Politikarien irakurgaiak

Aitor dut: udan Arnaldo Otegiren Twitter kontua stalkeatzen aritu nintzen ea, pasa den urtean bezala, 2020koan ere oporretara eramandako liburuen zerrenda argitaratzen zuen. Nire poza putzura: ez dakit Otegik oporrik hartu zuen, kurtso politiko-covidiko bitxi honen ondorioz, ala bere community managerrak halakorik ez egiteko aholkatu zion, aurreko urteko polemika aintzat hartuta, baina kontua da ezker abertzaleko politikariak ez zuela txintik aipatu abuztuan irakurtzeko asmo zituen liburuez. Pena.

«Polemika» esan dut, baina polemikatxoa ipini beharko nuke, egiazki, halakoak baitira, ez gaitezen engaina, euskararen mundu bazterrekoari eragiten diotenak. Agian gogoratuko duzue: paisai udatiar ederrez hornitutako argazki batzuen ondoren («Egun batzutako atsedena hartzen. #Oporrak» goiburuaren pean), Otegik berarekin eramandako liburuen irudiak txiokatu zituen: John Steinbeck-en Los vagabundos de la cosecha, Jack London-en Once cuentos de Klondike, Ryszard Kapuściński-ren Ébano, Christophe Guilluy-ren No society. El fin de la clase media occidental, eta, propinarako, Yuval Noah Harari-ren Sapiens. De animales a dioses. Nik, hura ikustean, zera pentsatu nuen, ezker abertzale ofizialak, halako gihar literario oro har progrearen erakustaldiarekin, tinko jarraitzen zuela Elkarrekin Podemos aldera garai batean joandako botoen xerkan. Baina ni bezain azalekoak ez diren twitterlariak berehala hasi ziren salatzen euskarazko irakurgaien falta, zerrendan, eta beste batzuek baita emakumezko egileenak ere, eta zenbait gomendio egiten, Otegik aintzat hartu ote zituen ez dakigunak, txio haiei ez zielako, tamalez, erantzunik eman; are Angel Erroren zutabe bikain horietako baterako oinarria eman zuen eztabaidak, udako irakurketen naturaren inguruan. Horregatik guztiagatik hartu nuen atsekabez aurten Otegik zerrendatxoa egin ez izanak, beti geratuko baitzait zalantza ea euskal txioherriaren aldarriari jaramon egingo zion ala ez.

Politikarien harremana liburuekin beti iruditu zait gai delikatua. Tira, edonorentzat da delikatua, pribatutasunaren alderdi oso intimo batekin –agian barnekoenarekin– lotuta dagoen neurrian (ikusi, besterik ez bada, Gonzalo Torné-ren artikulu esanguratsu hau gure biblioteka pertsonalek errebelatzen dutenaz). Horregatik susmoa dut arriskugarria dela politikariei liburuei buruz galdetzea, irakurri dituztenei edo gomendatuko lituzketenei buruz, eta halakoez enteratzen naizenean jakin-min kuxkuxeroaren eta lotsaren arteko sentimendu batekin egiten diet aurre. Gainera, salbu eta libururik irakurri ez dutela edo gogoratzen ez direla onartzen dutenean, sekula ez dakit ematen dituzten erantzunak zinezkoak diren, ala «prestatuak», lehia politikorako beste tresna bat bezala alegia –ondo pentsatuta, libururik ez irakurtzearen ingurukoak ere prestatuak izan daitezke, agian, politikari batzuek ez dituztelako hautesleak izutu nahi jarrera intelektualegiekin…–.

Halako azkeneko saioa, nik dakidala, Berria egunkariak burutu zuen 2020ko uztaileko EAEko Parlamenturako hauteskundeen karietarat, lehendakarirako hautagai nagusi ia guztiekin –Iturgaizek, azeri, uko egin zion elkarrizketari–. Eta oso esanguratsua iruditu zitzaidan: irakurritako azken liburuaz galdetzen zieten, besteak beste, eta euskarazko libururik aipatzen ez bazuten lehenengoan, euskarazko azkenekoaz ere. PSE-EEko Idoia Mendia izan zen agian egiatiena, edo kontua behintzat prestatu gabeen zekarrena, ez zelako gogoratzen ez bataz ez besteaz –ezta ikusitako azken antzezlanaren izenburuaz ere–: halako erantzunak, onartu behar da, ez dira oso egokiak liburuzaleon botoak erakartzeko, baina, ez gaitezen engaina, maila makro batean apenas egin diezaiokete min, estatistikoki, hautagai bati. Equo-Berdeen buru Jose Ramon Becerrak, ordea, beita ezin zukutsuagoa bota zien ni bezalako intelektualoideei (George Steiner-en La idea de Europa, alajaina), baina, ai, “aspaldian ez” zuen euskaraz ezer irakurri… Zalantza daukat, dena den, lortu zituen emaitza kaskarretan eragina izango zuen horrek.

Miren Gorrotxategi eta Maddalen Iriarte espero bezala portatu ziren irakurleria euskalduna duen Berria bezalako egunkariaren galderaren aurrean, eta hizkuntza horretako liburuak aipatu zituzten galderen bigarren txandari itxaron gabe. Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak Karmele Jaioren Aitaren etxea, oso aukera mesokratiko, komertzial eta egokia, gaurkotasun handiko gaia ukitzen duelako –genero arrakalarena– eta egileak espektro zabal batean daukalako harrera ona, EAJren zentro-eskuinetik ezker abertzalearen muturreraino eta harago. Eta, Iriartek, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen immigrazio afrikar garaikidearen inguruko Miñan zirraragarria, berriz ere, agian, EH Bilduren sentsibilitate sozial aurrerakoiaren erakusgarri. Biek ala biek ondo –abileziaz– jokatu zutela iruditu zitzaidan.

Edonola ere, Iñigo Urkulluren erantzunak izan ziren niretzat interesgarrienak. Galderari erdarazko izenburu batekin erantzun zion, lehenik eta behin: irakurritako azken liburua Eva Garcia Sainz de Urturiren Trilogía de la ciudad blanca izan omen zen, hots, bestsellerismoaren alorreko thriller gasteiztar bat, kalitate literarioaren aldetik erdipurditasunaren mailaren azpitik dagoena, baina ikaragarri saldu dena eta, ondorioz, boto-emaile askoren identifikazioa ekar ziezaiokeena –berriz ere, horrek garrantziaren bat baleuka– (*). Eta, neurri batean, uler daitekeena Gasteizko hiritarrekiko berradiskidetze keinu gisa, haietako ez gutxik haserre samar jarraitzen dutelako lehendakariarekin Ajuria Enea bizitokitzat arbuiatu eta Durangora itzuli zenetik bizitzera familiarekin –eta ertzain gaixo hark tirokatutako Atx pitbullarekin–.

Euskarazkoari buruzko bigarren galderari, ordea, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria saiakeratxoa aipatuz erantzun zion. Ondarrutarrak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz burutu zuen, aditzera emango lukeena Urkulluk ez duela euskarazko liburu bat irakurri 2018tik (!), Uribek urte hartako apirilean aurkeztu egin baitzuen proiektu semi-propagandistiko hura lehendakariarekin berarekin batera. Hori, baldin eta lehendakaria, Borgesi jarraituz –«Ni gehiago saiatu naiz berrirakurtzen irakurtzen baino; uste dut berrirakurtzea irakurtzea baino garrantzitsuagoa dela, berrirakurtzeko lehenago irakurri behar izan dela alde batera utzita»–, berrirakurketaren bertuteen defendatzailea ez bada, noski: dena da posible.

Edozein modutan ere, nik dakidala, erantzun horrekin ez zen sortu ezta Otegiren txioek eragindako mikro-zalaparta ere. Oso justua iruditzen ez zaidan zerbait, baina berresten duena, zinez, liburuak (euskaraz) irakurtzeak zein garrantzi gutxi daukan, egun, gizartearentzat. Gurearentzat, bederen (**).

(*) Identifikazio handiagoa, edonola ere, William Faulknerren Basa palmondoak nobelak baino, susmatzen dut, hura baitzen, garai batean behintzat, Urkulluk gomendatzen zuen liburu kutuna. Oso kategoria literario ezberdinekoa, zalantzarik gabe, Kraken-aren krimenen inguruko thriller eskasarekin alderatuta…

(**) Ikusiko duzue nola, kontrastean, Patria irakurri ez izanaren aitorpenak bai ekarriko dizkion ondoreak lehendakariari…

[Artikulu honen bertsio dezente laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko irailaren 19an. Aurrekoak ez bezala, honako hau ezin izan dut topatu sarean, orain arte bederen].

Telesailen (inguruko gorazarre hiperbolikoen uholdearen) kontra

Artikulu honek, jatorrizko bertsio laburtuan argitaratu nuenean, “Telesailen kontra” izenburu konpaktuago eta –ziurrenik– eraginkorragoa zeraman, baina hala izan zen Ortzadar gehigarri kulturalean ez dizkidatelako izenburu luzeak onartzen; web bertsio honetarako jatorrizko izenburua berreskuratzea erabaki dut, ondo egin dudan ez dakidan arren. Edonola ere, bistan denez, honako hau testu apokaliptiko bat izango da; ados, agian ez nuen zertan zehaztu, badakit aspaldi ez zaidala ateratzen artikulu integraturik…

Telesailen ekoizpena eta kontsumoa hazi dela argi dago, eta horretan zer ikusia izan duela HBO, Netflix, Fimin edo Amazon Prime bezalako plataformen bultzadak, betiko telebistaren esparrutik etorritako ahaleginez gain. Gaiak, bestalde, gero eta espazio handiagoa hartu du komunikabideetan eta, susmagarriki, ikerketa akademikoetan, zeinetan Ikasketa Kulturalek, beren Lebensrauma beti zabaltzeko gosez, garrantzi berezia hartu baitute, ikus-entzunezkoen diziplina unibertsitario tradizionalekin batera. Horrek guztiak, antza denez, telesailen generoaren prestigioaren hazkundeari lagundu dio, eta badago aurkezten dituenik “literatura” edo “nobela berria” gisa, literatura idatzi xaharra ordezkatzera etorri den behin betiko fikziozko panazea balira bezala alegia.

Eta kontua balitz telesailak literatura txarra, kontsumokoa, bestsellereskoa ordezkatzera letozketela, gaitzerdi; are gehiago, nik ere txalo egingo nieke belarriekin, horretara jarriz gero. Baina generoaren goreste neurrigabea bilatzen dutenak, zer esanik ez, ez dira horrekin konformatzen, eta altuago destatzen dute beren baieztapen arranditsuekin.

Ez dago dudarik telesailen bataz besteko kalitateak gora egin duela ugaltzearekin batera: kopuruaren zabalkuntzaren albo-ondorio hutsa da. Baina, funtsean, ez zait iruditzen gauzak hainbeste aldatu direnik gure gazte garaietatik: gogoan hartu, gero eta jurasikoagoa naizen arren, ni telebistarekin jaio nintzela, eta, beraz, telesailak kontsumitzen daramadala bizitza osoa. Eta, ondorioz, uste dudala, esperientzia historiko horretan oinarrituta, telesail on batzuk daudela –oso gutxi–, erdipurdiko asko, eta txar piloa. Eta ondorio batera iritsi naizela: berez, genero gisa, nekez ordezkatu ahal izango dutela, ezagutza eta plazer iturri gisa, literatura serioak eskaintzen duena. David Foster Wallacek argi zuen hori, esaten zuenean “telebistak eta zinema popularrak eta behe kultura mota gehienak –esan nahi duena, soilik, arte horren helburu nagusia dirua irabaztea dela– etekintsuak dira hain zuzen onartzen dutelako publikoak plazerra 100eko 100ean nahiago duela, ehuneko 49a plazerrez eta ehuneko 51a minaz osatuta ohi dagoen errealitate bat baino. Arte serioak, ordea, zuri dirua ateratzea helburu nagusi ez duenak, joera du zu deseroso sentiarazteko, edo bultzatzen zaitu ahalegintzera gozamena lor dezazun, bizitza errealean plazerra ahaleginaren eta deserosotasunaren ondorio den bezalaxe alegia”.

Izan ere, gehienek garai bateko foiletoiak arrakastaz esplotatu zituen baliabideak baino ez dituzte errepikatzen: behin behineko arrakastaren kariaz, luzamenduaren luzapenaren luzatzea, atalak eta denboraldiak biderkatuz; cliffhangerraren abusu neurrigabe eta agerikoa; tentsio sexual burutugabeen eta –telesaila nahikoa luzatzen bada– pertsonaien arteko harreman gurutzatuen konbinazioen eta permutazioen segida infinitua; hausnarketara ez daraman biolentziaren banalizazio jarraitua; manikeismoa eta pertsonaia/istorio unidimentsionalen nagusitzea, etab. Gehienek, are txalotuenek, Lostetik Game of Thronesera, The Sopranosetik Breaking Badera, Downtown Abbeytik The Crownera, Sense 8tik Stranger Thingsera, Desperate Housewivesetik Big Little Liesera, Westworldetik The Boysera harri beretan egiten dute oztopo, behin eta berriz, eta irudiaren kalitatea, aktoreen lana eta efektu berezien hobekuntza diakroniko itzela gorabehera, ez dut haietan aurkitzen gaztaroan antzeko produktuek –Canción triste de Hill Streetek, M*A*S*H*ek, Expediente Xek, The Simpsonsek…– eragiten zidatena baino maila handiagoko pozbiderik: kontsumoko produktu on batek eskainitakoa. Ez gutxiago, baina ezta gehiago ere. Gonzalo Torné idazleak bere txio-aforismoetako batean zioen bezala, “Ze txarrak diren telesailak ‘entretenimendutik’ ateraz gero, ez daude hiru ere galbahea pasatzen dutenik”.

Eta uste dut gakoa hor dagoela. Gustatuta ere, haiekin entretenituta egonda ere, halakoek ez zidaten sekula ere eskaini Borgesen lan batek, L’éducation sentimentale batek, Harrotasuna eta aurrejuzkuak batek, Conversación en La Catedral batek, Alice Munroren ipuin liburu batek eman ziezadaketen zinezko plazerra.

Egia da badaudela salbuespenak. Baina horixe dira, salbuespenak. Gabriel Zaidek ondo azaldu zuen, nire ustez, zergatik den horrela, eta zer dela eta telebistak, literatura onarekin konparatuta, desilusionatzen duen beti: “ehundaka mila edo milioika pertsonentzat izan behar duelako interesekoa. Desiragarria da (eta gertatzen da) bikaintasuna publiko handiaren interesekoa izatea, hala telebistan nola liburuetan. Baina, liburuen kasuan, halakorik gertatzen ez bada, ez dago desastre finantzariorik, telebistan bezala. Telebista behartuta dago bestsellerrak produzitzera: bikainak, onak edo txarrak. Liburuak, ordea, bestsellerrak izan daitezke, baina ez dute zertan. Ekonomikoa da liburu bikain bat egitea, soilik hiru mila pertsonen interesekoa bada ere, eta bestseller asko horrela hasi ziren. Octavio Pazen El laberinto de la soledaden lehenengo mila aleek urteak behar izan zituzten salduak izateko. Telebista saio bat izan balitz, ez zatekeen ekoiztuko”.

The Wire (HBO, 2002-2008) izan daiteke horietako bat, hasieratik bertan murgiltzeko zailtasunak ezartzen zituen telesail bat izaki –gako iruditzen zaidan tasun bat–. Edo duela ez hainbeste ikusi nuen Olive Kitteridge (HBO, 2014), iturritzat duen Elizabeth Strouten izenburu bereko ipuin liburua aise gainditzen duena –agian, Pulitzer saria irabazi arren, ez delako horren liburu bikaina; tira, Pulitzer saria ez da, berez, ezeren bermea: gogora dezagun Pearl S. Buck edo James A. Michener bezalako egile komertzialek irabazi zutela inoiz, edo Agurea eta itsasoa bezalako errazkeriek…–.

Baina halakoak, esan bezala, bakanak dira, halabeharrez. Alde horretatik, kasik nahiago dut Black Mirror bezalako telesail bat (Channel 4-Netflix, 2011-gaur egun), ez duena, agerian behintzat, pretentsio intelektual gorenik –nahiz eta karga politikoa bai duen–, eta eroso dabilena The Twilight Zone klasikoak (CBS 1959-1964) abiatu zuen kontsumo zabalerako zientzia-fikzio eta fantasiaren eremu generikoan –eta baita moralean ere–. Gorago aipatu bezala, ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

Ez naiz esaten ari telesailak kontsumitzeari utzi behar diogunik, jakina; nik neuk egiten dut, nire bizitza kontziente guztian egin dudan bezala, eta egiten jarraituko dut. Bibliako Kohelet liburuak dioen bezala (3: 1, 5, 7), “Denak du bere sasoia, / gauza bakoitzak bere garaia du eguzkipean / (…) harriak jaurtitzeko garaia / eta harriak biltzeko garaia, / besarkatzeko garaia / eta banantzeko garaia, (…) urratzeko garaia /eta josteko garaia, / isiltzeko garaia / eta mintzatzeko garaia”. Esaten dudan gauza bakarra da agian pixka bat gutxiago hitz egin beharko genukeela kontuaz, edo ez behintzat horren ozen eta arranditsu, gauza inportanteagoek mereziko luketen hotsandiaz alegia.

Abisatu dut hasieran: apokaliptiko nago azken bolada honetan, zer egingo zaio ba. Hainbeste telesail distopiko ikusi izanaren ondorioz izango da, akaso.

telesailentzako

[Artikulu honen bertsio dezente laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko uztailaren 27an. Gogoeta hori buruan bueltaka nuela txio bat idatzi nuen, geroxeago, gaztelaniaz, “Telesailena sartu diguten enegarren gol kulturala da”, ohituta nagoena baino gaitzespen gehiagotxo jaso zituena sarean. Horri egiten zion Mikel Alvarezek erreferentzia Berrian, 2019-IX-17ko bere “Olatuaren erresaka” Ekografian].

Hilberri autobiografikoak

Ramiro Pinilla idazlearen heriotzak ordenagailu aurrean harrapatu ninduen, eta nahikoa bizkor hasi ziren haren inguruko profilak eta hilberri edo obituarioak sarean zabaltzen. Lehenengoetariko bat, Fernando Aramburu donostiarrarena, El Cultural aldizkarian (El Mundoren literatur eta kultur gehigarrian alegia): ez da sobera maite dudan idazlea (preziosistegia, nire gusturako, euskarazko literaturaren aurrean daukan jarreraz ez hitz egitearren, nahiz eta lehenengo motiboa inportanteagoa den niretzat), baina banekien Pinillaren zalea zena, eta testua interesekoa izango zela begitandu zitzaidan, are gehiago ikusita zein izenburu zeukan: “Adiós, Ramiro. Adiós, amigo”.

Albistea irakurri eta esaldi batek jo zidan begian: “Ramiro era un vasco apacible que había leído a Faulkner”. Ez Faulknerren aipuagatik, noski (nik ere, Amanece que no es poco filmeko herritarrek bezala, estimu handian dut Faulkner), “vasco apacible” horrengatik baizik. Ondo hasi gara, pentsatu nuen, ze hor, jakina, euskal herritar “oldarkorraren” edo “borrokalariaren” edo “moldakaitzaren” gaitzespena inplizitua doa, noski. Ez alferrik jarraitzen dio, zer esanik ez, “ez zitzaion barrokoa gustatzen, ezta nazionalismoa ere” batek, nazionalismo hori euskal abertzaletasuna delarik. Berez, gaizki iruditzen ez zaidana (ez zela abertzalea? Ezta beharrik ere: niretzat hori baino askoz ere inportanteagoa da idazkeran ez zela barrokoa …  Aranbururen alderantzizkoa alegia). Kontua da “apacible” hori (“bare, lasai, atsegin”, Ibon Sarasolaren ordainean; “manso, dulce y agradable en la condición y el trato”, Real Academia de la Lengua Españolaren hiztegiaren 22. argitalpenaren arabera) ez zaidala bereziki egokia iruditzen Ramiro Pinilla bezalako idazle bat kalifikatzeko. Ez daukat zalantzarik tratuan gozoa eta atsegina zela, baina “otzana” (“manso”)? Ahulenen alde eta batez ere langileen alde hainbeste aldiz agertu zen idazle bat, botere politikoaren aurrean isilik geratzeko ohitura ez zeukana izendatzeko nekez aurki daiteke adjektibo okerragorik, nik uste. Konpromiso bat, bide batez esanda, hala bere nobeletan demostratu zuena, zeinetan ahulenen alde agertzen baitzen beti (lehenengotik hasita, Las ciegas hormigas, 1961, Nadal eta Kritikaren sariak), nola bere bizitzan zehar (Partidu Komunistako kide izan zen frankismo garaian, hots, bertan militatzea ahuntzaren gauerdiko eztula ez zenean prezeski).

Baina beste zerbaitek are gehiago eman zidan atentzioa Arambururen hilberrian: zein espazio handia hartzen duen testuan bere zertzelada autobiografikoak: izan ere, artikuluaren kasik laurden bat bideratuta dago apaltasunez beteriko (“ni bezalako gizajo batek, ahaleginduta ere ezingo nukeena Verdes valles, colinas rojasen lerro bakar bat ere erredaktatu”) bere buruaren laudorioa egitera (Aramburu izan baitzen Tusquets argitaletxearen aurrean egile ahantziaren alde mintzatu bide zena). Niri, zer nahi duzue esatea, pixka bat gehiegikeria iruditzen zait Pinilla hil eta ordu batzuetara halako ohar bat plazaratzea, une bat zeinetan zenduaren ibilbidea eta bertuteak baino ez bailirateke laburbildu behar, ezagutzen dutenek gogora ekar ditzaten, eta ezagutzen ez dutenek (edo haren inguruko oso azaleko berri dutenek) informazio pixka bat eskura dezaten; badakit Aramburu ez dela ohiko egunkari-erredaktorea, baina hala ere. Agian egun edo aste batzuk geroago, eta potreta luze eta zabalago batean, sargarriagoak dira halako ohar autobiografiko eta autogorazarrezkoak. Agian. Tira, ez naiz xaloa, badakit azpigeneroan aspaldi dela ohikoa aritzeko modu hori, eta beste alor batzuetan (liburuen hitzaurreetan, urrutira joan gabe) ez dela  batere arraroa. Baina irudipena daukat egun jarrera autobiografikoak dena inbaditzen eta kutsatzen duela (nobela, zutabegintza, baita kritika literarioa ere…), eta, areago, naturaltasun osoz hartzen dugula hala gertatzea. Eta horrek preokupatzen nau gehien, zein naturala iruditzen zaigun.

Zeren eta argi dago Aramburuk badakiela bestela egiten, hurrengo goizean bertan El Paíseko orrialdeetan frogatu zuen bezala, “La prosa que no se nota” iritzi artikuluan. Izango da El Culturalen “etxekoago” sentitzen delako? El Paíserako idaztea (bitxiki) “serioagoa” iruditzen zaiolako (oraindik ere)? Niri lehenengo artikuluarena justifikagaitz samarra iruditzen zait, edonola ere. Baina agian kontua da Gonzalo Torné idazleak arrazoia duela, eta, berak dioen bezala, “nobelagile bat hanpurutsutzat salatzea saskibaloi jokalari bat altutzat salatzea bezala da”. Eta kito.

(Agian arau horren salbuespen nabarmenen eta bakarrenetako bat Ramiro Pinilla bera izan zen, bururatzen zait).

maurorenaMauro Entrialgo (@Tyrexito) komikigile gasteiztarraren zinta hau, Plétora de Piñatas 3 albumetik hartuta (Astiberri, 2013; @Txapelmuur-en bitartez iritsi zitzaidan) bereziki egokia iruditzen zait, ilustrazio gisa.