XTCren hiru disko

“British Eccentrics” gisa izendatu daitezkeen musikarien artean aise sailkatu dezakegun talde bat da XTC, hots, The Kinks, Kevin Ayers, 10 CC/Godley & Creme, Robyn Hitchcock, Kate Bush, Blur eta enparauekin batera: izugarri, sakonki ingelesak dira denak, baina, aldi berean, ukitu bitxi baten jabeak. XTCkoak new wave mugimenduko lehenengo labealdikoak izan ziren, punkaren energia poparekin gehienez hiru minututako kanta urdurietan gurutzatu zuten horietakoak, Elvis Costello, Joe Jackson, The Jam eta Graham Parkerrekin batera (besteak beste), baina, tamalez, sekula ez zuten beste haien arrakasta lortu (The Police-rekin batera biran ibili ziren arren, pentsa!). Gero, 80ko hamarraldiaren erdialdetik, nolabaiteko “klasizismo” baterako bidea egin zuten, musika aldizkarietako kritikari pijoek “pop atenporala” deituko luketenaren lurraldera alegia (baina zer naiz ni, disko iruzkintzaile pijo bat ezik?). Ezagutzea merezi duen banda ia sekretu bat, edonola ere: hona bere historia, hiru diskotan kontatua.

white music

XTC, White Music, Virgin 1978.

XTC Ingalaterrako mendebaldean sortu ziren, Swindon-eko hiri industrial txikian (Wiltshire), hots, nahikoa urrun Londres edo Manchesterretik haien musikak nolabaiteko kutsu errural bat har zezan. Baina inork ez luke halakorik esango lehenengo disko hau entzunda: eskuliburuko new wavea da, bizkorra, dibertigarria, dantzagarria. Gitarra zorrotzak, jostailuzko teklatuak, baxu lodiak, erritmo biziak, letra absurdoak: festa bat. Taldeko bi oinarrizko kideek, Andy Partridge gitarristak eta Colin Moulding baxu jotzaileak ibilbide luzea egin zuten 1972tik, izen ezberdinen pean, eta hasiera batean glam rocka jotzen omen zuten (new wavera pasatzeko oinarri hobea, onar dezagun, garaian gailurrean zegoen rock sinfonikoa baino…). 1976an Terry Chambers bateriarekin eta Barry Andrews teklistarekin taldea finkatu, behin betiko izena hartu eta, punkaren eraginez, aurreiritzirik gabeko popa fakturatzeari ekin zioten. White Music oso new waveko disko idiosinkratikoa da (entzun “This Is Pop”, “Statue of Liberty”, edo “She’s So Square” bezalako pilulazoak), baina ez ziona ironiari uko egiten (“Science Friction”), ezta bitxitasunari ere (Bob Dylanen “All Along The Watchtower”-ekin perpetratu zuten bertsio martiztarrak argi uzten duen bezala). Cool.

english s

XTC, English Settlement, Virgin 1982.

Hurrengo urteetan, huts egin gabe, XTCk new waveko zenbait klasiko entregatu zituen (Drums & Wires, Black Sea) eta esperimentu estrainioak (Go2, Explode Together albumean bildu zituzten dubarekiko jolasak…). 1982an iritsi zen sintesi perfektua: arraroa eta aldi berean oso pop, hiritarra eta (faltsuki) errurala zen English Settlement disko bikoitza. Eta, bide batez, haien singlerik ezagunena, “Senses Working Overtime”, arrakasta globaletik hurbilen egon ziren unea, klasiko ochentero bat, (adin bateko) irakurleak, taldea ezagutzen ez badu ere, erraz identifikatuko duena. Baina diskoa askoz gehiago da, eta, batez ere, ez da batere konbentzionala: hasierako “Runaways” asaldagarriari erreparatzea besterik ez dago, edo “Melt The Guns” antimilitaristari, edo “English Roundabaut” umoretsuari (nori bururatuko zitzaiokeen, haiei ez bazen, errepideetako errotondei buruzko kanta bat osatzea?). Haien White Albuma dela esan daiteke, denetik sartu baitzuten bertan, eta, zentzu batean, bururatzen zait, Beatlesek 80ko hamarraldian elkarrekin jarraitu izan balute egingo zuketen album posibleetako bat da hau (bide batez, beti azpimarraten da Partridgeren kantagintza, taldearen motor kreatiboa eta material gehienaren sortzailea zen neurrian, baina Mouldingek, beti kolatzen zituenak bizpahiru kanta disko bakoitzean, merezi du aitortza, orobat: erreparatu, English Settlement honetan bakarrik, aipatu “Runaways” eta  “English Roundabout” bezalako abestiei, edo “Ball And Chain” ederrari). Tamalez, Partridge gaixoak eszenatokiei panikoa hartu eta “Brian Wilson” bat egin zuen, eta, ondorioz, kontzertuak emateari utzi zioten, estudio-banda soila bihurtuz, eta, zer esanik ez, presentzia mediatikoa (eta kide batzuk) bidean galduz.

wasps

XTC, Wasp Star (Apple Venus Vol. 2), Cooking Vinyl 2000.

Ez zioten, horratik, disko onak egiteari utzi, geroz eta beatleskoak bide batez esanda (cfr. Skylarking, ezagunena agian hurrengo etapatik, edo Oranges & Lemons), baina, zoritxarra berriz ere, haien ordura arteko diskoetxearekin, Virgin ahalguztidunarekin, eskubideen gaineko auzi luze batean endredatu ziren, eta 90eko hamarraldiaren gehiengoa albumak argitaratu ezinik egon ziren. Azkenean, multinazionalaren garroetatik askatu, eta hondarreko bi lanak argitaratu zituzten: Apple Venus Vol. 1 orkestrala, eta hauxe. Gutxitan gertatzen da azkeneko diskoa suertatzea talde baten onena (normalean alderantziz izaten da), baina hau da kasua: ez dago kanta txar bat ere, eta bere historian zehar jorratu zituzten estilo guztien bilduma eta laburpena dela esan daiteke: hor dago “Stupidly Happy”-ren pop naif-saltokaria, “My Brown Guitar” pastitxe harrisondarra, “Playground”-en sakontasuna, hasierako new wave doinuak gogorarazten dituen “I’m The Man Who Murdered Love”… eta, batez ere, maitemintzearen eta desmaitemintzearen inguruko inoizko abestirik onenetariko bat, “The Wheel And The Maypole” mini-suite bikoitza, diskoa eta aldi berean karrera bat ixten duen beltxargaren kanta: ordurako (paradoxikoki, edo ez horren paradoxikoki) hasierako bikotea baizik ez zen geratzen, eta Mouldingek, urteetako borrokek nekatuta (Partridge jeinu txiki bat izan daiteke, baina seguru ez dela pertsona tratatzen erraza), taldeari finikitoa ematea erabaki zuen. Snif.

[Artikulu honen lehenengo bertsioa Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2011ko martxoko zenbakian].

New Wave amerikarreko hiru disko

[Duela urte batzuk artikulu sail bat idazten hasi nintzen Nabarra aldizkarirako, “Hiru disko” izenburupean. Bertan, hilabetero, nire pop bildumako hiru disko aukeratu eta haiei buruz aritzen nintzen; diskoak taldekatzeko motiboak, batzuetan, ebidenteak ziren, eta beste batzuetan, pertsonalagoak edo xelebreagoak. Nabarra aldizkariaren itxiera tamalgarriak amaiera eman zion proiektuari, oraindik luzatzeko asmoa neukan arren. Testu horietako batzuk oraindik sarean aurki daitezkeen arren, gehienak eskuraezinak dira, eta Oharrak & Hondarrak blogean errekuperatzen joango naiz pixkanaka, haien bertsio osoak eskainiz gainera (paperezko aldizkarirako, espazio mugatua zela eta, pixka bat moztu behar izaten nituen, maiz). Eta, agian, agindutako jarraipena emango diet, ondoren…].

New Wave amerikarreko hiru disko

Zaila da esatea zer demontre izan zen New Wave hori. Punkaren lehengusu poperoa, agian. Edo 1967an amaitu zen hirurogeiko hamarkada hartako musikaren lehenengo revival mozorrotua. Nire gaztaroko soinu-bandaren osagarri ezinbestekoa suertatu zen, edonola ere: 1970eko hamarraldiaren amaiera eta 80koaren hasierako zarata urduriak eta, ez gutxitan, absurduak. Gure artean, ziurrenik, joera horren aldaera britainiarra izan zen ezagunagoa (Elvis Costello, XTC, The Police…), baina amerikarra ez da inolaz ere baztertzeko modukoa. Beste batzuen diskoak hauta nitzakeen, noski (Blondie, The Motels edo The Cars-enak, kasu), baina hauxe da, gaur gaurkoz, nire top hirua…

The B-52’s, The B-52’s, Island 1979.

Garai hartako disko bat aukeratu beharko banu uharte bakarti batera eramateko, hauxe izango litzateke ziurrenik; “Planet Claire” abestiaren lehenengo konpasak entzun orduko, nire burmuinak inolako agindurik igortzeko astia izan aurretik, hankak mugitzen hasten zaizkit (ez oso armoniatsuki, esan gabe doa). Album pozgarria da Georgiako Athens-ekoena, poz-emailea, soinu kirrinkariez, istorio burugabeez eta Z saileko filmetako eszenez beteriko koktela. Fred Schneiderrek edozein ume (eta nagusi ez gutxi) izutzeko moduko ahotsarekin kantatzen du eta jostailuzko piano bat jotzen du, besteak beste, albumaren kredituei kasu egin ezkero; Kate Pierson eta Cindy Wilsonen koro venustarrak eta oihu andromedatarrak gozoak bezain narritagarriak gerta daitezke; eta balirudike Keith Strickland bateria-jolea eta, batik bat, Ricky Wilson gitarrista direla egiten ari direnaz jabetzen diren bakarrak. Disko gehiago grabatu zituzten, eta gehienak onak dira, bai horixe, baina goia honekin jo zuten: gezurra ematen duen arren, aurrenekoa zuten. The B-52’s: berrogeitaka urteko dibortziatu berrien edozein partytan faltatu ezin den albuma.

Talking Heads, Fear Of Music, Sire 1979.

Egia esan, Talking Heads-en lehenengo bi alditako ia edozein album hauta nezakeen (1983ko Speaking In Tongues arte guztiak dira onak; 85eko Little Creaturesetik aurrera zalantza gehiago eduki daitezke), baina hau izaten da kinieletan gutxien agertzen dena eta, gainera, baditu bi kanta saihestezin: hasierako “I Zimbra” misteriotsu eta afrikazalea, zeinetan Hugo Ball dadaistaren poema bat egokitu omen baitzuten, eta “Heaven”, taberna bati inoiz eskaini zaion abestirik ederrena (edo himno teologikoa al da?) [Esclarecidos talde espainiarrak kanta horren bertsio eder bat egin zuen urte batzuk geroago]. David Byrne eta konpainiaren aurreko bi albumak baino sofistikatuxeagoa (produktorea Brian Eno zen, ez alferrik), baina ez hurrengoak bezain exuberantea, Fear of Musicek orekaren zentzu perfektua gordetzen du: bere soinua iharra da, hasierako haietan bezala, baina garatuagoa dago, ñabartuagoa. Gainera, bertan dago “Life During Wartime”, gure The Organization dontsukoek maizago entzun (eta dantzatu) beharko luketen abestia: “Can’t write a letter, can’t send a postcard / I can’t write nothing at all / This ain’t no party, this ain’t no disco / this ain’t no fooling around / I’d love to hold you, I’d like to kiss you / I ain’t got no time for that now”. Ea pixka bat hausnartu eta alamena emateari uzten dioten, behingoz.                                                       [Nota bene, urte batzuk geroago: testu hau 2009an idatzi nuen, 2006ko su-etenaren amaiera tristearen ostean, eta, zorionez, anakronikoa gelditu da egun; dena den, susmatzen dut ez zidatela kasu handirik egin…].

The Knack, Get The Knack, Capitol 1979.

Bai, bai, “My Sharona”, zer pasatzen da? Ezin naiz pixka bat astakirten jarri, ala? The B-52’s sorta honetako estrabagantzia sinpatikoa bada, eta Fear Of Music nolabaiteko koartada intelektuala, The Knack-en lehenengo diskoa (eta ezaguna den bakarra, bost gehiago argitaratu zituzten arren) poparen esentzia hobekien ordezkatzen duena litzateke: doinu itsaskorrak, erritmo setatiak, eta neskei, desioari edota ligatzeari buruzko letra ergelak (ia salbuespenik gabe). One hit wonder bat direla esan ohi da, “arrakasta bakar bateko” banda, eta egia da, noski (haien bateratze-kontzertuetara joaten zirenak kanta horren esperoan egoten ziren denbora guztian). Baina diskoa bikaina da benetan, “My Sharona”-z haratago: gehiena power pop perfektuaren ildoan, gehi derrigorrezko kanta lasaixeagoen parea. 1960ko hamarkadatik zuzenean edanez (hots, The B-52’s edo Talking Heads-ek proposatzen zuten mutazio-ahaleginik gabe), hormona-eztandaren erdian harrapatutako mutil heterosexualei (eta, irakurketa queer inposible bat eginez, neskato lesbianei) guztiz transzendentalak irudituko zaizkien abesti intranszendentalen bilduma. Gozamena, burmuina aparkatuta eta leku seguruan utzi ezkero.

[Nabarra aldizkarian argitaratua, 2009ko otsailean].