Irakurketa udatiar bat

Aspaldi nuen konpondu gabe kontua, eta azkenean, uda honetan, ekin diot Juan García Hortelanoren (Madril, 1928-1992) El gran momento de Mary Tribune nobelatzarraren irakurketari (1972). Neurri batean, Rafael Chirbesen heriotzak eraman ninduen horretara, haren maisuetako bat zela bainekien, harritzekoa ez dena, 1950eko hamarraldiko “belaunaldiko” errealismo sozial edo kritikoko figura nagusietako bat izan zelako (Ignacio Aldecoa, Rafael Sánchez Ferlosio, Carmen Martín Gaite eta abarrekin batera), nahiz eta, beste idazle batzuek bezala (Juan Goytisolo, adibidez) beste bide literario batzuk hartu 1970eko hamarralditik aurrera (nobela hau bera lekuko). Edonola ere, literaturak duen ahalmen trantsitiboaren poderioz, Chirbesen albiste tristeak eta hari buruzko hilberriek García Hortelano ekarri zidaten akordura, eta antzinako zor hori kitatzea erabaki nuen; tira, horregatik, eta euskal literaturaren azken labealdiaren irakurketaz pixka bat deskantsatu nahi nuelako, orobat. Liburua, gainera, aspaldi neukan etxean erosita, Rafael Reigena bezalako gomendioek horretara bultzatuta: “El gran momento de Mary Tribune, de Juan García Hortelano, es la mejor manera de comprender la realidad social del final del franquismo y la llamada Transición” (hala dio Manual de literatura para caníbales bere “eskuliburuan”, 252-253 orrialdeetan, baina behin baino gehiagotan irakurri dizkiot antzekoak).

Denbora behar baita, gainera, El gran momento de Mary Tribune irakurtzeko: oso nobela luzea da (nik daukadan poltsikoko edizioan, 808 orrialde, letra xehez beterikoak: ia hamar urte erabili zituen García Hortelanok idazten amaitzeko), eta oporrena une aproposa izan daiteke horretarako. Ez nuke esango nobela zaila denik, behin sartuz gero: jauziak eta noizean behineko flashbackak (edo flashback moduan funtzionatzen duten amets eta ameskizunak) dauden arren, nahiko lineala da, oro har: 1960 hamarraldi amaierako edo 1970ekoaren hasierako urte bateko udaberriaren eta neguaren artean dago kokatuta, eta eszenatoki nagusia Madril eta bere inguruak dira (eta inguru horien artean, iparraldeko mendialdea batez ere, garaiko –eta oraingo– aberatsek txaletak edukitzen duten eskualdea), nahiz eta une batean edo bestean Erroma edo Eguzkiaren Kostaldea agertzen diren halaber. Nobelaren gehiengoa barne bakarrizketa batek osatzen du, elkarrizketez eta aipu literarioez tartetuta, oso bizkorra eta barrokoa, periodo aski luzeekin; narratzailearen izena ez dugu sekula ezagutzen, baina klase ertaineko burokrata bat da, berrogei urtetatik hurbilago hogeita hamarretatik baino, zeinaren inguru soziala klase ertain altuko eta burgesiako bere adinako señoritoek osatzen baitute, zeinen zer egin nagusia (taldeko gizonezkoena, behintzat) graduazio altuko alkohola edatea (ginebra huts-hutsik, batik bat) eta ahalik eta gehien ligatzea baita (“ligatu”-ren eremu semantikoan denetik sartzen delarik, sedukzio narratsenetik jazarpenera edo putetara joatera). Halako batean Mary Tribune agertzen da narratzailearen bizitzan, emakume estatubatuar dirudun bat, turismoa egiten dabilena Espainian (bere gaztelania bitxia izugarri ondo lortua dago), eta narratzailearen ezkongabe-pisuan instalatzen da (pisu neskamedunean, zer esanik ez), nolabaiteko lurrikara bat eraginez haren bizitzan eta inguru sozialean. Nolabaiteko, diot, ze lurrikara hori ez da horren funtsezkoa: egia da nobelaren bigarren zatian, “Postales de Venecia, fotos en Angulema” izenekoan, bere gehiegikerietatik erlatiboki erretiratuta aurkitzen dugula narratzailea (behintzat, lehenengo atal nagusiarekin konparatuta, “Nenúfares, a ser posible”), mendialdeko txalet batean, priapismoa kontrolatu samar eta pixka bat gutxiago edaten, baina, funtsean, ez da ezer aldatu, taldetxoaren inguruan dena (gizartea, ekonomia, politika) aldatzen ari bada ere (…ezer ez aldatzeko, azkenean, ondo dakigun bezala, Giuseppe Tomasi di Lampedusa atzera aipatzeko aukera berri bat ez galtzearren).

Ze hori da nobela honen ezaugarririk behinena: apenas egiten zaio erreferentzia garaiko egoera politikoari, zeharka ez bada; hazteari (heltzeari) uko egin dioten burgeskume batzuen gorabeherak daude lehen planoan, eta horietarik gehienak irabazleen seme-alabak dira, 1940 eta 1950eko hamarraldi beltzetan hazi, ikasi, irakurri, kulturizatu eta nolabaiteko (azaleko) errebeldia bat aurkeztu zutenak, baina 1960ko hamarraldian (ia) guztiaz paso egiten dutenak, beren inguruan herrialdea industrializatzen, atzerritik turismo oldeak jasotzen eta (benetako) klase ertain bat zabaltzen ari den bitartean. García Hortelanok primeran ezagutzen zuen zerbait, partidu komunistako militantea zen neurrian. Alde horretatik nobelak asko gogorarazten dit Flauberten Edukazio sentimentala, zeinetan Frédéric protagonista gaztea 1848ko iraultzaren gertakarietan zehar igarotzen da, bere maitasun kontuetan kontzentraturik, jazoera historikoez apenas ohartu gabe; El gran momento Mary Tribunen are okerragoa da, protagonistek (narratzailea, Bert, Tub, José María, Sagrario, Pablo, Maryk berak…) gazte izateari aspaldi utzi zioten neurrian. Ironiarik handiena liburuaren azkeneko partean gertatzen da: izenik gabeko narratzaileak, gogoz kontra, Berten eskaera bati erantzunez, bizi den txaleta “uzten” du bilera klandestino bat egin dadin bertan, baina ez zaigu bilera horren berri ematen batere, protagonistak (narratzailea, Pablo eta Bert bera) paseo bat ematen ari direlako sierra elurtuan, beren kontu hutsalez eztabaidatzen dutela, txaletan bilera antifranskista hori gauzatzen ari den bitartean. Metafora argia bezain mingarria da. Baina, narratzailearen ustez, Bert snobkeriaz endredatu da oposizioko talde batean (eta Bert aberaskume pinpirinaren portaerak ez du beste hipotesientzako tarterik uzten), beraz, zertarako arduratu txalet barruan erabakitakoaz?

Hizkuntzak izugarrizko protagonismoa dauka nobelan: benetan joria da, hiperbolikoa, eta une askotan, oso humoristikoa. Narratzaileak bere bulegoko giroa (izendatu gabeko ministerio batean) deskribatzen diruen pasarteak (espainiar funtzionaritzaren alferrikakotasunaren gailurra) antologikoak dira. Horren mailakoak, baina askoz ere zinikoagoak, “agindupeko” klaseen deskribapenari dedikatzen dizkionak (Merceditas neskamearen ingurukoak, esaterako, basatiak dira, garaiko klasismoaren isla gordina). Narratzailea berak zenbat aldiz edaten duen eta sexu bila aritzen den nobelan zehar ez da sinestekoa, eta horrek zenbat aldiz jartzen duen erridikuluan, are gutxiago: mota guztietako neskatxak eta lokalak igarotzen dira gure begien aurrean (Madrilgo garai haietako gauaren geografia ere bada nobela), amaieran narratzaile asegabe eta huts bat topatzeko beti; alkoholarekiko harremana, narratzailearen aldetik, are tremendoagoa da (kontatzen denez, Juan Benetek beti galdetzen zion García Hortelanori ea hurrengo nobelan zeinek irabazten zuen, dutxek ala whiskyek, haren protagonistak etengabe ari baitziren hala dutxak hartzen nola tragoak edaten…).

Garaiko espainiar gizartearen matxismo itzela da García Hortelanoren nobelak salatzen duen beste kontuetako bat: narratzaileak genero indarkeriara jotzen du behin baino gehiagotan Mary Tribunekiko bere harremanetan, jeloskortasun justifikaezin batek bultzatuta, gehienetan: nobelako pertsonaia femeninoak (maskulinoak baino dezente interesgarriagoak beti) gizonezkoek nola tratatzen dituzten aparteko ikerketa bat mereziko luke (narratzaileak Encarna neskamearekin duen harremanean suma daitekeen bezala, adibidez, edo bere bulegoan lan egiten duen Guada idazkariak pairatu behar duen tratu etengabe laidogarrian, edo Matilde progre gaztearekin dituen enkontruetan…).

Esan bezala, artefaktu gisa distirantea da El gran momento de Mary Tribune, oso asmotsua, are barregarria une batzuetan, nobela pikareskoaren eta umoristikoaren elementu asko dituelako, eta hizkuntzaren trataera bikaina: nik, benetan, barre egin dut pasarte batzuetan, ozen, eta hori oso zaila da, ez zait liburu askorekin gertatu. Baina irakurleari (ni bezalako irakurleari, behintzat) oso zaila egiten zaio narratzailearekin identifikatzea edo enpatizatzea, hain da zinikoa eta maltzurra, arazo existentzial handiak dituen arren (gizajo bat, azken batean). Alde horretatik, egileak aukeratzen duen bidea, irakurlea identifikazio horretara hel ez dadin, izugarri eraginkorra da: bere izenik ez aipatzea. Lan benetan zaila, zortziehun eta zortzi orrialdeetan zehar, baina guztiz beharrezkoa, irakurlearekiko nolabaiteko hesia mantentzea bada helburua.

Pazientziaz hartu beharreko nobela, jarraian irakurtzekoa, joria baina etxafuego argumentalik gabekoa (nobelari errematea ematera bideratutako deus ex machinarik ez dezala espero irakurleak –nik zer dakit, azken orduko auto istripu bat, adibidez…–), erreferentzia kultural eta sozialez betea, oso umoretsua eta, aldi berean, oso tristea: hori eta gehiago da El gran momento de Mary Tribune, irakurri dudan nobela espainiar onenetariko bat. Aldaketa garai bateko isla, oso kokatua historikoki, baina agian, Rafael Reigek iradokitzen duen bezala, gurea bezalako beste (balizko) aldaketa garai honetarako argigarri suerta daitekeena, orobat.

tribune

Utzi iruzkina