Idazlearen bikotekidearen betekizunez

Idazleez asko hitz egiten da –gehiegi, ziurrenik–, baina gutxiago haien bikotekideek, edozein genero eta orientaziotakoak direla, izan beharko lituzketen zeregin eta bertuteez. Aurkeztuko dizuedan zerrenda labur hau bide horretan behin-behineko urrats batzuk emateko saiakera bat da, betiere kontuan hartuta ez duela bikotearen egoera zibilaren inguruko aurrejuzkurik egiten, eta aplikagarria litzaiokeela, hedakuntzaz eta pluralaren erabilera egokituz, bikote tradizionaletik harago doazen polimaitasunezko harremanei.

1.- Idazlearen bikotekide idealaren lehenengo betekizuna da idazlearen bikotekide ez izaten saiatzea. Hanif Kureishik gaztigatu zuen bezala: «Ez zaitez sekula ezkondu idazle batekin, haren liburu batean amaituko duzu biluzik!».

Eta balizko bikotekideak, printzipioz, ez zaiola inporta ebatziko balu ere, ez izan zalantzarik: axola izango zaio, noizbait. Agian ez, preseski, idazlearen obran agertzeagatik, baizik eta agertzeko moduagatik: dena baino gaiztoagoa, edo itsusiagoa, edo arruntagoa, ala dena baino onberagoa, edo ederragoa, edo interesgarriagoa. Primo Levik oso ondo azaltzen zuen: «Beti gertatzen da, orri inprimatuan pertsona bizidun bat islatzen saiatzen zarenean, zapuztuko duzu, zure asmoak onenak izan arren. Mundu guztiak du bere buruaren irudi jakin bat. Eta oso arraroa da zure buruaren irudia behatzaile batek deskribatzen duenarekin bat etortzea. Liburuaren irudia mesedegarriena izanda ere, ez da sekula gauza bera».

2.- Hala eta guztiz ere dena delako pertsona hori idazle baten bikotekide bihurtuko balitz –gauza batzuk ezinbestekoak dira–, komenigarria da idazlea ez izatea edo, are gutxiago, idazle bihurtzea, elkarrekin egindako bidean zehar.

Argi dago zaila dela betekizun hau, ondo jakina baita zein endogamikoa den literaturaren mundua. Baina, epe luzera, halako bat etortzeek ez funtzionatzeko txartel dezente dauzkate.

Dela jelosia profesionalak bikotea apurtzera eramango duelako, goizago edo beranduago –idazleak, kapitalismo neoliberalaren printzipioek menderatutako egungo eskeman, behintzat, oso lehiakorrak izan ohi dira, eta apurketarako azalduko dituzten motiboak, ziur, oso bestelakoak izango dira, baina guztietan, ondo arakatuz gero, aurkitu ahal izango da bekaizkeria motaren baten zantzurik–.

Dela, okerragoa dena, ekuazioaren aldagaietako batek bestea partez edo guztiz ezereztuko duelako, literaturaren historiak –literaturaren historia maskulinoak, bereziki– behin eta berriro erakutsi duen bezala, halako harremanek, funtzionatzekotan, mendekotasunetik –ez gutxitan mendekotasun absolututik– egiten baitute, tamalez.

Galde diezaiotela, bestela, Edna O’Brien idazle irlandarrari, jasan behar izan zituenez argi geratu zelarik atzean uzten ari zela Ernest Gébler bere senarra, hala faman nola kalitatean, lehen nobelak argitaratu bezain laster: Gléberrek argi ikusi zuen, eta baita asmatu ere, bera ez zela bigarren edo hirugarren mailako idazle kategoria lortzetik pasako, O’Brien gaztea berarekin ezkondu zenean jada sona pixka bat lortu izandako nobelaren bat idatzita zeukan arren, eta Hollywoodeko zinemarako gidoigintzan aritu bazen ere: hain izan zen gogorra kontua ezen, uneren batean, eta nahiko modu eroan, O’Brienen lehenengo eleberri arrakastatsu horien egile edo ko-egiletzat auto-aldarrikatzera iritsi baitzen, dibortziatu eta denbora batera. Emaitza, edonola ere, argia da: Gléberrez inor gogoratzen bada, egun, une batean bere bidea O’Brienenarekin gurutzatu zelako baino ez da. Bide batez, Gléberren fikziozko erretratu baten berri izan nahi baduzue O’Brienen bigarren nobela irakurtzea besterik ez duzue, 1962ko Girl with Green Eyes (gaztelaniaz Errata Naturae argitaletxean aurki dezakezue, La chica de los ojos verdes izenburupean; frantsesez 1962ko edizio zaharra baizik ez dut topatu, Jeunes filles seules, Presses de la Cité argitaletxekoa). Konfirmatzen duena zerrenda honetako 1. puntua, zer esanik ez: bikotekideak, nahi ala ez, libururen batean amaituko duela, azkenean, edo hasieratik.

3.- Idazlearen bikotekidea haren lagunik onena izaten saiatu beharko litzateke. Beste kontu bat da halako baieztapen orokor batek zer dakarren, zehazki. Idazlearen kritikorik zorrotzena izan beharko litzateke –adibidez, zaborra argitaratzetik babestuko duen lehenengo defentsa-lerroa, kontuan hartuta editoreek ez dutela beti funtzio hori behar bezala betetzen–, hots, egiak aurpegira botako dizkion agente nagusia? Ala leku eta une orotan –giro literarioetan, akademian, prentsan, are, duintasun oro alboratuz, sare sozialetan, troll eta ciberbully saldotxoen buru– bera eta bere obra goraipatu, defendatu eta, injustuki erasotzen dutenean –idazleei beti erasotzen zaie injustuki, jakina den bezala– kontsolatu eta animatu behar du, idazleak egin duena –are tontakeria objektiboki handiena– egin duela?

Irtenbide errazena litzateke esatea, atal honetan, oreka-puntua bilatzean datzala gakoa, noski, in medio estat virtus etab. Baina baita pixka bat iruzurtia ere, neurri batean, “lagunik onena” izaeraren jite partikularrak –zorrozki kritikoa ala neurrigabeki atsegin-emailea– zer ikusia duelako, azken batean, idazleak bilatzen duen –edo desio duen– arrakasta motarekin eta exijentzia mailarekin. Idazleak betiere argi ez daukan zerbait, eta, ondorioz, bikotearen jarrerarekin sekula kontentu ez egotera eramango duena.

4.- Horrekin lotuta, bikotekideak idazlearen lanen lehen irakurlea eta zuzentzailea izan behar al duen ala ez galdetuta, erantzuna izango litzateke: 3. puntuan zehaztutako bikotekide motaren arabera. Atsegin-emaile tipokoa bada nagusiki –best seller, “nobela literario” eta enparauen idazleei gehien komeni zaiena, apika–, egin, egin dezake lan hori, gura badu, baina berdin aurreztu dezake ahalegina. Idazleak behar duena, zuzenketa fasean, irakurle gupidagabe bat delako, oro har: beste motakoa alegia. Nahiz eta, jakina, idazleak ez dituen batere ondo hartuko zuzenketa bihozgabe horiek, bikotekideak txera handienaz eginda ere.

Esan dugu 1. puntuan: ahal dela, ez endredatu idazle batekin.

4.1. Baina, egiten badu, eta bikotekideak egile handiaren obra handiaren atalei zuzenketak egitera behartuta ikusten badu bere burua, behintzat eska diezaiola zerbait trukean, zeinetan haren idazle dohainak benetan eta modu praktiko batean erakutsi ahal izango dituen, azkenik. Atariko bizilagunen komunitatearen aktak, presidentzia egokitzen zaienean, beti-beti-beti idazleak erredaktatzea, seme-alaben eskolako asistentzia-faltetarako oharrak ahalik eta estilo handienarekin idaztea, edo familia-lexikoari dagozkion sukaldeko errezeta kutunak txukun-txukun kopiatzea sukaldeko kaieran. Adibidez, eta besteak beste.

4.2. Bestalde, idazleak betiere kontuan hartu beharko duena zera da, bikotekidea bere obraren kritikari edo zuzentzaile benetan ona baldin bada, nekez moldatu ahal izango dela bera gabe, aurrerantzean, eta, ondorioz, ezingo duela, ebentualki, hartaz banatu edo dibortziatu, nahi izanda ere: gerta daiteke hurrengo bikotekidea horren iaioa ez izatea, langintza horretan. Dibortzio bat bizitzeko aukera guztiak galduko lituzkeelarik, ondorioz, sorkuntzarako horrek ekarriko zituzkeen inspirazio-onura guztiekin batera.

5.- Idazlearen bikotekideak idazleari dagokion guzti-guztia, hala ondasun materialak nola ez-materialak –oroitzapen ahalik eta zehatzenak barne–, ondo-ondo gorde behar du, etorkizunera begira. Idazten duen guztia batez ere: obra argitaratuaren bertsio guztiak, argitaratu gabeko lanak –oso inportantea–, mota guztietako work in progress delakoak…

Ez da derrigorrezkoa, baina komeni dakioke eguneroko zehatz bat eramatea: idazleen egunerokoak ez bezala –nabarmenkeriaren eta alferrikako xehetasunen gordeleku izaten baitira–, idazlearen bikotekideenak oso erabilgarriak izan daitezke.

Idazlea, kasualitatez, nahikoa famatu bihurtuko balitz, bikotekideak haren heriotzaren ostean –edo haren urteengatiko hondamenak posible egiten duenetik– zuzendu eta gobernatuko duen fundazioaren funtsak osatzeko baliatu ahal izango ditu gordekin horiek guztiak. Betiere fundazioak lan asko ematen ez badio, eta hortik gutxieneko etekin batzuk ateratzeko itxaropena badu: karga bat bihurtu behar bada beti egongo da aukera osatutako artxiboa erakunde publikoren edo unibertsitateren bati saltzeko, eta horrekin egile-eskubideek ematen dizkioten etekin zukutsuak biribiltzeko, sikiera.

Eta, idazlea nahikoa famatu bihurtuko ez balitz –ohikoagoa dena–, oso baliagarria izan dakioke intentsitate handiko edo txikiko mendeku-erabileretarako. Adibidez, haserrealdi justifikatu batean gordetzen joan den haren papera eta gauza inportante guztiekin meta bat osatu eta hari su emateko –idazle gehienak asko izorratzen duen ekintza sinbolikoa–. Edo, 4.2 puntuan kontraindikatutako banaketa kasuan, biografia ez-baimendun bat egiteko –separazio/dibortzioaren ondoren, zer esanik ez, bertan behera geratzen da zerrenda honetako 2. puntua–, edo, zertarako lan hori guztia hartu, ohiko gezurmendi literarioetan edota sare sozialetan hari buruzko kaka zabaltzeko, betiere eraginkorragoa suertatuko dena sendo oinarrituta badago –bikotekide ohiak gauzak ondo gorde baditu ezbairik gabe gertatuko den bezala–.

6.- Bikotekideak ez lioke utzi behar idazleari, sekula, idazleen bikotekideen inguruko testurik izkiriatzen, asmo umoristiko eta azalekoenarekin arituta ere, ebidentzian utziko duelako, aldez edo moldez, are fikziozko ariketa bat dela argudiatuta ere. Izan ere, gai horren inguruko testu bat idaztekotan, ez al luke bikotekideak berak egin behar –zerrenda honetako 2. puntuaren aurkakoa izango ez balitz behintzat–?

Edonola ere, idazlearen bikotekideak halako testu baten idazketa eta argitarapena oztopatzea lortuko ez balu, arabera jokatu beharko du.

Eta orain utzi behar zaituztet: ke-usaina dago, zerbait erretzen ari dela iruditzen zait…

[Artikulu hau, pixka bat laburtuta, bi zatitan argitaratu zen Ortzadar gehigarrian, 2023ko martxoaren 11an eta apirilaren 8an. Irudia New Yorkeko Liburutegi Publikoko erabilera libreko bilduma digitaletatik hartu dut]