Eragozpenak

Ba, iritzi orokorraren kontra, ez zait sobera gustatu Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobela (eta “nobela”, diot, halakotzat aurkeztu zaigulako)(Susa, 2013). Ados: idazlea ezagutzea, literatura horren autobiografikoaren kasuetan, traba izan daiteke, zer esanik ez. Baina ez dut uste hori denik arazoa (beste batzuekin ez baitzait gertatzen).

Bale, posible da: agian ausardia eta zintzotasun-nahia eskertu behar zaizkio egileari (zintzotasun-nahia, eta, beldur naiz, ez lorpena: niri kostatzen zait “Autoerretratua” bezalako atalak sinestea, adibidez). Demagun halako lanak gutxi direla euskal literaturan, eta edozein ekarpen jo daitekeela positibotzat, ikuspuntu estatistiko hutsetik. Horraino, ados.

Edonola ere, literatura autobiografikoa egiteko, eta asko sinplifikatuz, bi gauza behar dira: bizitza izugarri interesgarri eta gorabeheratsu bat (edo zure bizitza izugarri interesgarri eta gorabeheratsua dela irmoki sinestea), edota zure bizitzaren pasarteak, nahiko arruntak izanda ere, beste era batean, modu eraginkor edota berritzaile bat kontatzeko gaitasuna izatea. Hots (eta noizbait esan dudan bezala), Trotskiren bizitza izan baduzu, ez duzu zertan idazle ona izan kontakizun autobiografiko bat hariltzeko (baina, gainera, Trotski idazle ona zen…). Trotski ez bazara eta duzun bizitza edozeinena bezain soila bada, idazle oso ona izatera derrigortuta zaude. Eta ez bakarrik hori: forman asmatu behar duzu.

Nik uste dut Meabe idazle ona dela. Poesian, behintzat, hala frogatu du (prosan, ez nago horren seguru: Zazpi orduak –Elkar, 2010– huts egindako liburu bat iruditu zitzaidan). Nik, edozein modutan ere, konbentzimendu horrekin hartu nuen Kristalezko begi bat. Baina ez zait iruditzen hemen formarekin asmatu duenik. Nirekin ez, behintzat.

Badaude pasarte batzuk ondo, are oso ondo ematen dutenak: aitarekikoak egiten dituenean, adibidez, asko gustatu zait (“Zorroztea, ahoberritzea” atala, adibidez). Hor di-da doa egilea, hezurrera, eta oso eraginkorra da. Baina halakoak salbuespenak dira. Nire ustez lirikotasuna gailentzen da, txarrerako, liburuan, batzuetan arazeriaren mugetara iritsiz (“Itsu maite duten begiei, ederrak min. Ezingo duzu ulertu gertatu ez bazaizu”). Eta baita eletsutasuna ere, hizkuntzaren menderakuntza itxuragabeko hori (hainbeste eskertzen duena, bestalde, euskal irakurleriaren parte batek, hori ezin da ukatu). Poeta baten nobela da, bere poetikotasuna urtu nahi izan ez duen egile batena. Behin biko errimak eta guzti egiten ditu! (“Erdizka maitatutako Meabe, hutsari eusten dion zutabe. Oraindik ez dakizu, tuntun alaena, itxaropena dela tranpa zaharrena?”). Baina, tira, hori muturreko adibidea da, atal gehienetan topa daitezke adibideak; halakoetan ezin dut saihestu Andrés Neumanek zioen horretaz akordatzea: “Narratiban, lirismo eutsiak magia produzitzen du. Galgarik gabeko lirismoak, amarruak”. Zentzu horretan iruditzen zait niri poeta baten nobela. Eta nik hor ikusten diot arazoa: lirikaren uztarketa prosarekin oso arte zaila begitandu zait beti. Hots, preziosismorako joera handiegia dago, asko kontrastatzen duena Meabek berak aldarrikatzen duen Annie Ernaux baten bisturi lehorrarekin, niretzat askoz ere eraginkorragoa dena. Edo J.M. Coetzeeren (aipatua ere) eta (maila bat edo beste beherago joz) Amélie Nothomb baten narraziorako senarekin, are hiperautobiografiko jartzen direnetan; horretan bat nator Ibon Egañarekin dionenean “Nik neuk narrazioari tarte gehixeago eskaini ez izana bota dut faltan, eta inpresioa dut batzuetan azkarregi egiten dela kontatzetik kontatutakoaren gaineko hausnarketarako jauzia”.

Kristalezko begiaren inguruko atalek kontrapuntu bitxia egiten dute, hori egia da: hor, nik uste, eskertu egin behar zaio egileari lirismoari hesiak ipintzeko ahalegina. Pasarte horiek, Meaberen (des)amodio istorioaren, bere iraganeko flashbacken eta idazteko erretiroaren kontakizunaren garapenean tartekatuak, prosa ia zientifikoan daude emanda, eta, aipatu bezala, gehiegizko lirikotasuna orekatzeko balio dezakete, bestelako helburu metaforikoak izateaz gain (niretzat ez oso gardenak, dena den…). Baina ondo betetzen dute rol hori… hasieran. Baliabidea errepikatzen den neurrian, gainbehera egiten du eta liburua ardazteko aldamiaje soil bihurtzen dela esango nuke, tamalez.

Areagotuz beste guztiaren (egileak berak aitortzen duen bezala) patchwork izaera, maiz. Batzuetan inpresio hori ematen baitute atal batzuek: apunte soilak eta solteak izan zitezkeenak, oso terapeutikoak nahi baldin bada (eta batzuk halakoak iruditu zaizkit, biziki interesgarriak ikuspegi horretatik, “Adin arriskutsuaz” atalekoak adibidez), nobela-ahalegin bihurtuta. Niri, askotan, pena eman dit egileak apunte horiek gordetzea erabaki ez izanak, fikzioaren bitartez gehiago lantzeko eta berrelaboratzeko: poema formapean adibidez. Bigarren paragrafoan esan dudana gogora ekarriz, zera esango nuke: fikzioa, batzuetan, egia esateko bide zuzenagoa suertatzen dela, erabateko biluzte-aldarrikapenak baino.

Amaitzen joan aurretik, dena dela, bitxikeria bat: hau da bigarren liburua (nik dakidala), Uxue Apaolazaren Mea culparen ondoren (Elkar 2011), non idazle-narratzailea Landetara erretiratzen baita nobela lantzera: Apaolazak kasik euskal eleberrigintzaren azpigenero bat fundatu duela esan liteke…

[Eta, hau bai, amaitzeko, kontu literarioak pixka bat (ala ez?) aparte utzita: ezin dut gainetik kendu liburuaren mezua (mezuetako bat, behintzat) nahiko kontserbatzailea den sentipena. Neurri batean, diot. Hots, narratzaileak argi du zein den maitasunaren gorespenarengatik emakumeek ordaindu ohi duten prezioa (vid. “Gaztatxo kaxaren teoria” atala), eta horren harira, adibidez, aipatu aitaren zaintzaren aurkako bere matxinada (alaba-maitasun esklabizatzailearen kontrakoa) koherentea da oso. Baina ez hainbeste, nire ustez, maitasun erromantikoarekikoa. Ondo da, M. amorantearekin apurtzen du (M.-k ez duelako Meabe “osoro” maite…), baina maitasunaren inguruko kontzepzioa bere horretan mantentzen du. Edo hori iruditu zait niri behintzat. Baina, tira, eragozpen hau bigarren mailakoa da; esan nahi dudana zera da: Borgesek duen maitasunaren kontzepzioak (esaterako) ez nau, ezta ere, konbentzitzen; bai, ordea, horretaz aritzeko duen erak (ipuinen edo poemen bitartez, hots, fikzioa dela medio, kasu horretan). Eta horixe da Meaberen liburuan konbentzitu ez nauena: kontaera. Eta batzuetan didaktikoegi jartzeko daukan joera (aipatu “Gaztatxoaren…” atalean bertan, adibidez). Baina hau, jakina, beste kontu bat da, zeinetan ez bainaiz hemen luzatuko].

16 thoughts on “Eragozpenak

  1. Interesgarria Iban, nahiz eta, oraingoan, ez nagoen ados zure balorazioarekin eta azaltzen dituzun arrazoiekin.

    Uste dut badagoela elementu bat liburu guztia zeharkatzen duena eta funtsezkoa dena bere osotasunerako. Zuk aipatutako hainbat eragozpen uxatzeko balio du gainera. Autoironiaz ari naiz –horrela detituko diot–. Haren bidez distantzia bat markatzen du, alde batetik, pertsonaiari bururatzen eta pertsonaiak egiten dituen gauzen eta, bestetik, haien inguruko balorazioen artean. Distantzia hori ohartu ezean baino ezin da ulertu, esango nuke, zuk ulertu duzun moduan liburua. Harritu nau hori aintzat hartu ez izana ironiaren suporter ezaguna zarenez. Modu agerikoenean, hainbat ataletako amaiera aldeko apuntetxoetan –Coetzee-ren Summertime-tik hartuak eta letra etzanean agertzen direnak– azalaratzen da autoironia hori baina ez hor bakarrik; esan bezala, testu guztian dago aldez edo moldez. Haren bidez, besteak beste, “niaren literaturek” eduki ohi duten arrisku handienetako bat saihesten duela uste dut; alegia, nartzisismo eta autoadulazioa. Kontaketa gupidagabea iruditzen zait, hots, bere buruarekiko benetan gupidagabea, artifiziorako joerarik gabea, eta hala, bigarren mailakoa da euskal literaturan orain arte (ia) inork idatzi ez izana modu honetan. Ez zait inolaz ere kontaketa eroso, arin edo melenga iruditzen. Obra literario nabarmentzekoa begitandu zait, euskal izan edo ez.

    Harritu naute formari buruz egin dituzun aipamenek, nik oso modu ezberdinean ikusten baitut kontua. Halako kontaketa batek merezi izateko bi aukera daudela aipatu duzu –zerorrek onartzen duzunez sinplifikazioa dela, ez naiz arazo horretan tematuko–, edo gaia bereziki interesgarria izatea edo moduan (forman) asmatzea. Nik ez ditut bereizirik ikusten. Ez dakit Meabek kontatzen duena arrunta den, akaso jende guztiari gertatzen zaizkion gauzak dira, ez du ezer ezohikotik, baina kontua da (ia) inork ez duela halakorik kontatu, eta ez duela kontatu horrela. Obra bakoitzak eskatzen du bere forma eta Meabek halako kontaketa batek eskatzen duen idazmoldearekin asmatu duela esango nuke. Lirismorik gabe, benetan idazketa gordin eta zehatza erabiltzen du, eta halako lirismo moduko batera gerturatzen denean ere bere buruari irri egiteko da –berriz ere autoironia–. Errimarena aipatu duzu eta ez dakit adibide horretan den edo beste batean –buruz ari naiz–, baina badago une bat non bere buruari esaten dion, burlati, “begira errima eta guzti atera zaizu” edo halako zerbait. Besterik da “Itsu maite duten begiei, ederrak min” bezalako esaldi bat gehigizko lirismotzat baldin baduzu. Hori gehigizko lirismotzat jotzen baduzu, literatura guztia (edo ia) litzateke lirismo gehiegizko. Hor nonbait irakurri dut meaberen lexikoaren aberastasunari buruz, baina berau gutxietsi gabe, bigarren mailako ezaugarria delakoan nago, benetan nabarmentzeko aurrekoa da nire ustez, prosaren zehaztasun eta gordintasuna.

    Horrekin lotuta, poesiaren inguruan esaten dituzunarekin ere ez dago ados, baina hori ez da gauza berria. Ematen du poesia idazkera bakarrarekin erlazionatzen duzula (poetiko-lirikoa alegia), eta forma horrek, gainera, ez duela lekurik narratiban. Poesiaren historiari begiratutxoa egitea nahikoa da hori guztia erredukzionismo hutsa dela konprobatzeko, baina edonola ere, Kristalezko begi bat-i dagokionez, haren idazkera funtsean poetiko, liriko edo halakotzat jotzea iruditzen zait okerra. Esan dezadan, bidenabar, narratibako lan honek Meaberen aurreko obra poetikoa gainditzen duela iruditzen zaidala.

    Maitasunaren kontzepzioari dagokionez, ez dut uste mezu kontserbadorea helarazten duenik. Ez nuke esango maitasun erromantikoaren defentsa egiten duenik ezpada maitasun erromantikoaren ajeak eta, aldi berean, harengandik aldentzeko zailtasunak, azpimarratzen. Hor ere distantzia bat dago Meabe pertsonaia eta Meabe narraitzailearen artean.

  2. Eskerrik asko zuen iruzkinagatik, Beñat eta Antonio. Bai, antza denez ez dugu berdin irakurri liburua, eta nik behintzat ez diot kutsu autoironiko hori sumatu, edo, sumatu uste izan dudanean, ez nau konbentzitu (atal horietako amaierako ohar coetzeetarrak gehiago ikusi ditut “altzariak salbatzeko” azken uneko baliabide gisa, beste ezer baino…); Antoniok ipini duen adibidean, esaterako, punch dezente falta zaio autoironiari, nire ustez, eraginkor bilakatzeko. Baina onartzen dut agian irakurketari ekiteko abiapuntua okerra izan dela.

    Izan ere, Gustave Flauberten hitz hauek buruan neuzkala irakurri dut nik nobela: “Pasioak ez ditu bertso-lerroak egiten, eta zenbat eta pertsonalago den bat, orduan eta ahulago. (…) Zenbat eta gutxiago sentitu gauza bat, orduan eta gaitasun handiagoa dugu hura den bezala aditzera emateko (…). Hura sentiarazteko gaitasuna izan behar da, ordea” (Louise Coleti idatzitako gutuna, 1852ko uztailak 5-6). Hortik fikzioaren eraginkortasun handiagoari buruzko nire komentarioa, esate baterako.

    Agian ni naiz, eta “niaren literaturarekin” ditudan arazoak…

    Edonola ere, niri ez dit sentiarazi, liburuarekin: nirekin ez du lortu Meabek, argi geratu denez. Baina akaso irakurle honen gabezien ondorio da inpresio hori…

  3. Nik ez diot aparteko meritu literariorik ikusten, per se, inor liburuetan biluzteari: iruditzen zait balio duena dela pentsamendu edo sentimenduak edo gauzen angelu berriak adierazteko fintasuna, baina berdin zait hori benetan gertatu zaion ala ez egileari. Hobeto esanda, ez dut jakin ere egin nahi, eta gertukoa bada, interferentzia egiten dit (hau da, idazle mongoliar bat bada, bizi guztian ikusiko ez dudana, ba, guztiz fikziozkotzat jotzea bezalakoxea da, baina alboko auzokoa bada, ba ez). Beraz, niri autoimitazioa aldarrikatzea apur bat tranpa iruditzen zait, obrari balio estraliterario bat gehitu nahi antzeko bat, liburuarekin batera egilearen biluzi desplegable bat erregalatzea bezalakoa. Eta traba egiten dit. Eta asko insistituz gero egilea biluzten ari dela eta abar, mesfidantza sortzen zait eta ez diot sinesten, hautsi egiten zait itun narratiboa.

    Kristalezko begiarekin hori pasatu zait: pasarte batzuk oso autentikoak iruditu zaizkit, literarioki autentikoak, hau da, berosimilak, baina beste batzuk… buf. Askoz ere nahiago nukeen hori fikziozko istorio batean berrematea, distantzia handiagoarekin. Eta gero iruditu zait liburua bat-batean amaitzen dela, happy end presazko moduko batekin. Terapia ariketa baten antza hartu diot.

    Kristalezko begiari dagozkion pasarteak arreta handiz irakurri nituen hasieran, gainerakoarekin tonuan egiten zuten kontraste bortitzagatik eta edukiaren interesagatik, baina gero, ba, iruditzen zait metaforak indarra galtzen duela, edo ez didala gauza berririk ikusteko balio, baliabide tekniko soil bihurtzen dela.

    Niri autoironia ez zait heldu. Asmo bat ikusi dut, puntada batzuk han hemen, baina gehiago iruditu zait enpatia nahia. (Egia esan, kosta egiten zitzaidan enpatia, batzuetan gehiago identifikatu nintzelako Mrekin).

  4. Batzuek kritikak idatzi eta besteek eraiki egiten dituzten honetan, ni orain arteko kritikak deseraikitzera nator (lortuko ez dudala jakin arren).

    Izan ere, autoironiaz diozuenaren gainean, Ibanekin eta Anarekin bat egin eta nire irakurketan ere nekez aurkitu nuela horrelakorik esan behar dut. Izan ere, salbuespen gutxi batzuetan ez bada (Beñatek aipaturiko “begira errima eta guzti atera zaizu”-ren adibideak balio lezake), autoironia dagoenean ere, iruditzen zait narratzailea bera dela uneoro autoironia edo distantzia hori hor dagoela nabarmentzen lehena. Gainera, horrelakoetan irakurleari zuzentzen zaio deiptikoki (adib: “eta oraingoan ere kritikatu nazakezu, esanez damisela pairutsuaren papera jokatzen ari naizela, eta kalamatrika honek terapia-lan bat dirudiela, edo erreality-show baten bertsio idatzia”; edota “Saguteran” atalaren hastapeneko “Ez zaizu sinesgarria egiten honenbesteko tormentua?”) eta bestalde, aldi berean, ironiaren dohainarekin ere amaitu egiten du, ironiaren mekanismoa azaleratuz ironia bera desaktibatzen duelakoan bainago.

    Halere, irakurleari zuzentzeko baliabide horren erabilera izan da liburuan gehien gustatu zaidan gauzetariko bat, narratzailea benetan jartzen delako bere hitzek sor lezaketen harrera neurtzen eta balizko interpretazioen aurrean, bere ikuspuntua justifikatzen eta indartzen duela esango nuke (edo egun bogan dagoen hitz bat erabiltzearren, enpoderamentu ariketa bat egiten duela).

    Dena den, Meaberen “Kristalezko begi bat” lanean bada nire irakurketan muga-mugan gelditu den beste zerbait ere, eta autoerreferentzialtasun kontuekin du zerikusia. Batetik, eskertu dut Meabek idazketa aroko (“work in progress” ariketa bat izanda, ezin bestela izan) zein bere ibilbideko idazketari aipu autoerreferentzialak egitea: “Euskal geisha polito atonduta izaten zuen mahaia”; “ez dago azalaren koderik jela urtuko duenik…”, “Nire poema batez oroitu naiz…”. Aldiz, autoerreferentzialtsun horretan idazten ari den liburua edo nobela autointerpretatzeko ahalegin gehiegi egiten direla ere iruditzen zait (aurrez Zazpi orduak liburuko amaierako atalean gertatu zitzaidan bezala). Nire irudirako, idazleak azalpen gehiegi ematen ditu idazten ari den liburuaren gainean, (“self-imitation” dela, begiaren atalek egituratzen dutela nobela eta abar), eta egiaz, badirudi ertz guztiak ondo zedarrituta dituen kontaketa bat zehazteaz arduratu nahi izan duela idazleak, pasarte autoexegetikoa nahi non barreiatuz. Eta hori, nolabaiteko, eragozpena bihurtu zaidala esan behar, irakurlearen interpretazio gaitasuna murrizten duen neurrian.

    Edo agian, hor ere autoironia dago eta ni ez naiz enteratu…

  5. Inpresioa dut aipatzen dituzuen eragozpen gehienak genero edo literatura mota bati dagokiela liburuari berari bainoago (edo hobeki, liburutik haratago). Ados nago Anak dioenarekin autoimitazioaren inguruan, niri ere hari bezala gertatu ohi zait; kontua da, arriskuak arrisku, Meabek arazo horri ongi itzuri egitea lortzen duela iruditu zaidala, besteak beste aurrekoan aipatutako distantzia lagun. Niri, benetan, bost axola zait Meabek kontatzen duena egia den edo ez eta idazlea ezagutzea ez dit inolako trabarik eragiten ez eta plusik gehitzen ere. Baina oso egokia egin zait erronka horri nola egin dioen aurrei narratiboki. Ez zait batere autokonplazientea egin.

    Mikelek aipatzen duen autoerreferentzialtasunari dagokionez ere, uste dut generoarekin lotuta dagoen zerbait dela batez ere. Zenbaitetan kaskar samar egin daiteke (Zazpi Orduak-en adibidez) baina honako honetan ez zaizkit erreferentzia horiek exhibizionistak edo melengak iruditu. Batzuri errekurtso (auto)metafikzional eta (auto)metaliterarioek kirrinka egiten diete; niri ez, baldin eta taxuz erabiliak badira. Bromatxoa onartzen badidazue, ez dakit ez ote zareten zorrotzegiak Meaberekin eta onberegiak gisa honetako beste literatura jada “ezarriagoarekin” (Ernaux, Coetzeeren trilogia etab.)

    • Agian ez nintzen ongi azaldu aurrekoan. Izan ere, niri ere metafikzioak eskaintzen dituen autoerreferentzialtasun kontuak asko interesatzen zaizkit: kasu honetan, bai “work in progress” gisa agertzen diren idazketa aroari dagozkionak eta baita Meaberen ibilbide literarioaren gaineko aipuak ere.

      Halere, esan nahi nuena zen “Kristalezko begi bat” liburuan liburua bera definitzeko eginiko gehiegizko ahaleginek (“self imitation”; “patchwork”; “Kristalezko begi bat metafora bat ere bada” edo ” Ispilua” atalak, etab.), nire irakurketa mugatu –eta neurri batean, zapuztu– egin dutela.

      Badakit, izatez metafikzioaren generoaren ajeak izan daitezkeela, baina erabileran eta neurrian legoke auzia, eta hemen hautu argi bat ikusten dut, nobelaren nolakotasuna behin eta berriz esplizituki nobelan txertatuz. Eta alde horretatik, irakurlearen alderdi sortzaile aktiboa murriztu egiten dela esango nuke.

      Konparaketak gorrotagarriak izanik ere, Kirmen Uriberen “Mussche” liburuaren amaierako “Hirugarren zatian” ere antzeko hautu bat dago, nobelaren jatorria eta idazketaren zioa klabe autofikzionalean azaltzen direnean (noski, “Mussche”-ren kasuan justifikazio gutxiago du kontuak, nobelaren aurreneko bi zatietan ez baita alderdi metafikzioala hain ageriko egiten eta azkenengo zatia kasik abisatu gabe nobelan sartzen den apendize paratextual edo eskaintza bat litzatekeen).

      Aldiz, metafikzioa gailentzen den bestelako kontakizunetan (Apaolazaren “Mea Culpa”; Lertxundiren “Etxeko hautsa”; Antzaren “Atzerri”, etab.) eskertzen ditut idazketari buruz egiten diren aipu auterreferentzialak, baina liburuaren nolakotasuna esplizitatzea eta testua nola irakurri eta interpretatu behar den testuan bertan definitzeari gehiegitxo deritzot.

      “Kristalezko begi bat” liburuan agian, “autofikzioaren auzia” saihesteko mekanismo bat izan daiteke eta, bide batez, irakurlea “hezitzeko” bestelako modu bat, zeinaren bidez egileak obra sortzeko izan dituen buruhausteak, ideiak eta obraren interpretazioan garrantzitsuak diren xehetasunak agerian uzteko ahalegin baten ondorio ere baden. Baina edonola ere, azken emaitza determinatuegi eskaintzen dela iruditzen zait…

      • Bai, Mikel, ulertzen dut zer esan nahi duzun. Kontua da, batetik, niri ez zaidala egin gehiegizkoa aipatzen duzun autoerreferentzialtasuna –are gutxiago, esan bezala, gisako beste liburuekin alderatuta–, zeina liburu osoa kontuan hartuta, aski espazio murritza duela iruditzen baitzait –”Ispiluak” ataleko orrialde pasatxoaz (non patchworka aipatzen den) aparte ez askoz gehiago–. Baina, bestetik, aipamen horiek uste eta galdera kontraesankorrez josiak dira, irakurle imajinario batekiko dialektikan; hots, interpretazio bakarra eman beharrean hainbat posible eskaintzen dira, ia autoflagelanteak direnak batzuk bidenabar esanda. Testua kristalezko ispilu bat dela aipatzen du, bai, baina markoa patchwork estilokoa dela dio eta justu aurretik honakoa: “Zenbateraino naizen ondradua hainbat zertzelada nahita isilduta, hori neuk dakit: erara ez datorrena aurreztu egin behar da; eta kontrara, izatez txikikeria dena emendatu, sailera etorriz gero, edo jakingogoari eusten laguntzen baldin badu. Horretan konforme egongo zara.”

        Egiatia da? Idatzi duena benetan jazo zaio? Ez dut uste testuak erantzun zehatz eta argirik ematen duenik. Ez dut uste irakurleari irakurketa bakarra “inposatzen” zaionik ezta idatzitakoaren benetakotasuna xaloki onartzera bultzatzen zaionik. Narratzaileak berak esaten digu behin baino gehiagotan, autoironia lagun, ez fidatzeko sobera berarekin. Autofikzioa ez da anbiguotasuna lortzeko mekanismo bakarra. Horregatik, ez zait iruditu irakurlea hezitzeko inolako saiakerarik dagoenik, ezta emaitza determinatua denik ere.

  6. Eztabaida interesgarria benetan. Flaubert aipatu duzunez, Iban, utzidazu Thoreauren Waldenetik (beste laku batetik, alegia) pasartetxo bat kopiatzen, niaren literatura dela eta: “In most books, the I, or first person, is omitted; in this it will be retained; that, in respect to egotism, is the main difference. We commonly do not remember that it is, after all, always the first person that is speaking. I should not talk so much about myself if there were anybody else whom I knew as well. Unfortunately, I am confined to this theme by the narrowness of my experience.”

  7. Ez da, behintzat, nire kasua, Beñat. Niri gustatzen zait, oro har, literatura metafikzionala; ez guztia, ez baldintzagabe, baina atsegin zaizkit erreferentzia literarioak agerian uzten edo eskaintzen dizkidaten liburuak; Vila-Matasenak (urrunegi ez joatearren) marka eta tolesdurez beteta dauzkat, are gehiegi konbentzitu ez nautenak. Hemengoek ez dute nire arreta bereziki erakarri. ez txarrerako, baina ezta onerako ere. Nahiko hotz utzi naute.

    (Antonio Casadok igorri duen Thoreaurenak ez bezala, bide batez esanda. Hori bai dela apuntatzeko moduko aipu bat: eskerrik asko).

    Bestalde, zalantzan jartzen dut, Beñat, “bost axola” zaizunik narrazioa autobiografikoa, autofikziozkoa edo fizkziozkoa den. Agian gutxi inporta zaizu, baina bere garrantzia dauka, handiagoa edo txikiagoa, irakurle guztientzat, irakurketa hasiera-hasieratik (kontrazaletik, aurkezpen egunetik, propagandatik eta elkarrizketetatik) baldintzatzen duen aldagai bat delako hain zuzen ere. Ez dugu berdin ikusten “benetako gertakarietan oinarritua” dioen filma , eta halakorik ez dioena. Horretan bat nator Anak azaltzen duenarekin.

    Zure bromatxoari dagokionean… ba ezta ere. Ez naiz, egia da, “niaren literaturaren” zale handia (hori aldez aurretik aitortu dut), baina ez dut uste (hain justu) onberegia naizenik Ernaux edo Coetzeerekin. Are azken horren fikzioa maiteago dudala onartzen dudan arren.

    • Pozten naiz gogoko izateaz, Iban. Esaldia interesgarria da, ezta? Walden-en lenehengo orrialdetik dator. Horrela erantzun zien Thoreauk bere auzokideei, “niaren literatura” egiten zuela kritikatu ziotenean.

      Ironia geruza asko du liburuak, noski, eta “that, in respect to egotism, is the main difference” hori esanguratsua dela uste dut. Liburu guztiak egotistak direla dio Thoreauk, lehenengo pertsona esplizituki erabili ala ez. Beste modu batean esatearren: Walden “niaren literatura” da dudarik gabe, baina horrek ez du esan nahi besteak baino egotistagoa denik.

      (Barka ezazue benetako izenarekin ez agertzea; aspaldi WPeko kontu hau sortu nuen Thoreauri buruzko blog bat sortzeko asmotan; egitasmoa bazterrean utzita –yo soy más de Blogger– orain iruzkinak egiteko apenas erabiltzen dut.)

  8. Zure eragozpenekin ez-ados egoteko asmo eta itxaropen osoarekin ekin nion liburuari, Iban, eta ia erabat ados bukatu dut, etsian.
    Beraz, hasieratik prestatuta bainengoen hemen zerbait komentatzera, zera gaineratuko nuke: nobela gisa askoz hobe funtzionatuko lukeela, nire irudiko, atzekoz aurrera kontatuta. Alegia, “Azken buruan” atalarekin hasi eta “Atarikoak” atalarekin amaituz. Bi atal horien izenburuak trukatuz, nahi bada.

  9. Nere postekin loturak: Zergatik ez nauen konbentzitu “Nevadako egunak”-ek | Oharrak & Hondarrak

  10. Nere postekin loturak: ‘Kristalezko begi bat’, kritikarien begietatik |

  11. Nere postekin loturak: ‘Kristalezko begi bat’, kritikarien begietatik – eRakurleak

  12. Nere postekin loturak: Literaturari eskatzen zaionaz – Inon izatekotan

Utzi iruzkina