Idazleak Twitterren aritzeko moduen behin-behineko tipologia baterako proposamena (edo tipologia baterako behin-behineko proposamena, hori ere posible da)

Uste dut, Elon Musk usteltzen uzten ari denez, unea heldu dela egun X izena duen, baina, erabiltzaileok, temati, Twitter deitzen jarraitzen dugun sare sozialean idazleen aritzeko moduen inguruko tipologia bat proposatzeko, behingoz. Urteetako perspektiba daukagu honezkero, eta, esan bezala, Twitter noizbait (aurki?) gainbehera betean sartuko den susmoa, beraz, ezin momentu egokiagoa da.

Badago, noski, idazle txiolari Komertziantea, edo, nahiago bada, “profesionala”: bere jarduera zabaltzeko tresna aproposa zela entzun zuen uneren batean (2010ko hamarkadaren erdialdean-edo), eta zorrotz lotu zaio helburu horri, byte bat desbideratu gabe. Hots, ez du inor edo ia inor jarraitzen, ez du inorekin interaktuatzen, norberaren liburuen eta ekitaldien propaganda zabaltzera mugatzen da soilik, txioz txio. Izan ere, horren aldaera bat Twtterreko idazle Robotikoa izango litzateke, gauzatzen dena argitaletxeak edo agente literarioak hartzen duenean idazlearen kontuaren kontrola, are publizitarioagoa bihurtzeko. Agian, nork daki, hori da idazleak Twitterren egoteko modu naturalena, letren errepublika liburuen merkatu bihurtu den aro honetan…

Idazle-txiolari Sakooona, bestalde, bere karreraren ibilbidearen zuzeneko kontakizunari muzin egiten ez badio ere, bereizten da esaldi biribil, solemne, (gehienetan) kriptiko eta totxoak sareratzeagatik, aforismo edo, gutxienez, benazko hausnarketaren forma hartzeko asmo dutenak. Hotz eta motz aritzen da, normalean, eta ez du halakoen inguruko azalpenik ematen (misterioari eusteagatik, eta baita badaezpada ere, sententzia horiek autolaguntzara lerratutako tramoia hutsa izan ohi direla disimulatzeko). Finean, Sakoonak errebotea bilatzen du, birtxiolariek eta datsegileek, osmosiz-edo, ustezko barnatasun horren zati bat bereganatu ahal izango dutelakoan.

Aurreko bi tipoen kasik antonimoa da txiolari literario Hurbil(egi)a, edo “sinpatikoa”, zuzenean edo zeharka egiten dioten erreferentzia guztiei (are ez horren positiboei ere) eskerrak, erantzun adeitsu bat eta birtxioa ematen dizkiena etengabe, astun samarra izateraino. Iradoki bezala, birtxoaren errege-erregina izan ohi da (erreferentziak positiboak direnean noski; horren positiboak ez direnean joera dauka, txiolandiako euskal eremuan bederen, haria “eztabaida garagardo batzuen aurrean jarraitzeko” gonbidapen generikoarekin amaitzeko). Komenigarria izaten da halakoen kontuak zure timelinean isilaraztea liburu berri bat argitaratzen duten bakoitzean, spam-bonbardaketa ekiditeko.

Idazle-txiolari Hurbil(egi) hori izatetik Twitterrekiko Menpekoa edo “jonkia” bihurtzera urrats bat besterik ez dago, maiz. Sarera zertara sartu zen ahaztuta, txiolari porrokatuenen jarduerara lerratzen dena, guztiari buruz iritzia ematen edo iruzkinik xelebre eta hutsalenak botatzeko, nik zer dakit, larunbatero harrikoa egitean entzuten dituen Deutsche Grammophon bildumako diskoen zerrenda emanez, edo are bideo ustez dibertigarriak grabatzeko eta zabaltzeko, skatean txiribueltak ematen, quiche lorraineak kozinatzen edo bandurria jotzen irudikatzen dutenak. Halakoetan zilegi da galdetzea, baiki, zein puntutan uzten zaion idazle izateari, txiolari soil bihurtzeko, batez ere, paraleloki, egilearen ekoizpen literarioan jaitsierarako jite bat nabarmentzen denean, hala kantitatean nola kalitatean.

Setatia deituko dugun txiolari mota hor nonbait kokatzen da, Hurbil(egi)aren eta Menpekoaren artean. Berez ez du hainbeste txio produzitzen, baina, obratu duen iruzkinaren goreneko bertuteez harro-edo, hainbestetan birtxiokatzen du (jatorrizko txioaren birtxioa behin eta berriro deseginez eta atzera txiokatuz lor daitekeena), ezen aurreko biak bezain (astunki) presente egotera iritsi baitaiteke.

Exhibizionista, bestalde, Menpekoaren azpialdaera bat litzateke: bere bizitzaren aspektu hutsalenak dokumentatzera eta erakustera emana ago, hitzez edota modu grafikoan: sukar gastronomikoa sartu bazaio, kozinatzen dituen edo jatetxeetan zerbitzatzen dizkioten plateren argazkiak konpartituz eta iruzkinduz; bidaiari porrokatuak badira, hots, turismoa (literarioa ala ez) erruz praktikatzen badu, paisaia esanguratsuak atzean dituzten selfieak zabalduz. 30 eta 45 urte arteko mota honetako idazle-txiolariak oso astun jartzen dira, gurasoak bilakatuz gero, beren seme-alabek obratzen dituzten ziminokeriekin, batez ere beren aho txikietatik botatzen dituzten “perla” guztiekin, eta behin eta berriro aipatzen dituzte, komatxo artean egoki ezarrita, filosofiaren historia unibertsaleko figura handien esaldiak bailiran, eta ume guztiek, orokorrean, halako ateraldiak ez balituzte bezala, inoiz.

Aurrekoak ez ditugu konfunditu behar, edonola ere, (Auto)Dokumentalista aldaerarekin, azken horrek ez duelako bistatik galtzen zerk ekarri duen sare sozialera, baina muturrera eramaten du, eta bere sorkuntza prozesuaren pauso guzti-guztiak islatzen ditu, ez gutxitan irudiekin, bere profileko argitarapenetan: nola ari den eskuizkribua lumaz txukun-txukun idazten, ondoren testu-prozesatzailera pasatzen, argitaletxeak bidali dizkion galeradak zuzentzen, izenburua edota liburuaren azala aukeratzen (halakoetan, oso demokrata eta partehartzailea, maiz galdetzen dio bere jarraitzaileen komunitateari, botoen bitartez erabakitzeko), eta, jakina, beste idazle batzuek legez, aurkezpenen eta hitzaldien eta abarren berri xehea, xehegia agian emanez. Desmitifikatzaile lana egiten duela esan daiteke, zeren eta, sorkuntza literarioan misteriorik zegoela sinesten bazenuen, halakoak jarraituta ustea burutik kentzea beste erremediorik ez zaizu geratuko, alafede.

Badago, agerian detektatzea zaila den arren, idazle Voyeurra ere: profil faltsu bat dauka, zeinari agian izen-abizen arruntenenak jarri baitizkio, sarean zer egosten den ezkutuan behatzeko helburuarekin sortu duena. Noizean behin bere aldeko aipu eta albisteei datsegit lotsakor bat edo are birtxio bat sakatu diezaieke, baina zuhur jokatuz beti, zeren eta voyeurismoaren benetako profesionalek isiltasun osoan mantentzen baitituzte beren profilak, II. Mundu Gerrako garaian Atlantikoan zebiltzan u-bootak nola: azken finean, halakoen helburu nagusia zinezko idazle arduratsuak direla aldarrikatzea da, sare sozialetan denbora galtzen inola ere ez dabiltzanak. Baina bertan daude, ez izan zalantza izpirik ere.

Mundu literarioko twitterzaleen artean aurki daiteke, ohiko txiolarien artean bezala, Jaramontxo Bilatzailearen figura, noski. Kexu da bere liburuen salmenta txikiaz, edota jardunaldi jakin batzuetara gonbidatzen ez dutelako, edota lekutxo nahikoa egin ez diotelako irakurle kluben eta kongresuen zirkuitoan, edota sari literario jakin bat eraman ez dutelako: finean, bere jardunarekin literaturatik bizitzea zein nekosoa eta heroikoa eta gutxietsita dagoen azpimarratzen saiatzen da. Sakooona motakoaren antzera, esaldi kriptiko eta larriak erabiltzen ditu, batzuetan, bere idazle-Angst guztiz bidegabea ahalik eta modu (bere ustez) literarioenean adierazteko. Jaramontxo Bilatzaileak badu azpialdaera bat, Komertzialarekiko nolabaiteko gurutzaketa baten ondorio izan daitekeena, Kuku Digitalarena alegia: beste idazle ezagun(ago)en hariak, ustekabean bezala (baina modu guztiz antinaturalean, azken finean), aprobetxatzen dituenak autoargitaratutako bere azkeneko maisu- edo maistra-lanaren berriren bat lerratzeko, laudoriozkoa noski (eta ez gutxitan letra larritan iragarria). Agian ohikoagoa da Facebooken, baina Twitterren ere aurki daitezke halako bizkarroi publizitarioen arrastoa.

Txiolari literario Instagramatikoa berrixeagoa da, izen horretako sare sozialaren erabilera batzuen jendarteratzearen ondorio baita, nolabait: liburuen azalak txiokatzeko joera esponentziala erakusten dutenak sar daitezke kategoria horren barruan, besterik gabe edo, gehienez, esalditxo soil batzuez lagunduta, kartsuagoak haren egilearekin zenbat adiskidetuago dagoen neurrian (edo harengandik eta haren ingurunetik faboreren bat lortzeko asmoa badu). Zenbat irakurtzen duen erakusten saiatzen da horrela, eta besteen liburuak ganoraz kritikatzeaz libratu denaren pozaz aritzen da, jo eta ke, langintza horretan. Horren aldaera izan daiteke, ala ez, Photoshopikoarena (ez nago guztiz seguru espeziearen filiazioaz, argi badago ere Instagramen presentzia handiagoa duela, espero izatekoa den bezala, Twitterren baino). Norberaren argazki ahalik eta ederrenak zabaltzen ditu, pose ahalik eta literario edota sentsualenetan; espezialista da, orobat, bere ekitaldi eta aurkezpenen testigantza grafikoak zabaltzen, maiz angelu ezinezkoenetatik hartuak, zein arrakastatsuak eta jendetsuak izan diren erakusteko helburuarekin (errealitatea oso bestelakoa izan badaiteke ere, askotan: hortik angelu estrainio horietako ez gutxi). Laguntzaile fidel eta trebe baten kolaborazioa ezinbestekoa du, bistan denez, hura izango baita selfiea ez diren erretratu guztiak ateratzeko enbaxada asumituko duena. (Sare sozialetako idazle Instagramatikoen eta Photoshopikoen ifrentzua, nolabait, bere liburuen hegaletan eta lan berrien publizitate-kanpainetan duela hamarkada bat edo gehiago atera zizkioten argazki promozionalak erabiltzen jarraitzen duen idazle hori izango litzateke, gero, aurrez aurre aurkitzen duzunean, apenas ezagutzen duzuna, hain zegoen gazte ikusiak zenizkion erretratuetan, eta horren zahartuta egun, zonbien film baterako makillaje-gelatik igaro berria egongo balitz bezala).

DMntoreak, ordea, bizitza bikoitza darama sare sozialean: literatur (eta bestelako) kontuei buruz txio batzuk botatzen ditu, gehienetan nahiko neutralak, arazoetan sartuko ez dituztenak (gehien erabiltzen duen adierazpidea “interesgarri” hitzaren aldaeraren bat izan ohi da, eta datsegit lotsakor batzuk, askoz jota), eta, aldi berean, zuzeneko mezuaren tresnaren (DM, “direct message” delakoaren) bestelako erabilera egiten du. Adibidez, letren munduko beste norbaitek plazaratutako txioak edo argitaratu duen lana goraipatzeko, edota harekiko elkartasuna erakusteko, polemika gaiztoren batean sartu bada. Beti pribatuan, noski, eta Twitterren agerian busti gabe, badakigu-eta jendeak ze zital jokatzen duen bertan…

Nobelagile Sindromedunak, bestalde, ahazten du sare sozialetako jardunak, izatekotan, aforistarenarekin edo ipuinlariarenarekin duela zerikusi handiagoa, luzerari dagokionean bederen, eta bere iritziak eta iruzkinak plazaratzeko zer eta hari amaitezinak osatzeko ohitura izaten du (horren Facebookeko aldaera horman testu hiperluzeak zintzilikatzen dituenarena da, egunkari baterako sakoneko artikulu bat baino zabalagoa, jakina den bezala). Zorionez, hala kasu batean nola bestean, eta hashtaglieverrarenean ez bezala, sare sozialek eurek hura saihesteko modua eskaintzen dizute: haria ez zabaltzearekin, nahikoa eta soberan.

Polemizatzailea, zer esanik ez, presente dagoen figura bat da idazle txiolarien artean (txiolari zibilen artean bezala, alegia): bere obsesio berezien inguruan aipuren bat ikusi ezkero, eta DMntorearen zuhurtasunaren kontrara, ezin du trapura sartzea saihestu, irrigarri geratzeraino maiz; erraz ezagutzen da, dena modu pertsonalean hartzeko joera daukalako, eta “eztabaidan” azken hitza hartzen duelako beti (halakoekin erabiltzen da, maiz, gorago aipatutako “eztabaida garagardo batzuen aurrean jarraituko dugu” formula, hain zuzen ere). Badauka aldaera bitxi bat, Harribotatzailearena, txio polemiko bat plazaratu eta denbora batera (orduak izan daitezke, edo are minutuak) ezabatzen duena; komeni da, halakoren bat detektatu baduzu, eta etorkizunean lotsarazi nahi baduzu, pantaila-irudiak ateratzeko agindua bizkor gobernatzen ikastea, zer gerta ere.

Argudiatu daiteke alde handirik ez dagoela Polemizatzailearen eta Politikoki Ez-Zuzenaren artean, baina nik esango nuke egon, badagoela: Polemizatzailea astun samarra izan daiteke, baina bere asmoa, oro har, zintzoa dela pentsatu dezakegu (ergela, maiz, baina zintzoa), Politikoki Ez Zuzenaren helburua kaka zabaltzea eta nahasmena eragitea den bitartean: zakarra da, nahita, eta mingotsa, berez; Twitterren egoteko modu naturala hori dela uste du (euskal kasuan, joera gisa, ezker abertzale ofizialaren muturren baten edo disidentziaren baten inguruan egon ohi da; espainiar txiobertsoan halakoak ohikoagoak dira zentro-muturrean eta gorripardismoan…). Edozein modutan ere, Politikoki Ez-Zuzena ez da Ziberbullyaren tipotik oso urrun egoten, ezta azken horren biki unibitelino baina anonimo LiteraturTrollarengandik ere, batik bat bere ohore literarioa (edo bestelakoa) zipriztintzen delako susmo minimoa izatera iristen bada: halakoetan Ziberbullytxoen eta (urka)mendietako LiteraturTrollen jarraigo handiago edo txikiagoa, anonimoa ala ez, bere atzetik eraman dezake, erasoan lagun diezaion. Edonola ere, biktimismoaren txapelduna izan ohi da, Daniele Giglioli filosofoak aztertu duen ildoan, Jaramontxo Bilatzailearekin lehia gogorrean.

Hemen zirriborratu ditudanak tipo idealak besterik ez dira, zer esanik ez: aldaera bat baino gehiagoren nahasketak posible eta are ohikoak izan daitezke, sinkronikoki eta baita diakronikoki ere. Kontziente naiz, bestalde, tipo horietako batzuek, nahiz eta idazleengan bereziki ugariak izan, ez dituztela soilik haien portaera espezifikoak islatzen, idazle ez diren txiolari askorenak baizik, orobat: zer egingo diogu ba, idazleak pertsona eta, ondorioz, internauta horren arruntak badira…

Izan ere, proposamen hau, hasieran esan bezala, guztiz behin-behinekoa da: agian bururatuko zaizu, irakurle, bat edo beste gehiago. Gehitu ahal izango diozuna, nahi izanez gero, artikulu hau berehala estekatuko dudan txioari, edo Mastodonen, Instagramen, Facebooken, Blueskyn, Threadsen eta Linkedinen (gutxienez) zabalduko ditudan argitarapenen loturei.

[Artikulu honen bertsio laburragoak Ortzadar gehigarrian eman
ziren argitara, hiru partetan, 2023ko urriaren 25ean, azaroaren 21ean eta abenduaren 16an]

Idazlearen bikotekidearen betekizunez

Idazleez asko hitz egiten da –gehiegi, ziurrenik–, baina gutxiago haien bikotekideek, edozein genero eta orientaziotakoak direla, izan beharko lituzketen zeregin eta bertuteez. Aurkeztuko dizuedan zerrenda labur hau bide horretan behin-behineko urrats batzuk emateko saiakera bat da, betiere kontuan hartuta ez duela bikotearen egoera zibilaren inguruko aurrejuzkurik egiten, eta aplikagarria litzaiokeela, hedakuntzaz eta pluralaren erabilera egokituz, bikote tradizionaletik harago doazen polimaitasunezko harremanei.

1.- Idazlearen bikotekide idealaren lehenengo betekizuna da idazlearen bikotekide ez izaten saiatzea. Hanif Kureishik gaztigatu zuen bezala: «Ez zaitez sekula ezkondu idazle batekin, haren liburu batean amaituko duzu biluzik!».

Eta balizko bikotekideak, printzipioz, ez zaiola inporta ebatziko balu ere, ez izan zalantzarik: axola izango zaio, noizbait. Agian ez, preseski, idazlearen obran agertzeagatik, baizik eta agertzeko moduagatik: dena baino gaiztoagoa, edo itsusiagoa, edo arruntagoa, ala dena baino onberagoa, edo ederragoa, edo interesgarriagoa. Primo Levik oso ondo azaltzen zuen: «Beti gertatzen da, orri inprimatuan pertsona bizidun bat islatzen saiatzen zarenean, zapuztuko duzu, zure asmoak onenak izan arren. Mundu guztiak du bere buruaren irudi jakin bat. Eta oso arraroa da zure buruaren irudia behatzaile batek deskribatzen duenarekin bat etortzea. Liburuaren irudia mesedegarriena izanda ere, ez da sekula gauza bera».

2.- Hala eta guztiz ere dena delako pertsona hori idazle baten bikotekide bihurtuko balitz –gauza batzuk ezinbestekoak dira–, komenigarria da idazlea ez izatea edo, are gutxiago, idazle bihurtzea, elkarrekin egindako bidean zehar.

Argi dago zaila dela betekizun hau, ondo jakina baita zein endogamikoa den literaturaren mundua. Baina, epe luzera, halako bat etortzeek ez funtzionatzeko txartel dezente dauzkate.

Dela jelosia profesionalak bikotea apurtzera eramango duelako, goizago edo beranduago –idazleak, kapitalismo neoliberalaren printzipioek menderatutako egungo eskeman, behintzat, oso lehiakorrak izan ohi dira, eta apurketarako azalduko dituzten motiboak, ziur, oso bestelakoak izango dira, baina guztietan, ondo arakatuz gero, aurkitu ahal izango da bekaizkeria motaren baten zantzurik–.

Dela, okerragoa dena, ekuazioaren aldagaietako batek bestea partez edo guztiz ezereztuko duelako, literaturaren historiak –literaturaren historia maskulinoak, bereziki– behin eta berriro erakutsi duen bezala, halako harremanek, funtzionatzekotan, mendekotasunetik –ez gutxitan mendekotasun absolututik– egiten baitute, tamalez.

Galde diezaiotela, bestela, Edna O’Brien idazle irlandarrari, jasan behar izan zituenez argi geratu zelarik atzean uzten ari zela Ernest Gébler bere senarra, hala faman nola kalitatean, lehen nobelak argitaratu bezain laster: Gléberrek argi ikusi zuen, eta baita asmatu ere, bera ez zela bigarren edo hirugarren mailako idazle kategoria lortzetik pasako, O’Brien gaztea berarekin ezkondu zenean jada sona pixka bat lortu izandako nobelaren bat idatzita zeukan arren, eta Hollywoodeko zinemarako gidoigintzan aritu bazen ere: hain izan zen gogorra kontua ezen, uneren batean, eta nahiko modu eroan, O’Brienen lehenengo eleberri arrakastatsu horien egile edo ko-egiletzat auto-aldarrikatzera iritsi baitzen, dibortziatu eta denbora batera. Emaitza, edonola ere, argia da: Gléberrez inor gogoratzen bada, egun, une batean bere bidea O’Brienenarekin gurutzatu zelako baino ez da. Bide batez, Gléberren fikziozko erretratu baten berri izan nahi baduzue O’Brienen bigarren nobela irakurtzea besterik ez duzue, 1962ko Girl with Green Eyes (gaztelaniaz Errata Naturae argitaletxean aurki dezakezue, La chica de los ojos verdes izenburupean; frantsesez 1962ko edizio zaharra baizik ez dut topatu, Jeunes filles seules, Presses de la Cité argitaletxekoa). Konfirmatzen duena zerrenda honetako 1. puntua, zer esanik ez: bikotekideak, nahi ala ez, libururen batean amaituko duela, azkenean, edo hasieratik.

3.- Idazlearen bikotekidea haren lagunik onena izaten saiatu beharko litzateke. Beste kontu bat da halako baieztapen orokor batek zer dakarren, zehazki. Idazlearen kritikorik zorrotzena izan beharko litzateke –adibidez, zaborra argitaratzetik babestuko duen lehenengo defentsa-lerroa, kontuan hartuta editoreek ez dutela beti funtzio hori behar bezala betetzen–, hots, egiak aurpegira botako dizkion agente nagusia? Ala leku eta une orotan –giro literarioetan, akademian, prentsan, are, duintasun oro alboratuz, sare sozialetan, troll eta ciberbully saldotxoen buru– bera eta bere obra goraipatu, defendatu eta, injustuki erasotzen dutenean –idazleei beti erasotzen zaie injustuki, jakina den bezala– kontsolatu eta animatu behar du, idazleak egin duena –are tontakeria objektiboki handiena– egin duela?

Irtenbide errazena litzateke esatea, atal honetan, oreka-puntua bilatzean datzala gakoa, noski, in medio estat virtus etab. Baina baita pixka bat iruzurtia ere, neurri batean, “lagunik onena” izaeraren jite partikularrak –zorrozki kritikoa ala neurrigabeki atsegin-emailea– zer ikusia duelako, azken batean, idazleak bilatzen duen –edo desio duen– arrakasta motarekin eta exijentzia mailarekin. Idazleak betiere argi ez daukan zerbait, eta, ondorioz, bikotearen jarrerarekin sekula kontentu ez egotera eramango duena.

4.- Horrekin lotuta, bikotekideak idazlearen lanen lehen irakurlea eta zuzentzailea izan behar al duen ala ez galdetuta, erantzuna izango litzateke: 3. puntuan zehaztutako bikotekide motaren arabera. Atsegin-emaile tipokoa bada nagusiki –best seller, “nobela literario” eta enparauen idazleei gehien komeni zaiena, apika–, egin, egin dezake lan hori, gura badu, baina berdin aurreztu dezake ahalegina. Idazleak behar duena, zuzenketa fasean, irakurle gupidagabe bat delako, oro har: beste motakoa alegia. Nahiz eta, jakina, idazleak ez dituen batere ondo hartuko zuzenketa bihozgabe horiek, bikotekideak txera handienaz eginda ere.

Esan dugu 1. puntuan: ahal dela, ez endredatu idazle batekin.

4.1. Baina, egiten badu, eta bikotekideak egile handiaren obra handiaren atalei zuzenketak egitera behartuta ikusten badu bere burua, behintzat eska diezaiola zerbait trukean, zeinetan haren idazle dohainak benetan eta modu praktiko batean erakutsi ahal izango dituen, azkenik. Atariko bizilagunen komunitatearen aktak, presidentzia egokitzen zaienean, beti-beti-beti idazleak erredaktatzea, seme-alaben eskolako asistentzia-faltetarako oharrak ahalik eta estilo handienarekin idaztea, edo familia-lexikoari dagozkion sukaldeko errezeta kutunak txukun-txukun kopiatzea sukaldeko kaieran. Adibidez, eta besteak beste.

4.2. Bestalde, idazleak betiere kontuan hartu beharko duena zera da, bikotekidea bere obraren kritikari edo zuzentzaile benetan ona baldin bada, nekez moldatu ahal izango dela bera gabe, aurrerantzean, eta, ondorioz, ezingo duela, ebentualki, hartaz banatu edo dibortziatu, nahi izanda ere: gerta daiteke hurrengo bikotekidea horren iaioa ez izatea, langintza horretan. Dibortzio bat bizitzeko aukera guztiak galduko lituzkeelarik, ondorioz, sorkuntzarako horrek ekarriko zituzkeen inspirazio-onura guztiekin batera.

5.- Idazlearen bikotekideak idazleari dagokion guzti-guztia, hala ondasun materialak nola ez-materialak –oroitzapen ahalik eta zehatzenak barne–, ondo-ondo gorde behar du, etorkizunera begira. Idazten duen guztia batez ere: obra argitaratuaren bertsio guztiak, argitaratu gabeko lanak –oso inportantea–, mota guztietako work in progress delakoak…

Ez da derrigorrezkoa, baina komeni dakioke eguneroko zehatz bat eramatea: idazleen egunerokoak ez bezala –nabarmenkeriaren eta alferrikako xehetasunen gordeleku izaten baitira–, idazlearen bikotekideenak oso erabilgarriak izan daitezke.

Idazlea, kasualitatez, nahikoa famatu bihurtuko balitz, bikotekideak haren heriotzaren ostean –edo haren urteengatiko hondamenak posible egiten duenetik– zuzendu eta gobernatuko duen fundazioaren funtsak osatzeko baliatu ahal izango ditu gordekin horiek guztiak. Betiere fundazioak lan asko ematen ez badio, eta hortik gutxieneko etekin batzuk ateratzeko itxaropena badu: karga bat bihurtu behar bada beti egongo da aukera osatutako artxiboa erakunde publikoren edo unibertsitateren bati saltzeko, eta horrekin egile-eskubideek ematen dizkioten etekin zukutsuak biribiltzeko, sikiera.

Eta, idazlea nahikoa famatu bihurtuko ez balitz –ohikoagoa dena–, oso baliagarria izan dakioke intentsitate handiko edo txikiko mendeku-erabileretarako. Adibidez, haserrealdi justifikatu batean gordetzen joan den haren papera eta gauza inportante guztiekin meta bat osatu eta hari su emateko –idazle gehienak asko izorratzen duen ekintza sinbolikoa–. Edo, 4.2 puntuan kontraindikatutako banaketa kasuan, biografia ez-baimendun bat egiteko –separazio/dibortzioaren ondoren, zer esanik ez, bertan behera geratzen da zerrenda honetako 2. puntua–, edo, zertarako lan hori guztia hartu, ohiko gezurmendi literarioetan edota sare sozialetan hari buruzko kaka zabaltzeko, betiere eraginkorragoa suertatuko dena sendo oinarrituta badago –bikotekide ohiak gauzak ondo gorde baditu ezbairik gabe gertatuko den bezala–.

6.- Bikotekideak ez lioke utzi behar idazleari, sekula, idazleen bikotekideen inguruko testurik izkiriatzen, asmo umoristiko eta azalekoenarekin arituta ere, ebidentzian utziko duelako, aldez edo moldez, are fikziozko ariketa bat dela argudiatuta ere. Izan ere, gai horren inguruko testu bat idaztekotan, ez al luke bikotekideak berak egin behar –zerrenda honetako 2. puntuaren aurkakoa izango ez balitz behintzat–?

Edonola ere, idazlearen bikotekideak halako testu baten idazketa eta argitarapena oztopatzea lortuko ez balu, arabera jokatu beharko du.

Eta orain utzi behar zaituztet: ke-usaina dago, zerbait erretzen ari dela iruditzen zait…

[Artikulu hau, pixka bat laburtuta, bi zatitan argitaratu zen Ortzadar gehigarrian, 2023ko martxoaren 11an eta apirilaren 8an. Irudia New Yorkeko Liburutegi Publikoko erabilera libreko bilduma digitaletatik hartu dut]

Euskal idazleok euskal idazleez, ez

Euskal idazle batek kontatu zidan duela gutxi txistea (eta, koherentzia pixka bat mantentzearren, ezin dut hemen bere izena aitortu, jakina). Hala zioen: “Nola hauteman zein den euskal idazlea literatura minorizatuen arteko kongresu edo jardunaldi bateko beste guztien artean? Erraza: bere aberriko edo hizkuntzako beste idazleez hitz erdirik ere esaten ez duen bakarra izango da”.

Ados, ez dakit komentarioak txiste izena merezi duenik ere. Agian oharpen bat besterik ez da, hiperbole bitartez funtzionatzen duena. Baina onartu behar da baduela oinarririk, eta nire inpresioarekin bat egiten zuela, oro har: euskal idazleok, hortik zehar ibiltzen garenean, ez gara bereziki eskuzabalak bizirik dauden gure kideak aipatzeko orduan, eta hildakoren baten erreferentzia egiten dugunean ere (horren lagungarria suertatu ohi den Gabriel Arestirena, adibidez) kontu handiz jokatzen dugu, urruneko idazle hura zonbi baten gisa bere hilobitik altxatu eta guri itzal egitera etorri ahal izango balitz bezala. Edonola ere, erantzun nion txistea kontatu zidan idazle hari, halakoak gure literaturaren garapenaren seinale gisa ulertu behar dira: literatura handi eta egonkortuetako idazleek sekula ez dute hitz egiten, edo oso gutxitan, beren lehiakideez, are gutxiago literatura nazionalen arteko enkontru batean, zeinetan helburu nagusia, esan gabe doa, literatura horren ordezkari posible bakartzat agertzea izaten baita maiz. Ez litzateke, beraz, euskal literaturaren atzerakuntza seinale bat izango, paradoxikoki, aurrerabidearena baizik.

Kontu hori gogorarazi didate bi gertakari hurbilek. Alde batetik, Berria egunkarian joan den udan argitaratutako erreportaje sorta interesgarri bat, “Liburutegi intimoak” izenburupean; bertan, hainbat euskal sortzaileren biblioteka pertsonalen berri ematen zitzaigun (Igor Elortza, Amaia Zubiria, Jon Garaño, Unai Elorriaga, Miren Gaztañaga eta Asisko Urmenetarena). Asmatzen zein izan zen, horien guztien artean, testu nagusian euskal liburu bakar bat ere aipatu ez zuena? Ba bai: Unai Elorriaga, zerrendako idazlea; beste guztiek, luzeago edo laburrago, beren liburutegi pertsonaletako euskal aleei errepasoa egiten zieten. Bueno, ez naiz egia osoa esaten ari, Elorriagak bai aipatzen zuelako euskal liburu bat, galdera laburren laukitxoan: hain zuzen ere norbaiti maileguan eman eta itzuli ez zioten bat, hots, bere liburutegian jada ez dagoen bat, Manu militari (Joxe Austin Arrietarena, gehitzen dut nik).

Ez dut honekin Elorriaga edo hari egindako erreportajea gaitzetsi nahi inola ere; kontrakoa, saileko kitzikagarrienetakoa iruditu zitzaidan, eta ez soilik botatzen zuen “bonbazo literarioagatik” (profesional izateari utziko diola: literatura handiago batean artikulu eta zutabe mordoxka eragingo zuen albistea…), baizik eta idazlearen lan egiteko moduaren eta bere hurrengo proiektuaren inguruan ematen zituen pistengatik. Baina, post honen gaiarekin lotuta, esanguratsua iruditu zitzaidan (nahiz eta onartzen dudan agian kazetariaren laburpen lanaren arazoa izan daitekeela…).

Beste gertakaria duela gutxi aurkeztutako lan bati dagokio, Irati Jimenezek bildutako Aiztoa eta arkatza. Idazteari buruzko idazleen aholkuak (autolaguntza gida) liburuari alegia (Txalaparta 2013). Bertan, idazkuntzaren inguruko hainbat aholku eta aipu biltzen dira, idazle famatuek egindakoak, eta idazle horietako batzuen biografiek eta Antton Olariagaren marrazkiek lagunduta. Hau ere, testu nagusiarengatik, oso liburu gozagarria, bide batez esanda; baina ez dut horregatik ekarri hona. Kontua da hemen ere pauta berdinarekin  egiten dugula topo: euskal idazleen aipurik bat ere ez (Harkaitz Canoren hitzaurreak ez dit balio, alde horretatik, alibi gisa). Aurkezpenean bertan, prebentiboki, horretaz mintzatu zen liburuaren apailatzailea: «Euskal idazleek ere nolabaiteko aholku idatziak egin dituzten peskizan ibili da Irati Jimenez, baina ez du halakorik aurkitu: ‘Dirudienez, oso joera anglo-a da. Guri lotsa-edo ematen digu’».

Seguru asko horretara bideratutako euskal liburu edo zerrenda osoen faltaz ari da Jimenez: egia da ez daudela Nola idatzi nobela bat edo Poema bat osatzeko argibideak bezalako izenburuak, nik dakidala, euskal literaturan (horretara hurbiltzen den agian bakarra, baina ez horregatik baztergarria, Mikel Hernandez Abaituaren Narrazio tailerra liburua da, Erein 2011). Edozein modutan ere, halakoen ugaritasun anglosaxoiaz (eta, batik bat, estatubatuarraz) ez dut uste gehiegi harritu gaitezkeenik (edo arrazaren izpiritua bezalako kausa nebuloso bati egotzi diezaiokegunik, besterik gabe): normala iruditzen zait halakorik gertatzea literaturaren komertzializazioa gailurrera eraman duen kapitalismo garaikidearen muinean. Eta, ondorioz, mota horretako eskuliburu eta zerrenda gehienak handik etortzea.

Arazoa da idazle “angloekin” batera (edo gehiago/gutxiago “literatura” komertzialaren eremuan mugitzen direnekin batera) badaudela beste batzuk, Flaubert, Baudelaire, Borges, Txekhov edo Plutarko bezala, oso jatorri, garai eta joera desberdinetakoak. Haien (eta idazle anglosaxoien) aipuetako asko, labur-laburrak, liburuaren amaieran kokatuak. Eta iruditzen zait ahalegin pixka bat egin ezkero agian ez litzatekeela horren zaila izango bertan egile euskaldun batzuenak txertatzea. Hor dago, hasteko, mota horretako euskal testurik agian erreferentzialena, Bernardo Atxagaren “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra, eta adibide bat” (Obabakoak, 1988). Eta seguru aurki daitezkeela bat baino gehiago, eta ez nolanahikoak, Anjel Lertxundiren saiakeretan, Mentura dugun artean (2001) eta Eskarmentuaren paperak (2009) izenburukoetan batez ere. Eta ez al genituzke topatuko bat edo beste gehiago Jon Alonsoren Agur, Darwin, eta beste arkeologia batzukAstrolabioa edo Umoreari buruzko gogoeta liburuetan? Edo Joseba Sarrionandiaren Hitzen ondoezan? Edo Juan Kruz Igerabideren Herrenaren arrastoan? Edo Joxemari Iturralderen Kaleidoskopioan? Edo Inma Errearen Literatura eta harrikoan? Edo Patxi Zubizarretaren Pospolo kaxa batean bezalan? Edo Fermin Erbitiren Hiru koaderno txikin? Edo Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaoren pasarte metaliterarioenetan? Edo Karlos Linazasororen lan aforistikoan? Edo Harkaitz Canoren Zinea eta literaturan? Edo Bost idazle edo Zortzi unibertso, zortzi idazle elkarrizketa liburuetan? Besteak beste, bururatzen zait, eta armiarma.com-eko aldizkarien gordailu zabalera jo gabe.

Nik guztietan egin dut, egunotan, sartu-irten bat, eta ia guztietan aurkitu dut idaztearen edo idazletzaren inguruko esaldi, aipu edo txinpartaren bat; are Angel Errorenak bezalako poema liburuetan topatu daiteke halakorik, literaturaren definizio hau bezala: “Hitzetan ezin dena, hitzetan nahi izana” (hona berriro ere ez ekartzearren Eta Harkadian niko X. epigrama hiperustiatua…). Batzuk gehiago gustatu zaizkit, beste batzuk gutxiago, eta litekeena da niri egoki iruditu zaizkidan asko ez zituzkeela Jimenezek hautatuko. Baina ziur nago bat, gutxienez, kausituko zuela, eta bere bildumara ekarriko, laburren atalean.

Edo agian oker nago, eta sartu du gure eremu literarioko bat edo beste (are berea den bat), idazle atzerritarren baten izen-abizenen mozorropean: azken finean, ezaguna den bezala, hortik zehar dabiltzan aipu gehienak apokrifoak dira. Izan ere, Anatole Francek zioenez (edo Téophile Gautierrek, biei esleitu baitzaie esaldia: ziurrenik ez da batarena, ez bestearena ere izango), “Zoria da Jaungoikoak erabiltzen duen ezizena, sinatu nahi ez duenetan”.

[Fox writing with a quill pen.]