Hibridazioaren aurka

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2017ko irailaren 9an].

Azken urte eta, esango nuke, hamarraldi hauetan, behin eta berriro aldarrikatu izan da hibridazioa, hots, generoen arteko nahasketa, literaturaren garapenerako eta are, batzuetan, salbamenerako bideetako bat bezala. Ziurrenik nik neuk ere hala defendatu dut inoiz, gure garaiko postmodernitate atzeraezinari zegokion moduan.

Baina adinak maiz dakarren erretxinamendu eta javiermariasizazio nire prozesu partikularraren eraginpean, beldur naiz iritziz aldatzen ari ez ote naizen. Hori ematen didate aditzera, behintzat, uda honetan irakurritako bi libururen aurreko nire erreakzioek, hibridazioaren arriskuez hausnartzera eraman nautenak.

Bata Kirmen Uriberen azkeneko nobela izan da, Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016). Onartu behar da, eta txalotu, autoreak egindako izugarrizko ahalegina argumentuaren erdigunean kokatzen den Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren familiaren historia berreraikitzeko ikerketan, mota guztietako iturriak –artxibistikoak, bibliografikoak, ahozkoak…– erabiliz. “Ez-fikziozko nobela” bat eraiki nahi izan du horrela, boladan omen dagoen genero hibridoa, gertakari errealetara oso pegatuta, eta fikzioaren esku hartze oso mugatuekin. Eta hor ikusi dut nik liburuaren ahuleziarik handiena: egileak bere buruari ezartzen dion autodiziplina horren ondorioz, “nerbio nobeleskoa” falta zaio nabarmen, nire ustez, Elkarrekin esnatzeko orduari –alde horretatik inoiz ekarri dit gogora Andolin Eguzkitza zenaren Herioaren itzalpeetan nobela nire ustez huts egindakoa–. Aitor dut izan daitekeela nire irakasle izaeraren tara bat, baina, horretarako, agian nahiago nukeen historia liburu konbentzional(ago) bat, bere oin oharrekin eta erreferentzia bibliografikoekin. Hori guztia, alde batera utzita liburuan nagusitzen dela begitantzen zaidan euskal historia garaikidearen interpretazio jeltzalefiloaren kutsua. Baina hori beste gai bat izango litzateke, noski.

Beste bat Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia (Pamiela, 2016) izan da, Hondarribiko alardearen auziari buruzko saiakera-kronika, gogotsu hartu nuena, iruditzen zaidalako Bidasoaldeko jaien inguruan emakumeen kontra gauzatutakoa gure historia sozial hurbilaren mugarrietako bat dela –mugarri lotsagarrienetako bat, esan gabe doa–. Kontua da liburuaren saiakera izaera osatzeko eta egilearengandik harago lihoazkeen ikuspegiak sartzeko –Ni-ak, literatura garaikideenaren joerei jarraiki, presentzia handia du liburuan–, idazleak gaiaren inguruko fikzio laburrak tartekatzen dituela. Eta hori arazo bihurtu zait batzuetan, ez baitago argi ze puntutaraino dauden “benetako gertakarietan oinarrituta”, ala fikzioaren aldera lerratzen diren gehiago. Eta arazo bat dela diot, liburuaren testuinguru hibridoagatik: Urretabizkaiak Alardearen inguruko ipuin liburu bat idatzi izan balu ez legoke arazorik, jolasa zein den badakigulako denok, baina –nagusiki– saiakera-kronika gisa aurkeztu den neurrian, inportantea izan daiteke istorioen egia maila neurtzeko modua izatea –adibidez, eskoletako ume batzuek pairatu dituzten erasoen kontabilitatea daraman dendariaren pasarteetan–; ez dezagun ahaztu, ikuspegi praktiko batetik besterik ez bada, kontuak daukan karga polemikoa, oraindik ere –ipuinok, gainera, ez zaizkit bereziki biribilak iruditu, kontakizun gisa…–. Bestalde, deigarria egin zait, Urretabizkaiaren liburuan, gaiaren inguruan idatzi den piloari egiten zaion erreferentzien urritasuna, niretzat generoaren ikurretako bat dena gutxienez Montaigneren garaietatik –onartzen dut, saio autobiografikoaren genealogiari dagokionean, ni gehiago naizela Montaigneren aldekoa, Rousseauren zaleen bandakoa baino…–. Baina hori ere beste gai bat izango litzateke, zer esanik ez.

Ez dakit: agian iritsi da hibridazio literarioaren aurka hitz egiten hasteko ordua. Pixkatxo bat, bederen.

hibridazioa irudia

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s