Gizon-orbaina

Zentsuraren inguruko aieneak berriro entzun ziren Blake Bailey-ren Philip Roth. The Biography lan mardularen inguruko polemikak eztanda egin ostean (W.W. Norton & Company 2021, berez). Irakurleak horren berri izango du, akaso: zantzu guztien arabera idazle newarktarraren biografia definitiboa izan behar zuena –Richard Yates edo John Cheever egileei buruzko lan kanonikoak ere idatzi zituen Baileyk–, zalantzan jarri zuten Baileyren kontrako bortxaketa eta sexu-jazarpen salaketek. New York Timesek, egiaztatzetarako duen ohitura artatsuari fidel, ondo dokumentatu zuen afera, #MeToo mugimenduaren testuinguruan kokatu beharko litzatekeena betiere. Hainbeste, ezen Baileyk idatzitako Rothen biografia, kritika gehienek ordura arte goretsi zutena –Cynthia Ozick-enak, besteak beste–, merkatutik erretiratu baitzuen berehala Norton argitaletxeak, biografoarekin sinatu zuen kontratuko ohiko «moraltasun klausulei» jarraiki, eta argitaletxearentzako zekarren kalte ekonomikoari kontu egin gabe –aurrerapenaren galera, edizio kostuen eta publizitate-kanpainaren amortizazio eza…–; Baileyren agentzia literarioak ere apurtu egin zuen egilearekin –kasuaren gora-beheren jarraipen ona bezain zabala egin daiteke James Wolcott-ek London Review of Bookseko artikulu mardul honetan–.

Eta ziur nago «zentsuraren», «sorgin-ehizaren», «puritanismo feministaren», cancel culture delakoaren eta abarren aurkako protesta apokaliptikoek jarraituko dutela, kasu honekin lotuta, iritzigile eta idazleen lumetatik irteten –gehienak gizonezkoenetatik, ez kasualitatez–. Nahiz eta, zentsura gisa, kontuak ez daukan, nola esango nizueke, ganora handiegirik: liburuaren itzulpena eta nazioarteko banaketa ez da inolako momentuan zalantzan jarri; Espainian, adibidez, Debate-k argitaratuko du –2022ko maiatz honetan, iragarrita dagoenez–, ez dena ahuntzaren gauerdiko eztula, preseski. Eta, edonola ere, berehala jakin zen Estatu Batuetan bertan beste argitaletxe batek, Skyhorse-k, berrartu zuela liburua, poltsikoko edizioan kaleratuz –Skyhorse izan zen, Hachette-k bertan behera utzi ondoren, Woody Allen-en biografia argitaratu zuena Estatu Batuetan…–. Hori, paradoxikoki, kontuan hartu gabe liburuari kantzelazioak berak eman zion debaldeko publizitatea: Nortonek bizkor eta duintasunez erreakzionatu zuen, liburua bertan behera utziz eta diru asko galduz, baina zenbat jendek ez zuena, berez, Rothen bibiografia erosiko edo irakurriko, eskuratu du azkenean, eskandaluak bultzatuta? Beraz, ez dirudi adierazpen askatasun sakrosaindua arrisku berezian dagoenik.

Hori bezain interesgarriak iruditzen zaizkit kasuak planteatzen dituen beste argi-ilunak. Zaila da zerbait sinbolikoa ez ikustea gertakarian, hots, Philip Roth bezalako idazle bati halakorik gertatzea, hain zuzen. Izan ere, zerbaitegatik ezaguna bada Roth, bere obraz harago –eta honago–, emakumeekiko bere jarrera zalantzagarriagatik izan da, misoginia eta harrapakaritza sexualaren susmoak eta salaketak barne. Nahiz eta Rothen alde esan beharra dagoen gizonezkoen irudia, bere nobeletan, ez dela askoz ere hobeto ateratzen, bisturiari ekiten zionean: horregatik iruditzen zait baleko idazlea, batez ere –asmatzen duenean, ez dena beti gertatzen: horren karrera luze eta oparoan, normala den bezala, gora-behera asko espero daitezke…–.

Roth ere ezaguna izan zen bere «errelato» biografikoa milimetrikoki kontrolatzeko ahaleginagatik: izan ere, Baileyren biografia «ofiziala» da (The Biography), 2012an Rothek berak horretarako hautatu zuenetik, bere ingurura eta paperetara sarbide osoa eskainiz –nahiz eta Rothek, dakigun bezala, ezin izan zuen lana burututa ikusi, 2018an hil baitzen: –. Ez zen, ordea, lehenengo biografo ofiziala izan: Bailey baino lehenago beste hautagai batzuk egon ziren, nabarmenena Ross Miller adiskidea, zeinarekin Rothek kontratua sinatzera iritsi baitzen… biografia hartzen ari zen norabidea gustuko ez zuela ohartu eta harekin apurtu zuen arte. Rothek agindu zuen, antza denez, Baileyren biografiaren argitarapenaren ondoren bere paper pertsonal asko suntsitzeko: modu horretan ziurtatu nahi zuen hura izango zela bere biografia “ofizial” bakarra, eta inork ez zuela aukerarik izango bere ondarearekin lardaskatzeko. Ez dago argi, Baleyren aferaren eztandaren ondoren, Rothen oinordekoek agindu hori bete duten ala ez.

Hots, Baileyk Rothen guztiz aldeko biografia idatzi zuen: harekin, antza denez, errazago izan zitzaion kidetzea emakumeen inguruko kontuetan; esaterako, bere emazteekin izan zituen gora-behera gogorren auzietan –haietako batek, bigarrenak, Claire Bloom-ek, ez zuen idazlea batere ondo uzten bere Leaving a Doll’s House memorietan…–.

Baileyren istorioaren alderik zalantzagarriena, bortxaketa salaketez landa, bere institutuko ikasleei buruzkoa da. Bailey, biografiaren generoaren izarra bihurtu aurretik, institutuko irakaslea izan zen New Orleans-en, 8. mailan, hots, hamabi urte inguruko neska-mutilena. Eta irakasle ikaragarri on eta karismatikoa bide zen, bere ikasleak entzun eta heldu sentiarazten zituena, berdinetik berdinera tratatzen zituena, batez ere neskatoak, zeinei literaturarekiko pasioa transmititzen baitzekien, idaztera adoretuz: jartzen zien ariketetako bat eguneroko intimo bat lantzea zen, irakaslearekin konpartitu behar zutena. Ikerketek ez dute erakusten eskola eman zienean sexu-jazarpenik egin zienik… baina bai ondoren, urte batzuk patxadaz itxaron ostean, nesketako batzuk adin nagusira iritsita, nerabezaroan haiengan landutako eraginaz baliatuz, zerbait hartzeko hitzordua egin eta ohera eramaten saiatzen zela Bailey, eta baita lortu ere, behin baino gehiagotan, unibertsitatean hasi berriak ziren emakume gazte haien nahasmendurako, gerora aitortu dutenez. Eta ez dira bat ez bi: portaera-pauta bat erakusten dute ikasle ohien kontakizunek. Bailey Dead Poets Society filmean Robin Williamsek jokatzen zuen paperaren ifrentzu makurra eta geroratua izango balitz bezala.

Bai, gauza bera pentsatu nuen nik: Baileyk egindakoa Rothen nobela bat izan zitekeen, esploratzea gustuko zuen herrialde gris eta lirdingatsu horren eskualdeetako bat. Bere Giza orbaina izenburutik tiraka (The Human Stain, 2000), Gizon-orbaina bihur zitekeena, akaso.

Baina, tamalez, ez da nobela bat.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko ekainaren 26an]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s