun erretratu hits eta tragikoa kontuan hartuta, batez ere Gauzari buruz ari ginelarik. Baina hemendik aurrera, badakizue, utikan goibeltasuna!

Har dezagun, esaterako, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberria (Susa, 2017), zeinak, egia esan, bere abiatze indartsu bezain ilunarekin bestela bezala hasten baita –heroinaz beteriko berunezko urteen gogora ekartze eta guzti–, eta, une batzuetan, are erasmustasunaren eremu ezagunetara garamatzan atzera, Formentera eta Bordelerako bidaldi lasterren bitartez. Baina, zorionez, amaiera aldera inolako aitzakiarik gabe erredimitzen da, Getariako portuan zeharreko bisita gidatu baten bitartez –krustazeoen haztegiei egindako kuku alegoriko eta guzti–, eta, batik bat, kaialdeko otordu erromantiko-paisajistikoarekin, Urola Kostako mankomunitatearen turismo sailaren diptiko informatibo guztietan agertzeko modukoa.

Urrats bat harago egiten du Joxean Agirreren Goldsmithen ikaslea nobelak (Elkar, 2017). Bertan, amaiera aldeko ataletako batean, narratzaileak bere literatura kurtso birtualeko irakasle eta ikaskide atzerritarrak Euskal Herrian zeharreko tour batera gonbidatzen ditu, zeinetan ez baita ezertxo ere falta: Ibaizabalen gorako Bilboboats bitartezko bisita, noren eta Joseba Zulaikaren gidaritzapean; Arantzazura irteera nahitaezkoa –Pello Zabalarenarekin, zer esanik ez–; Mugaritz jatetxean sekulako bazkaria, Adurizen beraren iruzkin erudituekin, eta errematatzeko, sagardotegira doaz dieta tradizionalago batez gozatzera, Xabi Payaren bertso eleanitzek lagunduta… Aitor dut, pasartea irakurtzean, eta egilearen obra ezagututa, une batetik bestera ironiaren eraso zoritxarrekoa noiz iritsiko zain egon nintzela, beldurrez. Baina azkenean ez zen inondik ere agertu, ziria, edo nik ez nuen sumatu ahal izan, behintzat, eta Agirreren prosa turistikoaz gozatu ahal izan nuen trabarik batere gabe.

(Bide batez, eta Aduriz hizpidera etorri dela probestuz: pixka bat kamusatu ninduen Harkaitz Canok, euskal sukaldaritzari eraso egin zionean, zeharka, “Simetria ezinezkoak” artikulu sonatuan –El Correo taldeak saritua, hain zuzen ere–, esanez “askoz ere erosoago zaigula hizkuntzarik ez duen kultura batez harrotzea”, eta, horrekin lotuta, kontuan hartu behar dela “sukaldariak gaztelaniaz lanean bihurtu direla izar, ia beti”; Rikardo Arregi poeta bezalakoek, aspalditik, euskal sukaldaritzaren metastasiaren aurka egindako kritika doilorren ildoan kokatzen zela iruditu zitzaidan. Baina ondoren gogoratu nuen euskal letretan norbaitek ahalegina egin bazuen sukaldaritzaren estatus intelektualaren alde, gure gastronomia Kultura Garai eta Ondare Materiagabe bihurtzeko alegia, horixe Cano izan zela alegia, Adurizen garai bateko plater guztiz finen inguruko ipuin haiek idatzi zituelarik, Best European Fiction prestigiotsuko 2016ko edizioan argitaratzera iritsi zirenak, zerekin eta Mugaritz jatetxeko errezetekin batera hain juxtu ere. Eta lasaiago geratu nintzen, Canoren ekarpena gure letren turistifikazioari zenbateraino eraginkorra izan zen oroituta. Are gehiago jakin ondoren aurtengo Edinburgheko Liburu Jaialdian saio literario bat egin zuela, saxofonista batekin batera, zer eta euskal sormarkako ardoen dastatze saio baten testuinguruan, guztiz arrakastatsua izan zena: txalo besterik ezin diot egin, alde horretatik).

Badaude adibide gehiago, Patxi Zubizarretaren Julien Vinsonen hegaldia nobela laburra esaterako (Alberdania, 2019), zeinaren azken orrialdeetan EAEko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren eta Communauté d’agglomération du Pays basqueren seiluak ez topatzeak harritu egin bainau, edo Erriberriko Bodegas Ochoa-ren eta Baionako Chocolat Cazenave atelierraren product placementaren aitortzarik, besteak beste. Bidenabar, gauza bera egin beharko zukeen Miel A. Elustondok Baztango Xuria ardoarekin, Kezko bola batek itoak birikak nobelaren amaieran (Txalaparta, 2019), nahiz eta, auskalo, agian horrek badauka zer ikusia ezagutzen ez dudan Euskal Herrian nobela beltza sustatzeko (H)ilbeltza Bekaren klausula sekreturen edo ez horren sekreturen batekin…

Azken horrek frogatzen du are genero beltzak –teorian– berarekin ohi dakarren iluntasun eta gizarte-kritika guztiarekin ere, prosa turistikoarentzako pausaleku egoki bihur daitekeela: Edorta Jimenezen Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua nobela ere bada, pasarte batzuetan, Urdaibai biosferaren erreserba eta haren ingurumarien ikuspegi eder-xarmangarriak erakusteko aitzakia, eta gure kostaldeko mahatsardoen eta arrainen –uler bedi, arrain arrantzatuen eta sukaldatuen– gorespen etengabea egiteko, orobat (Txalaparta, 2018; izenburuak berak badu potentzialtasun turistikorik, oraintxe ohartzen naizenez…). Tira, Dolores Redondoren Trilogía del Baztán eta Eva García Saénz de Urturiren Trilogía del Kraken gogoangarriek aski ondo erakutsi zuten zein zen bidea, alde horretatik.

Baina euskal prosa turistikoaren gailurra, orain arte, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria. Euskadi Basque Country liburuxka elelauduna izango litzateke (Eusko Jaurlaritza, 2018), gure geografia eta txokoei –fisiko zein kontzeptualei–, iragan urrun eta hurbilari, bertuteei eta –askoz ere gutxiago– keriei egindako erakunde-enkarguzko errepaso eder bezain kilikagarria, egilearen aurreko liburuetan metatutako zentzu bereko ahalegin txalogarrien epitomea –gogoan hartu, besterik ez bada, literatura aldi berean erasmustarrari eta autoturistikoari Bilbao-New York-Bilbaok eginiko ekarpen aitzindaria–. Egia da iritzi maltzurrek, Angel Errorenak bezala, galdatzen zutela, Abangoardia maite duen antzinako herria horren izenburuaren aurrean, ea ez garen gehiago “antzinakotasunaz maitemindurik dagoen herri modernoa, modernoegia agian” (Berria, 2018-IV-29). Baina ezin naiz ados egon poeta nafar madrildartuaren fede txarreko iruzkin horrekin: euskal gatazka –labur– islatzeko orduan, abilki, ETAren edozein aipamen saihestea lortzen duen lan batek, euskal literatura turistikoaren txapelduna izatea merezi du, inolako zalantzarik gabe.

 

PS.- Norbaitek aurpegiratuko dit ez dudala sartu, halako zerrenda batean egon beharko lukeen arren, Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (Elkar, 2015), zeinaren ardatz nagusia bikote misto –euskal-espainiar– baten txango turistikoa baita, Euskal Herrian zehar alegia. Eta, bai, zalantzarik gabe, Agirreren nobelak badu literatura turistikotik, baina, aldi berean, badu literatura turistiko horren ukaziotik ere, ironia kritikoaren erabileraren bitartez alegia, eta horrek eraman nau pixka bat baztertzera, eta baita pixka bat gaitzestera ere, ez baitie etorkizunez beteriko ildo literario horrek bete beharko lituzkeen baldintzei behar bezala heltzen: turismoaren industriaren garrantzia berresteari, euskal irakurleen artean, eta Euskadi-Basque Country-ren erakargarritasuna zabaltzeari, lana gaztelaniara eta munduko beste edozein hizkuntzatara itzultzen delarik.

promenade san sebastian

[Artikulu honen bertsio laburragoa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko maiatzaren 4an].

Pobrearen poza, laburra beti

[Hala Bedi irratian 2016-XI-8an irakurritako iritzi-zutabearen bertsio luzea].

Joan den astean, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren ekitaldien baitan, eztabaida bat izan zuten Ramon Saizarbitoria euskal idazle euskaldunak eta Fernando Aramburu euskal idazle gaztelaniadunak.

Eszenatokiak bazuen bere sinbolismoa, Lagun liburu denda baitzen, garai bateko ezker abertzalearen erasoek behin eta berriro kaltetutako hura, azkenean Donostiako Alde Zaharra utzi eta egun duen erdiguneko egoitzara aldatu zen arte. Tira, eztabaida horretan Aramburuk berretsi zituen euskarazko idazleek gozatzen omen dituzten pribilegioei buruzko bere betiko leloak; Saizarbitoriak irmo eta egoki erantzun zion, euskal literaturari buruz daukan ikuspegi kritikoari uko egin gabe, baina Arambururen aurreiritziak eta erdizkako egiak zulatuz.

Pribilegioei buruz hitz egitea gurea bezalako hizkuntza gutxitu bateko literaturari buruz gehiegikeria galanta baita. Santi Leonék egoki azpimarratu zuen bezala, Saizarbitoriaren zenbat nobelek izan dute, argitaratu aurretik, –adibidez– Arambururen Patriarenaren tamainako publizitate-kanpaina? Bestalde, eztabaidaren egun berean jakin zen lehenengo aldia zela Espainiako Itzulpengintza Sari Nazionala euskarazko lan bati ematen zitzaiola, Luis Baraiazarra karmeldarrak itzulitako Santa Teresaren lan guztien bildumari hain zuzen ere. Eta egun berean, baina ordu batzuk geroago, enteratu ginen Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministerioak saria kendu ziola Baraiazarrari, bere itzulpenak lehiaketaren oinarriak betetzen ez zituelako, hots, Espainiako edozein hizkuntzatara –gaztelania, galegoa, katalana eta euskarara– itzulitako jatorrizkoak “atzerriko hizkuntza” batean egon behar zuelako idatzita: gaztelania eta euskara ez direnez Espainian hizkuntza atzerritarrak –barre egin dezakezue, bai–, erabakia bertan behera utzi behar izan zen. Inor ez zen ohartu, ez liburua aurkeztu zuenak, ezta epaimahaiko kideek ere, ez zituela, alde horretatik, oinarriak betetzen. Oinarri horiek tontakeria bat direlako, ziurrenik.

Eta horra hor, garbi adierazita, adibide ezin argiago batekin, zein pribilegiatuak diren –garen– euskarazko literaturaren alorrean ari diren –garen– sortzaileak: goizean saria lortu, eta arratsaldean ostendu. Hori da euskaraz idaztearen –kasu honetan, itzultzearen– mauka.

Badakizue, esaerak dioen bezala: “pobrearen poza, laburra beti”.

******************

Posteskriptuma: beste kontu bat da ea Santa Teresaren lan osoak ote ziren, Euskaltzaindiaren aldetik, euskararako itzulpen bat irabazle suertatzeko apusturik sendoena, erakundeak obra bakar bat aurkeztu ohi duelako Sarien epaimahaian. Argi dago oso itzulpen ona dela, eta merituzko lana egin duela Baraiazarrak: injustizia bat da gertatu zaiona. Baina gogora dezagun 2015ean itzuli dela euskarara lehenengoz James Joyceren Ulysses erraldoia ere, literatura garaikideko monumentuetako bat, liburu bat zeinak, gainera, Espainiako Sari horren oinarriak beteko baitzituen guztiz –jatorrizkoa ingelesez idatzita dagoen neurrian–. Eta gehi dezagun, gainera, Euskaltzaindiaren ordezkaria Itzulpengintza Sari Nazionalean, ohikoa izaten denaren kontra, Euskaltzaindiako lehendakaria bera –ez gutxiago– izan zela , Andres Urrutia alegia. Kurioski edo kasualki, Santa Teresaren lan guztien itzulpen horren hitzaurregilea bera…

Argi dago Ministerioak txapuza bat burutu zuela, eta Baraiazarraren lanari egindako itsuskeria lotsagarria izan dela. Baina, bide batez, agian hausnarketatxoren bat egin beharko da Sari hauetan euskal ordezkaritzak jokatzen duen paperaren inguruan –Joxerra Gartziak, beste ildo bati jarraiki, gaur bertan Berriaaipatu duen bezala…–.

*****************

Bigarren posteskriptuma: asko poztu ninduen Saizarbitoria-Aramburu eztabaidaren amaieran, publikotik bota ziren galdera eta iruzkinen tenorean, entzun ahal izan zen Jokin Muñozen obraren aldarrikapenak. Halakoak ez baitziren horren ohikoak, garai batean, euskal kulturaren establishmentaren partaideen aldetik. Denak okerrera egin duela dioten ahots apokaliptikoek ez dute, kasu honetan, aireratzeko aitzakiarik.

*****************

Hirugarren posteskriptuma: Arambururen Patriari (Tusquets, 2016) egin dioten tamainako kanpainarik, esan dugu? Saizarbitoriaren eleberriei sekula ez, ziurrenik –ez dut halakorik gogoratzen ezta itzulpenak Espasarekin edo Alfaguararekin argitaratu zituenean ere–, baina Kirmen Uriberenei agian bai. Baldintza, hori bai, lehenengo gaztelaniaz argitaratzea dela dirudi, La hora de despertarnos juntosen kasuak aditzera ematen duen bezala (Seix Barral, 2016; bide batez esanda, Tusquets eta  Seix Barral enpresa berekoak dira egun, Planeta erraldoiarena hain zuzen ere). Nobela hori hasiera batean aldi berean euskaraz, galegoz, gaztelaniaz eta katalanez argitara emango zela iragarri zen, baina azkenean, antza denez, pixka bat aurreratu da gaztelaniazko itzulpena…