Sari instituzionalen (ohorearen) alde

Joan den urtean Nafarroako erkidegoaren kultur sari gorena, Vianako Printzearena, Dolores Redondo best-seller idazleari eman zioten; literatura alorreko Asturiasko Printzesarena, Haruki Murakami japoniarrari, ez dituena, ados, eta iritzi orokortuenaren arabera, kontsumoko liburuak ekoizten, donostiar nafartuak bezala, baina bai agian zerbait okerragoa, “nobela literarioak” alegia, Damian Tabarovsky idazle eta kritikari argentinarrak honela definitzen zituen modukoak: «ederraren eta atseginaren literatura, klabe mediatikoan egindako nobela populista anti-intelektualak. Dagoeneko ez dira best-sellerak izateko egindako eleberriak, Harold Robbins erara etab. Ez, gauza bera dira, baina altuago». Bai, badakit, beste inoiz erabili dut aipu hau, baina hain iruditzen zait adierazkorra, ezen birziklatzeko baimena aldarrikatzen baitut.

Printze eta printzesen ugaritasun gehiegizkoa alde batera utzita, 2023ko sari konkretu horiek ez zaizkit seinale onak iruditzen.

Angel Errok txio batean zioen halako gauzen aurrean hobe dugula isiltzea, ez dagoela horretaz kexatzerik «XX. mendeko argudiorik gabe». Zaharrunoak izan gabe, alegia.

Bada, beste gauza askotan bai, baina horretan ez nago bereziki ados adiskidearekin, nahiz eta ondo ulertzen dudan zer eman nahi zuen aditzera: niri oso XXI. mendekoa iruditzen zait honetaz kexatzea –alferrik izan daitekeela ondo dakidan arren…–. XX. mendean merkatuaren elefante-lan kanonizatzaileari hesiak jartzeko bazeudelako, estatua eta bere erakundeez gain –aipatu ditudanen antzeko sari instituzionalak barne, noski–, bestelako agente batzuk: akademia, nagusiki, baina baita, neurri batean, prentsa eta komunikabide tradizionaletako kritika ere, eta askotariko liburu-denden sarea, eta biblioteka publikoak, eta abar. Horiek guztiek, bakoitzak beren ahalmenen neurrian, dike-lanak egiten zituzten eskaintzaren eta eskariaren burdinazko legeak planteatzen zuen uholde homogeneizatzailearen aurrean.

XXI. mendearen hasierarako, bistan denez, defentsa-hesi horiek erortzen joan dira, bata bestearen atzetik. Duela ez hainbeste zendutako Dubravka Ugrešić handiak zioen bezala, «arbitraje estetiko-akademikoa desagertzen ari da, eta artearen teoria garrantzitsuak gaur egun hilda daude»; prentsa tradizionalaren kritika –“prentsa tradizionalaz” hitz egiten jarraitu daitekeen neurrian– interes editorialek menderatutako iruzkingintza huts bihurtu da, eskuarki; eta salmenta kate handiek kontrolatutako panoramak, gero eta argitaletxe gutxiagok kontrolatutako panorama oligopolistiko batean, uniformizatu du garai bateko liburu-denda txikiagoen eta “artesanalagoen” multzoak, xumeki, egin zezakeen galbahe lan oro. Ondorioa nahiko garbi azaltzen zuen Julio Llamazares-ek duela ez hainbeste egin zioten elkarrizketa batean: «Nik uste dut idazleak irratiak bezalakoak garela: frekuentzia batean emititzen dugu. Orduan, zuk FMn emititzen baduzu, Frekuentzia Modulatuko irakurleek erantzuten dizute. Uhin Ertainean idazten baduzu, Uhin Ertaineko irakurleek erantzungo dizute. (…) Baina gustatuko litzaidake literaturaren errebindikazio bat egotea, arinkeriaz bete delako, hainbeste komertzializatu delako ezen, azkenean, badirudi arrakasta komertzialak kalitate literarioa baldintzatzen duela».

Estatua besterik ez zen gelditzen, kanon jakin –eta, zer esanik ez, eztabaidagarri– batzuez hornitutako bere hezkuntza-programekin, eta bere maila diferenteetako sariekin –goian aipatutakoekin eta antzekoekin, alegia–, merkatuaren mareari aurre egiteko: Iris Murdoch nobelagile eta filosofo britainiarrak «arte handia» deitzen zuenaren praktikatzaile gaixoentzat nolabaiteko kontsolazio-saritzat har daitezkeen sari horiek hain justu –«arte onak, estiloa edozein dela ere», zioen Murdochek, «sendotasun, irmotasun, errealismo, argitasun, askapen, justizia eta egia ezaugarriak ditu. Irudimen aske baten lana da, trabarik eta ustelkeriarik gabea. Eta arte gaiztoa, berriz, esklabo bihurtutako fantasia baten obra nagi eta desordenatua da»: merkatuak hainbestetan saritzen duen horixe, gehituko nuke–. Egile hipersaltzaileei, ordea, ez zaie nahikoa, bistan denez, merkatuaren onespen masiboarekin: den-dena nahi dute, baita orain arte eskuraezinago izan duten aitortza instituzional horixe barne.

(Norbaitek zalantzak balitu Dolores Redondoren liburuen kokapenari buruz, balizko klasifikazio horren barruan, nik uste dut badaudela bi froga argi, Vianako Printzea sariarekin lotutakoak: alde batetik, Javier Azanzak, Redondoren sariaren aldeko txostengileak, apenas erabili zuela argudio literariorik hautagaitza defendatzeko –denak egon ziren lotuago, positiboki noski, merkatu- eta kantitate-irizpide hutsez harago, Nafarroaren identitatearen, kulturaren, ondarearen eta are turismoaren kontuekin, irizpide literarioez nik ulertzen ditudanarekin baino–. Eta, bestetik, Redondok berak saria jasotzean emandako hitzaldia, zeinaren ardatz nagusian adimen artifizialak “literaturarentzako” izango dituen ondorio guztiz beldurgarriak kokatu baitzituen, normala iruditzen zaidana, ze egia izaki agian literatura mota guztiak, “gorena” nola “kontsumozkoa”, “arriskuan” jartzera iritsi daitekeela AAren garapena, argi dago eroriko den lehenengo lerroa, bataila apokaliptiko horretan, “formulazko” literaturarena izango dela, hori delako AAk lehenengo eta hobeto erreproduzitzen/biderkatzen ikasiko duena, bere natura hutsagatik: badelako, honezkero, prozesu ia mekanizatu/industrializatu bat, berez).

Ez ezazue pentsa horrek guztiak estatuarekiko nire –garai bateko– konfiantza baldintza gabekoa islatzen duenik: ondotxo dakit administrazioko edozein mailatako erakundeak idazle bati sari bat ematen dionean, bere burua saritzen ari dela, nagusiki, idazle horren edo haren lanaren prestigioaz baliatzen ari dela, edo saiatzen dela behintzat, horrela, zuribide gisa, kulturari laguntza ematen diola erakusten duelarik. Eta, bestalde, konbentzituta nago, esaterako, estatuak oinarrizko errenta unibertsal on bat ordainduko balu eta, ondorioz, jendea literaturgintzan –eta bestelako disziplina artistikoen ekoizpenean– merkatu kapitalistak ezarritako eragozpenez libre aritu ahal izango balitz, askoz ere lan eraginkorragoa egingo lukeela zentzu horretan.

Baina, hori gertatzen ez den bitartean, prest nengoen kontraesanez beteriko eta intentsitate baxuko estatuaren hesi-rol hori –neurri batean– defendatzeko. Sarien alorrean, adibidez. Argi dago, ordea, gauzak aldatzen ari direla, prestigioa zerk ematen duen: estatuak berak bere buruarentzako zer “sari” mota eskuratu nahi duen gero eta gehiago kolonizatzen ari da merkatua. Azken finean, badu azalpen historiko bat: XX. mendearen amaieran abiatutako logika neoliberalen deribatu bat izango litzateke. Eta populismo mota baten zabalkuntzarena ere, imajinatzen dut. Baldin eta kontu biak txanpon beraren aldeak ez badira, noski.

Seinale txarra da, edonola ere. (Beste) Kanario bat ikatz-meatokian.

Edonola ere: alde horretatik gerta daitezkeen atzerapauso redondotar eta murakamizale guztien aurrean protesta egiten jarraitzeko prest nengoen, eta nago, erretxin. Baita, eta batik bat, XXI. mende honetan ere. Ez, ez dut uste, Angel Errok zioen bezala, halako zerbait kritikatzea “XX. mendekoegia” denik. Kartsuki garaikidea iruditzen zait oraindik ere.

[Artikulu honen bertsio laburragoak Ortzadar gehigarrian eman
ziren argitara, bi zatitan, 2023ko uztailaren 1ean eta 29an, hurrrenez hurren. Ikatz meatokiaren argazkia, ohi bezala, baimen eta berme guztiekin atera dut New Yorkeko Liburutegi Publikoaren bilduma digitaletatik]

Luzioren antza

[Duela hilabete batzuk, covidaldiaren dezente aurretik, beheko testuan kontatzen dudana jakin nuenean, Volgako Batelariak aldizkarian behin baino gehiagotan erabili genuen elkarrizketa pseudoplatonikoaren eredua dorpeki birziklatu eta honako honen lehenengo bertsioa idatzi nuen. Argitaratzeko ordua iritsi zenean, atzera egin –bertan azaltzen diren arrazoiengatik–, eta testua berrogeialdian uztea erabaki nuen –“berrogeialdian”, to/ño ironia erretroaktiboa–. Orain, Hegats aldizkariaren zenbaki hura oso aspaldi aurkeztu zelarik, eta, ondorioz, honek ezertarako balio ez duenez, blogean ere argitara emateko erabakia hartu dut, aldaketa batzuekin, beti bezala].

Zigor.- Luzio! Zenbat denbora! Baina, zer egiten duzu hemen? Ez zintudan halako leku batean irudikatzen…

Luzio.- Zelako sorpresa, Zigor. Gaur apenas izan naiz gai ezer sabeleratzeko, baina azkenean, badakizu, gorputzak bere eskaerak inposatzen ditu, eta, kartela ikusi, eta entsalada bat jatera sar nintekeela otu zait…

Z.- Entsalada bat? Ez zinen beganoa egingo baina… Ondo gogoratzen zaitut sekulako txistorra bokadiloak irensten, garai batean, eta baita tripakiak ere, saltsa bizkaitarrarekin, oker ez banago…

L.- Beganoa ez, baina bai begetarianoa; beganoa izateak koherenteegia izatera behartuko ninduke, ziurrenik, eta, ondorioz, oilaskoak eta oiloak eta abar amnistiatzen jardutera. Hori bai, hala egitekotan, agian ez nintzatekeen hasiko Errekaleorrekoetatik, baizik eta Grupo Sada edo Explotaciones Agropecuarias Sakana SL-koetatik, edo Pollos Oikina-koetatik, adibidez.

Z.- Badakit zertaz ari zaren. Baina, neurri batean, eta beganismotik edo animalien askapenaren aldeko mugimendutik oso urrun sentitzen naizen arren, esango nuke baduela zentzua, ezta? Errekaleorren gertatutakoak, diot. Hurbilen sentitzen zutenari kritika egin nahi izan diote, akaso, ekintza horrekin, ez duzu uste? “Etxekoa” jartzea auzitan, kanpokora jo aurretik…

L.- Ez dakit, Zigor, agian hala izango da. Baina ni, horixe, begetarianoa naiz soilik. Batzuetan pixka bat flexi, egia esan. Baina aurrerapauso etikoak emateko prest beti.

Z.- Edonola ere, Luzio, lekuz nahastu zarela uste dut, hau gin-tonicetan espezializatutako taberna baituzu, eta ez nolanahikoetan… Kanpoko afixa, izan ere, ez da…

L.- Hara. Ba eskatu egidazu gin-tonic bat orduan, inporta ez bazaizu. Faunarik gabeko flora gehien daramana, mesedez. Total…

Z.- Amorratuta dirudizu, eta ez da hori nik gogoan dudan aspaldiko Luzioren umorea, preseski…

L.- Agian ez naizelako Luzio; ez aspaldiko Luzio hura behintzat, Zigor maitea. Baina ez nago haserre. Haserre baino, goibel nago. Triste samar.

Z.- Zer dela eta?

L.- Ez dakit jakin duzun nori eman dioten Euskal Idazleen Elkarteko Hegats aldizkariaren hurrengo zenbakiaren zuzendaritzaren ardura.

Z.- Mikel Antzari, ezta?

L.- Eta ez zaizu deigarria egiten?

Z.- Deigarri egin beharko litzaidake? Idazle bat da, EIEn izena emanda dauden beste dozenaka idazle bezala.

L.- Hain zuzen ere: ez al zaizkizu maila bereko edo garaiagoko dozenaka eta dozenaka beste izen bururatzen halako ardura ikusgarri bat eskaintzeko?

Z.- Konparazioak gorrotagarriak dira.

L.- Baina etengabe egiten ditugu kulturaren arloan.

Z.- Adostasun batera iritsi gabe sekula.

L.- Hala da gehienetan, salbu eta kanonaren erpinean kokatutako izen ukiezin batzuen kasuan, eta behin-behinean ia beti. Baina ez dut uste Antza horien artean dagoenik. Egia da bere prosazko lanek badituztela aldekoak; tartean Harkaitz Cano eta Beñat Sarasola bezain ilustreak. Baina baita gaitzesleak ere, ikuspuntu literario batetik kritikatu dutenak; izan ere, oraintxe bertan bere Atzerri argitaratu dute gaztelaniaz, huts egindako nobela bat, zalantza asko sortzen dizkidana bere mailari dagokionez.

Z.- Bai, Zazpikan itzulpenaren kontura atera dioten elkarrizketa irakurri dut duela gutxi. Ona, ezta?

L.- Galderak bai, behintzat: onak eta ausartak; hori aitortu behar zaio kazetariari. Erantzunetan, ordea, ihesaren maisu bat izaten jarraitzen duela erakusten du Antzak: autofikzioaren erabilera justifikatzeko argudiatzen duenak ez dauka hanka ez bururik. Eta «egiarik ez dagoela» dionean, ufa, harrapa ezazu.

Z.- Ni nahiko ados nago berarekin aurrera begiratu behar dela aldarrikatzen duenean, eta ez atzera.

L.- Ja. Baina, orduan, zer egiten dugu arroiletan dauden Gerra Zibileko fusilatuekin: Aranzadik indusketak egiten jarraitzeari uko egin beharko lioke? Eta zer Martín Villaren kontrako kereilarekin, bertan behera utzi? Horiek ere baztertu behar ditugu, «iragandakoa gainditu eta aurrera begira jartzeko»? Ezin da gauza batzuetarako memoria historikoa eskatu, eta beste batzuentzat, hurbilagokoentzat gainera, ez. Edonola ere, eta Antzaren produkzioaren kontuarekin jarraituz, eta Atzerri alde batera lagata, gehituko nuke, Ametsak ere zain bere poema liburuari dagokionean, poesia zale on bati baino gehiagori entzun diodala argudiatzen argitaletxeak ez zukeela inoiz halako mailako lanik publikatuko, sinatzen zuenak sinatuta iritsi izan ez balitz.

Z.- Zer iradokitzen ari zara hori guztiarekin, Hegats zuzentzeko ardura eman badiote ez dela bere literatur jardueraren kalitateagatik izan, beste zerbaitegatik baizik?

L.- Zuk zeuk esan duzu.

Z.- Martuteneko kartzelako ihesaldiko ekintzagatik?

L.- Horregatik da batez ere zirkulu batzuetan oroitua, noski. Ez zaizkio hainbeste gogoratzen, ordea, erakundearen bere balizko ardura politikopean gertatutako beste batzuk, Miguel Ángel Blanco, Ernest Lluch edo José Luis López de Lacalleren hilketak bezalakoak. Besteak beste. Eta bururatzen zait, aipatu duzun elkarrizketan Antzak berak zioen bezala, ez badago egiarik, dena bada fikzioa: fikzio bati erantzuteko hil egiten zuten, hain zuzen? Ze orduan agian sonetoak idatzi beharko zituzketen, ez jendea benetan erail, lagun batek esaten zidan bezala…

Z.- Bale, bale. Baina ez al zara injustua izaten ari? Azken batean, kitatu egin du, eta soberan, gizartearekiko zeukan zorra, ez duzu uste? Zer egin behar du, sator-zulo batean ezkutatu, ala? Bizian lurperatu? Ez al zinen zu, bestalde, esaten zidana, aurreko batean, egilea eta pertsona desberdindu behar direla?

L.- Eta, zuk, ezin zenuela berdin ikusi jada Woody Allenen film bat, jakin dena jakin ondoren?

Z.- Ez atera nire hitzak testuingurutik, Luzio: gizon nagusien eta neska gazteen arteko “harremanen” gaia ukitzen zuten filmen kasuez ari nintzen, espezifikoki. Ez nintzen orokorrean ari, baizik ezin nituela berdin ikusi Manhattan edo Irrational Man bezalako pelikulak, adibidez…

L.- Eta bere itzulera literarioaren osteko Antzaren lan guztiak zertaz ari dira, ez bada hizpide dugun euskal gatazkaz eta bere ondorioez…? Ergo

Z.- Edonola ere, Luzio, bera izan zen, itxura guztien arabera, ETAren desmobilizaziora eramango zuen planaren bultzatzaileetako bat…

L.- Litekeena da, baina, gorpuztu bide zuena gorpuztu ondoren, hots, ETAren buruzagitza politikoa erakundearen ekintzen gizarte-hedakuntzaren garaian, batzuek “minaren sozializazioarena” gisa izendatuan, hausnarketa kritiko bat agian ez, baina nik eskertuko niokeen profil baxuagoaren hautua egin izan balu espetxetik atera ostean. Baina hori desio, itxaropen pertsonal txatxu bat besterik ez da, aipatu poemategiak argi uzten baitzuen ez zela hori hartu asmo zuen ildoa. Eta guztiz zilegi da, bere aldetik. Kezkatzen nauena da EIE bezalako erakunde batetik egiten zaion aitortza, enkargu hori emanda.

Z.- Tira, Luzio, ez zaitez estupendo jarri, ondo baitakit aspaldi ez zarela EIEko kide: zer axola dizu horrek?

L.- Ez da hori kuestioa: onura publikoko erakunde bat da EIE, bere bazkideen kuotetatik ez ezik, guztion dirutik elikatzen dena –ondo deritzodan, eta askotan interes handikoak begitantzen zaizkidan ekintzak eta programak aurrera eramateko, esan dezadan bidenabar–. Edonola ere, zer irudituko litzaizuke, nik zer dakit, Asociación Colegial de Escritores de Españak bere aldizkariaren eduki-ediziorako Rafael Vera hautatuko balu arduradun? Bai, Segurtasun Estatu Idazkaria izan zena GALen garaian. Ez al zinatekeen asaldatuko?

Z.- Ez absurdoraino txikitu kontua, Luzio.

L.- Ez naiz egiten ari: Vera nobela baten egilea da, El padre de Caín, Telecincoko telesail bihurtu zutena, alajaina. Euskaraz idatziko balu, nahikoa eta sobera Euskal Idazleen Elkarteak bazkide gisa onartzeko…

Z.- Baina ez ezazu konparatu…

L.- Ez al zara zu esan duzuna, lehenago, maila literarioen eztabaidan ez dagoela sekula adostasun batera iristerik, Zigor?

Z.- Bai, baina desberdintasun handi bat dago: Antzak kultur munduan lekua eginda zuen ETAn hasi zenerako, eta Vera estatu terrorismoa praktikatu ondoren bihurtu zen idazle. Idazle-edo.

L.- Faktoreen ordenak ez du emaitza aldatzen.

Z.- Kasu honetan nik uste dut baietz.

L.- Edonola ere, susmatzen dut Espainian nekez gertatuko litzatekeela Verari horrelako ardura bat ematea: bere aldekoak izango ditu, eta ez nolanahikoak. Baina ez dut uste idazleen elkarte batek horrelako enkargua emango liokeenik sekula. Hemen nahiko normalizatuta daukagu, ordea.

Z.- Seguru zaude espainolek ez luketela halakorik egingo? Ba nik oso kapaz ikusten ditut. Ez dakit zurea optimismoa den, edo inozokeria hutsa.

L.- Touché. Baina zalaparta sortuko litzateke, sektore batzuen aldetik sikiera. Hemen, ordea, isiltasuna izan da nagusi.

Z.- Bueno, Telecincok telesaila egin eta ordainduko zion. Eta inork ez zuen protestatu, Espainian. Bueno, lau katuk, beti bezala.

L.- Ez da gauza bera, baina beinke. Edonola ere, hura gaizki dagoela pentsatzen badugu, hau ere bai, ezta? Gainera, hau gure kontua da: honetaz guri dagokigu eztabaidatzea, edo, gutxienez, zalantzan jartzea. Nola esan duzu lehenago? “Etxekoa” jarri behar dela auzitan, ezta?, kanpokoa kritikatu aitzin…

Z.- Bueno, bueno, ez esan tontakeriarik, Luzio. Nekez aurkituko duzu munduan espainolek beren estatu terrorismoarekin erabili dutena baino inpunitate handiagorik.

L.- Ez dut ukatuko. Baina nik esan nahi dudana da halako erabaki batek, gurean, eztabaida sortu beharko lukeela, gutxienez.

Z.- Zergatik? Haien kontua da, azken finean: euskal idazleena. Elkartean izena emanda daudenena…

L.- Eta egon, badago haien artean eztabaida. Baina itxia, zirkulu txikietan. Isila, ohi bezala. Idazle batzuek, bederen, uko egin diote aldizkariaren zenbaki horretan kolaboratzeari…

Z.- Ikusten?

L.- Baina eztabaida mota horrek ez ditu afaltegien muga estuak gainditzen. Eta, edozein modutan ere, eztabaida, iradoki dizudan bezala, oinarrian daukan gizartearena ere izan beharko litzateke. Euskararen gizartearena.

Z.- Agian ez dagoelako eztabaidarik, zu bezalako lau nahigabetuen artean izan ezik.

L.- Bai, agian. Behin batean Mikel Antzak, egin dizkioten elkarrizketetako batean, honako hau erantzuten zuen, kazetariaren entresakaren arabera: «Nirekiko deserosotasun handiagoa nabari dut politika arloan, kulturan baino. Neu ere deserosoago nago hor» (Berria, 2020ko martxoaren 15a, 21. orr). Nik, alderantziz, eta agian xaloki, nahiago nuke oraingo politika munduan pixka bat erosoago egongo balitz, eta kultur munduan gutxienez eragozpentxo batzuk nabarituko balitu. Batzuon aldetik, behintzat.

Z.- Ez zara pentsatzen ariko aferaz artikulu bat idaztea, ezta?

L.- Ez dakit oraindik.

Z.- Zuk uste duzu artikulu batek deserosoago sentiaraziko lukeela?

L.- Ez dit hainbeste axola berak pentsa dezakeenak, euskararen gizartean eztabaida eragiteko izan dezakeen ahalmenak baizik. Edo ahalmen ezak. Alde batera utzita gizarte horren mugetatik ateraz gero aferak izan ditzakeen oihartzun ilunak.

Z.- Zer esan nahi duzu?

L.- Suertea daukagula Aramburu, Savater eta enparauak horren alferrak izateagatik, euskara ez jakiteagatik, eta euskararen munduari kasu zipitzik ez egiteagatik.

Z.- Hain zuzen: ohartzen zara horretaz idatzita justu kontrakoa lor dezakezula, kontuaren gainean gehiegizko atentzioa erakartzea? Eta zertan lagun gaitzake horrek, gizarte bezala, aurrera egiten? COVITE eta Trifatxitokoak orroka hastea nahi duzu, kontua haien simaur-alorrera eraman dezaten?

L.- Beraz, isilik egon behar dugu “herriaren” etsaiek abantaila atera ez dezaten? Ez al zen egia iraultzailea? Ez al da egia, Agamenonek esan ala haren txerrizainak esan?

Z.- Euskararen eta euskal kulturaren galbidea baino nahi ez duten horiei argudio gehiago ematea gaizki iruditzen zaidala baino ez naiz esaten ari.

L.- Ez dakit ba. Gainera, beldur bat daukat, ez ote den Hegatseko kontu honengatik egindako hau bezalako edozein kritika “erasotzat” joko, “zentsura-ahalegintzat”-edo, asmoa hori ez bada ere, ezinegona agertzea baizik. Angel Errok bere Lerro etena lanean dioen bezala, batzuek gatazkaren literaturari egotzi nahiko lioketen nolabaiteko zaharkitzapen programatuari buruz: «Zeinen  azkar joan nahi dugun. Erredentzioa eskainiko digun literaturarantz. Guapoak ateratzen ez garen argazkiak izaten dira errazenik zaharkitutzat jotzen ditugunak». Zalantza asko ditut, baiki, eta oraindik ez dut erabaki zer egingo dudan, artikulu hori idatzi ala ez. Eta, idaztekotan, ez dakit argitaratuko nukeen. Bakarrik dakit deseroso sentiarazten nauela honek guztiak, eta horregatik nagoela nagoen bezala.

Tira, bitartean, eskatuko al zenioke, faborez, tabernariari sardexka bat? Nire gin-tonicarentzako da, noski, zertarako bestela…?

[Artikulu honen bertsio bat Galde aldizkariaren 28. zenbakian argitaratu zen, 2020ko udaberrian]

Politikarien irakurgaiak

Aitor dut: udan Arnaldo Otegiren Twitter kontua stalkeatzen aritu nintzen ea, pasa den urtean bezala, 2020koan ere oporretara eramandako liburuen zerrenda argitaratzen zuen. Nire poza putzura: ez dakit Otegik oporrik hartu zuen, kurtso politiko-covidiko bitxi honen ondorioz, ala bere community managerrak halakorik ez egiteko aholkatu zion, aurreko urteko polemika aintzat hartuta, baina kontua da ezker abertzaleko politikariak ez zuela txintik aipatu abuztuan irakurtzeko asmo zituen liburuez. Pena.

«Polemika» esan dut, baina polemikatxoa ipini beharko nuke, egiazki, halakoak baitira, ez gaitezen engaina, euskararen mundu bazterrekoari eragiten diotenak. Agian gogoratuko duzue: paisai udatiar ederrez hornitutako argazki batzuen ondoren («Egun batzutako atsedena hartzen. #Oporrak» goiburuaren pean), Otegik berarekin eramandako liburuen irudiak txiokatu zituen: John Steinbeck-en Los vagabundos de la cosecha, Jack London-en Once cuentos de Klondike, Ryszard Kapuściński-ren Ébano, Christophe Guilluy-ren No society. El fin de la clase media occidental, eta, propinarako, Yuval Noah Harari-ren Sapiens. De animales a dioses. Nik, hura ikustean, zera pentsatu nuen, ezker abertzale ofizialak, halako gihar literario oro har progrearen erakustaldiarekin, tinko jarraitzen zuela Elkarrekin Podemos aldera garai batean joandako botoen xerkan. Baina ni bezain azalekoak ez diren twitterlariak berehala hasi ziren salatzen euskarazko irakurgaien falta, zerrendan, eta beste batzuek baita emakumezko egileenak ere, eta zenbait gomendio egiten, Otegik aintzat hartu ote zituen ez dakigunak, txio haiei ez zielako, tamalez, erantzunik eman; are Angel Erroren zutabe bikain horietako baterako oinarria eman zuen eztabaidak, udako irakurketen naturaren inguruan. Horregatik guztiagatik hartu nuen atsekabez aurten Otegik zerrendatxoa egin ez izanak, beti geratuko baitzait zalantza ea euskal txioherriaren aldarriari jaramon egingo zion ala ez.

Politikarien harremana liburuekin beti iruditu zait gai delikatua. Tira, edonorentzat da delikatua, pribatutasunaren alderdi oso intimo batekin –agian barnekoenarekin– lotuta dagoen neurrian (ikusi, besterik ez bada, Gonzalo Torné-ren artikulu esanguratsu hau gure biblioteka pertsonalek errebelatzen dutenaz). Horregatik susmoa dut arriskugarria dela politikariei liburuei buruz galdetzea, irakurri dituztenei edo gomendatuko lituzketenei buruz, eta halakoez enteratzen naizenean jakin-min kuxkuxeroaren eta lotsaren arteko sentimendu batekin egiten diet aurre. Gainera, salbu eta libururik irakurri ez dutela edo gogoratzen ez direla onartzen dutenean, sekula ez dakit ematen dituzten erantzunak zinezkoak diren, ala «prestatuak», lehia politikorako beste tresna bat bezala alegia –ondo pentsatuta, libururik ez irakurtzearen ingurukoak ere prestatuak izan daitezke, agian, politikari batzuek ez dituztelako hautesleak izutu nahi jarrera intelektualegiekin…–.

Halako azkeneko saioa, nik dakidala, Berria egunkariak burutu zuen 2020ko uztaileko EAEko Parlamenturako hauteskundeen karietarat, lehendakarirako hautagai nagusi ia guztiekin –Iturgaizek, azeri, uko egin zion elkarrizketari–. Eta oso esanguratsua iruditu zitzaidan: irakurritako azken liburuaz galdetzen zieten, besteak beste, eta euskarazko libururik aipatzen ez bazuten lehenengoan, euskarazko azkenekoaz ere. PSE-EEko Idoia Mendia izan zen agian egiatiena, edo kontua behintzat prestatu gabeen zekarrena, ez zelako gogoratzen ez bataz ez besteaz –ezta ikusitako azken antzezlanaren izenburuaz ere–: halako erantzunak, onartu behar da, ez dira oso egokiak liburuzaleon botoak erakartzeko, baina, ez gaitezen engaina, maila makro batean apenas egin diezaiokete min, estatistikoki, hautagai bati. Equo-Berdeen buru Jose Ramon Becerrak, ordea, beita ezin zukutsuagoa bota zien ni bezalako intelektualoideei (George Steiner-en La idea de Europa, alajaina), baina, ai, “aspaldian ez” zuen euskaraz ezer irakurri… Zalantza daukat, dena den, lortu zituen emaitza kaskarretan eragina izango zuen horrek.

Miren Gorrotxategi eta Maddalen Iriarte espero bezala portatu ziren irakurleria euskalduna duen Berria bezalako egunkariaren galderaren aurrean, eta hizkuntza horretako liburuak aipatu zituzten galderen bigarren txandari itxaron gabe. Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak Karmele Jaioren Aitaren etxea, oso aukera mesokratiko, komertzial eta egokia, gaurkotasun handiko gaia ukitzen duelako –genero arrakalarena– eta egileak espektro zabal batean daukalako harrera ona, EAJren zentro-eskuinetik ezker abertzalearen muturreraino eta harago. Eta, Iriartek, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen immigrazio afrikar garaikidearen inguruko Miñan zirraragarria, berriz ere, agian, EH Bilduren sentsibilitate sozial aurrerakoiaren erakusgarri. Biek ala biek ondo –abileziaz– jokatu zutela iruditu zitzaidan.

Edonola ere, Iñigo Urkulluren erantzunak izan ziren niretzat interesgarrienak. Galderari erdarazko izenburu batekin erantzun zion, lehenik eta behin: irakurritako azken liburua Eva Garcia Sainz de Urturiren Trilogía de la ciudad blanca izan omen zen, hots, bestsellerismoaren alorreko thriller gasteiztar bat, kalitate literarioaren aldetik erdipurditasunaren mailaren azpitik dagoena, baina ikaragarri saldu dena eta, ondorioz, boto-emaile askoren identifikazioa ekar ziezaiokeena –berriz ere, horrek garrantziaren bat baleuka– (*). Eta, neurri batean, uler daitekeena Gasteizko hiritarrekiko berradiskidetze keinu gisa, haietako ez gutxik haserre samar jarraitzen dutelako lehendakariarekin Ajuria Enea bizitokitzat arbuiatu eta Durangora itzuli zenetik bizitzera familiarekin –eta ertzain gaixo hark tirokatutako Atx pitbullarekin–.

Euskarazkoari buruzko bigarren galderari, ordea, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria saiakeratxoa aipatuz erantzun zion. Ondarrutarrak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz burutu zuen, aditzera emango lukeena Urkulluk ez duela euskarazko liburu bat irakurri 2018tik (!), Uribek urte hartako apirilean aurkeztu egin baitzuen proiektu semi-propagandistiko hura lehendakariarekin berarekin batera. Hori, baldin eta lehendakaria, Borgesi jarraituz –«Ni gehiago saiatu naiz berrirakurtzen irakurtzen baino; uste dut berrirakurtzea irakurtzea baino garrantzitsuagoa dela, berrirakurtzeko lehenago irakurri behar izan dela alde batera utzita»–, berrirakurketaren bertuteen defendatzailea ez bada, noski: dena da posible.

Edozein modutan ere, nik dakidala, erantzun horrekin ez zen sortu ezta Otegiren txioek eragindako mikro-zalaparta ere. Oso justua iruditzen ez zaidan zerbait, baina berresten duena, zinez, liburuak (euskaraz) irakurtzeak zein garrantzi gutxi daukan, egun, gizartearentzat. Gurearentzat, bederen (**).

(*) Identifikazio handiagoa, edonola ere, William Faulknerren Basa palmondoak nobelak baino, susmatzen dut, hura baitzen, garai batean behintzat, Urkulluk gomendatzen zuen liburu kutuna. Oso kategoria literario ezberdinekoa, zalantzarik gabe, Kraken-aren krimenen inguruko thriller eskasarekin alderatuta…

(**) Ikusiko duzue nola, kontrastean, Patria irakurri ez izanaren aitorpenak bai ekarriko dizkion ondoreak lehendakariari…

[Artikulu honen bertsio dezente laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko irailaren 19an. Aurrekoak ez bezala, honako hau ezin izan dut topatu sarean, orain arte bederen].

Euskal literaturaren turistifikazioaz

Espero izatekoa zen: gure herriaren desindustrializazio mantso baina jarraituak, Euskal Gatazkaren alderdi disruptiboenen amaierak, eta hizkuntza ofizial guztietako albistegietan Arantza Tapiari eta euskal kostaldearen eta barrualdearen arrakasta turistikoari eskainitako gero eta tarte luzeagoek eragina izan behar zuten gure Letren garapenean. Eta, “Erasmus literaturaren” aroan –ez zena, nire manifestu zahar hartan ondo adierazi nuen bezala, belaunaldi kontu bat, estilo edo bolada bat baizik– gure idatziak turismo literarioa egitera atzerrira irten ziren modu berean, unea heldu da gure lurraldea –hitzezko– armen bitartez berrartzeko, eta euskal literatura, azkenik, Ryanair-en, Airbnb-ren eta Tripadvisor-en orbita globalean jartzeko. Egia da ez dela bereziki zaila, orain arte gure herriaz idazleok egin dugun erretratu hits eta tragikoa kontuan hartuta, batez ere Gauzari buruz ari ginelarik. Baina hemendik aurrera, badakizue, utikan goibeltasuna!

Har dezagun, esaterako, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberria (Susa, 2017), zeinak, egia esan, bere abiatze indartsu bezain ilunarekin bestela bezala hasten baita –heroinaz beteriko berunezko urteen gogora ekartze eta guzti–, eta, une batzuetan, are erasmustasunaren eremu ezagunetara garamatzan atzera, Formentera eta Bordelerako bidaldi lasterren bitartez. Baina, zorionez, amaiera aldera inolako aitzakiarik gabe erredimitzen da, Getariako portuan zeharreko bisita gidatu baten bitartez –krustazeoen haztegiei egindako kuku alegoriko eta guzti–, eta, batik bat, kaialdeko otordu erromantiko-paisajistikoarekin, Urola Kostako mankomunitatearen turismo sailaren diptiko informatibo guztietan agertzeko modukoa.

Urrats bat harago egiten du Joxean Agirreren Goldsmithen ikaslea nobelak (Elkar, 2017). Bertan, amaiera aldeko ataletako batean, narratzaileak bere literatura kurtso birtualeko irakasle eta ikaskide atzerritarrak Euskal Herrian zeharreko tour batera gonbidatzen ditu, zeinetan ez baita ezertxo ere falta: Ibaizabalen gorako Bilboboats bitartezko bisita, noren eta Joseba Zulaikaren gidaritzapean; Arantzazura irteera nahitaezkoa –Pello Zabalarenarekin, zer esanik ez–; Mugaritz jatetxean sekulako bazkaria, Adurizen beraren iruzkin erudituekin, eta errematatzeko, sagardotegira doaz dieta tradizionalago batez gozatzera, Xabi Payaren bertso eleanitzek lagunduta… Aitor dut, pasartea irakurtzean, eta egilearen obra ezagututa, une batetik bestera ironiaren eraso zoritxarrekoa noiz iritsiko zain egon nintzela, beldurrez. Baina azkenean ez zen inondik ere agertu, ziria, edo nik ez nuen sumatu ahal izan, behintzat, eta Agirreren prosa turistikoaz gozatu ahal izan nuen trabarik batere gabe.

(Bide batez, eta Aduriz hizpidera etorri dela probestuz: pixka bat kamusatu ninduen Harkaitz Canok, euskal sukaldaritzari eraso egin zionean, zeharka, “Simetria ezinezkoak” artikulu sonatuan –El Correo taldeak saritua, hain zuzen ere–, esanez “askoz ere erosoago zaigula hizkuntzarik ez duen kultura batez harrotzea”, eta, horrekin lotuta, kontuan hartu behar dela “sukaldariak gaztelaniaz lanean bihurtu direla izar, ia beti”; Rikardo Arregi poeta bezalakoek, aspalditik, euskal sukaldaritzaren metastasiaren aurka egindako kritika doilorren ildoan kokatzen zela iruditu zitzaidan. Baina ondoren gogoratu nuen euskal letretan norbaitek ahalegina egin bazuen sukaldaritzaren estatus intelektualaren alde, gure gastronomia Kultura Garai eta Ondare Materiagabe bihurtzeko alegia, horixe Cano izan zela alegia, Adurizen garai bateko plater guztiz finen inguruko ipuin haiek idatzi zituelarik, Best European Fiction prestigiotsuko 2016ko edizioan argitaratzera iritsi zirenak, zerekin eta Mugaritz jatetxeko errezetekin batera hain juxtu ere. Eta lasaiago geratu nintzen, Canoren ekarpena gure letren turistifikazioari zenbateraino eraginkorra izan zen oroituta. Are gehiago jakin ondoren aurtengo Edinburgheko Liburu Jaialdian saio literario bat egin zuela, saxofonista batekin batera, zer eta euskal sormarkako ardoen dastatze saio baten testuinguruan, guztiz arrakastatsua izan zena: txalo besterik ezin diot egin, alde horretatik).

Badaude adibide gehiago, Patxi Zubizarretaren Julien Vinsonen hegaldia nobela laburra esaterako (Alberdania, 2019), zeinaren azken orrialdeetan EAEko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren eta Communauté d’agglomération du Pays basqueren seiluak ez topatzeak harritu egin bainau, edo Erriberriko Bodegas Ochoa-ren eta Baionako Chocolat Cazenave atelierraren product placementaren aitortzarik, besteak beste. Bidenabar, gauza bera egin beharko zukeen Miel A. Elustondok Baztango Xuria ardoarekin, Kezko bola batek itoak birikak nobelaren amaieran (Txalaparta, 2019), nahiz eta, auskalo, agian horrek badauka zer ikusia ezagutzen ez dudan Euskal Herrian nobela beltza sustatzeko (H)ilbeltza Bekaren klausula sekreturen edo ez horren sekreturen batekin…

Azken horrek frogatzen du are genero beltzak –teorian– berarekin ohi dakarren iluntasun eta gizarte-kritika guztiarekin ere, prosa turistikoarentzako pausaleku egoki bihur daitekeela: Edorta Jimenezen Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua nobela ere bada, pasarte batzuetan, Urdaibai biosferaren erreserba eta haren ingurumarien ikuspegi eder-xarmangarriak erakusteko aitzakia, eta gure kostaldeko mahatsardoen eta arrainen –uler bedi, arrain arrantzatuen eta sukaldatuen– gorespen etengabea egiteko, orobat (Txalaparta, 2018; izenburuak berak badu potentzialtasun turistikorik, oraintxe ohartzen naizenez…). Tira, Dolores Redondoren Trilogía del Baztán eta Eva García Saénz de Urturiren Trilogía del Kraken gogoangarriek aski ondo erakutsi zuten zein zen bidea, alde horretatik.

Baina euskal prosa turistikoaren gailurra, orain arte, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria. Euskadi Basque Country liburuxka elelauduna izango litzateke (Eusko Jaurlaritza, 2018), gure geografia eta txokoei –fisiko zein kontzeptualei–, iragan urrun eta hurbilari, bertuteei eta –askoz ere gutxiago– keriei egindako erakunde-enkarguzko errepaso eder bezain kilikagarria, egilearen aurreko liburuetan metatutako zentzu bereko ahalegin txalogarrien epitomea –gogoan hartu, besterik ez bada, literatura aldi berean erasmustarrari eta autoturistikoari Bilbao-New York-Bilbaok eginiko ekarpen aitzindaria–. Egia da iritzi maltzurrek, Angel Errorenak bezala, galdatzen zutela, Abangoardia maite duen antzinako herria horren izenburuaren aurrean, ea ez garen gehiago “antzinakotasunaz maitemindurik dagoen herri modernoa, modernoegia agian” (Berria, 2018-IV-29). Baina ezin naiz ados egon poeta nafar madrildartuaren fede txarreko iruzkin horrekin: euskal gatazka –labur– islatzeko orduan, abilki, ETAren edozein aipamen saihestea lortzen duen lan batek, euskal literatura turistikoaren txapelduna izatea merezi du, inolako zalantzarik gabe.

 

PS.- Norbaitek aurpegiratuko dit ez dudala sartu, halako zerrenda batean egon beharko lukeen arren, Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (Elkar, 2015), zeinaren ardatz nagusia bikote misto –euskal-espainiar– baten txango turistikoa baita, Euskal Herrian zehar alegia. Eta, bai, zalantzarik gabe, Agirreren nobelak badu literatura turistikotik, baina, aldi berean, badu literatura turistiko horren ukaziotik ere, ironia kritikoaren erabileraren bitartez alegia, eta horrek eraman nau pixka bat baztertzera, eta baita pixka bat gaitzestera ere, ez baitie etorkizunez beteriko ildo literario horrek bete beharko lituzkeen baldintzei behar bezala heltzen: turismoaren industriaren garrantzia berresteari, euskal irakurleen artean, eta Euskadi-Basque Country-ren erakargarritasuna zabaltzeari, lana gaztelaniara eta munduko beste edozein hizkuntzatara itzultzen delarik.

promenade san sebastian

[Artikulu honen bertsio laburragoa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko maiatzaren 4an].