Piknik estralurtarra

I

Udazkeneko gure bigarren erdi-konfinamendua ustekabeko enkontru batek arindu zidan, Gasteizko Zuloa liburu dendan izan nuena Arkadi eta Boris Strugaski-ren Piknik estralurtarra nobelarekin: ordaintzera nindoala, begi-ertzarekin apalean ikusi, eta, bi aldiz pentsatu gabe, hartu eta gainontzeko liburu eta komikien pilan gehitu nuen. Anaia horiek II. Mundu Gerra osteko zientzia fikzio sobietarraren ordezkari nagusienetakoak izan ziren, eta gaztetan haien nobela bat edo beste irakurri nuen arren (Zein zaila den jainko izatea bikaina, adibidez), galduta nien pista, irakurle gisa. Liburua, gainera, film laudatu baten oinarria izan zen, Andrei Tarkovski-ren Stalker; nobelaren espainierazko azken edizio hark (Gigamesh, 2020), hain zuzen, izenburu nagusitzat erabiltzen zuen filmarena, ezagunagoa delakoan, eta azpi-izenburutzat, ordea, jatorrizkoa.

Ederki pasatu nuen irakurtzen: generoaren mugak gainditzen dituen lan horietako bat da, betiere argiki zientzia fikziozkoa izateari utzi gabe. Premisa iradokitzailea da oso: Lurrak estralurtarren bisitaldi misteriotsu bat jasan du, herrialde batzuetako eskualde jakin batzuei eragin diena, hildakoak eta suntsiketa batzuk sorraraziz. Ez dira bertan geratu, ordea: ez dirudi (printzipioz) inbasio baten abiapuntua izan denik. Baina espazioko bidaiariak egondako eskualdeetan («Zona» gisa izendatuak) fenomeno bitxiak hasiko dira gertatzen (fisikaren legeek ez dute ohi bezala funtzionatzen bertan; hildakoak berpizten dira; erradiaziorik ez badago ere, Zonekin kontaktuan dabiltzanek gaixotzeko joera dute, eta haien seme-alabek mutazio bitxiak garatzen dituzte…), eta estralurtarrek utzitako objektu eta sustantzia ezezagunez beteta agertuko dira («hutsak», «sorgin-gelatina», «heriotzaren argiontziak», «ilaunak»…), hainbeste ezen gizakientzako oso arriskutsua baita bertan bizitzea edo luzaroan ibiltzea. Ondorioz, gobernuek hesitu eta, zientzia ikerketa helburuetarako ezik, debekatuko dute haietara sartzea. Stalker delakoak dira, kontrabandisten moduan, bertan legez kanpo barneratzen ausartzen diren bakarrak, objektu estralurtarrak ateratzeko (eta merkatu beltzean saltzeko) edota «turista» kuriosoen gidari gisa (baina batzuetan gobernu-erakundeekin kolaboratzen dute, «esploratzaile» aditu gisa).

Istorioak badu, beraz, zientzia fikziotik, baina baita nobela beltzetik ere, giroan. Planteatzen duen kontu nagusienetako bat adimen estralurtarrekiko talkarena da: inbasioen (H.G. Wells-en Munduen gerratik aurrera) edo enkontru baketsu eta lagunkoien (ET eta enparauena) azpi-aldaerek proposatzen dutenaren kontra, gai izango al lirateke, minimoki bada ere, elkar ulertzeko jatorri eta garapen maila horren ezberdineko adimen mota bi? Nekez, ziurrenik. Funtsean, Ted Chiang-ek “Zure bizitzaren historia” ipuin ederrean mahai-gaineratzen zuen galdera bera alegia (izen bereko ipuin bilduman, 2002), hots, Arrival filmaren oinarria bihurtuko zen hartan (Denis Villeneuve, 2016). Strugaskitarren nobelaren izenburuak iradokitzen duen bezala, alienek egindako piknik kasual baten ostean utzitako zaborra eta kuxidadea baino ez lirateke izango, agian, Zonak. Eta gizakiek han aurkitzen dutena mirarizkotzat hartu, eta jatorrizko zioarekin zerikusirik ez duten helburuetarako (batzuetan oso helburu ilunetarako) erabiliko dituzte objektuok.

Piknik estralurtarra liburuak ez zuen ibilbide erraza izan: Strugaskitarrak idazle arrakastatsuak ziren arren, ezin izan zuten liburu formatuan argitaratu ahal 1980ra arte, oso bertsio zentsuratu batean. Idazle bereziki disidenteak izan gabe, eta ekintza herrialde kapitalista batean kokatzen bazuten ere (AEB edo, ziurrenik, Kanada izan zitekeen batean), erregimen brezhnevtarrak, bere estankamenduan, mesfidantzaz ikusten zituen Piknik estralurtarrak bezala giza naturaren inguruan ikuspuntu pesimista eta eszeptikoa aurkezten zuten lanak.

Nobelaren lehenengo bertsioa, ordea, arazorik gabe kaleratu ahal izan zuten, emanaldika, Leningradeko Aurora aldizkari literarioan, 1972an zehar; hor irakurri zuen Tarkovski zinemagileak, eta film baterako oinarri bikaina izan zitekeela erabaki. Baina hori beste istorio bat da, aski konplikatua orobat, hurrengo atalerako utziko dudana.

II

Beraz, Andrei Tarkovski zine zuzendari errusiarrak Strugaski anaien Piknik estralurtarra irakurri, eta hurrengo filma nobela horretatik abiatu zuen, idazleek eurek moldatutako gidoiarekin. Stalker izango zuen izenburu, nobelan agertzen diren «Zonetako» objektu alienigenen aipatu kontrabandisten gaitzizenagatik.

Intelektual familia baten jaioa, kristau ortodoxo petoa eta gaixotzeraino perfekzionista bezain kontentagaitza, Tarkovski gerraosteko zinema sobietarreko figura nagusiena zen orduan, baina, hain zuzen ere arrazoi horiengatik, eta disidentzia politikoan aritu ez arren, agintariek uste txarrez begiratzen zioten. 1972an Solaris errodatu bazuen ere (Stanislaw Lem-en 1961eko nobela homonimoan oinarritua), ez zen bereziki zientzia fikzioaren zalea; halere, Strugaskitarren lanean zerbait ikusi, eta proiektuari ekin zion. Ez zekien zeinen malkartsua suertatuko zitzaion.

Nobelako Zona misteriotsuaren kanpoaldeen kokapenetarako, ekoizpen taldeak Tadjikistan aukeratu zuen lehenengo unean, baina han gertatutako lurrikara batek ezinezkoa egin zuen errodajea. Azkenean Estoniara eraman zuten filmaketa, Tallinn inguruan industrializazio sobietar azeleratuak utzitako hondakinez beteriko aldirietara (tartean planta hidroelektriko abandonatu bat, eta industria kimikoaren eta energetikoaren bestelako guneak). Horretarako Tarkovskiri Alemaniatik propio bidalitako Kodak pelikula-mota berezi bat erabili zuten… horren berezia ezen, material guztia errebelatzera bidali zuenean, Moskuko estudioek, akats batengatik, ia guztiz hondatu baitzuten, urtebeteko lana alferrik galaraziz.

Tarkovski, zer esanik ez, etsita zegoen, baina hala ere aurkitu zuen modua proiektuak betirako galdutako filmen zerrenda gizendu ez zezan: estatuari bi ataleko filma egitera zihoala adierazi, eta finantzazioaren zabalkuntza bat eskatu zuen bigarrenerako, integralki erabiliko zuena film osoa atzera errodatzeko; agintariek eskaera onartu, eta horri esker amaitu ahal izan zuen (horregatik, bi ordu eta erdiko filma izan arren, hots, aski luzera «normalekoa», bi zatitan banatuta agertzen da, erdian atsedenaldirako tarte bat duela).

Ekipoa Estoniara itzuli zen, eremu industrial kutsatu haietan berriro filmatzera, baina, antza denez, ez zuten berriz ere pelikula bera errodatu: Tarkovskik gidoia berridazteko eskatu zien Strugaskitarrei (hamar bertsio egitera iritsi ziren, guztira, prozesuaren hasieratik), eta lanari ekin zioten berriro. Sekula ez dugu jakingo nolakoa zen lehenengo Stalker hura. Bigarren bertsioa 1979an estreinatu zen, azkenean, eta batzuentzat Tarkovskiren lan gorena litzateke.

Fama zen nobelak eta filmak zerikusi gutxi daukatela, eta, konprobatu ahal izan dudan bezala, hala da. Bai, generoaren zale handia banaiz ere, sekula ez nintzen ausartu Stalker ikustera, Tarkovskiren exigentzia-mailari nion errespetuagatik: nobelaren irakurketak bultzatu nau, azkenean, harengana. Eta ahaleginak merezi izan du: Piknik estralurtarra eleberria norabide askotan zabaltzen den bitartean (zientzia fikziora, noski, baina baita nobela beltzera eta bikote-kostunbrismora ere, besteak beste), Stalker filmean ibilaldi sinbolikoa gailentzen da, metaforikoa, fedearen inguruko hausnarketa bat bihurtuz (ez halabeharrez fede erlijiosoaren ingurukoa), zeinetan zientzia fikzioaren elementuak minimora murriztu baitira (hori esaten bide zien Tarkovskik Strugaskitarrei, gidoia berridazten zuten bakoitzean: «Kendu zientzia fikzioa, kendu zientzia fikzioa!»). Halere, ez zuen guztiz lortu: generoaren pelikula petoa izaten jarraitzen du, abenturazko film paradoxikoki geldo bat, baina tentsioz betea, paisaia benetan txundigarri batean zeharrekoa (ez oso ezberdina, susmatzen dut, garai berean Ezkerraldean edo Manchesterren aurki zitezkeen ingurune industrial dekadenteekin alderatuta…). Tarkovskiren zinemak, Pello Lizarralderen literaturak bezala, inguratzen duenaz kontziente egiten laguntzen dio ikusleari (edo irakurleari). Besteak beste.

Eta pelikulako Zonak, elementu bereziki «arrotzik» aurkeztu ez arren (filmean, neurri handi batean, naturak birkonkistatutako eremu industrial ohia bezala aurkezten zaigu), jarraitzen du estrainotasun artegagarri bat transmititzen, biziki indartsua: badakigu han gauzek ez dutela funtzionatzen kanpoan, mundu «normalean» bezala. Eta inor ez dela ateratzen handik sartu bezala.

Ezta Tarkovski eta bere ekipoa ere, antza denez: gehienak hurrengo urteetan gaixotzen eta hiltzen joan ziren; zine zuzendaria, minbiziaz, 1986an, 54 urte zituela. Nonbaiten irakurri nuen badagoela susmatzen duenik KGBk egindako pozoitze-saio bat izan zela kausa (Tarkovski, ordurako, Sobietar Batasunetik kanpo bizi eta lan egiten ari zen, bere herrialdean karrera zinematografiko bat garatzeko jartzen zizkioten traba gero eta handiagoak saihesteko). Baina Stalkerren parte hartu zuten ekipoko partaide batzuek (bizirik iraun zutenek, beste batzuk Tarkovskiren modu berean hil zirelako) beti defendatu izan dute errodajearen kokalekuetako kutsadura mailak izan zirela errudunak.

Jatorrizko nobelan bezala, zeinetan, aurreko zutabean aipatu bezala, Zonan sartu edo are handik hurbil bizi zirenek, denborarekin, gaixotzen amaitzen baitzuten, modu ezberdinetan. Alexis eta Boris Strugaskik nobelan bertan idatzi zuten: «Irudimenak ez dauka mugarik. Eta gero errealitateak sekula ez du zerikusirik imajinatu duzunarekin».

Edo agian bai.

[Artikulu honen bertsio laburragoak Ortzadar gehigarrian argitaratu ziren, 2021eko urtarrilaren 9an eta otsailaren 6an]

Zientzia-fikzioaz

Batzuetan egia da sare sozialetan esaten duguna: benetako pena eman zidan Ursula K. Le Guin idazlearen heriotzak (Berkeley, 1929-Portland, 2018). Gaztaroan lagundu dizun liburu eta musiken bilduma, irudipena daukat, betiko gelditzen zaizu gogoan, zirkuitu inprimatu bat bezala, noizean behin eramaten zaituena atzera, ildo sakon horietara bueltan. Eta Le Guinekin behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan: konpainia ederra izan zen niretzat.

Zientzia-fikzioa, une hartan, mundura eta batez ere hausnarketara irekitako leiho bat izan zen niretzat. Sinetsi nahi nuke kritikoago izaten lagundu ninduela, irekiago, gauzak zalantzan ipintzeko gaiago. Agian garai bertsuan irakurri nituen filosofiako liburu askok baino areago: hamalau-hamabost urte nituenean, hori zen nire letrazko bazka nagusia, eta baita inguruan ezagutzen nuen jende dezenterena ere.

Ni noizean behin itzultzen naiz generora. Baina irudipena daukat lehen baino gutxiago egiten dugula, oro har…

Bazegoen, jakina, aurreiritzi bat zientzia-fikzioaren aurka, irakurketa sinplearekin, kontsumo bizkorreko azpiliteraturarekin lotzen zuena: institutuko irakasleek horixe iradoki zidaten, zuzenean edo zeharka, nire irakurzaletasuna eremu aberatsagoetara –Italo Calvino, Juan Goytisolo, Marguerite Yourcenar, Julio Cortázarrengana…– “bideratzen” saiatu zirenean –eta baita lortu ere–. Egia da irakurtzen genuenaren ale askok –Isaac Asimoven lan batzuek, esaterako– nahiko maila literario eskasa izan zezaketela, irudimenaren prodigioak izan zitezkeen arren. Baina bazeuden jada beste egile batzuk, Stanislaw Lem, Philip K. Dick, J.G. Ballard edo Le Guin bera bezala, beste duintasun batez janzten ari zirenak zientzia-fikzioa, literaturzale asko horretaz oraindik jabetu ez badira ere.

Bitartean, zientzia-fikzioak beste eremu asko kolonizatu zituen, gero eta modu eraginkorragoan, batez ere ikus-entzunezkoen alorrean. Gogoan dut zein zoragarriak eta ohiz kanpokoak iruditzen zitzaizkigun Star Warsen lehenengo filmak, edo Alienen Nostromo ontziko giro itogarria, edo Blade Runneren paisaia hiritar aurre- edo post-apokaliptikoak. Egun hori guztia eta gehiago ohiko eta nonahiko bihurtu da gure pantailetan: filmetan, telesailetan eta bideojokoetan. Ez dugu zientzia-fikzioaren bila liburuetara jo behar jada: gure inguruan daukagu, kontsumo errazeko –errazagoko– ehunka produktutan barreiatuta.

Etorkizuna gero eta gehiago hurbildu da gugana, bestalde, eta orainaren iraungitze-data garai batean baino bizkorrago pasatzen da. Turbokapitalismoak eragindako denboraren azelerazio orokorrak kalte egin dio, ziurrenik, zientzia-fikzioaren tasun “antizipatzaileari”, literatura horren euskarri inportanteenetakoa zena. Zertarako imajinatu etorkizun urrunak, berehala harrapatuko bagaituzte edo, okerrago dena, laster geratuko badira erremediorik gabe zaharkituta?

Baina, are modu paradoxikoagoan, mainstreameko egileak hasi ziren zientzia-fikzioarekin gero eta gehiago interesatzen, eta lotsarik gabe ekin ahal izan zioten generoarekin esperimentatzeari Doris Lessing, Paul Auster, Margaret Atwood, Roberto Bolaño edo Kazuo Ishiguro gisako egile oso ezberdinek –besteak beste–. Literatura orokorraren ondare bihurtu da horrela, neurri batean behintzat, eta agian horrek ere apaldu du eremu berezi –kasik sektario– bezala zeukan estatusa.

Akaso kontua da literatura garaikidea egiteko beste biderik ez dagoela, egun, zientzia-fikzioa erabiltzea baino. Asmo garaikideko nobelak argitaratu bezain laster bihurtzen direlako, nahi gabe ere, nobela historiko –eta nobela historiko gisa sortzen direnak, prehistoriko, esan genezake…–. Ez dakit, beraz, gainbeheran dagoen genero bat den, ala, azaleko inpresioa bestelakoa izan arren, goraldi betean.

Edonola ere, eta hasierara itzuliz: gora Ursula K. Le Guin!

   [Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko apirilaren 7an].

ursula k le guin bilaketarekin bat datozen irudiak

Hitzaurreak ontsa izkiriatzeko bidea

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Galde aldizkariaren 10. alean argitaratu zen].

Besteen liburuen hitzaurreak edo sarrerak idaztea, alferrikakoa suerta daitekeen edozein ekintza bezala, ez da artegintza erraza: hori aspaldi frogatu zuen Stanislaw Lem idazle poloniarrak, genero zalantzagarri horri liburu oso bat dedikatu zionak, Izari imajinario bat (1973; gaztelaniaz, Un valor imaginario), existitzen ez diren liburuen hainbat hitzaurre biltzen zituenak. Azken aldi honetan irakurri izan ditudan –zoritxarrez– benetako adibide tamalgarri batzuk gogoan –ez soilik euskal literatura alorrekoak–, eta Lem handiaren lezioak honezkero ahaztuta egon daitezkeen beldur, komenigarria iruditu zait gida labur hau idaztea, guztion erakusgarri.

1.- Irakurri, ahal dela erabakia hartu baino lehenago, hitzaurrea egitera zoazen lana. Aholku honek, egia esan, berdin balio du hitzaurrearen aldagai efimerotzat har daitezkeen liburu-aurkezpenetarako, eta beste modu honetan formula daiteke, orobat: sekula ez onartu konpromiso soilaz –eta liburuan topo egingo duzunaz fidakor– hitzaurrea idazteko enkargurik, are zure amak edo aitonak, euskal idazle jator bezala horrenbeste maite dituzun horiek, egileak diren eta behin eta berriro erregutzen dizuten arren. Eskatu iezazkiozu eskatzaileari egun batzuk, aste batzuk eskuizkribua irakurtzeko. Eta ondoren erabaki, nazio independente bat bazina legez, baiezkoarekin edo ezezkoarekin: zure esku dago. Gogoan hartu zure izen-abizenak betiko geratuko direla liburu horrekin kateztatuta, Euskal Herriko biblioteka urrunen bateko arasa batean gutxienez.

2.- Hala eta guztiz ere hitzaurrea idaztera behartuta bazaude –erabaki batzuk saihestezinak baitira: hots, ez dira erabaki– eta liburua txarra baldin bada, saia zaitez hitzaurrea ona, are oso ona izan dadin. Liburu on batentzako idatziko zenituzkeenak baino hitzaurre hobeak idatzi behar dira liburu txarrentzako: liburu onei, definizioz, ez litzaieke itzalik egin behar, zeren eta, kasu horretan, hitzaurreak bere jatorrizko funtzioa betetzeari utziko bailioke, hots, liburuaren jaurtitze-pista izateari. Liburu kaxkarrekin, ordea, alderantziz joka daiteke inolako damurik gabe: liburuarentzat ezinezkoa denez –modu positibo batean, alegia–, hitzaurrea, bederen, gogoangarria izan dadila.

3.- Ez ezazu spoilerrik egin, batez ere narratiba liburuentzako hitzaurreez ari bagara. Jakina da literatura ezustekoa baino askoz ere gehiago dela, eta inportanteagoa dela kontatzen zaigun modua, kontatzen zaiguna baino. Hala ere, itsusia da zugana miresmenez hurbildu den egile ziurrenik gazteago horrek kanporatu nahi duen guzti-guztia hitzaurrean laburtuta baina nahiko xehe aurreratzea: badakigu, nik zer dakit, zu errelato mingarriki autobiografikoen idazletzan zarela aitzindari, baina ez zara halakorik egin duen lehena, ezta azkenekoa ere, eta beste batzuek ere eskubidea daukate barruan daramaten horren isurketa nahi duten eran dosifikatzeko, eta irakurlea epatatzeko. Hitzaurreak –honetan izpiritua konpartitzen du kontrazaleko testutxo publizitarioarekin, eta zinema trailerrarekin– liburuaren irakurketa desiragarri egin beharko luke, ez alferrikako.

3.1.- (Aurreko aholkua, azpimarratu bezala, nobela, ipuin liburu eta are antzerki lanetarako edo entseguetarako izango litzateke, bereziki. Nago poesia liburuetarako hitzaurreetan, ordea, kontrakoa egiten saiatu beharko zenukeela: ahalik eta spoiler handiena gauzatzea litzateke, kasu horretan, erronka. Ziur nago irakurleak, guztietan ez bada gehien-gehienetan, ahalegina eskertuko dizula).

4.- Aurreko puntuan aldarrikatutakoak (spoilerrik ez egiten saiatzearenak) ez du esan nahi zure hitzaurrean edozertaz hitz egin dezakezunik: diozunak zer ikusiren bat izan behar du ondoren doan liburuarekin. Ez ezazu hitzaurrea probestu, testu nagusia ahaztuta, zure edozein mikrosaio / ipuin / poema / prosapoetiko edo dena delakoa bertan landatzeko. Salbu eta, jakina, liburua kaxkarra baldin bada: aitzinsolasak loturarik ez izatea literatur lanarekin bekatu larria litzateke hura ona edo –gutxienez– onargarria balitz, baina kasik derrigorrezko bihurtzen da liburua txarra bada, 2. puntuan defendatutakoari jarraiki.

5.- Hitzaurrearen gaia ondoren doan lana da, ez zu, hitzaurrearen balizko egile hori: saia zaitez zutaz ez hitz egiten, ez gehiegi behintzat. Hau da, argi dago hitzaurrea egiteko ardura zure kargu hartu baduzu, zure ikuspegi partikularrak agertu behar duela, nola edo hala, zure irakurketa propioak alegia. Baina, hortik landa, ikusezina izan beharko zenuke: ipuingile –demagun– pomeraniarren antologia horren atarian literatura eta lurralde pomeraniarrarekin izan duzun urte luze edo laburretan zeharreko zure harremana ez zaigu sobera inporta, are gutxiago egileen inguruko informaziorik ematen badiguzu apenas; badakigu Wikipedia hor dagoela, baina hitzaurreak, jaurtitze-pista izateaz gain, horretarako ere balio dezake, hain justu ere: ordenagailura altxatu gabe edo sakelakoa piztu gabe –edo e-liburuan leiho berri bat ireki gabe– behar dugun informazio eta testuinguru horretaz bizkor eta eroso jabe gaitezen.

6.- Itzultzaileak ez zarete, derrigorrez, itzuli duzuen obraren hitzaurregilerik egokienak. Badakigu urteak, hilabeteak eta are asteak egon ahal izan zarela testuarekin harremanetan, maitasun eta gorrotozko borroka amaigabean, euskara etengabe aberasten, eta, horretaz gain, inpresioa daukadala, autoestimu mailari dagokionean, zure kolektiboa –euskarazko itzultzaileena, behintzat– bertsolarienera arriskutsuki hurbiltzen ari dela. Argi gera bedi, sarritan defendatu izan dudan bezala, itzulpenak izan direla azken hogei edo hogeita bost urte hauetan euskal literaturari gertatu ahal izan zaion gauzarik onenetako bat, onena ez bada. Baina egia da, halaber, itzultzaile on bat ez dela, nahitaez, aitzinsolasgile ona, Literatura Unibertsaleko bilduma bestalde eredugarriak behin baino gehiagotan frogatu duen bezala.

6.1.- (Alde horretatik, Literatura Unibertsalekoak baino, ni gehiago konbentzitzen nau Klasikoak bildumaren hautuak, hitzaurrearen idazketa adituen esku uzten zuena, emaitza –kasu gehienetan– interesgarri baino garaiagoekin. Nahiz eta onartu behar den, bestalde, kanpoko edo erdal idazleengana jotzeko jaidura gehiegizkoa zela eta, ondorioz, hitzaurre horiek euskarara itzuli behar izan zirela, kasu gehientsuenetan, guztietan izan ez bazen –zorionez, hitzaurre horien itzultzaileek ez zuten sentitu hitzaurreen hitzaurreak idazteko bulkadarik, oso eskertzekoa izan zena…–).

7.- Eta gogora ezazu beti daukazula eskura hitz-oste edo gibelsolasaren baliabidea, ez dena horren inposatzailea eta, hitzaurrea baino are alferrikakoagoa den heinean –eta, ondorioz, artistikoagoa berez–, zure maisutasuna erakusteko abagune hobeak emango dizkizuna: zuk zeuk eskaini diezaiokezu posibilitate hori egileari edo editoreari. Egia da zure egoa zaurituxeago gera daitekeela, hitzaurreak baino are gutxiago irakurtzen direlako, betidanik, epilogoak. Baina horrek ere askatasun gehiago eman diezazuke testua osatzeko orduan: spoilerrak, adibidez, zilegiago izan daitezke hemen –zeure buruaz hitz egitea ez, ordea–. Hitz-osteak, nolabait, naturalagoak dira hitzaurreak baino, liburuaren irakurketaren inguruko elkarrizketaren edo eztabaidaren abiapuntu suerta daitezkeen neurrian.

Izan ere, nik neuk, neurri profilaktiko gisa, hitzaurreak liburua amaitu ondoren irakurtzen ditut ia beti. Baina hori –irakurleek hitzaurreak ontsa irakurtzeko bideen inguruko hausnarketa– beste manifestu edo panfleto baterako utziko dugu…

Izarretako egunerokoak

Lehengo batean sare sozialetan aipatu nuen bezala, uda honetan jakin dut Stanisław Lem-en Solaris euskaratuko dutela, zientzia-fikzioaren klasiko bat, EIZIEren Literatura Unibertsala sailaren baitan. Eta pena pixka bat ematen zidala gehitu nuen, nire uste apalean askoz ere esanguratsuak iruditzen zaizkidalako, idazle poloniarraren ibilbide jorian, Izarretako egunerokoak. Gainera, euskal kulturarekiko lan horrek jadanik zeuzkan “sinergiak” aprobetxatu zitezkeen, Maskarada taldeak ipuin haietako batzuen egokitzapena egin baitzuen duela urte batzuk, “Izarretako Bitakora” izenburupean.

Baina, jakina, “akats” larri bi dauzka liburu horrek, EIZIEkoa bezalako “klasikoen” bilduma batean agertzeko: ez dela nobela, ipuin bilduma baizik, eta umorezkoa dela.

Ez dakit jatorrizko bi pekatu horietako zeinek izango zuen garrantzi gehiago erabakia hartu zutenen

Pixka bat tamala iruditu zitzaidan.

Ez da Solaris (1961) lan ona iruditzen ez zaidalako: lan bikaina da, eta, esan bezala, zientzia-fikzioaren klasiko bat bihurtu da, hainbeste ezen bi bertsio zinematografiko baititu, Andrei Tarkovskirena (1972) eta Steven Soderberghena (2002). Baina Izarretako egunerokoak are hobea iruditzen zait, eta Lemen estilo burlaizetsu eta swiftzalearen adierazle fidelagoa. Alde horretatik, Solaris aurretik ipiniko nituzke beste lan batzuk ere, Cyberiada (1965) edo umore beltzez blaituriko Bainuontzi baten hondoan topatutako memoriak (1961). Are Huts perfektua (1971), alegiazko liburuen hitzaurreez osatutako bilduma barre-eragilea iruditzen zait Solaris bezain hautagai duina.

Hizkuntza handiago bateko kidea banintz gauza hauek ez nindukete hainbeste atsekabetuko: azken finean, lehenago edo geroago, itzuliko da faltan botatzen duzun lan hori (izan ere, Solaris ez da gaztelaniatu zuzenean polonieratik duela erlatiboki gutxira arte, 2011n alegia). Baina euskararena bezalako merkatu mugatu batean… Ba horixe.

Sarrera agian luzeegi hau aitzakia da hemen ipintzeko Stanisław Lemen Izarretako egunerokoak liburuari buruz Erlea aldizkariko “Urrezko biblioteka” sailerako idatzi nuen iruzkina (4. zenbakian aurki dezakezue). Edo agian alderantziz da, iruzkin hau hemen argitaratzea aitzakia da goiko testua blogean idazteko… Edonola ere, hementxe dago orduan bururatu zitzaidana:

Stanisław Lem-en Izarretako egunerokoak

Nire bibliotekako liburu maiztuenetako batzuk dira Stanisław Lem idazle poloniarraren Izarretako egunerokoaken gaztelaniazko edizioko ale biak –Diarios de las estrellas. Viajes eta Diarios de las estrellas. Viajes y memorias, hurrenez hurren–, Bruguera argitaletxearen “Libro amigo” sail mitikoan argitaratu zirenak 1979an. Liburu inportanteak dira niretzat: institutuan irakasten ziguten kanonaz landa, aukera eman zidaten nire kabuz sumatzen hasteko zein izan zitekeen kontsumoko literaturaren eta asmo handiagoko literaturaren arteko aldea –ez naiz literatura garaia espresioa erabiltzera ausartzen–, eta, bestalde, agian hori bezain garrantzitsua, umorea eta ironia baliabide literario zilegizko bezain duinak izan zitezkeela erakutsi zidaten.

Nire nerabezaroko garai hartan zientzia-fikziozko liburuen kontsumitzaile konpultsiboa nintzen, zientzia-fikzio ia ezinbestez anglosaxoniarrarena, noski: Isaac Asimov, Arthur C. Clarke, Robert A. Heinlein, Poul Anderson… Hau da, narrazioaren eduki zientifikoari –edo pseudozientifikoari– garrantzia berezia ematen zioten egileak, baina estilo literarioaren ikuspegitik –izan nadin gupidatsua– konplikazioetan sartzeko ohiturarik ez zutenak: zuzen, sinple, lau eta eraginkor aritzen ziren haien nobela eta, batez ere, ipuinetan, berehalako plazerrerako eta hausnarketarako parada emanez, baina ez askoz ere gehiagorako. Beste haien liburuak argitaratzen ziren bilduma berean aurkitu nituen Stanisław Lemenak, eta, printzipioz, ez neukan motiborik pentsatzeko gose eta bizkor irakurtzen nituen beste haienekin konparatuta ezberdinak izango zirenik. Are gutxiago kontuan hartuta Lem abizen horrek, Bruguerakoek letra larri izugarri handietan paratzen zutena liburuen azalean, Armstrong eta Aldrin 1969an ilargiratu zituen modulu espazialaren siglak osatzen zituela (L.E.M., Lunar Excursion Module), zientzia-fikziozko egile batentzat horren egokia, beraz, ezen zenbaitzuk ezizena izan zitekeela pentsatzera iritsi baikinen –izan ere, Lemek berak txistea erabili zuen liburu hauen hitzaurrean, eta Philip K. Dick paranoikoak Lemek egin zion Poloniarako gonbidapen bati ezezkoa eman zion, Lem hori existitzen ez zela iritzita, eta batzorde sekretu baten izena zela, bera ekialde komunistan bahitzeko asmoa zeukana…–.

Baina Lem abizen erreal bat zen, idazle poloniar batena alegia (Lvov, 1921-Krakovia, 2006), eta liburuki haiek, ondo begiratuta, ez ziruditen ohiko zientzia-fikzioa eskaintzen zutenik. Hasteko, kontrazaleko testuak ez zuen lotzen generoko betiko egileekin lotzen, Bergeraceko Cyrano, Voltaire eta Jonathan Swiftekin baizik, eta Carlo Frabetti orduan gazte eta ezezagun baten aurkezpenek zer ikusirik ez zuten gainontzeko liburuek zeramatenekin –edo ez zeramatenekin–. Eta, guztiaren gainetik, Lemen ipuinak zeuden, zer esanik ez. Izarretako egunerokoak ipuin liburu bat delako, nahiz eta pertsonaia nagusi baten inguruko lana izateak –Ijon Tichy astronauta pikaro samarra–, eta “bidaiak” eta “oroitzapenak” izenburuko ataletan banatuta egoteak nobela itxura ematen dion, zabalkuntzan lagundu zion zerbait, ziurrenik. Edonola ere, ipuin liburu peto-petoa da: testuok 1954 eta 1971 artean idatzi eta argitaratu zituen Lemek, modu independentean edo beste ildotako ipuinekin batera, eta biltzen joan zen gero; izan ere, edizioaren arabera ipuin kopuru ezberdinak aurki daitezke –nireak, esaterako, hogeita bi ditu–, eta 1971ko edizio “nagusitik” aurrera ziklo bereko beste zenbait narrazio solte argitaratu zituen orobat –ezagunena, dudarik gabe, Ijon Tichy protagonista duen Futurologia kongresua eleberri laburra da, 1971n bertan aparte argitaratu zuena–.

Ipuinotan Ijon Tichy pilotu espazialak galaxietan zehar egindako bere bidaiak eta bestelako oroitzapenak narratzen zaizkigu, zein baino zein burugabeago eta barregarriago, nahiz eta Ijon Tichyk berak, Lurreko zibilizazioaren eta gizatasunaren –hots, nagusikeria zuri industrializatuaren/gaingaratuaren– ordezkari gisa, oso serio kontatzen dizkigun bere abenturak, eta kontatzeko manera horretan datzan askotan, hain zuzen ere, ipuinen umorea; haietan oso ohikoa da, gainera, kulturen arteko gaizki ulertuen agerpena eta gizarte –edo, hobeto esanda, alienarte– guztiz bitxien deskribapen xehea. Aitzakia ezin hobeak direnak, bide batez esanda, estatu-burokratismoa, zientzialarien harrokeria, kapitalismo basatia, erlijioen sineskeria, txobinismoa edo arrazakeria bezalako gaitzei astindu on bat emateko, modu oro har umoretsu batean… umore horrek, jakina, iturburu ilun batzuk (des)estaltzen dituen arren. Stanisław Lemek berak David Torresi elkarrizketa batean aitortu zion bezala (El Cultural, 2004-IV-8), “Nik, ororen gainetik, kontu terribleei, ikaragarriei, bortitzei buruz idazten nuen, eta, beraz, moduren batean leundu behar zen hura, zaporea hobetu. Orain harritzen nauena, esaterako, literatura gazte poloniarra irakurtzen dudanean (…), zera da, hogei, hogeita hamar urteko idazle gazteengan ez dudala umore zipitzik topatzen. Idazten duten guztia izugarri serioa da…”. Seriotasuna, edonola ere, ez zen Lemek baztertu zuen baliabide bat, bere beste lan batzuek erakusten duten bezala: guztien artean ezagunena, zalantzarik gabe, Solaris (1961), zinemara bitan eraman dena.

Beldur nintzen, iruzkintxo hau egiteko deliberoa hartu nuenean, ipuinon berrirakurketak ez ote ninduen defraudatuko, hots, denbora ez ote zen krudelegi portatuko Lemen testuekin: azken finean, oso testuinguru jakin batean idatzi zituen –Gerra Hotzarenean, eta sozialismo erreala praktikan jarri zen herrialdeetako batean–, eta badakigu, gainera, zientzia-fikzioa bizkorren zahartzen den generoetako bat dela, bere natura beragatik; Lemek berak zientzia-fikzioa idazteari utzi zion 1990ko hamarralditik aurrera, zeren eta, azaldu zuen bezala, “uste dut orain bizi ditugun garaiak horren ekaiztsuak direla, ezen ez baitu merezi zientzia-fikzioan aritzea, hau dagoeneko badelako zientzia-fikzioa…”. Baina ez zait halakorik gertatu: berdin-berdin egin dut barre –goibel– Ijon Tichyren bidaiekin eta paradoxekin, eta miretsi Lemen begirada zorrotza gizarte garaikideko ajeekiko, zeinak, tamalez, ez baitira hainbeste aldatu azkeneko berrogeita hamar urte hauetan zehar. Izan ere, egileak saihestu behar izan zituen burokratismoaren eta estatalismo itsuaren gaitz asko bizirik –eta biderkatuta– topa ditzakegu gaur egungo gizarteetan, eta zer esanik ez merkatu ekonomia global askeari buruz ari garenean, Lemek irudikatzen zuen hiperkapitalismo haren antzekoagoa dena gaur, akaso, 1950 eta 60ko hamarraldietan baino, ipuinok idatzi zituenean. Liburu haien kontrazalek, azken batean, egia zioten, eta kapitalismoaren hastapenetan idatzitako Gulliverren bidaiak liburukoek bezain bizirik jarraitzen dute Tichyren fabulek, zientzia-fikzioaren mozorro guztiak gorabehera.

Gaztelaniaz, egun, Alianza editorialeko edizio merkea da, ziurrenik, Lemen lan honi heltzeko modurik eskuragarriena –Diarios de las estrellas, Madril, Alianza, 2005, 568 orrialde–; frantsesezko ediziorik berriena, baina ez osoa, nik dakidala, Mémoires d’Ijon Tichy da –J’ai Lu, 1995, 241 orrialde–. Euskaraz, polonierako itzultzaile geroz eta hobeak ditugun arren, ez dago liburu honen, ez Lemen beste edozeinen itzulpenik, nahiz eta nahi duenak atariko on bat aurki dezakeen Maskarada taldeak duela urte batzuk taularatu zituen ipuin horietako batzuen bertsioan, Izarretako bitakora izenarekin aurkeztu zena: antzerkirako adaptazioaren testua Mikel Martinezen http://www.teatro-testuak.com/itzulpen.html webgunean aurkituko du irakurle interesatuak. Ziur nago ez dela damutuko.

Irudia