Bi memoria liburu: Pete Townshend eta Roger Daltrey

The Who-ren zale amorratua naiz. Nire belaunaldiko asko bezala, The Jam-en bitartez iritsi nintzen Pete Townshend, Roger Daltrey, John Entwistle eta Keith Moonen taldearen ezagutzara, eta baita Quadrophenia filmaren inguruan (Franc Roddam, 1979) abiatutako revival mod haren oihartzunei esker ere –Quadropheniak, The Whoren 1973ko rock operak, jarraitzen du niretzat haien disko faboritoa izaten–. Tamalez, ez nituen garai onenean ezagutu: Face Dances (Polydor, 1981), biniloan dudan haien album bakarra, balekoa zen oraindik –orduan ez neukan diru askorik diskoak erosteko: kasete grabazio kaxkar samarrak ziren musika gehiagora iristeko gure bide nagusia–, baina hurrengoa, It’s Hard (Polydor, 1982), desastre hutsa zen, eta, ondoren, taldea apurtu egin zen, logika osoz. Ordurako ez zegoen haiekin Moon bateria-jolea, 1978an hil zena pilula-gaindosiaz, eta batzuek hark utzitako hutsune ordezkaezinarekin lotzen dute taldearen hondoratzea; nik susmatzen dut rock taldeek, salbuespenekin, hamar-hamabost urteko ziklo gorakor bat bizi izaten dutela, gaztaroarekin bat egin ohi duena, eta, ondoren, irauten badute, garai hartako aurkikuntzei tiraka izaten dela –eta askoz ere gehiago ez–. 1990eko hamarkadatik berriro jarri ziren martxan The Who, eta haiek zuzenean ikusteko aukera ere izan nuen, BECen behin, 2007an, eta Azkena Rock Festibalean ondoren, 2016an, despedida bira amaiezinean, eta oso ondo pasatu nuen karaokean, eutsi egiten ziotela iruditu zitzaidan, eta zeramaten espektakuluaren alde bisuala txundigarria zela. Baina kontziente izanda nostalgian –nire kasuan, sekula ezagutu gabeko garai bateko nostalgia are faltsuagoan– oinarritutako jarduera kasik taylorista-fordista batean parte hartzen ari nintzela.

Agian nostalgia moduko horrek eraman nau, gaztelaniaz atera direnean, Pete Townshend gitarra-jolearen eta Roger Daltrey kantariaren biografiak irakurtzera: Who I Am. Memorias (Malpaso, 2014) eta Mi historia: memorias del fundador de The Who. Gracias os sean dadas, Mr. Kibblewhite (Libros del Kultrum, 2019). Horrek, eta morboak noski: rocka, pizti hilurren hori, musika-estilo gisa ez ezik, artefaktu performatibo bezala definitu zuen talde nagusienetako bat izan zen The Who, drogak, sexua eta hotela-gelen –eta, garai batez, musika-tresnen– suntsiketa inork baino hobeto uztartu zituena, eta horrek ere badu erakargarritasunik, batez ere irakurketa gelako besaulkiaren erosotasunetik egin ahal bada.

Eta, jakina, hori bilatzen duenak aurkitu egingo du –bi liburuek azpimarratzen dute Keith Moonen joera komunak bolboraz edo dinamitaz eztandarazteko, eta nahiko era antzekoan deskribatzen dute musika-tresnen suntsiketa arketipiko horien ustekabeko jatorria, zerikusi gutxi izan zuena belaunaldi-angstaren espresioarekin–. Baina ez agian espero zitekeen bezain dosi handietan: Townshendek kasu egiten die, noski, bere alkoholismo arazo ez bereziki dibertigarriei, baina interesatuago dago bere sorkuntza-prozesuaren deskribapen xehean, eta Daltrey, antza denez, ezin sanoago aritu zen bere errepide-bizitzan zehar –bere mirarizko ahotsa zaindu behar zuen–, urte haietako memoria ona kontserbarazi diona, baina, hala ere, ez digu anekdota bilduma bereziki zukutsurik eskaintzen; horri gehitzen badiogu kantaria oin-puntetan pasatzen dela groupiekiko bere harremanen gainetik, Sálvame ildoko ekarpenak ez dira pentsa zitekeenak bezain ugariak. Hala ere, liburu interesgarriak dira, arinak, batez ere Daltreyrena, baduena cockney burlaizetik zer edo zer tonuan, oso eskergarria dena, eta bere buruaz barre egiten duena noizean behin, adibidez kontatzen duenean zein zen ohera eramaten zituen nesken erreakzioa, 60ko hamarkadako mod-aldi betean, goizean iratzarri eta ilea kizkur-kizkurra zuela ikusten zutenean: gomina kiloak ipini behar omen zituen, kontzertuetan-eta, liso mantentzeko. Une batetik aurrera –“maitasunaren udak” eta hippismoaren gailentzeak zerbaitetarako balio behar zuten– ilea natural uztea erabaki zuen, eta bere aurrekontua gominaz arindu ahal izan zuen.

Edonola ere, atentzioa eman didana, lan biak irakurri ondoren, da, gai berdintsua eduki arren, zein ezberdinak diren, memoria-liburu gisa. Askoz ere analitikoagoa, zehatzagoa Townshendena –baita hanpurutsuagoa ere, asmo intelektualagoekin–; arinagoa, jostariagoa Daltreyrena, hutsunez beterikoa baina –hura irakurrita ematen du The Whokoek sekula ez zituztela grabatu A Quick One (Reaction, 1966), Face Dances (Polydor, 1981) edo Endless Wire (Polydor, 2006), adibidez, ezta Daltreyk bere bakarkako lan gehienak ere–. Ez dira kontraesan gehiegitan sartzen, partaideen arteko legendazko berotuak zeharka baino ez dituzte ukitzen, Moon “pailazoaren” alde ilunenaren –Kim Kerrigan haren emaztearen kontrako genero-bortizkeriaren– gainetik oin-puntetan pasatzen dira biak ala biak –oso konbentzionalki maskulinoak dira, alde horretatik, liburuak: tira, The Who oso talde maskulinoa da, orobat–, apenas aurpegiratzen diote ezer elkarri –bat egiten dute taldea Gizateriaren Ondare bihurtu den ustean, eta bitarteko guztiak erabiliz babestu beharra dagoela–. Baina, hori guztia kenduta, gai bera abordatzeko ikuspegiak kontrajarriak dira ia. Toni Morrisonek zioen bezala, “niretzat memoriak ere fikzioa dira. Gogoratzea aukeratze prozesu bat da, gertakariak definitu behar dira, forma eman behar zaie. Gauza bera bizi izan duten bi pertsonek ez dute modu berean gogoratzen”.

Townshenden hurbilketa, iradoki bezala, intelektual-guragoa da, transzendentalistagoa, une batzuetan mistikoa eta guzti –ez da ahaztu behar, musika-karreraren presioak bultzatuta-edo, Meher Baba guru indiarraren jarraitzaile suharra bihurtu zela gitarra-jolea, Beatlesek inauguratutako boladari jarraiki–. Eta oso zentratuta dago, alkoholismoaren inguruko gorabeherak alde batera utzita, bere musika-ikerketetan, hots, rockari estatus artistiko garaiago bat emateko bere ahaleginean: hortik elepe eta kasik single bakoitzeko sorkuntza eta grabazio prozesuen inguruan eskaintzen dituen azalpen xehetasunez beterikoak –bere memoriek 569 orrialde dituzte; Daltreyrenek, ordea, 307–. Ez da harritzekoa: Townshend The Who-ren motorra izan zen, kanta gehien-gehienen egilea, eta Tommy edo aipatu Quadrophenia bezalako rock-operaren kontzeptua asmatu agian ez –horretaz eztabaida franko dago–, baina bai forma kanonikoa eman ziona. Azken finean, musikarien familia batean hazi zen, klase ertain gutxienez xedegarri batean alegia, eta Arte Eskola Tekniko batetik pasatu zen, Ealing-ekotik, 1950eko eta 1970eko hamarraldien bitartean musikari, margolari eta diseinatzaile britainiar ugarien mintegi izan zirenetako batetik, Irletan Ongizate Estatua indar betean zegoenean hain zuzen ere.

Horrekin batera, edo horrekin lotuta, gizon/artista torturatu gisa agertzen zaigu Townshend: adikzioek, workholismoak, txikitan jasandako abusu sexualek –osaba baten eskutik–, bizitza sentimental konplikatu batek eta abarrek baldintzatzen dute haren ibilbidea. Townshenden pertsonalitatea obsesiboa da, harroa, eta askotan maitemintzen da, biran dabilela edo ez, bikote-desastre ugarietara eramaten duena, eta episodio labainkorretara –baina, behintzat, ez da halakoak ezkutatzen saiatzen, eta bere burua kuestionatzen du etengabe–. Azkenean, eta taldeari gertatutako desgrazia guztien ostean –Moonen heriotza lehenengo, Entwistlerena gero, bandaren “berpizkundearen” ostean, 2002an, kokaina gaindosi baten ondorioz–, epifania dator, The Whoren legatua defendatzearen lehentasuna bere egiten du, eta rock musikari ekarpen berriak egiteko grina bigarren planora pasatzen dela dirudi –bere bakarkako albumen harrera beherakorrak aholkatu bezala, ziurrenik–. The Whok gehiago dirudi enpresa bat, garai berantiar honetan, talde bat baino.

Oso bestelakoa da The Whoren kantariaren hurbilketa. Daltrey, batez ere, esker oneko gizon bat da. Langile klase petokoa, fabrika-lanera –edo kale-delinkuentziara– kondenatutako gazte bat zen, musika-arrakastak giro horretatik atera zuenean: bere memorien izenburuko Mr. Kibblewhite hori, zeinari horren eskertuta agertzen baita, institutuko zuzendaria zen, Daltreyren egoztearen erantzulea eta, ondorioz, musikaren bideari ekin izanaren zeharkako arduraduna –erretzeagatik espultsatu zutela kontatzen du Townshendek; istripu bat eragin zuen kalibre txikiko baletako eskopeta bat gelara eramateagatik, Daltreyk–. Kantariaren narrazioa, esan bezala, zuzena da, lañoa, umoretsua, eta buruhausterik gabekoa: ahots ikaragarri on baten jabe izateaz oso kontziente, Townshend bezalako konpositore batekin elkartu izanaren garrantziaz jabetzen da berehala, eta The Who bihurtzen du bere xede nagusi. Hortik bere karreraren beste atalei eskaintzen dien leku erlatiboki txikia: bere bakarkako albumei –Townshenden kontakizunarekiko aldea oso handia da alor horretan–, eta are bere zinema-ibilbide esanguratsuari ere, zeinaz kariñoz baina distantzia ironiko nahikoaz hitz egiteko gai baita.

Aipatu bezala, droga eta alkohol gehiegikeriak berehala baztertu zituen, eta, une batetik aurrera, biran zegoenean, gainontzeko taldekideak eta batez ere Keith Moon zegoen hoteletan ostatu ez hartzeko ohitura zeukan, komunen eztandak eta goizaldeko kaleratze ezordukoak ekiditeko: ahotsa forman mantentzeko luze egin behar da lo, antza denez. Batere zer ikusirik ez, bestalde, Townshenden maite-minekin: 1968tik Heather Taylor modeloarekin elkartu, handik urte gutxitara ezkondu, eta harekin jarraitzen du gaur egun Daltreyk, errekor makala ez rockaren munduan, batez ere kontuan hartuta garai bateko taula gaineko sex symbol nagusietako bat izan zela, Led Zeppelineko Robert Plantekin batera. Horrek ez du esan nahi aferak izan ez zituenik, baina bere bikotearen izaera irekiak, bira bateko ohiko “tentsio-deskargekin” ulerkorrak –Daltreyren kontakizunaren arabera, behintzat–, zailtasunak gainditzen lagundu zien: kantariaren hurbilketa, Townshenden dramatismoarekin konparatuta, nabarmen praktikoagoa da, eta ez du, gitarristak bezala, bere burua zalantzan jartzen. Hori bai, ez du fan eta groupien inguruko kontuen inguruko xehetasunik eskaintzen, baina, halako batean, bestela bezala, bikote ofizialetik kanpoko seme-alaben “iritsieraren” berri ematen hasten zaigu Daltrey –haietako batena, neska jadanik nagusitxoarena, karta bitartez jaso zuen gizonak berrogeita hamar urte bete zituenean–, eta guztien artean osatu duten nolabaiteko “familia hedatuaz”.

Landetxe handi baten jabe The Who dirua egiten hasi zirenetik, bere jatorrizko langile auzoko antzinako adiskideei eutsi die Daltreyk, eta berriak egin ditu bere Sussex-eko herriko pubean; Townshenden memorietan ez bezala, lagun famatu gutxik desfilatzen dute Daltreyren orrialdeetan zehar. Bien ikuspegi politikoak ezberdin samarrak dira, halaber: erro laboristako familia batetik datorren arren, Thatcher aurreko zerga britainiarren zamaren inguruko lantua errepikakorra da Daltreyren liburuan diru kontuek, aurrezteko egiten zituen ahaleginak eta managerrekiko finantza-arazoek leku dezente hartzen dute kantariaren memorietan, eta, alde horretatik, egun Corbyn “komunistatzat” hartzen duela jakiteak ez nau bereziki harritu –ez du konplimendu bezala esaten, imajina dezakezuen bezala–. Townshendek, ordea, gaztetan –bera bai– komunista izan zenak, ikuspuntu oro har “liberalagoei” eusten diela esango nuke, hots, gurean progre deituko genituzkeenei.

Halako memorietan ohikoa izaten den bezala, bi liburuetan haurtzaro, nerabezaro eta gaztaro garaien deskribapenak dira interesgarrienak: II. Mundu Gerra osteko Britainia Handi grisarenak, auzoko eta eskolako giroena, gazte kultura berri baten eraketarena, rock’and’rollaren eta skifflearen inpaktuarena, musika-tresnak eta ekipoa lortzeko zailtasunena, lehenengo kontzertuena eta furgoneta-bidaiena, mod kulturaren adopzio oportunistarena –The Who ez baitziren benetako modak: uhin horretara igo baziren taldearen fan-oinarria zabaltzeko izan zen–, etab. Rockaren dinosauro garaiaren kontakizunek ere badaukate interesa, baina onartzen dut gehiago espero nuela parte horretatik: Townshenden kasuan bere gorabehera emozionalek eta alde teknikoari ematen dion garrantzia gehiegizkoak “paisaia” lausotzen du pixka bat, eta, Daltreyrenean, erakutsitako diskrezio orokorragatik. Ondorengo garaiak, nostalgiaren eta revivalaren marka bihurtu ostekoak, charityenak eta ongintzazko kontzertuenak, salbuespenak salbuespen, erakargarritasun oso txikikoak dira oro har.

Esan bezala, Daltreyren hurbilketa eta tonua sinpatikoagoak egin zaizkit Townshendenak baino: esker oneko mutil bat da Daltrey, bizitzan tokatu zaion loteriarekin poz-pozik dagoena, latorri lantegitik ateratzeko –eta sekula ez itzultzeko– bidea izan zelako berarentzat The Who. Nahiz eta, paradoxikoki, eta bere deskribapenean oinarrituta, azkeneko hogeita hamar urteotan The Whok gehiago duen faktoria ibiltaritik, bestelakotik baino, eta, Daltrey, eta baita Townshend ere, enpresa horretako langile fin, hitzeko eta engaiatuak izan diren: bien liburuetako azkeneko orrialdeetan ez dira eskas lan horretarako prest egoteko forma fisikoa eta espirituala mantentzeko egin behar dituzten ariketa eta sakrifizioen inguruko xehetasunak.

Argi dago The Who ez dela Daltreyk gaztetan ezagututako latorri xaflena bezalako lantegia, eta britainiar chavek baino bizitza-maila altuagoa izatea ahalbidetu diela berari eta Townshendi. Baina ez al du, zirkulua bitxiki itxiz, faktoria baten itxura guztia hartu, azken batean?

townshend daltrey

[Bide batez: hau da 2018-19 ikasturte honetako Oharrak & Hondarrak blogeko azken artikulua. Gauzak ondo bidean, irailera arte ez naiz itzuliko. Opor onak pasatu!].

Hiru disko “argitaragabe”

Rockaren historia nahikoa luzea da jada argitaratzera iritsi ez ziren disko “fantasma” eta “mitiko” batzuk sortzeko: normalean, talde edo bakarlari ezagunen proiektuak dira, musikarien ibilbidea edo are musika popularraren panorama bera iraultzera deituta (omen) zeudenak, baina, dena delakoagatik, gauzatzera iritsi ez zirenak, azkenean. Gauzatze eza hori bihurtzen ditu, ordea, mitiko, eta, bide batez, entzunezin (behin behinean, bederen). Hala bada, nola komentatu disko horiek? Ba arrastoak utzi dituztelako taldearen edo bakarlariaren diskografian, edo, gero eta ohikoagoa dena, artxiboetatik erreskatatu eta argitaratzen direlako (edo haien bertsio berantiarrak birgrabatzen direlako).  Album “fantasmen” zerrenda nabarmen horretatik (The Kinks-en Four More Respected Gentlemen, Neil Youngen Homegrown edo Princeren hainbat proiektu hartuko lituzkeena, besteak beste) hiru adibide hauek aukeratu ditut gaurkoan.

smiley smile

The Beach Boys, Smile / Smiley Smile, Capitol 1967.

Smile da, ziurrenik, rockaren historiako album “galdurik” famatuena. Istorioa mila aldiz kontatu da. The Beach Boys, eta, batik bat, taldearen liderra, Brian Wilson, beren gailur kreatiboan zeuden 1966an, “Good Vibrations” singlea argitaratu zutenean: The Beatlesekin batera, popari arte “serioaren” statusa eman ziezaioketen bakarrak ziren, une hartan; izan ere, Liverpoolekoekin konpetentzia zuzenean ari ziren, LPrik berritzaile eta konplexuena nork argitaratu. 1967 hasieran lasterketa Hondartzako Mutiko Alaiek irabaziko zutela zirudien… Brianek, ordea, grabatu eta grabatu ari bazen ere, ez zuen albuma amaitutzat ematen, perfekzionismo gaixoti baten eta sustantzia psikotropiko ezberdinen eraginaren artean kateatuta; gainontzeko Beach Boysak, bestalde, ez zeuden bereziki kontent, Brian estudio musikariekin ari zelako lanean, taldea kantatzeko baino ez erabiliz. Urtebete joana zen, The Beatles Sgt. Pepper’s aurreko singleak argitaratu zituzten… eta taldeak zirt-zart erabaki behar izan zuen: Brian lider roletik apartatu, eta albuma ahal bezala amaitu zuten, kanta batzuk erreskatatuz, berri batzuk bizkor grabatuz eta, esanguratsuki, izenburua aldatuz. Emaitza ez zen txarra izan, baina ez espero zen maisulana. Duda gabe, Beatlesek irabazi zuten lehia, eta orduz geroztikoa ezaguna da: The Beach Boys ez ziren sekula iritsi berreskuratzera status goren hura. [Azken urteotan atera dira Smileren bertsio bi: bat Brian Wilsonek berak grabatutakoa Beach Boysen klonak diruditen musikari gazteago batzuekin (Brian Wilson Presents SMiLE, Nonesuch 2004), eta 1967ko grabazio ordu haien guztien berreskurapenetik eta berreraikuntzatik eratorritako bertsio frankensteindarra (The Smile Sessions, Capitol 2011). Biak beranduegi, bistan denez].

the who lifehouse bilaketarekin bat datozen irudiak

The Who, Lifehouse / Who’s Next, Polydor 1971.

Porrotak, batzuetan, garaipen bihur daitezke. The Who (ere) megalomania espiral batean sartuak ziren Tommy rock-operaren arrakastaren ostean, eta are proiektu arranditsuago batera bideratu zituen Pete Townshend gitarra-joleak: Lifehouse izenburuko zientzia-fikziozko album kontzeptual berri bat (beldurtxoa) prestatzen hasi ziren. Lanak 24 kanta izan behar zituen, eta istorioak rockik gabeko etorkizuneko mundu bat irudikatu behar zuen, non dena programatuta egongo baitzen, oihanean bizi ziren basatiak (rockari fidel jarraitzen zutenak, noski) egoeraren aurka matxinatu arte… Taldeak, zorionez, ez zuen desproposito hura grabatu, antzoki batean work in progress moduko bat lantzen hasi bazen ere; izan ere, Townshendez gain, inork ez zuen proiektuan sinesten (ezta ulertzen ere). Horrek guztiak antsietate-krisi batera eraman zuen Townshend, eta disko bikoitzaren ideia (eta atxikitako espektakuluarena) abandonatzera: kantarik indartsuenak berreskuratu (bederatzi) eta album bakar bat grabatuko zuten. Erabakia, Smiley Smilerekin ez bezala, probidentziala izan zen: Who’s Nextek taldearen behin betiko “soinua” ezarri zuen betirako (CSI frankiziako telesailek hainbeste maite zuten hori), “Baba O’Riley”, “Won’t Get Fooled Again”,“Bargain” edo “My Wife” bezalako bonbazoekin (“Behind Blue Eyes” power-baladorroa ahaztu gabe, noski).

style council modernism bilaketarekin bat datozen irudiak

The Style Council, Modernism: A New Decade, Polydor 1998 [1989].

Grabazio batzuk, ordea, ez lirateke diskoetxearen soto sakonenetako apalategietatik atera behar sekula. The Style Council Paul Weller eta Mick Talboten proiektu berria zen, haien aurreneko mod revivaleko taldeen (The Jam eta The Merton Parkas) hausturaren ostean. Sustrai beltzeko (soul, funk, jazz…) pop zuria praktikatzen zuten, gero eta sofistikatukoagoa, 1983 eta 1988 artean kaleratutako bost LPek frogatzen duten bezala. Baina Wellerri (zahartzearen kontua oso gaizki eraman duena betidanik, bere ile-orrazkera txukun-dotoreegien eboluzioak aditzera ematen duen bezala) “eguneratzeko” ordua iritsi zitzaiela otu zitzaion, eta deep house estiloko LP bat grabatzea erabaki zuen 1989an, hots, une horietan Ibizan-eta nagusi zen house dantza musikatik abiarazitako hibridoa. Emaitza ezin desastreago izan zen, horrenbeste ezen diskoetxeak ez kaleratzea erabaki baitzuen, eta taldea bat-batean desegin baitzen. Urteetara emaitza The Complete Adventures of The Style Council kaxan azaleratu zen, eta hura entzunda ederki ulertzen da kontua. Konparatzea besterik ez dago garai hartan musika estilo berarekin New Order edo Happy Mondays egiten ari zirena, Style Councilen ahaleginaren ahulezia eta artifizialtasuna frogatzeko. Zorionez, Wellerrek ikasi zuen “gazte mantentzeko” ez dela derrigorrezkoa azkeneko modari jarraitzea, bere bakarkako karrera oparoak aski ondo erakutsi duen bezala.

[Artikulu honen bertsio primigenioa Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2011ko otsaileko zenbakian].