Liburutegien aldeko manifestua

Liburutegien aspaldiko erabiltzailea naiz, baina aitor dut gero eta gustukoagoak ditudala; esango nuke garai batean liburu denden zaleago nintzela, baina adinarekin, eta manifestu honetan zehar agerian jartzen saiatuko naizen bestelako arrazoiengatik, biblioteken bandora pasatu naiz neurri handi batean. Agian izango da liburutegiek (handiek, ertainek eta txikiek) eman duten jauziagatik, urte hauetan guztietan, fitxategi astunen atzean (eta, maiz, funtzionario ez bereziki lagunkoien traba egiteko joera zela eta) gotortzen ziren erakunde erlatiboki hermetikoak izatetik, gizarteari begira geroz eta irekiago aritzera, eta erabilgarritasunaren aldetik askoz ere espazio irisgarriagoak bihurtzera. Nik uste dut merezi duela liburutegia defendatzea, hau bezalako manifestu xume batekin sikiera.

Beraz, galdera izango litzateke: zergatik egon liburutegien alde?

1) Liburuz beterik daudelako. Hauxe da, dudarik gabe, biblioteken alde egoteko arrazoi agerikoena, ni bezalako literaturzale baten aldetik. Baina ez bakarra, laster ikusiko den bezala. Kontua da, gainera, liburu horiez guztiez gain, beste gauza batzuez betetzen hasi direla bibliotekak, azken hamarraldi hauetan: filmez, diskoez, komikiez, artez, erakusketez, hitzaldiez, irakurketa eta idazketa tailerrez, eta abarrez. Hori guztia, debalde, edo, gehien jota, prezio oso eskuragarrietan, gainera.

2) Isiltasunaren gordeleku pribilegiatu direlako. Zarata hiritarra, garrasi mailara goititutako elkarrizketa-tonurako joera euskaldun/espainiarra, latazko musikaren nonahikotasuna (are anbulatorioetara iritsi dena, hatza ahoan duen erizainaren kartelak gora-behera) eta dezibelio-maila oro har altua nagusi diren gizarte testuinguru batean, bibliotekek isiltasuna (erlatiboa, ados, baina isiltasuna oro har) babesten jarraitzen dute, haize kontra bada ere. Isiltasuna oraindik nagusi den gure gizarteko espazio publiko bakarrenetakoak bihurtzen ari dira, eta horregatik bakarrik, besterik ez bada, funtzio inportante bat betetzen dute liburutegiek.

3) Gure gizarteen jite ekonomikoa gero eta baztertzaileagoa denean, guztientzako irekita daudelako, eta kulturarako sarbidea eskaintzen dietelako gutxi daukatenei (ere). Aberastasunaren arrakala (eta baita arrakala digitala ere) gero eta zabalagoak direnean, kapitalismo neoliberalaren fase honetan, bibliotekak babesleku bihurtu dira, eta hori gauza handia da, eta, tamalez, gero eta beharrezkoagoa ere.

4) Aurrekoarekin lotuta, publikotasunaren ikurtzat jo daitezkeelako. Egia da badaudela biblioteka eta artxibategi pribatuak ere, baina, normalean, haietarako sarbidea mugatuagoa da, berez: liburutegiaren irudi nagusia publikoarena da, erakunde publikoren bat (udala, aldundia…) nagusi gisa duen espazioarena alegia. Pribatizazioak, esternalizazioak eta, oro har, publikotasunaren atzerakadako garaiotan, bibliotekek jarraitzen dute ongizate estatua deitu zen horren izpirituari eusten, hein batean behintzat. Eta ez modu pasiboan, gainera, liburutegi askok erakutsi zuten bezala ditxosozko kanonaren gatazka gertatu zenean…

5) Kritika literarioan aritzen direlako, zeharka bada ere. Liburu denda txikiak desagertzen ari diren testuinguru batean (talde handien zerbitzuan aritzen diren kateen mesede, maiz), eta kritika literarioa nabarmen huts egiten ari den une historiko batean (dela propagandaren luzapen bihurtu delako, dela liburu-iruzkinetan adiskidekeria edo etsaikeria gailentzen delako), kontua da biblioteketako langile eta arduradunek egin ohi duten aukeraketa, mahaietan edo erakustokietan erabiltzaileen laguntzarako eskaintzen dutena, kritika fidagarriagoa izan daitekeela gorago aipatutako agenteena baino. Garai batean liburu denda txiki batzuek egiten zuten selekzio-lan hori, eta horregatik bihurtzen ginen haien bezero fidel; gaur biblioteka batzuek betetzen dute, best selleraren tiraniari uko egiten diotenean, bihi eta ahotz banatzailearen rol hori.

6) Iraultza digitalari bizkarra eman gabe, kultura analogikoari eutsi egin dion lekuak direlako. Izan ere, biblioteka asko zaharraren eta berriaren arteko nahasketa bitxia (eta erakargarria) bihurtu dira, kultura digitalaren alderdi ezberdinen sarrera ahalbidetu duten neurrian. Baina betiere ni bezalako zaharrunoek estimatzen dugun euskarri fisikoaren (liburuaren, CDaren, DVDaren…) materialtasunari uko egin gabe, inportantea iruditzen zaidana gero eta ez-materialagoa (hots, likidoa baino, gaseosoa) bihurtzen ari omen den gure kultur munduan.

7) Literaturzale edo irakurzale ez ezik, liburuzale garenontzat espazioa aurrezteko aukera ezin hobea eskaintzen digutelako. Onartu behar da, baldin eta aberaskumea ez bazara (edo atikoak opari jasotzen dituen PP, PSOE, CiU edo EAJko politikari horietako bat; ezabatu zure zirkunskripzio politikoari ez dagokiona), une bat iristen dela, norberaren bizitzan, zeinetan erositako liburu guztiek gainezka egiten baitute, eta, bigarren edo hirugarren etxebizitza baten ezean, ez baitago bat gehiagorako lekurik. Apalategien xahuketaren edo expurgoaren zale ez izatekotan (liburuzale askok pairatzen dute Diogenesen sindrome bibliografiko hori) eta paperezko liburuarekiko loturak mantendu nahiez gero, biblioteketako mailegu-zerbitzua ordezko bikaina suerta daiteke.

8) Irakurketaren alderdi sozializatzailearen bultzagile nagusienetakoak direlako, irakurle tailerren eta antzeko ekimenen antolatzaile gisa. Irakurketa (hitzaldian aipatu dut) ekintza bakartia da, baina, niretzat, badu gizarte alderdi bat, normalean irakurketa amaitu ostean gauzatzen dena, eta ekintza beraren alor alienaezina dena, neurri batean behintzat. Bibliotekak, liburuak gure eskura debalde ipintzeaz gain, liburuaren inguruko talde-ekitaldi horien antolatzaile nagusiak dira (ez bakarrak), eta horregatik ere eskertuta egon beharra daukagula uste dut.

9) Eta irakurketaren alde sozialari buruz ari garela, nola ahaztu liburutegien aldeko beste argudio hura: ligatzeko leku mitikoak direla dioena alegia (ligatzeko, baina, 2. puntuan aldarrikatutakoa gogora ekarriz, beti isiltasunean, begiradatxoen, keinuen eta mezu analogiko zein elektronikoen bitartez, eta abar, betiere kitzikagarriagoa bihurtzen duena dena…). Mitikoak direla diot, niri ez zaidalako sekula gertatu, nahiz eta horren inguruko istorio asko entzuna naizen…

10) Definizioz, leku ordenatuak diren arren, aniztasunaren eta jakintzaren kaosaren ispilu direlako. Onartzen dut hau nahiko argudio pertsonal eta agian transferiezina dela, ni neu irakurle desordenatua naizelako, ez bereziki sistematikoa, gai batetik bestera, genero batetik bestera jauzi egitea gustuko duena. Eta zerk ematen du horretarako aukera handiagorik, biblioteka batek baino? Izan ere, froga moduko gisa esan daiteke ez dagoela bi liburutegi guztiz berdin, ez funtsei ezta (lerro orokor eskergarri batzuk alde batera utzita) liburuen klasifikazioari edo banaketa espazialari dagokionean ere. Bibliotekak zorioneko kaos ordenatu bat dira.

11) Finean, liburutegiak maite ditut ez dutelako ezertarako balio, ez liburuek eta literaturak baino gehiago behintzat. Gastu publikoa justifikatzeko berehalako erabilgarritasunari dei egiten zaion garaiotan (errepideak, abiadura handiko hondorik gabeko putzu burdinbidedunak, osasuna, pentsioak, armada…), kontsolagarria da gure plazera eta jakintza zabaltzea beste helburu ez duten erakundeetan dirua (gutxiegi beti) gastatzen jarraitzea.

Esan dezagun ozen:

Gora liburutegiak!

Index

[Testu hau “Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen III. Bilkura: Eskola Liburutegiak” izeneko jardunaldietan aurkeztu nuen, Udako Euskal Unibertsitatearen Markeskoa Jauregian, 2017ko ekainaren 29an. Blog honetan ikasturte honetan zintzilikatuko dudan azkeneko oharra edo hondarra izango da. Irailera arte!]

1 thoughts on “Liburutegien aldeko manifestua

  1. Nere iritziz egia borobilak apuntatzen dittunak idatzi hontan Izalduak.
    GORA LIBURUTEGI PUBLIKOAK!!!!!

Utzi iruzkina