Zientzia-fikzioaz (II)

Aurreko kurtsoaren amaiera aldera, blog honetan bertan, zientzia-fikzioak azpigenero literario bezala bizitzen ari den egoerari buruzko zertzelada batzuk ematen saiatu nintzen. Zenbait kontu azpimarratzen nituen: nola, alde batetik, beste euskarriek (komikiek, zinemak, telesailek, bideojokoek…) gero eta leku gehiago irabazi duten zientzia-fikzioaren kontsumoan eta egituraketan, garai batean nagusi zen paper-letrazkoaren kontura. Nola, bestetik, kapitalismoaren azelerazioaren ondorioz, zientzia-fikzioak gero eta gehiago etorkizun hurbilean kokatutako techno-thrillererako edota narrazio distopikoetarako joera hartu duen. Eta nola, azkenik, literatura mainstreamak, “orokorrak”, neurri batean, bere gain hartu duen zientzia-fikzioa tresna literario duin gisa, garai batean zeukan azpiliteratura estigmatik urrunduz. Mugimendu agian kontraesankorrak, baina ziurrenik elkarren artean lotuak, fandom literario “gogorraren” nolabaiteko zokoratzea iraunarazi dutenak.

Uda honetan 2017-18 ikasturteko euskal liburugintza ekoizpenarekin pixka bat egunera jartzeko aukera izan dut eta, hara non, zientzia-fikziozko nobela birekin egin dudan topo, aurreko joerak, neurri batean, baieztatzen dituztenak: Asel Luzarragaren Bioklik (Elkar argitaletxean) eta Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua (Alberdania berriki birjaioan). Biak daude etorkizun hurbil samarreko Euskal Herri batean kokatuta, biek aurkezten dituzte zantzu distopikoetako gizarte oso teknifikatu eta hiperkonekatuak, bietan iradokitzen zaigu “egungo” egoerara eraman duen iraganaren ezabatze-ahalegin bat, eta, kurioski, bietan desagertu da Internet, antzeko funtzioak betetzen dituen sare “irendu” batek ordezkatu duena.

Indar handiko eszenak daude bi lanotan, bikain lortuak. Darcelesenean ordenagailu programa batek zuzendutako etxebizitza baten inaugurazio-party batena iruditu zait bereziki gogoangarria –eta artegagarria–; Luzarragarenean asko gozatu dut sare sozialen ordezko telebista interaktibo modukoaren bitartez burututako epaiketa publikoen eszenekin, Gaztea irrati katetik zuzenean aterata diruditen esatari histrioniko batek gidatuta.

Dena dela, ezin esan lanok ase nautenik, ez irudimen antizipatzailearen hedapenaren aldetik, ezta literarioki ere. Besteak beste, haien ereduak, nahiko argiki, klasikoegiak iruditu zaizkidalako: 1984 eta Hau mundu berria, batez ere. Eta hori ez da berez txarra, baina, onartu behar da, helburua iritsiezin bihurtzeaz gain (erraldoiegiak dira nobela hoiek), abiapuntu estu samarra suerta daitekeela, batez ere konbinatzen denean thriller ez bereziki ondo taxutu batekin eta ekarpen handiegirik egiten ez duten –eta ekintza gehiegi eteten duten– pasarte filosofiko-historikoekin –Biokliken kasuan–, edo argumentuaren garapen ahul eta osatugabe batekin –Bihotzean daramagun munduarenean–. Nobela bien asmo didaktiko-politikoa, bestalde, agerikoegia da, ekarpen literario sendoago baten faltan nabarmenegia alegia. Ursula K. Le Guinek zioen bezala:

Istorio bat sortzea edo manipulatzea istorioaren beraren kanpoko xede baten baitan, hots, famaren, edo salgarritasunaz agente batek izan dezakeen iritziaren, edo editore batek berehalako irabaziak izateko desioen, edo are hezkuntza edo sendabidea bezalako helburu noble baten baitan, obran konfiantzarik ez izatea da, hari begirunerik ez izatea (…). Idazleek injustiziak zuzentzeko asmoa izan dezakete, edo izugarrikerien testigantza eman, edo besteak konbentzitu beren ustez egia den horretaz. Baina helburu kontziente horiei haien lanaren kontrola hartzen uzten badiete, azken horren irekitasuna eta ahalmena mugatzen dute. Aurrekoak artea arteagatiko doktrinaren usaina dauka. Ez dut proposatzen doktrina gisa, oharmen gisa baizik. (…) Arteek sekulako gaitasuna daukate giza erkidegoak eratzeko eta kohesionatzeko. Kontatutako eta idatzitako istorioek, zalantzarik gabe, besteak ulertzeko balio digute, eta baita munduan dugun lekua ulertzeko ere. Erabilera horiek berezkoak dira artelanean, haren parte intrintsekoak dira. Baina, ziurtasun osoz, edozein helburu definitu, kontziente edo objektibok esentzia hori ilundu edo deformatuko du (“Konfiantza kontu bat” artikulutik hartua, gaztelaniaz “Una cuestión de confianza”, Contar es escuchar saiakera bilduman dagoena, Círculo de Tiza 2018; berez Vancouverreko literatur lantegi batean 2002an eman zuen solasaldi bat, liburu horretarako artikulu bihurtua).

Nobelotan ez dut sumatu, gainera, J.G. Ballard, Richard K. Morgan, William Gibson, Octavia E. Butler, Jeff Noon edo Paolo Bacigalupi bezalako egileek, besteak beste, abiatutako bide distopikoen oihartzunik, eta pena da, helduleku ederrak eskain ditzazketelako mundu berezien sorrerarako, aipatu klasiko-ohikoetatik harago. Baina agian hori da espero daitekeena, idatzizko zientzia-fikzioa, itxura batean, atzera egiten ari den testuinguru batean…

Edonola ere, ongi etorria eman behar zaie lan hauei, euskal zientzia-fikzio literarioaren apalategi beti laburra luzatzen laguntzen duten neurrian. Ea gehiago etortzen diren, laster; duela gutxi aldarri hori bera egin da Bilbon antolatutako Ansiblefest zientzia-fikzio feministaren jardunaldietan, eta ziur nago hala izango dela.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko irailaren 28an].

dystopia bilaketarekin bat datozen irudiak

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s