Berak idatzi izan balu bezala

Azken hilabeteetan dezente egon naiz irakurtzen, han eta hemen, Carson McCullers idazle estatubatuarraz (1917-1967): ikasturte honetako Gasteizko Irakurle Klubaren azken saioa Kafe tristearen balada ipuin liburuaren inguruan antolatu dugu (Pasazaite, 2020; Asun Garikano itzultzaile), eta hura prestatzeko biografiak, antologiak eta egilearen beraren beste liburu batzuk irakurtzen aritu naiz. Tarte on bat igaro dut haren konpainian, eta baita une deseroso batzuk ere, ez delako egile eredugarri eta maitekor horietako bat, muturretara jotzeko joera zutenetakoa baizik, eta pixka bat zitala, orobat, hurkoarekiko harremanetan. Aldezle fidelak izan zituen arren –Tennessee Williams adiskide handia bezala–, bere garaikide gehienek –Lillian Hellman-ek edo Truman Capote-k, adibidez– txakurrarenak kontatzen zituzten McCullersi buruz: arreta bereganatzeko haren premia larriegiaz, egotismoaz, mihi gaiztoaz. William Faulkner, Eudora Welty edo Katherine Anne Porter bezalako bere maisu-maistrak aparte utzita, «Hegoaldeko Gotikoaren» beste autore gehienak –Capote bera, Flannery O’Connor, Harper Lee…– bere estiloaren imitatzaile hutsak zirela uste zuen, eta ez zen mozten hala aldarrikatzeaz, okasioa ematen bazitzaion.

Idazleak, badakizue.

Obra gutxiko egiletzat hartzen da McCullers, eta liburu kopuruari begiratzen badiogu, objektiboki, hala izango da, ez dut ezetz esango. Baina obraren intentsitateari erreparatzen badiogu, ez dakit nik ikuspegi hori guztiz zuzena den: bere jardueraren aldi nagusian, 1937 eta 1950 bitartean –apenas hamarkada eta koxka bat!– Bihotza ehiztari bakartia da (1940), Islak begi urrekara batean (1941) eta Eztei-kidea (1946, gaztelaniaz Frankie y la boda bezala itzuli ohi dena) nobelak idatzi eta argitaratu zituen –hots, hiru mugarri, asko saldu zirenak eta iskanbila dezente sortu zutenak, bere garaian, eta saltzen eta aztertzen jarraitzen direnak–, Eztei-kidea beraren antzerki-egokitzapena (1951, beste obra baten gisa jo dezakeguna), eta Kafe tristearen balada osatzen duten ipuinak (1951an bildu zituenak liburuki batean, nahiz eta eleberri labur nagusia, izenburu berekoa, beste maistra-lan bat, Harper’s Bazaar aldizkarian atera 1943an); horretaz guztiaz gain, han-hemenka kaleratutako beste zenbait narrazio, artikulu, poema eta testu batzuk argitaratu zituen, aldi hartan.

Egia da orduz geroztiko bere produkzioa asko murriztu zela: 1948an gorputz erdiko paralisi batek jo zuen –umetan gaizki diagnostikatutako sukar erreumatiko batzuen albo-kaltea–, eta sekula ez zen iritsi garai hartako sormen eta arrakasta maila izatera. Reeves senarrarekin izan zituen tirabirek –bi aldiz ezkontzera iritsi ziren– eta bizitza gogorrak –gizonak 1953an bere buruaz beste egin zuen– ez zioten sobera lagunduko, ziurrenik. Ezta senar-emazteek konpartitzen zuten alkoholismoak ere –Kafe tristearen baladan badago gai honi buruzko ipuin eder bat, “Etxe barruko dilema” izenburukoa, ikaragarri zorrotza eta, aldi berean, samurra, fikziozko idazkeraren bertuteak zeintzuk diren oso ondo ematen dituenak aditzera; autobiografiaz beteriko «testigantza» askok baino gehiago bai, behintzat–. Zorionez, garai horretarako bere liburuen salmentetatik bizi ahal izan zen, eta liburu horien adaptazioek ematen zituzten eskubideetatik –McCullersen lanak sarri eraman dira oholtzara eta, batez ere, zinemara: filmik ezagunena, alde horretatik, Islak begi urrekara batean izango litzateke, Elizabeth Taylor eta Marlon Brando-rekin, John Huston-ek zuzendu zuena 1967an–.

McCullers idazle-prodigio bat izan zen: oso gazterik ezagutu zuen kritika- eta salmenta-arrakasta –apenas zituen hogeita bi urte Bihotza ehiztari bakartia da argitaratu zuenean: berriro diot, hogeita bi, 22–, eta horrek azaldu lezake, neurri batean, haren inguruan metatutako inbidiak eta azpikeriak, zeinei, bistan denez, ez baitzien betiere dotoreziaz aurre egiten jakin. Eta, hori gutxi balitz, ez zen sekula pertsona konbentzionalegia izan: hura bezalako garai batean, 1940ko hamarraldian, ez zuen bere bisexualitatea ezkutatzen, eta ikuspegi politiko argiki progresistak defendatu zituen, Hegoaldeko afroamerikarrekiko arrazakeriaren auzian esaterako. Egia da une hura 1950eko hamarraldi kontserbatzaileagoa baino «irekiagoa» izan zela, eta McCullersek, garaiko beste idazle estatubatuar esanguratsu batzuek bezala, denboraldi luzeagoak edo laburragoak pasatu zituela Europan –Frantzian eta Italian, nagusiki–. Baina ez da, edonola ere, meritu makala.

Kontua da –iritsi naiz, azkenik, ohar honen muinera– McCullersen inguruko materiala biltzen ari nintzela, Charles Bukowski-ren (1920-1994) poema honekin egin nuela topo, izenburu horixe zeukana hain zuzen: “Carson McCullers”. Hala dio:

(Ondo egiten duzu nire itzulpen-trebetasunaz ez fidatzean, beraz, hemen daukazu jatorrizkoaren lotura, gaztelaniarako itzulpen batekin batera. Poema, 1981ekoa, Poetry/LA aldizkariaren 4. zenbakian argitaratu Bukowskik, beste pare pieza batekin batera, 1982ko udaberrian, eta The Night Torn Mad With Footsteps hil osteko bilduman agertu zen gero, 2001ean; zenbait antologiatan aurki daiteke, eta horietako agian ezagunena –eta zabalena– John Martin bere betiko editoreak osatutako The Pleasures of the Damned: Poems, 1951-1993 da, Ecco 2007, baduena gaztelaniazko itzulpena, Visor argitaletxean: Los placeres del condenado, 2011 –ez dut frantsesezko ordainik aurkitu–).

Poemak, zer esanik ez, atentzioa eman zidan. Alde batetik, zer ikusirik ez zeukalako McCulllersen heriotzari buruz irakurrita neukanarekin. Eta, bestetik, fabulazio hutsa zela konturatu arren, oso zehatza iruditu zitzaidalako aldi berean; tira, agian «hutsa» hori kendu beharko nuke «fabulazio» hitzaren ondotik.

Izan ere, McCullers ez zen itsasontzi batean hil, New York estatuko Nyack herriko ospitalean baizik, burmuin-hemorragia baten ondorioz, eta koman aste batzuk eman ondoren; haurtzaroko eta gaztaroko Georgia utzi ondoren, Nyackeko etxe batean bizi zen aspalditik –bere amarekin batera, garai batean–. Ez dago dudarik idazlearen alkoholismoak, aipatu bezala, lagunduko zuela amaiera hura azkartzen, baina ezin da esan horrek hil zuenik, ez behintzat bere aspaldiko gaitzek baino neurri handiagoan. Eta egia da, bestalde, ez zela hainbeste eginda zuela, 1967ko martxoan, nahiko egoera kaskarrean eta gorabehera askorekin, Irlandarako bidai bat, John Hustonek gonbidatuta, ospakizun gisa, errodatzen amaitu berria baitzeukan McCullersen Islak begi urrekara batean nobelan oinarritutako pelikula. Baina bidai hura, 1940ko hamarkadan Europara edo Europatik egin zituenak ez bezala, hegazkinez egin zuen, ez transatlantikoz. Eta, edozein modutan ere, ez zen bidaian hil –hura egin izanak osasunarentzako lagungarri izango ez bazitzaion ere–, bost hilabete geroago baizik, 1967ko irailean. McCullersek ezin izan zuen, azkenean, filma muntatuta ikusi.

Bukowskiren poema, beraz, fantasia da guztiz. Eta, hala ere, asmatzen duela esango nuke; azken batean, McCullersen oso zalea zen Bukowski, eta, David Stephen Calonne-k azaltzen duen bezala, Bihotza ehiztari bakartia da bere nobela kutunetako bat zen (cfr. Bukowskiren Ausencia del héroe. Relatos y ensayos inéditos (1946-1992)ren hitzaurrea). Poeman, McCullersek erabilitako bi gai nagusienetako batzuk azpimarratu ondoren –bakardadea/estrainiotasuna, eta maitasuna/maitasunaren desorekak–, Europarako bidaia hainbestetan egin zuen modu «tradizional» bezain «literarioari» erreferentzia eginez, heriotzaren zartako siku eta gupidagabeaz kontziente egiten gaitu poetak, McCullersengandik –eta merezi duen edozein idazlerengandik– geratuko zaiguna azpimarratzeko, azkenean: haren obra alegia. McCullersen heriotza imajinarioa –Bukowskik imajinatutakoa–, McCullersen beraren obra izango balitz bezala aurkezten baitzaigu poeman, azken batean.

Agian tontakeria irudituko zaizue, baina niri, zirkunstantzia haietan, eta McCullersez hainbeste irakurri ondoren, Bukowskiren poemak hunkitu egin ninduen. Besteak beste, fikzioarekin –kasu honetan gezur hutsekin– zenbat egia adierazi daitezkeen erakutsi zidalako, beste behin.

Eta kito, ohar honekin amaitutzat joko dut 2020-21 kurtso latz honetako Oharrak & Hondarrak blogaren jarduera. Eskerrik asko irakurtzeagatik, eta, dena ondo bidean, datorren ikasturtera arte!

[Kafe tristearen baladaren 1963ko Broadway-eko Edward Albee-ren antzerki-egokitzapenaren argazkia, Friedman-Abeles estudioaren eskutik, New Yorkeko liburutegi publikoko erabilera libreko artxibotik hartua].

Zantzu gehiago literatura-osteaz

Aspaldi dakigu idazlearen zereginak literaturatik haraindi (eta honaindi) zabaltzen ari direla etengabe, ekidinezina dela literaturaren disoluziorako jitea. Ezin da bizi literatura idaztetik soilik, eta idazlearen ardurak biderkatzen dira, (auto)promoziora bideratutakoak batez ere. Idaztea ez da, inondik ere, nahikoa.

Ezta, antza denez, idaztetik eta argitaratzetik eroso bizi daitezkeen pribilegiatu gutxientzat ere. Lehengo egunean apokaliptiko ipini ohi nauten “kultura albiste” hoietako batek egin zidan jugularrera salto The Guardian egunkariaren orrialde digitaletatik: Haruki Murakami idazle japoniarrak bere tixerten lerro propioa abiatu du Uniqlo moda enpresa multinazionalaren eskutik; kamiseten iruditeria Murakamiren obran zehar garatutako topikoek daukate oinarri, zer esanik ez.

AMAIERA hurbil dagoela ondorioztatu nuen. Literaturarena, behintzat.

Literatura-ostea zer izango den erakusten diguten zantzuetako bat gehiago zela begitandu zitzaidan. Idazleez (eta idazleekin lotutako merchandisingaz) beteriko mundu bat, baina (zinezko) literaturarik gabekoa.

Gero, hotzean, gauzak hobeto pentsatzeko astia izan nuen, ohi bezala. Alde batetik, Murakamiri diodan tirriatxoak izango zuen zerikusirik, noski, nire erreakzio emozionalegiarekin: lagun ustez liraturzale batek, oso aspaldi, Tokyo blues ezin melengagoa biziki gomendatu zidanetik, ezinezkoa zait sinestea egilea goi literaturaren alorrean kokatuta egon daitekeenik (Nobel sarirako hautagaitza iraunkor eta guzti!), eta ondoren (konfirmazio edo lehen inpresioaren errefutazio bila) egin ditudan saiakera gero eta urriagoetan (hoietako bat euskal militantismo hutsez, Ibon Uribarrik itzulitako eta Ereinek 2009an argitaratutako Gauaren sakonean pastitxe sentimentalari aukera bat eman nionean bezala) nire iritzia berrindartzea baino ez dut lortu. Orduz geroztik literatur munduko bluff nagusienetakoa bihurtu zen niretzat Murakami, sektorean gaizki joan daitezkeen gauza askoren haragitzea. Tokyo blues gomendatu zidan lagun harengan, bestalde, konfiantza (literario) guztia galdu nuen.

Erregea berriro ere biluzik uzten zuela pentsatu nuen ondoren: hain zuzen ere gordetasunaren edo erreklusioaren irudi literarioa hainbeste zaindu bide duen idazle bat halakoetan ibiltzea oso da adierazgarria (are salataria); alde horretatik produktuaren irteraren harira egin zioten “elkarrizketa” promozionalak ez dauka desperdiziorik. Item plus horretarako Uniqlo bezalako enpresa batekin aliatu delarik, hots, Inditex-en edo H&M-ren bertsio japoniarrarekin, zeinaren praktika produktibo eta komertzialak bere lehiakideenak bezain zalantzagarriak baitira.

En fin.

Eta, azkenik, bururatu zitzaidan, hasieran nioen bezala, agian ez dagoela bueltarik, eta halakoetara jo beharko duela, halabeharrez, idazlearen ofizioak, are gehiago azkeneko bi krisiek (2008koak eta covidarenak) klase literarioan (batez ere klase literario ertainean) utzi dituen zaurien ostean.

Eta pentsatzen hasi nintzen, Murakamiren ildoa jarraituz gero, nolako produktuen lerroak sortu edo bultzatu zezaketen euskal idazleek (lan bat zeinetarako, ziur nago, Arantxa Tapiaren sailaren kolaborazio osoa izango bailukete gure literatur izarrek). Burura etorri zitzadan lehenengoa, zalantzarik gabe, Harkaitz Cano izan zen, moda lerro bat garatu zezakeena, nik zer dakit, Loreak Mendian-ekoekin batera, baina ez, bistan denez, tixertena (mesedez), baizik eta alkandora dotoreena, loredun edo paisley estilokoak, miniaturazko motibo caniarrekin (idazmakinak, jazz instrumentuak…). Itxaro Bordak bere gazta marka propioa patrozinatu zezakeen (adibidez, “Nire Bordattotik” izendapenean, %100 Ossau-Irati); Eusko Labeleko produktu berezien errepresentaziorako egokiak izan daitezke, ildo horretan ere, Kirmen Uribe (itsas-kontserbak) edo Bernardo Atxaga (baserriko produktu bukolikoak; mondejuak eta kutsu odoltsuagokoak literatura errural ilun edo noiragoa praktikatu dutenentzat erreserbatu daitezke, Pako Aristi edo Inazio Mujikarentzat adibidez). Miren Agur Meabek edota Alaine Agirrek, autofikziorako daukaten isuria gogoan, eta gainbehera doan gure beira industriaren altxagarri, gorputz osoko edo aurpegirako ispiluen lerro bat bultza zezaketen. Karlos Linazasororen hiperproduktibitate ospetsua Moleskine enpresarentzako erakargarri suerta daiteke, kaieren linea berezi bat sortzeko orduan (erabaki beharko litzateke ea, erabilgarritasuna lehenetsiz, koadernotxoen orriak zuri etorrko liratekeen, ala, sinbolismoari nagusigoa aitortuz, oharrez jadanik beteta salduko liratekeen…). Eta abar.

(Sare sozialen bitartez Aingeru Epaltzak galdetu dit ea zer egin dezake berak, (ustezko) literatur merchandisingaren mundu honetara egokitzeko. Nik aipatu diot Nafar Erresuma Zaharraren inguruko tixertak izan zitezkeela irtenbide bat, bere trilogiaren pertsonaietan oinarrituta, on line saltzeko, edo Nabarralde eta antzekoen saltokietan —izan ere Gasteizko alde zaharrean badago halako produktu nafar-historiko-nostalgiko retrofuturistak saltzen dituen denda bat!—. Beste aukera bat izango litzateke probatzea trekkingerako ekipamendu pertsonalizatuarekin, mendi-joentzako: Epaltza bastoiak, aleazio arinekoak, neoprenoz sendotutako heltzeko uhalekin eta lauburu irarriekin —edo, nafar boto-emaile moderatu geroabaitarra izutu nahi ez badu, eguzki-lore irarriekin…—).

Nik, nire aldetik, eta gauzak dauden bezala, ozpin marka bat garatu beharko nuke, badakit. Berez, gustatuko litzaidakeena Modenako aceto balsamicoaren bat izango litzateke, propio diseinatutako ontzi txiki-dotore berezi horietako batean, noski. Baina zalantza egiten dut ea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak horren internazionalista jokatu, eta halako proiektu baterako kreditu-lerroa zabalduko lidakeen. Susmoa dut, ondoroz, sagardo-ozpineko batekin konformatu beharko nintzatekeela. Bai, 70 zl. edo are litroko botila itsusi horietan saltzen den hori.

Bueno, asmatuko genuke etiketaturako zerbait erakargarria. Edo ez…