Tanit-en

[Duela bi asteburu Donostiako Amara Berriko Tanit pub historikoak itxi zuen. Galdu egin nuen despedidako festa: Euskal Herritik kanpo nengoen, tamalez, bestela joango nintzatekeen. Amara Berri bezalako pertsonalitate berezirik gabeko auzo bati pertsonalitate minimo bat ematen zioten lokal horietako bat zen Tanit. Nire Biodiskografiak liburuan (Erein, 2011) ipuin bat eskaini nion, nolabait, eta hona ekartzea bururatu zait, omenaldi atzeratu eta postumo gisa].

TANIT-EN

Itoiz
Alkolea
Elkar, 1982.

–Ba, dudarik gabe, Ambulance.

–Policeren disko baten imitazio txar hori? Bai eta zera ere!

–Eta nork dio Policeren imitazio txarra denik?

–Nik neuk, gaizki iruditzen ez bazaizu.

–Ez zait autoritatezko argudioa iruditzen.

–Zergatik ez?

–Badakizu zergatik. Eta zuk, Karlos, zer diozu?

Auskalo nola iritsi ginen gai horretara. Tanit tabernan geratuta geunden hirurok, aspaldiko partez, eta bertako terrazan jarraitzen genuen, gauaren epela probestuz, bi ordu eta erdi eta lau erronda geroago: gintonic-a, lejia eta zazpi urteko Havana Club-a –txupitoa–, hurrenez hurren. Gure bileraren motibo nagusia eta, aldi berean, aipatu gabea, Iñakiren banaketa zen, zer esanik ez, baina ordura arte ez ginen horretaz mintzatu, eta ez genuen gaia ukituko ondoren ere, elkarri agurtzean eman genizkion besarkada ohi baino estuagoak eta ukabilkada leunez lagundutako “Tira, animo”-ak kontuan hartzen ez baditugu bederen.

Zuhurtziaz erantzun nion Iñakiren galderari:

–Aditu dezagun lehenbizi Markosek esateko duena…

–Zertarako? Sobera dakigu-eta!

–Joan zaitez pikutara.

Lehen, politika kontuez hitz egitean bakarrik berotzen ginen horrela: horixe esatera nindoan,baina azkeneko unean damutu egin nintzen; ondo egin nuela uste dut. Gainera, ez zen guztiz egia:musikaren inguruko eztabaidak politikoak bezain bortitzak izan zitezkeen, garai batean. Izan ere, eztabaida bat eta bera izaten zen askotan.

–Markosi rock sinfonikoa gustatzen zaiolako esaten baduzu…–saiatu nintzen.

–Rock progresiboa dela, joder!

–Garai hartan rock sinfonikoa esaten zitzaion ba –aprobetxatu zuen Iñakik–. Ez dakit nondik atera duzuen rock progresiboarena, baina oso inbento modernoa da…

–Zer jakingo duzu zuk.

–Ba, adibidez, rock sinfonikoa pasatuta zegoela jada gu musika entzuten hasi ginenerako. A ze alamena ematen zigun honek Pink Floydekin, ezta, Karlos?

–Disko onak, disko onak dira,berdin dio estiloak –erantzun zuen Markosek–. Eta Pink Floydenak lahostia dira.Tira, gehienak.

Ni isiltasun urguri batean babestu nintzen, badaezpada ere.

–Ea ba: zein da gehien gustatzen zaizun diskoa? Lehenengoa ala Ezekiel? Beste aukerarik ez dagoelako, zu izanda…

–Lehenengoa, bistan denez.

Ezekiel folkiegia da Markosentzat…–gehitu nuen nik, irribarre batekin.

–Kanta onak ditu, eta gustura entzuten da; umeen koro horrengatik ez balitz… Baina lehenengoa bezalakorik ez dago.

–Ba disko hori guztiz ahaztuta legoke, baldin eta “Lau teilatu” egongo ez balitz bertan.

–Horrexek amorratzen nau gehien. Izan ere, Juan Carlos Perez abestia gorrotatzera iritsi zen…

–Bai, grabatu zuten zuzenekoan nola kantatzen duen entzutea besterik ez dago…

–Hori bai dela abesti bat destrozatzea! Eta zale guztien aurrean gainera, kar, kar, kar…

–Bai, ez da meritu makala –jarraitu zuen Markosek–. Horregatik diot ez dela justua lehenengo diskoari gertatutakoa. “Lau teilatu” alde batera utzi ezkero, beste kanta guztiak rock progresibo peto-petoak dira. Garai horretan Ingalaterran edo Italian egiten ziren diskoen mailakoak.

–Tira, garai horretan, garai horretan…

–Bai, badakit zer esan nahi duzun. Punkaren oldarraldia, dinosauroen estintzioa… baina hemen gauzak mantsoago zihoazen, eta beranduago iristen ziren.Noiz abiatu zen aurreneko talde punkia Euskal Herrian? Eta ze hizkuntzatan kantatzen zuen, e?

–Baina…

–Ez, Iñaki, ez.Atzerapena ez zen horrenbestekoa, kasu honetan: hori onartu beharko didazu behintzat. Itoizen disko hura 78koa zen, eta rock progresiboak 72an edo 73an jo zuen gailurra, irletan. Are gehiago, hamarkadaren amaieran grabatzen ziren estilo horretako diskoekin konparatuta, oso maila ona du Itoizenak: horixe esan nahi nuen.

Tabernara sartu eta beste erronda bat atera nuen kanpora, giroa freskatzen hasia bazen ere.

–Ba al dakizue nor ikusi dudan hor barruan, barra aldean?

–Bai: Aran.

Imajinatzen nuen Iñakik asmatuko zuela: bera da auzoan bizitzen geratu den bakarra, eta Tanitera maiztasun minimo batez hurbiltzen jarraitzen duena, beraz.

–Arantzazu Zabaleta Fuentes? –galdetu zuen Markosek, ikastolako gelakideen zerrenda gogoan.

–Horixe bera.

–Joder, urteak dira… Eta ez diozu esan gurekin zerbait hartzera ateratzeko?

–Ez…

–A, norbaitekin zegoen…

–Ez dut uste –lagundu zidan Iñakik.

–Agurtu egin dut, baina…

–Ziurrenik ez zintuen ezagutu ere egingo –jarraitu du Iñakik.

–Nola ez zintuen ezagutuko ba… ez gaude horren aldatuta…

Barre egin genuen Iñakik eta biok.

–Zu agian ez, baina besteok… –sabelaldea igurtzi zuen Iñakik.

–Izan ere, Markos orduan baino argalago dago –gehitu nuen nik.

–Kadaberikoa –Iñakik.

–Joan zaitezte popatik hartzera.

–Ez hartu horrela,motel. Gainera, Karlosek esan nahi duena zera da, Aran ez dagoela inor ezagutzeko moduan, ezta?

–Baina ez al zen atera, azkenean…?

–Bai, eta berriro jausi, eta berriro atera, eta berriro jausi…

Isilik geratu ginen minutu erdiz edo.

Alkolea –esan nuen nik halako batean.

–Zer? –Iñakik eta Markosek.

Alkolea, Itoizen hirugarren diskoa…

–Zein da hori ba…? –galdetu zuen Iñakik.

–Bai, motel –Markosek–. “Marilyn”-ena.

–A… ba nik kanta hori baino ez dut gogoratzen –jarraitu zuen Iñakik–. Ez dakit sekula entzun dudan diskoa osorik…

–Seguru baietz, kontua da ez zarela akordatzen. Izan ere, harritzen naiz zuk disko hori aukeratu izanaz, Karlos: ez da Itoizen kinieletan sartu ohi denetakoa. Are gehiago, flojoena dela esango nuke. Nahasiegia, nabaritzen da ez zekitela nondik jo garai hartan. Baditu doinu progresibo batzuk, baina gehiegi nabaritzen zaie Supertrampen ukitua, eta badakizue niri, Supertramp… Eta “Marilyn” baino errazkeria handiagorik, bestalde…

–Ba niri gustatzen zait –Iñakik.

–Supertramp, ala “Marilyn”?

–“Marilyn”. Eta baita Supertramp ere.

–Nola ez ba. Popero bat zara, azken finean.

–Ba nik ez nuke esango “Marilyn” kanta pop bat denik…

–Zer da ba?

–Ez dakit, niretzat badu jazz ukitu bat, ez duzu uste? –galdera niri zuzendu zidan Iñakik, babes bila; isilik jarraitzea erabaki nuen.

–Jazza? Ez duzu putaideiarik ere.

–Bueno…

–Kantan saxofoi bat entzuten delako esaten duzu hori.

–Falta zitzaiguna. Zer uste duzu, ergela naizela, ala?

Galdu egin nuen eztabaidaren haria. Une batetik bestera nigana jiratu eta Alkolearen defentsa justifikatzeko eskatuko zidaten biek ala biek. Eta nik esan beharko nien burura –eta ezpainetara– etorri zitzaidala Alkolearen kasetea Arani oparitu niolako, hamasei urte bete zituenean. Harrigarriro, egun zehatzaz eta guzti akordatzen nintzen: apirilaren 27a –harrigarriro, diot, nire anaia-arrebenaz ere gogoratzen ez naizelako, normalean–. Ez nuen oparirako paperik, eta egunkari-orri batean bilduta eman nion; ia seguru, Egineko batean. Handik egun batzuetara aitortu zidan, esker onez, “Hire bideak” zela gehien gustatzen zitzaion kanta –eta ondo pentsatuta, Markosek arrazoi: nahikoa Supertramp da–. Kasetea behin baino gehiagotan entzun genuen elkarrekin, Aranek eta biok.

Diskoaren defentsa teknikoa egitea erabaki nuen, azkenik. Alde guztietatik egurtu ninduten besteek. Eztabaidaren une batean Iñakik Espaloian hizpidera ekarri bazuen ere, eta baita Musikaz blai eta “Marea gora” ere –«Yes-en “Owner Of A Lonely Heart” mimetizatzeko ahalegin baldar hori?», galdetu zuen, maltzur, Markosek–, auziak lehenengo diskoa ala Ambulance izaten jarraitu zuen. Ebatzi gabe geratu zen, ezinbestean.

Beste bi erronda hartu ahal izan genituen tabernaria kanpoko mahaiak jasotzen hasi aurretik, eta, nola edo hala, Iñakiren banaketaren gaia albo batera uztea lortu genuen. Nik atea zeharretik zelatatu banuen ere, ez nuen Aran Tanitetik irteten ikusi. Agurtzean estu besarkatu genuen elkar –Iñaki batez ere–, eta Markosek eta biok «Tira, animo» esan genion, sorbaldan ukabilkada leun batzuk ematen genizkion bitartean.

Markos ez genuen berriro ikusi: hilabete batzuk geroago haren anaiak abisatu zion Iñakiri terminal zegoela ospitalean. Pankreako minbizia. Gurekin egon zenean, Taniten, jakinaren gainean zegoen jada, antza.

Hileta ostean, pote bat hartu bitartean, emaztearekin itzulia zela aitortu zidan Iñakik. «Umeengatik, badakizu». Zorionak eman, ez eman egon nintzen istant batez. Azkenean, sorbaldan pare bat zafladatxo jo, eta gaia aldatzea erabaki nuen.

Inoiz galdetzen diot Aranengatik, elkartzen garenean edo telefonoz hitz egiten dugunean. Baina Tanit aldetik ez duela jada ikusten esaten dit beti.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s