Historikotasunaz

Joan zen udan Bartzelona estaltzen duen turisten izurritearen parte izan nintzen bizpahiru egunez, turismoarekin horren kritiko garen guztiok noizean behin egiten dugun bezala –Bartzelonan edo egoera larrian dagoen beste edozein gune tenkatutan, esan gabe doa–. Eta, paperean erabat sartuta, orain arte lanagatik edo plazeragatik joan naizen hainbatetan probatu ez nuen zerbait hiperturistikoa egin nuen: Antoni Gaudí-ren Batlló Etxea barrutik bisitatu. Familian modernismo arkitektonikoaren oso zaleak gara, ondo ulertzen ez ditudan arrazoiengatik, eta hara joatekoak ginela, bide batez, ondoan dagoen Amatller Etxea ikusteko sarrerak hartu genituen orobat: Josep Puig i Cadafalch arkitektoaren obra da, modernismoaren eta neogotizismoaren artean kokatu daitekeena. Garai bateko burgesia bartzelonarraren arteko lehia eta emulazio-grina bereziki ikusgarria da Gràcia pasealekuko pusketa horretan, aberats berrien ohitura atabikoen erakusgarri.

Ikustaldi biak ezin ziren ezberdinagoak izan. Ez soilik bisitari kopuruagatik –Batllón oldezkoa, Amatllerren hondarrekoa–, baizik eta, batez ere, ibilbidea egiteko  eraikin bakoitzean ematen duten audiogiden estiloagatik. Batlló Etxearena guztiz ahistorikoa da: arkitekturaren oparotasuna eta Gaudíren jeinua dira hor protagonista nagusiak –izan ere, ahots maskulino narratibo nagusiarekin batera, “Etxeak” berak hitz egiten dizu, ahots femeninoarekin, noski, fabula-tonu eztitsu bezain gogaikarri batean–. Baina ez dago aipamenik eraikinaren testuinguru historikoari buruz, ez hura altxatzeko plusbalioa noren izerdiaren kontura pilatu zuten Batllótarrek –ehungintza sektorekoen gainean, estatistikoki espero izatekoa zen bezala, Industria Iraultzaren osteko Bartzelona hartan–. Izan ere, aurkezpen osoan eraikuntzaren urtea bera ere ez zen ekartzen gogora. Etxea guztiz deskontestualizatua azaltzen da, espazioan eta denboran esekita balego bezala, eta horretan laguntzen dute souvenir-dendek –bi, alajaina, bata ibilbidearen erdian, eta bestea irteeran–, eta amaierako “murgiltze-esperientzia” saihestezina, alde guztietatik pantailez jositako gela batean, bideo-arte gisa saltzen duena edonor epilepsia- eta klaustrofobia-atakearen ertzean jartzeko moduko ikuskizun pseudopsikodeliko bat –berriz ere guztiz ahistorikoa, eta bisitari ezer esanguratsurik gehitzen ez ziona–.

Amatller etxearen erakustaldia oso bestelakoa izan zen. Egoki kokatzen du testuinguru historikoan –artisautzatik ekoizpen industrialera arrakastaz igarotako txokolategile familia batena–, azalpen xeheak ematen dira –batzuetan xehegiak–, eta garai bateko burgesiaren bizimoduaz jabetzeko aukera handiagoak eskaintzen ditu: eraikinak, Gaudírena bezain espektakularra ez bada ere, garaiko mobiliarioaren parte handi bat kontserbatzen du, Batllótarrenak ez bezala. Horrek ez du esan nahi orbainik gabeko azalpena izan zenik: Amatller familiaren arte alorreko mezenasgo ekintzak goraipatzen dira, baiki, baina ez da txintik esaten Teresa Amatllerrek, patriarkaren alaba eta azalpenetan behin eta berriro azaltzen denak, burutu zuen esponsorizazio-ekimen inportanteenaz: Gerra Zibilaren urteetan, Genovan erbesteratuta zegoela, Francoren bandoari entregatu zizkion –orduko– 500.000 pezetez alegia: gaur egungo 1.100.000 euro inguru, kalkulu apalena eginez.

Bisitaren amaieran, zer esanik ez, denda dago orobat: txokolate-denda, Amatller produktu ugari bezain oparoei eskainia. Hainbeste urteren ondoren, familiaren kapitalaren zati batek ekoizpen-adar berean jarraitzen du, antza denez.

Honetaz guztiaz gogoratu nintzen Madrileko Reina Sofia Museoko Manuel Borja-Villel zuzendari ohiari egindako elkarrizketa batean irakurri nuenean Picasso-ren Gernika koadroa kontestualizatzeko zer lan egin behar izan zuten. II. Errepublikaren pabilioiaren, Gerra Zibilaren eta borroka antifaxistaren testuinguruan ipintzeko hain zuzen ere, alderdi horiek ikusgaitzagoak baitziren, museoan, berak zuzendaritza hartu aitzin.

Egungo zuzendariak, Manuel Segade-k, pasa den irailaren hasieran baimendu zuen Gernikari eta Gernikarekin argazkiak atzeratzea, ordura arte debekatuta zegoen zerbait –eta polemika eragiten zuena Mick Jagger bezalako celebrityei haren aurrean selfieak egiten baimentzen zitzaienean, edo ez ikusia egiten zitzaienean–. Injustizia instagramatiko bat konponduko duena, agian, baina Gernika berriz ere ahistorikotasunaren ildoan atzera jartzeko lehen urratsa begitantzen zaidana. Auschwitz-Birkenau Memoriala eta Museoan gero eta maizago egiten diren erretratu irribarretsuen ildo beretik, alegia.

Eta, badaezpada, artikuluan zehar nahikoa argi geratu ez balitz, eta gauzak historikoki kokatzeak berez berme guztiak eskaintzen ez dituela jakinda ere: askoz ere mesfidatiagoa naiz historikotasun faltarekiko.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian eman
zen argitara, 2023ko irailaren 23an. Argazkiak Wikimedia Commons-eko
lizentzia dauka]