Mari Jose Olaziregiren hitzak “Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” liburuaren aurkezpenean

[Bloga erdi abandonatuta eduki dut azken hilabete honetan, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak bildumaren (Elkar, 2018) eta, batez ere, Como si todo hubiera pasado liburuaren (Galaxia Gutenberg, 2018) promozio-kanpainiak direla eta. Bihar Durangoko Azokan izango naizenez lehenengoa sinatzen eta aurkezten, egokia iruditu zait Mari Jose Olaziregik Gasteizen egin genuen aurkezpenerako prestatutako hitzak hona ekartzea, aurreko batean Aitor Arregi eta Ana Malagonenekin egin nuen bezala].

IBAN ZALDUA, SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK. ELKAR CAMPUS LIBURU DENDA, 2018-09-17

Arratsaldeon denoi eta esker mila guztioi aurkezpen honetara etortzeagatik. Egia aitortuko badizuet, ilusioa egin zidan Ibanek aurkezpenera gonbidatu ninduenean eta, gainera, nire ondoan Rikardo Arregi egongo zela esan zidanean, ez zuen gonbidapena errepikatu beharrik, barka, bitan esan beharrik, izan. Poesia gustatzen ez zaion ipuingile honek, berak kontrakoa esan arren, poetak, onak badira, maite baititu eta ni bezalako kritikari akademikoak ere bai. Esan dezadan, gainera, liburudenda honetan egin zidala bere lehenengo maitasun aitortza Ibanek, 2002 urtean, La isla de los antropólogos y otros relatos liburuaren aurkezpenera etorri nintzenean. Liburua nirekin ekarri dut eta irakurri egingo dizuet bere eskaintza: “Marijorentzat: ez nuen uste hirugarren dibisiyoko idazleez arduratzen zinenik (broma da). Besarkada bat. Iban”. Argi izan nuen gurea amodio istorio luzea izango zela.

Urteak pasa dira eta esan dezaket, dibisiyuak dibisiyu, Zalduaren ipuingintza euskal literaturako MUST bat dela, eta ikusten duzuenez, hasi naiz jada pontifikatzen.

Gaur aurkezten dugun ipuin liburua bikaina da. Kritikari adituek diote ipuin edo poema liburu batean ipuin edo metafora gogoangarri bat soilik egotea askotan aski dela liburuaren balioa justifikatzeko. Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin liburuan, berriz, ipuin asko topatuko dituzue benetan gogoangarriak. Beste modu batera esateko, betelan gutxi dago. Ibanek etxekolanak jarri zizkigunez eta gehien gustatu zaizkigun ipuinez galdetu zigunez, neuk bat hautatu beharko banu “Ihes egindakoak” hautatuko nuke. Benetan magistrala iruditu zait, tonua, sortzen duen atmosfera, narratzaile-protagonista erabat sinesgarri hori, eta Zalduaren liburu honetan eta bere literaturan oro har kausituko dituzuen hainbat motibo edo gai dituzue bertan: gertakariek, egoerek, erabakiek….badute ezkutuan dagoen ifrentzua eta ipuinak azaleratuko diguna, amaieran, gehienetan;  familia gune gatazkatsu eta afekto guduzelai gisara ulertua, ironia eta umorea, pertsonaien ahots/ideologiak perfilatzeko maisutasuna….ez dut spoiler bat izan nahi, beraz, oraindik ez baduzue irakurri, hor uzten dut kontua.

Esan behar dut, PDF batean irakurri nuela obra eta liburu formatoan jaso nuenean, izugarri gustatu zitzaidala azala eta kontra-azalean datorrena. Paratestua, alegia. Barkatu, maite dut jerga kritikoa eta testuak disekzionatzea. Azalak, egurrezko ontzi horretan sartuta dauden labanen irudiarekin, ipuinon indarra adierazten du, eta liburuak tratatzen dituen gai ausart eta serioei, bereziki, GAUZA edo LA COSAri, Zalduaren terminologian, egiten zaizkion erreferentzia probokagarriak. Baina kontua ez da hor geratzen: atzeko azalean, aurreko liburuetan bezala, narrazio labur bat datorkigu, kontatu behar ez liratekeen gauzen ingurukoa. Literaturaren funtzio eta izaeraren metafora ederra dela esango nuke, literaturak egia gordetzen baitu, baina izaera fantasmala baitu, bere erreinua ez baita ustezko EGIA handiak nagusi diren ERREALITATEARENA. Funtzio bera dute, ipuin antologiaren hasieran eta amaiaeran datozen idazle ezagunen aipuak: lehenengo taldekoek literatura oro GEZURRA dela dioskute eta idazlea, gezurti hutsa. Bigarren taldekoek, literatura askatasun esparru gisara aurkezten dute, dogma eta doxak apurtu edo auzitan jar ditzakeen neurrian, eta literatura egiatiagoa dela dioskute, benetako errealitatea fikzioak sortzen duen errealitate konplexu eta heterologiko horretan dagoela. Bistan da, Zaldua bigarren taldekoa dugula batez ere, eta literaturak, gatazka egoeretan ere gaitasun homeopatikoa duela sinetsirik ere, hau da, ez duela mundua irauliko, fikzioak badu bere leku eta funtzioa. Hau idazten ari naizela harritu egin naiz, Montaigne-tik hasi, Proustekin jarraitu eta Todorov bezalako kritikariengana iritsi eta nola behin eta berriro azpimarrtu den literaturaren gaitasun eta bondadeen kontua. Ironikoa ere lirudike, liburudendan gaudelarik, horrelakorik esatea, irakurleak ia ia sekuestratu egin behar diren garaiotan.

Irakurle gazteak ikusten ditut, nire ikasleak bezalakoak, liburuak eskuetatik erortzen zaizkiela sentituz. Ez zaie hori gertatuko Ibanen liburaurekin, I promise.

Bukatzeko, liburuan topatu ditudan hainbat elementu deigarri azpimarartu nahiko nituzke, honezkero ez bazaudete gogaituta eta Ibanek baimena ematen badit. Batetik, hilen erreinuak duen presentzia erabatekoa, liburuaren tonu espektrala. Ipuin askotan protagonistak hilda daudela jakiten dugu amaieran, edo berpiztuta itzuli egingo direla, mendeku hartzera askotan. Deigarria egin zait hau gatazka tratatzen duten ipuinetan, eta ipuin dexentek jorratzen dute gatazkaren gaia. Hortxe dugu berpiztutako biktimez betetako “Pareko tabernan” ipuina, edo Lekukotasuna ipuin bikaina, Pertur eta Naparraren desagerpenari buruzko hipotesia ematen duena, edo Ibilbidea ipuin gogoangarria, memoria historikoarekin lotutako turismoaz mintzo dena, eta “alde” desberdinen ibilbideak, ikuspuntuak, kontraesanak azaleratzen dituena, edo Aldi bereko iluminazioa, “denok gara hiltzaile” lema laburbil lezakeena, edo interpretazio serioagoa emanez, Hannah Arendt´-en errenpontsabilitate kolektiboaren inguruko hausnarketa, izan ere, egin ditugun eta ez ditugun sarraskien errespontsabilitate kolektiboa baitugu. Ikusten duzuenez, gatazkaz asko hitz egiten du Ibanek, eta hipotesi oso interesgarriak eskaini, “Denbora-lerroa bezalako kontakizunetan: umore eta ironiaz, behatza zaurian jarriaz, erritmo eta ahotsak maisuki dosifikatuz.

Buka dezadan lehenbailehen, bestela, Omenaldia izeneko ipuinaren hiru aldakietan bezala, idazlea desagertzeko edo akabatzeko arriskuan bainago. Zorionak Iban eta eskerrik asko opari honengatik.

azala skbeng

Aitor Arregiren hitzak “Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” liburuari buruz

[Irailaren hasieran Donostian aurkeztu genuen Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak  nire ipuin bilduma berria, eta egun horretako prentsaurrekoan, Ana Malagon adiskideaz gain, Aitor Arregi zinemagilea izan nuen lagun. Irakurri zituzten testuak eskatu nizkien biei, eta hona hemen, sailarekin jarraitzeko, Arregiren hitzak].

 

IBAN ZALDUA IDAZLE SINGULARRA IRUDITZEN ZAIT. Genero desberdinak nahasten ditu. Liburu honetan ere gertatzen zaizu, liburu batzuk lurtarragoak dira, beste batzuk fantastikoak, zientzia fikzio tokea dutenak eta beste batzuk eta hauek dira nire gogokoenak, zientzia fikzioa eta eta euskal egunerokotasuna nahasten dutena. Barietate handia proposatzen du eta aldi berean guztiak daukate Iban Zalduaren zer hori. Azaltzea zaila gertatzen zaidan txispa hori edo.

Esparru nahasketa desberdinak eginda, esparru berriak sortzen ditu. Jar dezagun super botereak dituen ETAkidearen adibidea.

IDAZLE ZINEMATOGRAFIKOA DA, hori ona den edo ez  esaten oso ondo ez dakidan arren. Zinemaren munduan gabiltzanok badugu horrelako alarma bate do piztuta: norbait etortzen zaizunean esaten liburu zinematografiko bat gomendatzne dizuela, egokitzapena egiteko aukerakoa… alde egin ezazu ahalik eta azkarren.

Ibanen lanaren kasuan, zinematografikoa da  ez irudiekin idazten duelako, baizik eta planteamendu eta garapen interesgarriak bideratzen dituelako. Hori da askotan zailena, txispa hori sortzea. Eta zinegileok planteamendu horien ehizan ibiltzen gara.

OHIKO INGURU BATEAN, EZ OHIKO ZERBAIT GERTATZEN DA, baina gertaera hau ez dU azpimarratzen Prosa bare batekin, ikuspuntu ez  hutsezinezko (ez infaliblea) erabiltzen du Irakurtzen duzunak ziurgabetasuna eragiten dizu. Protagonista esaten ari dena guztiz horrela al da?

Slipstream terminoa datorkit burura. Zientzia fikzioak arraroa den hori familiarrai egin nahi duen moduan, Slipstream-ak familiarra den hori arraro bilakatzen du. Badakizu aurrera doan heinean kontatkizuna, tentuz ibili behar zarela, hezurrez josita arrain goxo bat jaten duzunean moduan. Christopher Priest gogorarazten dit batzuetan Iban Zalduaren idazkerak, berak agian eraginik ez duela esango didan arren. Eta galdetzen dut, ze axola dio egileak ze asmo zuen? Hori esan zidan behin ikusle batek gure film bat ikusi zuenean.

“Dado que el escritor no puede predecir el futuro con exactitud, lo único que le queda es usar la esfera real de su propia vida – experiencias, recuerdos, identidad- como base de sus libros. En otras palabras el futuro que inventa y describe es una metáfora extendida del presente”.

Emmanuel Carrerreren non fiction-a ere ikusten dut, norbere esperientziak narrazio material bilakatzerako orduan. Agian beste liburuetan gehiago nabaritu dut hemen baino.  Zintzotasunarekin jolasten du eta identifikazioa. “Non ikusi nau tipo honek?”

Noski, ipuin liburua den aldetik, normala den moduan irakurleak ipuin faboritoak izango ditu, batzuk beste batzuk baino gehiago gustatuko zaizkio.

Euskal literaturan ez dut ikusten bere antzik duenik. Ziurrenik euskal literaturatik at ere ez dut bilatu eta horrexegatik iruditzen zai egile singularra. Niretzat singularra den orok dauka nolabaiteko erakargarritasuna -batzuk beste batzuk baino gehiago, dena esateko-  eta horregatik erakartzen naute Ibanen liburuek.

 

Aitor Arregi.

 

 

Ipuinak aiztoak dira –metafora zaharrunoekin osatutako panfleto bat–

1.- Poesia, beste hark esaten zuen bezala, mailua bazen, ipuinak aiztoak direla aldarrikatu nahi dut. Poesiak errealitatea kolpatu dezake, ez naiz ni kontrakoa esaten ausartuko, baina fikziozko narrazioek, ondo egiten badute beren lana, erditik moz dezakete errealitate hori bera, edo, behintzat, albo batetik, azalaren –eta, batzuetan, are gantz ehunaren– azpian dagoena agerian utziz.

Dotoreagoa dena, maiz, mailu batek eragin ditzakeen koskorrak baino.

2.- Ipuinek, aizto eraginkorrenek bezala, ahoa eta bizkarra dituzte: bata zorroztua eta bestea kamutsa. Azken horretatik ibili behar du, onik eta osorik dagoela uste duela, irakurleak irakurraldian zehar. Baina ahoak uneren batean edo bestean ebaki behar du irakurlea, edo zartatu. Edo, gutxienez, zulatu, arinki bada er

Bestalde, existitzen direla jakinda ere, bi ahoko aiztoak, herri-jakinduriak aspaldi ebatzi bezala, ez dira batere gomendagarri. Belarra, Harkaitz Canorentzat aiztoa baino zorrotzagoa dena, halakoa da, bi ahokoa, eta ondorioz, ez bereziki baliagarria.

3.- Izan ere, ez al da izan, historikoki, ganibeta traidoreen arma kutuna? Ba ipuinak ere, ipuin izateko, traizio egin behar dizu irakurle gisa, moduren batean edo bestean.

Juan Kruz Igerabidek esan bezala, “saldukeriaren aiztoak zauritzen zaituelarik, ez da samurra gizaki zuhur gisa jokatzea”. Eta horixe du helburuetako bat literatura onak: irakurlea durduzatzea, lekuz kanporatzea, gizaki zuhur gisa aritzeari utz diezaion, irudimenean, eta une batez sikiera.

4.- Alde horretatik aiztoa ez da, ziurrenik, ezpata bezain arma noblea –noblea, edo nobela–. Baina berdin da hilgarria, eta, zalantzarik gabe, eramangarriagoa da.

Eta eramangarritasuna izan beharko litzateke, Italo Calvinok eta Enrique Vila-Matasek bide ezberdinetatik aspaldi aldarrikatu bezala, literaturaren tasun nagusienetako bat. Nobela batzuek –barkatu, ezpata batzuek esan nahi nuen– nekez betetzen duten zerbait, maiz.

5.- Bistan denez, mota diferenteetako aiztoak daude; zuen mahai-tresneria gure etxekoaren antzekoa bada, hots, garai eta jatorri askotariko trasteen sedimentazioaren ondorio, badakizue zertaz ari naizen. Jakingo duzuen bezala badagoela aizto mota bat apenas erabiltzen dena –gurina ogi txigortuan zabaltzeko ez bada–, eta, azkenean –halakoak sekula ez direlako galtzen–, sukaldeko ugariena bihurtzen dena: punta biribilduna, eta zerrarik apenas ez duena, hots, aizto izena ere merezi ez duena kasik; liburu dendetan ere horixe da, tamalez, joriena.

Saia zaitezte halako batekin ebakitzen, literarioki plazera  hartzen: triskantza ikaragarria izango da. Katharine Hepburnek behin esan zuen bezala, “aizto zorrotz batek du bizkorren ebakitzen, eta gutxien egiten du min”.

6.- Aizto motez ari garela: bisturia, funtsean, aizto bat da.

Eta, ados, egia da Flaubertek esan zuela “arima ezin dela bisturi batez aurkitu”. Baina hori da esan zuenean ez zelako, hemen bezala, metaforikoki aritu. Michael Ondaatjek, ordea, bide hori hartu zuen adierazi zuenean: “Idazleak luma erabiltzen du, bisturiaren edo sopletearen ordez”.

Luma. Bai, hori ere zaharkitu samar geratu da, aipu eta metafora gisa…

7.- Duela gutxi Sonia González idazleari irakurri diodan bezala –bere aitaren ikaskizun bat gogora ekarriz–, gizon bati labana sartu behar bazaio, ez da arma pelikuletan egiten duten moduan hartu behar, hau da, goitik apuntatzen eta parte zorrotza atzerantz: labanak zuzen hartu behar dira, zorrotza gorantz, atzetik apur bat ezkutaturik eta inpultsoa bilatuz, eta sabel partera zuzendu. Zeren eta, goitik eginez gero, edozeinentzat erraz izango bailitzateke labanaren ibilbidea gelditu eta eskutik kentzea.

Ipuinekin eta, oro har, literaturarekin, berdin gertatzen da aholkugarri: zorrotza gorantz, eta eskua –idazlearen eskua– beti atzean, ezkutuan eta ondo babestuta.

8.- Beste era batean esanda: fikzioa da gure ipuinen, gure aiztoen osagai nagusia.

Baina, betiere, egia dosi bat izan behar dute beren baitan, osagarri ñimiño eta bereizgarri bezala sikiera: Ramon Saizarbitoriak Gorde nazazu lurpeanen ezarri bezala, “erabiltzen jakinez gero, ez dago egia bezain ganibet zorrotzik”.

9.- Edonola ere, eta aurrekoarekin lotuta, aiztoa manejatzera doanak –idazleak– gehiago jakin behar du kontatzen duenaz –pertsonaiez, egoerez, aurrekariez eta ondorioez– ipuinean islatzen dena baino. Abraham Lincolnek argi utzi zuen: “Zortzi ordu badauzkat arbola mozteko, zazpi ordu emango ditut nire aiztoa zorrozten”.

Aurretiko lan hori egitea beharrezkoa den arren, ezin da dena erabili ipuinean. Horretarako daude nobelak, zeinetan araua kontrakoa izan baitaiteke lasai asko, hau da, beharrezkoa dena baino are gehiago kontatzea…

10.- Ipuin bilduma batzuk mahai tresneria txukun horietakoak bezalakoak dira, aurrezki kutxetan opari ematen zituzten belusezko kaxetan ondo ordenatuta datozenak, guztiz homogeneoak. Eta beste batzuk, ordea, suitzar laban baten antzekoak dira, erabilera anitzezko atal ezberdinez osaturikoak, edo, nahiago bada, gorago aipatu ditudan mahai tresnen sukaldeko ohiko tiraderak bezalakoak, jatorri, forma eta garai ezberdinetako aiztoz, koilarez, sardexkez eta bestelako trastez gainezka.

Nik mota horretako ipuin liburuak maite ditut, eta Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzakek, zerbait izatekotan, suitzar laban horietako bat izan nahiko luke. Edo, ados –izan nadin metaforikoki lurtarrago–, tiradera nahaspilatsu bat.

 

[Testu honen zati batzuk Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin liburuaren Donostiako aurkezpenean irakurri eta komentatu nituen, 2018ko irailaren 11an, Ana Malagon eta Aitor Arregiren konpainia noblean. Idatzi ondoren bururatu zitzaidan –ziurrenik norbaiti ebatsi diodan, baina gogoan ez dudan– aforismo moduko hau: “Metafora literaturaren minbizia da“].

azala skbeng

Ana Malagonen hitzak “Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” liburuari buruz

[Kurtsoa aspalditxo hasi da, eta bada ordua blog hau berrabiarazteko. Egunotan nire azkeneko ipuin liburua, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, promozionatzen nabil eta, ezinbestean, auto-salmenta ekintza lotsagabe horrek bere lekua hartuko du Oharrak & Hondarraken. Joan den astean Donostian aurkeztu genuen lana, eta egun horretako prentsaurrekoan Ana Malagon idazle eta, hala ere, adiskidea izan nuen lagun, Aitor Arregi zinemagilearekin batera. Irakurri zituzten testuak eskatu nizkien biei -hori ere nahiko lotsagabeki-, eta hona hemen, hasteko, Malagonek esan zituenak].

Kaixo.

Ez dakit zertan ari zen pentsatzen Iban bere liburua aurkezteko eskatu zidanean. Ekainean izan zen eta tira, badakizue nolakoak diren ekainak irakasle direnentzat. Halako temeridadearengatik damutzen hasia egongo da dagoeneko, bere hanken mugimenduek salatzen dute. Zuen zorionerako eta bere eta nire lasaitasunerako, laburra izango naiz. Sekula kontatu beharko ez nituzkeen gauzak esaten bukatuko baitut bestela. Eta gainera ez dut zuek distraitzeko GIF animatuak proiektatzeko modurik.

Zaila da ipuin liburu bati buruz hitz egitea esan behar ez zenuena esan gabe. Kontuan hartu behar dugu hau ez dela irakurle klub baten solasean botatako iruzkina, gauzak esan behar ditudala baina gauzak isildu ere bai, nire asmoa hemen irakurleak erakartzea baita, iletik tiraka bada ere. Zaila da ipuin liburu bati buruz hitz egitea eta nobelan pentsatzen egiten den galderari erantzun behar izaten delako. Hots, “zeri buruz da” madarikatu hori.

Galdera honi, “ai, ba ez dakit, bizitza eta horrelako gauzak” esanaz erantzuteko tentazioa oso handia da.

Gauzei buruz baita Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak. Izenburuak esaten du. Gauza deitzen zaie bere izenagatik deitzea kosta egiten diren gauzak direlako. Tabuak, sekretuak eta errebelazioak, eta ondorioz, damuak. Izenburuak berak dio. Liburu hau damu bat da.

Familiak diren gauza hori presente dago. Maite dut gauza hau. Debilidadea daukat familia disfuntzionalen inguruan, eta, ziur nago, zuek ere bai. Ez dut testu analisian eta are gutxiago psikoanalisian sartu nahi, lehenengoa ez baita nire esparrua eta bigarrenak halako errepelusa ematen didalako, baina deigarria iruditzen zait nola ipuinaren ikuspegiaren arabera, aita edo alaba den (aita eta alabak daude batez ere), semea edo ama den, bestea maiz misterio bat bilakatzen den. Ibanen ipuinetako alabak distanteak eta batzutan ulertezinak dira beraien aiten begitan. Ibanen ipuinetako aitek bizitza izkutu bat dute, haien alabek deskubritu ala ez.

Etorkizuna den beste gauza hori ere hor dago. Batzutan irribarrea izozten duen etorkizun bat da, ironikoa eta aldi berean, distopikoa. Eta badakizue distopia ironikoek deserosotasun hori eragiten dutela. Oso konbinaketa potentea da, gure oraineko absurduak salatzeko balio duena.

“Science fiction sucks at predicting the future, but it sure is good at predicting the present (c.f. William Gibson): that is, the stuff that seems plausible in science fiction at any given moment is a good source of insight into what’s on our collective minds”, Cory Doctorow.

Literatura edo metaliteratura den beste gauza horretan, eskerrak, autorearen heriotza dator. Oso interesgarria da autoreen pertsonalismo garai hauetan Ibanek autoreak hiltzea, ezabatzea, ahaztea. Autorea-pertsona eta autorea-obra banatu egiten dira.

Eta azkenik, Ibanek “Gauza” bezala izendatu izan duen euskal gatazka izan den “gauza” hori aipatuko dut. Iraganetik altxatzen zaizkigun mamuak dira, gaurtik eta etorkizun nik uste dut nahiko hurbiletik kontaturiko ipuinetan. Geografiak, kronologiak, gatazkaren alde anitzak islatzen dituzte eta horrekin gatazka beraren absurdua. Eta batek pentsa lezake, ekidistantzia bat dagoela, baina nire ustez, posizio bat dago honetan, gauzaren konplexutasuna adieraztearen aldeko posizio bat. Eta gauza honen inguruan nahiko posizionamendu ausarta iruditzen zait, errazagoa izango litzatekeelako alde batean kokatzea. Edo batzuek egin duten bezala, alde batetik, beste aldea topikoz eta ez ulertu nahiaz erretratatzea.

Horiek dira nik liburu honetan aurkitutako “gauzak”, disfrutarazi nautenak, hausnartzen utzi nautenak eta irakurle naizen partetik, nire gauzekin nahastu egin zaizkidanak.

Oso ondo dago. Erosi. Irakurri. Orain. Ya.

Ana Malagon.