Zergatik Ernaux

Aitor dut beti ekiten diodala mesfidantza doi batekin Annie Ernauxen liburu –niretzat– berri bakoitzari, gainezka egindako autobiografismo orokorraren aurkako erreflexu ia automatizatu gisa –mea culpa, mea maxima culpa–. Baina, era berean, irakurketa amaitu, eta ia beti konbentzitzen nau. Berriro gertatu zait, oraintxe, Emakume izoztua eleberriarekin, Gemma Lopez Las Herasek ederki itzuli duena (Elkar, 2023; jatorrizkoa 1981ekoa da). Eta nire buruari galdetzen diot zergatik ote horrela.

Lehenik eta behin, batzuetan ildo horrekin lotu den arren, Ernauxen obrak zerikusi gutxi dauka autofikzioa deiturikoarekin, zeinari buruz Santiago Alba Ricok hauxe esan baitzuen, zuzen nire ustez: «egilea, kasu askotan, bere obra irenstera eta beronen pertsonaia bihurtzera igaro da: ‘autofikzioa’ deitzen duguna da, genero guztietan bezala, denetarik, ona eta txarra aurki daitekeen generoa, baina zalantzarik gabe garaiko izpiritua argitzen duena: ‘esperientziaren probintzianismo’ jakin batena, Patrick Stasnyren formula egokia erabiltzeagatik». Ernauxek berak behin baino gehiagotan uko egin dio lotura horri: «Marguerite Durasek fikzionatu egiten du bere bizitza; ni, aitzitik, fikzio oro baztertzen saiatzen naiz», azaltzen du, esaterako, L’écriture comme un couteau elkarrizketa-liburuan (azken edizio eguneratua, 2023).

Bigarrenik, eta izenburu horrek iradokitzen duen bezala hain zuzen (“idazkera labana legez”), bere idazteko modu argi, zehatz eta lehorragatik, soila baina ez sinplea, bere proiektuaren parte bereizezina bihurtu dena, eta, bide batez, establishment literario frantziarraren kritika gordinenen iturri nagusienetako bat izan zena, garai batean, nahikoa “literariotzat” jotzen ez zutelako egile batzuek –gehienak, zer esanik ez, gizonezkoak–. Ernauxek berak aldarrikatzen zuen bezala, «nik ‘zuzena’ bezala sentitzen nuen idazkera bakarra distantzia objektibatzailearena zen, adierazitako afekturik gabe, irakurle landuarekiko inolako konplizitaterik gabe»; Nobel sariaren zeremonian eman zuen diskurtsoan gai berean sakontzen jarraitu zuen: «Hautsi egin behar nuen ‘ongi idaztearekin’, esaldi ederrarekin, ikasleei irakasten nien harekin berarekin, zeharkatzen ninduen urradura erauzi, erakutsi eta ulertzeko». Alde horretatik, beti harritu nau nola beren buruak Ernauxen jarraitzailetzat aldarrikatzen duten batzuek beste muturrera jo dezaketen, hots, preziosismora eta “hizkuntzaren lilura” dei dezakegunaren erabilera intentsibora, ez dagoena, inondik ere, egile frantsesaren programan. Zer edo zer zor diona, bide batez, eta ez kasualitatez, nouveau romanaren objektibismoari, besteak beste –Ernauxen lehenengo nobela, gaztetan idatzi zuena, 1960ko hamarraldian, eta sekula argitaratzera iritsi ez zena, nouveau romanari zegokion guztiz, kontatu duenez–.

Izan ere, hizkuntza soil eta zorrotz horren erabilerak badu zerikusia komentatu nahiko nukeen hirugarren kontuarekin, hots, Ernauxen konpromiso politiko ezkertiarrarekin, klasekoa eta feminista aldi berean, ez duena bere lana gidatzen, literatura panfletarioarenean gertatu ohi den bezala, baina bai elikatzen, zalantzarik gabe –konpromiso bat asko duena mendekutik, berak, goi mailako hezkuntza dela medio, gurasoei egindako ustezko klase-traizionagatik–; hortik ulertzen da nola aipatu dezakeen, boutade puntu batekin, Pierre Bourdieu soziologoa gisako egile bat bere “influentzia literarioen” artean. Horrek eramaten du, adibidez, testigantza autobiografiko soila arbuiatzera, idazkuntzaren motor eta emaitza gisa: bere lan gehienak, alde horretatik, ez lirateke hainbeste autobiografikoak, «autosoziobiografikoak» baizik, Ernauxek berak defendatzen duen bezala. Les années (“Urteak”) liburua aurkezten ibili zenean adierazi zuenez, «literaturan denborari aurre egiteko nire modua jarrera pertsonal da, norbere burua unibertsoaren erdigunetzat ez hartzean eta distantzia mantentzean datzana. Oroitzapen pertsonal bat dudanean, garai jakin batean kokatzen dut, eta garai hartako gertaerekin eta une horretako bizitzeko moduekin lotzen dut». Nire ustez, eta besteak beste, horrela lortzen du Ernauxek saihestea arrisku handi bat, Ignacio Echevarría kritikariak Almodóvarri esleitu ziona, kutsu autobiografikoko literatura askotxori aplikatu dakiokeena: zintzotasunaren eta nartzisismoaren arteko konfusioarena.

Azkenik, interesgarria iruditzen zait literaturaren, hots, Literaturaren aurrean –maiuskulaz– Ernauxek agertzen duen jarrera nolabait eszeptikoa. Eta, horrekin lotuta, nola aldarrikatu duen, inoiz, idazle profesionala ez izateak, beste lanbide bat izateak –hizkuntza eta literatura irakaslearenak, bere kasuan– lagundu ziola askeago izaten, libreago idazten. Izan ere, bere lanen multzoari “obra” izena ezartzearekin arazoak ditu Ernauxek, eta “idazle” hitza bera arrotza zaio, bere buruaz ari delarik. Ez dago “idazle izatearen” batere mistikarik Ernauxen proiektuan: ez du idazle izan nahi, idatzi baizik, eta idatzi, idatziko duenaz ondo hausnartu ondoren, hala trabatzen denean nola arin egiten duenean aurrera, eta, ondoren, behin eta berriro idatzi, egia motaren batera iristeko, azkenean. Beste ataza bati, beste liburu bati ekin aurretik, atzera.

Eta hori nabaritzen da. Pentsatzen dut horregatik –ere– konbentzitzen nauela, beste idazle autobiografiko batzuek ez bezala, bere liburu bat amaitzen dudan gehienetan.

[Artikulu honen bertsio laburxeago bat Ortzadar gehigarrian eman
zen argitara, 2024ko martxoaren 9an. Argazkiak Wikimedia Commons-en
lizentzia dauka]

Utzi iruzkina