Kritikaren sariez

Urtero bezala, loreekin eta tximeletekin eta liburuaren egunarekin batera, (Espainiako) Kritikaren sarien iragarpena heldu da, euskarazko alorrean bi irabazle izan dituena, Luis Garde poesiarenean (Barbaroak baratzean lanagatik), eta Aingeru Epaltza narratibarenean (Mendi-joak izenburukoagatik). Azkenak bereziki poztu nau, ipuin liburua delako, eta hori, neurri batean, euskal narraziogintzaren sendotasunaren erakusgarritzat har genezakeelako, are gehiago kontuan hartzen badugu 2017ko uztan Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin edo Eider Rodriguezen Bihotz handiegia bezalako lehiakideak zituela alboan, besteak beste. Halakoetan gogoan ditut asturu gaiztoko txoriek noizean behin botatzen dituzten karrankak, euskal ipuingintzaren balizko “gainbehera” edo “loeria” dela eta. Gurea bezalako literatura (zenbakietan) txikian denborari bere lana egiten utzi behar zaio, irudikatzen ditugun joerek oinarri estatistiko nahikoa ote duten ziurtatzeko. Nik konbentzimendua daukat, nobelarako jaidura deitoragarria gero eta indartsuagoa den arren (horretan euskal literatura gero eta gutxiago desberdintzen da ingurukoetatik), narraziogintzak jarraitzen duela gure kultur ekosisteman leku garrantzitsu bat izaten.

Baina, hori esanda ere, aitor dut Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa bezalako nobela mardula zela nire faboritoetako bat Kritikaren saria eramateko: nobelak, oro har, “sarigarriagoak” iruditzen zaizkit, saritzeko errazagoak alegia (irakurle klub batean nobela bat ipuin liburu bat eztabaidatzeko eta laburtzeko baino errazagoa den modu berean), eta Poz aldrebesak gaiagatik, egituragatik, anbizioagatik eta emaitzagatik hor egoteko aukera handiak zituela iruditzen zitzaidan. Gogoratu nintzen arte Olasagarrek oso zaila, ia ezinezkoa zuela Kritikaren saria berriro irabaztea, lortu zuen aurrekoan, 2005ean, Ezinezko maletak nobelarekin, bururatu zitzaiolako kazetariei erantzutea eskertuta zegoela sariarekin, baina kontuan izan behar zela, edonola ere, pertsona bakar batek erabakitzen zuela ze libururi eman. Ez zuen gezurrik esaten, eta, izan ere, apaltasun erakusgarri hori goraipatzeko modukoa iruditu zitzaidan. Baina saria ematen zuenari, ziurrenik, ez hainbeste, gehiagotan irabazteko aukerak bat-batean murriztu zizkion zerbait. Roma traidoribus non praemiat.

Hala baita: urteetan zehar Jon Kortazar izan da Kritikaren saria esleitu duena, hainbestetan ezen, lagunartean, KritikOaren saria deitu izan baitiogu, txantxetan. Orain Javier Rojo El Correoko kritikaria ere badabil langintza horretan, bakarrik edo Kortazarrekin elkarlanean, biak baitira, antza denez, Asociación Española de Críticos Literarios fantasmatikoak geurean dituen ordezkari euskaldun bakarrak. Aurreko batean, Ortzadar gehigarrian, Pako Aristik galdetzen zuen “ba ote dagoen lobbyrik euskal literaturan”; mota horretako artikuluetan ohikoa den bezala, badaezpada, ez zuen izen propio bakar bat ere ematen. Ba horratx lobby bat, edo lobbytxo bat, gutxienez.

Gogoan dut nola, behin, nazioarteko literaturako kongresu batean, txostengileetako batek kartsuki argudiatu zuen Kritikaren sariak fidagarriagoak zirela, espainiar literaturaren tenperatura-neurgailu gisa, Narratiba Sari Nazionalak baino, azken horiek presio politikoen mendeago zeudelakoan (hizlariaren helburua, jakina, hizkuntza minorizatuetako egile sarituei –Atxagari, Rivasi, Elorriagari, Uriberi…– meritua kentzea zen, haiek eskuratutako sariak erabaki “politiko” baten ondorio izan zirelakoan, oro har, meritu literarioarekin ez horren lotua alegia), espainiar kritikoen bilkura halako bultzada eta interesetatik libre zegoen bitartean (besteak beste, hizkuntza bakoitzak bere saria duelako Kritikarenean). Nik xeheki azaldu behar izan nien hori agian hala izango zela gaztelaniazko literaturaren alorrean (gero, Ignacio Echevarríak jakinarazi digun bezala, Espainiako Kritikoen Elkartearen erabakiak eta funtzionamendua ez omen dira aditu hark aurkeztu zituen bezain aingeruzkoak), baina Euskal Herrikoan (garai hartan) pertsona bakar baten eskuetan zeudela eta, beraz, ezin zirela Sari Nazionalak baino maila garaiago batean kokatu. Areago, gehitzen nuen, ziurrenik Berria egunkariak bere kritikarien artean urte amaieran egin ohi duen “erronda”, urteko lan onenak azpimarratzeko, berme handiagokoa iruditzen zitzaidan, hortik ateratzen den “panoramak”, behintzat, jende gehiagoren (eta ezberdinagoaren) iritzia jasotzen duen neurrian. Aho bete hortz geratu ziren entzule guztiak, gurean gertatzen denaren jakitun suertatu zirenean.

Nik uste dut ez litzatekeela horren zaila euskarazko Kritikaren sarien prestigioa berreskuratzea, eta alde horretatik proposamen zintzo bat egin nahi nieke Jon Kortazar eta Javier Rojori (baldin eta haiek jarraitzen badute kritikari espainiarren elkarteko gure kide bakarrak izaten): euskal kritikari guzti-guztien, akademiko zein prentsako, bando bateko zein besteko zerrenda formala egin ondoren, denen arteko botazio sistema garden bat antolatzea litzateke kontua, eta hortik ateratzen den erabakia bihurtzea haiek Asociación Española de Críticos Literarios delakora eramango luketena. Planteamendu horrekin sariaren eta euskal literaturaren osasunaren alde ari naizela uste dut.

(Baten batek susmoa hartuko zuen, seguru aski, nire lumatik halako proposamen altruista eta neurritsua irakurri orduko. Eta hala da: jatorra bezain onesta dela berresten dut. Baina, susmo txar horiek guztiz uxatze aldera, aitortuko dut badudala interes pertsonala ere: erabakiak soilik bi pertsona horien eskuetan jarraituz gero, nire liburu batek sekula ez duelako lortuko Kritikaren saria irabaztea, artikulu hau argitaratu ostean. Ados, Kritikaren Sariaren epaimahaia benetan kolektiboago bihurtuta ez da agian inoiz gertatuko ere. Baina aukeraren bat izango dut, bederen, txikiena izanda ere…).

sariak

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko maiatzaren 29an].

P.S. Artikulu honen extended playa nire blogera ekarri dudan egun berdinean, bizitzaren kasualitateak, gaiaren inguruko Juan Luis Zabalaren erantzunarekin aurkitu naiz gosaltzean.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s