Euskal literaturaren turistifikazioaz

Espero izatekoa zen: gure herriaren desindustrializazio mantso baina jarraituak, Euskal Gatazkaren alderdi disruptiboenen amaierak, eta hizkuntza ofizial guztietako albistegietan Arantza Tapiari eta euskal kostaldearen eta barrualdearen arrakasta turistikoari eskainitako gero eta tarte luzeagoek eragina izan behar zuten gure Letren garapenean. Eta, “Erasmus literaturaren” aroan –ez zena, nire manifestu zahar hartan ondo adierazi nuen bezala, belaunaldi kontu bat, estilo edo bolada bat baizik– gure idatziak turismo literarioa egitera atzerrira irten ziren modu berean, unea heldu da gure lurraldea –hitzezko– armen bitartez berrartzeko, eta euskal literatura, azkenik, Ryanair-en, Airbnb-ren eta Tripadvisor-en orbita globalean jartzeko. Egia da ez dela bereziki zaila, orain arte gure herriaz idazleok egin dugun erretratu hits eta tragikoa kontuan hartuta, batez ere Gauzari buruz ari ginelarik. Baina hemendik aurrera, badakizue, utikan goibeltasuna!

Har dezagun, esaterako, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberria (Susa, 2017), zeinak, egia esan, bere abiatze indartsu bezain ilunarekin bestela bezala hasten baita –heroinaz beteriko berunezko urteen gogora ekartze eta guzti–, eta, une batzuetan, are erasmustasunaren eremu ezagunetara garamatzan atzera, Formentera eta Bordelerako bidaldi lasterren bitartez. Baina, zorionez, amaiera aldera inolako aitzakiarik gabe erredimitzen da, Getariako portuan zeharreko bisita gidatu baten bitartez –krustazeoen haztegiei egindako kuku alegoriko eta guzti–, eta, batik bat, kaialdeko otordu erromantiko-paisajistikoarekin, Urola Kostako mankomunitatearen turismo sailaren diptiko informatibo guztietan agertzeko modukoa.

Urrats bat harago egiten du Joxean Agirreren Goldsmithen ikaslea nobelak (Elkar, 2017). Bertan, amaiera aldeko ataletako batean, narratzaileak bere literatura kurtso birtualeko irakasle eta ikaskide atzerritarrak Euskal Herrian zeharreko tour batera gonbidatzen ditu, zeinetan ez baita ezertxo ere falta: Ibaizabalen gorako Bilboboats bitartezko bisita, noren eta Joseba Zulaikaren gidaritzapean; Arantzazura irteera nahitaezkoa –Pello Zabalarenarekin, zer esanik ez–; Mugaritz jatetxean sekulako bazkaria, Adurizen beraren iruzkin erudituekin, eta errematatzeko, sagardotegira doaz dieta tradizionalago batez gozatzera, Xabi Payaren bertso eleanitzek lagunduta… Aitor dut, pasartea irakurtzean, eta egilearen obra ezagututa, une batetik bestera ironiaren eraso zoritxarrekoa noiz iritsiko zain egon nintzela, beldurrez. Baina azkenean ez zen inondik ere agertu, ziria, edo nik ez nuen sumatu ahal izan, behintzat, eta Agirreren prosa turistikoaz gozatu ahal izan nuen trabarik batere gabe.

(Bide batez, eta Aduriz hizpidera etorri dela probestuz: pixka bat kamusatu ninduen Harkaitz Canok, euskal sukaldaritzari eraso egin zionean, zeharka, “Simetria ezinezkoak” artikulu sonatuan –El Correo taldeak saritua, hain zuzen ere–, esanez “askoz ere erosoago zaigula hizkuntzarik ez duen kultura batez harrotzea”, eta, horrekin lotuta, kontuan hartu behar dela “sukaldariak gaztelaniaz lanean bihurtu direla izar, ia beti”; Rikardo Arregi poeta bezalakoek, aspalditik, euskal sukaldaritzaren metastasiaren aurka egindako kritika doilorren ildoan kokatzen zela iruditu zitzaidan. Baina ondoren gogoratu nuen euskal letretan norbaitek ahalegina egin bazuen sukaldaritzaren estatus intelektualaren alde, gure gastronomia Kultura Garai eta Ondare Materiagabe bihurtzeko alegia, horixe Cano izan zela alegia, Adurizen garai bateko plater guztiz finen inguruko ipuin haiek idatzi zituelarik, Best European Fiction prestigiotsuko 2016ko edizioan argitaratzera iritsi zirenak, zerekin eta Mugaritz jatetxeko errezetekin batera hain juxtu ere. Eta lasaiago geratu nintzen, Canoren ekarpena gure letren turistifikazioari zenbateraino eraginkorra izan zen oroituta. Are gehiago jakin ondoren aurtengo Edinburgheko Liburu Jaialdian saio literario bat egin zuela, saxofonista batekin batera, zer eta euskal sormarkako ardoen dastatze saio baten testuinguruan, guztiz arrakastatsua izan zena: txalo besterik ezin diot egin, alde horretatik).

Badaude adibide gehiago, Patxi Zubizarretaren Julien Vinsonen hegaldia nobela laburra esaterako (Alberdania, 2019), zeinaren azken orrialdeetan EAEko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren eta Communauté d’agglomération du Pays basqueren seiluak ez topatzeak harritu egin bainau, edo Erriberriko Bodegas Ochoa-ren eta Baionako Chocolat Cazenave atelierraren product placementaren aitortzarik, besteak beste. Bidenabar, gauza bera egin beharko zukeen Miel A. Elustondok Baztango Xuria ardoarekin, Kezko bola batek itoak birikak nobelaren amaieran (Txalaparta, 2019), nahiz eta, auskalo, agian horrek badauka zer ikusia ezagutzen ez dudan Euskal Herrian nobela beltza sustatzeko (H)ilbeltza Bekaren klausula sekreturen edo ez horren sekreturen batekin…

Azken horrek frogatzen du are genero beltzak –teorian– berarekin ohi dakarren iluntasun eta gizarte-kritika guztiarekin ere, prosa turistikoarentzako pausaleku egoki bihur daitekeela: Edorta Jimenezen Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua nobela ere bada, pasarte batzuetan, Urdaibai biosferaren erreserba eta haren ingurumarien ikuspegi eder-xarmangarriak erakusteko aitzakia, eta gure kostaldeko mahatsardoen eta arrainen –uler bedi, arrain arrantzatuen eta sukaldatuen– gorespen etengabea egiteko, orobat (Txalaparta, 2018; izenburuak berak badu potentzialtasun turistikorik, oraintxe ohartzen naizenez…). Tira, Dolores Redondoren Trilogía del Baztán eta Eva García Saénz de Urturiren Trilogía del Kraken gogoangarriek aski ondo erakutsi zuten zein zen bidea, alde horretatik.

Baina euskal prosa turistikoaren gailurra, orain arte, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria. Euskadi Basque Country liburuxka elelauduna izango litzateke (Eusko Jaurlaritza, 2018), gure geografia eta txokoei –fisiko zein kontzeptualei–, iragan urrun eta hurbilari, bertuteei eta –askoz ere gutxiago– keriei egindako erakunde-enkarguzko errepaso eder bezain kilikagarria, egilearen aurreko liburuetan metatutako zentzu bereko ahalegin txalogarrien epitomea –gogoan hartu, besterik ez bada, literatura aldi berean erasmustarrari eta autoturistikoari Bilbao-New York-Bilbaok eginiko ekarpen aitzindaria–. Egia da iritzi maltzurrek, Angel Errorenak bezala, galdatzen zutela, Abangoardia maite duen antzinako herria horren izenburuaren aurrean, ea ez garen gehiago “antzinakotasunaz maitemindurik dagoen herri modernoa, modernoegia agian” (Berria, 2018-IV-29). Baina ezin naiz ados egon poeta nafar madrildartuaren fede txarreko iruzkin horrekin: euskal gatazka –labur– islatzeko orduan, abilki, ETAren edozein aipamen saihestea lortzen duen lan batek, euskal literatura turistikoaren txapelduna izatea merezi du, inolako zalantzarik gabe.

 

PS.- Norbaitek aurpegiratuko dit ez dudala sartu, halako zerrenda batean egon beharko lukeen arren, Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (Elkar, 2015), zeinaren ardatz nagusia bikote misto –euskal-espainiar– baten txango turistikoa baita, Euskal Herrian zehar alegia. Eta, bai, zalantzarik gabe, Agirreren nobelak badu literatura turistikotik, baina, aldi berean, badu literatura turistiko horren ukaziotik ere, ironia kritikoaren erabileraren bitartez alegia, eta horrek eraman nau pixka bat baztertzera, eta baita pixka bat gaitzestera ere, ez baitie etorkizunez beteriko ildo literario horrek bete beharko lituzkeen baldintzei behar bezala heltzen: turismoaren industriaren garrantzia berresteari, euskal irakurleen artean, eta Euskadi-Basque Country-ren erakargarritasuna zabaltzeari, lana gaztelaniara eta munduko beste edozein hizkuntzatara itzultzen delarik.

promenade san sebastian

[Artikulu honen bertsio laburragoa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko maiatzaren 4an].