Hamaika arrazoi Philip K. Dick (euskaraz) irakurtzeko

[Lehengo ostiralean Philip K. Dicken Ordaina bilduma  (Meettok, 2015) aurkeztu genuen Donostiako Elkar aretoan. Zientzia fikzioaren maisuaren ipuinen aukeraketa eta itzulpena Aritz Gorrotxategik egin du, eta niri liburuaren hitzaurrea egiteko ohorea egokitu zitzaidan (nire irakurle karreraren gailurretako bat, ironiarik gabe diot, Dicken aspaldiko zalea naizenez gero). Hitzaurrean esandakoak errepikatu nahi ez nituenez, hona hemen aurkezpenean leitu nuen testua, Dick irakurtzeko arrazoien ingurukoa].

Hamaika arrazoi Philip K. Dick (euskaraz) irakurtzeko

1.- Zientzia fikzioa gustatzen zaizulako. Philip K. Dick (Chicago 1928-Santa Ana 1982) genero horretako egile nagusienetako bat da, nagusia ez bada, gaur egun. Bere karrera apenas hiru hamarralditan zehar garatu bazen ere, eta nahiko aspaldi, bere obrarekiko kultua –bizirik zegoela nahiko handia zena jada–, hazi besterik ez da egin orduz geroztik: cyberpunka bezalako azpiadarren sorburua da, eta literatura fantastikoaren alor horren gailurrean kokatuta dago –garai batean Isaac Asimov, Arthur C. Clarke edo Ray Bradbury zeuden lekuan hain zuzen ere–.

2.- Zientzia fikzioaren zalea bazara eta euskaraz irakurtzeko ohitura baduzu are gehiago eskertuko duzu aukera hau. Zeren eta, egia bada ere faltsua dela mitoa –euskaraz zientzia fikziorik idazten ez dela alegia, hainbeste ezen norbaitek zientzia fikziozko liburu bat argitaratzen duen orotan pionerotzat hartu ohi duela bere burua, edo hala hartzen dutela komunikabideek–, onartu behar da orobat asko-asko ez dela idazten, ezta itzultzen ere. Larriagoa iruditzen zaidana, jatorrizko produkzioan maisulan bat sortzea oso zaila delako –gurea bezalako literatura txiki batean, mirari bat, eta hau edozein generori buruz esan dezakegu, ez bakarrik zientzia fikzioaz–, baina itzuli gabeko izenburuen kopurua hainbestekoa izanik lan gorenak ugari direlako. Hona, bada, aukera bakan eta gozo horietako bat.

3.- Baina demagun zientzia fikzioa gustatzen ez zaizula, edo zientzia fikzioa gustatzen ez zaizula uste duzula: kasu horretan ere hau zure liburua da. Zeren eta Dickek, generoaren konbentzioak eta topikoak bete-betean erabiltzen dituen arren –bidaiak denboran eta izarretan  zehar, alienigena zein errobotekiko harreman gatazkatsuak, espazioaren koloniakuntza, apokalipsiak eta postapokalipsiak…–, modu berezian egiten du, zentzu oso filosofiko eta hausnartzaile batekin: goi literaturarako ohikoa den maila iristen du maiz, hondakin-materialak diruditenetatik abiatua baina.

4.- Edonola ere, bada ordua, halakorik izatekotan, zientzia fikziozko literaturarekiko dauzkazun aurreiritziak alboratzen hasteko. Philip K. Dick aukera ona izan daiteke bide horri ekiteko.

5.- Are gehiago bere lanetan oinarritutako filmak ikusi ez badituzu, ze ziurrenik badakizu –eta ez badakizu, berehala esango dizut– Dicken literatura, eta batik bat Dicken ipuinak, behin eta berriro harrapakatu izan dituela Hollywoodek, Blade Runner estreinatu zen unetik: egungo zientzia fikzio zinematografikoaren iturburu aitortu –eta aitortu gabe– nagusia da Dick. Eta, horren froga-harri, bilduma honetan bertan pantailara eraman diren sei ipuin daude –horietako bat bi aldiz eta guzti–. Film horiek ikusi ez badituzu, beraz, zorteko zara, birjin iritsiko zarelako ipuin horiek gordetzen dituzten ezuste eta sekretuetara.

6.- Baina are ipuinotan oinarritutako pelikulak ikusita badituzu, merezi du, eta ez gutxi, jatorrizko testuak irakurtzea. Ez soilik “liburua gehiago gustatu zitzaidan” adagioa hertsiki betetzen delako kasu honetan ere, baizik eta, onar dezagun, egin diren egokitzapen zinematografiko gehienak ez direlako –suabe esatearren– zazpigarren artearen gailurrera iritsiko. Eta ez diot hau, batzuek salatu bezala, gidoietan injektatutako abenturazko eszenen esteroideengatik: Dicken ipuinek eta nobelek akziozko osagarri dezente izaten dute bere horretan –filmetan joera hori areago azpimarratzen den arren, zer esanik ez–. Ez: arazoa da egokitzapenetan galdu egiten dela, maiz, Dicken hausnarketaren muina, hots, batetik, inguratzen gaituen errealitateari buruzko zalantza edo kezka, eta, bestetik, gizatasunaren mugei buruzkoa –pertsona egiten gaituen hori alegia–. Izan ere, filmen amaiera hollywoodtarrek traizio egiten diete, ez gutxitan, ipuinenei, eta ez bakarrik kontatzen zaizkigun amaierak desberdinak direlako, baizik eta, batzuetan, egilearen beraren oinarrizko asmoari huts egiten diotelako.

7.- Baina demagun tematzen zarela zure aurreiritzietan, eta literatura errealista eta garaikidea ez beste duzula gustuko: kasu horretan ere Dick irakurri behar duzu nahitaez. Ziurrenik ez dagoelako, gure kapitalismo globalizatzailean, garaikideagoa den literatur generorik etorkizunari buruz aritzen dena baino. Izan gaitezen –benetan– errealistak: nobela garaikide bat idazten dugun bakoitzean, are amorratuki garaikidea bada ere, argitaratu orduko zaharkituta utzi du Historiaren abiadurak. Zergatik uste duzu hainbeste film oinarritzen direla Dicken literaturan? Aztertu zituen hainbat arazo –errealitate deitzen dugunarekiko alienazioa, adimen artifizialarekin dugun harremana, inguratzen gaituen konspirazio eternala…– garaikideagoak direlako gaur idatzi ziren garaian baino.

8.- Imajina dezagun, ordea, narratiba historikoa duzula maiteago: ba Philip K. Dicken ipuinak eta nobelak aukera ederra izango dira zuretzat, etorkizuna bezainbeste islatzen dutelako gure iragana den egilearen orain hura: Gerra Hotzarena, sorgin ehizarena, berehalako arrisku nuklearrarena, masa-kontsumo gizarte eratu berriarena. Dicken ipuinek, etorkizunean kokatuta badaude ere, bizi izan zuen garaiaz hitz egiten digute, etorkizunaz bezainbeste.

9.- Artea edozein lekutan sor daitekeelako, are muntaia kate literario fordista batean ere. Dickek bizitzeko idazten zuen, zailtasun askorekin, eta, hasieran, lanbide ezberdinetan aritu bitartean, ipuinak sortzen joan zen, gero eta erritmo biziagoan –eta ez gutxitan, bizkorgarri kimikoen laguntzaz–, emaitza zientzia fikzioko aldizkari ezberdinei eskainiz; zorionez, merkatua nahikoa zabala zen 1950eko hamarraldiko Estatu Batuetan, aldizkari horietako batzuen maila literarioa –izan nadin eufemistikoa– oso arrunta zen arren. Hots, eskaria ez zen bereziki exijentea, produktuari zegokionean. Eta hori nabaritzen da ipuin batzuetan: Dick ez zen Txekhov bat, ezta gutxiago ere. Hala eta guztiz ere, aurkezten zuten azaleko zabartasunean, bere ipuinek, edo bere ipuinetako askok behintzat –eta bere nobelek– zer edo zer hori zeukaten, bataz bestekoaren gainetik ipintzen zutenak eta, batez ere, irakurlearengan klik berezi hori sortzeko gai bihurtzen zutenak. Horregatik jarraitzen dugu irakurtzen egun, azal koloretsuetako pulp aldizkari haietako ipuin gehienak karraskarien bazka bihurtu diren bitartean.

10.- Ipuingintza genero literario gorena dela pentsatzen duzun horietakoa bazara –eta nobela, iraultza burgesak inposatutako moda iragankorra, bere hegemonia gehiegitxo luzatzen ari dena–, hemen duzulako horren adibide nabarmen bat. Ez dut ukatuko Dick bere nobelengatik dela batez ere ezaguna, eta 1960ko hamarralditik haietan kontzentratu zela batik bat, diru gehiago ematen zutenez gero. Baina egia da, halaber, askotan tranpa egin zuela, eta nobela horietako batzuk –batzuetan nouvelle horietako batzuk– ipuinen hedapenak besterik ez zirela, edo ipuinetan probatutako ideien gainean oinarritzen zirela. Dicken gaien, estiloen, fokatzeen eta kezken panoramika osoa eta bizkorra eskuratzeko, ez dago bere ipuinetara jotzea bezala. Izan ere, esango nuke Philip K. Dicken literaturaren esentzia ipuinetan dagoela, horietan ez zuela zertan nobeletako luzamenduetan eta itzulinguruetan ibili, muinera jotzen zuela. Behar den bezala.

11.- Agian, irakurle, zoria eduki –ona edo txarra, ez dakit– eta Dicken ipuinen irakurketak errebelazioa eskura utz diezazukeelako, eta ez naiz ari hemen epifania literarioaz, Joyceren zentzuan, benetako iluminazioaz baizik. Jakina den bezala, bere azkeneko etapan sobera mistiko jarri zen Dick, eta Jaungoikoaren planaren jakitun zela ohartu, gure ustezko errealitatearen atzean ezkutatzen zena agerian ipini arte; besteak beste, Erromatar Inperioa ez zela erori ezagutarazi zitzaion, haren manupe krudelean jarraitzen genuela, nahiz eta guk bestela uste. Eta jakin zuen, halaber, bere obran, inspirazio zerutiarrez, benetako munduari buruzko pistak ematen joan zela hasieratik, ohartu gabe, izkiriatzen zituen istorioak bere imajinazioaren fruitu soil zirela pentsatzen baitzuen errebelazioa izan arte. Nik, egia esan, ez dut halako ezer sumatu, irudimenez beteriko literatura baten irakurketak uzten duen pozbideaz landa. Gutxi ez den zerbait, bide batez esanda. Baina agian zuk, irakurle, adi bazaude, jakintza arkano hori eskuratu ahal izango duzu ipuin hauek edo Philip K. Dicken beste edozein lan leituz.

Edonola ere, aurrera irakurketarekin: azken finean, credo quia absurdum. Indocti discant, et ament meminisse periti.

Alea jacta est.

Utzi iruzkina