Politikarien irakurgaiak

Aitor dut: udan Arnaldo Otegiren Twitter kontua stalkeatzen aritu nintzen ea, pasa den urtean bezala, 2020koan ere oporretara eramandako liburuen zerrenda argitaratzen zuen. Nire poza putzura: ez dakit Otegik oporrik hartu zuen, kurtso politiko-covidiko bitxi honen ondorioz, ala bere community managerrak halakorik ez egiteko aholkatu zion, aurreko urteko polemika aintzat hartuta, baina kontua da ezker abertzaleko politikariak ez zuela txintik aipatu abuztuan irakurtzeko asmo zituen liburuez. Pena.

«Polemika» esan dut, baina polemikatxoa ipini beharko nuke, egiazki, halakoak baitira, ez gaitezen engaina, euskararen mundu bazterrekoari eragiten diotenak. Agian gogoratuko duzue: paisai udatiar ederrez hornitutako argazki batzuen ondoren («Egun batzutako atsedena hartzen. #Oporrak» goiburuaren pean), Otegik berarekin eramandako liburuen irudiak txiokatu zituen: John Steinbeck-en Los vagabundos de la cosecha, Jack London-en Once cuentos de Klondike, Ryszard Kapuściński-ren Ébano, Christophe Guilluy-ren No society. El fin de la clase media occidental, eta, propinarako, Yuval Noah Harari-ren Sapiens. De animales a dioses. Nik, hura ikustean, zera pentsatu nuen, ezker abertzale ofizialak, halako gihar literario oro har progrearen erakustaldiarekin, tinko jarraitzen zuela Elkarrekin Podemos aldera garai batean joandako botoen xerkan. Baina ni bezain azalekoak ez diren twitterlariak berehala hasi ziren salatzen euskarazko irakurgaien falta, zerrendan, eta beste batzuek baita emakumezko egileenak ere, eta zenbait gomendio egiten, Otegik aintzat hartu ote zituen ez dakigunak, txio haiei ez zielako, tamalez, erantzunik eman; are Angel Erroren zutabe bikain horietako baterako oinarria eman zuen eztabaidak, udako irakurketen naturaren inguruan. Horregatik guztiagatik hartu nuen atsekabez aurten Otegik zerrendatxoa egin ez izanak, beti geratuko baitzait zalantza ea euskal txioherriaren aldarriari jaramon egingo zion ala ez.

Politikarien harremana liburuekin beti iruditu zait gai delikatua. Tira, edonorentzat da delikatua, pribatutasunaren alderdi oso intimo batekin –agian barnekoenarekin– lotuta dagoen neurrian (ikusi, besterik ez bada, Gonzalo Torné-ren artikulu esanguratsu hau gure biblioteka pertsonalek errebelatzen dutenaz). Horregatik susmoa dut arriskugarria dela politikariei liburuei buruz galdetzea, irakurri dituztenei edo gomendatuko lituzketenei buruz, eta halakoez enteratzen naizenean jakin-min kuxkuxeroaren eta lotsaren arteko sentimendu batekin egiten diet aurre. Gainera, salbu eta libururik irakurri ez dutela edo gogoratzen ez direla onartzen dutenean, sekula ez dakit ematen dituzten erantzunak zinezkoak diren, ala «prestatuak», lehia politikorako beste tresna bat bezala alegia –ondo pentsatuta, libururik ez irakurtzearen ingurukoak ere prestatuak izan daitezke, agian, politikari batzuek ez dituztelako hautesleak izutu nahi jarrera intelektualegiekin…–.

Halako azkeneko saioa, nik dakidala, Berria egunkariak burutu zuen 2020ko uztaileko EAEko Parlamenturako hauteskundeen karietarat, lehendakarirako hautagai nagusi ia guztiekin –Iturgaizek, azeri, uko egin zion elkarrizketari–. Eta oso esanguratsua iruditu zitzaidan: irakurritako azken liburuaz galdetzen zieten, besteak beste, eta euskarazko libururik aipatzen ez bazuten lehenengoan, euskarazko azkenekoaz ere. PSE-EEko Idoia Mendia izan zen agian egiatiena, edo kontua behintzat prestatu gabeen zekarrena, ez zelako gogoratzen ez bataz ez besteaz –ezta ikusitako azken antzezlanaren izenburuaz ere–: halako erantzunak, onartu behar da, ez dira oso egokiak liburuzaleon botoak erakartzeko, baina, ez gaitezen engaina, maila makro batean apenas egin diezaiokete min, estatistikoki, hautagai bati. Equo-Berdeen buru Jose Ramon Becerrak, ordea, beita ezin zukutsuagoa bota zien ni bezalako intelektualoideei (George Steiner-en La idea de Europa, alajaina), baina, ai, “aspaldian ez” zuen euskaraz ezer irakurri… Zalantza daukat, dena den, lortu zituen emaitza kaskarretan eragina izango zuen horrek.

Miren Gorrotxategi eta Maddalen Iriarte espero bezala portatu ziren irakurleria euskalduna duen Berria bezalako egunkariaren galderaren aurrean, eta hizkuntza horretako liburuak aipatu zituzten galderen bigarren txandari itxaron gabe. Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak Karmele Jaioren Aitaren etxea, oso aukera mesokratiko, komertzial eta egokia, gaurkotasun handiko gaia ukitzen duelako –genero arrakalarena– eta egileak espektro zabal batean daukalako harrera ona, EAJren zentro-eskuinetik ezker abertzalearen muturreraino eta harago. Eta, Iriartek, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen immigrazio afrikar garaikidearen inguruko Miñan zirraragarria, berriz ere, agian, EH Bilduren sentsibilitate sozial aurrerakoiaren erakusgarri. Biek ala biek ondo –abileziaz– jokatu zutela iruditu zitzaidan.

Edonola ere, Iñigo Urkulluren erantzunak izan ziren niretzat interesgarrienak. Galderari erdarazko izenburu batekin erantzun zion, lehenik eta behin: irakurritako azken liburua Eva Garcia Sainz de Urturiren Trilogía de la ciudad blanca izan omen zen, hots, bestsellerismoaren alorreko thriller gasteiztar bat, kalitate literarioaren aldetik erdipurditasunaren mailaren azpitik dagoena, baina ikaragarri saldu dena eta, ondorioz, boto-emaile askoren identifikazioa ekar ziezaiokeena –berriz ere, horrek garrantziaren bat baleuka– (*). Eta, neurri batean, uler daitekeena Gasteizko hiritarrekiko berradiskidetze keinu gisa, haietako ez gutxik haserre samar jarraitzen dutelako lehendakariarekin Ajuria Enea bizitokitzat arbuiatu eta Durangora itzuli zenetik bizitzera familiarekin –eta ertzain gaixo hark tirokatutako Atx pitbullarekin–.

Euskarazkoari buruzko bigarren galderari, ordea, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria saiakeratxoa aipatuz erantzun zion. Ondarrutarrak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz burutu zuen, aditzera emango lukeena Urkulluk ez duela euskarazko liburu bat irakurri 2018tik (!), Uribek urte hartako apirilean aurkeztu egin baitzuen proiektu semi-propagandistiko hura lehendakariarekin berarekin batera. Hori, baldin eta lehendakaria, Borgesi jarraituz –«Ni gehiago saiatu naiz berrirakurtzen irakurtzen baino; uste dut berrirakurtzea irakurtzea baino garrantzitsuagoa dela, berrirakurtzeko lehenago irakurri behar izan dela alde batera utzita»–, berrirakurketaren bertuteen defendatzailea ez bada, noski: dena da posible.

Edozein modutan ere, nik dakidala, erantzun horrekin ez zen sortu ezta Otegiren txioek eragindako mikro-zalaparta ere. Oso justua iruditzen ez zaidan zerbait, baina berresten duena, zinez, liburuak (euskaraz) irakurtzeak zein garrantzi gutxi daukan, egun, gizartearentzat. Gurearentzat, bederen (**).

(*) Identifikazio handiagoa, edonola ere, William Faulknerren Basa palmondoak nobelak baino, susmatzen dut, hura baitzen, garai batean behintzat, Urkulluk gomendatzen zuen liburu kutuna. Oso kategoria literario ezberdinekoa, zalantzarik gabe, Kraken-aren krimenen inguruko thriller eskasarekin alderatuta…

(**) Ikusiko duzue nola, kontrastean, Patria irakurri ez izanaren aitorpenak bai ekarriko dizkion ondoreak lehendakariari…

[Artikulu honen bertsio dezente laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko irailaren 19an. Aurrekoak ez bezala, honako hau ezin izan dut topatu sarean, orain arte bederen].

Literatura: ispilu ala leiho? Erantzun posible bat

Lehengo igande eguerdian, Zarautzeko Literaturia jaialdian parte hartu nuen, Miren Gorrotxategi nobelagilearekin eta Mikel Ayerbe kritikariarekin batera, “Literatura: ispilu ala leiho?” solasaldian; gure “idazle” eta “irakurle” esperientziez luze hitz eginarazi ondoren, Ayerbek izenburuko galdera bota zigun. Miren Gorrotxategik, gidoia adostu genuenean aipatu genuen bezala, ipuin batekin erantzun zion galderari, Hitzen Uberan plataforman aurki dezakezuena; nik ere ipuin bat neraman prestatuta, “Ispiluarena” izenekoa, eta hura irakurri nuen, nahiz eta, idatzi berria nuenez, oso gordinik egon (buelta pare bat eman behar dizkiot oraindik behin betiko bertsiora iritsi arte); ez dut, beraz, hemen argitaratuko, gaurkoz behintzat.

Dena dela, ekitaldiaren lerroburuari erantzuteko beste kontu bat neraman patrikan, une horretan erabiltzea ez zitzaidana egokia iruditu, eta post labur honetan txertatuko dudana.

Deigarria bezain iradokitzailea iruditu zitzaidan Constantino Bértolo editorearen hausnarketa batetik abiatu nahi nuen. Hauxe da:

XIX. mendeko nobela, ispilu bat bidean zehar; XX. mendekoa, bide bat ispilu batean zehar; XXI.ekoa, ispilu bat ispilu batean zehar”.

Imajinatzen dut aforismo moduko horrek interpretazio bat baino gehiago onartzen duela, baina nik egin nuena hauxe zen: XIX. mendeko nobelak (nobelagintza literaturaren genero goren gisa koroatzen hasi zenean) kanpora, mundura begiratu zuela oro har, eta hura islatu nahi izan zuela, ispilu baino leiho izan nahian (azken hori, jakina, nire uztakoa zen, gure solasaldirako propio eramana); eta XX. mendekoak, oro har ere bai, garrantzi gehiago eman ziola nobelaren beraren eraikuntzaren gailu eta bitarteko guztiei, “bideari” alegia (azken finean, pentsatu nuen, hainbestetan erabili den Claude Simon nouveau romancierraren “abenturaren kontaketa” versus “kontaketaren abentura” alternatibaren nolabaiteko birformulazioa izango litzateke). Bértoloren hausnarketaren azkeneko elementuak, XXI. mendeko nobelari buruzkoa (“ispilu bat ispilu batean zehar”), idazlearen Ni-aren egungo metastasirako joerarekin lotzen dut nik, bestalde, Robert Wyattek aspaldi salatzen zuen “The Age of Self” horretatik abiatuta aurrera egin duena azken hamarraldi hauetan, selfiearen kulturan, sare sozialetako planttakerian, autofikzioaren eztandan edo autolaguntzazko autobiografismoaren gorakadan sumatu daitekeen bezala (baita gure literaturan ere; adibide baterako, bakarra ez den arren, ikus Ibon Egañaren kritika bikain hau). Tira, paradoxikoki (edo ez), Twitterren bota zuen Bértolok bere hausnarketatxoa.

Ni arduratzen nau, alde horretatik, ispiluegi bihurtu ez ote dugun literatura. Dudarik gabe, literaturak, berez, badu hortik zerbait, guztia sortzen delako Ni-tik, modu batean edo bestean. Baina hiperinflazioa, historia ekonomikoak behin eta berriro erakutsi duen bezala, ez da bereziki osasuntsua. Eta egotismoak lirikaren presa gainezka egin zuenetik eta inguruko genero literarioetan eta, batik bat, narratiban barreiatu zenetik, irakurleok ez daukagu atsedenik. Noizean behin joera horren kontrako zantzu pozgarriak aurkitzea posible den arren, Mari Luz Estebanek egiten duena bezala bere Amaren heriotzak libreago egin ninduen lan azpimarragarrian (Pamiela 2013), prosazko pasarteetan lehenengo pertsonari uko egitean eta hirugarrenera pasatzean: ni-ak hor jarraitzen du, zer esanik ez, baina ez da horren inposatzailea, leku gehiago uzten dio irakurleari. Eta, alde horretatik, esango nuke hobeto betetzen duela R. L. Stevensonen manu zahar hura: “Eragin handiena duten liburuak, eta zinezkoenak beren eraginean, fikziozko lanak dira. Ez dute irakurlea dogma batekin lotzen, ondoren okerra dela jabetuko dena; ez diote lezio bat irakasten, ondoren desikasi beharko duena. Errepikatu, berrantolatu, argitzen dituzte bizitzaren lezioak; gugandik askatzen gaituzte, besteen ezagutzara behartzen gaituzte; eta esperientziaren sarea erakusten digute, ez gure kabuz ikusi ahal dugun eran, baizik eta aldaketa berezi batekin –gure izakiaren EGO munstrotsu, xahutzaile hori ezabatuz, une batez” (maiuskulak Stevensonenak dira). Izan ere, hori zaila egiten zait lortzea, maiz, “ego” horretan horrenbeste oinarritzen den autofikziotik edo autobiografismotik. Baldin eta ego horri distantzia ironiko minimo batetik heltzen ez bazaio, behintzat.

Baina, bestalde, literatura “kanpoko” mundurako leiho zabal eta garden bat izan daitekeela, errealitatea bere osotasunean eta zehazki harrapatu dezakeela, XIX. mendeko nobelagile askok pentsatzen zuten bezala, asmo xaloegitzat hartu beharko genuke gaur eguneko ikuspegitik, nobela “bide bat ispilu batean zehar” bilakatu osteko garaiotan hain zuzen ere. Izan ere, hori, gaur egun, best sellerrek eta nobela historiko arruntenek baino mantentzen ez duten haur-sinesmen bat dela esango nuke.

Beraz, planteatutako galderari erantzun bat ematekotan, hauxe aldarrikatuko nuke: literatura leiho bat izan daitekeela, pitzatuta dagoela onartzen dugun neurrian. Eta baita ispilu bat ere, baina deformantea den bitartean (badaezpada).

Eta beste egun batean jarraituko dut, bide batez esanda, metaforaren kontrako nire gurutzada.

Gari Berasaluze erabiltzailearen argazkia.

Argazkia, testuan aipaturiko ekitaldikoa, Gari Berasaluzerena da.