Noeren arka gaiztoak (Dickens Extended Mix)

[Oharrak & Hondarrak blogaren 2023-24 ikasturte honen rentréerako, eta ohitura bihurtzen ari den bezala, abuztuan Berria egunkarirako idazten egon naizen zutabeetako baten bertsio luzea, hots, osoa berreskuratu nahi dut, aurten atera zaidan literarioena, dezente moztu behar izan nuena agindutako karaktere kopuruan sartu ahal izateko. Ea gustukoa duzuen]

NOEREN ARKA GAIZTOAK

Artikulu hau idazteari ekin nionean hasiak ziren iristen lehenengo asilo-eskatzaileak Portland-en ainguratutako “Bibby Stockholm” makro-gabarrara; Berria egunkarira bidali ondoren presaka zuzendu behar izan nuen bezala, azkenean aurreneko apopilo horiek presaka atera behar izan zituzten ontzitik, bertan aurkitutako legionella gaixotasunaren agerraldia zela eta; oraindik ez da inor igo, gobernuak lehenengo birkokatzeak laster egingo dituela agindu duen arren. Neurriak, Britainia Handiko errefuxiatuen krisiaren erdian, protesta ugari eragin du, Rishi Sunak-en gobernu kontserbatzaileak immigrazioaren kontra abiatutako politiken gogortzearen testuinguruan. Ez bakarrik irlan, baizik eta baita Europako eragile eta komunikabideen artean ere, politika horren humanitarismo faltagatik.

Halako bitartekoen erabilerak XVIII. mende amaierako eta XIX. mende hasierako kartzela-ontziena ekartzen du gogora: garaiko preso britainiarren populazioaren hazkunde azkarra zela-eta, zaharkituriko armadako lineako itsasontziak hondartu eta espetxe bezala erabiltzen hasi ziren. Bertako baldintzak ikaragarriak ziren: jende-pilaketa, gaixotasun kutsakorren hedapena, lehorreko kartzeletakoak baino heriotza-tasa altuagoak… Charles Dickens idazleak bere Itxaropen handiak nobelaren abiapuntuan kartzela-ontzi horietako bat erabiltzen du (rol inportantea jokatzen du, gerora, fikzioaren bilakaeran), eta ez dio, idazle konprometitu jator bati dagokion bezala, arbuiorik aurrezten: “Noeren arka gaizto” izendatzen ditu. Egileak zuzenean ezagutu zuen, bere haurtzaroan, kontua, Rochester eta Chatham-eko istingadietan halako bat baino gehiago zegoelako finkatuta, gurasoekin han bizi izan zen urteetan.

Kartzela-ontzien sistema 1857an abolitu zen, kritika asko jaso ondoren. Irlan, noski: inperio britainiarreko kolonietan erabiltzen jarraitu zen, luzaro.

Ematen du, ordea, bueltan datorrela ohitura, berniza emanda bada ere (orain propio eraikitako ontziak erabiltzen dira, eta, paralelismoa areagotzeko, legionellak tifusa ordezkatu duela ematen du, arrisku gisa behintzat). Historia ahazteko joera ahazten ez zaigun konstante historiko bakarra balitz legez. Agian ez da horren harritzekoa: kartzela-ontzien erabilera, kartzela konbentzionalak jadanik nahikoak ez ziren garai batean, kasualitatea, desberdintasun sozialen hazkunde bizkor baten garaiarekin egiten du bat, Industria Iraultzarenarekin. Zeinetan mota guztietako delituek gora egin baitzuten, jabegoaren kontrakoak, batik bat, espero izatekoa den bezala. Eta, ez dezagun ahaztu, makineria industrial berriaren apurketa are heriotzarekin zigortzera iritsi baitziren.

Gaurko garaia ere halakoa da, ezberdintasunen hazkunde orokor batena. Niri grazia egiten didate oraingoa “Erdi Aro berri” izendatzen duten pentsalariak. Argi dagoenean paralelismo bat egotekotan (historia ez da sekula errepikatzen, baina errimatzen du, Mark Twainek esan omen zuen bezala), kapitalismoaren hastapeneko urteekin litzatekeela.

PS. Badago beste kontu bat “Bibby Stockholm” eta kapitalismo industrialaren abioa lotzen dituena: kartzela-ontziaren jabe den itsas-konpainiak, Bibby Line-k, Liverpoolen 1807an sortu zenak, fortuna egin zuen bere garaian, besteak beste, Atlantikoan zeharreko esklabo-trafikoari esker. Azalpen gehigarriak soberan daude: beste paralelismo esanguratsu bat.

Kontuak zer diren: John Bibby, enpresaren fundatzailea, 1840an erail zuten Kirkdale-ko zingiretan, pub-etik etxerako bidean; kamioaren bazter batean topatu zuten, gutxienez erlojua falta zuela. Asasinatoa ez zen sekula argitu, eta, izan ere, espedienteak irekita jarraitzen du Liverpooleko polizia-bulegoetan.

Charles Dickensek eta Wilkie Collinsek, kasuan interesa hartu izan balute, agian idatziko zuketen, beste batzuetan bezala lau eskutara, horren gustukoak zituzten intrigazko nobela edo oholtzarako antzezlan labur horietako bat, literatura detektibeskoaren sorburuan egon zirenak (Wilkie Collins, bere Ilargi-harria eta beste lan batzuekin, generoaren aitatzat hartzen da, eta horra kapitalismoarekin batera jaio zen beste zerbait: eleberri poliziakoak). Obra hipotetiko bat zeinerako ez baininduke batere harrituko idazle britainiar biek Sartaldeko Indietatik itzulitako esklabo bat imajinatu izan balute Bibby armadorearen hiltzaile-mendekatzaile.