Bi memoria liburu: Pete Townshend eta Roger Daltrey

The Who-ren zale amorratua naiz. Nire belaunaldiko asko bezala, The Jam-en bitartez iritsi nintzen Pete Townshend, Roger Daltrey, John Entwistle eta Keith Moonen taldearen ezagutzara, eta baita Quadrophenia filmaren inguruan (Franc Roddam, 1979) abiatutako revival mod haren oihartzunei esker ere –Quadropheniak, The Whoren 1973ko rock operak, jarraitzen du niretzat haien disko faboritoa izaten–. Tamalez, ez nituen garai onenean ezagutu: Face Dances (Polydor, 1981), biniloan dudan haien album bakarra, balekoa zen oraindik –orduan ez neukan diru askorik diskoak erosteko: kasete grabazio kaxkar samarrak ziren musika gehiagora iristeko gure bide nagusia–, baina hurrengoa, It’s Hard (Polydor, 1982), desastre hutsa zen, eta, ondoren, taldea apurtu egin zen, logika osoz. Ordurako ez zegoen haiekin Moon bateria-jolea, 1978an hil zena pilula-gaindosiaz, eta batzuek hark utzitako hutsune ordezkaezinarekin lotzen dute taldearen hondoratzea; nik susmatzen dut rock taldeek, salbuespenekin, hamar-hamabost urteko ziklo gorakor bat bizi izaten dutela, gaztaroarekin bat egin ohi duena, eta, ondoren, irauten badute, garai hartako aurkikuntzei tiraka izaten dela –eta askoz ere gehiago ez–. 1990eko hamarkadatik berriro jarri ziren martxan The Who, eta haiek zuzenean ikusteko aukera ere izan nuen, BECen behin, 2007an, eta Azkena Rock Festibalean ondoren, 2016an, despedida bira amaiezinean, eta oso ondo pasatu nuen karaokean, eutsi egiten ziotela iruditu zitzaidan, eta zeramaten espektakuluaren alde bisuala txundigarria zela. Baina kontziente izanda nostalgian –nire kasuan, sekula ezagutu gabeko garai bateko nostalgia are faltsuagoan– oinarritutako jarduera kasik taylorista-fordista batean parte hartzen ari nintzela.

Agian nostalgia moduko horrek eraman nau, gaztelaniaz atera direnean, Pete Townshend gitarra-jolearen eta Roger Daltrey kantariaren biografiak irakurtzera: Who I Am. Memorias (Malpaso, 2014) eta Mi historia: memorias del fundador de The Who. Gracias os sean dadas, Mr. Kibblewhite (Libros del Kultrum, 2019). Horrek, eta morboak noski: rocka, pizti hilurren hori, musika-estilo gisa ez ezik, artefaktu performatibo bezala definitu zuen talde nagusienetako bat izan zen The Who, drogak, sexua eta hotela-gelen –eta, garai batez, musika-tresnen– suntsiketa inork baino hobeto uztartu zituena, eta horrek ere badu erakargarritasunik, batez ere irakurketa gelako besaulkiaren erosotasunetik egin ahal bada.

Eta, jakina, hori bilatzen duenak aurkitu egingo du –bi liburuek azpimarratzen dute Keith Moonen joera komunak bolboraz edo dinamitaz eztandarazteko, eta nahiko era antzekoan deskribatzen dute musika-tresnen suntsiketa arketipiko horien ustekabeko jatorria, zerikusi gutxi izan zuena belaunaldi-angstaren espresioarekin–. Baina ez agian espero zitekeen bezain dosi handietan: Townshendek kasu egiten die, noski, bere alkoholismo arazo ez bereziki dibertigarriei, baina interesatuago dago bere sorkuntza-prozesuaren deskribapen xehean, eta Daltrey, antza denez, ezin sanoago aritu zen bere errepide-bizitzan zehar –bere mirarizko ahotsa zaindu behar zuen–, urte haietako memoria ona kontserbarazi diona, baina, hala ere, ez digu anekdota bilduma bereziki zukutsurik eskaintzen; horri gehitzen badiogu kantaria oin-puntetan pasatzen dela groupiekiko bere harremanen gainetik, Sálvame ildoko ekarpenak ez dira pentsa zitekeenak bezain ugariak. Hala ere, liburu interesgarriak dira, arinak, batez ere Daltreyrena, baduena cockney burlaizetik zer edo zer tonuan, oso eskergarria dena, eta bere buruaz barre egiten duena noizean behin, adibidez kontatzen duenean zein zen ohera eramaten zituen nesken erreakzioa, 60ko hamarkadako mod-aldi betean, goizean iratzarri eta ilea kizkur-kizkurra zuela ikusten zutenean: gomina kiloak ipini behar omen zituen, kontzertuetan-eta, liso mantentzeko. Une batetik aurrera –“maitasunaren udak” eta hippismoaren gailentzeak zerbaitetarako balio behar zuten– ilea natural uztea erabaki zuen, eta bere aurrekontua gominaz arindu ahal izan zuen.

Edonola ere, atentzioa eman didana, lan biak irakurri ondoren, da, gai berdintsua eduki arren, zein ezberdinak diren, memoria-liburu gisa. Askoz ere analitikoagoa, zehatzagoa Townshendena –baita hanpurutsuagoa ere, asmo intelektualagoekin–; arinagoa, jostariagoa Daltreyrena, hutsunez beterikoa baina –hura irakurrita ematen du The Whokoek sekula ez zituztela grabatu A Quick One (Reaction, 1966), Face Dances (Polydor, 1981) edo Endless Wire (Polydor, 2006), adibidez, ezta Daltreyk bere bakarkako lan gehienak ere–. Ez dira kontraesan gehiegitan sartzen, partaideen arteko legendazko berotuak zeharka baino ez dituzte ukitzen, Moon “pailazoaren” alde ilunenaren –Kim Kerrigan haren emaztearen kontrako genero-bortizkeriaren– gainetik oin-puntetan pasatzen dira biak ala biak –oso konbentzionalki maskulinoak dira, alde horretatik, liburuak: tira, The Who oso talde maskulinoa da, orobat–, apenas aurpegiratzen diote ezer elkarri –bat egiten dute taldea Gizateriaren Ondare bihurtu den ustean, eta bitarteko guztiak erabiliz babestu beharra dagoela–. Baina, hori guztia kenduta, gai bera abordatzeko ikuspegiak kontrajarriak dira ia. Toni Morrisonek zioen bezala, “niretzat memoriak ere fikzioa dira. Gogoratzea aukeratze prozesu bat da, gertakariak definitu behar dira, forma eman behar zaie. Gauza bera bizi izan duten bi pertsonek ez dute modu berean gogoratzen”.

Townshenden hurbilketa, iradoki bezala, intelektual-guragoa da, transzendentalistagoa, une batzuetan mistikoa eta guzti –ez da ahaztu behar, musika-karreraren presioak bultzatuta-edo, Meher Baba guru indiarraren jarraitzaile suharra bihurtu zela gitarra-jolea, Beatlesek inauguratutako boladari jarraiki–. Eta oso zentratuta dago, alkoholismoaren inguruko gorabeherak alde batera utzita, bere musika-ikerketetan, hots, rockari estatus artistiko garaiago bat emateko bere ahaleginean: hortik elepe eta kasik single bakoitzeko sorkuntza eta grabazio prozesuen inguruan eskaintzen dituen azalpen xehetasunez beterikoak –bere memoriek 569 orrialde dituzte; Daltreyrenek, ordea, 307–. Ez da harritzekoa: Townshend The Who-ren motorra izan zen, kanta gehien-gehienen egilea, eta Tommy edo aipatu Quadrophenia bezalako rock-operaren kontzeptua asmatu agian ez –horretaz eztabaida franko dago–, baina bai forma kanonikoa eman ziona. Azken finean, musikarien familia batean hazi zen, klase ertain gutxienez xedegarri batean alegia, eta Arte Eskola Tekniko batetik pasatu zen, Ealing-ekotik, 1950eko eta 1970eko hamarraldien bitartean musikari, margolari eta diseinatzaile britainiar ugarien mintegi izan zirenetako batetik, Irletan Ongizate Estatua indar betean zegoenean hain zuzen ere.

Horrekin batera, edo horrekin lotuta, gizon/artista torturatu gisa agertzen zaigu Townshend: adikzioek, workholismoak, txikitan jasandako abusu sexualek –osaba baten eskutik–, bizitza sentimental konplikatu batek eta abarrek baldintzatzen dute haren ibilbidea. Townshenden pertsonalitatea obsesiboa da, harroa, eta askotan maitemintzen da, biran dabilela edo ez, bikote-desastre ugarietara eramaten duena, eta episodio labainkorretara –baina, behintzat, ez da halakoak ezkutatzen saiatzen, eta bere burua kuestionatzen du etengabe–. Azkenean, eta taldeari gertatutako desgrazia guztien ostean –Moonen heriotza lehenengo, Entwistlerena gero, bandaren “berpizkundearen” ostean, 2002an, kokaina gaindosi baten ondorioz–, epifania dator, The Whoren legatua defendatzearen lehentasuna bere egiten du, eta rock musikari ekarpen berriak egiteko grina bigarren planora pasatzen dela dirudi –bere bakarkako albumen harrera beherakorrak aholkatu bezala, ziurrenik–. The Whok gehiago dirudi enpresa bat, garai berantiar honetan, talde bat baino.

Oso bestelakoa da The Whoren kantariaren hurbilketa. Daltrey, batez ere, esker oneko gizon bat da. Langile klase petokoa, fabrika-lanera –edo kale-delinkuentziara– kondenatutako gazte bat zen, musika-arrakastak giro horretatik atera zuenean: bere memorien izenburuko Mr. Kibblewhite hori, zeinari horren eskertuta agertzen baita, institutuko zuzendaria zen, Daltreyren egoztearen erantzulea eta, ondorioz, musikaren bideari ekin izanaren zeharkako arduraduna –erretzeagatik espultsatu zutela kontatzen du Townshendek; istripu bat eragin zuen kalibre txikiko baletako eskopeta bat gelara eramateagatik, Daltreyk–. Kantariaren narrazioa, esan bezala, zuzena da, lañoa, umoretsua, eta buruhausterik gabekoa: ahots ikaragarri on baten jabe izateaz oso kontziente, Townshend bezalako konpositore batekin elkartu izanaren garrantziaz jabetzen da berehala, eta The Who bihurtzen du bere xede nagusi. Hortik bere karreraren beste atalei eskaintzen dien leku erlatiboki txikia: bere bakarkako albumei –Townshenden kontakizunarekiko aldea oso handia da alor horretan–, eta are bere zinema-ibilbide esanguratsuari ere, zeinaz kariñoz baina distantzia ironiko nahikoaz hitz egiteko gai baita.

Aipatu bezala, droga eta alkohol gehiegikeriak berehala baztertu zituen, eta, une batetik aurrera, biran zegoenean, gainontzeko taldekideak eta batez ere Keith Moon zegoen hoteletan ostatu ez hartzeko ohitura zeukan, komunen eztandak eta goizaldeko kaleratze ezordukoak ekiditeko: ahotsa forman mantentzeko luze egin behar da lo, antza denez. Batere zer ikusirik ez, bestalde, Townshenden maite-minekin: 1968tik Heather Taylor modeloarekin elkartu, handik urte gutxitara ezkondu, eta harekin jarraitzen du gaur egun Daltreyk, errekor makala ez rockaren munduan, batez ere kontuan hartuta garai bateko taula gaineko sex symbol nagusietako bat izan zela, Led Zeppelineko Robert Plantekin batera. Horrek ez du esan nahi aferak izan ez zituenik, baina bere bikotearen izaera irekiak, bira bateko ohiko “tentsio-deskargekin” ulerkorrak –Daltreyren kontakizunaren arabera, behintzat–, zailtasunak gainditzen lagundu zien: kantariaren hurbilketa, Townshenden dramatismoarekin konparatuta, nabarmen praktikoagoa da, eta ez du, gitarristak bezala, bere burua zalantzan jartzen. Hori bai, ez du fan eta groupien inguruko kontuen inguruko xehetasunik eskaintzen, baina, halako batean, bestela bezala, bikote ofizialetik kanpoko seme-alaben “iritsieraren” berri ematen hasten zaigu Daltrey –haietako batena, neska jadanik nagusitxoarena, karta bitartez jaso zuen gizonak berrogeita hamar urte bete zituenean–, eta guztien artean osatu duten nolabaiteko “familia hedatuaz”.

Landetxe handi baten jabe The Who dirua egiten hasi zirenetik, bere jatorrizko langile auzoko antzinako adiskideei eutsi die Daltreyk, eta berriak egin ditu bere Sussex-eko herriko pubean; Townshenden memorietan ez bezala, lagun famatu gutxik desfilatzen dute Daltreyren orrialdeetan zehar. Bien ikuspegi politikoak ezberdin samarrak dira, halaber: erro laboristako familia batetik datorren arren, Thatcher aurreko zerga britainiarren zamaren inguruko lantua errepikakorra da Daltreyren liburuan diru kontuek, aurrezteko egiten zituen ahaleginak eta managerrekiko finantza-arazoek leku dezente hartzen dute kantariaren memorietan, eta, alde horretatik, egun Corbyn “komunistatzat” hartzen duela jakiteak ez nau bereziki harritu –ez du konplimendu bezala esaten, imajina dezakezuen bezala–. Townshendek, ordea, gaztetan –bera bai– komunista izan zenak, ikuspuntu oro har “liberalagoei” eusten diela esango nuke, hots, gurean progre deituko genituzkeenei.

Halako memorietan ohikoa izaten den bezala, bi liburuetan haurtzaro, nerabezaro eta gaztaro garaien deskribapenak dira interesgarrienak: II. Mundu Gerra osteko Britainia Handi grisarenak, auzoko eta eskolako giroena, gazte kultura berri baten eraketarena, rock’and’rollaren eta skifflearen inpaktuarena, musika-tresnak eta ekipoa lortzeko zailtasunena, lehenengo kontzertuena eta furgoneta-bidaiena, mod kulturaren adopzio oportunistarena –The Who ez baitziren benetako modak: uhin horretara igo baziren taldearen fan-oinarria zabaltzeko izan zen–, etab. Rockaren dinosauro garaiaren kontakizunek ere badaukate interesa, baina onartzen dut gehiago espero nuela parte horretatik: Townshenden kasuan bere gorabehera emozionalek eta alde teknikoari ematen dion garrantzia gehiegizkoak “paisaia” lausotzen du pixka bat, eta, Daltreyrenean, erakutsitako diskrezio orokorragatik. Ondorengo garaiak, nostalgiaren eta revivalaren marka bihurtu ostekoak, charityenak eta ongintzazko kontzertuenak, salbuespenak salbuespen, erakargarritasun oso txikikoak dira oro har.

Esan bezala, Daltreyren hurbilketa eta tonua sinpatikoagoak egin zaizkit Townshendenak baino: esker oneko mutil bat da Daltrey, bizitzan tokatu zaion loteriarekin poz-pozik dagoena, latorri lantegitik ateratzeko –eta sekula ez itzultzeko– bidea izan zelako berarentzat The Who. Nahiz eta, paradoxikoki, eta bere deskribapenean oinarrituta, azkeneko hogeita hamar urteotan The Whok gehiago duen faktoria ibiltaritik, bestelakotik baino, eta, Daltrey, eta baita Townshend ere, enpresa horretako langile fin, hitzeko eta engaiatuak izan diren: bien liburuetako azkeneko orrialdeetan ez dira eskas lan horretarako prest egoteko forma fisikoa eta espirituala mantentzeko egin behar dituzten ariketa eta sakrifizioen inguruko xehetasunak.

Argi dago The Who ez dela Daltreyk gaztetan ezagututako latorri xaflena bezalako lantegia, eta britainiar chavek baino bizitza-maila altuagoa izatea ahalbidetu diela berari eta Townshendi. Baina ez al du, zirkulua bitxiki itxiz, faktoria baten itxura guztia hartu, azken batean?

townshend daltrey

[Bide batez: hau da 2018-19 ikasturte honetako Oharrak & Hondarrak blogeko azken artikulua. Gauzak ondo bidean, irailera arte ez naiz itzuliko. Opor onak pasatu!].

Ni, ni eta ni (“Ni-a, gero eta presenteago” erreportajerako erantzunak)

[Joan den igandean, 2015eko urtarrilaren 11an, Berria egunkariak artikulu zabal bat argitaratu zuen, “Ni-a, gero eta presenteago” izenburupean, autofikzioaren eta, oro har, idazketa autobiografikoaren ustezko oraingo gorakadaren inguruan. Bertan nire adierazpen batzuk tartekatzen ziren. Juan Luis Zabalak igorri zidan galdetegiari nik emandako erantzunak argitaratzen ditut, osorik, sarrera honetan].

Lehenik eta behin, eta badaezpada, abisatu nahi dut agian ez naizela joango askoz haratago jadanik esanda eta idatzita ditudanetatik, hots, duela gutxi argitaratu nuen “Autofikzioaren aurkako manifestua” delakotik, edo Bilbao-New York-Bilbao, Atzerri, Kristalezko begi bat edo Nevadako egunak liburuei egin nizkien kritiketatik urrunago (guztiak nireak, salbu eta Bilbao-New York-Bilbaorena, Angel Errorekin batera idatzi nuena). Baina saiatuko naiz galderei erantzuten.

Zergatik ari da sartzen euskal narratiban, azken urteetan, lehen baino indar handiagoz idazlea, dela autofikzioaren bidez, dela alter ego disimulu gutxikoen bidez, dela —fikziotik kanpo— kronika autobiografikoen bidez? (Ez bazaude ados egin dudan baieztapenarekin, esadazu, ahal baduzu, zerk eraman nauen ni eta beste hainbat irudipen zure ustez oker horretara.)

Imajinatzen dut nazioarteko literaturan, eta batez ere inguruko sistemetan –hispanikoan eta frankofonoan, alegia, eta horien bitartez iristen zaizkigun berritasun anglosaxoietatik– zabaltzen ari diren joerei erantzuten diela nolabaiteko boom txiki horrek, baldin eta halakotzat hartzea zilegi bada. Beti ere ohiko atzerakuntzatxo historikoarekin, noski, nahiz eta gap hori, edonola ere, gero eta estuagoa bihurtzen ari den, nazioarteko joeren eta euskal literaturaren arteko egokitzeari dagokionean. Gizarte-joeren pisua ere hor egongo da, ziurrenik: azken finean, euskal gizarteak industriaosteko kapitalismo neoliberalaren eskemetan bete-betean hartzen du parte, eta niaren sublimazio edo goititze orokor eta neurrigabearekin izan dezake zerikusia, halaber. Zirkunstantzia partikularragoek, euskal gatazka delakoaren baretzea bezalakoek, bestalde, agian badute zer ikusia literatura (auto)testimonialago bat egiteko luma batzuen bulkadan (nahiz eta hori ere ez den beti euskaraz egiten, Mariasun Landa, Joseba Zulaika edo Idoia Estornesen adibideek erakusten duten bezala…).

Bada uste duenik euskal literaturaren heldutasunaren sintoma edo ondorio izan daitekeela autofikziorako, alter ego dismulurik gabeen erabilerarako eta autobiografiarako joera hori. Zer uste duzu zuk?

Posible da: gaparen gainean gorago aipatutakoaren bidetik, inguruko sistema literarioetatik datozkigun joera edo modei jarraitzea heldutasuna deitzen badiogu, ba agian bai, ez dut ukatuko. Dena den, hau heldutasuna baldin bada, ez dut pentsatu nahi zahartzaroa zer izan litekeen… Aldeak alde, esan daiteke autofikzioa dela, literaturarekiko, realityak telebistarekiko direna…

Fikzioari dagokionez, moda hutsa da autofikzioa —eta disimulu gutxiko alter egoen erabilera fikzioan—, ala literatura garaikidearen benetako premia batzuei erantzuten dio? Moda bat baldin bada, zerk bultzatu du moda hori? Premia batzuei erantzuten badie, zeintzuk dira premia horiek?

Neurri batean erantzun diot honi aurreneko galderan. Seguru asko badu premiatik, eta badu modatik ere. Ez gaude prezeski Munduko Letren Errepublikaren zentroan, eta horrek esan nahi du, herrialde periferikoek puntako teknologiarekin eta antolaera metodoekin bezala, gu inportatzaileak garela, esportatzaileak baino. Euskal egile batek Sebald aldarrikatzen duenean, edo beste batek Ernaux, horretaz ari dira, noski, beren proposamenentzako babeslekua edo alibia bilatzeaz gain. Bestalde, premia hor dago ere, gurea ere gizarte turbokapitalista den neurrian eta, beraz, egotismoaren sustatzaile, beste alde  batzuetatik sare sozialen zabalkuntzan ikus daitekeen bezala alegia. “Egiaren sentsazioa” hobeto transmititzea ere izan daiteke premia horietako bat, fikzioaz neurri batean nekatuta dirudien irakurleria baten aurrean, batzuek dioten bezala (nahiz eta ni ez nagoen ikuspegi horrekin bereziki ados, printzipioz: idazle batzuen keria iruditzen zait gehiago, irakurleena baino). Edonola ere, zaila da bata (moda) eta bestea (premia, beti induzitua izan daitekeena) bereiztea; pack berean datoz, ziurrenik.

Zer arrisku nagusi du zure ustez autofikzioak, eta nola egin diezaieke aurre fikzioa egiten duen idazleak horiei? Idazlearengandik oso gertuko alter ego disimulurik gabeek ere antzeko arriskuak dituzte, edo desbedrinak dira, zure ustez? Zer arrisku nagusi dute, zure ustez, fikziorik gabeko lan autobiografikoek?

Arrisku nagusiak hiru direla esango nuke: “kanpoko mundua” islatzeko literaturak (ere) duen funtzioari uko egitearena, neurri batean bederen; bestetik, fikziozko ituna eta itun biografikoaren artean sortzen den nahasmendu interesatua; eta, azkenik, aipatu “egiaren sentsazio” horren izenean, paradoxikoki, egiatik (egia literariotik) urruntzearena. Garai batean ildo autobiografikoari ekitea izan zen, akaso, esklusiboki gizartea islatzera zuzendutako narratiba baten mekanizismoaren aurkako antidoto bat, baina ez dakit pendulua beste alderantz gehiegi makurtu den. Bestetik, autofikziogileak tranpa egiten du, hein batean, etengabe jauzi egiten duenean autobiografikotik duen horren (irakurle liluratuek zintzotasuna deitzen duten horren) eta fikzioaren artean, kode ezberdinak dituzten baliabideak eta, hortaz, irakurketa ezberdinak eskatzen dutenak, berez: “egia”, lehenengoaren kasuan, eta “egiantzekotasuna”, bigarrenean. Azkenik, giza arimaren alde ilunenak islatzeko autofikzioa ez da, ziurrenik, tresnarik onena, salbuespenak egon daitezkeen arren; konparatu, bestela, Martuteneko Martin idazlearen pertsonaiaren eraikuntza konplexu eta sinesgarria, Kristalezko begi batek edo Bilbao-New York-Bilbaok eskaintzen dituztenekin… Horren inguruan egiarik gordinenak esateko ziurrenik hobe da fikziozko pertsonaia batean zentratzea, geure buruetan baino, zeinei buruz, ziurrenik, sinesgarriak izateko direnak baino irudi xaloagoak, positiboagoak edo interesgarriagoak eskainiko baititugu. Rutu Modan komikigile israeldarrak esan zuen moduan, “Fikzioarekin batzuetan gauza zintzoagoak kontatu ditzakezu errealitatea kontatzen duzunean baino. [Errealitatea kontatzen duzunean] zure iritzia adierazi behar duzu. Eta ez dut uste nire iritzia horren inportantea denik”. Fikzioa, hainbeste auto-rik gabe, apaltasun ariketa bat izan daiteke, hain zuzen ere.

Euskal Herriko nahiz kanpoko zein idazleren lanak joko zenitzute eredugarritzat autofikzioaren, disimilurik gabeko alter egoen erabileraren eta autobiografiaren alorrean? Eta zein idazle iruditzen zaizkizu jarraitu behar ez diren ereduak?

Kanpokoen artean, eta nik irakurri ditudanen artean, ziurrenik Enrique Vila-Matas iruditu izan zait trebeena, agian bere autofikzioen narratzailea literaturaren inguruko gogoeta batzuk plazaratzeko tresna soila delako, gehienetan; hala ere, irudipena daukat formularen errepikapenak ez diola onik egin bere ekoizpenari, Doctor Pasaventotik aurrera batez ere. Hemengoei buruz, esango nuke Karlos Linazasoro dela baliabidearen erabilera abilena egin duena, antzeko arrazoiengatik. Baina hau guztia, jakina, gustu kontua da… Generoak berezko arrisku handiak dauzka, nire ustez, nobela historikoa delakoak bezala, bere(n) naturagatik alegia, baina horrek ez du esan nahi nobela historiko onak idatzi ezin daitezkeenik: idazlearen trebetasunaren araberakoa da hori, azken batean. Ziurrenik gauza berbera esan daiteke autofikzioaz ere.

Uste duzu etorkizunean horrelako lan asko argitaratuko dela? Zerk pentsarazten dizu hori? Nolakoak izango dira lan horiek?

Historia irakaslea naiz eta, zorionez edo zoritxarrez, etorkizunaren igarle oso txarrak izan ohi gara gremiokook. Lehen aipaturiko literatura testimonialaren hazkundea, gure zirkunstantzia historikoengatik, espero izatekoa da, noski. Baina hor interes mailak ezberdinak izango dira, orobat: ez dira gauza bera Trotskiren memoriak edo Neguko Jauregia hartu zen egunean bere samovarraren ondoan geratu zen morroiarenak (salbu eta honek estilo literario izugarri garai eta original bat garatu badu, idazle gehienen esku ez dagoen zerbait). Baina nik espero dut (agian desio dut) fikzioa, zinezko fizkioaren tradizio beneragarria, indarrez itzuli (sekula joan bada) eta gailenduko dela. Horretan bat egiten dut Toni Morrison idazle estatubatuarrarekin, zioenean: “Estimuan dut literatura biografikoa, baina ez dut uste fikzioak autoritatea galdu duenik, nahiz eta egia den jendeak errespetu bitxi bat erakusten duela bizipen gisa aurkeztutakoarekiko. Nobela onek irauten dutela sinesten dut, ordea, eta irudimena askoz ere adierazgarriagoa izan daitekeela reality show bat baino”. “Nobela onek” horren lekuan “Fikzio onek” ipini, eta guztiz neure egin nezakeen aipua.