Ursula K. Le Guin, azken klasikoa

Joan zaigu, ia laurogeita bederatzi urte zituela, Ursula Kroeber Le Guin, zientzia-fikzioaren maistra handia (Berkeley, 1929-Portland, 2018). Eta plurala nahita erabiltzen dut, asko ginelako –eta garelako– bere jarraitzaileen erkidegoko partaide. Eta, bestalde, ziur nagoelako berari gustatuko zitzaiokeela pluralaren lehenengo pertsonak adierazten duen jabegoaren nolabaiteko zentzu kolektibo hori.

Intelektualen familia batean jaioa –bere gurasoak, Alfred L. Kroeber eta Theodora Kracaw, antropologia eta etnologia alorrean aritu ziren, eta horrek badu bere garrantzia Le Guinen ibilbide literarioaren ezaugarri batzuetan–, idazle bokazioa aurkeztu zuen txikitatik, eta filologia ikasketak egin zituen, frantziar eta italiar literaturan espezializatuz; Europara egin zuen ikasketa bidaian zehar ezagutu zuen bere senarra izango zena, Charles Le Guin, Portlandeko unibertsitateko historia irakaslea bihurtuko zena.

Zientzia-fikzioaren eremuan eman zituen lehenengo urratsak, Estatu Batuetan generoko aldizkari espezializatuek eskaintzen zituzten argitaratzeko aukera joriak probestuz, emakume idazleek nahiko zaila zeukaten garai batean, gainera –oso alor maskulinizatua zen zientzia-fikzioarena: gogoan har dezagun nola Alice Bradleyk, Le Guinekin ia batera hasi zen emakume urrietako batek, bere generoa ezkutatu behar izan zuen luzaroan James Tiptree jr. ezizenaren pean–. 1960ko hamarraldiaren hasieran bere ipuinak argitaratzen hasi ziren, eta 1966an iritsi zen bere lehen nobela laburra, Rocannon-en mundua, zeinetan aurrenekoz agertzen baitzen Ekumen delakoaren unibertsoa –batzuek “Hainitar zikloa” deitzen dutena–, bere hurrengo lan askoren testuingurua osatuko duena: gizakiek –Haini jatorriko humanoideek, tartean lurtarrek– gidatutako izarren arteko nolabaiteko liga, laguntza eta aholkua eskaintzen diena kosmosean zehar topatzen dituen zibilizazioei, nahiz eta ez beti ondorio ongarriekin. Trama horrek mundu eta izaki ezberdinen arteko enkontruak eta talkak deskribatzeko aukera ederra eskaini zion Le Guini, eta ziklo horretan kokatzen dira, nire ustez, bere eleberri eta ipuinik interesgarrienak. Egilearen irudimenaren potentzia bereziki handia da alor horretan: bere nobela famatuenetako batean esaten zuen bezala, Iluntasunaren ezkerreko eskua izenekoan (The Left Hand of Darkness, 1969), “Egia imajinazioaren ondorio bat da”.

Arrakasta 1960ko hamarraldiaren amaieran eta 1970ekoan iritsi zitzaion, nobela sail paregabe batekin: aipatu berri dudanaz gain, Ezeukiak (The Dispossessed, 1974) eta Munduaren izena Basoa da (The Word for World Is Forest, 1976), guztiak Hainitar ziklo narratibokoak. Iluntasunaren ezkerreko eskuan, Ekumeneko ordezkari batek bisitatzen zuen Gethen mundu “erdiarotarraren” bitartez, sexuen eta generoen arteko mugak esploratzen zituen, ausarki, Le Guinek, gethendarrak, humanoideak izanda ere, androginoak direlako eta sexuz aldatzen doazelako haien bizitza-zikloetan zehar… Kontua da Gethenen estrainioa dena Ekumeneko ordezkari soilik gizonezkoa dela –arraza beltzeko pertsonaia, bide batez esanda: hori ere ez zen batere ohikoa garai hartan–. Hugo eta Nebula sariak eskuratu zituen, zientzia-fikzioaren nagusienetakoak.

Ezeukiak da, agian, Le Guinen lanik ezagunena –honek, aurreko sariak lortzeaz gain, Locus izenekoa ere irabazi zuen–: ukitu utopikoak dituen nobela honetan bi mundu kontrajartzen dira, Anarres –planeta elkor eta erlatiboki pobrea, gizarte-antolakuntza anarkista zorrotz baten bitartez funtzionatzen duena–, eta Urras, zeinetako herrialdeetan kapitalismoaren eta sozialismoaren bertsio autoritarioak baitira nagusi. Anarrestik Urrasko herrialde kapitalista nagusira Shevek fisikari protagonistak egiten duen bidaia da Le Guinek erabiltzen duen bidea antolakuntza ekonomiko ezberdinen kontrastea egiteko eta lanaren etika, ekologismoa edo konpromiso iraultzailea bezalako gaien inguruan hausnartzeko –aurki euskarara itzulita egongo dela espero da, Talaios kooperatibaren eskutik–. Munduaren izena Basoa da nobelan, bestalde, egilearen kezka ekologistak are gehiago nabarmentzen dira, indarkeria ezaren ingurukoekin batera, kolonialismoaren kritika zorrotza ere baden liburu honetan –James Cameronen Avatar blockbusterrak asko zor dio, aitortzea ahaztu zitzaion arren, Le Guinen lan horri–; Hugo saria irabazi zuen, orobat, nobela laburren kategorian.

Fantasiaren alorrean ere aritu zen, eta hor, ziurrenik, Lurritsaso liburu-saila da bere emaitzarik entzutetsuena (Earthsea, sei liburukiz osatua), gazte literaturaren klasiko bat, Eraztunen Jauna tolkiendarraren ildoan, eta Harry Potterren liburuen aurrekari argia; bestalde, mundu alternatiboak, baina ez zehazki zientzia-fikziozkoak edo fantasiazkoak marraztu zituen Orsiniako ipuinak (Orsinian Tales, 1976), Malafrena (1979) edo Lavinia (2008) bezalako liburuetan, nahiz eta niretzat zientzia-fikzio estandarraren alorrean egindako lanek daukaten balio handiena. Bide batez esanda: nobelengatik ezaguna den arren, ipuinlari bikaina zen, orobat, Le Guin, Haizearen hamabi bizilekuak (The Wind’s Twelve Quarters, 1975), Munduaren urtebetetzea eta beste istorio batzuk (The Birthday of the World and Other Stories, 2002) edo Plano aldaketak (Plane Changes, 2003) bildumek oso argi uzten duten bezala (haietako bat, gutxienez, euskaraz entzun daiteke Xerezaderen Artxiboa podcastean: “Legez kanpokoa”).

Taoismoak eragin handia izan zuen berarengan, eta beti ere pertsona ezkertiar antiautoritario bezala aurkeztu zen, feminismoaren eta ekologismoaren kausekin bereziki konprometitua. Le Guinek esan zuen bezala, “Kapitalismoan bizi gara. Bere boterea saihestezina iruditzen zaigu. Berdina gertatzen zen erregeen jainkozko eskubidearekin. Gizakiek edozein giza-botereari egin diezaioke aurre, eta baita aldatu ere. Erresistentzia eta aldaketa, maiz, artearen alorrean hasten dira, eta, oso maiz, gure artean, hitzen artean”. Bere azkeneko borroketako bat Google bezalako korporazioen gehiegizko eraginaren aurkakoa izan zen, haren digitalizazio-proiektua egile-eskubideen alorrean eragiten ari den kalteen inguruan hain zuzen ere.

Zientzia-fikzio anglosaxoiaren egile “klasikoen” –Asimov, Heinlein, Clarke…– osteko belaunaldikoa zen Le Guin, hau da, zientzia-fikzioari maila literario jasoago bat eman nahi izan ziotenena, hots –eta zabal arituz–, Philip K. Dick, Samuel R. Delany, J.G. Ballard eta enparauena, eta ahalegin hori nabarmena da bere obran, generoari gaien eta fokatzeen aldetik egin zizkion ekarpen berritzaileak alde batera utzi gabe. Bide horretan, nire ustez, bereziki arrakastatsua izan zen Le Guin, hainbeste ezen –beste idazle  batzuekin batera, noski– zientzia-fikzioa genero heldu eta “onargarria” bihurtu baitzuen, “azpigeneroko” edo pulp literaturaren katakonbetatik ateraraziz. Edo, beste era batean esanda, agian aldarrikatu beharko genukeena ez da zientzia-fikzioaren maistra handia izan zela, literaturaren maistra handia izan zela baizik.

Eta kito.

ursula

[Testu honen bertsio laburra Galde aldizkariaren 2018ko udaberriko zenbakian eman zen argitara].

2 thoughts on “Ursula K. Le Guin, azken klasikoa

  1. “Legez kanpokoa” ipuinaren esteka ez dabil (hau da esteka zuzena: https://labur.eus/7lwO8). Eta Xerezaderen Artxiboan Ursula K. Le Guinen entsegu labur bi argitaratu genituen martxoan, “Neure buruaren aurkezpena” eta “Zergatik dira estatubatuarrak herensugeen beldur”. Hemen entzun daitezke: https://labur.eus/W2Rhq

Utzi iruzkina