“Alkasoroko benta”: nobelak, pasadizoak, literatura maskulinoa eta beste

Nobela atsegina da Mikel Tabernaren Alkasoroko benta (Susa, 2013). Atseginez irakurtzen da, bai… baina, irakurle honen kasuan, askoz gehiago ez. Zerbaitek huts egiten du eraikuntzan, zer den guztiz ez dakidan arren. Martinen ibilerak umezarotik helduaroaren atarira arte, Bortziriak ez ezik (Alkasoro izenekoaren gehikuntzarekin) Seierriak bihurtu diren geografia errealista bezain mitikoan zehar (eta, unibertsitate garaia iristen denean, baita Iruñean zehar ere), 1960ko eta 70eko hamarraldietan, eszena biziez eskaintzen zaizkigu. Baina ez dute koadro nahikoa sendoa osatzen. Izan ere, ni Taberna ipuinlariak erakarri ninduen nobela honetara (Txokolatezko dinamita, 2001), baina, ia mundu bera islatzen duen arren, ez dut lortu haren oroitzapena gainditzea.

Hasteko, ez dago Bildungsroman bat eraikitzeko ahaleginik: zirkunstantziak aldatzen doaz, peripezia kostunbristak (auspoatarrak, kasik) bata bestearen atzetik metatzen dira, baina Martinengan ez dago eboluziorik, ez da pertsonaia izatera iristen; gehiago da bitartekari bat, gida bat iraganeko munduko zenbait biñeta edo pasadizotan zehar ibilaldi bat egin dezagun; alde horretatik, bat nator Aritz Galarraga kritikariarekin dioenean “ipuin bilduma gisa ere irakur daitekeela Tabernaren azkena”. Baina ipuin liburu formatuak garapen falta horri babes handiagoa eskainiko liokeen bezala, pertsonaia eta trama ezberdinen bitartez alegia (forman, narratzailean, ikuspegian etab. bariazio handiagoak egiteko aukera ematearekin batera), beldur naiz nobela formatupean hankamotz geratzen ez ote den.

Kontaera, bizia hasieran (esaldi laburrak, jokatu gabeko aditzak, harridura marken erabilera ugaria…), errepikapenaren errepikapenaz, nekagarria suertatzen da une batetik aurrera, eta, batez ere, infantilista samarra. Eta hasieran justifikazioren bat izan zezakeen arren (ez nago, hala ere, horretaz guztiz seguru), kontakizunak aurrera (eta narratzaileak heldutasunerantz) egin ahala, zama bihurtu zitzaidan. Ian McEwan idazle ingelesak, Hoben-ordaina (2001) bere nobelari buruz ari zelarik (bertan, gogoratuko duzuenez, protagonista nagusia, lanaren zati handi batean zehar, hamahiru urteko neskato bat da, Briony Tallis), hauxe esan zuen, gai honi buruz, The Paris Revieweko elkarrizketa batean:

“Beti da arazo bat haurrak fikzioan sartzea: ikuspegi mugatua itogarria bihur daiteke. Haur baten gogoa erretratatzeko gai izan nahi nuen, baina helduen hizkuntzaren baliabide guztiak erabiliz, Jamesek Maisiek zekiena liburuan egin zuen bezala. Ez nituen haur hiztegiaren mugak nahi”.

Alde horretatik, esaterako, Alkasoroko bentari ez dio laguntzen “zakil” (edo “buztan”) hitzaren ordez (eta nobela guztian zehar) “pitito” edo “pitilin” bezalakoak erabiltzeak; xehetasun txiki bat da, badakit, baina, harridura marken gainustiapenarekin batera, esan nahi dudanaren neurria ematen duela uste dut. Alde horretatik irudipena daukat nobelak bilakaera handiagoa eskatzen zuela, Martinek adinean aurrera egiten duen neurrian, idazkerari dagokionean, edo beste planteamendu. Nahiz eta ezin den ukatu idazkera hori, “tokiko kolorea” islatzeko orduan, oso eraginkorra dela, eta, hizkuntzaren liluraren suharrentzako, helduleku nahikoa, agian. Baina ez, tamalez, ni naizen irakurlearentzat.

“Itsastxoriak lainopean” atalaren hasieran (edo aurrekoaren amaieran) nobelak hartzen duen norabide berri eta interesgarria (hemen ez dudana argituko, spoilerra ez egitearren) beranduegi iristen da niretzat eta, gainera, esango nuke Tabernak ez dituela aprobetxatzen, aurrera eta atzera garatuz, baliabideak eskaintzen zizkion aukerak; erregistro errealistatik gehiegi urruntzera eraman zezaketelako, agian.

Azkenik, gehituko nuke Alkasoroko benta nobela maskulino bat dela (behin baino gehiagotan erabili dudan –eta, ironikoki bada ere, aldarrikatzen dudan– esapideari inolako zentzu peioratibo edo goresgarria gehitzeko inolako asmorik bat ere gabe): ehiza, arrantza, futbola, pilota, herriko festak, lehenengo esperientzia sexualak eta sasisexualak… azken horietako batzuk, bide batez esanda, nahiko sinesgaitzak eta are fantasia maskulinoaren mugetan, protagonistak turista (zer esanik ez) belgiar batekin daukana bezala, edo Axun iruindarrarekin atzera biltzen denean bezala, Iruñeko pisu batean, manifestazio baten ostean (onartu behar da, hala eta guztiz ere, mota horretako episodio bat edo beste nahiko ondo lortuta dagoela, urte batzuk lehenago aipatu Axunekin berarekin Hendaiara egiten duen txangoarena, adibidez…).

Aitor dut, neurri batean, Alkasoroko bentara hurbildu nintzela Aingeru Epaltzaren Ur uherraken (Pamiela, 1993) nolabaiteko osagarri edo are prekuelaren xerkan: Nafarroako “mendialde” edo “zona vascófona” delakoaren bilakaera historiko hurbilaren bertsio nobelatu berri baten bila, nahi baduzue. Ez dut bertan topatu, eta huts egitea, beraz, akaso nirea da gehiago, nobelarena baino. Edozein modutan ere, hor daukagu eskura, beti ere, Ur uherrak bera. Oraingoz, niretzat behintzat, ordezkaezin.

Irudia

Advertisements

2 thoughts on ““Alkasoroko benta”: nobelak, pasadizoak, literatura maskulinoa eta beste

  1. Kaixo Iban, zure baimenarekin,
    infantila baino, niri xaloa iruditu zait Martin. Eta hain zuzen, horretan bete-betean asmatu duelakoan nago. Xalotasun hori transmititzen. Gure garaiko 20 urtekoekin alderatuz, ordukoek uste dut ez zutela egungoek izan ditzaketen ikasketa irakurketa mundu perzepzio berberak.

    • Agian arrazoi duzu, Imanol. Nik neuk, behintzat, ez dut hala irakurri. Besteak beste, kontakizuna iraganaldian emanda dagoelako, hots, xalotasuna (ziurrenik) alde batera utzi den une batetik (are gehiago azkeneko kapituluaren hasieran gertatutakoaren ostean…). Baina orainaldian emanda egongo balitz ere, ez dakit funtzionatuko zukeen…

      Halakoetan saihestezina zait Altxor uharteko Jim Hawkinsez gogoratzea (edo lehen aipatu dudan McEwanen Brionyz…): kontakizunaren hasieran bera ere ume xalo bat da. Baina abenturaren esperientziak aldatzen du: heldutzen du. Eta nobela iraganaldian emanda dagoen neurrian, egileak kontakizuna egin ahal digu nolabaiteko infantilismora jotzeko premiarik gabe. Baina ez dugu horregatik galtzen Jimen hasierako xalotasunaren berri literarioa…

      Ez dakit ulertzen zaidan.

      Ondo izan eta eskerrik asko iruzkinagatik!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s