Fantasia historikoen fantasiaz

Batzuetan irudipena daukat streaming plataformak bihurtzen ari direla, pixkana, garai batean sutondoa, balbulazko irrati-aparatu handiak edo telebista zirena: familia biltzen den guneetako bat, nahiz eta telebistak, pantaila gisa definituta, jarraitu dezakeen funtzio hori betetzen –ez, ordea, eduki moduan: telebista, kasu horretan, plataformetan dauden filmak, sailak eta dokumentalak nahierara ikusteko garraiobidea besterik ez da, kasurik onenean, ez programazio baten arabera ordu finkoetan antolatutako saioen segida zaharruno hura…–.

(Hori bai: horretarako behar da politika zorrotz bat jarraitu eta ordenagailu eta telefono bitarteko streaminga saihestea, plataformak telebista aparatuarekin lotuz: zenbat eta handiagoa, hobe. Ez soilik irudiaren eta soinuaren kalitate kontuengatik, baizik eta, batez ere, esperientzia kolektibo gisa iraunarazteko. Ahal den neurrian, behintzat).

Halako azkenaurreko esperientzia, aita-alaba loturak estutzeko helburuarekin, Bridgerton sailaren lehenengo denboraldiarekin izan dugu (Chris Van Dusen-en zuzendaritzapean, Netflix, 2020, nahiz eta, berez, ziurrenik zehatzagoa izango litzatekeen esatea Shonda Rhimes “faktoriako” produktu bat dela, Greyren anatomia telesail famatuaren ekoiztetxe berekoa, besteak beste; frogatzen saiatuko naizen bezala, hori ez da bigarren mailako xehetasun bat).

Ikusi ez dutenentzako, telesaila, itxura batean, drama historiko bat da –ingelesez “period drama” deitzen den horietakoa, alegia–, 1813ko Londresen kokatua –nagusiki–, George III.aren Erregeordetzaren garaian alegia. Produkzioa estatubatuarra den arren, emaitza filmikoa alor horretan britainiarrek –batez ere BBCk– lortutako girotze lan finekin parekatu daiteke, hala kokalekuei nola jantzien oparotasun koloretsuari dagokienean. Azken finean, gure gurasoek esango zuketen bezala, “amodiozko eta luxuzko” telesail bat da –”amor y lujo”– , Ingalaterrako gortearen inguruan biltzen zen aristokrazia gorenari buruzkoa, eta zeinetan, gure alabek esango luketen bezala, “saltseoa” baita nagusi –endredu erromantiko-sexualak, alegia–. Aktore nagusia, Hastings-eko dukea gorpuzten duen Regé-Jean Page, ikaragarri beroa dago –gure nerabezaroan “buenorro” esango genukeen–, eta aktoresetako batzuk ere ez dira makalak, alde horretatik.

Bridgerton, goi-kulturaren ikuspegitik, ezin da plazer hobendun gisa baino kontsumitu: azken finean, alibi bezala Jane Austen-en eleberrien tradizioan oinarritzen bada ere –bai kokapen historikoari kasu egiten badiogu, bai tramaren motor nagusia den ezkontza-merkatuaren gorabeherez ari bagara–, emaitza Corín Telladoren edo Jazmín saileko nobelen parekoagoa da, berez; ez alferrik dago oinarrituta ildo horretako Julia Quinn idazlearen mega-saltzailearen eleberrietan –Rikardo Arregik behin bota zuen bezala, telesaila, funtsean, «Austen telezinkotuta» izango litzateke–. Eta, ados, emakumeen rola nobela erromantikoen tradizioan baino pixka bat asertiboagoa suertatu daitekeen arren, batzuetan, eta homosexualitatea bezalako gai –azpigeneroan– orain arte tabu samarrek apatxa agerian uzten badute ere, mezua funtsean erreakzionarioa dela esango nuke –Austenen nobeletakoa baino gehiago bai behintzat, eta duela berrehun urte idatzia izanaren aitzakiarik gabe, gainera–; alde horretatik ez zen alferrikakoa Greyren anatomiari egiten nion erreferentzia. Hori bai, porno soft zantzu batzuez gozatzeko, barre batzuk botatzeko eta, bide horretatik, belaunaldi-hesiaren gainetik familia-harremanak amalgamatzeko, aitor dut, parada ederra ematen du.

Telesailak badu beste ezaugarri esanguratsu bat: aktore nagusietako batzuk beltzak dira. Lehen aipatutako Hastingseko dukea bera, Londresko garaiko festa-antolatzaile bikainena zen Lady Danbury edo Charlotte erreginaren paperak –George III.aren emaztearena– afrikar jatorriko aktoreek egiten dituzte. Azken horren kasuan egon daiteke oinarri historiko ahulen bat, historialarien artean kontu eztabaidatua baita, bere arbaso portugaldarren kariaz, beltzekin identifikatutako hazpegiak izan zitzakeela erreginak –garaiko margoek ez dute halakorik ematen aditzera, behintzat, baina badakigu gorteko pintoreen abilezia noraino iristen zen segun eta ze kontu disimulatzeko…–. Edonola ere, nekez aurkituko genituen, halako balizko salbuespenak salbuespen, arrazializatutako pertsonak XIX. mende hasierako goi mailako gizarte britainiarrean.

Alde horretatik, egungo “epokazko” ikuskizun batzuetan afroamerikarrei edo euroafrikarrei ikusgarritasun gehiago emateko joeraren ildoan kokatu beharko genuke, nabarmen, Bridgerton telesaila; izan ere, hori da Shonda Rhimesen telesailen zigiluetako bat, arraza arteko harreman erromantikoez gain. Edonola, horren adibiderik entzutetsuena, orain arte, Hamilton musikala izan da, Broadwayko produkzio arrakastatsua (Lin-Manuel Miranda, 2015), zeinetan Estatu Batuetako lehen ogasun idazkaria izan zen Alexander Hamilton-en papera (1755-1804) aktore-kantari ez-zuriek jokatu baitute, espektakuluaren bira arrakastatsuetan –jatorrizko Hamilton, AEBtako “aita fundatzaile” guztiak bezalaxe, zuria baino zuriago zen, zer esanik ez, eta nahiz eta esklabotzaren abolizionismoaren aldekoa bide zen, bere kide batzuk bezala bera ere esklaboen jabea eta saleroslea izan zen–. Baina beste antzeko adibide batzuk ere aipa daitezke, Matt Ruff-en Lovecraft Country nobela –eta haren gainean egindako telesaila– bezala, zeinetan H.P. Lovecraft idazlearen horrorezko unibertsoaren berrinterpretazioa egiten baita, pertsonaia nagusiki afroamerikarrengandik abiatuta, 1950ko hamarraldiko eta, oro har, Jim Crow legeen garaiko arrazakeria estatubatuarra salatzeko asmoz –eta, bide batez, Lovecraft beraren arrazakeria ezagunari zaplazteko erretroaktibo eta sinboliko bezain ironiko bat emateko–. (Dena den, telesailari dagokionean, eta lehenengo atal ikaragarria alde batera utzita, aitor dut gehiago espero nuela, fantasiazko produktuen kontsumitzaile bezala…).

Joera ondo ulertzen dut, eta, neurri batean, goraipagarria iruditzen zait, ez soilik oso paper espezifikoak eta markatuak lortu ohi dituzten aktoreei bestelako erregistroetan, oraintsu arte haientzat galarazitakoetan aritzeko aukera ematen dielako, baizik eta, iraganean pairatutako bazterketa alderantzikatuz, ikusgarritasun berri bat eskaintzen dielako, talde gisa. Alde horretatik, arazorik batere ez.

Baina kezkatzen naute historiaren ezagutzan horrek ekar ditzakeen distortsio-efektuak; ikuspegi horretatik, nobela historikoek –edo pelikula historikoek– iraganaren ezagutzarako tresna bezala eragiten dizkidaten zalantzen parekoa izango litzateke kezka. Oro har, ez dut uste nobela historikoarekin lortu daitekeenik iraganaren ezaupide egoki bat, ez behintzat zientzia historikoen ekarpenak menderatzen ez dituzten irakurleen edo ikusleen artean –eta ezaupide hori dutenek, berez, ez lukete nobela historikoaren makuluaren beharrik, beraz…–. Izan ere, alderantzizkoa pentsatzen dut, ezagutza hori nahasteko eta iluntzeko balio dutela, gehiago, mota horretako produktuek, fantasia ustezko datu historikoekin dosi inespezifikoetan nahasten dituzten heinean. Alessandro Manzonik zioen bezala –eta berak oso ondo zekien zertaz ari zen, generoaren praktikatzailea izan zelako, Ezkongaiak nobela kanonikoak aditzera ematen duen bezala–, «Jakina, historialaritzan ez dira eskas gezurrak eta asmakeriak. Baina historialariaren errua da, ez generoaren ezaugarri bat. Historialari bati esaten zaionean gauzei apaindurak gehitzen dizkiela, gertakarien eta asmakizunen pastixe bat sortzen duela, norberak ez dakiela sinesgarritasunik eman ala ez, bide seguru bezain sinple batetik ekidin ahal izango zukeen zerbait egozten zaio, asmatzeari uko egitea baita errazena. Hausnartu ezazue, ordea, ea eleberri historikoaren egileak bide hori erabil dezakeen, irakurlea ez engainatzeko».

Argiago ezin daiteke esan.

Fantasia areagotuaren tanta batzuk gehitzeak, aristokrazia britainiarraren erdian partaide beltz batzuk txertatzea bezala, alde horretatik, zer kalte egin dezake?, galdetu daiteke. Agian ez asko. Baina historiaren (ez)ezagutzaren bidean urrats bat gehiago iruditzen zait, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak jadanik nahikoa lausoak diren garaiotan arriskugarria iruditzen zaidana.  Iraganeko esklabotzaren eta trafiko atlantikoaren auzia –eta, bide batez, gaur eguneko arrazakeria– nolabaiteko Yupiren mundu filmiko baten baitan estali dezakeen neurrian, adibidez: azken  finean, Bridgertonen erakusten zaigun gizarte-talde dirudunen aberastasunaren iturrietako batek esklabo-trafikoan, kolonietako plantazioen ustiakuntzan eta bertan ekoiztutako produktu tropikalen merkataritzan zeukan jatorria, eta zail samarra iruditzen zait atze-oihal hori aristokrata beltzen presentzia guztiz normalduarekin uztartzea. Hamiltonen kasuan, esate baterako, ziurrenik ez da bereziki inportantea, edozein estatubatuarrek dakielako Hamilton historikoaren arraza zein zen –beste kontu batzuetan agian ez dira horren iaio aterako, baina, jo eta jo aritzearen kariaz, hango oinarrizko hezkuntza sistematik pasa diren guztiak AEBko historiaren kontaera WASParen packaren jabe dira; gainera estatubatuar guztiek ikusi dute inoiz Hamiltonen potreta, bere aurpegia baita 10 dolarretako billeteak apaintzen dituena–. Baina, adibidez, gure eusko labeleko ilobak, musikala Disney +-en bitartez ikusi zutenak, harrituta geratu ziren Hamilton, berez, señoro zuri bat izan zela kontatu nienean…

Bestalde, Ana Malagonek komentatzen zidan bezala, esanguratsua da gauza hauetaz eztabaidatzea justu aktore beltzak hasi direnean mota horretako paperak jokatzen, eta ez Charlton Heston-ek Moises-ena egin zuenean (The Ten Commandmentsen, 1956), edo John Wayne-k Gengis Khan-ena (The Conqueroren, 1956), edo Elizabeth Taylor-ek Kleopatrarena (izen bereko filmean, 1963), edo Peter Sellers-ek aktore indiar batena (The Partyn, 1968). Adibide gutxi batzuk ematearren.

Agian Miguel-Anxo Murado idazleak arrazoia dauka, eta, azken finean, «anakronismoa ez da anomalia bat, iraganarekin erlazionatzeko daukagun modua baizik». Eta, ondorioz, nire historialari arima pixka bat matxinatu arren –Murado ere historialaria da, azken batean–, halakoak onartu besterik ezin ditugu egin, gehiegi larritu gabe.

[Artikulu honen bertsio askoz ere laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko martxoaren 3an]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s