Kritikaren (auto)baldintzak

Halako batean, kritikak biltzen dituen euskarazko webgune batean –bale, badakit: halako bakarra dago euskaraz, oso ondo dagoena, baina eutsi diezaiodan, une batez sikiera, gurea hiztun eta irakurle ugari eta, batez ere, anitzagoez osatutako literatura izateko fantasiari–, nire maiatzeko Ortzadar gehigarriko artikulua topatu nuen, ustekabean. Harrigarria iruditu zitzaidan, ez nuelako gogoan kritika bat idatzi nuenik; izan ere, gehigarri honetako arduradunek beti debekatu izan didate, espreski, kritikak idaztea nire tartean –badauzkate beste luma batzuk, horretarako–. Badaezpada, atzera irakurri nuen artikulua. Pare bat detaile aipatzen nituen nobela batez, gero beste pare bat hala ipuin liburu nola nobela izan zitekeen beste batez. Nire oroitzapena berretsi nuen: hura ez zen, inola ere, kritika bat –ez behintzat webguneak aipatzen zuen liburuarena, edo, horretara jarrita ere, ez hizpide nuen lehenengo nobelarena baino gehiago, nahiz eta web orrian ez zen azaltzen horren kritika bezala sailkatuta, agian ez zelako euskaraz idatzitako edo itzulitako liburu bat, ez zaidana horren garrantzia handiko xehetasuna iruditzen, testu bat kritikatzat ala ez hartzeko orduan; izan ere, nire artikuluan aipatutako liburu biak euskaldunak izan balira, zer egingo zuketen? Bi kritika gisa argitaratu testu bera? Bakarra aukeratu? Haien argitaletxekoa, ala, menturaz, beste batekoa aipatu izan banu, bestekoa? Enfin–. Protesta egin nuen webguneko arduradunen aurrean, eta erretiratzeko eskatu. Adeitsu erantzun zidatenaren arabera, haien webgunean argitaratzen dituzten testu gehienak literatur-kritika kategoria estukoak izango lirateke, baina ez bakarrik: liburu baten iruzkin kritikoak egiten dituzten artikuluak sartu izan dituztela, eta jarraitu nahiko luketela sartzen. Nire desadostasuna agertu nuen atzera, eta argudio gehiago eman nizkien, baina horiek jada ez zuten erantzunik jaso eta, testu hau blogera ekartzen ari naizela konprobatu ahal izan dudanez, nire “kritika” hor dago oraindik.

Baina hura, sentitzen dut, ez zen kritika bat.

Eta ez zen kritika bat ez zituelako nire buruari kritika egiteko orduan ezarri dizkiodan baldintzak betetzen. Baldintza pertsonal eta transferiezinak, zer esanik ez, eta nire egoera aldatuko balitz zuzentzeko prest egongo nintzatekeenak; badakizue, hauek dira nire printzipioak, eta ez bazaizkizu gustatzen, beste batzuk dauzkat.

Edozein modutan ere, eta norbaitentzat interesekoak izan daitezkeelakoan, hauek dira kritikak idazteko nire (auto)baldintzak:

1.- Kritikak zu aurkitu behar zaitu, ez zuk kritika. Hots, ez hasi sekula liburu bat kritika bat idazteko helburuarekin: hasi irakurle soil gisa beti, irakurle zibil gisa alegia. Irakurketak berak esango dizu, edo bestelako zirkunstantzia kontingente edota kanpoko batek, ea, hortik abiatuta, kritika idatziko duzun ala ez. Baina ez joan, printzipioz, kritikaren bila.

 [Honek, jakina, zer ikusia dauka kritikak idazteko nire obligazio faltarekin. Nire diru-sarrerak osatzeko kritikak idaztera behartuta ikusiko banu nire burua, lehenengo puntu hori ezabatu beharko nuke, edo, gutxienez, emendakin bat egin beharko nioke. “Osatzeko” esaten dut, ondo baitakit kritikatik bizitzea, are gutxiago euskaraz, ezinezko misioa dela].

2.- Behin kritika idatzi behar duzula erabaki ondoren, erabili arkatza, zirriborratu papera, tolestu orrialdeak. Hots, egin ezazu ohi duzuna baino areago, eta zikinago.

[Horren ekibalenteak badaude, ez dut zalantzarik, liburu elektronikoan, baina aitor dut saiatzen naizela liga horretan ez jolasten, ahal dudan neurrian: hobeto kontzentratzen naiz paperaren aurrean. Eguneroko bizitzak eta lanak nahikoa behartzen gaituzte, jada, pantailen aurrean egotera. Zaharrunoen gauzak, badakizue, paper produkzioaren mundu mailako jaitsierak arriskuan jartzen ez duten bitartean mantentzeko asmoa dauzkadan horietakoak].

3.- Ez hasi kritika idazten liburua bi aldiz irakurrita daukazun arte. Gutxienez. Irakurketa bakarreko liburuak ez dira inola ere kritikagai.

Behin horretara jarrita, kasik hobe da liburua irakurri ez duzula kritikatzea, arte bezala baduena bere erakargarritasun iluna. Eta uste duguna baino ohikoagoa dena, “profesionalen” artean [Baina nik bakarrik aldi batean praktikatu dudana, Volgako Batelarietan nenbilela idazten genituen “Irakurri gabeko liburuen kritikak” atalean, zeinetan, ebidenteki, itua ez zen (ez) kritikatutako liburua, baizik imitatzen genuen kritikaria].

4.- Kritikarekin hasi aurretik, edo kritikarekin zaudela, aurkitu solaskide bat –gutxienez, hau ere– liburuaz hitz egiteko, punching ball bezala erabiltzeko, edo alderantziz.

Anbrosio Milangoa isilik leitzen hasi zenetik –ordura arte ahots gorako ekintza bide zelako, oro har–, irakurketa kontu bakartia, pertsonala dela pentsatzera ohitu gara. Baina ez da hala, inola ere: irakurketa jarduera soziala izan da beti, askotariko ikuspegiak eta iritziak onartzen dituena. Zurea finkatu aurretik, ondorioz, hobe duzu hurkoarekin kontrastatzea, pixka bat sikiera.

5.- Saiatu topatzen beti zerbait ona liburuan, denik eta txarrena izanda ere. Batzuetan ez da posible izango, asko ahaleginduta ere, baina egilearen lanari zor diozu –baldin eta benetako lana egon dela susmatzen baduzu, behintzat–.

Liburu bikainetan, ordea, ez da derrigorrezkoa eragozpenik bilatzen ibiltzen saiatzea: liburu –benetan– onak supernobak bezalakoak dira, irakurlea itsutu eta dena txikitzen dutenak haien inguruan.

6.- Idatzi ahal duzun bezain luze eta sakon. Nahiz eta beti ez zaizun posible izango –argitarapenek muga jakin batzuk izaten dituztelako–, hori ere zor diozu liburuari –liburuari beti, ez egileari–. Baina, nire ikasleei esaten diedan bezala, betelanik ez, mesedez.

7.- Saihestu edukiaren deskribapen hutsetan oinarritutako kritikak, horiek, jakina, ez dutelako halako izenik merezi. Ez erori, mesedez eta inola ere, erreseinisten hobenean, zeinentzako, tamalez, Dante Alighieri-ri ahaztu baitzitzaion zirkulu bat erreserbatzea Infernuan.

8.- Erreseinisten makurrekin jarraitzearren, ez ahaztu kritikak baloraziorako direla: ezin duzu Beasain eta Ordizia artean gelditu, edo Zumarraga eta Urretxu artean, edo Azkoitia eta Azpeitia artean, edo Ermua eta Eibar artean –gure Pinto eta Valdemoro foral bezain jatorren panoplia, ez naiz ausartzen kalko honetarako pare bakarra aukeratzen badaezpada ere–. Busti egin behar zara. Marcel Reich-Ranicki-k zioen bezala, «Kritikari txar batek ez du ez baietzik ez ezetzik esaten: ez da arriskatzen. Kritikari on batek ‘baietz’ ala ‘ezetz’ dio, eta huts egin dezake».

9.- Eta kritikak huts egin dezake, hain zuzen ere, erradikalki subjektiboa izan behar duelako. Ez dauka beste irtenbiderik, kritika bihurtu nahi badu. Baina horrek ez du esan nahi edozer gauza bota dezakezunik, besterik gabe: Roland Barthes-ek defendatzen zuen bezala, kritikak «subjektibotasun sistematizatua, hau da, landua» izan beharko luke.

10.- Ez sekula idatzi egile baten lehenengo liburuaren kritika negatiborik. Lehenengo liburuei, maiz, uko egiten diete, etorkizun hurbilago edo urrunago batean, eta arrazoiz, egileek eurek, eta, ondorioz, ez du merezi haiekin tematzea: nahikoa zama bihurtuko zaizkie noizbait, zure purrustadatxoaren alea gehitu beharrik gabe ere.

Bigarren liburutik aurrera, hori bai, barra librea, ordurako egileak, isiltasun literarioaren salbamenerako bidea hautatzeko aukera alferrik galdu ostean, ez baitauka jadanik aitzakiarik batere.

11.- Norbaiten lehenengo liburua bikaina iruditzen bazaizu, ordea, esango nuke kritika idazteko eskubidea ez ezik, betebeharra ere baduzula.

12.- Ez sekula idatzi, ahal baduzu, adiskide baten liburuaren kritikarik. Edo, idazten baduzu, ez iezaiozu kritika deitu, ziurrenik ez baita halakorik izango.

Era berean, eta tentazioa handia izanda ere, ez ezazu inoiz idatzi etsai baten liburuaren kritikarik: subjektibotasunak, esan dugu, sistematikoa izan behar du, baina komeni da gehiegi ez pasatzea. Salbu eta aurretiko kritika bat izan bada etsaigo horren arrazoia, zeinaren kasuan, azken batean, berdin baitio zer egiten duzun aurrerantzean.

13.- Kontuan hartu, izan ere, egile batek ahaztu egin dezakeela bota diozun laudorio bat, baina beti-beti-beti oroituko duela kritika txar bat, edo are kritika on batean deskuidoan eskapatu zaizun eragozpen ñimiñoena ere. Eta berdin diola zenbat urte pasatu diren ordutik: halakoetan, espazio-denboraren kurbaduraren anomalia bitxi bat dela medio, ez dago iraganik idazleentzat.

Ez esan gero abisatuta ez zeundenik. Gogoratu, halakoetan, Oscar Wilde-ren aholku zuhurra: «Kritikari baten betebehar nagusia bere mingainari eustea da, une oro eta gaia edozein dela».

14.- Bizitza korapilatsua denez, eta bizitza literarioa are gehiago, eta dekalogo honen sarreran abisatu den bezala, aurreko puntu guztientzako salbuespenak prestatu, zure burua justifikatze aldera, munduaren aurrean, noski, baina, batez ere, zure ispiluaren aurrean.

Beharko dituzu.

[Artikulu honen bertsio laburrago eta kimatu bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko maiatzaren 29an].

Uxue Apaolaza: “(Euskal) Literaturaren alde (eta kontra)” liburuaren aurkezpenerako hitzak

[Testu hau Uxue Apaolaza idazleak irakurri zuen (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) nire saiakeraren aurkezpenean, Donostiako Elkar liburu dendan, 2016ko azaroaren 23an; bihotzez eskertzen diot blogean zintzilikatzeko baimena eman izana. Nota bene kritikak.armiarma.eus webguneko arduradunentzat: hau ez da kritika bat, aurkezpen testu bat baizik, beste genero batekoa beraz. Diot, ustekabean idatzia pikatu eta hemendik hilabete –edo urte– batzuetara bertatik ezabatu behar izan ez dezaten…].

Lehenengo eta behin, hemen egotea niretzat ohore bat dela esango dut, bertigo pixka bat ematen duen arren Ibanen mailako norbaiten liburu bat aurkezteak. Nola gertatu da hau? Kantu hura parafraseatuz, zer ari da ni bezalako neska bat, honelako leku batean?

Ibanek Volgako Batelariei eskaini die liburua. Hori bada pista bat. Ni berandu sartu nintzen taldean; ziur asko, blogaren gainbehera hasi zen garaian (zuek atera ondorioak). Eta hala ere, kazetari batek niri eman zidan gure artean hain preziatua zen titulua: taldeko floreroarena. Hainbeste lehiatu gara titulu hori lortzeko, ea idazletasunari nola eutsi ahalik eta gutxien idatzita, ezen batzuk ia agrafotasun publikora iritsi garen. Baina ni naiz taldeko floreroa, eta agian horregatik nago hemen, florero lanak egiten (euskal letretako bi idazle emankorrenen artean), eta horregatik beharbada ez da Volgalari gehiago etorri, oso konpetitiboak baikara gure artean. Eta beharbada, arrazoi beragatik idatzi du liburuko hitzaurrea ez volgalari beteranoetako batek, baizik eta bere burua Volgako batelarien fan klubeko zuzendari autoizendatu duen Mikel Ayerbek (bera bai, etorri da).

Txantxak alde batera utzita, liburua Volgako Batelariei eskaini izanak zentzua duela iruditzen zait, liburuaren tonua kontuan hartuta. Talde hark utzi duen lagun taldearen email kateetan euskal literaturaz (eta abarrez) hitz egiten den girotik baduelako liburu honek (inoiz ezagutzera emango ez diren email segidak, espero dut, gu guztion segurtasun fisikoa arriskuan bailegoke bestela). Irakurlea zirikatzen duen arren, lagun baten konplizitatez egiten du: kode batzuk konpartitzen dituen irakurle bati hitz egiten dio, beraz, ez da familia osoarentzat liburu bat. Irakurria den irakurleari ari zaio Zaldua, irakurle, ez dakit hitza elitista den, kontentagaitza hobe, irakurtzeak kontentagaitz egin duen irakurleari.

Eta, noski, horrekin oso lotuta dago egiten duen umorearen aldeko apustu garbia, umore mota baten aldekoa. Ez algararena. Aipatutako konplizitate hori oinarri, irribarre egiteko umorea da, baina ez da umore alaia, edo ez beti. Maite dituen gauzen komikotasuna agerian uzteko trebetasuna du Ibanek, dogmari ihes eginez bezala; ziurtasunak, normaltasun sentsazioa apurtzekoa. Ibanek zerbait egiten baldin badaki, bere buruaz barre egiten da, eta euskal literatura bere parte da dudarik gabe. Barre egiten dakiela esatea baino egokiagoa da beharbada, bere adimenak eta sentikortasunak hartara kondenatzen dutela esatea. Bada liburu bat, Flaubertek bere maitaleari idatzitako gutunak biltzen dituena eta pasarte batean hau dio: “… nere ustez, bizitzan ironia da nagusi. Zergatik negar egin dudanetan, maiz, joan naiz ispiluaren aurrera, nire burua ikustera? Norberaren inguruan hegan egite hori izan daiteke bertute ororen iturria. Nortasunetik erauzten zaitu, hartan atxiki beharrean. Mugara eramandako komikotasuna, barre eginarazten ez duen komikotasuna…”. Ildo horretan doa hein batean Ibanena ere. Bere burutik, euskal literaturatik irteten da, eta umorez jantzita itzultzen digu.

Iban errealitatearen izendatzaile eta ordenatzaile bat da. Gehienetan fikzioaren bidez. Ikustea kostatzen zaiguna, batzuetan deserosoa zaigulako, ikusarazten digulako, izendatzen duelako. Juan Antonio Gonzalez Iglesiasek Un ángulo me basta liburuko poema batean, “Arte poética” izenekoan, dioena egiten du. Si no quieres quedarte a mirar la tormenta yo la miro por ti. Baina lehen aipatutako umorez, maite duen norbaiti hizketan ari balitz bezala, oso berea den zerbaiti buruz.

Begiratzaile hain argia izatea ez da zenbaitetan doan ateratzen. Idazle kamikaze xamarra dela esatera nindoan, baina ez da hori: Zaldua ez doa hiltzera. Zuzenagoa da beharbada errealitatea a porta gayola hartzen duela esatea. Bestalde, historialaria delako ere bai agian, gauzak ordenatzeko beharra dauka. Elkarrizketetan entzun/irakurri izan diot beretzat garrantzitsua irakurtzea dela, dena idatzita dagoela eta, beretzat, idaztea ez dela irakurtzea bezain garrantzitsua (nahiz liburutegitik etxeratu eta tekleatzen jartzen den, berak dioenez, inbidiaz ziur asko). Normalean Ibanek gezurrak idazten dituenean ere egia esaten badu ere, baieztapen hori ez diot sinesten. Ibanek bizitzaren/munduaren desordena, logika falta, koherentzia falta, bidegabekeriak… izugarrizko inpotentziaz bizi dituela esango nuke, eta gure zorionerako, inpotentzia horri ihes egin beharrean, aldarrikatu egiten du, denok ikusteko/ulertzeko moduan ordenatu ondoren. Normalean fikzioaren bidez. Oraingo honetan saiakeratxoen bidez.

Gaur egunari idazten dio Ibanek, historialari on gisa, gaur egunak segituan kolpatzen baitu bera, eta berehala ematen digu inguratzen gaituenaren kronika: horren adibide dira euskal literaturari buruzko saiakeratxo hauek, ez baitira libururako idatziak, unean unean argitaratuak baizik, une horretan kolpatu duenari erantzuteko. Baina gauzen funtsa ikusteko azkartasun hori mantso eratutako jakituria baten ondorioa da, bat ere bat batekoa ez den aurretiko eskema interpretatibo batena. Bestela anekdota gisa pasa daitezkeen kontuei testuingurua eta zentzua ematen die Ibanek, eta horrela ematen die dagokien garrantzia. Beraz, egia izango da berak dioen eran dena idatzita dagoela, baina gaur eguna gaur bakarrik gertatuko da gaurko moduan, eta norbaitek izendatu behar du gaur egun hori dagokion ñabardura jarrita, kontraesanari dagozkion izen-abizenak emanda: horretarako behar ditugu Iban Zaldua bezalakoak.

Liburu honetan errepikatzen den Ibanen beste konstante bat laburtasunaren aldeko apustua da. Horretan bere ipuinen oso antzekoak dira liburu honetan bildutako saiakeratxoak, erritmoaren aldetik, ekonomiaren aldetik, bizitasunaren aldetik. Laburtasun horrek irakurle gisa akats bat egitera eraman gaitzake: dena kolpetik irakurtzearena. Egia esan, liburua nahigabe irentsi baitezakegu. Erritmoak harrapatu egiten zaitu eta, Ibanen ironiarekin bat egiten baduzu, liburuan geratzeko gogoak harrapatzen zaitu eta nahi gabe pasatzen dituzu orrialdeak. Baina irakurketa pausatuago bat egokiagoa dela iruditzen zait, Ibanen laburtasuna orriak alperrik ez betetzearekin lotuta baitago, eta ñabardura asko gal daitezke denak kolpetik irakurrita.

Bukatzeko, liburuez aritzeko gehiegi erabiltzen dela iruditzen zaidan hitz bat erabiltzeko tentazioa dut. Ausarta. Unibertsitatean ikasle nintzela izan nuen nik Iban Zalduaren berri bai irakasletzat, nire irakaslea zelako, bai idazletzat: taula gainean ikusi nuen lehen aldian, Gerardo Markuletarekin ari zen “Poesiaren alde, poesiaren kontra” emanaldian. Polemizatzen ezagutu nuen, beraz, bere klaseak ere eztabaida konstante bat zirenez. Aierbek hitzaurrean Rafael Reig aipatzen du liburuaren harira, eta niri, gogora etortzen zaidana Chestertonen (liburuan aipatzen da idazle hori) eta Bernard Shawren arteko eztabaida bat da, liburu batean jaso zena. Nik gazteleraz irakurri nuen: ¿Estamos de acuerdo? izena du eta oso dibertigarria da. Bi idazleek kontzesiorik gabe eztabaidatzen dute, elkar zirikatuz, gauzei dagozkien izenak jarrita. Eta Ibanek izen-abizenak jartzen ditu bere liburuetan. Horregatik izan dut “ausarta” adjektiboa erabiltzeko tentazioa, gurean zaila delako aipatu dudan Ibanen eta Markuletaren emanaldian edo Chestertonen eta Shawren liburuan sumatzen zen giroa aurkitzea: eztabaida umoretsua, baina zorrotza… Niri gustatuko litzaidake Ibanen saiakeren erantzunak irakurtzea, bertan aipatutakoek (aurkezpenera gonbidatuta egon behar lukete) edo beste edonork maila bereko erantzun ironiko, zorrotz eta burutsuak ematea. Horretarako gai bagina, ez nuke “ausarta” adjektiboa erabili beharko, estimulatzailea, gogo-pizgarria, dibertigarria… erabiliko nituzke. Eta liburua hala dela iruditzen zait: argigarria, zirikatzailea, gogo-pizgarria, adimentsua eta dibertigarria.

Ni desiatzen nago volgalari ohien email-katean gaurkoaren kronika nola egiten digun irakurtzeko. Beharbada, zuek ere irakurriko duzue hurrengo libururen batean.

Inline image 1