Zientzia-fikzioaz

Batzuetan egia da sare sozialetan esaten duguna: benetako pena eman zidan Ursula K. Le Guin idazlearen heriotzak (Berkeley, 1929-Portland, 2018). Gaztaroan lagundu dizun liburu eta musiken bilduma, irudipena daukat, betiko gelditzen zaizu gogoan, zirkuitu inprimatu bat bezala, noizean behin eramaten zaituena atzera, ildo sakon horietara bueltan. Eta Le Guinekin behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan: konpainia ederra izan zen niretzat.

Zientzia-fikzioa, une hartan, mundura eta batez ere hausnarketara irekitako leiho bat izan zen niretzat. Sinetsi nahi nuke kritikoago izaten lagundu ninduela, irekiago, gauzak zalantzan ipintzeko gaiago. Agian garai bertsuan irakurri nituen filosofiako liburu askok baino areago: hamalau-hamabost urte nituenean, hori zen nire letrazko bazka nagusia, eta baita inguruan ezagutzen nuen jende dezenterena ere.

Ni noizean behin itzultzen naiz generora. Baina irudipena daukat lehen baino gutxiago egiten dugula, oro har…

Bazegoen, jakina, aurreiritzi bat zientzia-fikzioaren aurka, irakurketa sinplearekin, kontsumo bizkorreko azpiliteraturarekin lotzen zuena: institutuko irakasleek horixe iradoki zidaten, zuzenean edo zeharka, nire irakurzaletasuna eremu aberatsagoetara –Italo Calvino, Juan Goytisolo, Marguerite Yourcenar, Julio Cortázarrengana…– “bideratzen” saiatu zirenean –eta baita lortu ere–. Egia da irakurtzen genuenaren ale askok –Isaac Asimoven lan batzuek, esaterako– nahiko maila literario eskasa izan zezaketela, irudimenaren prodigioak izan zitezkeen arren. Baina bazeuden jada beste egile batzuk, Stanislaw Lem, Philip K. Dick, J.G. Ballard edo Le Guin bera bezala, beste duintasun batez janzten ari zirenak zientzia-fikzioa, literaturzale asko horretaz oraindik jabetu ez badira ere.

Bitartean, zientzia-fikzioak beste eremu asko kolonizatu zituen, gero eta modu eraginkorragoan, batez ere ikus-entzunezkoen alorrean. Gogoan dut zein zoragarriak eta ohiz kanpokoak iruditzen zitzaizkigun Star Warsen lehenengo filmak, edo Alienen Nostromo ontziko giro itogarria, edo Blade Runneren paisaia hiritar aurre- edo post-apokaliptikoak. Egun hori guztia eta gehiago ohiko eta nonahiko bihurtu da gure pantailetan: filmetan, telesailetan eta bideojokoetan. Ez dugu zientzia-fikzioaren bila liburuetara jo behar jada: gure inguruan daukagu, kontsumo errazeko –errazagoko– ehunka produktutan barreiatuta.

Etorkizuna gero eta gehiago hurbildu da gugana, bestalde, eta orainaren iraungitze-data garai batean baino bizkorrago pasatzen da. Turbokapitalismoak eragindako denboraren azelerazio orokorrak kalte egin dio, ziurrenik, zientzia-fikzioaren tasun “antizipatzaileari”, literatura horren euskarri inportanteenetakoa zena. Zertarako imajinatu etorkizun urrunak, berehala harrapatuko bagaituzte edo, okerrago dena, laster geratuko badira erremediorik gabe zaharkituta?

Baina, are modu paradoxikoagoan, mainstreameko egileak hasi ziren zientzia-fikzioarekin gero eta gehiago interesatzen, eta lotsarik gabe ekin ahal izan zioten generoarekin esperimentatzeari Doris Lessing, Paul Auster, Margaret Atwood, Roberto Bolaño edo Kazuo Ishiguro gisako egile oso ezberdinek –besteak beste–. Literatura orokorraren ondare bihurtu da horrela, neurri batean behintzat, eta agian horrek ere apaldu du eremu berezi –kasik sektario– bezala zeukan estatusa.

Akaso kontua da literatura garaikidea egiteko beste biderik ez dagoela, egun, zientzia-fikzioa erabiltzea baino. Asmo garaikideko nobelak argitaratu bezain laster bihurtzen direlako, nahi gabe ere, nobela historiko –eta nobela historiko gisa sortzen direnak, prehistoriko, esan genezake…–. Ez dakit, beraz, gainbeheran dagoen genero bat den, ala, azaleko inpresioa bestelakoa izan arren, goraldi betean.

Edonola ere, eta hasierara itzuliz: gora Ursula K. Le Guin!

   [Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko apirilaren 7an].

ursula k le guin bilaketarekin bat datozen irudiak

Esnetsu eta zopatsu

“Herri honetan ez zaizu barkatzen liburuak saltzen badituzu. Horrek esan nahi du ez zarela idazlea, ez zaudela literaturan (…). Nik ez dut literatoen klub esklusibo batean egon nahi (…), publikoarengana iritsi (…) eta jendeak irakur dezan baizik”.

Hitzak Isabel Allende supersaltzailearenak dira; ez da lehenengo aldia antzekoak botatzen dituela (ezta, ziurrenik, azkenekoa ere). Oraingoan, gainera, gehitu zuen “Nor da nor goi literatura zer den esateko? Beren bizitza osoan idatzi ez duten kritikari batzuk?”.

Tira, zertan geratzen gara: publikoarengana iritsi beste helbururik ez duzu, edo norbaitek (arren) zure obra goi literaturan sartzea nahi al duzu?

Edonola ere, eta jakina denez, ohiko kexa da liburu asko saldu baina kritikaren (batez ere kritika akademikoaren) onespen horren beroa jasotzen ez duten idazleen aldetik. Halako deklarazioen aurrean, dena den, nik ezin izan diot tentazioari eutsi eta Roberto Bolañok Allenderi buruz (eta, orobat, Txileko beste idazle midcult batzuei buruz) esandakoa bilatu dut atzera: “Zartaginaren eta suaren artean aukeratu beharra badago, Isabel Allende aukeratzen dut. Bere Kaliforniako hegoamerikarraren glamourra, bere García Márquezen imitazioak, kitsch-etik patetikora doan bere literaturaren ariketa, parekatzen duena nolabait, bertsio kriollo eta politikoki zuzen batean, Panpinen haranako egilearekin, hori guztia, zaila dirudien arren, Skármerta eta Teitelboim bezalakoen berezko funtzionario-literaturaren gainetik dago.

Hau da: Allenderen literatura txarra da, baina bizirik dago; anemikoa da, latinoamerikar asko diren bezala, baina bizirik dago. Ez da luzaro biziko, gaixo asko bezala, baina oraingoz bizirik dago. Eta beti geratzen da mirari baten posibilitatea” (Roberto Bolaño, Entre paréntesis. Ensayos, artículos y discursos (1998-2003), Bartzelona 2004).

Zein ona zen Bolaño, eta zein gaiztoa.

Horretaz guztiaz gogoratu naiz Argia aldizkarian Karmele Jaiori egin dioten elkarrizketa irakurrita, non (elkarrizketatzaileak akuilatuta, hori ere egia da) kritikaren inguruko antzeko lantua aireratzen baitu Jaiok (berak ere, Allendek bezala, ez kontraesanik gabe, ze hasieran esaten du kritika “kritikarien lana d[el]a. Gurea, idaztea, ez haien lana baloratzea”, baina gero ondo luzatzen da bere azkeneko liburuak ordura arte izandako kritika bakarraren harira: kontra egiteko, noski) [bide batez, aitortza egin nahi nioke Ibon Egañaren lanari, ez adiskide dudalako –hori gutxienekoa da, kasu hauetan–, “oinezko” euskal kritikagintzaren egiturazko ahuleziaren erdian salbuespen pozgarri bat izan ohi dela pentsatzen dudalako baizik].

Kontua da, beste nonbait esan dudan bezala, posible bada ere, oso zaila dela bat etortzea, aldi berean, salmenta handiak eta goi mailako kalitate literarioa. Posible da, diot, baina arraroa, hots, maiz gertatzen ez den zerbait. Eta asko saltzen dutenek akademiaren ospea bereganatu nahi lukete; irudipena daukat, gainera, joera hori areagotu dela azkeneko urteotan, sistema literario guztietan, merkatuak eta salmenta-zerrendek nabarmengarritasun gehiago lortu duten neurrian, letren errepublikaren baitan.

Maila ezberdinetako supersaltzaile horietako gutxik, tamalez, konpartitzen du John Grisham-en apaltasuna: “Nik badakit egiten dudana ez dela literatura. Niretzat, fikzioaren funtsezko elementua argumentua da. Nire helburua da irakurlea bultzatzea orrialdeak abiada bizian pasatzera. Hori lortu nahi badut, ezin ahal dut hura distraitu. Airean eutsi behar diot, eta lortzeko modu bakarra suspentsearen armak erabiltzea da. Ez dago gehiago. Giza arimaren konplexutasunetan, jendearen izaeraren akatsetan eta halako gauzetan sakontzen hasten banaiz, irakurleari arreta galaraziko nioke, eta hori da nire buruari eskaini ez diezaiokedan zerbait”.

Edo Georges Simenonena (zeina, edonola ere, Grisham eta hemen aipatutako idazle gehienen gainetik bailegoke): “azken hogei urtetako kritikari guztiek gauza bera diote: ‘Bada ordua Simenonek nobela handi bat eman diezagun (…)’. Ez dute ulertzen. Ez dut sekula idatziko nobela handi bat. Nire nobela txiki guztien mosaikoa da nire nobela handia” (The Paris Review aldizkariak 1955ean egin zion elkarrizketatik hartua).

Asko saltzen dutenek, beraz, ospea nahi lukete. Eta, zer esanik ez, gutxi saltzen dutenek, ospea izan ala ez, onak izan ala ez, asko saldu nahi lukete, eta supersaltzaileak bezainbeste nahigabetzen dira kontu honengatik.

Bergara aldean esaten den bezala, esnetsu eta zopatsu, aldi berean, ezinezkoa da.

Edo ia ezinezkoa, behintzat.