Elijah Jorowitz (berreskurapen bat)

[Duela urte dezente, lehenengo El País egunkariaren euskarazko atal aspaldi zenduan, eta, ondoren, bere behin-betiko forman, Itzalak liburuan (Erein, 2004), ipuin hau eman nuen argitara. Gazako zerrendan Israeleko armada egiten ari den sarraskia gogoan, hemen berreskuratzea bururatu zait, keinu hutsala dela jakinda ere. Baina keinu bat da, behintzat]

Elijah Jorowitz

Elijah Jorowitz ezkutatzen bide da René ezizenaren atzean Primo Leviren Hau gizon bat bada lanaren orrialdeetan; hori uste izan dute betidanik, behintzat, haren senideek. Auschwitzeko Lager-aren horrorea hoberen islatu duen liburu eder eta lazgarri horretako ataletako batean, «hautaketa» bat deskribatzen digu Levik: SSek, segundo gutxitan, erabaki behar dute beren aurretik ia korrika igarotzen diren preso biluzietatik zein biziko diren, eta zein joango diren gas-ganbarara. Justu Leviren aurretik pasatu den René horren fitxa ezkerrera bideratu du ofizialak, eta ezkerra heriotza da, giltzapetuek geroago jakingo duten bezala; Levirena eskuinera joango da, eta bizitza esan nahiko du horrek. Levik ez du berriro René ikusiko.

Baina, zaindariak sobornatuz, René hura salbatu zen, eta sarraskitze-esparrutik bizirik atera ahal izan zen; hori diote behintzat Jorowitzen ondorengoek, ziur baitaude Levik kontatzen duenarekin bat datorrela Elijahren ezpainetatik hainbat alditan entzundako istorioa. Tamalez, Elijah Jorowitzek berak ezin izan zuen kontua konfirmatu, liburua irakurri gabe hil baitzen.

Elijah Jorowitz Poloniako Łódź hirikoa zen jatorriz, eta margolaria zen: gerra aurretik erretratuak eta balio eskaseko olio postinpresionistak pintatzen zituen. Auschwitzetik bizirik ateratzea lortu zuen arren, ez zen pertsona bera. Gerra amaitu eta berehala berriro ezkondu zen, kontzentrazio-esparruetako beste preso ohi batekin, eta senar-emazteak Israelera emigratu zuten 1948an; bi haur izan zituzten. Baina Elijah, bere emaztea ez bezala, obsesionatuta zegoen Lager-ean gertatutakoarekin: etengabe ekartzen zuen hizpidera, eta, bizirik atera ziren askok bezala, bere esperientzia kontatzeko premia bizia sentitzen zuen. Makina bat aldiz saiatu zen bere oroitzapenak papereratzen, alferrik baina: 1951n bere buruaz beste egin zuen Haifako bere etxean.

Kontatu behar horrez gain, urte horietan zehar beste grina bat garatu zuen Jorowitzek: behin eta berriro paisaia berbera pintatzeari ekin zion. Auschwitzen bertan izandako ametsetan ikusitako paisaia bide zen: lautada lehor eta zuri bat, eraikinenak izan zitezkeen hondakinez betea, eta argitasun itzela zeruan. Ez zuen leku hori ezagutzen, ziur zegoen, eta egonezin estrainio bat sortzen zion, ametsean ezer berezirik gertatzen ez zen arren: beroaren dirdaia, eta paisaia geldo eta mortu hura –besterik ez. Lagereko esnaldi danteskoarekin alderatuta, amets horrek desiragarria irudi lezake, baina, dena delakoagatik, angustiaz betetzen zuen Elijah. Eta, izan ere, askapenaren ondoren, Elijahk ez zuen erretratu edo koadro postinpresionista gehiagorik egin: margotu ahal izan zuen gauza bakarra Auschwitzeko amesgaiztoetako paisaia hura izan zen, askotariko perspektiba eta angeluetatik, tamaina handiagoan edo txikiagoan, mihisearen zein paperaren gainean, olioz eta akuarelaz eta argizariz, zabarki edo perfekzio osoz; izan ere, azkeneko margoak ia hiperrealistatzat jo daitezke, eta urrutitik argazkiekin nahas daitezke.

Elijahk burututako koadro eta marrazkiak ehunetik gora dira. Gehienak Jorowitztarrek dituzte, Haifako etxeko ganbaran gordeta; bat, handiena, zehatzena, egongela nagusian esekita dago, oroigarri legez. Garai batean saiatu ziren bat edo beste saltzen, baina inork ez zituen erosi nahi. Behinola, koadroetako bat eskuratzekotan egon zen Yad Vashem delakoa, Jerusalemgo Holokaustoaren Oroitzapen Zentroa, baina azkenean proposamena atzera bota zuten, «Lager-ean gertatutakoarekin zerikusi zuzenik ez zuelakoan». Chicagoko Arte Garaikideko museoak tamaina txikiko bat erosi zuen, baina ez da inoiz bilduma iraunkorrean erakutsi.

Elijah Jorowitzen bilobak hemeretzi urte ditu, eta Elijah du izena, aitonak bezala. Israelgo Armadako soldadua da. Armadaren mapetan gorriz azpimarratuta ageri den puntu batera heldu berria da, beste hainbat soldadurekin batera, palestinarren kontrako operazioetan aritutako brigada bat ordezkatzera; ofizialak muino txiki batera igotzeko eta adi egoteko agindua eman dio. Heldu bezain laster konturatu da: lautada lehor eta zuri bat bistaratu du, eraikinen hondakinez betea, eta argitasun itzela zeruan. Etxeko salako koadro handia. Ehunka aldiz ikusitako margo eta marrazkiak. Aitonaren amesgaiztoa.

Jeningo errefuxiatuen eremua zela dio Armadaren Zisjordaniako mapak.

[Argazkia Beit Hanoun-ekoa da, Gazako zerrendako hiri bat, Gaza hiriaren ekialdean. Argazkia azken eraso honetakoa da, eta Yousef Hammash-ena da, Ane Irazabalek bere Twitter kontuan zabaldu bezala. Nire ipuinak, bistan denez, Zisjordaniako Jeningo eremuak 2002an jaso zituen erasoak zituen hizpide. Baina, tristeki, berdin-berdin alda nezakeen, egun, Beit Hanounengatik, Elijah gaztea Elijah zaharraren birbiloba bihurtu ondoren, adibidez].

Idazlearen bikotekidearen betekizunez

Idazleez asko hitz egiten da –gehiegi, ziurrenik–, baina gutxiago haien bikotekideek, edozein genero eta orientaziotakoak direla, izan beharko lituzketen zeregin eta bertuteez. Aurkeztuko dizuedan zerrenda labur hau bide horretan behin-behineko urrats batzuk emateko saiakera bat da, betiere kontuan hartuta ez duela bikotearen egoera zibilaren inguruko aurrejuzkurik egiten, eta aplikagarria litzaiokeela, hedakuntzaz eta pluralaren erabilera egokituz, bikote tradizionaletik harago doazen polimaitasunezko harremanei.

1.- Idazlearen bikotekide idealaren lehenengo betekizuna da idazlearen bikotekide ez izaten saiatzea. Hanif Kureishik gaztigatu zuen bezala: «Ez zaitez sekula ezkondu idazle batekin, haren liburu batean amaituko duzu biluzik!».

Eta balizko bikotekideak, printzipioz, ez zaiola inporta ebatziko balu ere, ez izan zalantzarik: axola izango zaio, noizbait. Agian ez, preseski, idazlearen obran agertzeagatik, baizik eta agertzeko moduagatik: dena baino gaiztoagoa, edo itsusiagoa, edo arruntagoa, ala dena baino onberagoa, edo ederragoa, edo interesgarriagoa. Primo Levik oso ondo azaltzen zuen: «Beti gertatzen da, orri inprimatuan pertsona bizidun bat islatzen saiatzen zarenean, zapuztuko duzu, zure asmoak onenak izan arren. Mundu guztiak du bere buruaren irudi jakin bat. Eta oso arraroa da zure buruaren irudia behatzaile batek deskribatzen duenarekin bat etortzea. Liburuaren irudia mesedegarriena izanda ere, ez da sekula gauza bera».

2.- Hala eta guztiz ere dena delako pertsona hori idazle baten bikotekide bihurtuko balitz –gauza batzuk ezinbestekoak dira–, komenigarria da idazlea ez izatea edo, are gutxiago, idazle bihurtzea, elkarrekin egindako bidean zehar.

Argi dago zaila dela betekizun hau, ondo jakina baita zein endogamikoa den literaturaren mundua. Baina, epe luzera, halako bat etortzeek ez funtzionatzeko txartel dezente dauzkate.

Dela jelosia profesionalak bikotea apurtzera eramango duelako, goizago edo beranduago –idazleak, kapitalismo neoliberalaren printzipioek menderatutako egungo eskeman, behintzat, oso lehiakorrak izan ohi dira, eta apurketarako azalduko dituzten motiboak, ziur, oso bestelakoak izango dira, baina guztietan, ondo arakatuz gero, aurkitu ahal izango da bekaizkeria motaren baten zantzurik–.

Dela, okerragoa dena, ekuazioaren aldagaietako batek bestea partez edo guztiz ezereztuko duelako, literaturaren historiak –literaturaren historia maskulinoak, bereziki– behin eta berriro erakutsi duen bezala, halako harremanek, funtzionatzekotan, mendekotasunetik –ez gutxitan mendekotasun absolututik– egiten baitute, tamalez.

Galde diezaiotela, bestela, Edna O’Brien idazle irlandarrari, jasan behar izan zituenez argi geratu zelarik atzean uzten ari zela Ernest Gébler bere senarra, hala faman nola kalitatean, lehen nobelak argitaratu bezain laster: Gléberrek argi ikusi zuen, eta baita asmatu ere, bera ez zela bigarren edo hirugarren mailako idazle kategoria lortzetik pasako, O’Brien gaztea berarekin ezkondu zenean jada sona pixka bat lortu izandako nobelaren bat idatzita zeukan arren, eta Hollywoodeko zinemarako gidoigintzan aritu bazen ere: hain izan zen gogorra kontua ezen, uneren batean, eta nahiko modu eroan, O’Brienen lehenengo eleberri arrakastatsu horien egile edo ko-egiletzat auto-aldarrikatzera iritsi baitzen, dibortziatu eta denbora batera. Emaitza, edonola ere, argia da: Gléberrez inor gogoratzen bada, egun, une batean bere bidea O’Brienenarekin gurutzatu zelako baino ez da. Bide batez, Gléberren fikziozko erretratu baten berri izan nahi baduzue O’Brienen bigarren nobela irakurtzea besterik ez duzue, 1962ko Girl with Green Eyes (gaztelaniaz Errata Naturae argitaletxean aurki dezakezue, La chica de los ojos verdes izenburupean; frantsesez 1962ko edizio zaharra baizik ez dut topatu, Jeunes filles seules, Presses de la Cité argitaletxekoa). Konfirmatzen duena zerrenda honetako 1. puntua, zer esanik ez: bikotekideak, nahi ala ez, libururen batean amaituko duela, azkenean, edo hasieratik.

3.- Idazlearen bikotekidea haren lagunik onena izaten saiatu beharko litzateke. Beste kontu bat da halako baieztapen orokor batek zer dakarren, zehazki. Idazlearen kritikorik zorrotzena izan beharko litzateke –adibidez, zaborra argitaratzetik babestuko duen lehenengo defentsa-lerroa, kontuan hartuta editoreek ez dutela beti funtzio hori behar bezala betetzen–, hots, egiak aurpegira botako dizkion agente nagusia? Ala leku eta une orotan –giro literarioetan, akademian, prentsan, are, duintasun oro alboratuz, sare sozialetan, troll eta ciberbully saldotxoen buru– bera eta bere obra goraipatu, defendatu eta, injustuki erasotzen dutenean –idazleei beti erasotzen zaie injustuki, jakina den bezala– kontsolatu eta animatu behar du, idazleak egin duena –are tontakeria objektiboki handiena– egin duela?

Irtenbide errazena litzateke esatea, atal honetan, oreka-puntua bilatzean datzala gakoa, noski, in medio estat virtus etab. Baina baita pixka bat iruzurtia ere, neurri batean, “lagunik onena” izaeraren jite partikularrak –zorrozki kritikoa ala neurrigabeki atsegin-emailea– zer ikusia duelako, azken batean, idazleak bilatzen duen –edo desio duen– arrakasta motarekin eta exijentzia mailarekin. Idazleak betiere argi ez daukan zerbait, eta, ondorioz, bikotearen jarrerarekin sekula kontentu ez egotera eramango duena.

4.- Horrekin lotuta, bikotekideak idazlearen lanen lehen irakurlea eta zuzentzailea izan behar al duen ala ez galdetuta, erantzuna izango litzateke: 3. puntuan zehaztutako bikotekide motaren arabera. Atsegin-emaile tipokoa bada nagusiki –best seller, “nobela literario” eta enparauen idazleei gehien komeni zaiena, apika–, egin, egin dezake lan hori, gura badu, baina berdin aurreztu dezake ahalegina. Idazleak behar duena, zuzenketa fasean, irakurle gupidagabe bat delako, oro har: beste motakoa alegia. Nahiz eta, jakina, idazleak ez dituen batere ondo hartuko zuzenketa bihozgabe horiek, bikotekideak txera handienaz eginda ere.

Esan dugu 1. puntuan: ahal dela, ez endredatu idazle batekin.

4.1. Baina, egiten badu, eta bikotekideak egile handiaren obra handiaren atalei zuzenketak egitera behartuta ikusten badu bere burua, behintzat eska diezaiola zerbait trukean, zeinetan haren idazle dohainak benetan eta modu praktiko batean erakutsi ahal izango dituen, azkenik. Atariko bizilagunen komunitatearen aktak, presidentzia egokitzen zaienean, beti-beti-beti idazleak erredaktatzea, seme-alaben eskolako asistentzia-faltetarako oharrak ahalik eta estilo handienarekin idaztea, edo familia-lexikoari dagozkion sukaldeko errezeta kutunak txukun-txukun kopiatzea sukaldeko kaieran. Adibidez, eta besteak beste.

4.2. Bestalde, idazleak betiere kontuan hartu beharko duena zera da, bikotekidea bere obraren kritikari edo zuzentzaile benetan ona baldin bada, nekez moldatu ahal izango dela bera gabe, aurrerantzean, eta, ondorioz, ezingo duela, ebentualki, hartaz banatu edo dibortziatu, nahi izanda ere: gerta daiteke hurrengo bikotekidea horren iaioa ez izatea, langintza horretan. Dibortzio bat bizitzeko aukera guztiak galduko lituzkeelarik, ondorioz, sorkuntzarako horrek ekarriko zituzkeen inspirazio-onura guztiekin batera.

5.- Idazlearen bikotekideak idazleari dagokion guzti-guztia, hala ondasun materialak nola ez-materialak –oroitzapen ahalik eta zehatzenak barne–, ondo-ondo gorde behar du, etorkizunera begira. Idazten duen guztia batez ere: obra argitaratuaren bertsio guztiak, argitaratu gabeko lanak –oso inportantea–, mota guztietako work in progress delakoak…

Ez da derrigorrezkoa, baina komeni dakioke eguneroko zehatz bat eramatea: idazleen egunerokoak ez bezala –nabarmenkeriaren eta alferrikako xehetasunen gordeleku izaten baitira–, idazlearen bikotekideenak oso erabilgarriak izan daitezke.

Idazlea, kasualitatez, nahikoa famatu bihurtuko balitz, bikotekideak haren heriotzaren ostean –edo haren urteengatiko hondamenak posible egiten duenetik– zuzendu eta gobernatuko duen fundazioaren funtsak osatzeko baliatu ahal izango ditu gordekin horiek guztiak. Betiere fundazioak lan asko ematen ez badio, eta hortik gutxieneko etekin batzuk ateratzeko itxaropena badu: karga bat bihurtu behar bada beti egongo da aukera osatutako artxiboa erakunde publikoren edo unibertsitateren bati saltzeko, eta horrekin egile-eskubideek ematen dizkioten etekin zukutsuak biribiltzeko, sikiera.

Eta, idazlea nahikoa famatu bihurtuko ez balitz –ohikoagoa dena–, oso baliagarria izan dakioke intentsitate handiko edo txikiko mendeku-erabileretarako. Adibidez, haserrealdi justifikatu batean gordetzen joan den haren papera eta gauza inportante guztiekin meta bat osatu eta hari su emateko –idazle gehienak asko izorratzen duen ekintza sinbolikoa–. Edo, 4.2 puntuan kontraindikatutako banaketa kasuan, biografia ez-baimendun bat egiteko –separazio/dibortzioaren ondoren, zer esanik ez, bertan behera geratzen da zerrenda honetako 2. puntua–, edo, zertarako lan hori guztia hartu, ohiko gezurmendi literarioetan edota sare sozialetan hari buruzko kaka zabaltzeko, betiere eraginkorragoa suertatuko dena sendo oinarrituta badago –bikotekide ohiak gauzak ondo gorde baditu ezbairik gabe gertatuko den bezala–.

6.- Bikotekideak ez lioke utzi behar idazleari, sekula, idazleen bikotekideen inguruko testurik izkiriatzen, asmo umoristiko eta azalekoenarekin arituta ere, ebidentzian utziko duelako, aldez edo moldez, are fikziozko ariketa bat dela argudiatuta ere. Izan ere, gai horren inguruko testu bat idaztekotan, ez al luke bikotekideak berak egin behar –zerrenda honetako 2. puntuaren aurkakoa izango ez balitz behintzat–?

Edonola ere, idazlearen bikotekideak halako testu baten idazketa eta argitarapena oztopatzea lortuko ez balu, arabera jokatu beharko du.

Eta orain utzi behar zaituztet: ke-usaina dago, zerbait erretzen ari dela iruditzen zait…

[Artikulu hau, pixka bat laburtuta, bi zatitan argitaratu zen Ortzadar gehigarrian, 2023ko martxoaren 11an eta apirilaren 8an. Irudia New Yorkeko Liburutegi Publikoko erabilera libreko bilduma digitaletatik hartu dut]

Literaturaren sentimentalizazioaz

Rafael Chirbesen egunerokoen esaldi batek pentsakor utzi ninduen aurreko batean: «Literatura musika baino askoz ere traketsagoa da nerbioen puntak ukitzeko; beste gauza batzuk ukitzen ditu, lehorragoak, zailduagoak»  –traketsa dena, zer esanik ez, nire itzulpena da, “zailduagoak” ez duelako jasotzen indar betean jatorrizkoaren “correosas” horren izpiritua…–. Uste dut Chirbes ez zegoela oker, eta musikak sentimenduei zuzenean deitu ohi dien moduan, literatura arrazoia izendatzen dugun horretara dagoela bideratuta, nagusiki. Horrek ez du esan nahi, noski, musika ere modu “zerebralean” –“zerebralagoan”– konposatu edota analizatu ezin denik: hortxe dago musika klasikoaren tradizio guztia hori frogatzeko, besteak beste. Baina egia da hitzik gabe, hots, bitartekotzarik gabe, bizkorrago alda diezagukeela aldartea, literaturak baino. Horixe zen, beste modu batean, Milan Kunderak aditzera eman zuena behin: «Musika poesia baino are urrunago joan daiteke, gai baita barne munduko mugimendu sekretuenak antzemateko, hitzarentzat ezin iritsizkoak direnak».

Horregatik ez naute konbentzitzen sobera lan literarioen balioa erabakitzeko orduan sentimendu hutsen aipamenean geratzen diren azalpenak –azalpen, diot, halako gehienek ez daukatelako “analisi” kategoriara jasoak izateko aukerarik–. Ondo dakit arrazoiaren eta sentimenduen arteko hesi betikoak, erlijioek eta filosofiak antzinatik altxatuak, ez daukala, giza portaeraren inguruko azken hamarkadetako ikerketen arabera, horrenbeste zentzurik: pertsonak ez gara, antza denez, uste bezain arrazionalak, edo ez beti behintzat; homo œconomicus delakoaren mitoa, adibidez, hori besterik ez omen da, mito bat. Baina hortik arrazoiaren ideia guztiz albo batera uztera amildegi bat dagoela pentsatzen dut, eta gauza bera azken urteotan emozioen kotizazioa ikaragarri –gehiegi– igo den politikaren alorrari dagokionez, orobat: agian ez genuke gaizki egingo kontzeptua erabiltzen jarraituko bagenu, fikzio bezala sikiera.

Arrazoiaren kontrako mesfidantza ez da gauza berria. Faxismoek ere sustatu zuten, XX. mendeko bigarren laurdenean bizi izan zuten loraldian. Primo Levik gogorarazten zuen nola Mussoliniren Italian arrazoiari izpiritua kontrajartzen zitzaion. Eta azaltzen zuen: «Zer da izpiritua? Izpiritua ez da arima. (…) Izpiritua zerbait ukiezina zen. Susmagarria iruditzen zitzaidan ikusi, entzun eta ukitu ezin zen zerbaiten inguruko tema. (…) Izpirituak gehiago du zerikusia instintuarekin arrazoiarekin baino. Izan ere, arrazoia ez zegoen ondo ikusia, kritikaren erreminta zelako».

Horregatik iruditzen zait, besteak beste, eta zalantzaz betea esaten badut ere, arrazoiaren gailu hori baliagarria izan daitekeela oraindik literatur lanen harrera ebazteko orduan, hots, literatura ona eta ez horren ona banatzean, adibidez. Edo plazera ematen duen eta entretenitzen duen literatura desberdintzean, José Donosok zioenaren ildotik: «Beste arrazoi batengatik irakurtzen dut: plazeragatik –ez ‘entretenitzeko’, ñabardura desberdina baita; nahiago dut mila aldiz aspertu Juan Beneten eleberri magistralak irakurtzen, horrek plazera ematen baitit, Agatha Christie irakurtzen ‘entretenitzea’ baino, ez baitit halakorik batere ematen–».

Horixe frogatu du, poesiari dagokionez behintzat, Vicente Luis Mora poetaren bitartez iritsi zitzaidan ikerketa batek: Floris de Lange neurozientzialari herbeheretarrak erakutsi du nola poesia onaren –hots, konplexutasun minimo bat daukan poesiaren– irakurketan trebatutakoek estres gutxiagorekin gainditzen dituzten ezustekoa bilatzen zuten esperimentu linguistiko batzuk, halakorik egiten ez zutenek baino. Ez litzaidake harrigarria irudituko emaitza horiek beste genero literarioetara zabaldu ahal izatea: duela urte batzuk –honako honen berri Juan Ignacio Perez Iglesiasen bitartez izan nuen– David Comer Kidd eta Emanuele Castano ikerlariek, “Reading Literary Fiction Improves Theory of Mind” Science aldizkariko artikuluan demostratu zuten, beste esperimentu sail batean, fikzio “literarioaren” eta “komertzialagoaren” efektuak alderatuz, lehenengoa irakurtzen zutenek besteen lekuan jartzeko –hots, enpatiarako– ahalmen gehiago garatzen zutela. Hots, literatura onaren askotariko onuren inguruko hipotesiak gero eta oinarri zientifiko zabalagoa duela esan daiteke, alde batetik baino gehiagogatik gainera: ez da jadanik intuizio huts bat.

Horregatik oso eszeptikoa naiz aditzera ematen denean berdin diola zer irakurri, denari atera dakiokeela probetxua, literatura onari, erdipurdikoari eta txarrari, inportanteena irakurtzen dugunak sortzen dizkigun sentimenduak direla. Lan literarioak sentimendu horiek nola sortzen dizkigun aztertzea eta are disekzionatzea posible ez balitz bezala. Ziurrenik –beste– bataila galdu bat da, “Instagram Literatura” gero eta nagusiagoa den aro historiko honetan –hots, liburu baten azalaren argazkiaren + esaldi merkeren baten konbinazioa, batzuetan kritikaren jarduera desplazatu nahi duela ematen duen jarduera hutsal hori–. Baina aitor dut mesfidantza sortzen didatela sentimentalizazio literarioaren aldarrikapen moduko horiek.

Wisława Szymborska poeta poloniarrak, 1996ko Nobel sariak, Bizitza literarioa aldizkariaren sail batean eskutitz irekiak idazten zizkien bertara lanak igortzen zituzten idazlegaiei. Askotan ez ziren iruzkin adeitsuak: Szymborskak bazekien zorrotz eta are gaizto portatzen, beharrezkoa zenean. Kutno delako bati hala erantzun zion behin: «Egia esan, justua eta are miresgarria litzateke sentimenduaren intentsitateak berak bakarrik poemaren balio artistikoa determinatuko balu. Kasu horretan, zalantzarik gabe, Petrarca hutsaren hurrengoa izango litzateke, Bombini izeneko gazte batekin alderatuta, adibidez, Bombini benetan zoratu baitzen maitasunez, Petrarcak, aldiz, metafora ederrak asmatzeko behar zen oreka emozionalari eustea lortu zuen bitartean».

Literaturaren sentimentalizazioaren teamak Bombiniren alde egingo luke, sindudarik gabe, edo agian Bombini eta Petrarcaren alde, biak parekatuz irakurlearen emozio literarioaren izenean. Baina nik uste dut Szymborskak, ohikoa zuen ironiarekin, hori bota zuela pentsatzen zuelako, orobat, literaturak –literatura onak, bederen– beste gauza batzuk ukitzen dituela, sentimendu hutsez gain: Chirbesen gauza lehorrago, zailduago horiek, apustu egingo nuke.

[Artikulu honen bertsio laburragoa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2022ko azaroaren 19an]

Testigantzaren arriskuak (eta mugak)

Noizbait izan dut ausardia aldarrikatzeko Gauzaren –«euskal gatazka» delakoaren– literaturaren alorreko produkzioan ez dakidala ETA indarrean zegoenean baino lan hobeak idatzi eta argitaratuko ote diren, etorkizunean. Azken batean, maisulanen sorkuntza ausazko kontu bat da, zoriarekin lotuta dago, eta nahiz eta ildo horretako lanen ekoizpena handitu ETA osteko –eta Patria osteko– aroan, eta, ondorioz, obren ugaltzearen ugaltze hutsez kalitatearen hazkunde estatistiko bat espero izatekoa den, horrek ez duela ziurtatzen etorriko dena orain artekoa baino ezin ihartuzkoagoa suertatuko denik, maila literarioan. Edonola ere, zehazten nuen, hori hala litzateke fikzioari buruz ari bagara. Eta gehitzen nuen biolentzia politikoa itzali osteko literaturaren ekarpen nabarmenena, ziurrenik, testigantzaren eta memoriaren aldetik etorriko zela, hots, ez-fikziozko literaturatik: denbora-perspektiba laburregiak, beldurrak eta ezin kontatu izanak duela gutxira arte isildutako ahotsen eta istorioen plazaratzetik alegia.

Eta ari dira, tantaka, halako lanak iristen, «kontakizun» dontsuaren sare askotarikoa osatzen lagunduko digutenak. Horien artean batek interes berezia piztu zidan: Karlos Gorrindo idazle eta etakide ohiaren Funanbulistaren beldurra kronika (Erein, 2020; Joseba Sarrionandiaren hitzaurre eta guzti, alajaina). Gorrindo armak Trantsizioaren hasieran, 1970eko hamarraldiaren hondarrean hartu zituenetakoa izan zen, ETA militarraren eta politiko-militarraren arteko zatiketa bere gorenean zegoenean eta «berunezko urteak» ate joka zetozenean. Lehenengo taldekoa zen Gorrindo, eta 1979an atxilotua izan ondorengo hamasei kartzela-urte luzeen kontakizuna da, batik bat, liburua, Puerto eta Herrerako kartzeletako borroka-egunetatik, dispertsioaren garaira artekoak.  Erakundearekiko gero eta zalantzatiagoa agertu eta, une batetik aurrera, bergizarteratzea onartu zuen militanteetako bat izan zen Gorrindo –1996an eman zioten hirugarren gradua–, eta, hori dela eta, EPPKtik egotzia izan zen. Horren guztiaren inguruko narrazioa eta hausnarketa aurkituko nuelakoan, esan bezala, jakin-minez heldu nion liburuari

Eta ezin da ukatu baduela interesa bertan marrazten den oinarrizko militante-ekintzailearen irudiak –marxismoak eta analisi teorikoek baino eskubide nazionalen aldarriak hauspotutako gazte batenak–, kartzelaldi gogorraren kronikak berak, eta erakundearekiko desenkanturako bidearen deskribapenak –eta ETAren zuzendaritzak zein modu txarrean erreakzionatu zuen ondoriozko jarrera kritikoaren aurrean–.

Baina, ai, Funanbulistaren beldurra ez da liburu on bat, eta, tamalez, eskaini dezakeen informazioaren interesa lausotu egiten du egilearen bizipenen eta ildo historikoaren arteko uztarketa ez bereziki argi batek, eta, batez ere, estilo gura demasezkoak: klixe literarioen gehiegizko erabilerak, metafora hanpatuek, bridatu gabeko sentimentalismoak, erredundantziarako joera duten anaforek… Liburuaren irakurgaitasunean traba egiteraino, nire kasuan bederen.

Kronika, autobiografia edota memoria landu nahi luketen liburu bat baino gehiagotan aurkitzen diren oztopoak, esango nuke. Niri gertatu zitzaidan, adibidez, Maite Pagazaurtunduaren Los Pagaza. Historia de una familia vasca leitzean (Ediciones Temas de Hoy, 2004), ETAk egilearen neba Joxeba 2003. urtean erail ondoren idatzia eta, Gorrindorena baino areago, antolaera bereziki aldrebes batek zamatzen duena, marko erretorikoen nahastekak –kronika historikoarena, familia-memoriarena, manifestu politikora jotzeko bulkadarena…– eta, berriz ere, ustezko gorentasun literarioa iristeko gogoak bezainbeste –azken hori, purpurarako jitea duen prosa batekin, hain zuzen ere, Gorrindoren liburuaren kasuan bezala–.

Edo, oso bestelako lan bat aipatzearren, Mikel Sotoren Suak pizten direnean liburuarekin (Elkar 2020), egileak bizi izandako kartzelaldi eta, batik bat, kale borroka urteen kontakizuna egiten duena poesia bide bezala erabiliz. Eta bertan poema eder batzuk aurki daitezkeela aitortzen dudan arren –“Oreinak” izenekoa, esaterako–, liburuak ez nau literarioki konbentzitu, ezta memoria-ariketa gisa ere, egileak azken horri ezarri nahi izan dion armazoi poetikoak, epikotasunaren eta ariketa nostalgikoaren artekoa gehienetan, zamatu egin didalako testigantzaren aldearen jasoera. Hori, alde batera utzita poemak eraikitzeko erabiltzen dituen marko liriko ezberdinek –arestiarrak, atxagatarrak, sarrionandiarrak, montoiatarrak, caniarrak…– piezen eraikuntzan daukaten gehiegizko pisua, egilearen berezko balizko ahotsa itotzeraino.

Beste era batean esanda: zer gertatzen da testigantzari, memoriari esleitutako «literaturak» huts egiten duenean? Galtzen al du balioa? Irakurle honen kasuan, behintzat, bai. Badakit heresia irudituko zaiola askori, oso liburu laudatua delako –horregatik irakurri nuen nik itxaropen handiz, hain justu–, baina horixe bera izan zen nik Ion Arretxe zenaren Intxaurrondo. La sombra del nogal torturaren inguruko testigantza lazgarriarekin izan nuen arazo nagusia (El Garaje, 2015): liburuari darion estilo-nahikari gehiegizkoa –Josu Zabaletak berriki euskaratu duenez, Erein argitaletxeren eskutik, bigarren aukera bat emango diot akaso, itzulpenaren alkimiak, batzuetan, mota honetako liburuak hobetzen dituela ohartu naizelako…–.

Eta horren harira bi kontu etortzen zaizkit burura. Alde batetik, soiltasunak daukan garrantzia, memoriaren gaia lantzeko orduan. Primo Levi-ren Hau gizona bada (1947) famatua hizpidera ekartzea izango litzateke adibiderik errazena, pixka bat tranpa egitea izango ez balitz, soiltasunez landutako estilo hori lortzea ez dagoelako edonoren eskuetan –haren lehenengo liburua izan bazen ere, Auschwitzen igarotako denboraren testigantza emateko beharrak akuilatuta lan hura idazteari ekin zionerako Levi bazen, isilpean bazen ere, idazle bat, handik urte batzuetara plazaratutako Sistema periodikoa ipuin liburuan argi geratzen den bezala–. Ez, adibide hurbilago bat eman nahiko nuke, nazien kontzentrazio- eta suntsipen-esparruen alorraren testimoniozko literaturatik mugitu gabe: Etxahun Galparsororen Bilbao en Mauthausen (Crítica, 2020), zeinetan historialari donostiarrak bere osaba zaharraren Lager-eko oroitzapenak bildu baitzituen –ordu luzeetako grabazio-saioen fruitu–, testuinguru historikoaren berreraikuntza zehatzekin tartekatuz –hura izan zen, transkripzioarekin eta aukeraketa lanarekin, Galparsororen ekarpen nagusia–, erakuskeria erretorikorik egin gabe hain zuzen ere.

Gogora datorkidan bigarren kontuak fikzioaren balioarekin dauka zer ikusia. Eta da ohartu naizela gehiago ikasi nuela etakide baten espetxealdiari buruz Ruben Sanchez Bakaikoaren Hondarrak nobelako Xabier Sanz Xurio Tupa pertsonaiaren bitartez (Txalaparta, 2019), Gorrindoren benetako kartzela-memoriei esker baino –aldeak alde, hots, ETAren belaunaldi ezberdinetako kideak direla kontuan hartuta betiere: Gorrindo, esan bezala, 1970eko hamarraldiaren amaierakoa, eta fikziozko Tupa, gehiago 1980 hamarraldikoa; edonola ere, Sanchezek, fikzionatu arren, ikerketa lan serio batean oinarritu zuen bere pertsonaiaren eraikuntza–. Alde horretatik, kurioski, Maite Pagazaurtunduaren El viudo sensible y otros secretos fikzioen bilduma (Seix Barral, 2005: ipuin asko euskal gatazkaren ingurukoak dira), asebetegarria suertatu ez bazitzaidan ere, hobetzat jotzen dut, ikuspuntu literariotik, huts egindako Los Pagaza «kronika» baino…

Gorago esan dudan bezala, ezerk ez digu ziurtatzen Gizona bere bakardadean, Bizia lo edo Martuteneren maila gaindituko duten lanak sortuko direnik aurrerantzean. Baina Gauzaren inguruko fikzioa idazten jarraituko da, eta horrek bere balioa izango du oraindik ere. Agian ez testigantzek eta oroitzapenek bezainbeste, «Kontakizunaren» berreraikuntzarako premiazkoak izaten jarraituko dutenak inolako zalantzarik gabe. Baina bere lekutxoa ondo gordez, betiere.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko apirilaren 2an, “Zortzi karnaba” izenburupean, aldizkariaren akatsa izan zena, ez baitzegokion batere, bistan denez]