Gero gerokoak

[Udalerako eta aldundirako datozen hauteskundeei buruzko iritzi artikulu hau Diario de Noticias de Álavaren paperezko edizioan argitaratu zen, egunkariaren beraren eskaerari erantzunez, joan den astelehenean, maiatzaren 11n. Eta argi uzten du zergatik ez naizen dedikatzen analisi politikora. En fin, hona ahalegina].

Esan dezadan bizkor eta zikin: hurrengo hauteskundeetara begira gasteiztar eta arabar gehienon lehentasuna Javier biak, Maroto eta de Andrés, boteretik kanpo bidaltzea izan beharko litzateke. Kasik berdin zait nor ipini haien ordez (nire hobespenak ditudan arren), lehentasuna haiek ez errepikatzea baita. Haiek boterean jarraituta nekez konponduko direlako hiri honek eta foru lurralde honek dauzkaten arazo nagusiak (krisi industriala, azpi-inbertsioa, langabezia, prekarizazioa, gizarte politiken geldialdia, denda txikien arazo gero eta sarriagoak, aurreko agintaldiek utzitako hipotekak…) eta, okerrago dena, bazterrak nahasten jarraituko luketelako, immigrazioaren edo euskararen gaiak hizpide hartuta egin duten bezala. Oposiziotik, ziurrenik, egiten jarraituko luketen zerbait (giroa kakazten, diot), ados, baina indar gutxiagorekin beti ere.

Aldaketa beharrezkoa dugu, alegia. Baina ikuspegi horretatik, Arabako eta batez ere Gasteizko egoera politikoa ziurgabetasunez beterik ageri zaigu, hauteskundeetarako oso denbora gutxi falta delarik. Indar berrien sarrerak izango duen eragina misterio bat da, inkestek ez dute argi egiten, eta PPren ezkerrera dagoen espazio politiko zabalaren zatiketa oztopo bihur daiteke aipatu lehentasun horri (PP boteretik irtenarazteko ahaleginari) dagokionean. Hori, eta historikoki marraztu izan diren marra gorriak ere, talde batzuen arteko akordioak ezinezko egin dutenak, ezker abertzale ofizialaren aurka eraikitako osasun-lerro tradiziozkoa kasu.

Aldarrikatu nahi nuke, beraz, PPkoak ez diren indar politikoek aurreakordio sikiera tazito bat lortzea Javierrak, Maroto eta de Andrés, EZ diren beste edozein alkategaiari edo ahaldun nagusi gaiari botoa emateko, hautagai horiek indar bozkatuenetako ordezkariak izango ez balira ere. Hori eskatuko nieke nik, eta gizarte-laguntzak, immigrazioa eta euskara bezalako gaiak ez erabiltzea haustura giroa areagotzeko (nahikoa eta sobera kalte egingo du eta PPk, berak bakarrik, kontu horiek atertu gabe erabiliz). Eta gero gerokoak. Onartzen dut nik lasaiago hartuko nukeela hautestontzietarako bidea gainontzeko partiduak halako adostasun batera iritsiko balira.

“Gerokoak”, jakina, inportanteak dira. Nire botoa erabakitzen dudanean (oraindik egin ez dudan zerbait) kontuan hartuko dut, besteak beste, krisia baino, beheraldi ekonomikoa bihurtu zaigun (bihurtu diguten) honi aurre egiteko zer neurri proposatzen diren (krisi hau sakonagoa baita hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarraldietakoa baino, itxura guztien arabera, eta oraingoan EAEren hiriburutzak eta administrazio berri baten ezarpenak ez diete Gasteizi eta Arabari kinka gainditzen lagunduko): Gasteiz edozein koloretako hiriburu bihurtu baino lehenago gizarte-desberdintasunak eta pobrezia murriztera bideratutako politikak egiten dituen hiri bat (eta probintzia bat) dut nik nahiago.

Ziurrenik zulo horretatik ateratzeko sektore publiko ekintzaile, suspertzaile eta arduratsu baten erabilera proposatzen didanak lortuko du nire botoa. Eta arduratsu diodanean, esan nahi dut sektore publiko bat ustelkeria kontrolatu eta faraoikeria mugatu egingo dituenak, eta Antón auzia, Iradier Arena kasua, Krea-rena bezalako huts egiteak, eraikuntza eta hiri-plangintza alorreko desmasiak, tortillagatearen antzeko laprastadak errepikatuko ez dituenak. Sektore publiko bat, bestalde, pribatizazio, externalizazio, matrikulen prezioen igoera eta are ixte ahaleginei aurre egingo diena (gizarte etxeetan edo Arte eta Lanbideen Eskolan, adibidez; ur hornikuntzaren pribatizazioa ere arrisku gisa zabaltzen ari da azken uneotan, bidez batez esanda: Maroto ahalegindu zen jada legealdiaren hasieran), eta hiritarren parte hartze mekanismoei (lurralde kontseiluei, esaterako) benetan egingo diena kasu, eta ez maila soilik kosmetiko batean, orain arte maizegi gertatu den bezala.

Horrekin lotuta, auzokideen ekimen herrikoiei oztopoak jarriko ez lizkiekeen udal bat (eta aldundi bat) nuke nik nahiago, orobat. Etxebizitzen eraikuntzaren desmasien ondoren zer argudio daude, esaterako, Errekaleor Bizirik bezalako proposamen baten aurka? Gaztetxearekin (hots, beste krisi garai batetik sortutako iniziatiba batekin) entente batera iritsi ahal izan bazen, zergatik ez Errekaleorreko auzian ere?

Beste kezka batzuk baditut, orobat: Gasteizko hirigunean merkataritza alorreko basamortutzea gelditzeko neurriak martxan jartzea, salgune handiei erraztasunak kenduz adibidez; autoaren erabilera mugatzeko ahalegin irmoagoak egitea, bizikletaren aldeko benetako politika bat diseinatuz eta bultzatuz, eta ez orain arteko saski-naski kontraesanez betea; ikusgarritasun eta merkantilizazio gehiegizkotik ihesi kultur ekintza txikiak hobetsiko lituzkeen politika bat, euskarazkoari leku gehixeago emango liokeena…

Baina, esan bezala, uste dut uneotan lehentasuna PPren agintaldiarekin amaitzea dela.

Luzeegi egingo litzaizkidake beste lau urte.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s