Pobrearen poza, laburra beti

[Hala Bedi irratian 2016-XI-8an irakurritako iritzi-zutabearen bertsio luzea].

Joan den astean, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren ekitaldien baitan, eztabaida bat izan zuten Ramon Saizarbitoria euskal idazle euskaldunak eta Fernando Aramburu euskal idazle gaztelaniadunak.

Eszenatokiak bazuen bere sinbolismoa, Lagun liburu denda baitzen, garai bateko ezker abertzalearen erasoek behin eta berriro kaltetutako hura, azkenean Donostiako Alde Zaharra utzi eta egun duen erdiguneko egoitzara aldatu zen arte. Tira, eztabaida horretan Aramburuk berretsi zituen euskarazko idazleek gozatzen omen dituzten pribilegioei buruzko bere betiko leloak; Saizarbitoriak irmo eta egoki erantzun zion, euskal literaturari buruz daukan ikuspegi kritikoari uko egin gabe, baina Arambururen aurreiritziak eta erdizkako egiak zulatuz.

Pribilegioei buruz hitz egitea gurea bezalako hizkuntza gutxitu bateko literaturari buruz gehiegikeria galanta baita. Santi Leonék egoki azpimarratu zuen bezala, Saizarbitoriaren zenbat nobelek izan dute, argitaratu aurretik, –adibidez– Arambururen Patriarenaren tamainako publizitate-kanpaina? Bestalde, eztabaidaren egun berean jakin zen lehenengo aldia zela Espainiako Itzulpengintza Sari Nazionala euskarazko lan bati ematen zitzaiola, Luis Baraiazarra karmeldarrak itzulitako Santa Teresaren lan guztien bildumari hain zuzen ere. Eta egun berean, baina ordu batzuk geroago, enteratu ginen Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministerioak saria kendu ziola Baraiazarrari, bere itzulpenak lehiaketaren oinarriak betetzen ez zituelako, hots, Espainiako edozein hizkuntzatara –gaztelania, galegoa, katalana eta euskarara– itzulitako jatorrizkoak “atzerriko hizkuntza” batean egon behar zuelako idatzita: gaztelania eta euskara ez direnez Espainian hizkuntza atzerritarrak –barre egin dezakezue, bai–, erabakia bertan behera utzi behar izan zen. Inor ez zen ohartu, ez liburua aurkeztu zuenak, ezta epaimahaiko kideek ere, ez zituela, alde horretatik, oinarriak betetzen. Oinarri horiek tontakeria bat direlako, ziurrenik.

Eta horra hor, garbi adierazita, adibide ezin argiago batekin, zein pribilegiatuak diren –garen– euskarazko literaturaren alorrean ari diren –garen– sortzaileak: goizean saria lortu, eta arratsaldean ostendu. Hori da euskaraz idaztearen –kasu honetan, itzultzearen– mauka.

Badakizue, esaerak dioen bezala: “pobrearen poza, laburra beti”.

******************

Posteskriptuma: beste kontu bat da ea Santa Teresaren lan osoak ote ziren, Euskaltzaindiaren aldetik, euskararako itzulpen bat irabazle suertatzeko apusturik sendoena, erakundeak obra bakar bat aurkeztu ohi duelako Sarien epaimahaian. Argi dago oso itzulpen ona dela, eta merituzko lana egin duela Baraiazarrak: injustizia bat da gertatu zaiona. Baina gogora dezagun 2015ean itzuli dela euskarara lehenengoz James Joyceren Ulysses erraldoia ere, literatura garaikideko monumentuetako bat, liburu bat zeinak, gainera, Espainiako Sari horren oinarriak beteko baitzituen guztiz –jatorrizkoa ingelesez idatzita dagoen neurrian–. Eta gehi dezagun, gainera, Euskaltzaindiaren ordezkaria Itzulpengintza Sari Nazionalean, ohikoa izaten denaren kontra, Euskaltzaindiako lehendakaria bera –ez gutxiago– izan zela , Andres Urrutia alegia. Kurioski edo kasualki, Santa Teresaren lan guztien itzulpen horren hitzaurregilea bera…

Argi dago Ministerioak txapuza bat burutu zuela, eta Baraiazarraren lanari egindako itsuskeria lotsagarria izan dela. Baina, bide batez, agian hausnarketatxoren bat egin beharko da Sari hauetan euskal ordezkaritzak jokatzen duen paperaren inguruan –Joxerra Gartziak, beste ildo bati jarraiki, gaur bertan Berriaaipatu duen bezala…–.

*****************

Bigarren posteskriptuma: asko poztu ninduen Saizarbitoria-Aramburu eztabaidaren amaieran, publikotik bota ziren galdera eta iruzkinen tenorean, entzun ahal izan zen Jokin Muñozen obraren aldarrikapenak. Halakoak ez baitziren horren ohikoak, garai batean, euskal kulturaren establishmentaren partaideen aldetik. Denak okerrera egin duela dioten ahots apokaliptikoek ez dute, kasu honetan, aireratzeko aitzakiarik.

*****************

Hirugarren posteskriptuma: Arambururen Patriari (Tusquets, 2016) egin dioten tamainako kanpainarik, esan dugu? Saizarbitoriaren eleberriei sekula ez, ziurrenik –ez dut halakorik gogoratzen ezta itzulpenak Espasarekin edo Alfaguararekin argitaratu zituenean ere–, baina Kirmen Uriberenei agian bai. Baldintza, hori bai, lehenengo gaztelaniaz argitaratzea dela dirudi, La hora de despertarnos juntosen kasuak aditzera ematen duen bezala (Seix Barral, 2016; bide batez esanda, Tusquets eta  Seix Barral enpresa berekoak dira egun, Planeta erraldoiarena hain zuzen ere). Nobela hori hasiera batean aldi berean euskaraz, galegoz, gaztelaniaz eta katalanez argitara emango zela iragarri zen, baina azkenean, antza denez, pixka bat aurreratu da gaztelaniazko itzulpena…

8 thoughts on “Pobrearen poza, laburra beti

  1. Ados nago, oro har behintzat, diozun guztiarekin, Iban, baina jakin-minez utzi nau esaldi batek, beharbada nire memoria txarraren erruz (ironiarik gabe diot, benetan ari naiz): “Halakoak ez baitziren horren ohikoak, garai batean, euskal kulturaren establishmentaren partaideen aldetik”, diozu, Jokin Muñozen lanen goraipamenei buruz ari zarenean. Besterik gabe, memoria-ariketa bat egiteko, zehaztuko zenuke zer zen orduan (“garai batean” delako horretan) “euskal kulturaren establishmenta” eta zer erreakzio izan zuen Jokin Muñozen lanaren eta gisako beste batzuen inguruan?

  2. Daukadan inpresio bati erantzuten dio pasarte horrek. Alde batetik, Jokin Muñozi (eta gatazkaren kontuaz edo euskal kontuez modu jakin batean idatzi zutenei, Mikel Hernandez Abaituari adibidez) ez zitzaiela kasu handiegirik egin, garai batean (gogoan hartuz, adibidez, Joan zaretenean edo Atlantidarako biajia liburuek izan zuten harrera isila), eta egin zitzaienean, beste erremediorik ez zelako egon izan zela, lanen kalitatea bataz bestekoaren oso gainetik zegoelako eta sariek saihestezina egin zutelako (komentario oso kontrakoen bazka izan ez zirenean, noski).

    Establishmentari dagokionean, agian oker nago, baina euskal letretan zentralitate bat baino gehiago dago, eta esango nuke gurean, inguruko literaturetan ez bezala, (bere pisua duen arren, jakina) garrantzitsuena ez dela “Akademia” + “Estatua” (gure kasuan, pseudoestatu estatutario-forala), baizik eta Zarautz, Donostia eta Andoain artean kokatuko litzatekeen hiruki izpiritual hori. Ziurrenik gure hizkuntzaren eta literaturaren mendeko egoerarekin du horrek zer ikusia, eta normala da. Baina hor dago.

  3. Jokin Muñozen “Bizia lo” astinaldi bat izan zen askorentzat, baita niretzat ere, ezker abertzealari kritika zorrotza egiten zion liburu ona zelako. Hori bai. Eta litekeena da irakurle askoren aldetik, nire aldetik ere bai agian, merezi baino harrera hotzagoa izatea. Baina kosta egiten zait “establishment”-ari egiten diozun aipamena ulertzea.

  4. Ohoretzat hartu beharko dut, apala bada ere, “establishment” bateko kide izana, Andoain aipatzen duzunez. Baina niri ez zait iruditzen BERRIAk Jokin Muñoz inoiz baztertu duenik, ezta MIkel Hernandez Abaitua eta ezker abertzalea gogor eta ausart kritikatu duten beste idazle batzuk ere. Oker ez banaiz, adibidez, Muñozi egin zitzaion elkarrizketa bat, aurkezpeneko prentsaurrekoaren berri emateaz gain, “Atlantida biajia” zela-eta. Bitxia bada ere, irakurle askoren ustez Txalaparta izan da BERRIAk baztertu duen argitaletxea, eta ez Erein edo Alberdania. (Horretan zerikusi handia du, jakina, Txalapartaren ekoizpena nagusiki erdarazkoa izateak). Muñoz, Hernandez Abaitua eta gisako idazleak inork baztertu baldin baditu, ez ote dira izan erdarazko medioak?

  5. Zuen artean baldarki sartuta (barka!) nik horrela formulatuko nuke kontua: Aramburu gutxiago eta Muñoz gehiago.

    Alegia, zergatik dedikatzen diogu horrenbeste denbora Arambururi eta hain gutxi Muñozi? Zergatik Muñoz aipatzen denean, normalki, arrunki, usalki (beti?) ETAren matrakaren harira baino ez da izaten?

    Egia esan, ez diot ezer irakurri Arambururi eta, ondorioz, ez daukat gauza handirik esateko bere liburuez (bera, ordea, itxura guztien arabera hitz eta pitz dabil beti irakurri ez dituen liburuen gainean pontifikatzen), baina inpresioa daukat ETArena kentzen badiozue, ez dela Arambururik gelditzen (bere elkarrizketetan, dirudienez, inoiz ez du beste ezertaz hitz egiten, enfin, uste dut esanguratsua dela). Muñozen baitan, ordea, ETArena ez da hain zentrala, inondik inora ere. Bere liburu guztiak (edo batzuk behintzat) irakurrita baditut ere, niri bereziki gustatu zitzaidan “Antzararen bidea”, eleberri biribil bat nire uste apalean (“Bizia lo”, ordea, gutxiago gustatu zitzaidan, “Atlantida biajia” makaltxo iruditu, besteak ez ditut gogoan ere… agian ez nituen irakurri). Eta, “Antzararen bidea”-ra itzuliz, nire gogoan behintzat nobela hori ETArekiko “salaketa/kritika/hausnarketa” batera murriztea injustizia handia da; bai, ETAri buruz dihardu, baina gai zentrala ez da hori, bortizkeria baizik, bere osoan, ez bereziki ETA. Bada aldea, nire ustez.

    Dena den, hamar bat urte liburu hori irakurri nuela, eta ez dut haria bereziki ondo gogoratzen (eskura ere ez daukat orain). Gogoratzen dudana, aldiz, beste hau da: oso-oso gustatu zitzaidan liburua izan zela, bikaina, hitz batez. Eta eskertuko nukeela gure artean liburu hori berriz ere modan jartzea; eta hamar urteren ondoren, agian, nik ere beste begi batzuekin irakurriko nuke, ez dakit.

    Barkatu intrusismoa.

    Era hori: Aramburu gutxiago eta Muñoz gehiago.

  6. Ulertzen dut esaten duzuna, Pruden, eta neurri batean konpartitzen dut, batez ere Muñozi buruz diozuna (niri Bizia lo gehiago gustatu zitzaidan arren, Antzararen bidea baino: uste dut ipuinlari hobea dela nobelagile baino… hala ere, hauek iritzi oso pertsonalak dira, noski).

    Baina, bestalde, ez dut uste Aramburu horren erraz saihestu dezakegunik. Alde batetik, gu, nahi edo ez nahi, Espainiako kultur munduan (ere) bizi garelako. Eta, bestetik, Arambururen ikuspegiak eragina daukalako ez soilik mundu mailako irakurle hispanikoengan, baizik eta baita euskal herritar askorengan ere, elebakarrak ala ez.

    (Gainera, baina hau marjinalagoa da, euskal gatazkaren kontua ez da, inondik ere, Arambururen gai literario bakarra. Are gehiago, esango nuke nahiko berriki hasi dela hartzen protagonismoa bere produkzioan, Los peces de la amargura ipuin liburutik aurrera hain zuzen, 2006koa dena, hots, bera ere ez zen horren goiz gaiari zuzenean “ekiten”… Nik aurreko bere produkzioko gauzaren bat daukat irakurrita, Los ojos vacíos adibidez, eta onartzen dut bere estilo preziosista irensgaitza egiten zaidala -Katixa Agirrek “kurtsia” deitu zion behin bere prosari, eta ni nahiko ados nago horrekin; gure familia gaztelaniadunean erabiltzen zen “redicho” kontzeptua ezarriko nioke nik, ildo horretan-).

  7. Bai, arrazoi duzu, Aramburu ezin dugu sahiestu… horra gure egoeraren deskribapen zehatz bat, haren menpekoak gara, nahita nahiez. Espainiaren menpekoak.

    Baina saia gaitezen, ahal dugun neurrian behintzat, gure buruak eta gogoak askatzen.

  8. Nere postekin loturak: Patria | Zinea

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s