Literatura: ispilu ala leiho? Erantzun posible bat

Lehengo igande eguerdian, Zarautzeko Literaturia jaialdian parte hartu nuen, Miren Gorrotxategi nobelagilearekin eta Mikel Ayerbe kritikariarekin batera, “Literatura: ispilu ala leiho?” solasaldian; gure “idazle” eta “irakurle” esperientziez luze hitz eginarazi ondoren, Ayerbek izenburuko galdera bota zigun. Miren Gorrotxategik, gidoia adostu genuenean aipatu genuen bezala, ipuin batekin erantzun zion galderari, Hitzen Uberan plataforman aurki dezakezuena; nik ere ipuin bat neraman prestatuta, “Ispiluarena” izenekoa, eta hura irakurri nuen, nahiz eta, idatzi berria nuenez, oso gordinik egon (buelta pare bat eman behar dizkiot oraindik behin betiko bertsiora iritsi arte); ez dut, beraz, hemen argitaratuko, gaurkoz behintzat.

Dena dela, ekitaldiaren lerroburuari erantzuteko beste kontu bat neraman patrikan, une horretan erabiltzea ez zitzaidana egokia iruditu, eta post labur honetan txertatuko dudana.

Deigarria bezain iradokitzailea iruditu zitzaidan Constantino Bértolo editorearen hausnarketa batetik abiatu nahi nuen. Hauxe da:

XIX. mendeko nobela, ispilu bat bidean zehar; XX. mendekoa, bide bat ispilu batean zehar; XXI.ekoa, ispilu bat ispilu batean zehar”.

Imajinatzen dut aforismo moduko horrek interpretazio bat baino gehiago onartzen duela, baina nik egin nuena hauxe zen: XIX. mendeko nobelak (nobelagintza literaturaren genero goren gisa koroatzen hasi zenean) kanpora, mundura begiratu zuela oro har, eta hura islatu nahi izan zuela, ispilu baino leiho izan nahian (azken hori, jakina, nire uztakoa zen, gure solasaldirako propio eramana); eta XX. mendekoak, oro har ere bai, garrantzi gehiago eman ziola nobelaren beraren eraikuntzaren gailu eta bitarteko guztiei, “bideari” alegia (azken finean, pentsatu nuen, hainbestetan erabili den Claude Simon nouveau romancierraren “abenturaren kontaketa” versus “kontaketaren abentura” alternatibaren nolabaiteko birformulazioa izango litzateke). Bértoloren hausnarketaren azkeneko elementuak, XXI. mendeko nobelari buruzkoa (“ispilu bat ispilu batean zehar”), idazlearen Ni-aren egungo metastasirako joerarekin lotzen dut nik, bestalde, Robert Wyattek aspaldi salatzen zuen “The Age of Self” horretatik abiatuta aurrera egin duena azken hamarraldi hauetan, selfiearen kulturan, sare sozialetako planttakerian, autofikzioaren eztandan edo autolaguntzazko autobiografismoaren gorakadan sumatu daitekeen bezala (baita gure literaturan ere; adibide baterako, bakarra ez den arren, ikus Ibon Egañaren kritika bikain hau). Tira, paradoxikoki (edo ez), Twitterren bota zuen Bértolok bere hausnarketatxoa.

Ni arduratzen nau, alde horretatik, ispiluegi bihurtu ez ote dugun literatura. Dudarik gabe, literaturak, berez, badu hortik zerbait, guztia sortzen delako Ni-tik, modu batean edo bestean. Baina hiperinflazioa, historia ekonomikoak behin eta berriro erakutsi duen bezala, ez da bereziki osasuntsua. Eta egotismoak lirikaren presa gainezka egin zuenetik eta inguruko genero literarioetan eta, batik bat, narratiban barreiatu zenetik, irakurleok ez daukagu atsedenik. Noizean behin joera horren kontrako zantzu pozgarriak aurkitzea posible den arren, Mari Luz Estebanek egiten duena bezala bere Amaren heriotzak libreago egin ninduen lan azpimarragarrian (Pamiela 2013), prosazko pasarteetan lehenengo pertsonari uko egitean eta hirugarrenera pasatzean: ni-ak hor jarraitzen du, zer esanik ez, baina ez da horren inposatzailea, leku gehiago uzten dio irakurleari. Eta, alde horretatik, esango nuke hobeto betetzen duela R. L. Stevensonen manu zahar hura: “Eragin handiena duten liburuak, eta zinezkoenak beren eraginean, fikziozko lanak dira. Ez dute irakurlea dogma batekin lotzen, ondoren okerra dela jabetuko dena; ez diote lezio bat irakasten, ondoren desikasi beharko duena. Errepikatu, berrantolatu, argitzen dituzte bizitzaren lezioak; gugandik askatzen gaituzte, besteen ezagutzara behartzen gaituzte; eta esperientziaren sarea erakusten digute, ez gure kabuz ikusi ahal dugun eran, baizik eta aldaketa berezi batekin –gure izakiaren EGO munstrotsu, xahutzaile hori ezabatuz, une batez” (maiuskulak Stevensonenak dira). Izan ere, hori zaila egiten zait lortzea, maiz, “ego” horretan horrenbeste oinarritzen den autofikziotik edo autobiografismotik. Baldin eta ego horri distantzia ironiko minimo batetik heltzen ez bazaio, behintzat.

Baina, bestalde, literatura “kanpoko” mundurako leiho zabal eta garden bat izan daitekeela, errealitatea bere osotasunean eta zehazki harrapatu dezakeela, XIX. mendeko nobelagile askok pentsatzen zuten bezala, asmo xaloegitzat hartu beharko genuke gaur eguneko ikuspegitik, nobela “bide bat ispilu batean zehar” bilakatu osteko garaiotan hain zuzen ere. Izan ere, hori, gaur egun, best sellerrek eta nobela historiko arruntenek baino mantentzen ez duten haur-sinesmen bat dela esango nuke.

Beraz, planteatutako galderari erantzun bat ematekotan, hauxe aldarrikatuko nuke: literatura leiho bat izan daitekeela, pitzatuta dagoela onartzen dugun neurrian. Eta baita ispilu bat ere, baina deformantea den bitartean (badaezpada).

Eta beste egun batean jarraituko dut, bide batez esanda, metaforaren kontrako nire gurutzada.

Gari Berasaluze erabiltzailearen argazkia.

Argazkia, testuan aipaturiko ekitaldikoa, Gari Berasaluzerena da.

Mahaikidea

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2015eko urriaren 24an].

ETAren armak isildu arren, euskal gatazkaren (“Gauzaren”) inguruko literaturak zer esana ematen jarraituko du luzaroan: gaia gurekin geratzeko iritsi zen Ramon Saizarbitoriak 100 metro idatzi zuenetik gutxienez. Isildu arren, esan dut? Agian alderantziz da: giroa baketsuago delako gaiari buruz zuzenean edo zeharka arituko diren literatur lanen kopurua esponentzialki hazteko aukerak handiagoak direla pentsatzen dut maiz. Bide batez esanda, bitxia egiten zait, batzuetan, nola ekiten dioten kontuari orain arte hari buruz txintik ere fikzionatzen ez zuten egile zenbaitek…

Euskarazko literaturari behin baino gehiagotan egozten zaion ezaugarri bat da (ETAren) biktima ez dela, preseski, bere arreta gune nagusia izan, gehiago fokatu duela etakidearen figura, edo haren ingurumaria. Moralistegi jokatu ohi duten batzuen iritziaren kontra, ez dut uste kezkatzeko zerbait denik, eta “euskal idazlearen” jatorri sozial eta historikoarekin lotutako arrazoiak daudela horren oinarrian. Eta gaiari buruzko aipatu lanen hazkundeak berak ekarriko duela, akaso, aniztasun zabalago bat.

(Dena dela, gaia beste era paradoxikoago batean planteatu daiteke: euskaraz egindako “Gauzaren” literatura gehiena edo ia gehiena dela, baita etakideak erdigunea direnean ere, biktimen inguruko literatura bat, etakidea bera gutxitan azaltzen baitzaigu, gordinean, biktimario gisa; horren inguruko azken adibideetako bat, literarioki oso ahula, Mikel Antzaren Ametsak ere zain poesien bilduma da. Baina jarrai dezadan artikuluari eman nahi nion ildoarekin).

Bien bitartean, “biktimen literaturaz” jabetzeko gaztelaniazko produkziora jotzen jarraitu beharko dugu, nagusiki, eta hor, euskarazkoan bezala, lan onekin eta ez horren onekin aurkituko gara. Lehenengoen artean dago, nire ustez, Gabriela Ybarraren (Bilbo, 1983) El comensal nobela autobiografiko eta “sendizkoa” (Caballo de Troya, 2015), zeinaren zati nabarmen batek egilearen beraren aitonaren, Javier Ybarra Bergéren bahiketa eta hilketaz baitihardu: irakurle askok gogoratuko duten bezala, Ybarra, Neguriko oligarkiaren figura gailenetako bat, ETA politiko-militarreko berezien komando batek bahitu zuen 1977an, lehenengo hauteskunde demokratikoen bezperatan; erreskatea ez zen ordaindu (garai haietako mila milioi pezeta eskatzen zituzten), eta haren gorpua urte horretako ekainaren 22an aurkitu zuten Barazar inguruan. Bahiketan, besteak beste, Apala eta Pakito etakide ezagunek parte hartu zuten, eta agian baita Yoyesek ere; hurbileko familiak dirua biltzeko izan zituen zailtasunek (eta klaneko partaide batzuen aldetiko ekintzarik ezak edo are “traizioak”, tenore hartan) beren oihartzuna dute nobela honetan bertan. Javier Ybarraren inguruneaz jabetzeko (garai hartan El Correo taldeko burua, Babcock & Wilcox-eko presidentea eta Bizkaiko Bankuaren kontseilaria, besteak beste) oso lagungarriak izan daitezke bere seme Javier Ybarra Ybarrak idatzitako Nosotros, los Ybarra biografia historikoa (Tusquets, 2002) eta, batez ere, Pablo Díaz Morlán historialari ekonomikoaren Los Ybarra. Una dinastía de empresarios (1801-2001) (Marcial Pons, 2002).

El comensal ez da lan historiografiko bat, historia hurbilean eta pertsonalean sendo sustraitutako nobela baizik; izan ere, lanaren bigarren partearen ildo nagusia egilearen amaren minbizi eta heriotzarekin lotuta dago (Ernestina Pasch, Bilboko kapital ondasunen eta ekipoaren inportazio-enpresa baten jabe zen jatorri alemaneko familiarekin harremanatuta), eta, alde horretatik, injustua litzateke nobela hau soilik “Gauzaren” literaturan sartzea, komunikabide batzuk egiten saiatu diren bezala. Galeraren, hutsunearen eta dueluaren inguruko nobela bat da, beraz, pultsu bereziki sendoaz idatzia, sikua baina aldi berean iradokitzailea, ez gutxitan mingarria, eta lan autobiografiko edo autofikzionaletan (tamalez) horren ohikoak diren lirikokeria eta autokonplazentzia abzesuetatik urrun mantentzen dena (zorionez). Egileak, bestalde, ez du bere jatorri sozialaren arrandia egiten, baina ez da hartaz lotsatzen ere: argi dago goi burgesiaren partaide baten nobelaren aurrean gaudela, niri behintzat interesgarri suertatu zaidana (izendapen hori, “nobela burgesarena”, euskal literaturaren alorrean horren erraz erabiltzeko joera dutenentzat hausnarketa gai izan beharko lukeen zerbait, bide batez esanda).

Egia da, nire ustez, lanaren bi atalen arteko ainguraketa ez dela oso irmoa, nobela izateko alegia, baina arazoa ez da agian horren larria, batez ere kontutan hartuta idazlearen aurrenekoa dela, eta nik, ipuinlari gisa, nobela generoa zerbait zurrunegia bezala ikusteko joera izan dezakedala. Nobela, azken finean, liburu-hegalean “nobela” hitza erakusten duen oro da. Ez nau sobera konbentzitu, bestalde, liburuaren amaiera aldera egiten den torturaren inguruko aipuak, behartuegiagatik eta bere baitan nolabaiteko “baina” eramateagatik (ikus 160. orrialdea). Nahiz eta, agian, “autokritikaren” hedakuntzaren ikuspegitik (barkatu horren boladan dagoen kontzeptua hona ekartzeagatik) detaile pozgarritzat hartu beharko litzatekeen.

Edonola ere, “Gauzarekin” edo “Gauzarik” gabe, denboraldi honetan kontuan hartzeko lanetako bat, ziurrenik. Eta, agian, jarraitzeko moduko egile berri bat.

DSCN5610[1]

Aurten irakurri dudan nobelarik onena

Alison Bechdel, Lo indispensable de unas lesbianas de cuidado, Reservoir Books, 2014, 392 orr. [jatorrizko argitarapena ingelesez: The essential dykes to watch out for, Houghton Mifflin Harcourt Publishing Company, 2008].

1. Aurten irakurri dudan nobelarik onena ez da nobela bat, edo ez behintzat sensu stricto: komiki bat da, eta, printzipioz behintzat, ez nagoenez “nobela grafikoa” bezalako neologismo (nolabait) gentryfikatzaileak erabiltzeko prest, ez daukat ezta ihesbide hori ere. Baina, are gehiago, berez ezingo genuke ezta nobela grafiko deitu ahal izango, ze, berez, urte luzeetan zehar argitaratutako zinten bilduma baita Kontuz ibiltzeko lesbiana batzuen ezinbestekoa hau (1983tik 2008ra, nahiz eta zinten aukeraketa, liburu honen kasuan, 1988koekin hasten den zehazki). Tira, berez, gaztelaniazko “lesbianas” gatzgabe horren ordez “bolleras” bezalako zerbait erabili beharko litzateke, ingelesezko slangeko “dykes” horren ordainean, baina argi dago zuzentasun linguistiko-politikoaren alde egin duela espainierazko argitaratzaileak, frantsesekoak bere garaian egin zuen legez (Lesbiennes à suivre, Prune Janvier, 1994, eskuartean duguna baino bilduma goiztiarrago eta, ondorioz, ez horren osoa); izan ere, aurreko itzulpen partzial eta laburragoetan “bollo” hitza erabili zen: Unas bollos de cuidado (Egales, 2004), Más bollos de cuidado (Egales, 2005), Unas bollos de cuidado al límite (La Cúpula, 2006)… Gure bi hizkuntza menderatzaile nagusien hautuek, edonola ere, aurrezten digute, zubi-hizkuntzaren magia dela medio, eztabaida euskararen eremura eramatea, (oraindik) kontu horren inguruko gutxieneko kontsentsurik ez dagoen neurrian

2. Izenburuaren itzulpenaren egokitasuna alde batera utzita, liburu benetan bikain baten aurrean gaude, eta, komiki bat den eta “atal” berez solteez osatuta dagoen arren (orrialde edo xafla bakoitza independenteki argitaratu zen aldizkari, egunkari eta bilduma ezberdinetan, esan bezala, laurogeiko hamarralditik milurtekoaren lehenengoaren hondar urteetara arte), nik nobela (on) bat bezala irakurri dut azkenean: antsiaz, ezin itxaronez, mesanotxeko argiaren itzaltze unea neurrigabe atzeratuz. Argi dago atalka eginda badago ere, eta batetik bestera pertsonaiak aldatuz badoaz ere, plan orokor bati erantzuten diola lanak, eta batasuna gailentzen dela azkenean. Egileak berak, inoiz, “kulebroi lesbianotzat” jo du, edo, modu dotoreago batean, “erdi iritzi-zutabe, erdi victoriar nobela serializatu eta amaigabetzat”. Nik nolabaiteko ibai-komiki edo ibai-nobela garaikide gisa definituko nuke (nolabaiteko, ze, azken finean, dela xafla bakoitza bere aldetik, dela lehenengo bilduma partzialak kontuan hartuta, osotasuna eta trinkotasuna ez baitu lortzen elkarrekin irakurtzen ez dituzun artean, nahiz eta horrek ez duen esan nahi independenteki irakurri ezin daitezkeenik, benetako ibai-nobeletan gertatzen den legez).

3. Alison Bechdel komikilari estatubatuarra (Lock Haven, 1960) bere hurrengo bi lanen bitartez ezagutzen nuen: Fun Home: una familia tragicómica (Reservoir Books, 2008; frantsesez Denoëlek argitaratu zuen 2006an, jatorrizkoaren urte berean) eta ¿Eres mi madre? Un drama cómico (Reservoir Books, 2012, ingelesezkoaren urte berean; Denoëlena da, orobat, frantsesezko edizioa, 2013koa). Aldizkari feminista eta lesbianetan zaildua tiragile gisa, 2000 hamarraldiaren erdialdean lan luzeen alorrera pasatu zen (horiek bai izendatu daitezke, akaso, “nobela grafiko” gisa), eta horrela ezagutu dugu irakurle europar askok, bere familiaren barrunbeak esploratzen zituen bi lan autobiografiko horien bitartez: Fun homen bere aitaz aritzen da batik bat (homosexual armairutu bat, bere buruaz beste egin zuena Bechdel unibertsitatean zegoela), eta bestean, bistan denez, bere amaz. Aitor dut lehenengoa, itzela dena, gehiago gustatu zitzaidala ¿Eres mi madre? baino, agian ardatz narratibo garbiagoa daukalako (¿Eres mi madre?n, amaz gain, egilearen beraren psikoanalisiak eta umeen hezkuntzarekin lotutako gaiek presentzia handia daukate, lana bihurriagoa eta astunxeagoa bihurtzen duen zerbait), eta, nire bikotekidearekin eztabaidatu dudan bezala, Bechdelek oztopo bat izan zuelako, Fun home sorkuntza prozesuan ez zegoena presente: ama, aita ez bezala, bizirik zegoen komikia idazten eta marrazten zuen bitartean. Egoera horretan zailago gerta daiteke azkeneko mugetara heltzen den analisi bat argitaratzea.

4. Lo indispensable de unas lesbianas de cuidado (hemendik aurrera, LIDULDC) ez da, horregatik, lan minor bat: haren kontzepzioa eta garapena arras ezberdina den arren, Fun home eta ¿Eres mi madre?renekin konparatuta, emaitza, paradoxikoki, oso konpaktua da. Unibertso oso bat aurkezten digu liburuak, Mo(nica) Testa protagonista nagusiaren inguruan (ezkerreko lesbiana bat, liburu saltzailea eta –geroago– bibliotekaria, Bechdelen alter ego nahiko argia) zabaltzen eta konplexuagotzen doana aurrera egiten dugun neurrian, bere lagunartea, lankideak, bikoteak, bizilagunak etab. integratuz, eta azpimultzo berriak eraikiz izendatzen ez den tamaina ertaineko AEBko hiri batean (Minesottako Saint Paul izan zitekeena, han bizi zela hasi baitzen Bechdel pertsonaia hauek garatzen eta bere zintetan sartzen); Mo ardatz nagusia bada ere, LIDULDC oso lan korala da. LGTB erkidegoaren barnean garatzen diren erlazioek (sentimentalak eta sozialak) istorioen gai nagusia osatzen duten arren (lau erdigune edo “etxe” nagusirekin: Mo eta bere uneko bikotekidearena –liburuaren zati handi batean Sydney–; Lois, Ginger eta Sparrow adiskideena; Clarice eta Tonik osatzen duten familiarena; eta Mo eta Loisen lantokia den Madwimmin liburu dendarena), badago bestelako hizpiderik, hala nola gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, gaixotasun larrien astinaldia (minbiziarena behin baino gehiagotan azaltzen den gaia da), eskubide zibilen zabalkuntzaren aldeko borroka, queer mugimenduaren eta teorien bilakaera, egungo Estatu Batuen historia politiko eta ekonomikoa, gizarte aldaketak neoliberalismoaren eta postmodernitatearen aroan… Mikrokosmos maila zeharo gainditzen duen inguru bat esploratzen du LIDULDCk, kasik denbora errealean, hogei urteetan zehar.

5. Eta Bechdelek hitzarekin burutzen du esplorazio hori, eta elkarrizketa txinpartatsuen bitartez, eta baita ironiatsu jokatu ohi duen ahots narratzaile bat erabiliz ere. Baina batik bat marrazkiarekin lortzen du, karikaturatik pixka bat eta errealismotik asko duen marrazki oso adierazkor baten bitartez, xehetasun handikoa, biñeta bakoitzean informazio piloa esleitzen duen marrazkilari horietakoa baita Bechdel. LIDULDCk badauka, alde horretatik, akuilagarri gehitu bat, egilearen marrazkiaren bilakaeraren lekuko egiten baitu irakurlea, lehenengo garaietako marrazki eraginkor baina oraindik zalantzati eta fantzinero samarretatik, amaierako erraztasun eta garbitasunera (esan daiteke 1992-93 aldera finkatu zuela bere estiloa: xafla bakoitza zenbakituta eta datatuta dagoenez, oso erreza eta irakasgarria da prozesua jarraitzea).

6. Edonola ere, harremanak dira Bechdelen zio nagusia, sentimentalak batez ere (egileak berak aldarrikatzen zuen “kulebroi” izaera ederki justifikatuz), baina inola ere ez modu tradizional eta (zer esanik ez) heteronormatiboan. Emakumeen artekoak dira nagusi maila absolutuan (nahiz eta bestelakorik agertzen bada ere), baina liburuaren tamainak (edo sailaren iraupen luzeak) tartea eskaintzen dio egileari gaia oso sakon aztertzeko, alderdi guztiak ukituz: bikote “tradizional” itxitik hasita harreman irekiagoetara, adiskidetasun eta familia eredu alternatiboetatik pasatuta (etxea konpartitzen duten Lois, Ginger eta Sparrow adiskideek –zeinei Stuart gehituko baitzaie 1998ko zintetatik aurrera– ez al dute, azken batean, familia bat osatzen?) eta erkidego erlatiboki txiki batean sortzen diren esamesa eta gaizkiulertuetarako joerak ahaztu gabe. Onena da Bechdelek alternatiba horiek guztiak (eta harreman horien fase guztiak) aztertzen dituela bertan sortzen diren kontraesanak ezkutatu gabe, protagonistek adierazten dituzten zalantzak azaleratuz, eztabaida irakurlearen hausnarketarako utzita. Abentura sentimentala Jane Austenen edo Stendhalen nobela batean bezain gorabeheratsu eta xarmagarria izan daiteke, baina azpian badago gaia alde guztietatik ikertzeko, ezbaian jartzeko oinarrizko asmo bat. Eta gainera, azken buruan, adiskidetasunaren gorazarre barren bat.

7. LIDULDC bada, halaber, nobela historiko bat. Nahi gabe, ziurrenik, baina hogei urteren buruan hori ere bihurtu zenik ezin da ukatu. Oso liburu politikoa da, liburuko pertsonaia asko (ez guztiak) engaiamendu politiko nahiko argia daukatelako LGTB mugimenduaren barruan (hitzaldiak, mitinak, propaganda eta aldizkarien prestatzea, martxak, performanceak, manifestazioak eguneroko ogia dira komikian), eta, batez ere, politikaz etengabe hitz egiten delako, nazionalaz (1988tik 2008 arteko presidentziarako hauteskunde guztien inguruko berri ematen zaigu, xehetasun handiago edo txikiagoaz, eta legegintzaldi bakoitzeko gertakari nagusienena ere) eta nazioartekoaz (ez dezagun ahaztu bitarte horretan AEB ahalegin inperialista izugarri bati ekin ziola munduko poliziaren izaerari eusteko helburuarekin). Mo protagonista da ardura horren bektore nagusia (eta txaplata samarra, batzuetan), baina ez inondik ere bakarra. Eskubide zibilen kontua (eta ezkontza homosexualarena, tartean) oso presente dago, noski (alor horretan Clarice abokatuaren rola bereziki aktiboa da), baina baita kezka ekologista, arrazaren gaia, errefuxiatu eta immigranteenakorporazio handien boterearen hazkundearen ondorioak edo feminismo aldarrikatzaileenaren bide berriak ere (egileak Lois pertsonaia erabiliz irudikatzen dituenak, batez ere). Liburuak, alde horretatik, arriskua dauka oso espezifikoa izateko eta denbora eta espazio jakin batzuetan kokatuegi egoteko, pentsa dezake norbaitek, baina ez gaitezen engaina: Estatu Batuak munduaren gehiengoa biltzen duen inperioaren metropolia dira, eta xehetasun horiek ez zaizkigu horren arrotzak egingo; zorionez edo zoritxarrez, gure historia ere badira. Eta Bechdelek izugarri ondo txertatzen du bere “victoriar nobelaren” baitan, alor horretan ere sor daitezkeen kontraesanei itzuri egin gabe: gizartearen eta ekonomiaren bilakaerarekin batera LGTB komunitatean gertatutako “zabalkuntzaren” eta “normalizazioaren” auzia (hasiera batean oso konpaktua eta militantea zen nukleo batetik abiatuta) izugarri ondo islatuta dago, Loisen amoranteetako bat izan zen Emmaren bidez eta, batez ere, Cynthia lesbiana errepublikanoaren interbentzioen bitartez.

8. Edonola ere, beste zentzu batean da politikoa LIDULDC: pertsonala den oro politikoa bada, iruzkin honen 6. puntura itzultzea besterik ez dago komiki hau oso politikoa dela berresteko.

9. Bestalde, ikasketa kulturaletan eta batez ere queer teorian gertatu diren bilakaera teorikoak ederki adierazten dituen lan bat da hau: horretarako unibertsitate-irakasle biren gorabeherak erabiltzen ditu Bechdelek (Ginger eta bere tesi amaitezinarenak, eta, batez ere, Sydney ziniko eta probokatzailearen ekarpen txinpartatsuak), baina ez soilik: gogora dezagun ekintzaren parte garrantzitsu bat liburu denda feminista batean gertatzen dela, eta Loisen performancerako joeran ere haragitzen direla alor horretan gauzatutako eztabaidetako asko. Lastima izan da zintak gure inguruan lehenago eskuragarri ez egotea (hots, AEBtan argitaratu bezain pronto, edo handik gutxira), ze, hartara, askoz ere lehenago (eta zuzenago) jasoko genukeen hemen, hainbeste itxaron beharrik gabe, Judith Butler eta enparauen berri…

10. Autobiografia eta autofikzioa bezalako joera literarioen aurrean erakutsi izan dudan mesfidantza kontuan hartuta, neuk ere galdetu diot nire buruari zer dela eta horren erraz irentsi dudan LIDULDCk eskaintzen zidan amua (tira, LIDULDCk eta baita Fun homek ere, nahiz eta iruzkin honetan lehenengoaz ari naizen bereziki). Alison Bechdel gure inguruko komunikabideetan nineukerian matraka ematen ez ibiltzearen “abantaila” ez txikia alde batera utzita, nik esango nuke inportanteagoa dela egileak bere alter egoarentzat aukeratzen duen talaia zein den ulertzea: Mo, bere militantismo muturrekoarekin, bere jarrera etiko irmoarekin, aholkuak eta iritziak etengabe (eta batzuetan modu ez bereziki adeitsuan) banatzeko bere bulkadarekin, ez du egileak sekula ere jartzen beste pertsonaien gainetik (edo, beste era batean esanda, Bechdelek ez dio sekula Mori uzten besteei gainetik begiratzen). Are kontrakoa esango nuke: bere izaera obsesiboa, bere dramarako sena, bere hogeita lau ordutan zeharreko engaiamendu jarraitua (eta hortik ondorioztatzen diren kontraesan txiki guztiak) trufagai dira hala Bechdelentzat nola LIDULDCko koruko beste pertsonaia guztientzat, eta horrek bihurtzen du erridikuluago eta, ondorioz, humanoago eta onargarriago ariketa autofikzionala.

11. Zeren eta, ez dezadan hau ahaztu, darabiltzan gaiek eta egoera batzuek daukaten seriotasun eta sakontasun guztia gorabehera, oso liburu umoretsua baita LIDULDC (batzuetan komeni da gogoratzea zein den “komiki” hitzaren etimologia). Beti ere kontuan hartuta “umoretsu” ez dela, zehazki, “dibertigarriren” parekide: dibertigarria dena azalekoa izan ohi delako, maiz, eta hori ez da, inondik ere, obra honen kasua. Nobela petoa da, alde horretatik, LIDULDC, in media res hasi (egileak propio paratu zion atzera begirako azalpenezko hitzaurrearen ostean) eta amaiera biribilik gabe bukatzen dena: edozein bizitza zatik egiten duen bezala, alegia. Eta nobelaren zereginetako bat bizitzaren zati baten imitazioa gauzatzea bada, bere korapilotsutasun guztiarekin, liburu honek ederki lortzen duela esango nuke.

12. Edizio honi aurpegiratuko niokeen baina bakarra Bechdelek marrazturiko xafla guztiak ez biltzearena izango litzateke: badakit gehienak daudela (ia hiru laurden), eta onenak aukeratu direla, eta sailak pertsonaien eta egoeren aldetiko sendotasun nahikoa iritsi baino lehenagokoak (hots, 1988 artekoak, istorio solteak “nobela” bihurtzeko bidean egon aurrekoak) alde batera utzi zituela egileak berak, baina behin liburuan sartu nintzen bezala sartuta, gehiago irakurriko nukeen zalantzarik gabe. Eta hori da, ziurrenik, (nolabaiteko) ibai-komiki edo ibai-nobela bati buruz esan daitekeen gauzarik onena.

[mikel ayerbe adiskideak komentatzen zidan bezala, azala bereziki aipagarria da, pertsonaia nagusiak aurkezteaz gain –lanaren izaera korala azpimarratuz–, metaforikoki ere funtzionatzen duelako, “telefono matxuratuaren” kontua erabiliz iruzkinean aipatutako komunitate barruko esamesak etab. irudikatzeko]

“Yo, asesino” komikiaz (albo-ohar batzuk)

Leitu berri dut Antonio Altarriba idazlearen (Zaragoza, 1952) eta Keko Godoy marrazkilariaren (Madril, 1963) Yo, asesino komikia (Norma, 2014), azken denboraldiko berritasun arrakastatsuenetako bat (alorreko Kritikaren Sari Nagusia irabazi berri du Frantzian, han argitaratu baitzen Espainian eta gaztelaniaz baino lehenago, Moi, assassin izenburupean, Denoël argitaletxean). EHUko artearen historiako irakasle eta noizbehinkako hiltzaile baten ibilerak azaltzen dira komikian: kontaera nagusia gaur egunean kokatuta dago (urtebeteko epealdi bat hartzen du, hortxe-hortxe, 2013 inguruan), baina flashback ugari egiten ditu, “erailketaren artearen” inguruko hausnarketa teoriko eta praktiko frankoren azalpenarekin batera. Neurri handi batean autofikzio bat den arren (egia da irakaslea ez dela frantses filologiakoa, erretreta hartu aurretik Altarriba zen bezala, baina fakultate berdinean egiten du lan, eta pertsonaiaren itxura oso bere antzekoa da), eta bere trukulentzia gorabehera, gustatu zait komikia, nahiko nabarmena delako kasu honetan gehiago dela bide bat estetikaren inguruko ideia (bitxi) batzuk plazaratzeko (besteak beste), norberaren loriari edo berezitasunei edo egunerokotasunari (edota norberaren “egiari”) kantatzeko baino; areago kontrara, zaila baita Altarribak eta Kekok aurkezten diguten Enrique Rodríguez Ramírez irakaslearekin enpatizatzea (beste kontu bat da bere ingurune hurbilak zer pentsatuko duen, noski: esaterako, bere andre ohiak, argazkilaria denak eta hemen, disimulu askorik gabe, ilustratzaile gisa agertzen dena…). Komikiaren iruditeria (gogorra, zuri-beltzean, gorriaren agerpen bikain kokatuekin, Sin Cityren ildoan nolabait, Mikel Ayerbek gogorarazi didan bezala) erakargarria da, sekuentziazioa oso lortua, eta trama kriminalaren garapena (suspentsea eta guzti) entretenigarria. Biolentziaren eta artearen inguruko teorizazioa, tantaka ematen zaiguna (bibliografiarekin batera, sotilki, aipatuak edo irudikatuak agertzen  diren liburuen azalen bitartez: guztien buru, zer esanik ez, De Quinceyren Hilketa arte eder gisa, baina baita Burkeren Sublimeari eta ederrari buruzko gure ideien jatorriaren inguruko ikerketa filosofikoa ere, eta abar), konpartitu ala ez, interesgarria da, eskaintzen zaizkigun artearen historiako “eskolak” eta korronte epistemologiko ezberdinen arteko talken zantzuak bezainbat. Eta bertan azaltzen dira, bestalde, Altarribaren idazle eta gidoilari ibilbidea zedarritu duten bestelako leit motiv eta obsesioak ere: bikote irekiaren aldarrikapena, pornografia lighta, plastika garaikidearen inguruko hausnarketa, literaturaren alferrikakotasuna eta “artea arteagatik” ikuspegiaren lehentasuna… bortizkeriaren eta minaren teatro guztiarekin batera, noski. Komikia ere bada, neurri batean, “kanpus eleberri” bat, unibertsitateko bizitza akademiko eta estrakademikoko zenbait alderdik (sailetako intrigek, epaimahaietako gorabeherek –egiten dituen bidaia akademiko ugariak baliatzen ditu narratzaileak bere krimenak gauzatzeko…–, ebaluazio agentziek, kongresuek eta erakusketek, ikasleekiko maite kontuek…) leku inportantea baitute bere orrialdeetan.

altarriba 3.4

Komikiaren gai nagusia ez bada ere, badu bere lekutxoa gure “Gauzak” Yo, asesino honetan. Eta horretaz mintzatuko naiz albo-ohartxo hauetan hain zuzen ere. Komikia, esan bezala, gaur egun kokatua dago, baina zenbait atzera salto egiten ditu, horietako bat Fernando Buesa eta Jorge Díez Elorzaren kontrako 2000. urteko atentatu terroristaren unera, nahiko era gordinean aurkezten zaiguna komikian (ikus goiko eta beheko irudiak): ni neu durduzatuta utzi nau pasarteak, gure kanpusean bertan gertatu izanak gogortasuna gehitu baitzion, gutako askorentzako behintzat, berez gogorra eta krudela izan zen ekintza horri.

altarriba 4 Beste kontu bat da Altarribak ETAren bortizkeriaren gaia probesten duela bere narratzailearen “erailketaren estetikaren” argudiaketan koska bat estuago egiteko eta debaldeko asasinatoa defendatzeko, ideien alde eginikoaren aurrean: “Deusengatik hiltzea iraultzailea da. Lotsagarri uzten ditu elkarri hiltzen jarraitzeko politikak, erlijioak, filosofiak edo psikologiak topatu dituzten arrazoi interesatuak… zentzua duela eman dezan… Komenentziazko zuribideak dira… Sekula ez motibazio zuzenak… Mundu honetan deusengatik hiltzea, funtsean, ekintza bakezale bat da… Aberriagatik hiltzea baino zintzoagoa, bederen” (35-36 orr.). Ondorengo orrialdeetan osatzen du ikuspegi hori (batez ere 115-116 eta 124-125), kapitalismoak, gerrek eta totalitarismo ezberdinek eragindako hilketa masiboen kritikarekin, baina niri, aitor dut, oso zaila egiten zait itzulipurdi dialektiko horren logikari euskarri bat aurkitzea, eta ez dio onik egiten (kontrakoa baizik) pertsonaia nagusiaren barne-koherentziari eta sinesgarritasunari.

altarriba 1

“Euskal gatazkaren” beste agerpen nagusia unibertsitateko saileko azpijokoen argumentu-lerroari dagokio (ikus goiko eta beheko irudiak). Batez ere saileko irakasleen bilera baten inguruan zentratzen da: bertan Pernando Garzia de Langarika departamentu buruak euskal preso politikoen “askatasunaren” aldeko testu bat onarrarazi nahi du saileko batzar batean, kide batzuen haserrea pizten duen zerbait (irten egiten dira bileratik eta, ondoren, ezker abertzaleak “menderatutako” sailkideen botazioaren ondoren, proposamena onartzen da). Alde batera utzita anakronismotxoa (halako eskaera batek, 2013an, nekez aipatuko luke presoen “askapena”, hurbiltzea edo sorterriratzea baizik, seguru asko) eta sailak ez direla, usu, halakoetarako lekua (sinesgarriagoa litzateke, nik uste, fakultate batzar batean edo klaustro nagusi batean), bitxia iruditzen zaidana zera da, hain modu errealistan kokatutako testuinguru batean (komikiko “Letren fakultatea” EHUko Gasteizko Letren fakultatea bera da –eraikinak eta barrualdeak irudikatzeko argazkiak erabiltzen ditu maiz Kekok–, ez eszenatoki neutro edo imajinario bat) halako egoera bat irudikatzea: nik dakidala, gure fakultatean, nik bertan ikasle eta irakasle eman dudan denbora guztian (eta inpresioa daukat gure unibertsitatearen gehiengoan antzera izan dela) ez dago sail bat ere “ezker abertzaleak” modu horretan “menderatu” duenik (are gutxiago Altarribak zuzenean ezagutu duenik, ze bere benetako saila, garai batean, fakultateko “konstituzionalistenetako” bat zela esatera ausartuko bainintzateke; agian Leioan egon da halakorik, modu argiagoan? Edo Donostiako kanpusean? Badaezpada, ez nuke lepoa egingo. Baina Gasteizen, ez dut uste). Argi dago eszenak egoera eta giro baten isla izan nahi duela, eta hor badagoela egia mingarritik asko (irakasle mehatxatuei eta erbesteratuei buruzko aipamenak, tamalez, eta guztion lotsarako, egia osoa dira, ez nahikoa gogoratua). Baina Altarribak bilatu duen bidea (Buesaren eta Díez Elorzaren kontrako atentatuaren eszenaren kasuan ez bezala) ez zait zehatzena iruditzen.

 altarriba 2

Hori, esan bezala, bestelako anakronismo txikiez ez hitz egitearren, gure fakultateko pasilloetan (2013an!) agertzen den presoen askapenaren aldeko kartela bezala (ikus beheko irudiko detailea), testuinguru batean zeinetan fakultatea afixez josita agertzen baita, gainera: itxura bat duela hamabost edo hogei urte errealitatetik hurbilago egon zitekeena, baina ez gaur egun, une bat zeinetan ezker abertzaleko ikasleen presentzia publiko eta publizitarioa gutxienekoaren azpitik baitago. Txillidaren ikurra daramaten kartelek eta “Amnistiarik gabe pakerik ez” leloak erakusketa museistikoetan lukete, garaiotan, leku gehiago, kalean baino (93 orr.). (Agian asunto honetan badago, Altarribarengan, lehenagoko egoera batzuen oihartzuna, are ni Filologia eta Geografi-Historia Fakultatera ikastera heldu aitzinekoak, ze orduan bai izan ziren, Trantsizioaren hastapenetan, istilu nahiko gogorrak –horietako bat edo beste Jon Juaristik aipatzen du, hitz-erdiz, bere Cambio de destino memoria liburuan, Seix Barral 2005–).

altarriba 5 (detaile)

Esan bezala, hau guztia nahiko ohar marjinala da, ez du komikiaren maila ezbaian jartzen, eta nik, zer esanik ez, irakurtzea gomendatzen dut. Lizentzia poetikoak dira, azken finean, edo horrelakotzat har daitezke, behintzat, eta, egiazki, ez dute garrantzia erabakigarririk komikiko gertakizun nagusiaren garapenean (narratzailearen barne-diskurtsoan aipatu “zirkuitulaburrak” eragiteaz landa). Baina errelatoaren zehaztasuna eta lekuko zuzenen testigantza hain inportantea omen den testuinguru historiko honetan, eta gaiak komikian leku nabarmena duela kontuan hartuta, uste dut aipatzekoa behintzat badela; albumeko narratzaile-hiltzailea bera iristen da esatera, pasarte batean: “[Euskal gatazkaren] Orrialdea pasatu aurretik, hura idatzi beharra dago… gertakarien errelato egiati bat egin…” (31 orr.). Eta albo-kontu hauek aipatu beharra dagoela diot, neurri batean gogorarazi didatelako beste fikzio batzuetan “igeri” geratzen den “anakronismo” edo “zaharmintze” sentsazio hori, adibidez Fernando Arambururen Los peces de la amargura (Tusquets, 2006) liburuko zenbait ipuinetan sumatu nuena: deskribatzen diren giro eta jarrera batzuek kontakizuna kokatzen zen garaiarekin guztiz bat egingo ez balute bezala, lehenxeagoko batekin baizik (liburuari meriturik kentzen ez diona guztiz, bestalde: niri lan ausarta eta balekoa iruditu zitzaidan, oro har). Antzeko sentsazioa izan nuen, denbora kontuak albo batera utziiz eta beste alderdi bati helduz, Ocho apellidos vascos bezalako produktu batekin (2014): filmak grazia egiten duen ala ez alde batera utzita (niri, ez bereziki), hizkuntzaren auziari ematen zion trataera (adibidez, eta suabe esatearren) ez zitzaidan batere emic iruditu (hots, nabaritzen da “kanpotik” egina dela, nahiz eta gidoilaria hemengoa izan…).

“Desfase” moduko horiek (Altarribarenak, Arambururenak, Cobeagarenak…) ez dira, ziurrenik, beren obrak gutxitzeko nahikoak (bueno, genero rolen inguruan ere zerbait esan zitekeen, ziurrenik, Yo, asesino/Moi, assassinen inguruan: ez naiz horretan sartuko, oraingoz). Baina hau bezalako iruzkintxo bat bederen merezi dutelakoan nago.

Ni, ni eta ni (“Ni-a, gero eta presenteago” erreportajerako erantzunak)

[Joan den igandean, 2015eko urtarrilaren 11an, Berria egunkariak artikulu zabal bat argitaratu zuen, “Ni-a, gero eta presenteago” izenburupean, autofikzioaren eta, oro har, idazketa autobiografikoaren ustezko oraingo gorakadaren inguruan. Bertan nire adierazpen batzuk tartekatzen ziren. Juan Luis Zabalak igorri zidan galdetegiari nik emandako erantzunak argitaratzen ditut, osorik, sarrera honetan].

Lehenik eta behin, eta badaezpada, abisatu nahi dut agian ez naizela joango askoz haratago jadanik esanda eta idatzita ditudanetatik, hots, duela gutxi argitaratu nuen “Autofikzioaren aurkako manifestua” delakotik, edo Bilbao-New York-Bilbao, Atzerri, Kristalezko begi bat edo Nevadako egunak liburuei egin nizkien kritiketatik urrunago (guztiak nireak, salbu eta Bilbao-New York-Bilbaorena, Angel Errorekin batera idatzi nuena). Baina saiatuko naiz galderei erantzuten.

Zergatik ari da sartzen euskal narratiban, azken urteetan, lehen baino indar handiagoz idazlea, dela autofikzioaren bidez, dela alter ego disimulu gutxikoen bidez, dela —fikziotik kanpo— kronika autobiografikoen bidez? (Ez bazaude ados egin dudan baieztapenarekin, esadazu, ahal baduzu, zerk eraman nauen ni eta beste hainbat irudipen zure ustez oker horretara.)

Imajinatzen dut nazioarteko literaturan, eta batez ere inguruko sistemetan –hispanikoan eta frankofonoan, alegia, eta horien bitartez iristen zaizkigun berritasun anglosaxoietatik– zabaltzen ari diren joerei erantzuten diela nolabaiteko boom txiki horrek, baldin eta halakotzat hartzea zilegi bada. Beti ere ohiko atzerakuntzatxo historikoarekin, noski, nahiz eta gap hori, edonola ere, gero eta estuagoa bihurtzen ari den, nazioarteko joeren eta euskal literaturaren arteko egokitzeari dagokionean. Gizarte-joeren pisua ere hor egongo da, ziurrenik: azken finean, euskal gizarteak industriaosteko kapitalismo neoliberalaren eskemetan bete-betean hartzen du parte, eta niaren sublimazio edo goititze orokor eta neurrigabearekin izan dezake zerikusia, halaber. Zirkunstantzia partikularragoek, euskal gatazka delakoaren baretzea bezalakoek, bestalde, agian badute zer ikusia literatura (auto)testimonialago bat egiteko luma batzuen bulkadan (nahiz eta hori ere ez den beti euskaraz egiten, Mariasun Landa, Joseba Zulaika edo Idoia Estornesen adibideek erakusten duten bezala…).

Bada uste duenik euskal literaturaren heldutasunaren sintoma edo ondorio izan daitekeela autofikziorako, alter ego dismulurik gabeen erabilerarako eta autobiografiarako joera hori. Zer uste duzu zuk?

Posible da: gaparen gainean gorago aipatutakoaren bidetik, inguruko sistema literarioetatik datozkigun joera edo modei jarraitzea heldutasuna deitzen badiogu, ba agian bai, ez dut ukatuko. Dena den, hau heldutasuna baldin bada, ez dut pentsatu nahi zahartzaroa zer izan litekeen… Aldeak alde, esan daiteke autofikzioa dela, literaturarekiko, realityak telebistarekiko direna…

Fikzioari dagokionez, moda hutsa da autofikzioa —eta disimulu gutxiko alter egoen erabilera fikzioan—, ala literatura garaikidearen benetako premia batzuei erantzuten dio? Moda bat baldin bada, zerk bultzatu du moda hori? Premia batzuei erantzuten badie, zeintzuk dira premia horiek?

Neurri batean erantzun diot honi aurreneko galderan. Seguru asko badu premiatik, eta badu modatik ere. Ez gaude prezeski Munduko Letren Errepublikaren zentroan, eta horrek esan nahi du, herrialde periferikoek puntako teknologiarekin eta antolaera metodoekin bezala, gu inportatzaileak garela, esportatzaileak baino. Euskal egile batek Sebald aldarrikatzen duenean, edo beste batek Ernaux, horretaz ari dira, noski, beren proposamenentzako babeslekua edo alibia bilatzeaz gain. Bestalde, premia hor dago ere, gurea ere gizarte turbokapitalista den neurrian eta, beraz, egotismoaren sustatzaile, beste alde  batzuetatik sare sozialen zabalkuntzan ikus daitekeen bezala alegia. “Egiaren sentsazioa” hobeto transmititzea ere izan daiteke premia horietako bat, fikzioaz neurri batean nekatuta dirudien irakurleria baten aurrean, batzuek dioten bezala (nahiz eta ni ez nagoen ikuspegi horrekin bereziki ados, printzipioz: idazle batzuen keria iruditzen zait gehiago, irakurleena baino). Edonola ere, zaila da bata (moda) eta bestea (premia, beti induzitua izan daitekeena) bereiztea; pack berean datoz, ziurrenik.

Zer arrisku nagusi du zure ustez autofikzioak, eta nola egin diezaieke aurre fikzioa egiten duen idazleak horiei? Idazlearengandik oso gertuko alter ego disimulurik gabeek ere antzeko arriskuak dituzte, edo desbedrinak dira, zure ustez? Zer arrisku nagusi dute, zure ustez, fikziorik gabeko lan autobiografikoek?

Arrisku nagusiak hiru direla esango nuke: “kanpoko mundua” islatzeko literaturak (ere) duen funtzioari uko egitearena, neurri batean bederen; bestetik, fikziozko ituna eta itun biografikoaren artean sortzen den nahasmendu interesatua; eta, azkenik, aipatu “egiaren sentsazio” horren izenean, paradoxikoki, egiatik (egia literariotik) urruntzearena. Garai batean ildo autobiografikoari ekitea izan zen, akaso, esklusiboki gizartea islatzera zuzendutako narratiba baten mekanizismoaren aurkako antidoto bat, baina ez dakit pendulua beste alderantz gehiegi makurtu den. Bestetik, autofikziogileak tranpa egiten du, hein batean, etengabe jauzi egiten duenean autobiografikotik duen horren (irakurle liluratuek zintzotasuna deitzen duten horren) eta fikzioaren artean, kode ezberdinak dituzten baliabideak eta, hortaz, irakurketa ezberdinak eskatzen dutenak, berez: “egia”, lehenengoaren kasuan, eta “egiantzekotasuna”, bigarrenean. Azkenik, giza arimaren alde ilunenak islatzeko autofikzioa ez da, ziurrenik, tresnarik onena, salbuespenak egon daitezkeen arren; konparatu, bestela, Martuteneko Martin idazlearen pertsonaiaren eraikuntza konplexu eta sinesgarria, Kristalezko begi batek edo Bilbao-New York-Bilbaok eskaintzen dituztenekin… Horren inguruan egiarik gordinenak esateko ziurrenik hobe da fikziozko pertsonaia batean zentratzea, geure buruetan baino, zeinei buruz, ziurrenik, sinesgarriak izateko direnak baino irudi xaloagoak, positiboagoak edo interesgarriagoak eskainiko baititugu. Rutu Modan komikigile israeldarrak esan zuen moduan, “Fikzioarekin batzuetan gauza zintzoagoak kontatu ditzakezu errealitatea kontatzen duzunean baino. [Errealitatea kontatzen duzunean] zure iritzia adierazi behar duzu. Eta ez dut uste nire iritzia horren inportantea denik”. Fikzioa, hainbeste auto-rik gabe, apaltasun ariketa bat izan daiteke, hain zuzen ere.

Euskal Herriko nahiz kanpoko zein idazleren lanak joko zenitzute eredugarritzat autofikzioaren, disimilurik gabeko alter egoen erabileraren eta autobiografiaren alorrean? Eta zein idazle iruditzen zaizkizu jarraitu behar ez diren ereduak?

Kanpokoen artean, eta nik irakurri ditudanen artean, ziurrenik Enrique Vila-Matas iruditu izan zait trebeena, agian bere autofikzioen narratzailea literaturaren inguruko gogoeta batzuk plazaratzeko tresna soila delako, gehienetan; hala ere, irudipena daukat formularen errepikapenak ez diola onik egin bere ekoizpenari, Doctor Pasaventotik aurrera batez ere. Hemengoei buruz, esango nuke Karlos Linazasoro dela baliabidearen erabilera abilena egin duena, antzeko arrazoiengatik. Baina hau guztia, jakina, gustu kontua da… Generoak berezko arrisku handiak dauzka, nire ustez, nobela historikoa delakoak bezala, bere(n) naturagatik alegia, baina horrek ez du esan nahi nobela historiko onak idatzi ezin daitezkeenik: idazlearen trebetasunaren araberakoa da hori, azken batean. Ziurrenik gauza berbera esan daiteke autofikzioaz ere.

Uste duzu etorkizunean horrelako lan asko argitaratuko dela? Zerk pentsarazten dizu hori? Nolakoak izango dira lan horiek?

Historia irakaslea naiz eta, zorionez edo zoritxarrez, etorkizunaren igarle oso txarrak izan ohi gara gremiokook. Lehen aipaturiko literatura testimonialaren hazkundea, gure zirkunstantzia historikoengatik, espero izatekoa da, noski. Baina hor interes mailak ezberdinak izango dira, orobat: ez dira gauza bera Trotskiren memoriak edo Neguko Jauregia hartu zen egunean bere samovarraren ondoan geratu zen morroiarenak (salbu eta honek estilo literario izugarri garai eta original bat garatu badu, idazle gehienen esku ez dagoen zerbait). Baina nik espero dut (agian desio dut) fikzioa, zinezko fizkioaren tradizio beneragarria, indarrez itzuli (sekula joan bada) eta gailenduko dela. Horretan bat egiten dut Toni Morrison idazle estatubatuarrarekin, zioenean: “Estimuan dut literatura biografikoa, baina ez dut uste fikzioak autoritatea galdu duenik, nahiz eta egia den jendeak errespetu bitxi bat erakusten duela bizipen gisa aurkeztutakoarekiko. Nobela onek irauten dutela sinesten dut, ordea, eta irudimena askoz ere adierazgarriagoa izan daitekeela reality show bat baino”. “Nobela onek” horren lekuan “Fikzio onek” ipini, eta guztiz neure egin nezakeen aipua.

Autofikzioaren aurkako manifestua

Iratxo bat dabil literatur munduan barrena: autofikzioaren iratxoa. Letren Errepublikako botere guztiak aliantza santu batean elkartu dira iratxo horren alde: Akademia eta Kritika, Eroski eta liburu denda hipsterrak, irakurle klubak eta Idazle Eskola, Kortazar eta Olaziregi, Suseríoa eta Elkar-Martin Ugalde konplexua…

Non dago aurka egingo dion idazlerik edo kritikorik, non oposizioko alderdi bat autofikziozale aurrerakoienen aurka, autofikziozale atzerakoienen aurka bezala, selfie literatura horren salakuntza laidoztatzailea jaurtiko duena?

Hona hemen ideia batzuk tirania berri horren aurka altxatzeko ausardia bil dezaketenentzat; nik, aitor dut, ez dut indarrik jada, eta, are gehiago –edo gutxiago–, hobenduna naiz, behin baino gehiagotan hurbildu bainaiz, lotsaz batzuetan eta lotsa gabe gehienetan, azpigenero horretara: badakizue, ondoko etxebizitzako festakoek zarata handia egiten badute, hobe haiekin bat egitea. Baina ohar hauek interesekoak izango dira, apika, kutsatu gabeko literatur arima garbientzat, eta haiei zuzentzen dizkiet, itxaropenez betea.

  • Alde batetik, autobiografiaren eta fikzioaren arteko nolabaiteko nahasketa hori literaturaren azken joeretako bat dela dioten ahotsak oso zuzen ez daudela aldarrikatu beharra dago: autofikzioa ez da inolaz ere genero berria Egilea pertsonaia bezala agertzea bere fikziozko lanetan, gutxienez, Danteren Jainkozko Komedia bezain aspaldikoa da, eta, ziurrenik, literatura bera bezain zaharra: zer da poesia liriko gehiena, autofikzio bat baizik? Ikuspegi horretatik, bide batez, agian ez da kasualitatea autofikzioaren praktikatzaile ez gutxi poetak izatea, inguruotan behintzat.
  • Bestalde, autofikzioak ez du itun autobiografikoa errespetatzen. Eta hori, neurri batean, tranpa egitea da. Itun autobiografikoak ez du esan nahi idazleak bere bizitzari buruz egia eta bakarrik egia esaten digula (irakurlea, XXI. mendea hain aurreratua dagoenean, ez da horren xaloa), baina bai kontatzen digunari buruz egia esango baligu bezala ari zaigula. Autofikzioan, ordea, arau hori hausten da, idazleak eskubidea baitauka gezurra edo fantasia nonahi eta noiznahi txertatzeko, eta, beraz, irakurlea ez da sekula ere ziur egongo idazleak berak egia hori sinestarazi nahi digun, ala ez.
  • Baina, gainera, eta hori baino larriagoa, autofikzioak ez dio begirunerik itun nobeleskoari. Eta itun nobeleskoaren oinarria, jakina den bezala, sinesgogortasunaren suspentsioari edo geroratzeari dagokio: fikzio batek ondo funtzionatzen du irakurri bitartean eta ebidentzia guztien kontra –are kutsu fantastikoena duenean ere– sinesten dugunean; liburua abandonatu bezain laster, zer esanik ez, ez sinestera igarotzen gara. Autofikzioarekin nekez lor daiteke efektu hori, irakurleak ondo baitaki idazlea etengabeko jauziak emango dituela egiazko gezurraren eta gezurrezko egiaren artean.
  • Eta horrek, berez, ez luke zertan hain larria izan. Arazoak datoz joan-etorri horiek guztiek mugak ipintzen dizkiotenean fikzioaren zabalkuntzari. Hau da, idazleak uko egiten dioenean, egiarekiko fidel izateko, itun nobeleskoaren baitan onargarri eta, are gehiago, erakargarri edo ezinbesteko izango liratekeen fikziozko elementuen txertaketari. Horrek daukan arriskua kontakizuna maxkal eta interesgabea bihurtzea da, eta, ondorioz, esangura literariorik gabekoa. Eta hori, nobela batean, barkaezina den kontu bakarrenetakoa da. Ze, ez dezagun ahaztu, autofikziogile gehienek nobela gisa saldu nahi dituzte haien ekoizkinak.
  • Izan ere, autofikzioaren hautuak dezente handitu dezake egilearengan bere bizitza oso interesgarritzat hartzeko daukan joera naturala, baldin eta kontrakoa gertatzen ez bada, hau da, autofikzioa aukeratu izana sinetsita dagoelako bere bizitza, berez, oso dela interesgarria. Eta hori hala bada, hots, periperiziez eta egitandiz beteriko bizitza bat bada egilearena, gaitzerdi. Baina izan gaitezen errealistak: idazle gehienen bizitza nahiko gatzgabea da, eta fikziozko dosi benetan eraginkorren erabilerarik gabe, edo estilo literario original baten jabe izan ezean, ez da suertatzen, berez, nobeletarako gairik erakargarriena…
  • Autofikzioak idazlearen nagikeria sustatzen du. Azken batean, dokumentatzeko betebehar sakratua murriztu edo guztiz ezabatzen du, egileak ikertu nahi duen gai nagusia –bere burua– eskura duen neurrian. Edo eskura duela uste duen neurrian, autoezagutzarena ez baita beti bikain eta azken muturreraino burutzen den lan bat…
  • Tentazio autobiografiko edo autofikzionala, edonola ere, kutsakorra da, eta liburuetatik at irteteko eta zabaltzeko joera dauka, birus gaizto bat balitz legez; azken finean, airean dagoen kontua da, sare sozialen metastasiak eta selfien boladak iragartzen duten moduan. Zutabegintza larriki zauritu zuten aspaldi tentazio horiek –zer inporta zaio irakurleari, Ukrainako auziari buruz informatzeko orduan, iritzi-emaileak vodkarekiko edo patxaranarekiko izan duen harreman sekularra, egiazkoa ala gezurrezkoa?–, baina azken aldi honetan are kritikagintza bezalako alor bizarroetara zabaldu da –zer axola dakioke liburu baten bertuteez edo akatsez jakitun izan nahi duenari kritikoaren txikiteo koadrilakoek haren gustu literarioez izan dezaketen iritzia, edo bere zorigaiztoko edo zorioneko maiteminen kronika zehatza?–.
  • Autofikzioaren beste arazo bat, paradoxikoki, egiari ipin diezazkiokeen mugetan Autofikzio gehienetan, edo, behintzat, inguruotan boladan daudenetan, nekez aurkituko dugu egilearen erretratu benetan negatiborik, ezta kasik anbiguorik ere: gizakiaren miseriatxo batzuk erakutsiko zaizkigu, askoz jota, baina ez gehiegi, eta protagonistaren bertuteek edo ausardiek, benetakoek eta asmatuek, gain hartuko diete beti ere, ontasunaren fabore (ontasun hori tradizionala zein alternatiboa izan daitekeelarik, noski). Fikzioa, ordea, eraginkorragoa izan daiteke arimaren alderdi ilunetan barneratzeko, askatasun gehiago –distantzia gehiago– eskaintzen diolako egileari.
  • Alderdi horretatik, eta Barthesek defendatzen/aurreikusten zuenaren aurka, egilearen figuraren puztearen ondoriotzat har daiteke, beste arrazoien artean, autofikzioaren hazkundea. Egilea marka® bihurtu da: literaturaren iturri, ikur eta helburu nagusi, idatzi ez ezik liburuaren interpretazioa inposatu eta salmenta ahaleginak gidatzen dituena, liburutik aparte gero eta bizitza publiko zabalagoa gauzatzen duena. Autofikzioa, neurri batean, idazlearen marketing kanpainaren jarraipena litzateke, beste bitarteko batzuekin, Ni-aren hipertrofia garaikidearen testuinguruan beti ere. Nobelak, garai batean balio izan zuena kanpoko mundu kolektiboa deskribatzeko –errealismoa–, mundu kolektibo horren miseriak azaltzeko –naturalismoa– edo mundu hori bera aldatzeko edo iraultzeko –abangoardiak–, niaren solipsismo egotistenaren gordeleku bihurtzeko arriskua dauka, autofikzioaren bertsio desitxuratuenetan behintzat.

Amai dezadan ohar optimista batekin: autofikzio guztiak ez du zertan txarra izan, eta emaitza, maiz, idazlearen abileziaren araberakoa izango da, zer esanik ez. Baina generoak berezko arrisku nabarmenak dituela erakutsi nahi nuen sasimanifestu honekin, eta, orobat, zein kalte handiak sor ditzakeen esku desegokietan erortzen utzi ezkero.

Munduko autofikziogileak, arren, ez zaitezte elkar! Eta, batez ere, ez jarraitu ugaltzen…

[Picture: Evangelist with lion][Testu honen lehenengo bertsioa Inon ez, inoiz ez liburuaren Bilboko aurkezpenerako prestatu eta irakurri nuen, 2014ko ekainean; hau extended bertsio bat da. Eskerrak eman nahi dizkiet aurkezpenera etorritako guztiei, eta batez ere Juanjo Olasagarreri, manifestuaren aberasgarri suertatu diren ekarpenak eta iruzkinak egiteagatik].

Itun biografikoaz (eta bestelako itunez), “Joseph Anton” dela eta

Egun hauetan, telebistan Sálvame, Master Chef edota Bisitaria ikusi beharrean, Salman Rushdie egile angloindiarraren (Mumbai, 1947) Joseph Anton memoriak irakurtzen aritu naiz (Random House Mondadori, 2012). Bertan bere bizitza eta lanak kontatzen ditu, nahiz eta liburuaren ardatz nagusia Khomeini ayatollahk Bertso satanikoak (1988) nobelaren kontra botatako heriotza-zigorrerako fatwaren garai iluneko kronika pertsonala (eta xehea) den: garai bat 2000ko hamarraldiaren hasierara arte luzatu zena eta zeinetan Rushdiek ezkutaturik eta polizia-indar britainiarren babespean egon behar izan baitzuen. “Joseph Anton” izan zen, hain zuzen ere, Rushdieren segurtasunezko ezizena urte horietan zehar, egileak berak aukeratua gehien miresten zituen idazleenak konbinatuz: Joseph (Conrad) eta Anton (Txekhov). Nahiz eta poliziek, hutsik egin gabe, “Joe” deitzen zioten, idazlearen amorrurako.

Gaztetan irakurri nuen Rushdie, eta hala Gauerdiaren seme-alabak (1981) nola Lotsa (1983) asko gustatu zitzaizkidan; Bertso satanikoak nobelak ez ninduen hainbeste ase, baina ez zitzaidan txarra iruditu, ezta ere (eta motibo erlijiosoengatik zigortzea, astakeria bat, edonola ere). Gauerdiaren seme-alabakek garai horretan literatura “periferikoak” arrakastaz mamitzen ari ziren errealismo magiko iberoamerikarraz baliatzen zen (Obabakoaken kasua, alde horretatik, ez zen kontu isolatu bat izan), eta emaitza (nobela horretan India independizatu berriaren historiari aplikatua) oso eraginkorra iruditu zitzaidan; oker ez banago, Juan Garzia liburu horren euskararako itzulpena egiten hasi zen, aspaldi, baina (gure itzulpengintzaren beste aukera galdu bat) ez zuen amaitu, tamalez. Gero, dela Bertso satanikoakekin nahikoa izan nuela erabaki nuelako, dela Rushdie, idazle baino, adierazpen askatasunaren sinbolo mendebaldar nagusia bihurtu zelako, aitor dut, artikulu solteren bat kenduta, pista galdu niola, fikziogile bezala behintzat. Edozein modutan ere, Rushdieren bitartez iritsi nintzen bere literatur koadrila edo belaunaldiko beste egileengana (Ian McEwan, Julian Barnes, Graham Swift, Kazuo Ishiguro… nik beti ikusi dut Rushdie idazle britainiar gisa, indiar gisa baino), eta hori behintzat bai eskertu ahal diot.

Nabaria da Rushdie den-dena apuntatzen duen idazle horietakoa dela, rencorosillo bat dela (idazle gehienok bezala), eta baduela umore maltzurño bat; ezkonlagunekiko eta semeekiko maitasunari dagokionean, pinpirintasunerako joera nagusitzen zaio, batzuetan (ez gehiegitan) autoironia erabiltzen badu ere. Liburua, edonola, txutxumutxu literarioen eta paraliterarioen bilduma mardula da (ia zazpiehun orrialde), eta mota honetako liburuak irakurtzen ditudanean baino dezente ohar gutxiago hartu dut, hausnarketa literarioen ikuspegitik bereziki hazkurritsua iruditu ez zaidan seinale. Baina ezin ukatu entretenigarria dela. Segurtasun, ideologia eta politika eztabaidez gain, liburuaren pasarte askok literatur sarien, kritiken, idazleekiko haserrealdi eta berradiskidetzeen, afarien, festen eta abarren berri ematen digute. Sálvameren falta ez dut ia nabaritu, beraz.

Pasarte arrosenetako bat ekarri nahi dut hona, idazleak Padma Lakshmi (Chennai, 1970) bere hirugarren emaztea izango zena ezagutzen duenekoa. Rushdie New York aldean dago bere bi semeekin eta (bigarren) emaztearekin, oporretan (ohitura hartu du udako hilabete bat edo gehiago han pasatzeko, Britainia Handian ez duen mugimendu askatasun pixka bat gehiago eskaintzen diotelako Estatu Batuek). Halako batean, seme nagusiarekin eta adiskide batzuekin, Talk aldizkari berriaren inaugurazio festara joan da, Askatasunaren Estatua dagoen uhartera hain zuzen. Eta hala dio bere memorietan Rushdiek (“berak”, alegia, Joseph Anton, Zesarren Galiako Gerren iruzkinak bezala, hirugarren pertsonan kontatuta baitago…):

Liberty Island-en argiak arboletatik zintzilik zeuden eta uretik udako brisa fresko bat zetorren, eta haiek ez zuten inor ezagutzen, eta, edonola ere, iluntzean zaila zen ikustea nor zebilen han, baina berdin zion horrek. Halako batean, argiontzi txinatar baten azpian, kobrezko andre itzelaren itzalpean, buruz buru aurkitu zen Padma Lakshmi-rekin, eta berehala ohartu zen lehenago ikusia zuela, edo behintzat haren argazkia ikusia zuela, bera ere agertzen zen aldizkari italiar batean, eta gogoratu zuen pentsatu zuela: Neska hau inoiz ezagutzen badut, erre egingo naiz, nire galbidea izango da. Oraingoan esan zuen: «Zu zara neska indiar eder hori, telebista italiarrean saio bat zeukana eta ondoren Estatu Batuetara itzuli zena aktorea izateko». Neskak ezin izan zuen sinetsi berak hari buruz ezer jakin zezakeenik, eta zalantzan jartzen hasi zen ea bera ote zen uste zuena, eta izen osoa esatera behartu zuen, eta horrela hautsi zen izotza. Minutu batzuk baino ez zuten hitz egin, baina telefono-zenbakiak trukatu ahal izan zituzten, eta biharamunean, berak deitu zionean, lineak hartua ematen zuen, une horretantxe bertan neska deitzen ari zitzaiolako. Bere autoan zegoen eserita, Mecox Bay aurrean, eta ur distiratsuaren gainetik erre usain bortitz bat iritsi zitzaion.

            Bera gizon ezkondua zen. Beraren emazteak eta bi urteko semeak etxean itxaroten zioten, eta gauzak ezberdinak izan balira, begien bistako egia ulertuko zukeen, berak etorkizunarengandik espero zuen guztia mamitzen zuela zirudien agerpen horrek, hezur-haragizko Lady Askatasun horrek, irudikeria izan behar zuela, eta harengana oldartzea, benetakoa balitz legez, hondamendia tentatzea zela, beraren emazteari neurrigabe min egitea eta Ametsa bera zama bidegabe batez kargatzea, indiar jatorriko estatubatuar bat baitzen, anbizio handiak eta plan ezkutuak zituena, beraren premia sakonenen gauzatzearekin batere zer ikusia ez zutenak. (…)

            «Amets bat ikusi eta familia bat suntsitu zenuen hori zela eta», esango zion Elizabethek [beraren bigarren emazteak], eta arrazoia zeukan. Askatasunaren Mamua irudikeria bat zen oasi batean. Bazirudien neskak beraren iragan indiarra eta beraren etorkizun amerikarra mamitzen zituela, aldi berean. Elizabethekin batera izandako bizitza setiatu zituzten arretez eta kezkez [fatwa garaikoez alegia] aske zegoen orain, baina Elizabethek ezin zituen alde batera utzi. Dena atzean utzi eta berriro hasteko ametsa –amets amerikar bat, erromesarena–, Mayflower estiloko fantasia bat, neskaren edertasuna baino are erakargarriagoa: eta haren edertasuna eguzkia baino distiratsuagoa zen.

Hau irakurtzean liburua itxi, eta ezin izan nuen saihestu pentsatzea: “Are, Salman, motel, ez esan gezurrik, edo, kasurako, erdi-egiarik. Gertatu zitzaizuna zera da, neska izugarri gustatu zitzaizula eta ez zenuela gehiago pentsatu (edo, nire adiskide batek esango lukeen bezala, astakilo baten moduan jarri zinela Padma ikustean); ez zela izan zure etorkizun estatubatuarraren eta iragan indiarraren arteko sintesi bat harengan haragitzen ari zela ulertu zenuela… Eta ez erabili nobela batean (egiantzekotasun ezagatik hain zuzen ere) erabiliko ez zenukeen baliabide bat, aldi berean egindako dei telefoniko horiena bezalakoa”. Pasartearen pinpirintasun orokorrari buruz ez hitz egitearren (“ur dirdiratsuen gainetik zetorren erre usainaren” metafora ez da harro-harro egoteko modukoa, ezta ere: ingelesezko “my goose is cooked” esapidearen inguruan eraikitzen da jatorrizkoan, “erre egingo naiz, nire galbidea izango da” horrekin lotuta dagoena nire itzulpen ahalegin dorpean).

Memoriak eta autobiografiak fikzioa egiteko beste modu bat baino ez baitira, azken batean: kasu ez gutxitan, iraganaren atzera begirako berrirakurketa interesatu eta (oro har) makillatu bat. Toni Morrisonek esan zuen bezala,

niretzat memoriak fikzioa dira orobat. Oroitzea aukeraketa-prozesu bat da, gertakariak definitu behar dira, forma eman behar zaie. Gauza bera bizi izan duten bi pertsonek ez dute berdin gogoratzen. Literatura biografikoa estimatzen dut, baina ez dut uste fikzioak autoritatea galdu duenik, nahiz eta egia den jendeak errespetu bitxi bat diola bizipen gisa aurkezten den horri. Uste dut, ordea, nobela onek irauten dutela eta imajinazioa errebelatzaileagoa izan daitekeela reality show bat baino.

Generoaren konbentzioen barruan sartzen den gako bat da, beraz, eta egile batzuek froga hobeto gainditzen dute (edo hobeto disimulatzen dute) beste batzuek baino. Rushdieren kasuan, iritsitako patetismo-mailak handiak izan daitezke batzuetan, baina egia da hori guztia konpentsatzen duela narrazio arin batekin, gertakarien harilkatze eta metaketarako gaitasunarekin, eta egileak berak bizi izandako egoeraren bitxitasun dramatikoaren xehetasunekin, noski.

Baina, behintzat, itun biografikoan, fikziozkoan bezala, gauzak nahiko argi daude (gorriari gorria, eta beltzari beltza) eta, kasu honetan bezala, zure besaulkitik deiadar egin diezaiokezu autoreari (“Aaare, Saaalman!”) gehiegikeriaz jokatzen duela uste duzunean. Gero eta mesfidantza handiagoa garatzen ari naiz, ordea, autofikzioa delakoa bilakatzen ari den ez-inoren lur horrekiko: eremu bat non, idazlearen apetaren arabera, fikziozko ituna funtzionatzen has daitekeen itun biografikoari heltzea komeni ez zaigun unean, eta alderantziz. Agian badu zer ikusirik honek ziklo historiko-artistiko honen agorraldirako jitoarekin eta, agian, baita nobelaren krisi eternalarekin (nobelaren arloan bihurtu delako joera hori izurrite); Eduardo Jordá idazleak dioen bezala,

orain ematen du gogoko direla itzulipurdi metaliterarioak, esperimentazio formala eta autofikzioa (oso ondo ez dakidana zer den), baina horrek guztiak ezkutatzen du –nik uste– bizitzarekiko nolabaiteko mesprezua, edo agian nolabaiteko ezjakintasun bat, edo agian, hobe esanda, bizi-xalotasun bat, mesprezu formapean disimulatzen dena. Bitxia iruditzen zait azken 40 edo 50 urteotan oso zaila dela aipatzea nobela espainiarreko pertsonaia bat ere gizarte-arketipo bihurtu dena, bere garaian Gatsby Amerikan izan zen bezala. Bururatzen zaidan bakarra Marséren Pijoaparte da, edo Francisco Casavellaren pertsonaiaren bat (Javier Cercasen Miralles ez da pertsonaia bat, Grimm anaien maitagarri amandre bat da). Baina, neurri batean, normala da hala izatea: orain idazlea bera da bere pertsonaiarik onena eta bere sorkaririk behinena, Bolaño eta Vila-Matasi gertatu zaien bezala.

Espainiar kasu kastizorako aipatzen du Jordák hori, baina antzeko zerbait euskal kasura eramatea ez litzateke zaila izango: Bilbao-New York-Bilbaoko Kirmen Uribe edo Kristalezko begi bateko Meibi gogora ekartzea besterik ez legoke… fikziozko Bolaño eta Vila-Matas pertsonaiak aipatutako horiek baino biziki interesgarriagoak direla iruditzen zaidan arren (Atzerriko Mikel Antza pertsonaia ez dut uste gizarte-arketipo izatera iritsiko denik, baina onartu behar da interesgarriagoa suertatzen dela, nahiz eta agian ez, zoritxarrez, motibo literarioengatik…).

Eztabaida hauek, edozein modutan ere, ez dira berriak literaturan, nobelagintzan sumatzen den autofikziorako joera berritu horrek lehenengo planora ekarri baditu ere. Egokiena, ziurrenik, erdibidean legoke, Aristotelesek nahiko lukeen bezala, horretaz (artikulu honetan esandako ia guztiaz bezala) ziur ez nagoen arren. Salman Rushdiek berak bere liburuan aitortzen duen bezala,

Saladin Chamcha, Bertso satanikoakekoa, anti-ni edo aurkako ni bat sortzeko beste ahalegin bat izan zen, eta nahasgarria zen kasu bietan [horretan eta 2001eko Oldarra nobelako Malik Solankarenean] beragandik desberdinak izateko asmoarekin sortu zituen pertsonaiak autorretratu soil gisa interpretatzen zituela jende askok. Baina Stephen Dedalus ez zen Joyce, eta Herzog ez zen Bellow,  eta Zuckerman ez zen Roth, eta Marcel ez zen Proust; idazleek beti egin zuten lan zezenaren ondoan, toreatzaileek bezala; autobiografiarekin jolas konplexuetara jolastu ziren, eta beren sorkariak beti suertatzeen ziren haiek baino interesgarriagoak.

Zezenketa-konparazioa gorabehera, nahikoa ados egon naiteke (honakoan) Rushdierekin. Eta ziurrenik horixe da Bolaño eta Vila-Matas pertsonaiak (baina ez autofikzioetako beste batzuk…) baleko bihurtzen dituena, idazleak baino interesgarriagoak gertatzen direla hain zuzen ere. Eta hori ez dago edonoren esku.

Irudia