Idazleak Twitterren aritzeko moduen behin-behineko tipologia baterako proposamena (edo tipologia baterako behin-behineko proposamena, hori ere posible da)

Uste dut, Elon Musk usteltzen uzten ari denez, unea heldu dela egun X izena duen, baina, erabiltzaileok, temati, Twitter deitzen jarraitzen dugun sare sozialean idazleen aritzeko moduen inguruko tipologia bat proposatzeko, behingoz. Urteetako perspektiba daukagu honezkero, eta, esan bezala, Twitter noizbait (aurki?) gainbehera betean sartuko den susmoa, beraz, ezin momentu egokiagoa da.

Badago, noski, idazle txiolari Komertziantea, edo, nahiago bada, “profesionala”: bere jarduera zabaltzeko tresna aproposa zela entzun zuen uneren batean (2010ko hamarkadaren erdialdean-edo), eta zorrotz lotu zaio helburu horri, byte bat desbideratu gabe. Hots, ez du inor edo ia inor jarraitzen, ez du inorekin interaktuatzen, norberaren liburuen eta ekitaldien propaganda zabaltzera mugatzen da soilik, txioz txio. Izan ere, horren aldaera bat Twtterreko idazle Robotikoa izango litzateke, gauzatzen dena argitaletxeak edo agente literarioak hartzen duenean idazlearen kontuaren kontrola, are publizitarioagoa bihurtzeko. Agian, nork daki, hori da idazleak Twitterren egoteko modu naturalena, letren errepublika liburuen merkatu bihurtu den aro honetan…

Idazle-txiolari Sakooona, bestalde, bere karreraren ibilbidearen zuzeneko kontakizunari muzin egiten ez badio ere, bereizten da esaldi biribil, solemne, (gehienetan) kriptiko eta totxoak sareratzeagatik, aforismo edo, gutxienez, benazko hausnarketaren forma hartzeko asmo dutenak. Hotz eta motz aritzen da, normalean, eta ez du halakoen inguruko azalpenik ematen (misterioari eusteagatik, eta baita badaezpada ere, sententzia horiek autolaguntzara lerratutako tramoia hutsa izan ohi direla disimulatzeko). Finean, Sakoonak errebotea bilatzen du, birtxiolariek eta datsegileek, osmosiz-edo, ustezko barnatasun horren zati bat bereganatu ahal izango dutelakoan.

Aurreko bi tipoen kasik antonimoa da txiolari literario Hurbil(egi)a, edo “sinpatikoa”, zuzenean edo zeharka egiten dioten erreferentzia guztiei (are ez horren positiboei ere) eskerrak, erantzun adeitsu bat eta birtxioa ematen dizkiena etengabe, astun samarra izateraino. Iradoki bezala, birtxoaren errege-erregina izan ohi da (erreferentziak positiboak direnean noski; horren positiboak ez direnean joera dauka, txiolandiako euskal eremuan bederen, haria “eztabaida garagardo batzuen aurrean jarraitzeko” gonbidapen generikoarekin amaitzeko). Komenigarria izaten da halakoen kontuak zure timelinean isilaraztea liburu berri bat argitaratzen duten bakoitzean, spam-bonbardaketa ekiditeko.

Idazle-txiolari Hurbil(egi) hori izatetik Twitterrekiko Menpekoa edo “jonkia” bihurtzera urrats bat besterik ez dago, maiz. Sarera zertara sartu zen ahaztuta, txiolari porrokatuenen jarduerara lerratzen dena, guztiari buruz iritzia ematen edo iruzkinik xelebre eta hutsalenak botatzeko, nik zer dakit, larunbatero harrikoa egitean entzuten dituen Deutsche Grammophon bildumako diskoen zerrenda emanez, edo are bideo ustez dibertigarriak grabatzeko eta zabaltzeko, skatean txiribueltak ematen, quiche lorraineak kozinatzen edo bandurria jotzen irudikatzen dutenak. Halakoetan zilegi da galdetzea, baiki, zein puntutan uzten zaion idazle izateari, txiolari soil bihurtzeko, batez ere, paraleloki, egilearen ekoizpen literarioan jaitsierarako jite bat nabarmentzen denean, hala kantitatean nola kalitatean.

Setatia deituko dugun txiolari mota hor nonbait kokatzen da, Hurbil(egi)aren eta Menpekoaren artean. Berez ez du hainbeste txio produzitzen, baina, obratu duen iruzkinaren goreneko bertuteez harro-edo, hainbestetan birtxiokatzen du (jatorrizko txioaren birtxioa behin eta berriro deseginez eta atzera txiokatuz lor daitekeena), ezen aurreko biak bezain (astunki) presente egotera iritsi baitaiteke.

Exhibizionista, bestalde, Menpekoaren azpialdaera bat litzateke: bere bizitzaren aspektu hutsalenak dokumentatzera eta erakustera emana ago, hitzez edota modu grafikoan: sukar gastronomikoa sartu bazaio, kozinatzen dituen edo jatetxeetan zerbitzatzen dizkioten plateren argazkiak konpartituz eta iruzkinduz; bidaiari porrokatuak badira, hots, turismoa (literarioa ala ez) erruz praktikatzen badu, paisaia esanguratsuak atzean dituzten selfieak zabalduz. 30 eta 45 urte arteko mota honetako idazle-txiolariak oso astun jartzen dira, gurasoak bilakatuz gero, beren seme-alabek obratzen dituzten ziminokeriekin, batez ere beren aho txikietatik botatzen dituzten “perla” guztiekin, eta behin eta berriro aipatzen dituzte, komatxo artean egoki ezarrita, filosofiaren historia unibertsaleko figura handien esaldiak bailiran, eta ume guztiek, orokorrean, halako ateraldiak ez balituzte bezala, inoiz.

Aurrekoak ez ditugu konfunditu behar, edonola ere, (Auto)Dokumentalista aldaerarekin, azken horrek ez duelako bistatik galtzen zerk ekarri duen sare sozialera, baina muturrera eramaten du, eta bere sorkuntza prozesuaren pauso guzti-guztiak islatzen ditu, ez gutxitan irudiekin, bere profileko argitarapenetan: nola ari den eskuizkribua lumaz txukun-txukun idazten, ondoren testu-prozesatzailera pasatzen, argitaletxeak bidali dizkion galeradak zuzentzen, izenburua edota liburuaren azala aukeratzen (halakoetan, oso demokrata eta partehartzailea, maiz galdetzen dio bere jarraitzaileen komunitateari, botoen bitartez erabakitzeko), eta, jakina, beste idazle batzuek legez, aurkezpenen eta hitzaldien eta abarren berri xehea, xehegia agian emanez. Desmitifikatzaile lana egiten duela esan daiteke, zeren eta, sorkuntza literarioan misteriorik zegoela sinesten bazenuen, halakoak jarraituta ustea burutik kentzea beste erremediorik ez zaizu geratuko, alafede.

Badago, agerian detektatzea zaila den arren, idazle Voyeurra ere: profil faltsu bat dauka, zeinari agian izen-abizen arruntenenak jarri baitizkio, sarean zer egosten den ezkutuan behatzeko helburuarekin sortu duena. Noizean behin bere aldeko aipu eta albisteei datsegit lotsakor bat edo are birtxio bat sakatu diezaieke, baina zuhur jokatuz beti, zeren eta voyeurismoaren benetako profesionalek isiltasun osoan mantentzen baitituzte beren profilak, II. Mundu Gerrako garaian Atlantikoan zebiltzan u-bootak nola: azken finean, halakoen helburu nagusia zinezko idazle arduratsuak direla aldarrikatzea da, sare sozialetan denbora galtzen inola ere ez dabiltzanak. Baina bertan daude, ez izan zalantza izpirik ere.

Mundu literarioko twitterzaleen artean aurki daiteke, ohiko txiolarien artean bezala, Jaramontxo Bilatzailearen figura, noski. Kexu da bere liburuen salmenta txikiaz, edota jardunaldi jakin batzuetara gonbidatzen ez dutelako, edota lekutxo nahikoa egin ez diotelako irakurle kluben eta kongresuen zirkuitoan, edota sari literario jakin bat eraman ez dutelako: finean, bere jardunarekin literaturatik bizitzea zein nekosoa eta heroikoa eta gutxietsita dagoen azpimarratzen saiatzen da. Sakooona motakoaren antzera, esaldi kriptiko eta larriak erabiltzen ditu, batzuetan, bere idazle-Angst guztiz bidegabea ahalik eta modu (bere ustez) literarioenean adierazteko. Jaramontxo Bilatzaileak badu azpialdaera bat, Komertzialarekiko nolabaiteko gurutzaketa baten ondorio izan daitekeena, Kuku Digitalarena alegia: beste idazle ezagun(ago)en hariak, ustekabean bezala (baina modu guztiz antinaturalean, azken finean), aprobetxatzen dituenak autoargitaratutako bere azkeneko maisu- edo maistra-lanaren berriren bat lerratzeko, laudoriozkoa noski (eta ez gutxitan letra larritan iragarria). Agian ohikoagoa da Facebooken, baina Twitterren ere aurki daitezke halako bizkarroi publizitarioen arrastoa.

Txiolari literario Instagramatikoa berrixeagoa da, izen horretako sare sozialaren erabilera batzuen jendarteratzearen ondorio baita, nolabait: liburuen azalak txiokatzeko joera esponentziala erakusten dutenak sar daitezke kategoria horren barruan, besterik gabe edo, gehienez, esalditxo soil batzuez lagunduta, kartsuagoak haren egilearekin zenbat adiskidetuago dagoen neurrian (edo harengandik eta haren ingurunetik faboreren bat lortzeko asmoa badu). Zenbat irakurtzen duen erakusten saiatzen da horrela, eta besteen liburuak ganoraz kritikatzeaz libratu denaren pozaz aritzen da, jo eta ke, langintza horretan. Horren aldaera izan daiteke, ala ez, Photoshopikoarena (ez nago guztiz seguru espeziearen filiazioaz, argi badago ere Instagramen presentzia handiagoa duela, espero izatekoa den bezala, Twitterren baino). Norberaren argazki ahalik eta ederrenak zabaltzen ditu, pose ahalik eta literario edota sentsualenetan; espezialista da, orobat, bere ekitaldi eta aurkezpenen testigantza grafikoak zabaltzen, maiz angelu ezinezkoenetatik hartuak, zein arrakastatsuak eta jendetsuak izan diren erakusteko helburuarekin (errealitatea oso bestelakoa izan badaiteke ere, askotan: hortik angelu estrainio horietako ez gutxi). Laguntzaile fidel eta trebe baten kolaborazioa ezinbestekoa du, bistan denez, hura izango baita selfiea ez diren erretratu guztiak ateratzeko enbaxada asumituko duena. (Sare sozialetako idazle Instagramatikoen eta Photoshopikoen ifrentzua, nolabait, bere liburuen hegaletan eta lan berrien publizitate-kanpainetan duela hamarkada bat edo gehiago atera zizkioten argazki promozionalak erabiltzen jarraitzen duen idazle hori izango litzateke, gero, aurrez aurre aurkitzen duzunean, apenas ezagutzen duzuna, hain zegoen gazte ikusiak zenizkion erretratuetan, eta horren zahartuta egun, zonbien film baterako makillaje-gelatik igaro berria egongo balitz bezala).

DMntoreak, ordea, bizitza bikoitza darama sare sozialean: literatur (eta bestelako) kontuei buruz txio batzuk botatzen ditu, gehienetan nahiko neutralak, arazoetan sartuko ez dituztenak (gehien erabiltzen duen adierazpidea “interesgarri” hitzaren aldaeraren bat izan ohi da, eta datsegit lotsakor batzuk, askoz jota), eta, aldi berean, zuzeneko mezuaren tresnaren (DM, “direct message” delakoaren) bestelako erabilera egiten du. Adibidez, letren munduko beste norbaitek plazaratutako txioak edo argitaratu duen lana goraipatzeko, edota harekiko elkartasuna erakusteko, polemika gaiztoren batean sartu bada. Beti pribatuan, noski, eta Twitterren agerian busti gabe, badakigu-eta jendeak ze zital jokatzen duen bertan…

Nobelagile Sindromedunak, bestalde, ahazten du sare sozialetako jardunak, izatekotan, aforistarenarekin edo ipuinlariarenarekin duela zerikusi handiagoa, luzerari dagokionean bederen, eta bere iritziak eta iruzkinak plazaratzeko zer eta hari amaitezinak osatzeko ohitura izaten du (horren Facebookeko aldaera horman testu hiperluzeak zintzilikatzen dituenarena da, egunkari baterako sakoneko artikulu bat baino zabalagoa, jakina den bezala). Zorionez, hala kasu batean nola bestean, eta hashtaglieverrarenean ez bezala, sare sozialek eurek hura saihesteko modua eskaintzen dizute: haria ez zabaltzearekin, nahikoa eta soberan.

Polemizatzailea, zer esanik ez, presente dagoen figura bat da idazle txiolarien artean (txiolari zibilen artean bezala, alegia): bere obsesio berezien inguruan aipuren bat ikusi ezkero, eta DMntorearen zuhurtasunaren kontrara, ezin du trapura sartzea saihestu, irrigarri geratzeraino maiz; erraz ezagutzen da, dena modu pertsonalean hartzeko joera daukalako, eta “eztabaidan” azken hitza hartzen duelako beti (halakoekin erabiltzen da, maiz, gorago aipatutako “eztabaida garagardo batzuen aurrean jarraituko dugu” formula, hain zuzen ere). Badauka aldaera bitxi bat, Harribotatzailearena, txio polemiko bat plazaratu eta denbora batera (orduak izan daitezke, edo are minutuak) ezabatzen duena; komeni da, halakoren bat detektatu baduzu, eta etorkizunean lotsarazi nahi baduzu, pantaila-irudiak ateratzeko agindua bizkor gobernatzen ikastea, zer gerta ere.

Argudiatu daiteke alde handirik ez dagoela Polemizatzailearen eta Politikoki Ez-Zuzenaren artean, baina nik esango nuke egon, badagoela: Polemizatzailea astun samarra izan daiteke, baina bere asmoa, oro har, zintzoa dela pentsatu dezakegu (ergela, maiz, baina zintzoa), Politikoki Ez Zuzenaren helburua kaka zabaltzea eta nahasmena eragitea den bitartean: zakarra da, nahita, eta mingotsa, berez; Twitterren egoteko modu naturala hori dela uste du (euskal kasuan, joera gisa, ezker abertzale ofizialaren muturren baten edo disidentziaren baten inguruan egon ohi da; espainiar txiobertsoan halakoak ohikoagoak dira zentro-muturrean eta gorripardismoan…). Edozein modutan ere, Politikoki Ez-Zuzena ez da Ziberbullyaren tipotik oso urrun egoten, ezta azken horren biki unibitelino baina anonimo LiteraturTrollarengandik ere, batik bat bere ohore literarioa (edo bestelakoa) zipriztintzen delako susmo minimoa izatera iristen bada: halakoetan Ziberbullytxoen eta (urka)mendietako LiteraturTrollen jarraigo handiago edo txikiagoa, anonimoa ala ez, bere atzetik eraman dezake, erasoan lagun diezaion. Edonola ere, biktimismoaren txapelduna izan ohi da, Daniele Giglioli filosofoak aztertu duen ildoan, Jaramontxo Bilatzailearekin lehia gogorrean.

Hemen zirriborratu ditudanak tipo idealak besterik ez dira, zer esanik ez: aldaera bat baino gehiagoren nahasketak posible eta are ohikoak izan daitezke, sinkronikoki eta baita diakronikoki ere. Kontziente naiz, bestalde, tipo horietako batzuek, nahiz eta idazleengan bereziki ugariak izan, ez dituztela soilik haien portaera espezifikoak islatzen, idazle ez diren txiolari askorenak baizik, orobat: zer egingo diogu ba, idazleak pertsona eta, ondorioz, internauta horren arruntak badira…

Izan ere, proposamen hau, hasieran esan bezala, guztiz behin-behinekoa da: agian bururatuko zaizu, irakurle, bat edo beste gehiago. Gehitu ahal izango diozuna, nahi izanez gero, artikulu hau berehala estekatuko dudan txioari, edo Mastodonen, Instagramen, Facebooken, Blueskyn, Threadsen eta Linkedinen (gutxienez) zabalduko ditudan argitarapenen loturei.

[Artikulu honen bertsio laburragoak Ortzadar gehigarrian eman
ziren argitara, hiru partetan, 2023ko urriaren 25ean, azaroaren 21ean eta abenduaren 16an]

Utzi iruzkina