Abeslari-aldaketako hiru elepe

Rockaren ildotik sortutako pop musika taldeen ardatzetako bat, agian nagusia, bokalista da: bandaren frontmana edo frontwomana da, ez alferrik. Gauza askok eman diezaiokete talde bati izaera (kontu iheskor eta erabakigarri hori), baina horietako inportanteenetako bat, zalantzarik gabe, kantaria da. Hainbeste, ezen zaila egiten baita pentsatzea, maiz, taldeak aurrera egin dezakeenik kantari nagusia ordezkatuta. Imajinagarriak al dira Rolling Stones batzuk Mick Jaggerrik gabe? Edo Blondie Deborah Harryrik gabe? Edo Oasis Liam Gallagherrik gabe? (bueno, anaia Noel eta bere High Flying Birdsen disko korrekto baina pittin bat arimagabeak entzutea baino ez dago horretaz ohartzeko). Beste batzuek aurrera egin dute, hobeto edo okerrago, trukaketa eginda. Ez naiz ari kantariaren heriotzak eragindako aldaketa, azken batean, ezinbestekoez, zeinetan denetik aurki baitezakegu, eta beste Elefanteen Zimiterio baterako utziko ditudanak (pentsa dezagun, besterik gabe, The Doors, AC/DC, Joy Division/NewOrder edo Queen kasuetan, gehiagoren artean), baizik eta “jatorrizko” abeslariaren dimisioak, erretiratzeak edo kaleratzeak eragindakoez, hots, (neurri batean) aukerazkoez. Halako kasu asko aletu daitezke: Jefferson Airplane, Pink Floyd, The Moody Blues, Fleetwood Mac (behin baino gehiagotan), Black Sabbath, Buzzcocks, Judas Priest, Marillion, The Stranglers, Morcheeba… burura etortzen zaizkidan (eta niretzat esanguratsuak izan diren) gutxi batzuk aipatzearren. Gaurkoan trantsizio mota hori gorpuztu zuten hiru album-kasu oso diferenteez arituko naiz, ondorio orokorrik ateratzeko asmorik gabe, zuen arteko teoriazaleon dezepziorako.

Deep Purple, Concerto for Group and Orchestra, Tetragrammaton, 1969.

Inork ez du ukatuko Deep Purple zerbait izatera iritsi baziren, neurri handi batean, bokalista aldaketaren ondorioz izan zela, hots, Ian Gillani esker: nor gogoratzen da, honezkero, Rod Evans lehenengo abeslariaz? Eta, halere, hiru album grabatzera iritsi zen haiekin, ez gutxiago, 1968 eta 1969 artean (taldeari ukatu ezin zaion zerbait urte horietako produktibitatea da, Arantxa Tapiak ere miretsiko lukeena). Egia da taldearen muina Jon Lord teklistak eta Ritchie Blackmore gitarristak osatzen zutela, eta haiek erabaki zutela lema-kolpea ematea, Evans gaixoa despeditzea eta Gillan ekartzea (Roger Glover baxu-jolearekin batera: bi baten prezioan). Asmoa, antza denez, taldearen musikari jite gogorrago bat ematea zen, eta lehen disko haietako aire psikodeliko-progresiboak alboratzea. Bada, hori bazen asmoa, Gillanekin egindako lehenengo saio honek ez du halakorik erakusten: garaian modan jartzen hasi zen rock taldea vs. orkestra sinfonikoa kolaborazioaren lehen (zorigaiztoko) saioetako bat obratu zuen Deep Purplek, hots, bilatzen zenaren kontrakoa kasik. Lord formazio klasikoko pianista zen, eta buruan sartuta zeukan (bere beste garaikide askok bezala) rock musikari estatus kultuago, garaiago bat eman behar zitzaiola. Hiru mugimendu konposatu zituen talde eta orkestrarako (“Moderato-Allegro”, “Andante” eta “Vivace-Presto”), eta (alajaina) Royal Albert Hall areto arranditsuan grabatu zuten, zuzenean, diskoa, Royal (berriz ere) Philarmonic Orchestrarekin. Emaitza, gutxienez, nahasgarria da. Baina, bizitzaren misterioak, aurreko elepeek baino arrakasta handixeagoa lortu, eta oinarria eman zien In Rock grabatzeko (1970), hori bai disko definitzaile bat (besteak beste): denborarekin heavy metala bihurtuko zenarena alegia (rock orkestratuarenak, edozein kasutan, ez du etenik izan ordutik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin zerbait egiten tematzen diren euskal taldeen kasuen biderkatze arduragarriak erakusten duen bezala).

Genesis, A Trick of the Tail, Charisma, 1976.

Genesis taldearen kasua oso da ezberdina: ondo instalatuta zeuden rock sinfonikoaren panoraman, eta Peter Gabriel kantariak zerbait bazuen, ahots karakteristiko batez gain, karisma zen: oso rock teatrala egiten zuten, haien azkeneko albumak, 1974ko The Lamb Lies Down on Broadway anbiziotsuak (eta taularatzeko finantzarioki hondagarriak) erakusten zuen bezala, eta horretan kantaria, jakina, gakoa zen. Esperientzia horren ostean, alabaina, Gabrielek planto egitea eta bakarka hastea erabaki zuen, taldea ataka betean utziz (Tony Banks teklistak ez zion sekula barkatuko). Aurrera egin zuten, eta Phil Collins bateriaren lehenengo okurrentzia baztertu ostean (talde instrumental huts bezala segitzea: bitxia, kontuan hartuta ondoren zer gertatu zen), ohikotik jo zuten, hasieran, abeslaria ordezkatzeko: kanpoan hasi ziren bila (aldizkari batean anonimoki iragarriz “Genesis eiteko” talde baterako kantari xerka zebiltzala: legendak dio 400 zinta jaso zituztela, tartean… Nick Loweren bat! Pop musikaren historia oso ezberdina zatekeen, bururatzen zait, Lowe, New Wavearen protagonista nagusienetako bat, aukeratu izan balute…). Azkenean, saio batzuen ostean, etsita, barne produktu gordinera jotzea erabaki zuten, baina: Collins abestua zen jada aurreko elepeetako kanta gutxi batzuetan, eta bere ahots-maila ez zegoen, finean, Gabrielenatik horren urrun. Arazo bat zen zuzenekoetarako (ezin bateria jo eta kantatu, aldi berean: ez behintzat Genesisek eskatzen zuen aipatu teatraltasun mailarekin), baina planarekin jarraitu, eta ituan asmatu zuten: albuma kontinuista da, ados, baina ona, termino progresiboetan (B aldean betelan gehixeago dago, baina A ikaragarria da, “Dance on a Volcano”, “Entangled” eta “Squonk” gisako kantekin, eta Genesisen ohikoa zen ironia dickenstar klasikoarekin: ez da Gabrielen falta nabaritzen ia). Eta, harrigarriki, kultuzko talde bat izatetik adult oriented pop fenomeno global bat bilakatzeko bideari ekin zioten hortik aurrera, 1980ko hamarkadan zehar batez ere. Baina hori beste istorio (malerus) bat da, egunen batean kontatu beharko dudana.

10.000 Maniacs, Love Among the Ruins, Geffen, 1997.

Genesis auzian beti egongo dira Gabriel-lieverrak eta Collins-lieverrak (ni aurrenekoetarikoa naiz, baina prest nengoke Collins aroa, ñabardurekin, Abacab diskora arte defendatzeko). 10.000 Maniacs-ekin ez dago dudarik, ordea: dakidala, inork ez du Natalie Merchant handiaren ordez sartu zen Mary Ramsey aldezten, ezta harekin egindako albumez oroitzen. 10.000 Maniacs “berrien” emaitzek distira eskas dute zaharren ondoan: formula dago, berritasuna eta indarra zeuden lekuan. Egia esan, hori ez da, berez, Ramseyren hobena: 10.000 Maniacsen lehen elepeak ausartak dira, eta garai bertsuan Dream Syndicate eta R.E.M. gisakoengan suma zitekeen rock amerikar klasikoaren eta punk/new wavetik zetozen haize berrien gurutzaketa dago Secrets of the I Ching (1983) eta The Wishing Chair (1985) bezalako diskotzarretan (garai batean, Espainian, horiek guztiak Nuevo Rock Americano etiketa ez bereziki burutsuaren zakuan sartu ziren, ez galdetu zergatik). Haien indar sortzailea, Merchant letristaz gain, John Lombardo gitarristaren doinuetan zetzan; Lombardok, ordea, arrakasta falta zela eta, taldea utzi, eta gainontzekoak, modu komunalago batean, kantak konposatzen hasi ziren… eta, orduan bai, disko gehiago saltzen, nahiz eta bitartean, musikalki gero eta arruntagoak bihurtu. Eta, paradoxikoki, Merchant kantari bezala ikaragarri hazi zen… taldea utzi arte, bakarkako karrera interesgarri baten alde. Orduan itzuli zen Lombardo, bere kide Ramsey kantariarekin batera, baina kontinuismoak, kasu honetan, Love Among the Ruinshonen antzeko emaitzak utzi ditu: korrektoak (berriz ere korrektoak), baina gatzgabe samarrak. Alderatu disko honetako Roxy Music-en “More Than This”-en bertsioa Merchant aroko edozeinekin (MTV Unpluggedeko Patti Smithen “Because The Night”-enarekin, edo are In My Tribeko Cat Stevensen “Peace Train”-enarekin, adibidez), eta esango didazue (egun halakoak egiteko gero eta joera gutxiago dagoen arren, edo irudipen hori daukat behintzat, ni bertsioen oso aldekoa naiz, eta, are gehiago, talde baten edo bakarlari baten “kotoiaren froga” bezala funtzionatzen dutela esango nuke, horregatik ekarri dut adibidea hona. Noizbait bertsioen diskoen inguruko Zimiterio bat egin beharko nukeela gogorarazten didan zerbait: apuntatuta).

[Berria egunkariko Elefanteen Zimiterioa atalean argitaratu zen artikulu honen bertsio pixka bat laburragoa, 2023ko martxoaren 12an].

Noeren arka gaiztoak (Dickens Extended Mix)

[Oharrak & Hondarrak blogaren 2023-24 ikasturte honen rentréerako, eta ohitura bihurtzen ari den bezala, abuztuan Berria egunkarirako idazten egon naizen zutabeetako baten bertsio luzea, hots, osoa berreskuratu nahi dut, aurten atera zaidan literarioena, dezente moztu behar izan nuena agindutako karaktere kopuruan sartu ahal izateko. Ea gustukoa duzuen]

NOEREN ARKA GAIZTOAK

Artikulu hau idazteari ekin nionean hasiak ziren iristen lehenengo asilo-eskatzaileak Portland-en ainguratutako “Bibby Stockholm” makro-gabarrara; Berria egunkarira bidali ondoren presaka zuzendu behar izan nuen bezala, azkenean aurreneko apopilo horiek presaka atera behar izan zituzten ontzitik, bertan aurkitutako legionella gaixotasunaren agerraldia zela eta; oraindik ez da inor igo, gobernuak lehenengo birkokatzeak laster egingo dituela agindu duen arren. Neurriak, Britainia Handiko errefuxiatuen krisiaren erdian, protesta ugari eragin du, Rishi Sunak-en gobernu kontserbatzaileak immigrazioaren kontra abiatutako politiken gogortzearen testuinguruan. Ez bakarrik irlan, baizik eta baita Europako eragile eta komunikabideen artean ere, politika horren humanitarismo faltagatik.

Halako bitartekoen erabilerak XVIII. mende amaierako eta XIX. mende hasierako kartzela-ontziena ekartzen du gogora: garaiko preso britainiarren populazioaren hazkunde azkarra zela-eta, zaharkituriko armadako lineako itsasontziak hondartu eta espetxe bezala erabiltzen hasi ziren. Bertako baldintzak ikaragarriak ziren: jende-pilaketa, gaixotasun kutsakorren hedapena, lehorreko kartzeletakoak baino heriotza-tasa altuagoak… Charles Dickens idazleak bere Itxaropen handiak nobelaren abiapuntuan kartzela-ontzi horietako bat erabiltzen du (rol inportantea jokatzen du, gerora, fikzioaren bilakaeran), eta ez dio, idazle konprometitu jator bati dagokion bezala, arbuiorik aurrezten: “Noeren arka gaizto” izendatzen ditu. Egileak zuzenean ezagutu zuen, bere haurtzaroan, kontua, Rochester eta Chatham-eko istingadietan halako bat baino gehiago zegoelako finkatuta, gurasoekin han bizi izan zen urteetan.

Kartzela-ontzien sistema 1857an abolitu zen, kritika asko jaso ondoren. Irlan, noski: inperio britainiarreko kolonietan erabiltzen jarraitu zen, luzaro.

Ematen du, ordea, bueltan datorrela ohitura, berniza emanda bada ere (orain propio eraikitako ontziak erabiltzen dira, eta, paralelismoa areagotzeko, legionellak tifusa ordezkatu duela ematen du, arrisku gisa behintzat). Historia ahazteko joera ahazten ez zaigun konstante historiko bakarra balitz legez. Agian ez da horren harritzekoa: kartzela-ontzien erabilera, kartzela konbentzionalak jadanik nahikoak ez ziren garai batean, kasualitatea, desberdintasun sozialen hazkunde bizkor baten garaiarekin egiten du bat, Industria Iraultzarenarekin. Zeinetan mota guztietako delituek gora egin baitzuten, jabegoaren kontrakoak, batik bat, espero izatekoa den bezala. Eta, ez dezagun ahaztu, makineria industrial berriaren apurketa are heriotzarekin zigortzera iritsi baitziren.

Gaurko garaia ere halakoa da, ezberdintasunen hazkunde orokor batena. Niri grazia egiten didate oraingoa “Erdi Aro berri” izendatzen duten pentsalariak. Argi dagoenean paralelismo bat egotekotan (historia ez da sekula errepikatzen, baina errimatzen du, Mark Twainek esan omen zuen bezala), kapitalismoaren hastapeneko urteekin litzatekeela.

PS. Badago beste kontu bat “Bibby Stockholm” eta kapitalismo industrialaren abioa lotzen dituena: kartzela-ontziaren jabe den itsas-konpainiak, Bibby Line-k, Liverpoolen 1807an sortu zenak, fortuna egin zuen bere garaian, besteak beste, Atlantikoan zeharreko esklabo-trafikoari esker. Azalpen gehigarriak soberan daude: beste paralelismo esanguratsu bat.

Kontuak zer diren: John Bibby, enpresaren fundatzailea, 1840an erail zuten Kirkdale-ko zingiretan, pub-etik etxerako bidean; kamioaren bazter batean topatu zuten, gutxienez erlojua falta zuela. Asasinatoa ez zen sekula argitu, eta, izan ere, espedienteak irekita jarraitzen du Liverpooleko polizia-bulegoetan.

Charles Dickensek eta Wilkie Collinsek, kasuan interesa hartu izan balute, agian idatziko zuketen, beste batzuetan bezala lau eskutara, horren gustukoak zituzten intrigazko nobela edo oholtzarako antzezlan labur horietako bat, literatura detektibeskoaren sorburuan egon zirenak (Wilkie Collins, bere Ilargi-harria eta beste lan batzuekin, generoaren aitatzat hartzen da, eta horra kapitalismoarekin batera jaio zen beste zerbait: eleberri poliziakoak). Obra hipotetiko bat zeinerako ez baininduke batere harrituko idazle britainiar biek Sartaldeko Indietatik itzulitako esklabo bat imajinatu izan balute Bibby armadorearen hiltzaile-mendekatzaile.