Elijah Jorowitz (berreskurapen bat)

[Duela urte dezente, lehenengo El País egunkariaren euskarazko atal aspaldi zenduan, eta, ondoren, bere behin-betiko forman, Itzalak liburuan (Erein, 2004), ipuin hau eman nuen argitara. Gazako zerrendan Israeleko armada egiten ari den sarraskia gogoan, hemen berreskuratzea bururatu zait, keinu hutsala dela jakinda ere. Baina keinu bat da, behintzat]

Elijah Jorowitz

Elijah Jorowitz ezkutatzen bide da René ezizenaren atzean Primo Leviren Hau gizon bat bada lanaren orrialdeetan; hori uste izan dute betidanik, behintzat, haren senideek. Auschwitzeko Lager-aren horrorea hoberen islatu duen liburu eder eta lazgarri horretako ataletako batean, «hautaketa» bat deskribatzen digu Levik: SSek, segundo gutxitan, erabaki behar dute beren aurretik ia korrika igarotzen diren preso biluzietatik zein biziko diren, eta zein joango diren gas-ganbarara. Justu Leviren aurretik pasatu den René horren fitxa ezkerrera bideratu du ofizialak, eta ezkerra heriotza da, giltzapetuek geroago jakingo duten bezala; Levirena eskuinera joango da, eta bizitza esan nahiko du horrek. Levik ez du berriro René ikusiko.

Baina, zaindariak sobornatuz, René hura salbatu zen, eta sarraskitze-esparrutik bizirik atera ahal izan zen; hori diote behintzat Jorowitzen ondorengoek, ziur baitaude Levik kontatzen duenarekin bat datorrela Elijahren ezpainetatik hainbat alditan entzundako istorioa. Tamalez, Elijah Jorowitzek berak ezin izan zuen kontua konfirmatu, liburua irakurri gabe hil baitzen.

Elijah Jorowitz Poloniako Łódź hirikoa zen jatorriz, eta margolaria zen: gerra aurretik erretratuak eta balio eskaseko olio postinpresionistak pintatzen zituen. Auschwitzetik bizirik ateratzea lortu zuen arren, ez zen pertsona bera. Gerra amaitu eta berehala berriro ezkondu zen, kontzentrazio-esparruetako beste preso ohi batekin, eta senar-emazteak Israelera emigratu zuten 1948an; bi haur izan zituzten. Baina Elijah, bere emaztea ez bezala, obsesionatuta zegoen Lager-ean gertatutakoarekin: etengabe ekartzen zuen hizpidera, eta, bizirik atera ziren askok bezala, bere esperientzia kontatzeko premia bizia sentitzen zuen. Makina bat aldiz saiatu zen bere oroitzapenak papereratzen, alferrik baina: 1951n bere buruaz beste egin zuen Haifako bere etxean.

Kontatu behar horrez gain, urte horietan zehar beste grina bat garatu zuen Jorowitzek: behin eta berriro paisaia berbera pintatzeari ekin zion. Auschwitzen bertan izandako ametsetan ikusitako paisaia bide zen: lautada lehor eta zuri bat, eraikinenak izan zitezkeen hondakinez betea, eta argitasun itzela zeruan. Ez zuen leku hori ezagutzen, ziur zegoen, eta egonezin estrainio bat sortzen zion, ametsean ezer berezirik gertatzen ez zen arren: beroaren dirdaia, eta paisaia geldo eta mortu hura –besterik ez. Lagereko esnaldi danteskoarekin alderatuta, amets horrek desiragarria irudi lezake, baina, dena delakoagatik, angustiaz betetzen zuen Elijah. Eta, izan ere, askapenaren ondoren, Elijahk ez zuen erretratu edo koadro postinpresionista gehiagorik egin: margotu ahal izan zuen gauza bakarra Auschwitzeko amesgaiztoetako paisaia hura izan zen, askotariko perspektiba eta angeluetatik, tamaina handiagoan edo txikiagoan, mihisearen zein paperaren gainean, olioz eta akuarelaz eta argizariz, zabarki edo perfekzio osoz; izan ere, azkeneko margoak ia hiperrealistatzat jo daitezke, eta urrutitik argazkiekin nahas daitezke.

Elijahk burututako koadro eta marrazkiak ehunetik gora dira. Gehienak Jorowitztarrek dituzte, Haifako etxeko ganbaran gordeta; bat, handiena, zehatzena, egongela nagusian esekita dago, oroigarri legez. Garai batean saiatu ziren bat edo beste saltzen, baina inork ez zituen erosi nahi. Behinola, koadroetako bat eskuratzekotan egon zen Yad Vashem delakoa, Jerusalemgo Holokaustoaren Oroitzapen Zentroa, baina azkenean proposamena atzera bota zuten, «Lager-ean gertatutakoarekin zerikusi zuzenik ez zuelakoan». Chicagoko Arte Garaikideko museoak tamaina txikiko bat erosi zuen, baina ez da inoiz bilduma iraunkorrean erakutsi.

Elijah Jorowitzen bilobak hemeretzi urte ditu, eta Elijah du izena, aitonak bezala. Israelgo Armadako soldadua da. Armadaren mapetan gorriz azpimarratuta ageri den puntu batera heldu berria da, beste hainbat soldadurekin batera, palestinarren kontrako operazioetan aritutako brigada bat ordezkatzera; ofizialak muino txiki batera igotzeko eta adi egoteko agindua eman dio. Heldu bezain laster konturatu da: lautada lehor eta zuri bat bistaratu du, eraikinen hondakinez betea, eta argitasun itzela zeruan. Etxeko salako koadro handia. Ehunka aldiz ikusitako margo eta marrazkiak. Aitonaren amesgaiztoa.

Jeningo errefuxiatuen eremua zela dio Armadaren Zisjordaniako mapak.

[Argazkia Beit Hanoun-ekoa da, Gazako zerrendako hiri bat, Gaza hiriaren ekialdean. Argazkia azken eraso honetakoa da, eta Yousef Hammash-ena da, Ane Irazabalek bere Twitter kontuan zabaldu bezala. Nire ipuinak, bistan denez, Zisjordaniako Jeningo eremuak 2002an jaso zituen erasoak zituen hizpide. Baina, tristeki, berdin-berdin alda nezakeen, egun, Beit Hanounengatik, Elijah gaztea Elijah zaharraren birbiloba bihurtu ondoren, adibidez].