Power pop!

Power pop-ak iritsi behar zuen, zer esanik ez, Hiru Disko sailera. Nahiz eta ondo dakidan power popa definitzea zaila izan daitekeela: pop azeleratua izan ohi da, gehienez bi-hiru minututakoa, gitarretan oinarritua (baina gitarra riffetan, ez hainbeste bakartsaioetan) eta ahots-harmonien erabilera zabala egiten duena. Blueserako joera txikia edo nulua du power popak, eta, alde horretatik, The Beatles-en kanta bizienen eta British Invasion-eko talde boteretsuenen estiloaren garapena izango litzateke (The Who, The Kinks, The Troggs etab.). Nahiz eta “garapenaz” hitz egitea, kasu honetan, gehiegi litzatekeen, agian, poparen fase nerabe batean finkatzea baita, azken finean, power pop-aren lorpenik behinena, hots, rockaren historiaren nolabaiteko ahozko fase freudiano (oro har maskulino) batean irautearen antzeko zerbait.  Baina nori axola zaio garapena, salto egiteko eta irribarre infinitu bat marrazteko gai diren pilulakada horiek entzunda? Estiloa 1970eko hamarraldian zehar definitu zen The Flamin’ Groovies, Big Star, Badfinger, The Rapsberries, Cheap Trick eta antzeko bandei esker (gehienak AEBetakoak, bidenabar esanda: jatorri britainiarra baina jarraitzaile batez ere estatubatuarrak izan ditu power popak), eta eztanda nabarmena bizi izan zuen punk-aren eta new wave-aren garaian (hainbeste ezen zaila baita, garai hartan, estilo jakin horren jarraitzaile “puruak” topatzea). Gaurkoan une horren osteko taldeez eta diskoez arituko naiz, tintontzian gustuko asko eta asko utziko ditudala jakinda ere (Farrah, Gigolo Aunts, Pyramidiacs, Sloan, Weezer… zori hobea merezi zuen gure Jotakie ahaztu gabe, noski…).

The Smithereens, Green Thoughts, Enigma 1988.

New American Rock delakoarekin lotu zitzaien hastapenetan (R.E.M., Green On Red eta halakoekin alegia), baina berehala geratu zen argi newjerseytar hauek zerbait izatekotan, power pop banda izugarria zirela. Sixties soinu britainiarren jarraitzaile sutsuak (Meet The Beatles! 1964ko Liverpoolekoen bilduma “estatubatuarra” zehaztasun obsesiboz erreproduzitu zuten Meet The Smithereens! albumean, eta baita The Whoren Tommy ere, urte batzuk geroago), Pat DiNizio kantariaren ahots garbiak, Jim Babjak-en gitarra solista zehatzak, Mike Mesaros-en baxu indartsuak eta Dennis Diken bateriaren koroek definitzen zituzten. Baina, niretzat, haien bigarrena, Green Thoughts, da gogoangarriena: “Only A Memory” irekiera boteretsutik hasita diskoari izenburua ematen dion azkeneko abestira arte, sekula gainbehera ez datorren lana da, ezta “Especially For You” bezalako derrigorrezko baladak edo “Spellbound”-en pseudopsikodelia iristen direnean ere. Bertan bandaren bi klasiko aurki daitezke, gainera: “Drown In My Own Tears”, eta, batik bat, “House We Used To Live In”, power popa sinplea bai, baina idiota ez duela zertan izan behar frogatzen duen kanta, dantza eta aldi berean negar egiteko gogoa ematen duen horietakoa (“Our house was not a home / And we both felt alone it seems / It is empty now / Worn and broken like our dreams”). Zuzenean fabulosoak ziren, gainera, are azken garaian ere, DiNizio frontmanaren osasun-arazoak begi bistakoak zirenean; ez ninduen gehiegi harritu jakiteak 2017an hil egin zela gajoa, bat-batean. Gora The Smithereens!

Teenage Fanclub, Thirteen, Creation 1993.

Teenage Fanclub eskoziarrak pop indie nahikoa zikiñosoa egiten hasi ziren 1980ko hamarraldiaren amaieran (cfr. A Catholic Education, 1990), baina bigarren diskorako argi ikusten zitzaien nondik jo nahi zuten: Big Star-ek eta The Byrds-ek zedarritutako xendratik hain zuzen ere. Ahots harmonia ederrak eta Bohemiako kristala baino gardenagoak diren gitarrak, horiexek dira nerabe eternal hauen ikurrak. Diskoen osotasunari erreparatuz, agian haien perfektuena ez da aukeratu dudan hau, 1997ko Songs From Northern Britain izenekoa baizik, ados, baina nik Thirteen dut nahiago, alde batetik, power pop-ago delako (eta, ondorioz, hobeto dator bat artikulu honen gaiarekin, pop klasikoagoaren zordun diren beste lan batzuk baino); bestetik, kritikak, bere garaian, ederki jipoitu zuelako, nahiz eta, perspektibarekin, gero eta estimu handiagoa jaso duen (irabazle bihurtzen diren galtzaileen istorioek beti hunkitu naute); bestetik, kanta i-zu-ga-rriak dituelako (nire iPodean beti daramatzat gutxienez lau: “Hang On“, “The Cabagge”, “120 Mins.” eta “Commercial Alternative”); eta, azkenik, bertan dagoelako “Norman 3”, niretzat Teenage Fanclub hobekien definitzen duen abestia (beraz, gezurra esan dut, iPodean ez ditut disko honetako lau kanta eramaten, bost baizik). Nik, entzun nuen lehenengo aldian kanta hau iruzur galanta iruditu zitzaidan: minutu bat eta hogei segundotako ohiko sarrera baten ostean (Lemonheads-ena izan zitekeena, esaterako), leloa hasten da (“Yeah, I’m in love with you / I’m in love with you / And I know that it’s you”)… eta ez da amaitzen hiru minutu igaro arte, hau da, kanta bera bukatu arte. Hiru minutuko leloa, etengabe errepikatua! Ezin nuen sinetsi: Radio Tres-era deitzekotan egon nintzen, abusu horrengatik protesta egiteko. Baina oker nengoen: Teenage Fanclub tesi bat defendatzen ari zen kanta horrekin, erran nahi baita, lelo bat perfektua denean (eta hau halakoa da) ez dugula amaitzerik nahi… Haiek praktikan jarri baino ez zuten, neurri batean, lelo liluragarri baten aurrean denok sentitu izan dugun zerbait, inoiz.

Fountains of Wayne, Fountains of Wayne, Tag 1996.

Fountains of Wayne konbo newyorktarraren bizkar hezurra bi jeinu txikik osatzen zuten, Chris Collingwood gitarra jole eta teklistak eta Adam Schlesinger baxuak, kanta gehienen egileak (hots, Lennon/McCartney, Davies/Hodgson edo Difford/Tilbrook “tandemen” ildoan: hori baino klasikoagorik…); Jody Porter eta Brian Young gehitzen zaizkie ohiko laukote power poperoa osatzeko. Collingwoodek talde paralelo bat zeukan, Gay Potatoes, countrya jotzeko, eta Schlesingerrek beste proiektu pop bat lideratzen zuen, Ivy xarmangarria (ez baduzu ezagutzen, bilatu Spotify-n, mesedez); berak konposatu zuen, bestalde, That Thing You Do! filmeko The Wonders talde fiktizio sesenteroaren hit homonimoa, inspirazioa nondik datorkien argi frogatzen duena. Baina talde nagusia, zalantzarik gabe, hauxe zuten, eta hau izan zen haien aurreneko diskoa. Arrakasta nagusia hirugarrenarekin lortu bazuten ere (Welcome Interstate Managers, 2003, “Stacy’s Mom” single zerrenda-apurtzailearekin: neskalagunaren amarekin liluratuta dagoen nerabe beroaren istorio topikoaren hamaikagarren berrirakurketa, eta estiloaren maskulinotasun primate samarraren berrespena), niri lehenengo honen freskotasuna eta lotsagabetasuna gustatzen zaizkit: doinu bizkor eta sarkorrak (“Radiation Vibe”, “Sink To The Bottom”, “Survival Car”, “Leave The Biker”…), hitzaren gaztelaniazko esanahiari ohore egiten dioten leloak (“Joe Rey, he came from Spain / Across the ocean in the frozen rain / And he loves / Point point pointing the finger!”), denbora-erdi egoki administratuak (“She’s Got A Problem”, “Barbara H”, “Sick Day”), eta diabetiko baten alarma guztiak saltarazteko moduko baladak (“Everything’s Ruined”), besteak beste. Disko pop perfektua, alegia (hiru urte geroago grabatu zuten Britney Spears-en “Baby One More Time”-ren bertsioa baino ez litzateke faltako diskoa biribila izateko: kanta berez okaztagarri bat power poparen bidez erredimitua). Nork eman dezake gehiago?

[Ohartzen naiz jatorrizko artikulua idatzi nuenetik, duela hamar urte zehatz, aipatutako taldeetako bi buru zendu direla, aipatu DiNizio, eta Schlesinger, covid-ak eraman zuena 2020an. Eta Teenage Fanclubek, bestalde, bere partaide gakoetako bat galdu duela, Gerard Love, munduan zehar hegan egiteaz nekatu zena, antza. Agian power popa ez da luzamenduetan ibiltzeko modukoa, eta berehalakotasuna eskatzen du, edo, une batetik aurrera, estiloa uztera eta crooner motako kantari bihurtzea, adibidez. Auskalo. Bizitzaren iheskortasunari buruzko hausnarketa bat txertatu beharko nuke hemen, baina uste dut aurreztuko dizuedala. Edonola ere: agur eta ohore].

[Artikulu honen lehenengo bertsioa Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2011ko uztaileko zenbakian].

The Byrds-en hiru disko (+ coda bat)

Nire belaunaldiko askok bezala, R.E.M.-en bitartez iritsi nintzen The Byrds-en ezagutzara: adituek Michael Stiperen taldearen lehenengo diskoetako eragin ezinbestekotzat jotzen zuten The Byrds, eta, nik behintzat, berehala jo nuen musika haren iturrien bila. “Mr. Tambourine Man” kantaren bertsio hiper-famatua entzuna genuen, ezinbestean, baina haien LPetan gehiago sakondu behar zen influentzia zenbaterainokoa zen neurtzeko. The Byrds benetako berritzaileak izan baitziren beren karreran zehar (1964-73), hirurogeiko hamarraldiko diskoetan batik bat, eta rockaren ohiko entziklopediek hiru azpigeneroren asmakuntza edo, gutxienez, definizioa egozten diete: folk-rockarena, psikodeliarena eta country-rockarena (ez gehiago ez gutxiago, alajaina). Horretaz gain, pop-aren historian protagonismo berezia izan duten musikarien aurreneko bilgunea izan ziren: Roger McGuinn lider diskreto baina eztabaidaezinarena, David Crosby-rena (bai, Crosby, Stills and Nash-ekoa, sabel garagardolaria garatu aurretik), Gram Parsons gajoarena, Gene Clark beti larriki maiteminduarena eta Chris Hillman eraginkorrarena. Baina, ororen gainetik, album formapean kaleratutako zenbait harribitxiren egileak izan ziren. Hemen haien lehenengo etapako “klasikoak” errepasatuko ditut, ondoren grabatu zituztenak ere (Dr. Byrds & Mr. Hyde, The Ballad of Easy Rider, (Untitled)…), formazio aldaketa zenbaiten ostean, albo batera uzteko modukoak ez badira ere (askotan ahazten bada ere, Clarence White gitarrista berriaren ekarpena ezinbestekoa izan zen garai horretan, besteak beste). Baina hemen, esan bezala, taldearen kanon gorena errepasatuko dut, nolabait esateko.

Mr. Tambourine Man : Byrds: Amazon.es: Música

The Byrds, Mr. Tambourine Man, Columbia 1965.

Bai, dudarik gabe Bob Dylanen kanta homonimo arrakastatsuaren inguruan muntatutako LP bat izan zen The Byrds talde kaliforniarraren estreinakoa. Boskotea folk eszenatik zetozen partaideez osatuta zegoen (Jim McGuinn –gero izena aldatuko zuena, arrazoi erlijioso-hippiosoak zirela eta–, David Crosby eta Gene Clark gitarra-jole eta kantariak, Chris Hillman baxua eta Michael Clarke bateria), baina fuerte jo zien, garai hartako iparramerikar askori bezala, The Beatles-en uholdeak eta, oro har, British Invasion delakoak: “Mr. Tambourine Man” sinplea azeleratu, riffez hornitu eta ahots-armoniez apaintzea bururatu zitzaienean Dylan eta Lennon-en arteko gurutzaketa frankensteindar bat egiten saiatu ziren. Eta baita lortu ere, salmenta itzelekin gainera, Dylan hobetzea sekulako miraria ez dela onartu behar den arren: beti pentsatu izan dut konpositore aparta dela, letrista indartsua, baina ez horren interprete iaioa (eta, letrista, tira, ez Literaturako Nobel saria lortzeko adinakoa, baina hori beste kontu bat da)… Dena dela, lehenengo hit-aren grabazio horretan oso “berde” omen zeuden oraindik The Byrds, eta instrumentuen erdia estudioko musikari profesionalei jo arazi zieten disko konpainiakoek (McGuinnen 12 sokatako Rickenbacker famatua hor bazegoen ere, jada). Baina ondorengo LPa, behintzat, taldeak osatu zuen, eta “Mr. Tambourine Man” baino gehiago zen: The Byrds ez ziren izango one hit wonder batzuk, ez horixe. Izan ere, folk-rocka asmatu zuten LP honetan eta urte berean kaleratu zuten Turn! Turn! Turn! izeneko bigarrenean, folk kutsuko kantak sentsibilitate pop berrira egokituz (Pete Seeger-en “The Bells Of Rhymney”, Dylanen beste hiru…) edo jatorrizko kantak osatuz (Gene Clarken eskutik bereziki: “I’ll Feel A Whole Lot Better”, “Here Without You”…). Kontzeptua hain zabalduta dago egun ezen erabat normala iruditzen baitzaigu disko honen soinua, baina garai hartan berrikuntza nabarmena izan zen eta, edonola ere, gozada bat izaten jarraitzen du.

The Byrds - Fifth Dimension (1966, TH, Vinyl) | Discogs

The Byrds, Fifth Dimension, Columbia 1966.

Soilik urtebete geroago beste bataila batean sartuta zeuden The Byrds: psikodelia izango zena asmatzen ari ziren, drogek propultsatutako pop-rockarena alegia, berez 1967an eztanda egingo zuena; alde horretatik, azpigeneroaren aitzindaritzat har daitezke, The Beatles (noski), Donovan edo 13th Floor Elevators bezalakoekin batera. Zaila da, garai horretako diskoetatik, Fifth Dimension eta hurrengo urteko Younger Than Yesterdayren artean aukeratzea, biek dituztelako beren baitan psikodeliako adibide apartak, baina, aldi berean, biak direlako oso disko anitzak, psikodeliatik haratago zihoazenak (Maitasunaren Udako LP onenak bezala, alegia). Azkenean Fifth Dimension hautatu dut aurrenekoa izan zelako, “Eight Miles High” klasikoa bertan dagoelako (psikodelia aroko kanta bakarra salbatu beharko balitz, hau litzateke nire hautagaia, bere gitarra-efektu haluzinanteekin), eta harekin batera dagoelako, orobat, “Wild Mountain Thyme” balada eskoziar tradizionalaren konponketa ederra: haien karrera osoan zehar The Byrdsek ez zioten sekula muzin egin bertsioei (jatorrizko kantak nagusitzen ari ziren aro batean bitxia suertatzen zena), eta, are gehiago, alor hori bereziki mimatu zutela esan daiteke, haientzat bertsioak egitea ez zelako sekula izan mimetizazio-ariketa bat, kanta bereganatzea eta sakonki transformatzea baizik. Edonola ere, hau izan zen The Byrdsen formazio klasikoak grabatu zuen azkeneko LPa: Gene Clarkek garai hartan utzi zuen banda, bakarkako karrera interesgarri bati ekiteko (Teenage Fanclub-ekoek, beste byrdmaniako batzuek, ondo gogorarazi ziguten bezala Thirteen diskoan), eta horrek McGuinn eta Crosby gehiago konposatzera behartu zituen, emaitza bereziki onekin, hala honetan nola hurrengo bi LPetan.

The Byrds - Sweetheart Of The Rodeo (1968, Vinyl) | Discogs

The Byrds, Sweetheart of the Rodeo, Columbia 1968.

Fifth Dimension ostean, arrakasta lortu zuten banda askotan bezala, egoen arteko talkak eta formazio-aldaketak etengabekoak izan ziren: Crosby joan zen, polimaitasunaren inguruko kanta eskandalagarri bat errepertorioan sartu nahi eta besteek utzi ez ziotelako; Gene Clarkek sartu-irten bizkor bat egin zuen atzera; eta Michael Clarke bateria miramendurik gabe izan zen kaleratua. The Byrds goitik-behera birkautxutatu behar izan zuen McGuinnek, eta erantzuna Hegoaldetik iritsitako Gram Parsons gaztea izan zen: iraultza psikodelikoaren ostean, kontrairaultza tradizionalista. Parsons, ondoren famatua egingo zena Flying Burrito Brothers taldearekin (hara eramango zuen Chris Hillman ere), bakarkako bere karreran eta Emmylou Harris-ekiko kolaborazioagatik, countryaren eta rockaren gurutzaketan aitzindari izan zen aurretik ere, baina lehenik eta behin The Byrds erabili zuen estiloa behin betiko finkatzeko, obra bakar honen bitartez hain zuzen ere. Aitor dut zalantzak izan ditudala hau sartzeko orduan, berez, gehiago gustatzen zaizkidalako lehen aipaturiko Younger Than Yesterday (1967) eta The Notorious Byrd Brothers (1968; azaleko argazkian agertzen den laugarren partaideak, zaldiak, ate-danbatekoa emanda alde eginiko Crosby ordezkatzen bide zuen: ze majoak) eta, gainera, ez naizelako bereziki countryzalea, zer egingo zaio ba (musika hori entzun eta apatxeei lurrak lapurtzeko gogo bizia sartzen zait, edo kotoi-soroak esklaboen bitartez lantzen hasteko…). Baina historia, historia da, eta hau da country-rocka ezarri zuen albuma, hots, gaur egun entzuten jarraitzen denaren oinarria alegia, gitarra eta baxu elektrikoekin, bai, baina baita pedal steel guitarekin, bibolinekin, eta honky-tonk pianoekin ere, gehi Byrds markako ahots-joko politak. Kanta gehienak bertsioak dira (Dylanenak –nola ez–, Woody Guthrieren bat, tradizionalak, erlijiosoak…), eta jatorrizko pare bat ekarpen Parsonsen eskutik; nabarmenena, dudarik gabe, “Hickory Wind” ederra: horregatik bakarrik merezi du diskoak. Countrya, countrya gustuko ez dugunontzat: horra, agian, album oro har alai honen ekarpenik behinena, ondoren (gaur egun arte) ekarri duen emari oparoagatik.

Coda: Ondoren egin zituzten albumak, Clarence White gitarristaren “arokoak”, sarreran aipatu dudan bezala, ez dira batere baztertzeko modukoak; niri bereziki gustatzen zait (Untitled) disko bikoitza, 1970ekoa, zeinetan, oso garai hartako boladari jarraituz, diskoetako batek zuzeneko kontzertu baten grabazioa biltzen baitzuen (B alde osoa okupatzen zuen “Eight Miles High”-en bertsio neurrigabe batekin!), eta bestean estudioko kanta berriak sartu baitzituzten (tartean “Just A Season” hunkigarria). Sweetheart of the Rodeoren ondoren formazio berriarekin grabatu zituzten albumetan (McGuinn zen hasierakotik geratzen zen partaide bakarra) ez zioten, aurrekoetan bezala, estilo jakin bati atxiki, nagusiki, baizik eta pixka bat denetik sartu zuten, aurreko etapa guztietako askotariko oihartzunak alegia: folk-rocka, psikodelia, country-rocka, pop orkestrala… Alde horretatik ausartuko nintzateke esatera estilo horiek guztiak asmatu ez ezik, The Byrds izan zirela lehenengoetarikoak erretromania praktikatzen hasi zirenak, Simon Reynolds-ek definitzen duen moduan alegia (“autoerretromania”, kasu honetan). Ez hori bakarrik: “band reunion”-aren (taldearen berrelkartzearen) kontzeptua ere asmatu zutenak izan zirela esan daiteke, haren azkeneko LPa izango zenak, 1973ko Byrds ahulak (eta horren inguruan muntatutako kontzertu sortak) erakutsi zuen bezala (diskoaren izenarekin ere ez zuten burua hautsi, bistan denez): lehenengo formazioko bostak bildu ziren atzera (McGuinn, Clark, Crosby, Hillman eta Clarke, alegia), kontu korronteak nostalgiaren aitzaki berriz gizentzeko helburu argiarekin… Clarence Whiteren eta Roger McGuinnen beste The Byrds (orduko formazio “ofiziala”, nolabait esateko) oraindik aktiboan zegoen bitartean!

Esandakoa: aitzindari batzuk izan ziren.

[Artikulu honen lehenengo bertsio laburrago bat Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2011ko ekaineko zenbakian].