New Wave amerikarreko hiru disko

[Duela urte batzuk artikulu sail bat idazten hasi nintzen Nabarra aldizkarirako, “Hiru disko” izenburupean. Bertan, hilabetero, nire pop bildumako hiru disko aukeratu eta haiei buruz aritzen nintzen; diskoak taldekatzeko motiboak, batzuetan, ebidenteak ziren, eta beste batzuetan, pertsonalagoak edo xelebreagoak. Nabarra aldizkariaren itxiera tamalgarriak amaiera eman zion proiektuari, oraindik luzatzeko asmoa neukan arren. Testu horietako batzuk oraindik sarean aurki daitezkeen arren, gehienak eskuraezinak dira, eta Oharrak & Hondarrak blogean errekuperatzen joango naiz pixkanaka, haien bertsio osoak eskainiz gainera (paperezko aldizkarirako, espazio mugatua zela eta, pixka bat moztu behar izaten nituen, maiz). Eta, agian, agindutako jarraipena emango diet, ondoren…].

New Wave amerikarreko hiru disko

Zaila da esatea zer demontre izan zen New Wave hori. Punkaren lehengusu poperoa, agian. Edo 1967an amaitu zen hirurogeiko hamarkada hartako musikaren lehenengo revival mozorrotua. Nire gaztaroko soinu-bandaren osagarri ezinbestekoa suertatu zen, edonola ere: 1970eko hamarraldiaren amaiera eta 80koaren hasierako zarata urduriak eta, ez gutxitan, absurduak. Gure artean, ziurrenik, joera horren aldaera britainiarra izan zen ezagunagoa (Elvis Costello, XTC, The Police…), baina amerikarra ez da inolaz ere baztertzeko modukoa. Beste batzuen diskoak hauta nitzakeen, noski (Blondie, The Motels edo The Cars-enak, kasu), baina hauxe da, gaur gaurkoz, nire top hirua…

The B-52’s, The B-52’s, Island 1979.

Garai hartako disko bat aukeratu beharko banu uharte bakarti batera eramateko, hauxe izango litzateke ziurrenik; “Planet Claire” abestiaren lehenengo konpasak entzun orduko, nire burmuinak inolako agindurik igortzeko astia izan aurretik, hankak mugitzen hasten zaizkit (ez oso armoniatsuki, esan gabe doa). Album pozgarria da Georgiako Athens-ekoena, poz-emailea, soinu kirrinkariez, istorio burugabeez eta Z saileko filmetako eszenez beteriko koktela. Fred Schneiderrek edozein ume (eta nagusi ez gutxi) izutzeko moduko ahotsarekin kantatzen du eta jostailuzko piano bat jotzen du, besteak beste, albumaren kredituei kasu egin ezkero; Kate Pierson eta Cindy Wilsonen koro venustarrak eta oihu andromedatarrak gozoak bezain narritagarriak gerta daitezke; eta balirudike Keith Strickland bateria-jolea eta, batik bat, Ricky Wilson gitarrista direla egiten ari direnaz jabetzen diren bakarrak. Disko gehiago grabatu zituzten, eta gehienak onak dira, bai horixe, baina goia honekin jo zuten: gezurra ematen duen arren, aurrenekoa zuten. The B-52’s: berrogeitaka urteko dibortziatu berrien edozein partytan faltatu ezin den albuma.

Talking Heads, Fear Of Music, Sire 1979.

Egia esan, Talking Heads-en lehenengo bi alditako ia edozein album hauta nezakeen (1983ko Speaking In Tongues arte guztiak dira onak; 85eko Little Creaturesetik aurrera zalantza gehiago eduki daitezke), baina hau izaten da kinieletan gutxien agertzen dena eta, gainera, baditu bi kanta saihestezin: hasierako “I Zimbra” misteriotsu eta afrikazalea, zeinetan Hugo Ball dadaistaren poema bat egokitu omen baitzuten, eta “Heaven”, taberna bati inoiz eskaini zaion abestirik ederrena (edo himno teologikoa al da?) [Esclarecidos talde espainiarrak kanta horren bertsio eder bat egin zuen urte batzuk geroago]. David Byrne eta konpainiaren aurreko bi albumak baino sofistikatuxeagoa (produktorea Brian Eno zen, ez alferrik), baina ez hurrengoak bezain exuberantea, Fear of Musicek orekaren zentzu perfektua gordetzen du: bere soinua iharra da, hasierako haietan bezala, baina garatuagoa dago, ñabartuagoa. Gainera, bertan dago “Life During Wartime”, gure The Organization dontsukoek maizago entzun (eta dantzatu) beharko luketen abestia: “Can’t write a letter, can’t send a postcard / I can’t write nothing at all / This ain’t no party, this ain’t no disco / this ain’t no fooling around / I’d love to hold you, I’d like to kiss you / I ain’t got no time for that now”. Ea pixka bat hausnartu eta alamena emateari uzten dioten, behingoz.                                                       [Nota bene, urte batzuk geroago: testu hau 2009an idatzi nuen, 2006ko su-etenaren amaiera tristearen ostean, eta, zorionez, anakronikoa gelditu da egun; dena den, susmatzen dut ez zidatela kasu handirik egin…].

The Knack, Get The Knack, Capitol 1979.

Bai, bai, “My Sharona”, zer pasatzen da? Ezin naiz pixka bat astakirten jarri, ala? The B-52’s sorta honetako estrabagantzia sinpatikoa bada, eta Fear Of Music nolabaiteko koartada intelektuala, The Knack-en lehenengo diskoa (eta ezaguna den bakarra, bost gehiago argitaratu zituzten arren) poparen esentzia hobekien ordezkatzen duena litzateke: doinu itsaskorrak, erritmo setatiak, eta neskei, desioari edota ligatzeari buruzko letra ergelak (ia salbuespenik gabe). One hit wonder bat direla esan ohi da, “arrakasta bakar bateko” banda, eta egia da, noski (haien bateratze-kontzertuetara joaten zirenak kanta horren esperoan egoten ziren denbora guztian). Baina diskoa bikaina da benetan, “My Sharona”-z haratago: gehiena power pop perfektuaren ildoan, gehi derrigorrezko kanta lasaixeagoen parea. 1960ko hamarkadatik zuzenean edanez (hots, The B-52’s edo Talking Heads-ek proposatzen zuten mutazio-ahaleginik gabe), hormona-eztandaren erdian harrapatutako mutil heterosexualei (eta, irakurketa queer inposible bat eginez, neskato lesbianei) guztiz transzendentalak irudituko zaizkien abesti intranszendentalen bilduma. Gozamena, burmuina aparkatuta eta leku seguruan utzi ezkero.

[Nabarra aldizkarian argitaratua, 2009ko otsailean].

1 thoughts on “New Wave amerikarreko hiru disko

  1. Nere postekin loturak: The B-52’s-en hiru (maitasunezko) misil | Oharrak & Hondarrak

Utzi iruzkina