Ezkutuan

Badago, duela ez hainbeste irakurri nuen Patricia Highsmith egile estatubatuarraren biografia batean (1921-1995), atentzioa eman zidan xehetasun bat, ezagutzen ez nuena: bere lehenengo urrats profesionalak, idazle bezala alegia, komikiaren munduan eman zituela. Zertan, eta Urrezko Aroko goiburu batzuentzako gidoigintzan, alajaina –komikiaren historia ezagutzen ez dutenentzat, «Urrezko Aroa» deitzen zaio, Estatu Batuetan, super-heroien komikien lehenengo labealdiari, hots, Superman, Batman, Linterna Berdea, lehen Amerika Kapitaina eta enparauak eman zituena, 1930 eta 1950eko hamarkaden artean, oro har–. Highsmith, filologia ingeleseko eta idazketa sortzaileko unibertsitate-ikasketak egin ondoren, Harper’s Bazaar edo The New Yorker bezalako prestigiozko aldizkarietan saiatu zen lana aurkitzen, besteak beste, baina guztiek atzera bota zituzten haren eskakizunak. Eta, modu horretan, 1942 eta 1948 bitartean, hogeita koska urte zituela, zenbait komiki-argitaletxerentzako egin zuen lan free-lance gisa, hala super-heroien istorioak idatziz –esaterako, Black Terror, Fighting Yank edo The Destroyer bezalako pertsonaienak, guztiak bigarren edo hirugarren mailako figurak Urrezko Aroan, eta gaur egun aski ahaztuak–, nola bestelako aldizkarientzat, komiki historikoa edo westernaren generoa jorratzen zutenak.

Joan Schenkar bere biografoak (Patricia Highsmith. El talento de Miss Highsmith, Circe 2010) espekulatu egiten du gertatuko litzatekeenaren inguruan baldin eta Highsmith, Timely Publications Stan Lee-ren orduko argitaletxearentzako ere lan egin zuena, Spider-man neurotikoaren gidoiak idaztera iritsi izan balitz. Baina hori ezinezko historiko bat da: egia da Highsmith Timelyko heroi batzuen istorioak gidoitu zituela, The Destroyerrenak adibidez, baina Leek ez zuen Spider-man asmatuko askoz ere geroagora arte, 1960ko hamarkadako «Zilarrezko Aroan» hain zuzen, Timely iluna Marvel Comics –laster– ahalguztiduna bihurtu zenean. Ordurako Highsmith idazle ezaguna zen mundu mailan, eta ez zuen inolako interesik erakusten komikiaren munduarekiko.

Are gehiago, mundu horrekin lotu zezaketen pista guztiak sistematikoki ezabatzen saiatu zen, bere hastapenei buruz hitz egiten zuenean ez baitzuen sekula aipatu: soilik hil ondorengo ikerketa biografikoek azaleratu dute egilearen ibilbide «literarioaren» alderdi hori (berriki argitara eman diren haren egunerokoetan, agian, irakurri ahal izango dugu, zuzenean, Highsmith komikigilearen inguruko xehetasun gehiago, baina haren egunerokoak eta koadernoak kontsultagai zeuden, Suitzako artxibategi batean, ikertzaileentzat, beraz, alde horretatik ezin ditugu berri askorik espero). Edonola ere, komikigintzaren «aro higshmithar» hori ez da nolanahikoa, nire ustez, sei urte ez direlako preseski gutxi, idazle baten formazio-prozesuan. Eta ia ziur nago komiki-gidoilaritzak, are gehiago Estatu Batuetan praktikatzen denak –industria-kate fordista baten gisan funtzionatzen zuenak, orduan eta baita egun ere–, eragina izan zuela istorioak eraikitzeko bere estiloan. Apaindurak saihesteko eta argumenturako funtsezkoa ez dena alde batera uzteko bere joeran, adibidez.

Baina Patricia Highsmith kultura garaiaren eta masa-kulturaren arteko zanga oso zabala zen une historiko batean hazi zen, eta bere jomuga goi mailako idazlea bihurtzea zen; hala, Truman Capote-ren bitartez Yaddo-ko idazle kolonian denboraldi bat pasatzeko gonbita lortu zuenean, komikien mundua utzi eta bere lehenengo nobela ondu zuen, Ezezagunak tren batean (1950), fama kuotatxo bat eta independentzia ekonomikoa eskurarazi ziona; Alfred Hitchcock-ek film bihurtu zuen berehala, arrakastaz (1951). Eta prestigiozko idazlea bihurtzeko asmo horretan, zer esanik ez, pulp komikiekin izan zezakeen lotura oro ukatu beharra zeukan. «Ukatu» zuen bezala, Claire Morgan ezizenaren bitartez, The Price of Salt bere bigarren nobela idatzi izana (1953), haren eduki argiki lesbikoak bere karrera kaltetu zezakeelakoan –orduz geroztik literatura homosexualaren klasiko bat bihurtu da, besteak beste lehenengoetarikoa izan zelako ez zuena protagonista lesbiana patu tragiko batera kondenatzen; duela ez hainbeste pelikula bihurtu zuten hura ere, Carol izenburupean (Todd Haynes, 2015)–.

Badakit, ez dago zertan gehiegi harritu: ez al dira, azken finean, faltsukeria eta gezurra Highsmithen literaturaren leit motiv nagusienetakoak?

Highsmithek bere helburua lortu zuen ala ez eztabaidagarria da. Estatu Batuetan, bere aberrian, eta salbuespenak salbuespen, generoko idazletzat jo izan dute betidanik, eta «suspensearen dama» bihurtu. Masa-kulturatik gertuago, beraz, goi-arnasako Parnasotik baino. Agian horregatik zuen maiteago Europa, bizitokia izan zuena bere helduaro ia osoan: kritika europarrak idazle handi baten trataera eman izan dio, oro har, eta haren aldezleen artean Graham Greene edo Peter Handke mailako idazleak aurki daitezke –nahiz eta miresmena ez zen, itxura batean, elkarrekikoa: Handke nahiko idazle aspergarria iruditzen zitzaion ahoan bilorik ez zeukan Highsmithi…–.

Ezin dut burutik kendu Highsmith lasaiago bizi ahal izango zela, alde horietatik guztietatik, urte batzuk geroago jaio izan balitz: ez zukeen bere bigarren nobela ezkutatu beharko, eta, komikiak azken hamarkada hauetan iritsi duen prestigioa lagun, ez zukeen zertan itzaletan utzi bere gidoilari garaia, kontu lotsagarria bailitzan.

(Baina urte batzuk geroago jaio izan balitz, agian ez zen bihurtuko ezagutzen dugun idazle gupidagabe eta zorrotza. Eta kontu ezkutuez beteriko bere obra ez zen, menturaz, horren kitzikagarria izango).

Schenkarrek gogorarazten duen bezala, Highsmithi behin betiko fama eman zion Ripley trebea nobelaren hasieran (1955), protagonistaren iruzurren lehen biktimetako bat Frederick Reddington komikigilea da: Tom Ripleyk «estafagarrien» zerrenda batetik aukeratzen du, zeinetan, harekin batera, ilustratzaile bat, musikari bat, argazkilari bat eta kazetari bat agertzen baitira. Ba guztien artean komikigilea aukeratzen du, hain zuzen ere.

Gauzak ezberdinak izan balira, zerrendako besteetako bati egingo zion maula, apika.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko uztailaren 24an. Argazkia Ruth Bernard-ena da, 1948an ateratakoa, eta gorago aipatutako Joan Schenkarren biografiatik hartu dut].

Kasualitateen ezinbestekotasuna

Irudipena daukat batzuetan gutxietsi egiten dugula kasualitatearen eragina, sorkuntza kontuez ari garenean.

Pare bat adibide bururatzen zaizkit kasualitateak izan dezakeen eragin kultural handiaz. Batak Londresko Townhouse grabazio-estudioetara garamatza, 1979. urtearen amaiera aldera: Peter Gabriel bertan ari da grabatzen bere bakarkako hirugarren diskoa izango dena, hurrengo urtean argitaratzekoa. Harekin batera Phil Collins bateria-jolea, bere antzinako kidea Genesis taldean, eta Hugh Padgham soinu-ingeniaria. Gabriel kanta baterako letra idazten saiatzen ari da, ondoan, kontroletan, Padgham dagoen bitartean; Collins grabazio-aretoan dago, bateriaren partea grabatzen. Halako batean Padgham ohartzen da grabatzen ari direnaren hotsa ezberdina dela: bateriaren gainean dagoen mikro bat, konpresio handikoa eta kontrolekoek aretoan dagoenarekin komunikatzeko erabili ohi dutena, piztuta utzi dute ustekabean, eta grabatzen ari da, bateriaren soinua gardenago eta, aldi berean, indartsuago bihurtuz. Gabrielek Collinsi eskatzen dio ea horrela, erritmo horretan jarraitu dezakeen jotzen hamar minutuz. Ondoren, hirurek entzuten dute grabatutakoa: txundituta daude, soinua erabat berria iruditzen baitzaie. Collinsek zinta eskatuko dio Gabrieli, azkenean kantan sartzeko asmoa izango ez balu, berak erabiltzeko; Gabrielek erantzun zion lasai egoteko, aurkituko ziola erabilerarik. Eta hala izan zen, disko berriaren “Intruder” sarrerako abestian: lehenengo aldia zen “bateria doituaren” edo “erreberberazio doituaren” baliabidea erabili zena grabazio batean (gated drum, gated reverb).

1980ko hamarkadako disko bat soinuagatik horren erraz identifikatzeko gai bagara, horrexegatik da, hain zuzen: musikariek etengabe erabili zutelako hurrengo urteetan. Adibide famatuena, ziurrenik, Phil Collinsen beraren “In The Air Tonighthiteko bateriarena da. Baina kristo guztiak jarraituko zion gero, Bruce Springsteenengandik hasita Madonna edo Princerenganaino. Produkzio ochentero bat identifikatzeko gako hutsezina da “erreberberazio doitua”. Gero, hamarkadaren amaieran, penduluak beste aldera egin, eta bateria-soinu “organikoagoetara” itzultzeko mugimendua hasi zen. Edonola, produkzio bati laurogeietako ukitua erantsi nahi diotenek, nostalgiara eta erretromaniara emandako garaiotan, eskuarki erabiltzen jarraitzen dute, zer esanik ez.

Beste bat: 1962an gaude. Super-heroien komikietako generoa, II. Mundu Gerraren inguruan sortua, eta lozorroan sartuta ordurako, berpizten saiatzen ari dira Marvel argitaletxerako bi morroi jadanik ez horren gazte, Stan Lee gidoilaria eta Jack Kirby marrazkilaria. Arrakastatxoa izaten ari dira Lau Izugarriak taldearen abenturekin (Fantastic Four, 1961-gaur egun), DC faktoriako pertsonaia zimelduen ondoan (Superman, Batman, Justiziaren Liga etab.) sentimendu humanoak, oso humanoak aurkezten dituztelako eszenatoki lehenengo aldiz errealetan, benetako New Yorken alegia, gauza berria generoan, garai hartan. Baina harago jo nahiko lukete. Leek badauka ideia bat armiarmaren botere anplifikatuak izango lituzkeen super-heroi nerabe baten abenturetarako. Kirbyk trajea eta itxura diseinatzen ditu: bere pertsonaia ere baden Amerika Kapitainaren nahiko antzekoa, itxura batean, ahoa agerian uzten dion maskara batekin eta eraztun boteredun batekin. Leeri ez zaio sobera gustatzen, eta Steve Ditkori pasatzen dio enkargua: marrazkilari siniestroagoa da, “frikiagoa” nolabait esateko, eta agian hobeto konektatu ahal izango du bere ideia oraindik lausoarekin. Eta halaxe da: azkenean Ditkoren lapitzetatik aterako da Spider-manen behin-betiko itxura, bere traje ilun bezain horterarekin –eta baita bere ekintza-jarrera bihurri eta ezinezkoekin, borroka egiten duenean edo sareetatik kulunkatzen denean, Sagar Handiko eraikinen artean–. Baina Marvelen ez dute argi ikusten: enpresak arrakastarik gabeko aldizkari batera kondenatzen du komikiaren estreinako atala, Amazing Fantasy izenekora. Izan ere, Spider-man lehenengo aldiz agertu zen zenbakia, 1962ko abuztukoa, aldizkariaren azkenekoa izan zen. Bere ibilbidea hor amaituko zela ematen zuen.

Baina irakurleen artean oihartzun nahikoa izan zuen agerpen horrek, eta horri esker, ustekabean, bigarren aukera eman zioten handik hilabete batzuetara, 1963ko martxoan, The Amazing Spider-man aldizkari propioaren lehenengo zenbakian. Gainontzekoa historia da.

Azken finean, “halabehar” hitzak, euskaraz, beste hizkuntza batzuetan bezala, kasualitatea edo ustekabea seinalatzen du, baina baita patua edo ezinbestekoa ere.

[Artikulu honen bertsio laburxeaago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko azaroaren 14an].