Euskal literatura “komertzialaren” lurruztea

[Artikulu hau Galde aldizkariaren lehenengo zenbakian argitaratu zen, apirilaren hasieran].

Zein izango litzateke azken urteotako gertakaririk nabarmenena, euskal literaturaren munduan? Twist eta Martutene bezalako nobela luze-zabalen eta (neurri batean) totalen argitalpena? Saiakeraren generoak izan duen bultzada (oso) erlatiboa? “Erasmus” literaturaren/belaunaldiaren puztutze (eta, ondoren, hustutze) prozesua? Emakumeen literaturaren hazkunde post-sugetarra (numerikoki, behintzat, gizonezko idazle askok beldur direna baino txikiagoa suertatu dena)? Gure literaturaren globalizazioaren jarraipena, indigenismo gutxi-asko adeitsua dela bide? Euskal Gatazkaren inguruko kontakizunen (“errelatoen”) indarberritzea (eta, agian, historifikazioa) “armak isildu diren garai itxaropentsu” hauetatik aurrera?

Nago, aipatutako guztiek garrantzia izan arren (bakoitzak bere neurrian), fenomeno inportanteenetako bat euskal literatura komertzial baten finkapenaren hastapenak izan daitezkeela. Ez dut esan nahi hori errealitate irmo eta egonkor bat denik (gurea bezalako literatura txikietan ez da finko eta egonkorra ia ezer, eta orrialde hauetan hiru hilean behin burutuko ditudan orokortze-ahaleginak beti izango dira, ezinbestean, behin behinekoak). Eta, bestalde, literatura gutxi gorabehera komertzial baten existentzia ez da berria gure artean; Xabier Gereñoren mikronobelak gogora ekartzea besterik ez dago, zeinei buruz Ibon Sarasolak, maltzurkeria pittin batez, hauxe esaten baitzuen bere Euskal literaturaren historian (1971): “irakurlegoaren zenbait sektoretan harrera on bat izan duten nobela single eta ardura haundirik gabe eratuak”.

Beti egon da, beraz. Baina katakonbetan ibili da, nonbait, gustu onaren inperioak alboratuta eta gutxietsia, noizean behineko agerpen estelarrak eginez euskaltegietako eta bigarren hezkuntzako zirkuitoetan, eta horietan ere disimuluz, irakasle iaio eta kontziente askok benetako literaturaren aldeko zakur-zaindari lanak egin baitituzte haietan ere.

Baina postmoderniak eragindako likidotze garai hauek, merkatu-harremanen garrantziaren sakontzeak (baita literaturaren mundu ustez irazgaitzean ere), euskaldungoak jasan dituen aldaketa historikoek (zeinen ondorioz irakurle militantearen figurak behera egin baitu portzentajean, seinale guztien arabera) eta abarrek mota honetako ekoizpena gorantz bultzatu dute pausoz pauso. Hainbeste ezen Jon Arretxe bezalako idazle batek karrera profesional sendo bat eraiki ahal izan duen liburugintzaren esparru berezi horretan; gainera, profesionala ez bada ere, Alberto Ladron Aranaren ibilbidea koordenada horietan kokatu beharko litzateke, edo ildo berean hasi berria den Joseba Lozanorena. Argitaletxeek, bestalde (eta ez kasualitatez), literatura mota arinago hau kokatzeko sail bereziak sortu dituzte, hala nola Ereineko Uzta Gorria (polizia/thriller generoan espezializatua), Erein berak Alberdaniarekin batera eratutako Batera saila, edo Elkarren Ateko Banda (zeinaren inguruan beti ibiliko den gazte literaturara lerratuta ote dagoen zalantza, noski)(baina horrek, nire ikuspuntutik, ez du kontraesanik sortzen halabeharrez: inpresioa dut haur eta gazte literatura izan direla, luzaroan, euskal literatura komertzialaren nolabaiteko suzedaneoa, edo gordailua, eta hortxe daukagu Fernando Morilloren adibidea kotoiaren froga gisa kasik). Iruzkingileen aldetik literatura mota honekiko dagoen gero eta mesfidantza txikiagoa nabaria da, azkenik: Kritiken Hemerotekako azken sarreretatik buelta bat ematea besterik ez dago Sarasolaren garai bateko etorkotasuna, oro har, iraganeko kontu bat dela egiaztatzeko.

Esango nuke, gainera, literatura komertzialerako joera hori leku askotatik datorkigula bultzaka, ez soilik gure idazleen barne-produkziotik. Agian nagusitze-prozesu horren erakusle argienetako bat itzulpenen merkatua izango litzateke, zeinetatik elikatzen baitira, neurri handi batean, lehenago aipatutako sail horietako zenbait (edo Bidelagun eta Mintaka sailak, Igelan, nobela beltzari dedikatutako “betikoaz” gain). Ororen buru, dena dela, Ereinek edo Ttarttalok gure hala-holako Ken Follet-aren, hots, Toti Martinez de Lezearen pastixe pseudohistorikoen edizio elebidunen alde egindako apustua legoke.

Esanguratsua: Berriak 2012ko Durangoko Azoka zela eta banatu zuen aldizkari koloretsuan, zein idazleri egiten zitzaizkion elkarrizketak? Lertxundiri, Urretabizkaiari, Izagirreri? Atxagari, Rodriguezi, Lizarralderi? Ez, jaun-andreak: Morillori, Martinez de Lezeari eta Ladron Aranari. Horrekin dena esanda dago.

Eta literatura honen ugaltzearen aurrean batek beti dauka zalantza: ea soziolinguista jarri behar duen, eta euskararengandik poztu (nolabait), ala literaturzale, eta apocalyptic mode on-a martxan ipini, begirunerik gabe.

Eta gero dago, zer esanik ez, literatura komertzialaren eta midcult dei dezakegunaren arteko eremu lauso eta zalantzagarri hori; agian ugariena, uneotan, euskal letretan. Hots, Damian Tabarovskyk, bere Literatura de izquierda liburuan, honela definitzen zuen literatura mota hori:

“Badago ederraren eta atseginaren literatura oso bat, klabe mediatikoan eraikitako nobela populista anti-intelektualak. Ez dira jada Harold Robbinsen eta abarren erara best-seller izateko eratutako nobela horiek. Ez, gauza bera dira, baina altuago. Literaturaren historiaren barne-ikuspegi batetik, horietako batzuek barneratzen dituzte –era aseptikoan– nobela modernoaren iraultzari forma eman zioten tekniketako batzuk. Beste batzuek joan den mendeko errealismoa umekeriaz berrirakurtzen dute (…) Orain, klase ertain tentelek, komunikabideek, unibertsitateek, argitaletxeek eskura daukate ‘ondo idatzitako’, ‘adimenez beteriko’ hainbat nobela, esperimentazio tantatxo batzuekin, horrekin ‘zirraragarri’, ‘erakargarri’ eta ‘sakonak’ izateari uzten ez dioten arren”.

Baina horretaz hurrengo batean mintzatuko gara, akaso.

Irudia

Advertisements

7 thoughts on “Euskal literatura “komertzialaren” lurruztea

  1. Artikulu hau Oharrak & Hondarrak-en argitaratu berri dudala irakurri dut Angel Erroren “Dan Brown euskaraz31 eskutik blogean, eta hortxe esaldi hau, neuk hemen idatzitakoarekin lotuta: “Best-sellerrak euskararen salbazioa (eta bere literaturaren lurperatzea) dakarrelako iritzia barruraino sartu zaigu”.

  2. Gauza batzuekin ados egon arren, beste batzuekin ez. Berriak Durangoko Azokan argitaratutako gehigarrian Fernando Morillo, Toni Martinez de Lezea eta Ladron Aranari egindako elkarrizketen harira “horrekin dena esanda dago” diozu. Zer da esanda dagoena? Berriak literatura komertziala, best-sellerrak, bultzatzen dituela? Horren aldeko hautua egin duela? Uste dut hemerotekak juxtu kontrakoa esaten duela. Beste kontu bat da idazle horiei ez zaiela egin elkarrizketarik Berria-n, eta Durangoko Azokako gehigarria komertziala izanda —bai, gehigarri komertzial bat da—, erabakitzen dela paperean (egunerokoan) lekurik egin ez zaion idazle horri lekutxo bat egin ahal zaiola orrialde koloretsuetan.

    • Agur, Mikel. Sentitzen dut horrela hartu izana. Ez nuen zehazki Berriari zuzendutako kritika bezala irudikatu nahi pasarte hori, kontu honen inguruko giro orokorraren isla bezala baizik. Niri esanguratsua iruditzen zait, aipatzen ditudan beste elementu batzuk ere adierazgarriak iruditzen zaizkidan bezala. Eta gehigarria komertziala dela (eta ikusgarria, eta koloretsua…) argi dago. Baina esango nuke horrek nire argumentuak indartzen dituela: dela literaturaren komertzialtasunerako joeraren jarraipen gisa uler daitekeelako, dela, hala izan ala ez, espazio hori (ohi baino publiko zabalagoarengana iristeko bokazioa duena, ziurrenik) ez delako aprobetxatzen, hain zuzen, horren komertziala ez den idazle mota bat promozionatzeko…

      Dena den, berriro ere, ez nuen kontu hau Berriaren politikaren kritika bezala aurkeztu nahi, balizko joera aldaketa orokorrago baten datu bat gehiago bezala baizik.

  3. Aupa Iban. Lasai, ez da gaizki hartu izana kontua. Eta arrazoi duzu esaten duzunean azkeneko azokako gehigarrian egile “komertzialei” egin genizkiola elkarrizketak. Baina irudipena daukat zure esaldia borobilegia dela. 2011ko gehigarrian Asel Luzarragari, Leire Bilbaori eta Joan Mari Irigoieni egin genizkion. Horiek ere komertzialak? Agian bai, baina ez dut uste patroi baten barruan kokatzeko modukoak direnik. 2008an Hedoi Etxarteri eta Josu Waliñori, 2009an berriro Etxarteri!!, Karmele Jaiori eta unai Elorriagari… Besterik gabe.

  4. Ona Zuritari buruzko sarrera, Iban. Best seller-ei buruzkoa iruzkina, halere, interesatua naukan gaia da-eta. Amaiera aldera gaiztotxo izaten saiatuko naiz, -nahiz eta ez dudan uste lortuko dudanik zeren eta horrelakoetan ez bainau inork seriotan hartzen. Enfin.

    Nire bizitzaren laburpen gisa konta dezadan “kalitatezko literatura” ona zein txarra irakurriz ibili ondoren, behin batean, jakin minak bultzatuta best seller-ak ere ezagutzeko gogoa piztu zitzaidala. Perez Reverte-ren “La tabla de Flandes” hartu nuen lehenengo: kosta egin zitzaidan seriotan idatzitako nobela bat zenik sinestea eta, aspaldi samarreko kontua den arren, gogoratzen naizenez apur bat triste sentitu nintzen inor nobela horrekin goza zezakeela pentsatzearekin. Perez Reverterenik berriro irakurtzeko ez gaiturik geratu naiz orduz gero.

    Jarraian irakurri nuen best seller-a Noah Gordonen “mirikuarena” izan zen. Oraingoan,ordea, txundituta geratu nintzen: izugarri ondo pasa nuen eta, ondorioz, izugarri ona iruditu zitzaidan. Sekretua anglosaxoien artean ezkutatzen zela usmatuz, best seller-en munduko bigarren izen handiari heldu nion eta ospe hain tristeko Ken Follet-en “katedralarena” irakurri nuen… eta atzera ere, “mirikuarena” baino gutxiago, baina nolanahi den ere bikaina iruditu zitzaidan.

    “Fall of the giants” ere, beste biak bezain entretenigarria izan gabe, ez da inolaz ere amutsa.

    Iruditu zitzaizkidan sekulako idazketa lanak, bertute askodunak, aberatsak, osaketa eta oreka miresgarrikoak eta irakurgarritasun aluzinantekoak. Eta bere garaian galdetu nion neure buruari ea ba ote zegoen euskaldunen artean tamainako lana egiteko ofizioa eta ahalmena duen idazlerik, alegia, helburu gisa soilik irakurlea mundu batean murgilarazi eta bostehun orrialdetik gorako abentura batean konturatu gabe eramatea izanik, Noah Gordon-ek edota Ken Follet-ek bezain ongi egiteko gai izan litekeenik.

    Behar bada ez dira idatzi hain istorio onak idazten euskaraz, ez ezinagatik, baizik eta euskal idazleek horrelakorik idazteko gogorik ez daukatelako eta kitto, hau da, printzipioengatik eta seriotasun hutsagatik. Auskalo. Nolanahi den, niri dagokidanez, baten batek euskaraz idatzi den pareko lanen bat ezagutzen badu, abisa diezadala, faborez 🙂

    Agur bero bat, Iban.

    • Eskerrik asko iruzkinagatik, Ibai. Oraingoz ematen du euskal literatura komertziala thriller poliziakoaren alorrera bideratu dela gehienbat, eta ez hainbeste nobela historikoarenera. Nahiz eta, pixka bat estupendo jarrita, norbaitek argudia lezake Joan Mari Irigoienen azken bi hamarraldiotako mardulioak (edo Aingeru Epaltzaren Joanes Mailuren saila) alde horretara lerratzen direla, batzuetan modu argian eta beste batzuetan ez horrenbeste.

      Argi dagoena zera da: best seller on bat idaztea (entretenimenduaren industriaren parametroetan) ez dagoela edonoren esku. Edo hori pentsatzen dut nik behintzat.

      Agur bero bat zuretzat ere, Ibai.

      • Egia esan apur bat estupendo jartzekotan nintzen, aipatzen dituzunez gain Otto Pette (!!) edota Jimenez-en Baleen berbaroaren izenak-eta emanez, baina nahiago izan dut isilik geratu, ezjakintasuna eta ahoberokeria agerian uztea baino hobe izango zelakoan .

        Enfin. Deskubritu naiz: oroitzen naizenez, Otto Pette eta Baleen berbaroa oso gustura irakurri nintuen, gero, baina nola Ken-ek ere hain gustura utzi izan nauen…

        Aipatzen duzun euskal thriller poliziakorik ez dut irakurri eta, hortaz, ezin esan, baina imajinatzen dut praktikatzea izango dela kontua, hor ere joko du noizpait baten batek entretenimenduaren gaina eta izango da, ez dakit ba, beharbada islandierara itzultzeko modukoa -andrea dabilkit hor Arnaldur Indridadason-en Hilobiko isiltasuna-erkin.

        Segi pixkor.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s