Batzuetan egia da sare sozialetan esaten duguna: benetako pena eman zidan Ursula K. Le Guin idazlearen heriotzak (Berkeley, 1929-Portland, 2018). Gaztaroan lagundu dizun liburu eta musiken bilduma, irudipena daukat, betiko gelditzen zaizu gogoan, zirkuitu inprimatu bat bezala, noizean behin eramaten zaituena atzera, ildo sakon horietara bueltan. Eta Le Guinekin behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan: konpainia ederra izan zen niretzat.
Zientzia-fikzioa, une hartan, mundura eta batez ere hausnarketara irekitako leiho bat izan zen niretzat. Sinetsi nahi nuke kritikoago izaten lagundu ninduela, irekiago, gauzak zalantzan ipintzeko gaiago. Agian garai bertsuan irakurri nituen filosofiako liburu askok baino areago: hamalau-hamabost urte nituenean, hori zen nire letrazko bazka nagusia, eta baita inguruan ezagutzen nuen jende dezenterena ere.
Ni noizean behin itzultzen naiz generora. Baina irudipena daukat lehen baino gutxiago egiten dugula, oro har…
Bazegoen, jakina, aurreiritzi bat zientzia-fikzioaren aurka, irakurketa sinplearekin, kontsumo bizkorreko azpiliteraturarekin lotzen zuena: institutuko irakasleek horixe iradoki zidaten, zuzenean edo zeharka, nire irakurzaletasuna eremu aberatsagoetara –Italo Calvino, Juan Goytisolo, Marguerite Yourcenar, Julio Cortázarrengana…– “bideratzen” saiatu zirenean –eta baita lortu ere–. Egia da irakurtzen genuenaren ale askok –Isaac Asimoven lan batzuek, esaterako– nahiko maila literario eskasa izan zezaketela, irudimenaren prodigioak izan zitezkeen arren. Baina bazeuden jada beste egile batzuk, Stanislaw Lem, Philip K. Dick, J.G. Ballard edo Le Guin bera bezala, beste duintasun batez janzten ari zirenak zientzia-fikzioa, literaturzale asko horretaz oraindik jabetu ez badira ere.
Bitartean, zientzia-fikzioak beste eremu asko kolonizatu zituen, gero eta modu eraginkorragoan, batez ere ikus-entzunezkoen alorrean. Gogoan dut zein zoragarriak eta ohiz kanpokoak iruditzen zitzaizkigun Star Warsen lehenengo filmak, edo Alienen Nostromo ontziko giro itogarria, edo Blade Runneren paisaia hiritar aurre- edo post-apokaliptikoak. Egun hori guztia eta gehiago ohiko eta nonahiko bihurtu da gure pantailetan: filmetan, telesailetan eta bideojokoetan. Ez dugu zientzia-fikzioaren bila liburuetara jo behar jada: gure inguruan daukagu, kontsumo errazeko –errazagoko– ehunka produktutan barreiatuta.
Etorkizuna gero eta gehiago hurbildu da gugana, bestalde, eta orainaren iraungitze-data garai batean baino bizkorrago pasatzen da. Turbokapitalismoak eragindako denboraren azelerazio orokorrak kalte egin dio, ziurrenik, zientzia-fikzioaren tasun “antizipatzaileari”, literatura horren euskarri inportanteenetakoa zena. Zertarako imajinatu etorkizun urrunak, berehala harrapatuko bagaituzte edo, okerrago dena, laster geratuko badira erremediorik gabe zaharkituta?
Baina, are modu paradoxikoagoan, mainstreameko egileak hasi ziren zientzia-fikzioarekin gero eta gehiago interesatzen, eta lotsarik gabe ekin ahal izan zioten generoarekin esperimentatzeari Doris Lessing, Paul Auster, Margaret Atwood, Roberto Bolaño edo Kazuo Ishiguro gisako egile oso ezberdinek –besteak beste–. Literatura orokorraren ondare bihurtu da horrela, neurri batean behintzat, eta agian horrek ere apaldu du eremu berezi –kasik sektario– bezala zeukan estatusa.
Akaso kontua da literatura garaikidea egiteko beste biderik ez dagoela, egun, zientzia-fikzioa erabiltzea baino. Asmo garaikideko nobelak argitaratu bezain laster bihurtzen direlako, nahi gabe ere, nobela historiko –eta nobela historiko gisa sortzen direnak, prehistoriko, esan genezake…–. Ez dakit, beraz, gainbeheran dagoen genero bat den, ala, azaleko inpresioa bestelakoa izan arren, goraldi betean.
Edonola ere, eta hasierara itzuliz: gora Ursula K. Le Guin!
[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko apirilaren 7an].
Nere postekin loturak: Zientzia-fikzioaz (II) | Oharrak & Hondarrak