Azalen kodeak

Duela egun batzuk, sarean saltseoan nenbilela, Flavorwire web-aldizkariko sarrera kurioso bat topatu nuen, nahikoa irrigarria iruditu zitzaidana:

Nobela klasikoentzako 20 liburu-azal lotsagarriki txar

Ezin ukatu horietako batzuk guztiz desegokiak direnik. Nik, behintzat, barre batzuk bota nituen horietako batzuk ikustean. Negar ez egiteagatik, alegia.

Post horretaz gogoratu naiz (oraindik irakurri ez dudan) Lourdes Oñederraren Intemperies (babes bila) nobelaren azala ikusi dudanean (Erein, 2013).

Danielle Steel? Barbara Cartland? Ez, behintzat, Lourdes Oñederraren nobela bat. Azal batzuek, argi dago, ez diote mesederik egiten promozionatu nahi duten nobelari. Ezta egileari ere, bide batez esanda.

Edonola ere, pixka bat kezkagarria da euskal argitaletxeen deriba, azal kontuei dagokienean (oro har). Alberdaniaren kasua bereziki mingarria zait, argitaletxe horren ikurra, sortu zenean (horren urrunekoa dirudien 90eko hamarraldi haren hasieran…) diseinuari eskaintzen zioten arreta berezia baitzen. Ikusi ez ezik, ukitzea eta usaintzea eskatzen zuten liburuak ziren haiek (Juan Garziaren Itzalen itzal -niretzat- mitiko hark bezala…). Bere bilduma nagusiak (itxura aldetik) jasan duen (txarrerako) estandarizazio-prozesua, ordea, ikaragarria izan da, batez ere azken urteotan. Hori da nire irudipena, behintzat.

Badakit nik ez nukeela altuegi hitz egin behar, kontu horri dagokionean: nire liburu askotako azalak ez dira harro egoteko modukoak, alajaina. Eta okerrena zera da, kasu gehienetan ezin diodala argitaletxeari ezer aurpegiratu: idazle izatera ez ezik, azalaren diseinatzaile izatera jolastu izan dut batzuetan eta emaitzak, ezin bestela izan, negargarriak izan dira. Adibide bat ipintzearren, hona hemen Traizioak ipuin-liburukoarena (Erein, 2002):

Izenburuarekin (eta kontrazaleko mikroipuinarekin) bat eginez, portadak Judasen muxua irudikatu behar zuen, baina garaikidetasun zantzu bat emanez, arropan adibidez. Horixe azaldu nion Ereineko disenatzaileari. Emaitzak bistan dira: hobe lana aske egiten utzi izan banio. Hori azken urteotan baino ez dut ikasi: azken finean, idazleari beti geratzen zaio beto eskubidea, eta, okerrenean ere, azken baliabide bezala, azal salingertarraren aukera…

Bide batez, irakurtzen hasia nago Mikel Tabernaren Alkasoroko benta (Susa, 2013), eta sorpresa bitxia hartu dut bere azalarekin. Nire ustez, gaur gaurkoz, Susa da liburuen diseinua gehien zaintzen duen argitaletxea (Pasazaite ere indartsu dator alde horretatik), eta (oro har) bataz bestekoaren gainetik gustatzen zaizkit bere azalak.

Alkasoroko bentarena ez da nire kutunenetakoa (zonbien inguruko literatura boladan dagoen honetan, tronpagarria deritzot mutil irudien begiei eman zaion trataerari), baina ez zait bereziki itsusia iruditzen, ezta ere. Beste zerbaitek erakarri du nire arreta, ordea.

Bortzirietan sortu ote zen Mod mugimendua? Zeren eta azalaren marrazkiak argazki hau ekarri zidan gogora liburua eskuetan hartu bezain laster:

The Who britainiarren argazki prototipikoenetako bat da, 1964koa, taldeak The High Numbers izateari utzi eta The Who izena hartu zuenean, behin betiko; urtebete baten buruan argitaratu zuten “My Generation”, haien singlerik arrakastatsuena.

Alkasoroko bentaren azalean Roger Daltrey kantaria ezabatu dute, baina beste hirurak (Pete Townshend, Keith Moon, John Entwistle), aldaketak aldaketa eta ukituak ukitu, inolako arazorik gabe ezagutu daitezke.

Luistxo Fernandezen Basque Pop orrialderako hautagai ona izan daiteke azal hau.

Advertisements

One thought on “Azalen kodeak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s