Mugarria

[Artikulu honen bertsio laburtu bat –izenburua eta guzti kendu zioten– El Correo egunkarian argitaratu zen 2013-IV-7an, Bernardo Atxagaren Obabakoaken XXV. urteurrena dela eta].

Obabakoaken nire alea berreskuratu dut apalategitik. Gauza bat konprobatu nahi dut: ea noiz erosi nuen. Eta hortxe dago: 89-6.

Ezin diot eutsi, beraz, nire adineko euskal literaturzaleek –eta baita helduagoek ere– kontatu ohi duten bertsioari: haiek, jakina, kasik argitaratu aurretik irakurri zutela Obabakoak –azken finean, narrazio-zikloa osatu zuten testuetako batzuk solte argitaratu ziren laurogeiko hamarraldian zehar, edo sari literarioak irabazi zituzten–, eta 1988an kaleratu baino lehenago jabetu zirela haren garrantziaz.

Hori, oro har, egia izango bada ere, ezin ukatu 1968ko maiatzean Parisen egon omen zen jende andana hura guztia ekartzen didala gogora. Edonola ere, ez da nire kasua: nik erosi nuen, datak argi salatzen duenez, Bernardo Atxagaren liburuak Espainiako Narratiba Sari Nazionala lortu berritan.

Eta ez da harritzekoa: garai hartan euskal literatura ez zitzaidan sobera interesatzen, ikastolan jasotako euskal literaturaren (asperdurazko) historiaren hastapenek eta institutu garaiko irakurketa programak (Garoa, Itsasoak ez du esperantzarik eta gure Parnasoko beste gailur horiek…) eragin zidan epe luzeko traumaren ondorioz: literatura maskal, klerikal eta kostunbrista hark ez zuen lehiatzerik programa ofizialak esleitzen zizkigun literatura espainiarreko eta unibertsaleko lanekin, ezta kontrabandoz irakurtzen genituen literatura garaikidekoekin –batez ere hispanoamerikarrekoekin– ere. Estatu zapaltzaileak emandako sari bat beharrezkoa izan zen nigan jakin-mina berpiztu zedin.

Ipuin liburuak osoro liluratu ninduen. Eta horri esker hasi nintzen, atzera, aurreko urteetako eta, zer esanik ez, ondorengo euskal literatura irakurtzen.

Gaur arte.

Irudia

Utzi iruzkina