Hamarkada doilorra

Hamar urtek askorako ematen dute, nahiz eta helduaroan gaudenok –gure burua engainatzearren, ziurrenik– apenas ezer gertatu den ilusioan murgiltzen garen, eta antzinagoko oroitzapenetan babesten –ordudanik bai aldatu direla gauzak, kamarada…–. Baina hamar urte pilo bat da, turbokapitalismoaren aroan. Tarte horretan gure adinekook gogoan dugun hazkunde epealdi oparoenaren gailurra bizi izan dugu, eta, 2008tik aurrera, baita Gerra Zibil osteko beheraldi ekonomikorik gogorrena ere. Gutxieneko ongizate estatu bat eraiki genuela –zigutela– sinestetik, igaro gara jakitera gobernuek ezer gutxi ahal dutela “merkatuen indarren” aurka. Trantsizioko erregimena sendo ezarrita zegoen ustetik –“atado y bien atado”–, errege baten abdikaziora eta erakunde gehienen desprestigio erabatekora, eta –nork esango luke– Kataluniaren independentziaren edo auskalo zeren atarira –ez al ginen bada gu, euskaldun bipilok, independentistenak…?–. ETAren azken astinduetatik, itxaropenaren eta itxuragabekeriaren artean kulunkatzen den Prozesu dontsuaren garai orobat zirkularretara. Partidu kontserbatzaile bateko alkate bat –sorpresa pittin batez– progresista izan zitekeela ohartzetik –Cuerda–, zein partidutakoa den kasik berdin diola pentsatzera, baldin eta ergela edota gaiztoa baldin bada –Alonso, Lazcoz, Maroto–. Gasteiz gizarte eta ekologia kontuetan puntako euskal hiria zela suposatzetik, Green Capitalaren simulakro orokorrera. Immigrazio berri batek birbizitu duen leku bat izatetik –etorkinen ekarpen bakoitzak, 1950eko hamarkadatik, pluralago eta interesgarriago bihurtu duelako gure hiri garai batean lebitikoa–, xenofobia etengabe hauspotzen duten alkate eta ahaldun nagusi arduragabe batzuk albiste izatera.

Eta hamar urte barru balantze baikorxeago bat egiteko gai garen, behintzat. Ahal dela, hemen bertan, Diario de Noticias de Álavan. Urte askotarako!

[Zutabe hau Diario de Noticias de Álava egunkariko hamargarren urteurreneko edizio berezian eman zen argitara, pasa den azaroaren hamabostean].

Advertisements

One thought on “Hamarkada doilorra

  1. Ederra -tristeki ederra- Iban. Hire argazki erdi ezkutatua ikusi diat gaur Berriaren lehen orrialdean. Bustitzen direnetarik izan haiz beti, eta lehengo lepotik burua.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s