Itzul hadi

Aitor dut zalantzak izan nituela, mereziko zuen ala ez. Azken batean, haien diskorik txarrena zen, askogatik. Izan ere, metrajearen parte bat aski ezaguna zen –1970eko Let It Be filmetik, Michael Lindsay-Hogg-ek zuzendua–. Luze samarra zen, gainera –hiru atal, bakoitza bi ordu eta koskakoa–. Eta beti ematen du pena gainbehera baten hondakinen ikuskizunak.

Baina, bestalde, zuzendaria Peter Jackson zen, eta gutxieneko errespetu bat zor zaio Tu madre se ha comido a mi perro bezalako kultuzko film gore bat zuzentzetik (1992) Lord of the Ringsen trilogia (2001-2003) filmatzera iritsitako norbaiti, apenas bederatzi urte geroago. Eta, zer demontre, The Beatles ziren, XX. mendeko pop musikaren iraultza handienaren protagonistak, sekula ere argitara eman gabeko irudiez hornitutako dokumental batean. Erresistentziak erresistentzia, banekien azkenean The Beatles: Get Back (Disney +, 2021) ikusiko nuela.

Ez da edonorentzako produktua: The Beatlesen zalea ez bazara, Jacksonen sintesirako ahalmen ezaz kexatzeko motibo sendoak izango dituzu. Izan ere, telesailak dokumentatzen duena sorkuntza prozesu baten gorabeherak dira, kasu honetan Get Back diskoa grabatzera bideratutakoak –gehi horrekin lotutako eta abortuan amaitu zen telebistarako saio bat, eta kontzertu bat, azkenean Saville Row-eko eraikinaren teilatu-lauan eskaini zutena, eta taldearen hondarrekoa suertatu zena–, inoiz ez zena gisa horretan kaleratu eta, denborarekin, taldea banatzen zen bitartean, eta Phil Spector hanpurutsuaren eskuetatik pasatu ostean, Let It Be bihurtu zena (1970), haien diskorik ahulena, baiki, berresten dut.

Sorkuntza prozesuak, normalean, ez dira oso interesgarriak izaten: horregatik ez dute oso ondo funtzionatzen idazleei buruzko pelikula gehienek –salbu eta idazlearen bizitza bera ez bada trepidantea, ohikoa ez den zerbait–. Musika grabazio saioekin antzeko gertatzen da, zer esanik ez: proba eta errakuntza prozesu petoak dira, errepikakorrak, zabarrak, zirriborrotsuak. Diskoetxeak kaleratzen duena, azkenean, prozesuaren distilazioa da. Eta eskerrak. Rock musikaren album klasikoen –eta, batzuetan, ez horren klasikoen– expanded edizioetan, zaleentzako amu gisa sartu ohi dituzten harraldi alternatiboak, bertsioak eta diskorako bidea egitera iritsi ez ziren kanta argitaragabeak horren froga izaten dira: oso gutxitan aurkitzen da jatorrizko diskoko abestiak gainditzen duen piezarik. Zerbaitegatik ez zituzten sartu, azkenean, elepean…

Gainera, desegite prozesuan zegoen talde bat dugu pantailan: gogorik gabe ari den John Lennon bat –dutxa baten faltan, egun gehienetan–; George Harrison mesfidati eta muturtu bat –ez dituztelako kontuan hartzen bere proposamenak: taldea utzi bezain laster disko hirukoitz bat kaleratuko zuen gajoak, ez gutxiago–; profesionalegi, kasik robotikoki jokatzen eta –nota bati ere huts egin gabe– jotzen duen Ringo Starr bat; lider izaten saiatzen den –baina horretaz nekatuta/nazkatuta dagoen– Paul McCartney bat. Ez da espektakulu bereziki loriatsua eta onbidezkoa, batzuetan. Eta morboa berehala amaitzen da, endemas, taldekideen arteko tira-birak anodinoak direlako, grisak, ia burokratikoak, batzuetan oso argi geratzen ez zaizkigun aurretiko laidoen ondorio. Alaitasun momenturik puruenak probasaio batzuek eskaintzen dituzte –rock’n’rollaren klasikoen bertsioei ekitean, edo haien kanta zahar batzuk berreskuratzean–, eta Billy Preston teklistaren ustekabeko parte hartzea grabazioetan, bere irribarre etengabearekin –ez du sinesten ere izan duen zortea, munduko talderik famatuaren grabazioetan kolaboratzera gonbidatu dutela, nahiz eta haren partaideak astazakilen moduan portatu batzuetan–. McCartney da, bestalde, sinpatikoena egiten dena, orgatik tiraka aritzeko ahalegin handienak berak egiten dituelako, besterik ez bada. Etsipenera kondenatuta egongo diren ahaleginak, hurrengo grabazio saioek, Abbey Road diskoarenek (1969), argi utziko zuten bezala: albuma kaleratu baino sei aste lehenago, Lennonek taldea utziko zuela iragarri zien besteei.

Baina, hala eta guztiz ere, niri –The Beatlesen oso zalea izaki, berriro diot badaezpada– merezi izan dit. Badaudelako une magiko batzuk, McCartneyk, ezerezetik, “Get Back” kantaren bizkarrezurra ateratzen duenean, adibidez. Edo Harrisonek Ringori laguntzen dionean “Octopus’s Garden”-en doinuarekin. Jacksonen muntaia, bestalde, miragarria da: kaosaren eta asperkizunaren antolaketa inteligente bat, hasierako desenkontruetatik Apple estudioetako teilatu-lauko kontzertu eztandagarrira eramaten gaituena, non oraindik benetako adiskideen talde bat balira jo baitzuten. Guztiak zentzu bat izango balu bezala. Errelatoaren antolaera zein erabakigarria den demostratuz, beste behin ere.

Ez, dokumentala ez da mundu guztiarentzako. Baina aspaldi entzun gabe neukan The Beatlesen diskorik txarrena berreskuratzera eraman ninduen, eta beste era batean aditzera.

Eta, ondoren, aurreko guztiekin jarraitzera.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2022ko otsailaren 5ean]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s