Nobelaren inperialismoaz (albo-ohar bat)

Lehengoan, Robert Louis Stevensonen aipu baten bila ari nintzela, pdf hau topatu nuen interneten (gaztelaniaz aurkitu nuenez, gaztelaniaz utziko dut hemen):

“Los libros que ejercen más influencia, aquellos cuya influencia es más verdadera, son las novelas. No atan al lector a un dogma que más tarde descubrirá inexacto; no le enseñan  una lección que posteriormente deberá desaprender. Repiten, reacomodan, esclarecen las  lecciones de la vida; nos alejan de nosotros mismos, nos obligan a relacionarnos con los otros; nos muestran la trama de la experiencia, no como podemos verla por nosotros mismos, sino con un cambio singular, pues el monstruoso ego de nuestro ser ha sido momentáneamente eliminado”.

Horixe zen bilatzen ari nintzen aipua, niri oso ederra iruditzen zaidana, fikzio literarioaren justifikazio gisa. Baina zerbaitek ez zidan ondo ematen belarrian, edo begietan. Ez nuen Stevenson irudikatzen “nobela” (“novel”) idazten, nahiz eta bera nobelagile handia izan. Eta jatorrizkoaren bila hasi nintzen. Berehala kausitu nuen (Stevensonen Essays in the Art of Writing bilduma postumuko testu bat da, nahiz eta haren lehenengo bertsioa 1887ko maiatzaren 13an argitaratu, British Weekly aldizkarian, “Nigan eragina izan duten irakurketak” izenburupean), eta han oso argi zeuden gauzak:

“The most influential books, and the truest in their influence, are works of fiction. They do not pin the reader to a dogma, which he must afterwards discover to be inexact; they do not teach him a lesson, which he must afterwards unlearn. They repeat, they rearrange, they clarify the lessons of life; they disengage us from ourselves, they constrain us to the acquaintance of others; and they show us the web of experience, not as we can see it for ourselves, but with a singular change – that monstrous, consuming EGO of ours being, for the nonce, struck out”.

Honela itzul daitekeena:

“Eragin handiena duten liburuak, eta zinezkoenak beren eraginean, fikziozko lanak dira. Ez dute irakurlea dogma batekin lotzen, ondoren okerra dela jabetuko dena; ez diote lezio bat irakasten, ondoren desikasi beharko duena. Errepikatu, berrantolatu, argitzen dituzte bizitzaren lezioak; gugandik askatzen gaituzte, besteen ezagutzara behartzen gaituzte; eta esperientziaren sarea erakusten digute, ez gure kabuz ikusi ahal dugun eran, baizik eta aldaketa berezi batekin –gure izakiaren EGO munstrotsu, xahutzaile hori ezabatuz, une batez”.

“Fikziozko lanak”, beraz: “works of fiction”. Eta multzo horretan, testuaren segidak erakusten duen bezala, nobelak ez ezik, ipuinak eta poemak sartzen zituen, orobat.

“Horrelakoak izateko, giza komediarekiko aski egiazkoak izan behar dute [fikziozko lan horiek]; eta halakoa den edozein lanek egiten dio ikaskuntzari mesede. Baina gure hezkuntzan zehar egokiagoak dira pentsamenduaren atmosfera  barkabera arnastu ahal izango dugun eta pertsonaia eskuzabal eta errukitsuak topatuko ditugun poema eta narrazioak”.

Stevensonek “poems and romances” esaten du, testuinguru honetan (nik uste) “poema eta narrazioak” (edo “errelatoak”…) bezala itzul daitekeena, hots, narratiba bere osotasunean (ipuinak eta nobelak barne) hartuko lukeen generoa bezala, soilik nobela bezala baino (“romance” nahiko hitz zehaztugabea da, alde horretatik).

Horrek (“fikziozko lanak” aldarrikatzeak, ez nobelak espezifikoki) hobeto egiten du bat Stevensonek literaturaren inguruan zuen ikuspegiarekin: Borgesek gogoratzen duen bezala, “Stevensonek genero guztiei heldu zien, are otoitzari, fabulari eta poesiari, nahiz eta posteritateak nahiago duen narratzaile bezala oroitu”. Borgesek berak esana da, orobat, “Stevensonen aurkikuntza dela literaturak eskaini dezakeeen zoriontasun iraunkorrenetako bat”, eta ados nago argentinarrarekin.

[Beste kontu bat da bigarren parte horren kutsu didaktiko-morala, neurri batean esplikatzen dena kontuan hartuta Stevenson, artikuluan, gaztaroko irakurketez –bereez eta, nik uste, gazteek egin beharko lituzketenez– ari dela. Baina beste egun baterako utziko dut arazo hau, haur eta gazte literaturan horren zabalduta dagoena –baina, susmatzen dut, baita “helduentzako” literatura-molde batzuetan ere…–].

Edonola ere, artikulu honen abiapuntura itzulita, eta suspirio bat botata, zera pentsatu nuen: noraino iristen den, egun, nobelaren inperialismoa…

6 thoughts on “Nobelaren inperialismoaz (albo-ohar bat)

  1. Kar kar kar… baina zuk aurkitu egin duzu eta desenmaskaratu!!!
    Bide batez, noizko utziko diozu ipuinen genero minor horri eta benetan literaturari ekin? 😉
    (Super 😉 esan nahi dut!!!! Alegia, txantxetan nabilela, jakina!!)

  2. Oso ederra da Stevensonen aipua, bai, baina… uste duzu benetan fikzioan EGO munstruotsu hori ezabatzen dela beti (une batez besterik ez bada ere)?

  3. Eskerrik asko, Ana. Nik uste dut irakurlearen egoaz ari dela, eta kasu horretan prest nago Stevenson sinesteko, erdizka sikiera. Idazlearenenaz ariko balitz, ordea, ez nintzateke halakorik egiten ausartuko… 😉

  4. Eta ezabatutako “that monstrous, consuming EGO of ours being” horrekin, nortaz ari da? Jeckyll doktoreaz, ala Hyde jaunaz? (Aurreko urtean agertutako nobelatxoa, 1886an alegia, Wikipediari sinestera)

  5. Biez ari dela esango nuke. Azken batean, aiseago irudikatzen dugu Hyde harro eta biolentoa ego handi batez hornitua, baina Jeckyllena, bere asmakuntza azken muturreraino eramateko temarekin, ez dut uste txikiagoa zenik.

  6. Nere postekin loturak: Nobelaren krisiaz | Oharrak & Hondarrak

Utzi iruzkina