Sari instituzionalen (ohorearen) alde

Joan den urtean Nafarroako erkidegoaren kultur sari gorena, Vianako Printzearena, Dolores Redondo best-seller idazleari eman zioten; literatura alorreko Asturiasko Printzesarena, Haruki Murakami japoniarrari, ez dituena, ados, eta iritzi orokortuenaren arabera, kontsumoko liburuak ekoizten, donostiar nafartuak bezala, baina bai agian zerbait okerragoa, “nobela literarioak” alegia, Damian Tabarovsky idazle eta kritikari argentinarrak honela definitzen zituen modukoak: «ederraren eta atseginaren literatura, klabe mediatikoan egindako nobela populista anti-intelektualak. Dagoeneko ez dira best-sellerak izateko egindako eleberriak, Harold Robbins erara etab. Ez, gauza bera dira, baina altuago». Bai, badakit, beste inoiz erabili dut aipu hau, baina hain iruditzen zait adierazkorra, ezen birziklatzeko baimena aldarrikatzen baitut.

Printze eta printzesen ugaritasun gehiegizkoa alde batera utzita, 2023ko sari konkretu horiek ez zaizkit seinale onak iruditzen.

Angel Errok txio batean zioen halako gauzen aurrean hobe dugula isiltzea, ez dagoela horretaz kexatzerik «XX. mendeko argudiorik gabe». Zaharrunoak izan gabe, alegia.

Bada, beste gauza askotan bai, baina horretan ez nago bereziki ados adiskidearekin, nahiz eta ondo ulertzen dudan zer eman nahi zuen aditzera: niri oso XXI. mendekoa iruditzen zait honetaz kexatzea –alferrik izan daitekeela ondo dakidan arren…–. XX. mendean merkatuaren elefante-lan kanonizatzaileari hesiak jartzeko bazeudelako, estatua eta bere erakundeez gain –aipatu ditudanen antzeko sari instituzionalak barne, noski–, bestelako agente batzuk: akademia, nagusiki, baina baita, neurri batean, prentsa eta komunikabide tradizionaletako kritika ere, eta askotariko liburu-denden sarea, eta biblioteka publikoak, eta abar. Horiek guztiek, bakoitzak beren ahalmenen neurrian, dike-lanak egiten zituzten eskaintzaren eta eskariaren burdinazko legeak planteatzen zuen uholde homogeneizatzailearen aurrean.

XXI. mendearen hasierarako, bistan denez, defentsa-hesi horiek erortzen joan dira, bata bestearen atzetik. Duela ez hainbeste zendutako Dubravka Ugrešić handiak zioen bezala, «arbitraje estetiko-akademikoa desagertzen ari da, eta artearen teoria garrantzitsuak gaur egun hilda daude»; prentsa tradizionalaren kritika –“prentsa tradizionalaz” hitz egiten jarraitu daitekeen neurrian– interes editorialek menderatutako iruzkingintza huts bihurtu da, eskuarki; eta salmenta kate handiek kontrolatutako panoramak, gero eta argitaletxe gutxiagok kontrolatutako panorama oligopolistiko batean, uniformizatu du garai bateko liburu-denda txikiagoen eta “artesanalagoen” multzoak, xumeki, egin zezakeen galbahe lan oro. Ondorioa nahiko garbi azaltzen zuen Julio Llamazares-ek duela ez hainbeste egin zioten elkarrizketa batean: «Nik uste dut idazleak irratiak bezalakoak garela: frekuentzia batean emititzen dugu. Orduan, zuk FMn emititzen baduzu, Frekuentzia Modulatuko irakurleek erantzuten dizute. Uhin Ertainean idazten baduzu, Uhin Ertaineko irakurleek erantzungo dizute. (…) Baina gustatuko litzaidake literaturaren errebindikazio bat egotea, arinkeriaz bete delako, hainbeste komertzializatu delako ezen, azkenean, badirudi arrakasta komertzialak kalitate literarioa baldintzatzen duela».

Estatua besterik ez zen gelditzen, kanon jakin –eta, zer esanik ez, eztabaidagarri– batzuez hornitutako bere hezkuntza-programekin, eta bere maila diferenteetako sariekin –goian aipatutakoekin eta antzekoekin, alegia–, merkatuaren mareari aurre egiteko: Iris Murdoch nobelagile eta filosofo britainiarrak «arte handia» deitzen zuenaren praktikatzaile gaixoentzat nolabaiteko kontsolazio-saritzat har daitezkeen sari horiek hain justu –«arte onak, estiloa edozein dela ere», zioen Murdochek, «sendotasun, irmotasun, errealismo, argitasun, askapen, justizia eta egia ezaugarriak ditu. Irudimen aske baten lana da, trabarik eta ustelkeriarik gabea. Eta arte gaiztoa, berriz, esklabo bihurtutako fantasia baten obra nagi eta desordenatua da»: merkatuak hainbestetan saritzen duen horixe, gehituko nuke–. Egile hipersaltzaileei, ordea, ez zaie nahikoa, bistan denez, merkatuaren onespen masiboarekin: den-dena nahi dute, baita orain arte eskuraezinago izan duten aitortza instituzional horixe barne.

(Norbaitek zalantzak balitu Dolores Redondoren liburuen kokapenari buruz, balizko klasifikazio horren barruan, nik uste dut badaudela bi froga argi, Vianako Printzea sariarekin lotutakoak: alde batetik, Javier Azanzak, Redondoren sariaren aldeko txostengileak, apenas erabili zuela argudio literariorik hautagaitza defendatzeko –denak egon ziren lotuago, positiboki noski, merkatu- eta kantitate-irizpide hutsez harago, Nafarroaren identitatearen, kulturaren, ondarearen eta are turismoaren kontuekin, irizpide literarioez nik ulertzen ditudanarekin baino–. Eta, bestetik, Redondok berak saria jasotzean emandako hitzaldia, zeinaren ardatz nagusian adimen artifizialak “literaturarentzako” izango dituen ondorio guztiz beldurgarriak kokatu baitzituen, normala iruditzen zaidana, ze egia izaki agian literatura mota guztiak, “gorena” nola “kontsumozkoa”, “arriskuan” jartzera iritsi daitekeela AAren garapena, argi dago eroriko den lehenengo lerroa, bataila apokaliptiko horretan, “formulazko” literaturarena izango dela, hori delako AAk lehenengo eta hobeto erreproduzitzen/biderkatzen ikasiko duena, bere natura hutsagatik: badelako, honezkero, prozesu ia mekanizatu/industrializatu bat, berez).

Ez ezazue pentsa horrek guztiak estatuarekiko nire –garai bateko– konfiantza baldintza gabekoa islatzen duenik: ondotxo dakit administrazioko edozein mailatako erakundeak idazle bati sari bat ematen dionean, bere burua saritzen ari dela, nagusiki, idazle horren edo haren lanaren prestigioaz baliatzen ari dela, edo saiatzen dela behintzat, horrela, zuribide gisa, kulturari laguntza ematen diola erakusten duelarik. Eta, bestalde, konbentzituta nago, esaterako, estatuak oinarrizko errenta unibertsal on bat ordainduko balu eta, ondorioz, jendea literaturgintzan –eta bestelako disziplina artistikoen ekoizpenean– merkatu kapitalistak ezarritako eragozpenez libre aritu ahal izango balitz, askoz ere lan eraginkorragoa egingo lukeela zentzu horretan.

Baina, hori gertatzen ez den bitartean, prest nengoen kontraesanez beteriko eta intentsitate baxuko estatuaren hesi-rol hori –neurri batean– defendatzeko. Sarien alorrean, adibidez. Argi dago, ordea, gauzak aldatzen ari direla, prestigioa zerk ematen duen: estatuak berak bere buruarentzako zer “sari” mota eskuratu nahi duen gero eta gehiago kolonizatzen ari da merkatua. Azken finean, badu azalpen historiko bat: XX. mendearen amaieran abiatutako logika neoliberalen deribatu bat izango litzateke. Eta populismo mota baten zabalkuntzarena ere, imajinatzen dut. Baldin eta kontu biak txanpon beraren aldeak ez badira, noski.

Seinale txarra da, edonola ere. (Beste) Kanario bat ikatz-meatokian.

Edonola ere: alde horretatik gerta daitezkeen atzerapauso redondotar eta murakamizale guztien aurrean protesta egiten jarraitzeko prest nengoen, eta nago, erretxin. Baita, eta batik bat, XXI. mende honetan ere. Ez, ez dut uste, Angel Errok zioen bezala, halako zerbait kritikatzea “XX. mendekoegia” denik. Kartsuki garaikidea iruditzen zait oraindik ere.

[Artikulu honen bertsio laburragoak Ortzadar gehigarrian eman
ziren argitara, bi zatitan, 2023ko uztailaren 1ean eta 29an, hurrrenez hurren. Ikatz meatokiaren argazkia, ohi bezala, baimen eta berme guztiekin atera dut New Yorkeko Liburutegi Publikoaren bilduma digitaletatik]

Literatura unibertsalerantz

Urtarrila amaieran –literatur– albiste izan zen: katalanezko poesia alorreko Palma Mallorcako udaleko sari nagusia (2023ko “Premi Ciutat de Palma Joan Alcover” delakoa) katalanera itzulitako lan batek eraman zuen. Hala aitortu zuen, susmoak hasi zirenean, Jorge Fernández Gonzalo irabazleak (Madril, 1982): lana gaztelaniaz idatzi eta hizkuntza horretara itzuli zuela, horrela irabazteko eta liburua argitaratzeko aukera gehiago izateko –susmoak, ez pentsa, sari banaketan baino ez ziren sortzen hasi, irabazleak, esker oneko mintzaldian, katalanezko hitz bakar bat ere ahoskatu ez zuenean…–. Ondoren jakin zen gehiagotan egin zuela, eta hala eskuratu zuela Valentziako erkidego autonomoko literatur sariren bat ere. Izan ere, xaloki –ala ez–, adierazpen hauek egin zizkion prentsari: «Gaztelaniaz idatzitako eta katalanera itzulitako lan batekin irabazi nuela ikustean, nire lanak argitaratzeko eredu berri bat sumatu nuen, eta orain beste sorkari batzuekin egiten dut, sari gehiagotara aurkeztu ahal izateko». Langintza horretan “profesionalizatzen” ari zela, alegia.

Tira, eredua ez da horren berria, agian: hor dago Álvaro Bermejoren kasua, Donostia Hiria saria jaso zuena 1988an berak gaztelaniaz idatzitako eta adiskide irakasle batek euskaratutako ipuin batekin. Ekintza bat zeinarekin, antza denez, euskarazko literaturaren maila eskasa, Euskal Herrian gaztelaniaz egiten zenarekin alderatuta, frogatu nahi baitzuen –agian poetikoki, Bermejok hamarkada haren hasieran Fernando Aramburu edo Francisco Javier Irazoki gisakoekin osatu zuen “Grupo CLOC de Arte y Desarte” delakoari zegokion izpiritupean-edo–. Edonola ere, aski ezagunak dira, bere hurrengo ibilbide ez bereziki distiratsuan –denborarekin, CLOCeko ustezko esperimentalismotik, nobela historikora eta kontsumoko literatura arruntenera igaro zen, Dolores Redondoren Baztango sailaren ihakin eta guzti–, Bermejori  egotzi eta frogatu zaizkion plagio salaketak –guztiak bere jatorrizko sorkuntza-hizkuntzan, gaztelaniaz alegia, zilegi egiten duena galdetzea ea Donostia Hiria sariko hauts haiek ekarriko zituzten, geroago, lohi horiek…–.

Bermejok “frogatu” zuena, edozein modutan, hutsalkeria bat izan zen, gaztelaniaz idatzitako lan itzuli batek euskarazko –jatorrizko– hogeiri edo katalanezko –jatorrizko– ehunei irabaztea logika estatistikoaren eremuaren barruan sartzen delako: hiztun, eta, ondorioz, idazle gehiago izatean, hizkuntza “handiak” beti izango du “kalitate literario” “handiko” lan gehiago sortzeko ahalmena, hizkuntza gutxituak baino. Horri gehitzen bazaio lehiaketetan azaleratzen diren kasuak –hots, saria eskuratzen dutenak– gutun-azal itxietan geratu ahal direnen antzekoen frakzio bat baino ez direla, akaso, eta halako iruzurren egile ezagutaraziak idazle gutxienez “arituak” izan ohi direla –eta ez sarietara aurkezten diren hasiberriak, askotan oso ugariak–, ez dut uste larritasunerako motibo handiegia dagoenik.

Baina Palmako urtarrileko kasua, ziurrenik, lotuago dago itzultzaile automatikoen eta hizkuntzen ezagutzaren zabalkuntzarekin eta hobekuntzarekin, literatura “txikiaren” kalitate faltaren balizko salaketekin baino –horrekin, noski, eta idazletza arloko “klase ertain-baxu” espainiarraren zailtasun gero eta handiagoekin, hala ekonomikoak, nola “lekutxo literarioa” egiteko orduan, 2008ko krisi finantzarioaz geroztik batik bat: Jorge Fernández Gonzalo hori ez zen, preseski, hasiberri bat–. Horrekin, eta gaztelaniazko idazle guztientzako nahikoa sari ez egotearekin, hainbeste ezen… zergatik ez hasi inguruko hizkuntza gutxitukoetara aurkezten…? Kasu konkretu horretan, gainera, bi hizkuntza erromanikoen hurbiltasuna lagungarri izango zitzaion idazle ohoratuari. Horrek ez du esan nahi euskaraz –berriro ere– gerta ez daitekeenik, jada gertatu ez baldin bada inoiz, gure poesia eta ipuinen lehiaketa eta sariketatxoen geografia estu-zabalean.

Eta hala izan ez balitz ere, denbora kontua besterik ez da, hizkuntzen arteko distantziak distantzia. Itzultzaile neuronalak gero eta sofistikatuagoak bihurtzen ari dira, eta are halakoak perfekziora iritsi baino lehenago, nahikoa izango da, Bermejok eduki zuen bezala, euskaradun on baten laguntzarekin, itzulpena biribiltzeko eta aurkezgarri –eta irabazgai– bihurtzeko. Azken finean, ez al dizkiegu pasatzen gure originalak –konfiantzazko– senide, adiskide edo irakurle bati, edo bati baino gehiagori, zuzenketak edo iradokizunak jasotzeko, edonora igorri aurretik? Izan ere, saria aski mamitsua bada, zuzentzaile-enpresa –diskretu– baten zerbitzuak kontratatzearekin nahikoa litzateke…

Literatura bultzatzeaz gain hizkuntza gutxituak sustatzea helburu duten lehiaketek nahikoa izango dute, lanak jatorrizkoak izateko eskatzeaz gain, «jatorrian X hizkuntzan idatziak» izateko klausula gehitzearekin –Palmako epaimahaiak bere erabakiari eusteko horixe argudiatu zuen, polemika piztu zenean: sariaren oinarriek soilik aditzera ematen zutela lanek jatorrizkoak eta katalanez idatzitakoak izan behar zutela, baina ez zutela katalanez idatzitako hori itzulpena izan zitekeela debekatzen…–.

Baina kontua, iruditzen zait, harago doa, zeren eta sarien arazo azken batean bazterreko hau eramaten badugu irakurketaren alor orokorragora, iritsiko da une bat, denboran agian ez horren urrunekoa, zeinetan jatorrizko hizkuntza zein den guztiz garrantzirik gabekoa izango baita, denerako izango baitugu itzulpen automatiko eta berehalakoa, Fermin Etxegoienek Totelak nobela-saiakeran iragartzen duen bezala (Erein, 2021): irakurtzen dugunerako, eta baita entzuten eta hitz egiten dugunerako ere, noski. Eta hori ez zaio bakarrik euskarari edo katalanari gertatuko, hizkuntza guztiei baizik, hala “handiei” nola gutxituei. Gero eta garrantzi txikiagoa izango du zein hizkuntzatan idazten dugun, nondik idazten dugun, zein “komunitate” konkreturentzako. Bide horretatik, agian, beteko da azkenean literatura unibertsalaren ametsa (Weltliteratur famatua, badakizue), J.W. Goethek XIX. mendearen hasieran iragarritakoaren ildotik.

Nola sustatu, testuinguru horretan, hizkuntza jakin bateko literatur sorkuntza? Berdin badio zein hizkuntzatan idazten dugun –berdin izan gaitezkeelako edonon, edonork irakurriak–, zertarako jarraitu gurearekin tematzen? Alde horretatik –eta hemen, nire ohituraren kontra, optimista agertzen saiatuko naiz–, agian hizkuntza gutxituetako literaturzaleok abantaila batzuk izango ditugu, entrenamendu handiagoa daukagulako “militantzian” eta baldintza prekarioetan aritzean, oro har. Lehiaketetako oinarrietan, behintzat, hizkuntza “nagusiek” baino lehenago izango ditugu ezarrita lanak «jatorrian X hizkuntzan» idaztera behartzen duten klausulak –ikusiko duzue zelako barreak espainolezko sari bat irabazten duenean ingelesetik, txineratik edo hindieratik itzulitako lan batek…–.

Kontua da, itzulpen automatikoaren bitartezko literatura unibertsalaren behin betiko zabaltzea ematen denerako, agian ez garela gizakiak izango, Adimen Artifizialak baizik (AAk), literatura idatziko dutenak. Eta, agian, baita irakurriko dutenak ere.

Baina hori, jakina, beste arazo bat da. Ala ez?

[Artikulu honen bertsio dezente laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2023ko otsailaren 11n. Irudia, “Goethe vor einer Büste um 1780” izenburukoa, New Yorkeko Liburutegi Publikoko bilduma digital irekietatik hartu dut, blog honetako hainbeste bezala]

Euskal literaturaren turistifikazioaz

Espero izatekoa zen: gure herriaren desindustrializazio mantso baina jarraituak, Euskal Gatazkaren alderdi disruptiboenen amaierak, eta hizkuntza ofizial guztietako albistegietan Arantza Tapiari eta euskal kostaldearen eta barrualdearen arrakasta turistikoari eskainitako gero eta tarte luzeagoek eragina izan behar zuten gure Letren garapenean. Eta, “Erasmus literaturaren” aroan –ez zena, nire manifestu zahar hartan ondo adierazi nuen bezala, belaunaldi kontu bat, estilo edo bolada bat baizik– gure idatziak turismo literarioa egitera atzerrira irten ziren modu berean, unea heldu da gure lurraldea –hitzezko– armen bitartez berrartzeko, eta euskal literatura, azkenik, Ryanair-en, Airbnb-ren eta Tripadvisor-en orbita globalean jartzeko. Egia da ez dela bereziki zaila, orain arte gure herriaz idazleok egin dugun erretratu hits eta tragikoa kontuan hartuta, batez ere Gauzari buruz ari ginelarik. Baina hemendik aurrera, badakizue, utikan goibeltasuna!

Har dezagun, esaterako, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberria (Susa, 2017), zeinak, egia esan, bere abiatze indartsu bezain ilunarekin bestela bezala hasten baita –heroinaz beteriko berunezko urteen gogora ekartze eta guzti–, eta, une batzuetan, are erasmustasunaren eremu ezagunetara garamatzan atzera, Formentera eta Bordelerako bidaldi lasterren bitartez. Baina, zorionez, amaiera aldera inolako aitzakiarik gabe erredimitzen da, Getariako portuan zeharreko bisita gidatu baten bitartez –krustazeoen haztegiei egindako kuku alegoriko eta guzti–, eta, batik bat, kaialdeko otordu erromantiko-paisajistikoarekin, Urola Kostako mankomunitatearen turismo sailaren diptiko informatibo guztietan agertzeko modukoa.

Urrats bat harago egiten du Joxean Agirreren Goldsmithen ikaslea nobelak (Elkar, 2017). Bertan, amaiera aldeko ataletako batean, narratzaileak bere literatura kurtso birtualeko irakasle eta ikaskide atzerritarrak Euskal Herrian zeharreko tour batera gonbidatzen ditu, zeinetan ez baita ezertxo ere falta: Ibaizabalen gorako Bilboboats bitartezko bisita, noren eta Joseba Zulaikaren gidaritzapean; Arantzazura irteera nahitaezkoa –Pello Zabalarenarekin, zer esanik ez–; Mugaritz jatetxean sekulako bazkaria, Adurizen beraren iruzkin erudituekin, eta errematatzeko, sagardotegira doaz dieta tradizionalago batez gozatzera, Xabi Payaren bertso eleanitzek lagunduta… Aitor dut, pasartea irakurtzean, eta egilearen obra ezagututa, une batetik bestera ironiaren eraso zoritxarrekoa noiz iritsiko zain egon nintzela, beldurrez. Baina azkenean ez zen inondik ere agertu, ziria, edo nik ez nuen sumatu ahal izan, behintzat, eta Agirreren prosa turistikoaz gozatu ahal izan nuen trabarik batere gabe.

(Bide batez, eta Aduriz hizpidera etorri dela probestuz: pixka bat kamusatu ninduen Harkaitz Canok, euskal sukaldaritzari eraso egin zionean, zeharka, “Simetria ezinezkoak” artikulu sonatuan –El Correo taldeak saritua, hain zuzen ere–, esanez “askoz ere erosoago zaigula hizkuntzarik ez duen kultura batez harrotzea”, eta, horrekin lotuta, kontuan hartu behar dela “sukaldariak gaztelaniaz lanean bihurtu direla izar, ia beti”; Rikardo Arregi poeta bezalakoek, aspalditik, euskal sukaldaritzaren metastasiaren aurka egindako kritika doilorren ildoan kokatzen zela iruditu zitzaidan. Baina ondoren gogoratu nuen euskal letretan norbaitek ahalegina egin bazuen sukaldaritzaren estatus intelektualaren alde, gure gastronomia Kultura Garai eta Ondare Materiagabe bihurtzeko alegia, horixe Cano izan zela alegia, Adurizen garai bateko plater guztiz finen inguruko ipuin haiek idatzi zituelarik, Best European Fiction prestigiotsuko 2016ko edizioan argitaratzera iritsi zirenak, zerekin eta Mugaritz jatetxeko errezetekin batera hain juxtu ere. Eta lasaiago geratu nintzen, Canoren ekarpena gure letren turistifikazioari zenbateraino eraginkorra izan zen oroituta. Are gehiago jakin ondoren aurtengo Edinburgheko Liburu Jaialdian saio literario bat egin zuela, saxofonista batekin batera, zer eta euskal sormarkako ardoen dastatze saio baten testuinguruan, guztiz arrakastatsua izan zena: txalo besterik ezin diot egin, alde horretatik).

Badaude adibide gehiago, Patxi Zubizarretaren Julien Vinsonen hegaldia nobela laburra esaterako (Alberdania, 2019), zeinaren azken orrialdeetan EAEko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren eta Communauté d’agglomération du Pays basqueren seiluak ez topatzeak harritu egin bainau, edo Erriberriko Bodegas Ochoa-ren eta Baionako Chocolat Cazenave atelierraren product placementaren aitortzarik, besteak beste. Bidenabar, gauza bera egin beharko zukeen Miel A. Elustondok Baztango Xuria ardoarekin, Kezko bola batek itoak birikak nobelaren amaieran (Txalaparta, 2019), nahiz eta, auskalo, agian horrek badauka zer ikusia ezagutzen ez dudan Euskal Herrian nobela beltza sustatzeko (H)ilbeltza Bekaren klausula sekreturen edo ez horren sekreturen batekin…

Azken horrek frogatzen du are genero beltzak –teorian– berarekin ohi dakarren iluntasun eta gizarte-kritika guztiarekin ere, prosa turistikoarentzako pausaleku egoki bihur daitekeela: Edorta Jimenezen Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua nobela ere bada, pasarte batzuetan, Urdaibai biosferaren erreserba eta haren ingurumarien ikuspegi eder-xarmangarriak erakusteko aitzakia, eta gure kostaldeko mahatsardoen eta arrainen –uler bedi, arrain arrantzatuen eta sukaldatuen– gorespen etengabea egiteko, orobat (Txalaparta, 2018; izenburuak berak badu potentzialtasun turistikorik, oraintxe ohartzen naizenez…). Tira, Dolores Redondoren Trilogía del Baztán eta Eva García Saénz de Urturiren Trilogía del Kraken gogoangarriek aski ondo erakutsi zuten zein zen bidea, alde horretatik.

Baina euskal prosa turistikoaren gailurra, orain arte, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria. Euskadi Basque Country liburuxka elelauduna izango litzateke (Eusko Jaurlaritza, 2018), gure geografia eta txokoei –fisiko zein kontzeptualei–, iragan urrun eta hurbilari, bertuteei eta –askoz ere gutxiago– keriei egindako erakunde-enkarguzko errepaso eder bezain kilikagarria, egilearen aurreko liburuetan metatutako zentzu bereko ahalegin txalogarrien epitomea –gogoan hartu, besterik ez bada, literatura aldi berean erasmustarrari eta autoturistikoari Bilbao-New York-Bilbaok eginiko ekarpen aitzindaria–. Egia da iritzi maltzurrek, Angel Errorenak bezala, galdatzen zutela, Abangoardia maite duen antzinako herria horren izenburuaren aurrean, ea ez garen gehiago “antzinakotasunaz maitemindurik dagoen herri modernoa, modernoegia agian” (Berria, 2018-IV-29). Baina ezin naiz ados egon poeta nafar madrildartuaren fede txarreko iruzkin horrekin: euskal gatazka –labur– islatzeko orduan, abilki, ETAren edozein aipamen saihestea lortzen duen lan batek, euskal literatura turistikoaren txapelduna izatea merezi du, inolako zalantzarik gabe.

 

PS.- Norbaitek aurpegiratuko dit ez dudala sartu, halako zerrenda batean egon beharko lukeen arren, Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (Elkar, 2015), zeinaren ardatz nagusia bikote misto –euskal-espainiar– baten txango turistikoa baita, Euskal Herrian zehar alegia. Eta, bai, zalantzarik gabe, Agirreren nobelak badu literatura turistikotik, baina, aldi berean, badu literatura turistiko horren ukaziotik ere, ironia kritikoaren erabileraren bitartez alegia, eta horrek eraman nau pixka bat baztertzera, eta baita pixka bat gaitzestera ere, ez baitie etorkizunez beteriko ildo literario horrek bete beharko lituzkeen baldintzei behar bezala heltzen: turismoaren industriaren garrantzia berresteari, euskal irakurleen artean, eta Euskadi-Basque Country-ren erakargarritasuna zabaltzeari, lana gaztelaniara eta munduko beste edozein hizkuntzatara itzultzen delarik.

promenade san sebastian

[Artikulu honen bertsio laburragoa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko maiatzaren 4an].