Playa Negran (Nick Drakeri omenaldia, bere heriotzaren 40. urteurrenean)

[Gaur, 2014ko azaroak 25, 40 urte betetzen dira  Nick Drake kantari britainiarra (Yangon, 1948) hil zela. Obra laburra utzi zuen, baina itzal handikoa, eta, batez ere, ederra. Bere diskoetako bat, Pink Moon, aukeratu nuen nire Biodiskografiak liburuko narrazioetako baten oinarritzat (Erein, 2011; datorren urtean gaztelaniaz aterako da), eta Xabier Montoiarekin eta Ibon Rodriguezekin batera egiten nuen izenburuko bereko emanaldietako errepertorioko ohiko irakurraldia genuen. Hona ekartzen dut berriro, musikariari nolabaiteko omenaldi legez].

PLAYA NEGRAN

Nick Drake
Pink Moon
Island, 1972.

Batere glamourrik edo literaturtasunik ez duen bide batetik jakin nuen bazela Nick Drake deituriko kantari bat: Volkswagen etxeko auto baten iragarki baten soinu-bandaren bitartez. Doinua, folk-pop nahikoa estrainiokoa, erraietaraino sartu zitzaidan, eta han geratu zen itsatsita. Ez nuen atsedenik hartu kanta hura norena zen jakin arte.

Britainiarraren karrera laburra izan zen: 1948an jaioa, 1974an hil zen, bere buruaz beste eginda, antza. Hiru disko besterik ez zuen argitaratu: Five Leaves Left (1969), Bryter Layter (1970) eta Pink Moon (1972). Bere garaian ez zuen batere arrakastarik izan: Drakeren musikak, delikatua eta iluna aldi berean, ez zirudien garai haietarako egina. 1990eko hamarkadan, ordea, “modan” jartzen hasi zen, eta haren eragina nabarmena omen da egungo musikari dezenterengan. Hori gutxi balitz, Elvis edo Jim Morrison bezala, bizirik ikusi izan duela dio batek baino gehiagok: mito kategoriara heltzen ari den frogarik argiena. Egun pop-rockeko diskorik onenen zerrenda ia guztietan aurki dezakegu Drakeren bat, ez beti bera. Justizia poetikoa krudela da, askotan: arrakasta falta izan omen zen, besteak beste, Drake suizidiora eraman zuen arazoetako bat.

Iragarki haren istorioa autolaguntzako liburu horietako batean irakurri nuen, Jeff Stauffer-en How to Become a Publicity Star oroitzapen-liburuan hain zuzen ere. Stauffer delakoa publizista famatua zen, eta, bere lanean azaltzen zuenez, depresio eta sormen faltako bolada bat pasatzen ari zela, New Yorketik ihes egitea erabaki zuen. Cadizeko kostaldera joan zen, eta hango leku apartatu batean hartu zuen ostatu, Playa Negran. Ez zen toki bereziki turistikoa: hondartza harritsua, hippien garaian iritsitako artista-komunitate txiki baten azken mohikanoak inguruko etxe txiroetan, eta hurbilegi itsasoratzen zen kolektore bat, zeinaren kiratsak zaildu egiten baitzuen, haizeak zabaltzean, paisaiaren gozamena. Artista horietakoren batek hutsik utzitako etxea merke alokatu eta han pasatu zituen hilabeteak Staufferrek, ezer edo ia ezer egin gabe.

Herrian bi taberna zeuden, eta haietako batean, El Pescador delakoan xahutzen zituen gauero pare bat ordu, zerbeza edaten. Astean behin-edo gizon bat agertzen zen hara, ile luze urdineko gitarra-jole aguretu bat, eta hamar bat kanta jotzen zituen bezeria gehienetan ez-axolatiaren aurrean. Stauffer liluraturik zegoen, ordea, ezeren antzik ez zuen musika hauskor harekin. Tabernariak ez zekien kantariari buruzko gauza handirik: lokala erostean, 80ko hamarkadan, han zebilen jada, eta traspasoarekin batera “heredatu” zuela esan ohi zuen. Kantaria, bestalde, ez zen oso berritsua, ezta bereziki atsegina ere: edateko gonbitak onartu zizkion Staufferri, baina ez zien sekula erantzun zuzenik eman estatubatuarraren galderei. Ez zion inoiz istorio berdina kontatu, gainera, eta garbi atera zuen gauza bakarra izan zen azentu ingelesez hitz egiten zuela.

Kanta haietako batek habia egin zuen Staufferren gogoan: “I saw it written and I saw it say / pink moon is on its way / and none of you stand so tall…”. Eta kanta horren bitartez inspirazioa itzultzen hasi zitzaion, eta laster ikusi zuen iragarki berri bat, auto batena, berdin zion zer markatakoa, eta kanpaina oso bat, eta are iragarki-sail oso bat ere. Kantaria El Pescador-era agertu zen hurrengoan, han zen Stauffer bere walkmanarekin, emanaldia grabatzeko prest.    

Biharamunean eman zion amaiera bere erretiroari, eta New Yorkerako bidea hartu zuen. Besoak zabalik hartu zuten publizitate agentzian: Volkswagenen kanpaina baten enkargua zuten esku artean eta ez zekiten nola bideratu. Bere ideia azaldu zien Staufferrek, eta lanari ekin zioten.

Jingle-ak egiteaz arduratu ohi zen musikariak ohartarazi zion zintako kanta hura ez zela originala, Nick Drakek aspaldi grabatutakoa baizik. Biharamunean ekarri zion diskoa, eta binilo zaharrak ateratzen zituen kriski-kraskak gorabehera, Staufferrek ez zuen zalantzarik izan: ahots hura Playa Negrako tabernako kantariarena zen. Edonola ere, abestiaren eskubideak diskoetxeari eta Drakeren familiari ordaindu, eta Volkswagenen iragarkian erabili zuten. Iragarkiak arrakasta izan zuen Estatu Batuetan, eta Nick Drakeren zenbait CD gehiago saltzeko balio izan zuen; besteak beste, nik erosi nituenak alta eskuratu bezain laster.

Liburuko atalaren amaieran, Staufferrek aitortzen du norbait bidali zuela Cadizera kantariaren bila baina, jakina, ez zuela haren arrastorik topatu. Ezta nik ere, Aste Santu honetan hara egin nuen bidaian. Izan ere, kolektorea pare bat milia urrunago itsasoratzen da egun, hippien etxolak omen zeuden lekuan apartotel txiki bat dago, eta El Pescador tabernak ez du jada izen hori, The Loft baizik.

Ez nintzen ordu laurden batez ere luzatu han. Nire Volskwagen Golfaren motorra piztu, eta ziztu bizian egin nuen alde bertatik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s