Ibon Egañak elkarrizketa Iban Zalduari, “Nola izan garen gauza” bilduma antologikoaren inguruan

[Nire Nola izan garen gauza bilduma antologikoaren aurkezpen ekitaldien artean Ibon Egañarekiko elkarrizketa bat prestatuta zegoen, Tobacco Days liburu denda adeitsuan egiteko asmoa genuena, baina, azkenean, ezin izan genuena burutu. Ibonek, liburuaren hitzaurre mamitsua idatzi duenak, gidoia prestatuta zeukan, eta, nik, erantzunak zirriborratuta. Lan hori probestea erabaki, eta zirriborro horiek osatu ditut elkarrizketa honetarako, ahalik eta modu bat-batekoagoan erantzunez, naturaltasunaren mesede (seguru akatsen bat edo bestek ihes egin didala lan egiteko modu horren ondorioz, barkatu). Hona hemen emaitza, edonola ere].

Ibon Egaña: Sarritan proposatu izan duzu ipuin liburu eta ipuin bildumen arteko bereizketa: ipuin liburuak lirateke gai jakin baten inguruan jositako liburuak, batasun bat dutenak; ipuin bildumak, berriz, itxuraz halako batasunik ez dutenak, ipuin autonomoen sortak. Azken horien zaleago zarela esan izan duzu eta halakoak dira zure liburu gehienak, nahiz eta Biodiskografiak edo  Idazten ari dela idazten duen idazleaneurri batean tematikoak diren. Edonola ere, kasu honetan batasun tematiko ageriko liburua plazaratu duzu, gatazkaren inguruko ipuinen antologia bat. Nondik sortu zitzaizun Gauza-ri buruzko ipuinak biltzeko beharra?

Iban Zaldua: Bai, bilduma antologiko oro-hartzaile bokazioa du Nola izan garen gauzak, gai bati buruzko ahalik eta ipuin gehienak jasotzekoa. Ideiak, dudarik gabe, Galaxia Gutenbergek atera zidan Como si todo hubiera pasado proiektuan du jatorria: han, euskal gatazkaren (edo biolentziaren, edo terrorismoaren…) gaiak sortzen zuen interes berrituaren testuinguruan, nire ibilbideko hainbat ipuin bildu nituen. Baina ez guztiak, hitzarmen kontu batzuengatik: jatorrizko ipuinen edizio hau, alde horretatik, askoz ere osoagoa da, hirurogei ipuin ditu, gaztelaniazkoaren berrogeita bi piezen ondoan.

Beste kontu bat da ohartu nintzela bazegoela, han eta hemen topatzen nituen euskal irakurleen aldetik, eskaera bat bilduma hori euskaraz ere egon zedin: nik, hasiera batean, pentsatu nuen ez zela horren beharrezkoa, irakurle euskaldunak bazituelako eskura ipuinak, barreiatuta egonda ere, jatorrizko liburuetan, hots, Gezurrak, gezurrak, gezurraken, Etorkizunan, Inon ez, inoiz ezen eta abarretan. Baina egia da erosoagoa dela modu honetan, ale bakarrean bilduta edukitzea. Erein prest agertu zen hori egiteko, eta horixe.

Bestalde, duela hamar urte pasatxo beste atzera begirada bat bota nuen, Ipuinak –Antologia bat– liburua ekarri zuena ondorio bezala (Erein, 2010), eta hau da beste hamar edo hamaika urte ondorengo hurrengoa: uste dut ona dela, noizean behin, pausatzea eta aurreko ekoizpenaren uzta jasotzea, nolabait.

Bazegoen beste kontu bat interesatzen zitzaidana, orobat: Ipuinak antologia hartan bezala, poltsikoko edizio batean jaso ditut narrazioak oraingoan ere, eta hori ere inportantea begitantzen zait, irakurleak material asko jaso dezakeelako, tartean liburuetan ez zeuden ipuin batzuk eta inedito batzuk, oso prezio onean. Ez da gutxienekoa niretzat, liburuen prezioak, kasu batzuetan, disparatatuak iruditzen zaizkidan neurrian.

Gatazkari buruzko kontakizuna edo Errelatua eztabaidagai da eremu politikoan, bereziki ETAk armak utziz geroztiko hamarkada honetan, eta eztabaidatu izan da errelatu horretan fikzioari, literaturari zein leku dagokion ere. Ziurrenik literatura eta Errelatuaz pentsatzean errazago irudikatzen dugu kontakizun hori nobela baten forman, edo film luze (beharbada serie) baten gisan, narrazio luze baten gisan, edozein kasutan. Zuk, aldiz, 25 urteotan zehar ipuinera jo duzu nagusiki, narratiba laburrera. Uste duzu bestela begiratzen zaiola ipuingintzatik Gauzari? Eta, horrekin lotuta, zer eskain diezaioke ipuinak, genero gisa, gatazkari buruzko kontakizunari?

Kontua da nik nekez eskaini diezaiokedala beste begirada bat, funtsean ipuinlaria, ipuinen idazlea naizen neurrian. Egia da nobela pare bat argitaratu dudala, baina nire benetako sena ipuingilearena da, eta alde horretatik ez da zilegi, ziurrenik, beharra bertute bihurtzea. Baina, hori esanda, iruditzen zait ipuin bildumek izan dezaketela abantaila bat nobelen gainean, eta multiperspektibismoarena, edo polifoniarena nahi baduzu: ikuspuntu eta egoera ezberdinak, batzuetan kontrajarriak, aurkezteko aukera, ipuinak oso diferenteak izan daitezkeela probestuz. Ez dut esan nahi hori nobelan egin ezin daitekeenik, batez ere kutsu edo ukitu esperimentala badauka, baina hori ere gero eta ezohikoagoa da. Nobela tradizionala unekibokoagoa da, pieza bakarrekoa, eta hor oso zaila da askotariko ikuspegiak ematea. Justu gure gatazkak oso beharrezkoa duen zerbait, ziurrenik, alderdi narratibotik.

Liburuaren aurkezpenean Rutu Modan komikigile israeldarraren aipu hau irakurri nuen, hain zuzen: «Poloniar asko kexu dira juduek alemaniarrak barkatu dituztela, baina ez haiek. Eta juduak poloniarrekin oso haserre egoten dira pentsatzen dutelako alemaniarrekin kolaboratu zutela. Nire belaunaldiko alemaniarrekin hitz egiten dudanean, iraganaren inguruko narrazio bera konpartitzen dugu gutxi gorabehera. Zein zen biktima eta zein zen zapaltzailea. Eta harreman berri bat eraikitzen has gaitezke. Poloniarrekin, narrazio diferenteak dauzkagu. Juduek pentsatzen dute poloniarrak antisemitak zirela, eta poloniarrek, juduei laguntza eman zietela. Niretzat oso zaila izan zen nire narrazioan sinesten ez zutela onartzea. Eta palestinarrekin antzeko arazo bat daukagu. Gure historiak ez ditu konbentzitzen. Eta narrazioarekin nahasita jarraitzen dugu. Oso zaila da akordio batera iristea zerbait berria eraikitzen hasteko. Horregatik anbiguitatea onartu behar dugu, konplexutasuna, eta ez soilik iritzi bakar bat». Ipuina akaso ez, baina ipuin bilduma helburu horretara egokitzea errazagoa iruditzen zait, nobela baino.

Nobelak, gainera, tradizio gehiago dauka, irudipena daukat, “gailu” edo “artefaktu moral” gisa. Ez du zertan horrela izan, e, baina generoaren historiari begiratuta horrek ere bere pisua duela pentsatzen dut. Ipuina pixka bat “askeagoa” iruditzen zait, ikuspegi horretatik…

Zure ipuingile-ibilbidean zehar generoaren baitako tradizio, azpigenero eta joera ugari landu dituzu: ipuin errealista, fantastikoa, zientzia-fikzioa, metaliterarioa… Oro har, euskal literaturan Gatazkari buruz idatzi diren ipuinek estetika errealistetara jo dute, salbuespenak salbuespen. Beharbada zure ipuingintzaren berezitasunetako bat da, Gauzari buruzko literaturari dagokionez,  fantasia eta zientzia-fikzioa erabili duzula oso hurbileko errealitateak izendatzeko eta fikziora eramateko. Ihesbidea eskaini dizu fantasiak? Errealitatea beste modu batera ikusteko modua? Zein da fantasiak ireki dizun atea Gauzari buruz idazteko, eta izan duzu erreparorik fantasia eta euskal gatazka lotzeko?

Antzeko zerbait erantzungo nizuke: ni, ipuinlari bezala, literatura fantastikoari lotuta hasi nintzen idazten, nerabezaroan; hori da nire jatorria, eta ekidinezina iruditzen zait horretara itzultzea behin eta berriro. Azken batean, ipuin garaikidearen iturri historiko nagusienetako bat da XVIII.-XIX. mendeetako ipuingintza fantastikoa. Eta, nire kasu partikularrean, literatura fantastikoaren azpiadar bat besterik ez den zientzia-fikzioarena, jada XX. mendean batez ere.

Baina egia da, bilduma eta kronologia errepasatuta, “kostatu” zitzaidala gaia “fantastikoki” abordatzea: euskarazko lehenengo liburuan ez dago ipuin bakar bat ere ildo horretakotzat jo daitekeena, eta Gezurrak, gezurrak, gezurraken bakarra. Gaiaz aritzeko asumitu izan banu bezala “trama errealista” zela egokiena edo normatiboena, nolabait. Txuma Lasagabasterrek bere garaian ezarritako “agindu” hura, euskal nobelak errealitateari aurre emateko ezina gainditzeko deia, neure egin izan banu bezala. Ondoren bai, gero eta gehiago animatzen joan nintzen generoarekin lotu daitezkeen egoera literarioak planteatzera. Lotsa galtzen hasi izan banintz bezala. Bueno, zientzia-fikzioarekin antzeko zerbait gertatu zitzaidan: gaztetan hori besterik ez nuen idazten, baina idazle “serio” bihurtu nahi izan nuenean behe-literaturaren lotuegi ageri zitezkeen zantzu horiek disimulatzen saiatu nintzen –institutuko irakasleek ederki ulertarazi zidaten hura ez zela literatura garaia egiteko bidea–. Baina une batetik aurrera behin eta berriro itzuli naiz zientzia-fikziora, muga horien funtsa nahikoa sendoa ez zela ulertu nuenetik alegia.

Edonola ere, niri literatura fantastikoa sekula ez zait ihesbide bat iruditu. Alde horretatik Julio Cortázar-en eskolakoa naiz, desberdintzen zuenean fantasia hutsaren eta literatura fantastikoaren artean: fantastikoaren nire erabilerak ez du zerikusirik “errealitatean” existitzen ez diren munduen eraikuntzarekin, baizik eta errealitate hori, egunerokotasun hori argitu edo zalantzan jar dezaketen egoeren txertaketarekin. Egoera horiek errealitatea deitzen dugun horren ezaugarriren bat puztu edo azpimarratzen dute, alderantzikatze  bat sortzeko, galderak eragiteko, errealitatea bera zalantzan jartzeko… Gure Gauzaren testuinguruan gertatutako hainbat kontu, bestalde, hain dira bitxiak edo txokanteak ezen literarioki sinesgarriak egiteko ezinezkoak dira kasik, beraz, alderantzikatze fantastiko hori txertatzea, askotan, atakatik ateratzeko bide bat izan daiteke, errealitate horren absurdu-maila azpimarratzeko modu bat… Ez dakit ondo azaltzea lortzen dudan…  Edozein modutan ere, nik egin nuenerako ez zen berritasun bat euskal literaturan ere, gogoan har dezagun errealismo magikoaren erabilera Joan Mari Irigoienen eleberrigintzan, edo literatura fantastikoaren zantzuak Atxagaren Gizona bere bakardadeanen…

Gainera, nik gero eta zalantza gehiago dauzkat literatura errealistaren eta fantastikoaren arteko mugen inguruan. Errealismoa beste konbentzio literario bat baino ez da, azken batean. Sistema ekonomiko gero eta fantastikoago batean sartuta gaude, turbokapitalismoan, fikzio gero eta sinestezinagoetan oinarritzen dena eta gero eta gehiago urruntzen ari dena izan beharko lituzkeen oinarri materialetatik, eta gero eta ahalmen gutxiago daukana jendearen behar beti hazkorrak modu justu eta minimoki berdinzale batean asetzeko. Ni ez nau harritzen literatura fantastikoaren goraldiak ekonomia gero eta fantastikoagoa bihurtzen ari den une historiko batean. Baina iruditzen zait gaitik desbideratzen hasi naizela, barkatu…

Antologiako ipuin bateko pertsonaia batek lasaitua hartzen du Katherine Mansfield-en antologia bat erosi eta ohartzen denean kronologikoki ordenatuta daudela ipuinak, ez baititu jasaten antologoen apeten arabera egindako bildumak. Zuk ere ordena kronologikoan eman dituzu ipuinak antologia honetan. Zaharrena 1997an argitaratu zen estreinakoz, eta azkenak argitaragabeak dira. Garai oso desberdinetan idatzitakoak dira ipuinak, beraz, eta horren harira, iruditzen zait idatzi diren garaiaren marka dutela ipuinek. Ez dakit konforme zauden horrekin. Berdin idatziko zenituzke gaur egunetik, demagun ETT-en auziari buruz edo Lizarra-Garaziko su-etenari buruz? Nolako inpresioa eragin dizu ipuin horiek eta gaur egunetik irakurtzeak?

Imajinatzen dut ezetz, ez nituzkeela berdin idatziko. Azken finean, begirada “garaikidea” eta begirada “historikoa” desberdinak dira, halabeharrez. Liburu honetan bietarik dago, gaurkotasunaren gertakariei kasik urgentziazko begirada batetik hozka egiten dieten ipuinak, eta begirada historikoa gailentzen den beste batzuk. Berrienen artean, bistan denez, azken begirada hori joan da gailentzen, geroz eta gehiago ez dugulako Gauzaz idazten, Gauzaren errelatuaz baizik, memoriaz, ETAren terrorismoa desagertu denetik…

Baina gauzak aldatzeko eta berrebaluatzeko tentazioa edukita ere, ipuinak bere horretan uztea erabaki dut, Euskaltzaindiaren arauei egindako hizkuntza-egokitzapen batzuk alde batera utzita, ipuinok ere garai baten lekuko direlako, eta interesatzen zitzaidalako horrela uztea, une bateko geruza fosilak balira bezala. Inpresioaren aldetik, denetik gertatu zait: batzuek beste batzuek baino gehiago konbentzitu naute, literarioki. Imajinatzen dut irakurleei berdin gertatuko zaiela, nahiz eta, espero dut, konbentzigarriak iruditzen zaizkien ipuinak jakin batzuk izango direla irakurle batzuentzat, eta beste ipuin jakin batzuk beste irakurle batzuentzat. Baina, esan bezala, uste dut are flojoenek ere badutela balio “fosil” minimo bat, aipatu ikuspuntutik, eta horregatik hobetsi dut, Como si todo hubiera pasadon egiten nuen bezala, hurrenkera kronologikoa, noiz argitaratu ziren kontuan hartzen duena alegia. Nahiz eta gero irakurleak, jakina, nahi duen ordenean ekin diezaiokeen liburuari, horretarako da subiranoa eta…

Halakoetan beti gogoratzen naiz Benito Pérez Galdós-ez eta bere narratiba zatitu ohi den bi multzo nagusiez: nobela historikoak, hots, nagusiki “episodio nazionalak” delakoak, non fikzioaren bitartez historia egiten saiatzen zen –Espainiako historiaren bertsio liberal bat, alegia–, eta “nobela garaikideak”, Fortunata y Jacinta eta abar, Galdósek berak ezagututako garaiak nobelatzeko bere saiakera, historia egiteko asmorik ez zeukatenak. Kritikari gehienak bat datoz bigarren ildo hori izan zela, literarioki, bere lorpenik handiena…

Gatazkarekin lotutako sufrimendu ugari agertzen dira ipuin hauetan: ETAk hildakoak, torturatuak, bizkartzainarekin bizi direnak, dispertsioaren ondoriozko istripuak, eta baita Gatazka urrunagotik edo tangentzialki bizi duten pertsonaiak ere. Ipuinak jarrian irakurrita, aniztasun horretaz, ertz askotariko horietaz jabetzen doa irakurlea. Era berean, pertsonaia ugari ageri dira liburuan deseroso daudenak dauden tokian: ilegalizazioaren aurkako manifestazio batean, adibidez, deseroso daudenak badakitelako hor dauden gainontzekoak ez direla egongo, eman dezagun, ETAren atentatu baten aurkako elkarretaratze batean. Zure ipuin hauek irakurtzean askotan etorri zait burura Bernardo Atxagaren “Herio I versus Herio II” testua. Ikasle nintzela Gasteizko Parral tabernan antolatu zenuten errezitaldi batean entzun nuen estreinakoz, oker ez banago. Testu horretan Atxagak bi Herio jartzen ditu eszenan aurrez aurre; Herio Bat-ek Herio Bi-ren makurkeriak salatzen ditu; Herio Bik, aldiz, Herio I jotzen du gaizkiaren erantzule. Herio I da Mikel Zabalza hil zuena, edo bere botere guztia erabili zuena Joxe Arregi hil arte torturatzeko. Herio II-k, aldiz, Hiperkorren gusanitoak jaten zituzten umeak hil zituen, eta bahituta zegoen ingeniariari Julio Paga! esaten zion. Atxagaren testu horren azpi-izenburua da: “Herio I versus Herio II edo Bataren eta Biaren artean gaudenak ez gaude erdian, baizik eta leku guztietan”. Hainbat euskal idazlek aldarrikatu izan dute, ordea (lehen orain baino gehiago, egia esan) gauzaz idazterakoan posizio jakin bat hartu beharra, lubakiaren alde batetik idatzi beharra. Ez dakit idazle bezala, zu erdian, leku guztietan, edo zure liburu baten izenburua parafraseatuz, “inon ez” kokatu ote zaren… eta hori zenbateraino den posible.

Bai, Atxagaren testu horrek asko inpresionatu ninduen bere garaian, eta askotan aipatu izan dut. Euskal gauza hau bi bandotara murriztea erredukzionista samarra iruditzen bazait ere, batzuetan: betiere bi bando baino askoz ere gehiago egon direla esango nuke. Baina abiapuntu on bat iruditzen zait, bere xumetasunean, eta oso zaila betetzeko, programa literario bezala. Nik ere, asmoz, “leku guztietan” egon nahi nuke, idazle bezala, eta, Pello Lizarraldek aldarrikatzen duen bezala, pertsonaia guztiak berdin maitatu nahiko nituzke, pertsonai gisa alegia, baina ez dakit posible den, eta are gutxiago lortu dudan, saiatu naizenean. Hori irakurleak erabaki beharko du, beti bezala.

Gero beste kontu bat dago, eta da norbera ze lekutik ari den gizarte zibilaren partaide bezala, ETAren terrorismoari dagokionean, edo ezker abertzalearen gizarte-oinarritik sortzen zen jazarpen giroaren inguruan, edo euskal gizartearen zati handi baten –eta askotan norberaren– indiferentziaren aurrean, edo biolentzia polizialari eta estatu terrorismoari dagokionean, eta abar. Eta ze lekutik ari den idazle bezala, kontu horiez idazten duenean. Lotuta daude, zalantzarik ez, baina zehazki puntu geografiko-moral berean ez dauden bi leku iruditzen zaizkit horiek. Badakit hau guztia nahasgarria suerta daitekeela, ziurrenik nik neuk ez dakidalako argi kontzeptualizatzen. Teoriarako ez naiz oso iaioa, esan dut behin baino gehiagotan.

Adibideren bat jarrita agian hobeto uler daiteke. Partidu batean militatzen ibili nintzen garaian –Euskadiko Ezkerran, 1980ko hamarkadaren lehen erdialdearen amaieratik 1990ekoaren hasierara arte, gutxi gorabehera– ez nuen, zuzenean behintzat, gaiaren inguruko fikziorik idatzi. Eta garai horretan dezente idatzi nuen, gaztelaniaz, nahiz eta, zorionez, gutxi argitaratu zidaten. Erretrospektiboki pentsatuz, iruditzen zait sinesmen politiko horren sendo eta “instituzionalizatua” daukazunean zaila dela literarioki aritzea politika horren hurbiletik ukitzen duten gaiei buruz. Ondoren, zer esanik ez, politika egiten jarraitu dut, baina beste plano batean, militantzia partidistatik kanpo. Eta hortik gaiari buruzko literatura –niretzat– minimoki onargarri bat egitea posibleago izan zait. Hori da neure buruari ematen diodan azalpenetako bat, baina auskalo zenbateraino den egia: gutxi fidatu behar gara idazleaz, bere obra analizatzen jartzen denean…

Beste adibide bat. Ni nahiko urrun sentitzen naiz, politikoki eta filosofikoki, Lander Garro bezalako idazle baten jardunetik. Baina horrek ez dit bere Gerra txikia eleberriak dituen bertuteak ezkutarazi, Gauzaren inguruko literaturako obra nabarmena iruditzen zait. Nanclares bidetik abiatutako Carmen Gisasolarengandik, ordea, askoz ere hurbilago senti naiteke, alde askotatik. Baina, asmo on batetik abiatutako proiektu bat izanda ere, gaiaz idatzi zuen eleberri hura, Gaur zortzi, ez zitzaidan ona iruditu. Antzeko zerbait argudiatu nuen behin batean gatazkaren inguruko bi komikien inguruan, adibidez. Badakit gaur egun ez dagoela modan: “mezuaren” pisua, artelanak aintzat hartzeko orduan, erabatekoa bihurtu dela, bestelako kontsiderazioen kaltetan. Baina nik, boladan ez dagoen arren, literaturaren autonomia aldarrikatzen jarraitu nahiko nuke: inportantea iruditzen zait, zaharruno samarra geratzen bada ere. Literaturaren autonomia, ezen ez independentzia, azpimarratzen dut, argi gera dadin: Ursula K. Le Guin-ek esaten zuen bezala, ez nuke nahi aldarri hori konfunditua izan dadin “artea arteagatik” doktrinarekin, ezta gutxiago ere. Alde horretatik, Arroz urez bezalako produktuak, esaterako, terribleak iruditzen zaizkit hala ikuspegi estetikotik nola etiko-politikotik.

Gauzaz aritzea iragan hurbilaz aritzea da batez ere. Zure ipuinak eta bertako pertsonaiak iraganera begira daude, eta askotan gogoratzen dituzte gaztaroko urteak, nostalgiaz bainoago malenkoniaz, esango nuke, baina oroitzen dute halaber iragan traumatikoa ere. Iragan traumatiko hori berridatzi egin nahiko lukete pertsonaia askok, eta besteak beste horregatik, jolas egiten duzu denbora manipulatzera ipuinetan. Denbora manipulagarri, plastikoa da ipuin hauetakoa: zirkularra, errepikakorra, edo multiplikatua. Badago Felix de Azuaren aipu bat, ipuin batean agertzen dena: “aldatzen den bakarra iragana da”. Jakinmina sortzen didan zerbait da zuk, idazle izateaz gain, historialari ere bazarenez, ea iragana berdin ulertzen duzun historialari eta idazle gisa. Iragana aldagarria da soilik fikzioan? Fikziotik kanpo ere bai? Historian egin ezin duzuna egin dezakezu fikzioan?

Esango nuke literaturak ematen didala ahalmena historian egin ezin dudana egiteko. Historialaritzak arau oso zurrunak ditu, dokumentuek diotena erdigunean egon behar da eta ezin zara beren erradiotik gehiegi aldendu, iturrien azterketa kritiko eta zehatza eskatzen du, eta zuhurtziak eta zalantzak agintzen dute bertan. Badakigu objektibotasun osoa ezinezkoa dela historialarien lanean, baina objektibotasunerako nolabaiteko isuria izan behar du historialariak beti helburu. Egiara, egi historikora kasu honetan, ahalik eta gehien hurbiltzeko helburuarekin. Nahiz eta egia hori ez den inoiz jotzen, noski.

Literaturak egiarako beste bide bat proposatzen du, dezente malguagoa, eta askoz ere bihurgunetsuagoa. Eta beroagoa, nahi bada: historia jakintza arlo hotza da, hotza izan behar du derrigor. Biak izan daitezke, kasu honetan bezala, gure iragan hurbila esploratzeko ateak, baina nik esango nuke bide nagusia, zibila, soziala, ikerketa historikoak hornitu behar duela. Literaturarena bide osagarria da, pertsonalagoa soziala baino, irakurle bakoitzarena banan-bana hartuta, ez dakit nola azaldu. Iritsi daiteke, emozioen bidetik, historia –edo kazetaritza, edo soziologia…– iristen ez den lekuetara. Baina ez dut uste literatura tronuratu behar dugunik. Literatura errelatuaren erdigunean azaltzen bada, eta hori da, neurri batean, Patria fenomenoak mahaigaineratu duena, malo: gauzak maila kolektiboan bereziki ondo egiten ari ez garen seinale iruditzen zait.

Memoriaren eraikuntzaren auzia dago hemen erdigunean. Memoria hori bi motatakoa izan daiteke: pertsonala eta transferiezina –eta hor familia-memoria ere sartuko nuke, eta taldearena, klanarena nahi baduzu–, eta memoria zibikoa, edo soziala: gizarte bezala eratzen duguna kontsentsu minimo batzuen gainean. Zientzia sozialek –tartean historiak– memoria zibiko edo zibil hori informatu behar dute, oinarri horiek ezartzen lagundu behar dute. Baina kontsentsu minimo hori lortzen ez denean, edo ezbaian dagoenean, orduan lekualdatzen da “errelatuaren bataila” literaturaren, edo zinemaren, edo telesailen, edo arte plastikoen alorrera. Horregatik diot halakoak gertatzea seinale txarra iruditzen zaidala.

Horrek ez dio ezer kentzen literaturak, gai honi buruzko literaturak, niretzat daukan garrantziari, handia dena. Irakurle bezala eta, ondorioz, idazle bezala. Eta oso argi daukat nik gai honi buruz idatzi badut, hobeto edo okerrago, izan dela beste batzuek idatzi dutelako horri buruz, eta irakurri ditudalako, eta lagundu didatelako, literarioki, auziaz pentsatzen. Prentsaurrekoan aipatu nuen bezala, eskertuta natzaie horregatik Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Beñat Sarasola, Mikel Hernandez Abaitua, Luistxo Fernandez, Xabier Montoia eta Uxue Apaolazari, eta, batez ere, niretzat eredu handienak izan direnei, bai literarioki, bai etikoki, hots, Jokin Muñozi eta Ramon Saizarbitoriari.

Iraganaren eta orainaren artean, hala ere, badaude hariak ipuinetan, nola ez. Batez ere  esango nuke bi figura direla errekurrenteak eta haien bidez lotzen direla bi denborak: batetik, iraganetik orainean agertzen dira fantasmak, hildakoenak edo jaio gabekoenak; eta  bestetik aspaldiko adiskideak berragertzen dira maiz, urtetan ikusi gabeko lagunekiko enkontruz beteta daude ipuinak. Zergatik uste duzu izan zaizkizula baliagarri figura horiek Gauzari buruzko fikzioak sortzeko?

Ez daukat oso teorizatua espektroena, eta, alde horretatik, asko ikasi dut, Ibon, hitzaurrean ematen dituzun erreferentziekin. Ez dakit ondo, alde horretatik, zer gehitu. Fantasmak, mamuak, niretzat mendekuarekin eta justizia poetikoarekin lotuta daude, nolabait esateko, horrela funtzionatu izan dute fikzio askotan. Eta irudipena daukat horrela erabiltzeko tentazioa izan dudala maiz, Gauzaren inguruko nire ipuinetan. Baina azkenean horrek ere ezin duela funtzionatu erakusten saiatzen naizela, buelta ematen diodala, fantasmaren rol tradizionalak ez duela lekurik gure arazoen askapenean, eta frustratu egiten dut, modu batean edo bestean, espektroaren rol tradizionalak ezartzen duen zeregin hori. Iragana aldatzeko saioek, denboraren makinen edo bestelako bitartekoen bidez, desiratutako helburua sekula betetzen ez duten bezala. Edo, betetzen badute, ondorio negatibo edo anbiguo bat ekartzen duten bezala. Ez dakit, ezin dut hobeto azaldu.

Aspaldiko adiskideek denboraren igarotzea, eta denborak eragiten duen higatzea islatzeko bide tradizionalak dira. Denborak dakarren aldaketa ekidinezina. Noraino aldatzen zaituen denborak eta noraino ez. Imajinatzen dut hori dela adinean gora egiten ari naizelako gero eta gehiago, eta denboraren zauriak gero eta agerikoagoak direlako, nigan eta nire ingurukoengan. Azken finean, kontuan hartu behar duzu ez naizela Gauzaren fikzioen idazle goiztiarra, hogeita hamar bat urte nituen halako lehenengoak idatzi nituenean. Tarte nahikoa, beraz, hamasei edo hogei urterekin ezagutu nuen jendea eta ni neu nola aldatzen ari ginen ohartzeko. Hori guztia, familiaren ordez adiskidetasuna sakralizatu zuen belaunaldi batean, edo hala irudikatzen dut nik nire belaunaldia, nahiz eta agian alderantziz izan zen, agian desakralizatu genuena familia izan zen, eta adiskidetasunean aurkitu genuen ordezkoa edo metadona. Ordezko bat ez zuena beti espero genuen bezala funtzionatu –gure seme-alabekin adiskidetasun moduko harreman mota berriak eraikitzen saiatzea funtzionatzen ari ez den bezala, beldur naiz–. Hortik agian gaiaren errekurrentzia. Ez dakit, berriro ere objektutik hurbilegi nago, ziurrenik, analisi on bat egiteko.

Badago Iban Zalduaren ipuin mota edo azpi-genero bat, musikaren edo kantu baten inguruan idatzitako ipuinena. Liburu bat osatu zenuen, Biodiskografiak, mota horretako ipuinekin, eta antologia honetan ere badira ildo horretako ale batzuk: Aventuras de Kirlian, Radiohead, edo Kraftwerk-ek inspiratuak, edo haien aitzakian egituratuak dira hainbat ipuin. Alderantzizko ariketa eskatuko banizu, bilduma honi zein musika-estilo dagokiola iruditzen zaizu? Eta, kantu bakar bat jarri beharko bazenio, zein jarriko zenioke?

Erantzun konbentzionala, musika-estiloari dagokionean, RRVa izango litzateke, ezta? Hori da askorentzako Gauzaren soinu-banda nagusia, nostalgia musikal euskaldunak, gaitz endemiko horrek, anplifikatzen jarraitzen duena etengabe. Baina ez da nik erabiliko nukeena. Begien bistakoegia iruditzen zait, eta, gainera, epealdi oso jakin bati lotuta dago, laurogeiko hamarraldira, laurogeita hamarrekoaren hasierara, eta Gauzak askoz ere etapa gehiago izan ditu, lehenago eta geroago. Gainera, behin baino gehiagotan esan dut, entzuten nuen arren –halabeharrez, leku guztietan zegoelako garai hartan–, ez nintzen talde haien oso zalea, oro har eta salbuespenak salbuespen. Britainia Handitik zetozen soinu jakin batzuen imitatzaile txarrak iruditzen zitzaizkidan haietako asko, garai hartan.

Beste hurbilketa bat egin beharrean nagoela iruditzen zait, eta zerbait generikoagoa saiatu. Nik esango nuke gure gatazkari oro har dagokion estiloa postpunka dela, edo garai hartan esaten genuen bezala, afterpunk delakoa. Eklektikotasun asko batzen zen bertan, soinu siniestro, ilun eta depresiboenetatik –pentsa dezagun The Cure, Echo & The Bunnymen, edo The Sound bezalako taldeetan– dantzagarrienetara, nola izan baitzitezkeen Gang of Four edo PiL, adibidez. Kontraesankortasun hori, iruditzen zait, ondo egokitzen da gure gauza tristeaz daukadan sentsazioarekin, ze, azken finean, oso garai ilunak izan ziren, tragikoak, baina, nekea nagusitu zen arte behintzat, baita itxaropenez beterikoak ere, neurri batean bederen. Ez dakit ulertzen zaidan. Tira, Joy Division/New Order eboluzioak ondo islatzen du esan nahi dudana: musika tristea baina, denborarekin, dantzagarria bihurtu zena –New Order oso dantzagarria da, hankak mugitzeko gogoa ematen du, baina, fijatzen bazara, kanta askok oso hitz tristeak dituzte aldi berean–. Ironia zerion, askotan, afterpunkari, eta hori ere oso interesgarria iruditzen zait euskal gatazkarekin lotzeko orduan. Gainera estilo orokor bat da, ez da lokala RRVa bezala, eta gogoratu behar da egon zirela ere ildo horretako euskal bandak ere, nagusiena ziurrenik M-ak, askotan ahaztu egiten zaiguna, tamalez.

Eta kanta ere hor ingurukoa hautatuko dut, nahiz eta idatzi zuen taldea gehiago lotzen zen, garai hartan behintzat, New Wavearekin afterpunkarekin baino: XTCren “Generals And Majors” abestiari buruz ari naiz. Gure tragedia handienetako bat izan da nola “jeneralen”, buruzagien kupulek, ETAn eta ezker abertzalearen buruan zeudenek, baina baita estatu aparatuen buruan zeudenek ere, jendea manipulatu duten bihozgabeki, ezagutu dugun tragedia soziala luzatuz eta luzatuz urteetan zehar: hainbeste sufrimendu, zertarako. Kantak umorez hitz egiten du, itxura batean, oso serioa den gai batez, dela militarismoa eta bere ondorioak, nola ondorio horiek pairatzen dituztenak beste batzuk izaten diren, oinezkoak, militante arruntak, handik pasatzen zirenak… Eta hori ere, beste gauza askoren artean, izan da gure Gauza.

Tresna

Duela denbora bat, ia kasualitatez, Los hijos de Lemóniz lanaren aurkezpen ekitaldi batean suertatu nintzen (Espasa, 2019), Estela Baz idazle eta coacharen lehenengo nobela (Bilbo, 1966). Gaia interesatzen zitzaidan, euskal gatazkaren inguruko gaztelaniazko literaturaren Patria osteko boomtxoari tenperatura hartzeko, sikiera. Ekitaldiak Fernando Buesa Fundazioaren babesa zeukan, eta aurkezle nagusia Gaizka Fernandez Soldevilla historialaria zen, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioko artxibo, ikerketa eta dokumentazio arloko arduraduna, eta azken urteotan euskal gatazkaren interpretazio historiografiko nazionalistaren –nazionalista espainiarraren– aldezle nagusienetako bat. Lemoizko zentraleko ingeniarien seme-alabei eta emazteei eskaintzen zien arreta literatur lan hark, pairatu zituzten min eta gorabeherei; izan ere, egilea bera ingeniari haietako baten alaba da, nahiz eta liburua egiteko orduan ez zuen testigantzaren edo memorien generoa hautatu, fikzioaren bidea baizik.

Ez naiz nobelaren argumentuaren xehetasunetan sartuko –edonola ere, ez dizuet batere gomendatzen, lan literario bezala–, baizik eta aurkezleak behin eta berriro erabili zuen ideia bat komentatuko: fikzioaren goraipamenarena historiaren zabalkundea egiteko “erreminta” edo “tresna” gisa, kasu honetan euskal gatazkaren ikuspegi jakin batena, bistan denez. Historialariak, beren dokumentazioarekiko eta xehetasunekiko kezka dela eta, ez dira dibulgatzaile onak izaten, Fernandez Soldevillaren ustez, eta, alde horretatik, nobelagileen lana oso inportantea izan daitekeela defendatu zuen, –kasu honetan– biktimen egoerarekin enpatizatzeko izan dezakeen ahalmenagatik, besteak beste.

Ideia ez zen une bateko burutazioa izan, antza denez, Fernandez Soldevillari argudio horiek kasik hitzez hitz errepikatuta entzun nizkiolako, hilabete batzuk geroago, Luisa Etxenikeren Aves del paraíso nouvellearen aurkezpenean (Nocturna Ediciones, 2019), hura ere euskal biolentziaren ondorioen ingurukoa –baina beste maila literario batekoa, zorionez–.

Ez ditut zalantzan jarriko fikzioak enpatia sortzeko eta errealitate historiko jakinetara hurbiltzeko eduki dezakeen ahalmenaren ingurukoak; Slavenka Drakulić idazle jugoslaviar ohiak oso ondo azaldu zuen, Donostiako Literaktumen egon zenean, Bosniako gerrako emakumeen kontrako bortizkerian sakontzeko kazetaritza-erreportajea alde batera utzi eta Han ez banengo bezala lanerako nobelaren generoa zergatik hautatu zuen azaldu zigunean: horroreen kontaketaren errepikapen akumulatiboak, une batetik aurrera, irakurlearengan eragina izateari uzteko arriskua zeukalako –hori ere, besteak beste–. Pertsonaia batengan edo batzuengan horrore horren egiazko printza batzuk kontzentratzea, fikziozko hari baten bitartez, eraginkorragoa izan daiteke, maiz.

Historialarien komunikaziorako ustezko gaitasun faltaren kontu horretaz gain –oso ondo idazten duten historialariak ezagutzen ditut, gutxiengo zabal bat diren arren, idazleen artean gertatzen den bezala alegia–, arazo batek kezkatzen nau batez ere Fernandez Soldevillaren diskurtsoan: literaturak “tresna gisa” izan dezakeen erabilerarena. Literatura kausa jakin baten zerbitzura jartzea dakarrelako horrek, eta, ondorioz, bitarteko hutsa bihurtzen duelako, helburu izan beharrean. Eta idazleari inposatzen diolako, inplizituki, literaturatik kanpoko gidaritza bat –Drakulićen kasuan gertatzen ez zen zerbait, bide batez esanda–. Fernandez Soldevillak berak joan berri den udan programatuko ikastaro baten helburuek argi eta garbi erakusten dute: “El encuentro Tiempo de contar. Literatura, televisión y cine ante el terrorismo tiene como propósito desvelar la mendacidad de algunas ficciones y discursos que tratan del terrorismo y alentar narrativas veraces” –aitor dut “mendacidad” horrek asko kitzikatzen nauela, eta kasik horregatik bakarrik ekarri dudala hona aipua–.

Inpresio bera hartu nuen Sorturen lehenengo presidente (2013-16) izandako Hasier Arraiz filologoaren (Gasteiz, 1973) Maitasun keinu bat besterik ez euskal literatura garaikidearen inguruko saiakera irakurtzean (Erein, 2019; Los hijos de Lemóniz bezala, aurretik joan dadila, ez dizuet bereziki aholkatzen). Izan ere, hori izan zen gehien egin zidana kirrinka liburuan, euskal literaturaren “belaunaldi berria” (sic) definitzeko argudio heterogeneo eta kontraesankorren gainetik –alibi huts bat, azken batean, hortik abiatuta Kirmen Uriberen figuraren neurriz gaineko goraipamena altxatzeko–, eta, orobat, gure iragan hurbilaren orrialde jakin batzuk bizkorregi pasatzeko aurkezten duen presaren gainetik –horren ohikoa gure gizartean, eta ez soilik ezker abertzale ofizialaren aldetik, GAL auziaren berpizkunde laburrak, CIA dela medio, ondo baino hobeto erakutsi zuenez–. Ez, gutxien konbentzitu ninduena izan zen etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko lehengai sinbolikoak –anitzak eta progresistak, zer esanik ez– ekoizteko euskal idazleari esleitzen dion zereginarekin daukan tema, aldarrikatzen duen “nazio kontakizun berri” horretarako “erreminta kontzeptualak, poetikoak eta estetikoak” sortzeko hain zuzen ere. Ez dagoena horren urrun, azken finean, postmodernismoaren Thermomixetik igaro ondoren bada ere, Txillardegik euskal idazlearentzat aldarrikatzen zuen paper politiko zehatz hartatik, Bernardo Atxagarekin 1985ean Bilbon izan zuen eztabaida famatuan (*).

Milan Kunderak defendatzen duen bezala, hausnarketa nobeleskoa –baina fikzio literario guztiari aplika dakiokeela uste dut–, “basatiki independentea da aurrez pentsatutako ideien sistema ororekiko; ez du epaitzen; ez ditu egiak aldarrikatzen; galdetu egiten dio bere buruari, harritzen da, zundatzen du; [eta] forma ezberdinenak bereganatzen ditu: metaforikoa, ironikoa, hipotetikoa, hiperbolikoa, aforistikoa, komikoa, probokatzailea, fantasiazkoa” (El telón, Tusquets 2005). Azken batean, “nobela batek”, erantzuten zion idazle txekiarrak berak Philip Rothi elkarrizketa batean, “ez du baieztapenik egiten: nobela batek galderak bilatu eta planteatzen ditu” (El oficio: un escritor, sus colegas y sus obras, Seix Barral 2003). Hemen ere egokiak izan daitezke Ursula K. Le Guinek “Konfiantza kontu bat” artikuluan idatzitakoak, jadanik erabili nituenak blog honetako sarrera batean bertan eta, ondorioz, ez ditudanak hemen atzera errepikatuko. Edozein modutan ere, hori guztia, nire aburuz, nekez ezkontzen da ondo literaturari kanpotik ezarritako edozein helburu erabilgarrirekin, Fernandez Soldevillak edo Arraizek desio luketen bezala.

Ildo horretan, nahiko bat nator Ana Malagon idazleak zioenarekin: “Artean ez dago zergatik funtzio bat bete behar, nire ustez. (…) Utilitarismoaren garai hauetan ezertarako balio ez duten gauzek ez dute prentsa ona, baina maiz pentsatzen dut ezertarako balio ez izateak zerbaiti gerta dakiokeen gauzarik baliogarriena dela. Okerragoa dela funtzio bat bete nahi eta ezin izatea. Eta are okerragoa, okerreko funtzioa betetzea” (Berria, 2018-VI-3) (**).

Literatura, tresna, erreminta izatekotan, izan dadila ustekabean, eta, ahal dela, erabilera anitzekoa, suitzar laban horien antzera. Albo kalte –edo onura– bezala, gehien jota.

Sekula ez programa baten fruitu –ziurrenik– antzu.

(*) Artikulu honen lehenengo bertsioa idatzi nuenean ez neukan irakurrita Iratxe Esparzak Maitasun keinu bat besterik ez lanari Gara egunkarian egin zion kritika, non Txilladergi-Atxaga auzi berari egiten baitzion erreferentzia zuzena, esanguratsuki. Beraz, Arraizen desadostasun mingotsak desadostasun, lotura hori egin izanak ez dirudi horren lekuz kanpokoa, gutxienez biri bururatu bazaigu…

(**) Bide batez, kurioski –edo ez–, nahiz eta adinaren aldetik aipatzen dituen beste batzuek baino gehiago egingo lukeen bat Arraizek darabilen talde-kontzeptuarekin, eta nahiz eta azken hamarraldiko euskal produkzioaren bi ipuin liburu nabarmenetarikoen egilea izan, Malagonek (Donostia, 1978) ez du Arraizen kanon “belaunaldikoian” lekurik ere merezi… Arraizen programa kultural-politikoan kabitu zedin hura tolestea zail samarra zelako? Ez saiakeran aipatzen dituen beste egile batzuk baino askoz ere gehiago, esango nuke…

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko uztailaren 4an].

Ursula K. Le Guinen hamahiru irakaspen

[Pasa den urteko irailaren 6an, artean beste distopia batean bizi ginela, Bilbon antolatu zen zientzia fikzio feministaren AnsibleFest jaialdiaren II. edizioan, Ursula K. Le Guin idazlearen inguruko mahai inguru batean parte hartu nuen Arrate Hidalgo eta Ana Moralesekin batera. Horretarako prestatu nituen materialen artean manifestutxo moduko bat inprimarazi nuen, entzuleen artean banatzeko, hausnartuta neramana laburbiltzeko-edo. Oharrak & Hondarrak blogean ipintzen dut oraingoan].

Konbentzituta nago Ursula K. Le Guin idazlearen karrerak eta lanak kontuan hartzeko zenbait lezio utzi dizkigutela, probetxuzkoak izan daitezkeenak hala bere jarraitzaileentzat nola, besterik gabe, uneren batean berarekin gurutzatu daitezkeen irakurle zein idazleentzat.

Hona niri, mahai ingurua prestatzen ari nintzela, eta Ana Morales eta Arrate Hidalgorekin edukitako ideia-trukeen ondorioz, bururatu zaizkidan batzuk.

1.- Berandu argitaratzen hastea abantaila bat izan daiteke. Egia da Le Guinen kasuan hori ez zela hautu kontziente bat izan, temati saiatu zelako, txikitatik abiatutako idazle bokazioari jarraiki, bere “literatura orokorreko” lanak plazaratzen, argitaletxeen ezezkoekin topo egiteko behin eta berriro. Baina lortu zuenean, zientzia fikzioaren alor ezkutuago eta (berarentzat) adeitsuagoan (37 urte betetzear zegoen lehenengo nobela argitaratu zuenean, Rocannonen mundua, 1966), hobeto hornituta plazaratu zen, eta berehala egin zuen gora, klasiko moderno bat bihurtzeko.

2.- Ez dago (azpi)genero literario txikirik: kontua da zer egiten duzun marko horrekin. Le Guin zientzia fikzioa argitaratzen hasi zenean genero hura azpiliteraturatzat jotzen zen, oro har; hil zelarik, eta ñabardurak egin daitezkeen arren, zientzia fikzioaren onarpena, Literaturaren familia barruan, askoz ere ezarriagoa zegoen. Le Guin ez zen horren erantzule bakarra izan, zer esanik ez, baina bai nagusienetako bat, nagusia izan ez bazen.

3.- Ipuina nobela bezain bide duina da sorkuntzarako. Zientzia fikzio alorreko egile estatubatuar askok bezala, ipuinak idatziz (eta aldizkari espezializatuei salduz) hasi zuen bere ibilbidea Le Guinek. Eta kontsagrazioa / profesionalizazioa nobelaren bitartez iritsi bazitzaion ere (ohikoa eta betebeharrezkoa den legez, horrek inolako justizia literarioarekin zer ikustekorik ez duen arren), ez zion sekula ipuinak idazteari utzi, eta bere lan nagusien artean kokatu beharko lirateke Haizearen hamabi aldeak (1975) eta Munduaren urtebetetzea eta beste istorio batzuk (2002) ipuin bildumak.. Izan ere, askotan bere nobelek jendarteratu zituzten kontzeptuak eta ideiak, ipuinetan izan zuten beren lehen hazia, edo ondorengo garapen zehatzagoa.

4.- Le Guinek fikzioaren, irudimenaren garrantzia azpimarratu zuen beti, literaturaren motor nagusi bezala, eta besteengana hurbiltzeko bide gisa. Garaiko estatubatuar literaturan nagusi zen errealismo arrunt eta maskulinoegiaren aurka “altxatu” zen, eta, nagusitan, behin baino gehiagotan kritikatu zituen ildo horretako itxurakeriak, adibidez fikzioa eta ez-fikzioa (biografia eta autobiografia barne) nahasteko joera ustez “berritzaileak”, idazlearen eta irakurlearen arteko ituna apurtzen zuten neurrian.

5.- Alde horretatik, idazle bereziki oparoa izan zen, bere ideien (ideia berrien) emankortasuna dela eta. Munduaren ikuspegia zabaldu zigun, irudimenaren tresnen bitartez, Le Guinek. Batzuek berak baino etekin (ekonomiko) handiagoa atera bazioten ere: George R. Martinen Tronu dema nobela (eta telesail) zikloa nekez existituko zen, Le Guinen Erbeste planeta nobela gabe (1966); ezta Avatar filma (J. Cameron), Munduaren izena Basoa da gabe (1972); ezta, ziurrenik, J.K. Rowlingen Harry Potter saila, Lurritsaso ildoko fantasiazko nobelak eta ipuinak gabe (1968-2001).

6.- Kritika eta autokritika beharrezkoak dira norberaren obra garatuko bada. Le Guinen lanetako asko polemikoak izan ziren, eztabaida eragin zuten (batzuetan gogorra), bera ere ez zen isilik geratzen zen horietakoa, eta jaso zituen kritikek eragina izan zuten bere hurrengo lanetan. Denborarekin pentsamendu feminista kontzientea bere obran irabazten joan zen protagonismoa horren isla argia da. Beti ere ahaztu gabe eragin hori elkarrekikoa izan zela, ezin delako ukatu feminismo(ar)en beraren bilakaeran Iluntasunaren ezkerreko eskua bezalako lanek izan zuten inpaktua (1969: bertan generorik gabeko gizarte bat irudikatzen du, Gethen planetakoa, gizaki anbisexualek osatutakoa).

7.- Idazlea irakurlea da oroz gainetik. Irakurle porrokatua izan zen gaztetarik, eta baita hurrengo urteetan ere: ez zen entzerratu, egile askok egin ohi duten bezala une batetik aurrera, bere obraren solipsismoan; hala, liburuak gomendatzen eta kritikatzen aritu zen idazle ezaguna bihurtu zenean ere (bere saiakera hautatuen bildumak halako bat baino gehiago jasotzen du, bere jardueraren alor horri ematen zion garrantziaren lekuko…).

8.- Ideiekin, eta, batzuetan, are ideia arriskutsuekin jolastu arren, idazlea ez da ideologia sortzen eta bere irakurleei inposatzen dien pertsona bat, Le Guinentzat, askatasunez aritu eta, batik bat, galderak planteatzen dituen norbait baizik. Esploratzaile bat, eta ez esplikatzaile bat.

9.- Alde horretatik, dogmatismo(eta)tik ihes egin beharko luke fikziozko idazleak: horrela soilik izango da aske eta, ondorioz, eraginkor/oparo. Le Guinek berak zioen bezala, “Istorio bat sortzea edo manipulatzea istorioaren beraren kanpoko xede baten baitan (…) obran konfiantzarik ez izatea da, hari begirunerik ez izatea (…). Idazleek injustiziak zuzentzeko asmoa izan dezakete, edo izugarrikerien testigantza eman, edo besteak konbentzitu beren ustez egia den horretaz. Baina helburu kontziente horiei haien lanaren kontrola hartzen uzten badiete, azken horren irekitasuna eta ahalmena mugatzen dute. (…) Arteek sekulako gaitasuna daukate giza erkidegoak eratzeko eta kohesionatzeko. Kontatutako eta idatzitako istorioek, zalantzarik gabe, besteak ulertzeko balio digute, eta baita munduan dugun lekua ulertzeko ere. Erabilera horiek berezkoak dira artelanean, haren parte intrintsekoak dira. Baina, ziurtasun osoz, edozein helburu definitu, kontziente edo objektibok esentzia hori ilundu edo deformatuko du”.

10.- Hala ere, horrek ez du esan nahi idazleak kritikoa izateari utzi behar dionik, inguruarekin, edo sistema  politiko eta ekonomikoarekin. Le Guinen lana, hasieratik, oso konprometitua da, eta baita bere eguneroko bizitzako jarduna ere (Stanislaw Lem idazlearekiko elkartasunez sari bati uko egin zionean bezala, edo Sari Nazionala jasotzean bota zuen diskurtso antikorporatiboak frogatzen duen bezala).

Baina, esan bezala, ez zion konpromiso horri utzi bere obraren kontrola hartzen.

11.- Aniztasuna problematikoa izan daiteke (bere lan askoren muinean dago, eta korapilorik sortuko ez balu istorioak ez luke funtzionatuko, maiz), baina balore positibo bat da: gai batean laburbildu beharko bagenu Le Guinen obra, aniztasunaren gorazarrea izango litzateke hori. Berak idatzi bezala, “gure diferentzia gure edertasuna da”.

12.- Umorea ez dago inoiz soberan. Batzuetan oso agerikoa ez bada ere (tragiko eta poetiko jartzeko bere joera ezaguna baita), badago lurrazpiko soka bat bere obra osoa zeharkatzen duena, eta horixe burlaizezko umore arin bat dela esango nuke, gauzei buelta emateko, azpiak ateratzeko ahalmena duena, eta (agian) ipuinetan ageriago badago ere, nobeletan ere, batez ere “antropologikoenetan” filtratzen dena. Eta, gehienetan, gure gizarteetan horren ohikoak diren portaerak eta eskemak zalantzan jartzea helburu duena.

13.- Idaztea gauza handia da (sortzea itxarotea eta lan egitea zen batik bat Le Guinentzat), baina ez da neurrigabe goretsi behar: sortzailearen mito tragikoaren aurka zegoen, oso osasuntsua iruditzen zaidan zerbait. Horren harira, Virginia Woolf aipatzen zuen Le Guinek: “Zalantza egiten dut ea idazleak heroi izan behar duen. Zalantza egiten dut ea heroia idazle izan daitekeen”. Amatasuna eta idazketa uztartzeko bere ahalegina, ikuspegi kritikoa alde batera utzi gabe, baina dramatismorik eta feminismoren batetik egindako arbuio batzuei jaramon handirik egin gabe, testuinguru horretan ulertu beharko litzateke, adibidez.

uklg

Zientzia-fikzioaz (II)

Aurreko kurtsoaren amaiera aldera, blog honetan bertan, zientzia-fikzioak azpigenero literario bezala bizitzen ari den egoerari buruzko zertzelada batzuk ematen saiatu nintzen. Zenbait kontu azpimarratzen nituen: nola, alde batetik, beste euskarriek (komikiek, zinemak, telesailek, bideojokoek…) gero eta leku gehiago irabazi duten zientzia-fikzioaren kontsumoan eta egituraketan, garai batean nagusi zen paper-letrazkoaren kontura. Nola, bestetik, kapitalismoaren azelerazioaren ondorioz, zientzia-fikzioak gero eta gehiago etorkizun hurbilean kokatutako techno-thrillererako edota narrazio distopikoetarako joera hartu duen. Eta nola, azkenik, literatura mainstreamak, “orokorrak”, neurri batean, bere gain hartu duen zientzia-fikzioa tresna literario duin gisa, garai batean zeukan azpiliteratura estigmatik urrunduz. Mugimendu agian kontraesankorrak, baina ziurrenik elkarren artean lotuak, fandom literario “gogorraren” nolabaiteko zokoratzea iraunarazi dutenak.

Uda honetan 2017-18 ikasturteko euskal liburugintza ekoizpenarekin pixka bat egunera jartzeko aukera izan dut eta, hara non, zientzia-fikziozko nobela birekin egin dudan topo, aurreko joerak, neurri batean, baieztatzen dituztenak: Asel Luzarragaren Bioklik (Elkar argitaletxean) eta Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua (Alberdania berriki birjaioan). Biak daude etorkizun hurbil samarreko Euskal Herri batean kokatuta, biek aurkezten dituzte zantzu distopikoetako gizarte oso teknifikatu eta hiperkonekatuak, bietan iradokitzen zaigu “egungo” egoerara eraman duen iraganaren ezabatze-ahalegin bat, eta, kurioski, bietan desagertu da Internet, antzeko funtzioak betetzen dituen sare “irendu” batek ordezkatu duena.

Indar handiko eszenak daude bi lanotan, bikain lortuak. Darcelesenean ordenagailu programa batek zuzendutako etxebizitza baten inaugurazio-party batena iruditu zait bereziki gogoangarria –eta artegagarria–; Luzarragarenean asko gozatu dut sare sozialen ordezko telebista interaktibo modukoaren bitartez burututako epaiketa publikoen eszenekin, Gaztea irrati katetik zuzenean aterata diruditen esatari histrioniko batek gidatuta.

Dena dela, ezin esan lanok ase nautenik, ez irudimen antizipatzailearen hedapenaren aldetik, ezta literarioki ere. Besteak beste, haien ereduak, nahiko argiki, klasikoegiak iruditu zaizkidalako: 1984 eta Hau mundu berria, batez ere. Eta hori ez da berez txarra, baina, onartu behar da, helburua iritsiezin bihurtzeaz gain (erraldoiegiak dira nobela hoiek), abiapuntu estu samarra suerta daitekeela, batez ere konbinatzen denean thriller ez bereziki ondo taxutu batekin eta ekarpen handiegirik egiten ez duten –eta ekintza gehiegi eteten duten– pasarte filosofiko-historikoekin –Biokliken kasuan–, edo argumentuaren garapen ahul eta osatugabe batekin –Bihotzean daramagun munduarenean–. Nobela bien asmo didaktiko-politikoa, bestalde, agerikoegia da, ekarpen literario sendoago baten faltan nabarmenegia alegia. Ursula K. Le Guinek zioen bezala:

Istorio bat sortzea edo manipulatzea istorioaren beraren kanpoko xede baten baitan, hots, famaren, edo salgarritasunaz agente batek izan dezakeen iritziaren, edo editore batek berehalako irabaziak izateko desioen, edo are hezkuntza edo sendabidea bezalako helburu noble baten baitan, obran konfiantzarik ez izatea da, hari begirunerik ez izatea (…). Idazleek injustiziak zuzentzeko asmoa izan dezakete, edo izugarrikerien testigantza eman, edo besteak konbentzitu beren ustez egia den horretaz. Baina helburu kontziente horiei haien lanaren kontrola hartzen uzten badiete, azken horren irekitasuna eta ahalmena mugatzen dute. Aurrekoak artea arteagatiko doktrinaren usaina dauka. Ez dut proposatzen doktrina gisa, oharmen gisa baizik. (…) Arteek sekulako gaitasuna daukate giza erkidegoak eratzeko eta kohesionatzeko. Kontatutako eta idatzitako istorioek, zalantzarik gabe, besteak ulertzeko balio digute, eta baita munduan dugun lekua ulertzeko ere. Erabilera horiek berezkoak dira artelanean, haren parte intrintsekoak dira. Baina, ziurtasun osoz, edozein helburu definitu, kontziente edo objektibok esentzia hori ilundu edo deformatuko du (“Konfiantza kontu bat” artikulutik hartua, gaztelaniaz “Una cuestión de confianza”, Contar es escuchar saiakera bilduman dagoena, Círculo de Tiza 2018; berez Vancouverreko literatur lantegi batean 2002an eman zuen solasaldi bat, liburu horretarako artikulu bihurtua).

Nobelotan ez dut sumatu, gainera, J.G. Ballard, Richard K. Morgan, William Gibson, Octavia E. Butler, Jeff Noon edo Paolo Bacigalupi bezalako egileek, besteak beste, abiatutako bide distopikoen oihartzunik, eta pena da, helduleku ederrak eskain ditzazketelako mundu berezien sorrerarako, aipatu klasiko-ohikoetatik harago. Baina agian hori da espero daitekeena, idatzizko zientzia-fikzioa, itxura batean, atzera egiten ari den testuinguru batean…

Edonola ere, ongi etorria eman behar zaie lan hauei, euskal zientzia-fikzio literarioaren apalategi beti laburra luzatzen laguntzen duten neurrian. Ea gehiago etortzen diren, laster; duela gutxi aldarri hori bera egin da Bilbon antolatutako Ansiblefest zientzia-fikzio feministaren jardunaldietan, eta ziur nago hala izango dela.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko irailaren 28an].

dystopia bilaketarekin bat datozen irudiak

Ursula K. Le Guin, azken klasikoa

Joan zaigu, ia laurogeita bederatzi urte zituela, Ursula Kroeber Le Guin, zientzia-fikzioaren maistra handia (Berkeley, 1929-Portland, 2018). Eta plurala nahita erabiltzen dut, asko ginelako –eta garelako– bere jarraitzaileen erkidegoko partaide. Eta, bestalde, ziur nagoelako berari gustatuko zitzaiokeela pluralaren lehenengo pertsonak adierazten duen jabegoaren nolabaiteko zentzu kolektibo hori.

Intelektualen familia batean jaioa –bere gurasoak, Alfred L. Kroeber eta Theodora Kracaw, antropologia eta etnologia alorrean aritu ziren, eta horrek badu bere garrantzia Le Guinen ibilbide literarioaren ezaugarri batzuetan–, idazle bokazioa aurkeztu zuen txikitatik, eta filologia ikasketak egin zituen, frantziar eta italiar literaturan espezializatuz; Europara egin zuen ikasketa bidaian zehar ezagutu zuen bere senarra izango zena, Charles Le Guin, Portlandeko unibertsitateko historia irakaslea bihurtuko zena.

Zientzia-fikzioaren eremuan eman zituen lehenengo urratsak, Estatu Batuetan generoko aldizkari espezializatuek eskaintzen zituzten argitaratzeko aukera joriak probestuz, emakume idazleek nahiko zaila zeukaten garai batean, gainera –oso alor maskulinizatua zen zientzia-fikzioarena: gogoan har dezagun nola Alice Bradleyk, Le Guinekin ia batera hasi zen emakume urrietako batek, bere generoa ezkutatu behar izan zuen luzaroan James Tiptree jr. ezizenaren pean–. 1960ko hamarraldiaren hasieran bere ipuinak argitaratzen hasi ziren, eta 1966an iritsi zen bere lehen nobela laburra, Rocannon-en mundua, zeinetan aurrenekoz agertzen baitzen Ekumen delakoaren unibertsoa –batzuek “Hainitar zikloa” deitzen dutena–, bere hurrengo lan askoren testuingurua osatuko duena: gizakiek –Haini jatorriko humanoideek, tartean lurtarrek– gidatutako izarren arteko nolabaiteko liga, laguntza eta aholkua eskaintzen diena kosmosean zehar topatzen dituen zibilizazioei, nahiz eta ez beti ondorio ongarriekin. Trama horrek mundu eta izaki ezberdinen arteko enkontruak eta talkak deskribatzeko aukera ederra eskaini zion Le Guini, eta ziklo horretan kokatzen dira, nire ustez, bere eleberri eta ipuinik interesgarrienak. Egilearen irudimenaren potentzia bereziki handia da alor horretan: bere nobela famatuenetako batean esaten zuen bezala, Iluntasunaren ezkerreko eskua izenekoan (The Left Hand of Darkness, 1969), “Egia imajinazioaren ondorio bat da”.

Arrakasta 1960ko hamarraldiaren amaieran eta 1970ekoan iritsi zitzaion, nobela sail paregabe batekin: aipatu berri dudanaz gain, Ezeukiak (The Dispossessed, 1974) eta Munduaren izena Basoa da (The Word for World Is Forest, 1976), guztiak Hainitar ziklo narratibokoak. Iluntasunaren ezkerreko eskuan, Ekumeneko ordezkari batek bisitatzen zuen Gethen mundu “erdiarotarraren” bitartez, sexuen eta generoen arteko mugak esploratzen zituen, ausarki, Le Guinek, gethendarrak, humanoideak izanda ere, androginoak direlako eta sexuz aldatzen doazelako haien bizitza-zikloetan zehar… Kontua da Gethenen estrainioa dena Ekumeneko ordezkari soilik gizonezkoa dela –arraza beltzeko pertsonaia, bide batez esanda: hori ere ez zen batere ohikoa garai hartan–. Hugo eta Nebula sariak eskuratu zituen, zientzia-fikzioaren nagusienetakoak.

Ezeukiak da, agian, Le Guinen lanik ezagunena –honek, aurreko sariak lortzeaz gain, Locus izenekoa ere irabazi zuen–: ukitu utopikoak dituen nobela honetan bi mundu kontrajartzen dira, Anarres –planeta elkor eta erlatiboki pobrea, gizarte-antolakuntza anarkista zorrotz baten bitartez funtzionatzen duena–, eta Urras, zeinetako herrialdeetan kapitalismoaren eta sozialismoaren bertsio autoritarioak baitira nagusi. Anarrestik Urrasko herrialde kapitalista nagusira Shevek fisikari protagonistak egiten duen bidaia da Le Guinek erabiltzen duen bidea antolakuntza ekonomiko ezberdinen kontrastea egiteko eta lanaren etika, ekologismoa edo konpromiso iraultzailea bezalako gaien inguruan hausnartzeko –aurki euskarara itzulita egongo dela espero da, Talaios kooperatibaren eskutik–. Munduaren izena Basoa da nobelan, bestalde, egilearen kezka ekologistak are gehiago nabarmentzen dira, indarkeria ezaren ingurukoekin batera, kolonialismoaren kritika zorrotza ere baden liburu honetan –James Cameronen Avatar blockbusterrak asko zor dio, aitortzea ahaztu zitzaion arren, Le Guinen lan horri–; Hugo saria irabazi zuen, orobat, nobela laburren kategorian.

Fantasiaren alorrean ere aritu zen, eta hor, ziurrenik, Lurritsaso liburu-saila da bere emaitzarik entzutetsuena (Earthsea, sei liburukiz osatua), gazte literaturaren klasiko bat, Eraztunen Jauna tolkiendarraren ildoan, eta Harry Potterren liburuen aurrekari argia; bestalde, mundu alternatiboak, baina ez zehazki zientzia-fikziozkoak edo fantasiazkoak marraztu zituen Orsiniako ipuinak (Orsinian Tales, 1976), Malafrena (1979) edo Lavinia (2008) bezalako liburuetan, nahiz eta niretzat zientzia-fikzio estandarraren alorrean egindako lanek daukaten balio handiena. Bide batez esanda: nobelengatik ezaguna den arren, ipuinlari bikaina zen, orobat, Le Guin, Haizearen hamabi bizilekuak (The Wind’s Twelve Quarters, 1975), Munduaren urtebetetzea eta beste istorio batzuk (The Birthday of the World and Other Stories, 2002) edo Plano aldaketak (Plane Changes, 2003) bildumek oso argi uzten duten bezala (haietako bat, gutxienez, euskaraz entzun daiteke Xerezaderen Artxiboa podcastean: “Legez kanpokoa”).

Taoismoak eragin handia izan zuen berarengan, eta beti ere pertsona ezkertiar antiautoritario bezala aurkeztu zen, feminismoaren eta ekologismoaren kausekin bereziki konprometitua. Le Guinek esan zuen bezala, “Kapitalismoan bizi gara. Bere boterea saihestezina iruditzen zaigu. Berdina gertatzen zen erregeen jainkozko eskubidearekin. Gizakiek edozein giza-botereari egin diezaioke aurre, eta baita aldatu ere. Erresistentzia eta aldaketa, maiz, artearen alorrean hasten dira, eta, oso maiz, gure artean, hitzen artean”. Bere azkeneko borroketako bat Google bezalako korporazioen gehiegizko eraginaren aurkakoa izan zen, haren digitalizazio-proiektua egile-eskubideen alorrean eragiten ari den kalteen inguruan hain zuzen ere.

Zientzia-fikzio anglosaxoiaren egile “klasikoen” –Asimov, Heinlein, Clarke…– osteko belaunaldikoa zen Le Guin, hau da, zientzia-fikzioari maila literario jasoago bat eman nahi izan ziotenena, hots –eta zabal arituz–, Philip K. Dick, Samuel R. Delany, J.G. Ballard eta enparauena, eta ahalegin hori nabarmena da bere obran, generoari gaien eta fokatzeen aldetik egin zizkion ekarpen berritzaileak alde batera utzi gabe. Bide horretan, nire ustez, bereziki arrakastatsua izan zen Le Guin, hainbeste ezen –beste idazle  batzuekin batera, noski– zientzia-fikzioa genero heldu eta “onargarria” bihurtu baitzuen, “azpigeneroko” edo pulp literaturaren katakonbetatik ateraraziz. Edo, beste era batean esanda, agian aldarrikatu beharko genukeena ez da zientzia-fikzioaren maistra handia izan zela, literaturaren maistra handia izan zela baizik.

Eta kito.

ursula

[Testu honen bertsio laburra Galde aldizkariaren 2018ko udaberriko zenbakian eman zen argitara].

Zientzia-fikzioaz

Batzuetan egia da sare sozialetan esaten duguna: benetako pena eman zidan Ursula K. Le Guin idazlearen heriotzak (Berkeley, 1929-Portland, 2018). Gaztaroan lagundu dizun liburu eta musiken bilduma, irudipena daukat, betiko gelditzen zaizu gogoan, zirkuitu inprimatu bat bezala, noizean behin eramaten zaituena atzera, ildo sakon horietara bueltan. Eta Le Guinekin behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan: konpainia ederra izan zen niretzat.

Zientzia-fikzioa, une hartan, mundura eta batez ere hausnarketara irekitako leiho bat izan zen niretzat. Sinetsi nahi nuke kritikoago izaten lagundu ninduela, irekiago, gauzak zalantzan ipintzeko gaiago. Agian garai bertsuan irakurri nituen filosofiako liburu askok baino areago: hamalau-hamabost urte nituenean, hori zen nire letrazko bazka nagusia, eta baita inguruan ezagutzen nuen jende dezenterena ere.

Ni noizean behin itzultzen naiz generora. Baina irudipena daukat lehen baino gutxiago egiten dugula, oro har…

Bazegoen, jakina, aurreiritzi bat zientzia-fikzioaren aurka, irakurketa sinplearekin, kontsumo bizkorreko azpiliteraturarekin lotzen zuena: institutuko irakasleek horixe iradoki zidaten, zuzenean edo zeharka, nire irakurzaletasuna eremu aberatsagoetara –Italo Calvino, Juan Goytisolo, Marguerite Yourcenar, Julio Cortázarrengana…– “bideratzen” saiatu zirenean –eta baita lortu ere–. Egia da irakurtzen genuenaren ale askok –Isaac Asimoven lan batzuek, esaterako– nahiko maila literario eskasa izan zezaketela, irudimenaren prodigioak izan zitezkeen arren. Baina bazeuden jada beste egile batzuk, Stanislaw Lem, Philip K. Dick, J.G. Ballard edo Le Guin bera bezala, beste duintasun batez janzten ari zirenak zientzia-fikzioa, literaturzale asko horretaz oraindik jabetu ez badira ere.

Bitartean, zientzia-fikzioak beste eremu asko kolonizatu zituen, gero eta modu eraginkorragoan, batez ere ikus-entzunezkoen alorrean. Gogoan dut zein zoragarriak eta ohiz kanpokoak iruditzen zitzaizkigun Star Warsen lehenengo filmak, edo Alienen Nostromo ontziko giro itogarria, edo Blade Runneren paisaia hiritar aurre- edo post-apokaliptikoak. Egun hori guztia eta gehiago ohiko eta nonahiko bihurtu da gure pantailetan: filmetan, telesailetan eta bideojokoetan. Ez dugu zientzia-fikzioaren bila liburuetara jo behar jada: gure inguruan daukagu, kontsumo errazeko –errazagoko– ehunka produktutan barreiatuta.

Etorkizuna gero eta gehiago hurbildu da gugana, bestalde, eta orainaren iraungitze-data garai batean baino bizkorrago pasatzen da. Turbokapitalismoak eragindako denboraren azelerazio orokorrak kalte egin dio, ziurrenik, zientzia-fikzioaren tasun “antizipatzaileari”, literatura horren euskarri inportanteenetakoa zena. Zertarako imajinatu etorkizun urrunak, berehala harrapatuko bagaituzte edo, okerrago dena, laster geratuko badira erremediorik gabe zaharkituta?

Baina, are modu paradoxikoagoan, mainstreameko egileak hasi ziren zientzia-fikzioarekin gero eta gehiago interesatzen, eta lotsarik gabe ekin ahal izan zioten generoarekin esperimentatzeari Doris Lessing, Paul Auster, Margaret Atwood, Roberto Bolaño edo Kazuo Ishiguro gisako egile oso ezberdinek –besteak beste–. Literatura orokorraren ondare bihurtu da horrela, neurri batean behintzat, eta agian horrek ere apaldu du eremu berezi –kasik sektario– bezala zeukan estatusa.

Akaso kontua da literatura garaikidea egiteko beste biderik ez dagoela, egun, zientzia-fikzioa erabiltzea baino. Asmo garaikideko nobelak argitaratu bezain laster bihurtzen direlako, nahi gabe ere, nobela historiko –eta nobela historiko gisa sortzen direnak, prehistoriko, esan genezake…–. Ez dakit, beraz, gainbeheran dagoen genero bat den, ala, azaleko inpresioa bestelakoa izan arren, goraldi betean.

Edonola ere, eta hasierara itzuliz: gora Ursula K. Le Guin!

   [Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko apirilaren 7an].

ursula k le guin bilaketarekin bat datozen irudiak